2026-06-25
HomeEkintza SindikalaHezkuntza Sailak ez ditu behar diren urratsak ematen irakaskuntza publikoa euskalduntzeko

Hezkuntza Sailak ez ditu behar diren urratsak ematen irakaskuntza publikoa euskalduntzeko

Korrika Euskal Herria zeharkatzen ari den honetan Hezkuntza Saila irakaskuntza publikoa benetan euskalduntzeko behar besteko urratsik ematen ez dela ari salatu nahi du LABek, eta ematen dituen gutxiak alde bakarrez egiten dituela, langileak kontuan hartu gabe.

Hainbat azterketak agerian utzi dute azken urteetan euskararen ezagutza eta erabilera geldialdian sartu direla. Zentzu horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioak ez ditu nahikoa neurri jartzen joera hori aldatzeko. Izan ere, Hezkuntza Sailak hainbat arlotan oztopoak baino ez ditu jarri azken hilabete eta urteetan.

Azkenaldian ahoz aho dabil azken 40 urteotan ehunka irakasle euskaldundu eta euskal kulturan murgildu dituen IRALE programaren etorkizuna, eta horren aurrean honakoa adierazi nahi du LABek:

Azken hamarkadetan irakasleria euskaldundu eta alfabetatzeko IRALEk, beste proiektu batzuekin batera, egindako lanari esker, irauli egin da 1980ko eta 1990eko hamarkadetako egoera. Egun, ordea, euskararen erabilera, kalitatea, belaunaldi berrien euskalduntzea edota euskal kulturaren transmisioa egoera zailean aurkitzen dira. Testuinguru horretan, aurrera urrats ausart eta sendoak emateko abagunean gaude, eta, horretarak,o behar-beharrezkoa da irakasleen prestakuntzarako baliabideak gehitzea, euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan aurrera urratsak eman ditzagun.

Datorren ikasturteari begira, Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortuko da. Dakigun bakarra da 17/2023 EAEko Hezkuntza Legeak zehazten duena: bere eginkizun nagusia hizkuntza-metodologiak lantzea eta irakasleak prestatzea izango dela. Modu horretan, institutuak bere gain hartuko ditu euskara zerbitzuaren eginkizunak. Legeak dioenaz harago, besterik ez dakigu, Hezkuntza Saila alde bakarrez ari baita beste behin ere. LABek uste du institutu horrek IRALE programak bere gain hartzen dituen helburuak hartu beharko dituela, behar eta garai berrietara egokituta eta hobetuta. Zentzu horretan, egungo lanpostu zerrendari eutsi behar zaio, gutxienez, baliabideak gehitzen ez badira.

Berrantolaketa hori, ordea, modu antolatuan eta gardenean egin behar dela adierazi nahi du LABek, eta ez saila egiten ari den bezala, alde bakarrez eta informaziorik eman gabe. LABen iritziz, berregituraketaren helburua irakasleak modu eraginkorrean euskaldundu eta euskal kulturan murgiltzen sakontzea izan behar du, eta, ondorioz, irakasleek euskararekiko atxikimendua handiagotuz ikasleengan eragitea; finean, formakuntzak eraginkorrak izatea bilatu behar dugu, irakasleek ikastaroen bidez jasotako ezagutzak ikastetxean eragina izan dezan.

Aldaketa hori gauzatu bitartean, datorren ikasturterako murgiltze-ikastaroak mantendu behar direla adierazi nahi du LABek, birmoldaketa nolakoa izango den jakin eta adostu gabe baliabideak galtzea ekar baitezake. Trantsizio egoera horretan, prestakuntzen planifikazioa eta ebaluazioa hobetu behar direla uste du LABek, horiek ikasleengan eragina izan dezaten bermatzeko modua baita.

Horrez gain, LABek Hezkuntza Sailari eskatzen dio Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuaren baitan IRALEk izango duen berrantolaketa, planifikazioa eta baliabideak sindikatuokin partekatzeko, eta, ezinbestean, horrelako prozesu bat abiatu aurretik euskalduntzearen inguruko diagnostiko integrala osateko eta alde sozialarekin partekatzeko.

Bestetik, egoera horrek Bigarren Hezkuntzan eta, bereziki, Lanbide Heziketan eragiten duena salatu nahi du LABek. 2025-2026 ikasturteko lekualdatze-lehiaketan, 1. hizkuntz eskakizuneko (B2 mailakoak) lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen Hezkuntza Sailak. Bestetik, ikasturte hasierako lanpostuen adjudikazio-prozesua arautzen duen aginduan, sailak ezarri zuen 2. HEko hizkuntza-profila duten langileek soilik 2. HEko lanpostuak eskatu eta eskuratu ditzaketela.

LABek salatzen du bigarren hizkuntza eskakizuna duten langileen diskriminazioa iraunarazten ari dela saila. Batetik, ikasketak euskaraz eta D ereduan egiteko aukera oso txikia da, eta, ondorioz, gaztelaniaz ikastera bultzatzen dituzte ikasleak; bestetik, lekualdatze lehiaketan lanpostu guztiak langile guztiei gardentasunez eta aukera berdintasunean eskaini beharrean, 1. hizkuntz eskakizuneko lanpostuak ez eskaintzea ahalbidetzen zuen ebazpena argitaratu zuen, gainerako langileekiko diskriminatzailea den neurri bati bide emanez.

LABek dituen datuen arabera, hizkuntza eskakizun eta derrigortasun datarik gabeko lanpostuak hurrengoak dira: Lanbide Heziketan 1. hizkuntza eskakizunarekin 1.305 lanpostu (2. hizkuntza eskakizuna dutenak 2.696 dira); eta Bigarren Hezkuntza eta irakaskuntza integratuetan, berriz, 1. hizkuntza eskakizunarekin 222 lanpostu (2. eskakizuna dutenak, berriz, 6.804 dira).

Hori dela eta, LABek aldarrikatzen du lanpostu guztiek 2. hizkuntz eskakizuna izatea, eta horrez gain, euskara planak garatzea ezinbestekoa dela langile publiko guztiak euskalduntzeko.

Hezkuntza Sailak arlo horretan aurrerapausurik eman nahi ez duela ikusita, ikastetxeetan lanpostuak 2. hizkuntz eskakizunean perfilatzeko kanpaina abian jarriko du LABek, ikastetxeetako zuzendaritzekin elkarlana sustatuz. Izan ere, zuzendaritzek eskumena dute lanpostuak perfilatzeko, eta beraien egitekoen barruan sartzen da ikastetxeak euskalduntzeko urratsak ematea.

Ereduei erreparatuz gero, euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztietatik %60 bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Egoera hori larriagoa da Oinarrizko Lanbide Heziketan, D eredua anekdotikoa baita (matrikulen %18,5).

Hezkuntza Saila egiten ari den berrantolaketen ondorioz, D ereduko ikas plazak desagertzen ari direla salatu nahi du LABek. Horren adibide larriena Txurdinaga Behekoa BHIkoa da. Izan ere, 2027-2028 ikasturterako batxilergorako eskaintza bertan behera utzi beharko du ikastetxeak sailak alde bakarrez hartutako erabakiarengatik, bertako langile eta komunitatearen iritzia aintzat hartu gabe.

Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak planifikazio faltari erantzuten dio, eta horrek hainbat ondorio dakartza; besteak beste, D ereduko batxilergo artistikoko eskaintze gutxitzea eta, ondorioz, dagoen eskaera ez betetzea.

Guzti hori gutxi ez, eta azken urteetan hainbatetan salatu du LABek irakasleek formakuntzak gazteleraz jaso dituztela. Azken adibidea Sestaoko ikastetxe batean izan da, baina aurrez ere izan dira kasuak Gipuzkoan, Lanbide Heziketan edota Hezkuntza Bereziko Espezialistetan.

Amaitzeko, murgiltze eredua hezkuntza osora zabaldu dezala eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari, eta hori aurrera eramateko baliabideak jar ditzala, soilik modu honetan lor daitekeelako benetako euskalduntzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Legearen aldaketa onartu du gaur. LABen ustez, lorpen hau sindikatuak eta maizterrek egindako borroka sindikalaren ondorioa da. Legea onartzeak esan nahi du alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak ezin izango direla merkatu pribatuan saldu. Hala ere, LABek uste du legea berandu iritsi dela Testa funts putreak kaltetutakoentzat eta neurri sakonagoak eskatu ditu.

Laneko bajak ez direla absentismoa gogorarazi dugu, eta patronalak beharginekin haragi txikitua egiten duela salatu

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, haragia txikitzeko makina bat irudikatuta, etekin ekonomiko pribatuen mesedetan langileak muturrera eramatea beste helbururik ez duen diskurtsoa salatzeko.

ELIS MANOMATICek bere langileen osasuna arriskuan jarri zuen eta mehatxuekin erantzun zien 42 ÂșC-rainoko tenperaturetatik babestu zirenei

LAB sindikatutik publikoki salatzen dugu atzo arratsaldean Gallartako ELISen instalazioetan bizi izandako egoera larria. Garbitegiko langileek 3 ordu eta 15 minutuko geldialdia egin behar...