2026-05-13
Blog Page 3

LABek salatu du FVEMek bizkarra ematen diola lan osasunari, eta atea ixten diola Bizkaiko metalaren edozein hobekuntzari

Gaur, Bizkaiko metalaren hitzarmenaren negoziazio mahaiaren seigarren bilera egin da, eta, beste behin, LABek egiaztatu du FVEM patronalak immobilismo egoeran jarraitzen duela, sektoreko langileentzat hobekuntza aukera oro baztertuz.

Oraingo honetan, LABek eztabaida bereziki garrantzitsua den bloke batean zentratu nahi izan du, lan osasunean. Gai zehatz batzuk jarri ditu mahai gainean: agente kantzerigenoekiko esposizioa, amiantoaren deuseztapena industrian, gaueko lanaren erregulazioa, arrisku psikosozialen prebentzioa edo tenperatura altuen aurrean jarduteko protokoloak ezartzeko beharra.

Hala ere, FVEMek aurreko bileretan egindako gauza bera egin du berriro, edukien mamira ez sartzea eta edozein aurrerapen baztertzea, horrela enpresen irabaziak langileen osasunaren aurretik jarriz.

LABek jarrera horren larritasuna salatu nahi du. Patronalak behin eta berriz esan du lan osasuna garrantzitsua dela, baina negoziazio mahaian erakusteko aukera duenean, berriro uko egiten dio eztabaidari, eta hobekuntza zehatzak baztertzen ditu.

Eta hori bereziki larria da metala bezalako sektore batean, non ezbehar-tasak etengabeko errealitatea izaten jarraitzen duen. Iaz sektoreko 21 langile hil ziren Bizkaian, eta aurten 26 dira jada. Datu horiek arrazoi nahikoa izan beharko lukete prebentzioa eta osasunaren babesa indartzeko beharra serio hartzeko.

Baina errealitatea bestelakoa da. Berdin dio soldatei, lanaldiari, lizentziei, kontziliazioari edo laneko osasunari buruz hitz egitea. FVEMen erantzunak berdina izaten jarraitzen du, hobekuntzetan aurrera ez egitea eta jada finkatuta dauden eskubideetan atzerapenak dituzten planteamenduei eustea.

LABentzat, bilera bakoitzak baieztatzen du FVEM eroso sentitzen dela egoera horretan, eta bilatzen duen gauza bakarra sektorearen benetako beharrei erantzungo ez dien hitzarmen bat dela.

Horregatik, LABen iritziz, sektorea aktibatzen hasteko unea iritsi da. Datozen asteetan bere delegatuekin batzartuko da egoera aztertu eta eman beharreko urratsak erabakitzeko.

CAFeko zuzendaritzak hitzarmenari buruzko negoziazio erreala ahalbidetu bitartean borrokari eutsiko diogu

Beasain eta Irungo lan zentroetan hitzarmena berritzeko martxan den prozesuan zuzendaritzak bi proposamen aurkeztu baditu ere, ez da adostasunik lortu; ondorioz, enpresa batzordeak eta langileek mobilizazio eta lan‑uzteen dinamika mantenduko dugu.

Hirugarren mobilizazio astean murgilduta, atzoko lan‑uzteekin batera, CAF Beasaingo biltegi nagusiko sarrera egun osoan blokeatu genuen, kamioien sarrera-irteerak eragoztea lortu genuelarik. Gaur, asteazkena, lan‑uzte tartean manifestazio jendetsua egin dugu Beasaingo lantokiaren inguruan.

Langileen asanbladek 67 orduko lan‑uzteak babes zabalez berretsi zituzten. Zuzendaritzak langileen beharrak jasoko dituen hitzarmenik proposatzen ez badu, borrokan jarraitzeko prest gaude.

Zuzendaritzaren azken proposamenaren ostean, enpresa batzordeak bere eskaerak egokitu ditu, eta orain zuzendaritzari dagokio negoziazio mahaia berriro deitu eta prozesuan aurrera egitea. LAB lehen indar sindikala da lan zentro hauetan, eta dagokigun erantzukizunarekin, negoziatzeko prestutasuna berresten dugu.

Hala, LABen honako hauek jotzen ditugu funtsezkotzat hitzarmenaren negoziazioan, besteak beste:

-Lanpostuen defentsa lana kanpora ateratzen den kasuetan

-Enplegu sorrera eta egonkortasuna

-KPIaren gainetik egongo diren soldata‑igoerak

-Plantilla osoarentzako 1.592 orduko urteko jarduna ezartzea

-Lanaldia murrizteko bideak irekitzea

-Azpikontratazioaren aurkako neurriak

-Atzerrirako bidaietako baldintzen hobekuntza

-Azkenaldian berrituak izan ez diren langileak berronartzea

-Antzinatasunaren ordainketan lan egindako epe osoa kontabilizatzea

-Lizentzia eta baimenen hobekuntzak

-Errelebo kontratuaren aplikazioa

Gauzak horrela, zuzendaritzaren esku dago negoziazioan urrats errealak ematea eta langileen eskaerei erantzutea, lan‑harreman bidezkoagoa ahalbidetze aldera. Horrela ez bada, LABek argi dauka: negoziatzeko dugun prestutasun bera erakutsiko dugu borrokarako ere.

Erregularizazio prozesurako aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkiegu langile migratuei

Sindikatuaren estrategia antirrazistaren baitan kokatzen da erabakia, kolektibo horren aurkako jazarpenari, diskriminazioari eta lan-esplotazioari aurre egiteko LABen hartu genuen konpromisoa praktikan jartzea baitakar.

LABeko Idazkaritza Antirrazistaren arduradun Txefi Rocok eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eman dute ezagutzera ekimena Bilboko egoitzan, eta beste horrenbeste egin du Iruñean Nafarroako bozeramale Imanol Karrerak eta Ekintza Sozialeko kide Jaime Iribarrenek. Agerraldi bietan ekimena aurrera eramateaz arduratuko diren hainbat boluntariok hartu dute parte.

Hego Euskal Herriko hainbat txokotan egingo ditugun asanblada irekien bitartez gauzatuko dugu aholkularitza lana, eta horietan parte hartzeko deia luzatu diegy interesa izan dezaketen langile guztiei. Era berean, eskariak prestatu eta aurkeztu ahal izateko kontsultak ipiniko ditugu martxan hiriburuetan. Eskariok aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da, baina erregularizazio prozesuak eta laneko arrazakeriaren aurkako borrokak jarraitu egingo du. Erregularizazioa lortuta ere, adi segiko dugu: auzoetan eta lantokietan borrokatuko gara lan-arrazakeria deusezteko eta gehiegikeriekin eta urraketekin amaitzeko, eta kide migratuak protagonista izango dituzten antolaketa kolektiborako zein ekintza sindikal antirrazista garatzeko espazioak ahalbidetuko ditugu.

Migratzaileen erregularizaziorako Espainiako Gobernuak irekitako prozesua, neurri asistentziala izatetik urrun, migratzaileen mugimendua buru izan dela antolaturiko borroka sozialaren emaitza da. Hala, historikoki bazterrean utziak izan diren kide hauek erdigunera ekartzeko aukera gisa ikusten dugu, baita zor kolonial eta arrazista historikoa kitatzen laguntzekoa eta Euskal Herriari ematen dioten guzti hori nahiz gure sindikatuari erakusten dioten dena aitortu eta zati txiki bat itzultzekoa ere.

Euskal Herrian migratzaileen erregularizazioan aurrera urratsak ematea administrazio-egoera irregularrera kondenaturiko pertsona hauek pairatzen dituzten urraketen, prekarizazioaren eta gehiegikerien aurka borrokatzeko modua da sindikatuarentzat. Ikusita erregularizazio prozesuak zer-nolako gabeziak dituen, zelako informazio falta dagoen eta prozesua egin nahi duten langileentzako zer-nolako zailtasunak dauden, inplikatzea eta LAB sindikatura jotzen dutenei laguntzea erabaki dugu. Horrez gain, Europan ezarritako migrazio politikak kritikatu ditugu, eta salatu dugu patronalak politika horiek aprobetxatzen dituela soldata, lan eta bizi-arrakala inposatzeko eta etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzeko.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herrian bizi diren langile guztien erregularizazioa eta gutxieneko soldata propioa ezartzea (berriki Greba Orokorrean aldarrikatu bezala) beharrezko urratsak dira esplotazio arrazistarekin amaitzeko. Gainera, migrazio politikei buruz Euskal Herrian bertan erabakitzeko gaitasuna aldarrikatzen dugu, harrera herri izate aldera.

Jarraian ikus daitezke LABek deituriko asanbladen eta kontsulta bulegoen data eta ordutegiak:

Arabako Aldundiak esku hartze sozialeko gatazkan ardura duenez, konponbidearen parte izan behar du

Arabako Aldundia, eta zehazki, Gorka Urtaran, esku hartze sozialeko gatazkan inplikatu behar da. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek, sektorearekin batera, greba eta mobilizazioak areagotuko dituzte aldarrikapenak mahai negoziatzailean egon arte.

Duela 14 hilabete baino gehiago, Arabako esku hartze sozialerako IV. hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zen, eta denbora honetan guztian instituzio publikoek ezer gutxi egin dute gatazka konpontzeko, izan ere, Gizarte Politiken diputatuarekin izandako harreman bakarrean, honek zuzenean uko egin zion sektorea progresiboki ekiparatzeko helburuari. Patronala mahaia blokeatzen egon den bitartean, Arabako administrazio publikoek beste leku batera begiratzen egon dira.

Jarrera hau onartezina da, izan ere, Arabako esku hartze sozialeko zerbitzuak instituzio publikoenak dira. Nahiz eta pribatizazioak egin diren, zerbitzuak eta errekurtsoak administrazioen erantzukizuna dira. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek argi eta garbi adierazi nahi dute Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak aurrera pauso bat eman behar dutela konponbidean. Patronala da gaur bizi den egoeraren arduraduna, baina administrazio publikoak erantzuleak dira.

Gaur, Arabako Aldundiaren kontrol plenoan sektoreak aurkeztu duen galdera eztabaidatu da. Aldundiak ardura hartu behar du prozesuan. Hitz hutsetik harago, bada garaia gatazkaren oinarrietara joateko eta baliabideak zuzentzeko hitzarmen duin berri bat lortzeko.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak eta erakundeek eraman dute enpresa gatazkaren fase berri honetara. Langileak ez dira erantzule, ondorioak ordaindu dituztenak baizik

Amurrioko enpresa-batzordeko gehiengoak balorazio argia egiten du orain arte gertatutakoaz eta Tubos Reunidosek hartzekodunen borondatezko konkurtsoa eskatzeko hartu duen erabakiaren ondoren irekitzen den egoera berriaz.

Lehenik eta behin, plantillak ez duela gatazka hau aukeratu azpimarratu du enpresa-batzordeak, baizik eta gatazkara bultzatu dutela.

Hasieratik adierazi zuen zuzendaritzak planteatutako neurriak —kaleratzeak, altzairutegia ixtea eta logistika kanporatzea— ez zirela Tubos Reunidosen arazo nagusia konpontzeko egokiak. Bere ustez, arazoa ez zen langileria, ezta haren baldintzak edo eskubideak ere; arazoa finantzarioa zen, baita kudeaketari eta zuzendaritzari lotutakoa ere. Horrez gain, negoziazio prozesu erreal, garden eta langileen parte-hartzea izango zuena irekitzea beharrezkoa zela defendatu zuen.

Zuzendaritzak, ordea, ez zuen hori kontuan hartu, eta inposizioa, xantaia eta presioa aukeratu zituen, kudeaketa txarraren ondorioak langileei egozteko asmoz. Batzordeak dio denborak arrazoia eman diola.

Adierazi zitzaien Enplegu Erregulazio Espedientea beharrezkoa zela bideragarritasuna bermatzeko eta birfinantzaketa errazteko, baina gaur egun bertan behera geratu da, enpresak ezin baititu kostuak estali. Era berean, altzairutegia ixtea eta kanporatzea ezinbestekotzat jo ziren, baina azkenean enpresak borondatezko konkurtsoa eskatu du. Batzordearen arabera, argi dago neurri horiek ez zirela irtenbidea.

Bere ustez, neurri horiek saihestezin gisa aurkeztu zituztenek eta benetako negoziazioa ekidin zutenek eraman dute enpresa egoera honetara. Halaber, adierazten du grebak ez duela egoera hau eragin, baizik eta langileen erantzuna izan dela inposizioaren, gardentasun faltaren eta elkarrizketarik ezaren aurrean.

Gogorarazten du batzordeak apirilaren 1ean bilera eskatu zuela, baina hilabete bat baino gehiago igaro zela deialdia jasotzeko, eta bilera hori erabili zela konkurtsoaren berri emateko eta erabakiak berriro inposatzeko.

Horrek erakusten du, batzordearen arabera, zuzendaritzaren jokabidea: gardentasunik eza, negoziaziorik eza eta langileen ordezkaritzarekiko errespetu falta.

Konkurtsoari dagokionez, adierazten du ez dela inoiz albiste ona, egoeraren larritasuna islatzen duelako. Hala ere, azpimarratzen du ez dela grebaren edo Enplegu Erregulazio Espedientearen akordio faltaren ondorio, baizik eta lehenagotik zetorren kaudimengabeziaren emaitza.

Era berean, konkurtsoak fase berri bat irekitzen duela dio, jardueraren jarraipena eta finantza egoeraren antolaketa helburu nagusitzat hartuta. Interes desberdinak daudela azpimarratzen du: hartzekodunak, inbertitzaile posibleak eta bestelako eragileak. Gainera, informazio hori guztia langileei ezkutatu zaiela salatzen du.

Fase berri honetan, benetako elkarrizketa eta negoziazio aukera irekitzea espero du. Bere prestasuna berresten du negoziatzeko, baina gardentasunez, presiorik gabe eta informazio osoarekin. Biharamunean egingo den bilerara joango direla adierazten du, egia entzuteko itxaropenarekin.

Galdera nagusiak planteatzen jarraituko du: zorren birfinantzaketa, inbertitzaileekin harremanak, hartzekodunen papera eta industria eszenatokia. Langileek informazioa jasotzeko eskubidea dutela azpimarratzen du.

Era berean, erakundeen erantzukizuna salatzen du, haien jarduera orain arte ez dela nahikoa izan adieraziz. Gardentasun falta eta benetako elkarrizketarik eza kritikatu ditu. Azpimarratzen du diru publikoaren erabileraren inguruan ere erantzukizunak daudela.

Maiatzaren 7ko batzarrari dagokionez, adierazten du helburua proposamenak eta konponbideak aurkeztea izan behar dela. Egoera berri baten aurrean daudela onartzen du, eta bileraren ondoren aztertuko duela. Hala ere, argi uzten du arreta ez dela plantillan jarri behar. Galderak zuzendaritzari eta erakundeei zuzendu behar zaizkiela dio. Langileak beren burua defendatzen ari direla defendatzen du.

Azkenik, batzordeak dio bere norabidea mantenduko duela, gardentasuna eta erantzukizunak eskatzen jarraituz eta enplegua zein industria defendatuz. Amaitzeko, adierazten du argi geratu dela langileak ez direla inoiz arazoa izan.

VW Navarran 2027rako kontratazio eta produkzio aurreikuspenen balorazioa

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu VW Navarrak Enpresa Batzordeari atzo 2027ko ekoizpen programa posiblea egiteko, goranzko malgutasun neurriak adosteko ustezko beharra jakinarazteko moduak.

UGT eta CCOO sindikatuei informazio hori eman eta handik 4 egunera, hauek prentsari eman zioten informazioa, eta gainerako atal sindikalekiko erabateko mespretxua erakutsi zuten. Ez zuten Batzordeko Idazkaritza serio baten moduan jokatu, kortijo bateko jauntxoek bezala egin zuten, enpresaren oniritziarekin.

Iazko abenduan jakinarazi genuenean behin-behineko 93 lankidek kontratu mugagabea izan behar zutela Lan Ikuskaritzaren bitartez konpontzeko, LABek salatuta, haien kontratuak Lege iruzurrean eginak zeudela, enpresak eta UGT eta CCOO sindikatuek izugarrizkoak bota zituzten esanez enpresaren etorkizuna arriskuan zegoela.

Plantillan 400 langile mugagabe soberan zeudela 3 urte lehenago erabaki eta sinatu zuten berberak dira, eta orain harrotu egiten dira kontratazio posible batzuez, 500 eta 1000 artean 2027ko programa egiteko, Akaso kontratazio horiek ez dute enpresa arriskuan jartzen?, Edo kontratazio horiek guztiak prekarioak, aldi baterakoak izango dira? Hori da aurreikusten duzuen kalitatezko enplegua?

VW Navarrak behar adinako gaitasuna du Enpresa Batzordeari atzo jakinarazitako ustezko programa produktiboa egiteko, hitzarmenean jasotako malgutasun-neurriak aplikatuz. Eskema erantsi dugu.

Gaur egun, ostiraletan ari dira lanean boluntarioekin. Hitzarmeneko malgutasun-neurri guztiak aplikatuta, 2027ko egutegiak aukera emango luke 10 larunbatetan boluntarioekin arazorik gabe lan egiteko.

Zertara dator asteburuko txanda bat adosteko horrenbesteko presa eta interesa? Zergatik argitaratu dituzte UGTk eta CCOOk beren Hitzarmen Kolektiboko plataformak hau indarrean egonik?

Erantzuna erraza da: Zuzendaritza eta sindikatu hauek Hitzarmen Kolektiboa negoziatzen ari dira Komitearen bizkarrera, eta hurrengo urteko Hauteskunde Sindikalak elkarrekin prestatzen, oso litekeena da komenigarritzat jotzea plantillaren gustukoak ez diren malgutasun-neurriak hauteskunde sindikalak baino hilabete batzuk lehenago adostu nahi izatea.

Ez dute aurreratu larunbatetan nola lan egin nahi duten, LABek 2016an bigarren eredua esleitzeko lan-proposamena egin zuen asteburuetarako, baina ez zen kontuan hartu, sarrera-kategoria ezabatzea, parekidetasunean kontratatzea eta kontratazio-irizpide publiko eta gardenak eskatzen genituen.

Gure ustez, beste behin ere, VW Navarrak, UGTk eta CCOOk kutxa egingo dute prekarietatearekin, VWek %23 merkeagoak diren langileak kontratatuz, horrela erabaki zuten UGT eta CCOOi esker, eta sindikatu horiek kutxa egingo dute kategoriak, diru-sarrerak eta mesedeak aginduz, otzantasunaren truke.

VW Navarrak beheranzko malgutasuna behar badu, UGTk eta CCOOk langileak langabeziara bidaltzen dituzte eta VWek irabaziak handitzen ditu, gorantz behar badu, langile prekarioak kontratatzen dira helburu berarekin.

Akaso laugarren txanda bat langile mugagabeekin sortuko da? LABentzat behin-behineko langile guztiak, bitarteko kontratudunak, 350 bat gaur egun, mugagabeak izan beharko lirateke eta 5. soldata maila izan beharko lukete, egiturazko enplegua da.

LABek enpleguaren banaketaren alde egiten du eta ez dugu eragozpenik egutegiak negoziatzeko, baldin eta lanaldia murriztea badakarte, lan berdinari soldata berdina dagokiola eta lanerako sarbidea unibertsala, ez sektarioa eta baztertzailea dela islatzen badute.

Langabezia datuek ez dute enplegu prekarioaren hazkundea islatzen

Pasa den urteko apirilean baino 3.594 langabetu gutxiago daude Hego Euskal Herrian. Azken hilabetearekiko ere jaitsi egin da langabezia (%3,07) eta 132.708 langabetu daude. Emakumeen artean azken hilabetean zein urtean langabeziak behera egin arren, langabetuen gehiengoa izaten jarraitzen dute, % 59a, hain zuzen ere.

Apirileko azken egunean 1.091.652 afiliatu zeuden Hego Euskal Herrian Erregimen Orokorrean, aurreko urtean baino 16.000 afiliatu gehiago. Hala ere, sortzen ari den enpleguak prekarietatea du oinarri. Afiliazioaren igoeraren atzean zerbitzuen presentzia nabarmena dago (afiliazio guztiaren %62,5 osatzen du), sektore honetan igo baita gehienbat. Ezin dugu ahantzi aste santua egon dela tartean, eta zerbitzuetako eskaintza prekarioak horrekin lotura zuzena duela. Aipatzekoa da afiliazioan erregistratutako kontratuen proportzio handi bat aldizkako kontratu finkoak izan direla. Nabarmentzekoa da, halaber, afiliazioak gora egin duela industrian, azken hilabetean batez ere Nafarroan, nahiz eta langabeen kopuruak gora egin duen aurreko urtearekin alderatuta. Hau da, industrian enpleguak gora egin du, baina ez da egonkorra.

Bestalde, azpimarratu behar dugu hilabetez hilabete handitzen ari den beste kolektiboa aurretik enplegurik ez zuten herritarrena dela, bereziki migratuek eta emakumeek osatua. Izan ere, aurreko enplegurik gabekoen artean, migratuek %6,6 egin dute gora eta 362 emakume gehiago dago egoera honetan. Bizi dugun eredu kapitalista patriarkal eta kolonialak bereziki kolpatzen ditu egoera zaurgarrian dauden kolektibo horiek, lan merkatu prekariora bultzatzen dituelarik.

Urte arteko datuetan arreta jarriz gero, adin guztietan jaitsi da langabezia. 25 urtetik beherakoen artean %10,73 murriztu da. Sexu-generoaren aldetik antzeko zantzuak ikus ditzakegu, aurreko urtetik hona emakumeen artean langabezia %2,64 jaitsi baita. Hau Aste Santuan egondako zerbitzuen lan eskaintza prekarioarekin lotzen dugu. Hala ere, sistemaren oinarri heteropatriarkalak agerian gelditzen dira, aurreko enplegurik gabekoen artean emakumeak baitira gehiengoa. Gainera, gazteen artean, enplegurik ez dutenen %77,69 emakumea da.

Kezkagarria da sortzen ari den enpleguaren kalitatea. Denbora daramagu errealitate hori salatzen, baina patronalak ezikusiarena egiten du. Egin diren 14.272 kontratu berrietatik %80 behin-behinekoak dira. Langile klasearen ezegonkortasuna bultzatzen duten enpleguak sortzen ari dira. Are gehiago, behin-behineko kontratu ia guztiak zerbitzu sektorean izan dira. Ez da kasualitatea sektore prekarizatuenak izatea enplegua sortzen dutenak, egonkorrenak suntsitzen ari diren bitartean; adibide garbiak dira Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio.

Ez da lehenengo aldia ohartarazten duguna langabezia datuek, modu isolatuan, lan merkatuaren argazki osoa islatzen ez dutela. Enplegu prekarioa gizartearen kezka nagusia da, eta egoera horrek egiten du posible gero eta langile gehiago egotea bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua eduki arren. Horri aurre egiteko tresna da borroka sindikala. Sistema kapitalista heteropatriarkal eta koloniala ezbaian jartzeko momentua da, langile klasea erdigunean jarriko duen eredu berria eraikitzeko, langile klase osoaren lan eta bizi-baldintzak hobetuko dituena.

10 egunean 6.500 sinadura bildu ditugu irakasleentzako murgiltze ikastaroak mantentzearen alde

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan elkarretaratzea egin dugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok, eta bildutako sinadurak Hezkuntza Sailari helarazi dizkiogu. Era berean, maiatzaren 14rako mobilizazioak iragarri ditugu ikastetxeetan. Bestalde, euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde maiatzaren 9rako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia ere egin diegu hezkuntzako langileei.

Hiru sindikatuok sinadura bilketa bat jarri genuen abian apirilaren 21ean, apirilaren 30ean amaitu zena; hamar egunotan 6.500 sinaduratik gora bildu ditugu. Horrek agerian uzten du irakasleek murgiltze ikastaroak beharrezkotzat jotzen dituztela eta hauek mantentzearen alde daudela.

Elkarretaratzea egin duten bitartean, sinadura horiek aurkeztu dizkiogu Hezkuntza Sailari. Mobilizazioan hezkuntza sailari egiten dizkioten eskaera zehatzak gogorarazi ditugu:

  • Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
  • Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
  • Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
  • Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
  • Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.

Abian jarritako dinamikari jarraipena emanez, ikastetxeetan mobilizazio egun bat deitu dugu datorren maiatzaren 14rako. Irakasle talde osoari dei egiten diogu egun horretan antolatu eta mobilizatu daitezen.

Hiru sindikatuon ustez, ezinbestekoa da euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea. Hori izan baita urteetan IRALEko R ikastaroen helburua.

Hezkuntza Sailak, ordea, sindikatuekiko gardentasunik gabe eta aldebakarrez IRALEren R modalitateko ikastaroak 2026-27 ikasturtetik aurrera bertan behera uzteko erabakia hartu du.

Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dugu sindikatuok, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dugu, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak.

Hori esanda, sindikatuok uste dugu neurri eta baliabide berriak behar direla, baina horiek ezin dituztela daudenak ordezkatu, baizik eta daudenak osatu eta indartu behar direla.

Azkenik, datorren maiatzaren 9rako euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde deitu dugun manifestazioan parte hartzera ere deitu dugu hezkuntzako langileria osoa.

LABek Osakidetzako akordio arautzailea aldarrikatzen du

LABek adierazi du Osakidetzako langile guztien lan-baldintzak hobetu behar direla zerbitzu publikoa hobetzeko, eta horretarako markoa EAEko mahai sektoriala dela, eta ez Madrilek ezarritakoa. Sindikatuak salatu du mahai sektorialetan medikuen grebaren eta hura konpontzeko irtenbideen inguruan ez dela hitz egin, eta gaia saihestu egiten dela.

Osakidetzak 20 urte betetzera doan lan-baldintzen akordio arautzailea du, eta premiaz berritu behar da, kolektibo desberdinen izaera eta ezaugarriei erreparatuta, langileen lan-baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko. Zerbitzua propioa eta baliabide publikoekin ematea aldarrikatu du LABek. Halaber, pribatizazioaren aurkako neurriak hartzea eta zerbitzu guztiak publifikatzeko plana premiazkoa dela azpimarratu du.

Lan-akordioan badago zer eguneratu: ordainsariez gain, lanaldian egin behar diren itinerantziak ordaindu behar dira, osagarriak berrikusi, kategoriaren eta unitatearen araberako ratioak ezarri, funtzioak eta txandak berrikusi, langileen kolektiboen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak bermatu, irizpide antolatzaile eta laboral berberak aplikatu ESI guztietan, aparteko orduen jarraipena eta konpentsazioak berrikusi, autokontzertazioak mugatu, gazte-berritze plana adostu eta lan-osasuna hobetu, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du gatazkaren konponbidea Monica Garciak zuzentzen duen ministerioaren esku dagoela, eta Esparru Estatutuaren benetako negoziazioa eskatu du.

LABek, aldiz, Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarii eskatu dio erantzukizuna har dezala eta 20 urte betetzera doan lan-akordioa osotasunean berritzeko apustua egin dezala.

Martinezek adierazi badu ere grebek sortutako itxarote-zerrendak murrizteko errefortzua handitzea eta pazienteentzako aukerak zabaltzea erabaki duela, LABek salatu du neurri hori ez dela berria eta pribatizazioan sakontzen duela, pazienteen arreta ospitale kontzertatuetan ematea baitakar.

Gauzak horrela, Martinezi deia egin dio mahai sektorialean akordio arautzailearen negoziazio osoa hasteko. LABek jakinarazi duenez, negoziazio kolektiboa baliatzen ez bada, aliantzak bilatu eta ekintza sindikala aktibatuko du.