2026-01-12
Blog Page 297

Eusko Jaurlaritzako Beti On telelaguntzako langileek beste bi hilabeteko greba deitu dute urria eta azarorako

Langileen oharra, gaur egindako agerraldiaren harira:

Beti ON telelaguntza-zerbitzu publikoko langileak gara. Gaur egun 65.000 erabiltzaileri arreta eskaintzen diegu, eta 140 egun baino gehiago daramatzagu greban, zerbitzuaren enpresa adjudukatarioak, Tunstall Televida-GSR-Grupo Igualmequisa UTEak, negoziatzera eseri nahi ez duelako.

LABek eta ELAk osatutako enpresa-batzordearen gehiengoak honako hau adierazi nahi dio gizarteari:

Joan den astelehenean, irailaren 19an, egindako batzarrean, langileok, aurreko 130 greba egun baino gehiagoren jarraipenaren balorazio oso positiboa egin ostean, grebak beste bi hilabete gehiago deitzea erabaki du. Hau da, urrian eta azaroan greba egin dugu.

Tunstall Televida-GSR-Grupo Igualmequisa-ren immobilismoa salatzen dugu. Ez du inolako akordiorik negoziatu nahi, eta bilera-egutegi bat aurkeztu diogu, baina ez dugu erantzunik jaso. Horrek erakusten du enpresaren negoziatzeko borondate eza. Izan ere, ez dizkigu eman beren egoera ekonomikoa azaltzen duten datu ekonomikoak, eta guk badakigu datu horiek agerian utziko lituzketela lortzen dituzten irabazi handiak.

Bestalde, salbuesten dira lehiaketa eteteko egoerak, beraiek sortu duten egoerak, eta gezurra esaten dute akordio batera iristeko gaitasunik gabe uzten dituela esatean. Alternatiba bat eskaini diegulako eta baztertu egin dutelako.

Grebak ondorioak izaten ari dira, hala nola zerbitzua erabili ezin duten 5.000 pertsona inguru, eta horrek etengabe handitzen du EAEko herritarrei zerbitzuan alta emateko itxaron-zerrenda.

Eusko Jaurlaritza da zerbitzu publiko honen titularra, eta gure buruari galdetzen diogu ea non dagoen funtsezko zerbitzu hori gizarteari emateko ardura, eta, zehazki, gure lana eskaintzen diogun sektore zaurgarriari. Hori dela eta, Beatriz Artolazabal sailburuari gogorarazten diogu ez bera ez bere saileko beste inor ez dela guregana zuzendu. Ez dugu erantzunik jaso grebekin hasi garenetik.

Zuzenean adierazten dugu bizi dugun egoera latzaren eta gatazka honek bere ardurapeko funtsezko zerbitzuan duen eraginaren erantzulea Eusko Jaurlaritza dela.

Lehiaketa bertan behera uzteko egoerak zuzenean interpelatzen du Eusko Jaurlaritza, bera delako zerbitzu honen arduraduna gizarte aurrean, eta irailaren 30etik aurrera zerbitzu hau esleipendun gabe dago. Beraz, Eusko Jaurlaritza ezin da ezkutatu.

Amaitzeko, berriro iragarri nahi dugu beste bi hilabeteko greba deitu dugula, eta mobilizazio-ziklo gogorrago bat irekiko dugula. Eta egoera larri horren erantzule enpresa eta Eusko Jaurlaritza egiten ditugula.

Gainera, gure determinazioa helarazi nahi diogu gizarteari, gure lan eskubideak aitor daitezen.

Elkarretaratzea egin dugu Iruñean, PAI eredu linguistiko bihurtzeko saiakera salatzeko

Goizeko lehen orduan, Hezkuntza Departamentuko langileak euren lanpostuetara sartzen ari ziren orduan, LAB Irakaskuntzako ordezkaritza batek elkarretaratzea egin du Santo Domingoko egoitzaren aurrean, PAI eredu bihurtzearen aurka daudela adierazteko.

Aurreko astean Hezkuntzako arduradunek bilera bat deitu zuten PAI programa izatetik eredu izatera eramango duen dekretua idazteko proposamenak jaso asmoz. LABeko ordezkariak mahai hartatik altxa egin ginen, programa hori “euskararen aurkako atentatua” dela salatuz, ez baita ahaztu behar D ereduaren gainbehera eragiteko sorturiko programa dela jatorrian. Horren ondotik kaleratutako oharrean argi utzi genuenez, LAB ez dago inondik inora eleaniztasunaren aurka, tokian tokiko hizkuntza propioen alde baizik. Hori dela kausa egon gara hasiera-hasieratik PAI programaren aurka.

Horrez gain, ezin da ahaztu, Hezkuntza Departamentuak kontsultora pribatu bat kontratatu duela dekretuaren gainean jarduteko; zerbitzu publikoaren pribatizazioranzko beste pauso bat, tamalez.

Horregatik guztiagatik, LABen argi dugu: PAI iruzur hutsa da! PAIri ez! PAI ereduari ez!

Hurrengo ostegunean, berriro

Aste honetan egin duten bezala, hurrengo ostegunean ere Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkartuko dira LAB Irakaskuntzako kideak, PAI arautzeko egin nahi duten dekretua “euskararen aurkako atentatua” dela salatzeko.

Ez dugu inoiz onartuko Madrilek inposatutako soldata murrizketarik

Madrilgo Gobernuak dagoeneko aurreratu du Estatuko langile publikoek izango duten eros-ahalmenaren jaitsiera proposamena, soldaten %3,5eko igoera iraingarri batekin. 2008tik pairatzen ari garen murrizketak berreskuratu ez, eta KPI noraino igotzen ari den kontuan hartuta, aurrekontuak berriro ere langile publikoen lepo koadratu nahi dituzte. Gainera, ohitura bihurtuta, berriro ere inposizioaren bidez egingo da eta Hego Euskal Herriko gobernuen morrontza izango du tresna.

Baliteke negoziazio eta mobilizazio antzerki baten ostean kopuru hori zerbait igotzea, eta azken zifra sinatuko dutenek garaipen bezala saldu nahi izatea. Langileon poltsikoak husten jarraituko du inondik heltzerik ez duen sasi-igoera horrek. Halako erabakiak Madrilen hartzea eta dekretuz ezartzeak Euskal Herrian bertan langile publikoek duten negoziazio kolektiborako eskubidea urratu egiten du erabat, eta hemengo errealitateari lotutako zerbitzu publikoak antolatzeko aukera ere urratu egiten du.

Hego Euskal Herriko administrazioei dei egiten diegu eremu bakoitzaren negoziazio kolektiboaren eskubidea errespeta dezaten. EAJ eta PSOEren sukurtsalak eroso daude erabakiak Madrilen hartzen badira, erantzukizunak gainetik astintzen. Baina borondaterik egonez gero, murrizketak saihestu eta kendutako guztia atzera itzul daiteke. LABek berriro dio, gobernuen borondateak aldatzeko langileon antolaketa eta mobilizazioa ezinbestekoa da, eta horretan jarraituko dugu.

Nafarroako Esku-hartze Sozialeko langileak mobilizatu dira, inpugnazioari buruzko epaiketaren harira, hitzarmena bizi-bizirik dagoela aldarrikatzeko

Gaur hastekoa zen Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. Horren karietara, eta LAB sindikatuak deituta, langileek lanuzteak egin dituzte 10:00etatik 14:00etara, bai eta bi elkarretaratze jendetsu ere: Caritasek Iruñean duen egoitzaren inguruan lehenik, eta Justizia Jauregiaren aitzinean bigarrenik. LABek adierazi du, epaiketan gertatzen dena gertatzen dela, eskura dituen bide guztiak erabiliko dituela hitzarmena bizi-bizirik dagoela aldarrikatzeko. Momentuz, gaur hastekoa zen epaiketa atzeratu egin dute, datarik gabe, epaileak erabakita, patronalak berandu aurkeztutako dokumentu batzuengatik.

Justizia Jauregiko elkarretaratzean, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik hitzarmenaren defentsa egin du eta Esku-hartze Sozialeko langileen borroka goraipatu du. “Bi mila langileren baldintzak auzitan daude hainbat enpresak bertako hitzarmena inpugnatzea erabaki dutelako”, adierazi du Lopetegik. “Eta guk sektoreko langileek egin duten borroka nabarmendu nahi genuke, bertako hitzarmena eta bertako markoa lortu izana nabarmendu nahi genuke, eta azpimarratu horrek langile guztientzat lan baldintzak hobetzea ekarri duela. Ildo horretan, LAB sindikatuak eskura dituen borroka bide guztiak erabiliko ditu hitzarmen honek indarrean jarrai dezan, eta langile hauekin borrokan jarraituko dugu hori lortu arte”.

Bere aldetik, langileei animoak emateko mintzaldian, Esku-hartze Sozialeko arduradun Oihan Ataunek aipatu du epaiketan LAB sindikatuak, noski, hitzarmenaren defentsa eginen duela, “bizi-bizirik” dagoela aldarrikatuko duela. “Baina hitzarmen hau botatzen badigute, berriz ere kalera ateratzeko prest gaude, zuekin batera borrokatzera, langileen baldintza duinak bermatuko dituen hitzarmen on bat lortzeko”.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, AcciĂłn contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.

Jarraipen zabala izan du Arabako helduen egoitzetako grebak

Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak berriro mobilizatu dira Aldundiaren aurrean, kasu honetan, LABek eta ELAk deitutako grebaren harira.

Aldundiak bilera batera deitu gintuen sindikatuoi eta patronalari uztailean, negoziazioaren egungo egoera aztertzeko. Hortik atera zen enpresen partetik negoziazio mahai berri baterako deialdia lehenbailehen egiteko konpromisoa. Patronalak sindikatuei proposamen ekonomiko berri bat helarazteko konpromisoa hartu zuen. Gaur egun oraindik ez dugu berririk, beraz, agerian uzten digu patronalak negoziatzeko duen jarrera eskasa.

Patronalaren pasibotasun horren aurrean, sindikatuok ez gaude prest sektoreko langileen egoera kaskarra luzatzeko. Sektore feminizatu honetako langileak saritzeko eta baloratzeko premia aldarrikatzen dugu berriro ere. Sektorea funtsezkoa da, eta emakume langile hauek adinekoen bizitzari eusten diote.

Eskatzen dugu behingoz behar bezala arautzea zainketa-sektore honen lana egiteko baldintzak, Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek betetzen duten funtsezko funtzioa duinduz.

Aldaketaren protagonista izatea eskaini diegu euskal langileei

Bizkaiko ordezkariekin ekitaldia egin dugu Bilbon. Lehena izan da gaurkoa, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkartuko baititugu gure ordezkariak datozen egunetan, gogoetak eta erronkak partekatu eta hauteskunde sindikalen epe trinkoari hasiera emateko. Donostian izango gara bihar, irailaren 29an; Gasteizen, urriaren 6an; eta Iruñean, urriaren 7an. Eta Ipar Euskal Herrian ere abian gara; kasu honetan, zerbitzu publikoetako hauteskunde sindikalen baitan.

Hauteskundeen “berezitasuna eta magia” azpimarratu nahi izan ditu Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak Bilboko ekitaldian, “urrats bakoitza langileen ahalduntze prozesu txiki bat” delako.

LABeko kideek Ilusioz eta indarrez heldu diote hauteskundeen erronkari; horren seinale, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berria inoiz baino indartsuago heldu izana garai trinkora.

“Zabaltzen ari gara, indartzen. Eta gehiago indartzera goaz, hauteskundeotan Hego Euskal Herrian bigarren sindikatua izatetik gertuago egongo gara. CCOOrekin distantziak areagotzera goaz eta ELArekiko aldea murriztera”, adierazi du Arroyok.

Hain zuzen ere, UGTeta CCOOri Espainiako Estatuan ezarrita dagoen eredu politiko eta sozioekonomikoaren partaide izatea kritikatu die, eta zorrotz aritu da ELAren eredu sindikalari buruz, “erakundearen interesak klase interesen aurretik” jartzeagatik, elkarlan sindikalaren gainetik, eta gehien konfrontatzen duen sindikatua denaren irudia emateko aldebakarreko erabakiak hartzen dituelako. Grebak deitzen, greba eraginkorrak egiten baino indar gehiago jartzen du.

Eredu horien aldean “alternatiba sendoa” aurkeztu dugu ekitaldian, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriarena, hain zuzen ere, “klase interesak lehenesten dituena, langile guztienak orohar, eta sektorerik diskriminatu eta prekarioenenak, bereziki; burujabetza praktikara daramana; grebak deitu bakarrik ez, egin egiten dituena; ekintza sindikal eraginkorra duena, egiteko beste modu bat”.

Eta egiteko modu horrek emaitzak ematen ditu. LABek 171 langile borroketan parte hartu du azken lanurtean eta uztailetik hona 8 herrialdeko hitzarmen desblokeatzea lortu du, azkena Arabako metalgintzakoa, borroka historiko baten emaitza historikoa. Berriagoak eta zehatzagoak dira aste honetan bertan irabazitako borrokak, esaterako, Berriak Supermerkatuetako kaleratzeak atzera botatzea lortu denean edota Arrasateko lorezainen kasuan, 70 eguneko grebaren ostean hitzarmen duina itxi dutenean.

Aldaketa sozialerako bidea, trantsizio ekosozialista eta feminista abiarazteko proposamena definitua du LABek, Programa Sozioekonomikoa lekuko, eta aldaketaren protagonista izateko aukera eskaini nahi die langileei; eta eskaintzaz gain, konpromisoa, lantokiz lantoki, egunero, euskal langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraitzeko.

Hala, antolakuntza eta borroka kolektiborako deia egin dugusindikatutik; areago, LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berriaren parte izateko gonbita egin die Arroyok langileei, “zenbat eta sendoagoa izan LAB, orduan eta indartsuagoa izango baita euskal langile klasea”.

Suhiltzaileen Lan Eskaintza Publiko bateratuko irizpide onartezinak atzera botatzea #LortuDugu

LABek egindako eskari eta mobilizazioari esker, inskribatzeko baldintzetatik kendu egin dute izangaia Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendari Nagusiari, delituei edo funtzio publikoak betetzeko ezgaitasunei buruzko txostenak eskatzeko baimena ematen zion laukitxoa betetzeko betebeharra.

Opositoreak onartzen duela azterketa psikoteknikoak tresna baliagarriak direla balorazioa egiteko ez dute kendu. Baina nahiz eta laukitxo hori bete, eskubide osoa du izangaiak gerora, psikoteknikoen emaitzen aurrean alegazio edo errekurtsoa sartzeko.

Presazko kontua zenez, eta izena emateko epea bukatu baino lehen egin behar genuenez, LABek bultzatu zuen mobilizazio hau. Hurrengo datetan, harremanetan jarriko gara suhiltzaileen taldeekin eta sindikatu guztiekin epe ertainean EAE mailan LEP hauen aurka mobilizazioak baloratzeko.

LABen ez dugu LEP bateratu hauen inposaketa onartuko eta, beharrezkoa denean, jarraituko du mobilizatzen.

Gipuzkoako grafikagintzan deitutako lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du

Grafikagintzan 4 egun greba deitu ditugu eta gaur lehenengo eguna izan dugu. Grebaren jarraipena oso ona izan da, % 80aren jarraipenarekin. Gainera, kontzentrazioa egin dugu Tolosako Triangulo plazan. Irailaren 29an eta urriaren 4an eta 6an izango dira hurrengo greba egunak. Jada pasa den asteetan enpresetako langile batzarrak burutu ziren eta grebara sektoreko enpresa hauek atxikitu zirela aurreratu ziguten SAM, Corenso, Cicarsa, Mayensa, Comaypa, Tubo pack, Nueva editorial, Zelatun. Sektoreko langileek argi utzi dute, sektorerako hitzarmen duin bat nahi dutela.

Bizi dugun bizitzaren garestitze honen testuinguruan langileak ez daude prest beren erosmen ahalmena galtzeko eta hortaz, KPIari lotutako soldata igoerak eskatzen dituzte. Honekin batera, bestelako eskaerak egiten dituzte: Denboraldi mugatuko kontratuentzat mugapenak eta baita genero berdintasunean aurrera pausuak, besteak beste.

Zentzu honetan uste dugu, sektoreko lan kargak ez direla jaitsi eta sektoreko langileek eskatzen dituzten eduki hauek guztiz errealak eta posibleak direla. Gainera industriako beste sektoreetan sinatu dira hitzarmenak, metalean, papergintzan…. zergatik bada grafikagintzan ez ?

ADEGIri arduraz jarduteko eskatzen diogu, negoziazio mahaia lehenbailehen deituz eta hitzarmen duin bat bermatuko duen edukiak mahai gainean jarriz.

Hurrengo hitzordu garrantzitsua irailaren 29an izango da, bigarren greba egunean. 11:00etan, ADEGIren egoitzan elkarretaratuko gara, Donostian.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan

Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak guztiz baztertuta ditu Hezkuntza Departamentuak, eta berriro ere argi utzi du hori.  Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, hau izan dadin eta ez ikastetxe publikoak edo Nafar Lansare, gaitasun profesionalak egiaztatuko dituztenak.

Hezkuntza Departamentuak behin eta berriz agerian uzten du sektore pribatuaren aldeko jarrera, nahiz eta horrek maiz publikoari kalte eragiten dion. LAB sindikatuari guztiz ulertezina iruditzen zaio, eta horregatik, jokabide hau errefusatzeaz gain, salatu ere egiten dugu. Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialera zehazki esanda, horrek gaitasun profesionalak egiazta ditzan. Kasu honetan, horra, 900.000 euro bideratu ditu, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetara edo Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzura egin beharrean.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak 4 milioi euro baino gehiago eman zizkion Nafarroako Foru Komunitateari gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena finantzatzeko, eta horietatik laurden bat Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberarako izango da. Nafarroako Ganbera zuzenbide publikoko elkarte bat da, eta bazkideen interesak ordezkatzea, defendatzea eta sustatzea du helburu. Bazkideak Nafarroan kokatutako enpresak dira, merkataritzakoak, industriakoak eta zerbitzuetakoak. Bere jarduna kanpo-merkataritzara eta enpresen nazioartekotzera, enpresa-prestakuntzara eta aholkularitza ekonomiko, komertzial eta juridikora bideratuzen du. Laburbilduz, zuzenbide publikoko erakundea da, baina ez erakunde publikoa.

Ia bi urte igaro dira Nafarroak gaitasun profesionalak egiaztatzeko eskumenak dituenetik, baina LABen kezka handiz ikusten dugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez duela bermatzen gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko zerbitzu gehienak Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen eta Nafar Lansareren bitartez eskaintzea. Eta are larriago begitantzen zaigu Nafarroako Merkataritza Ganberari 900.000 euro emateko gai izatea, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen edo Nafar Lansareren bidez egin beharko liratekeen akreditazioak kudeatzeko.

LABek, horregatik guztiagatik, Carlos Gimenok zuzentzen duen departamentuari esijitzen dio utz dezala behin betiko sektore pribatuaren aldeko jarrera eta egin dezala publikoaren alde apustu; modu sendo eta sinesgarrian egin ere! Are gehiago, guztiz ezinbestekoa da, gainera, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei eta bertako langileei beharrezko dituzten baliabideak eta lan-baldintza egokiak ematea. Izan ere, hori baita hezkuntza arautu eta egiaztagarria, duina eta kalitatezkoa izan dadila ziurtatzeko modu bakarra.