2026-05-03
Blog Page 295

Madres Mercedariaseko langileek 7 eguneko grebarako deialdia egin dute, Orozkoko Ibarra auzoko egoitza-zentroa ixteko mehatxuaren eta bertako lan- baldintzen prekaritatearen aurrean

Orozkoko Ibarrako Madres Mercedarias egoitza-zentroko langileok aniztasun funtzionalaren sektoreko zerbitzu publiko bat egiten dugu, zehazki, Orozkoko Ibarra auzoan. Gure ordezkaritza sindikala LABeko 2 ordezkarik eta ESK-ko ordezkari batek osatzen dute.

43 langile gara, eta adimen-desgaitasuna duten 73 emakume zaintzen ditugu. Hau da, emakumeak gara emakumeak zaintzen, eta badakigu horregatik ausartzen direla lantokia ixtearekin mehatxatzera eta gure lan- baldintzak hain prekarioak izatera.

2019an, Madres Mercedarias-ek, Fundacion Aliados enpresa putrea erabiliz, soldatak izoztu zizkiguten eta urteko lanaldia handitu ziguten. Gure lan-baldintzak defendatzeko borroka hasi genuen eta gaur arte, 21 greba egun eta mobilizazio anitz egin ditugu. Bizkaiko Aldundiak beste alde batera begiratu du, bera izan arren ematen dugun zerbitzu publikoaren titularra, eta berau egiten dugu egungo prekaritate-egoeraren zuzeneko erantzule. Gogora ekarri nahi dugu 900 eta 1.100 euro arteko soldatak kobratzen ditugula.

Madre Mercedarias Kongregazioak berriki jakinarazi digu zerbitzua utziko dutela eta, inor ez badator euren negozioa erostera, lantokia itxiko dutela. Bizkaiko Aldundiak erabakia ezagutzen duela ere jakinarazi digute. EDE fundazioa kontratatu dute egungo egoera kudeatzeko. EDE-ren kudeaketa, orain arte, Kongregazioa langileekin edozein negoziaziotatik aldentzea izan da, eta langileei jakinaraztea hobe dela “zaratarik ez ateratzea”; hau da, gu beldurtzen saiatzea gure eskubideen alde borrokatu ez dezagun.

Egoera oso larria da, ez bakarrik guretzat, baita zaintzen ditugun emakumeentzat ere. Emakume horientzat egoitza-zentro hori beren etxea da. Bizkaiko Aldundia da, orain inoiz baino gehiago, gatazka honen erantzule zuzena, eta zuzenean interpelatuko dugu. Sergio Murillo arduradun gorenarekin bilera bat eskatu dugu, bere erantzukizunak bere gain hartzeko eta egoera honi irtenbidea emateko eskatzeko.

Egoera larri horren aurrean, eta hainbat batzar egin ondoren, 7 greba-egun deitzea erabaki dugu, otsailaren 6tik 12ra. Eta iragartzen dugu ez direla azkenak izango gure eskubideak errespetatzen ez badira: gure enpleguak mantentzea, erosteko ahalmena berreskuratzea eta gure urteko lanaldia murriztea.

Greba-egunetan hainbat mobilizazio eta ekintza egingo ditugu, besteak beste:

– Elkarretaratzeak egunero Orozkoko Ibarrako lantokian 14:30ean.

– Manifestazioa Bilbon otsailaren 8an. 10:00etan aterako da EDE Fundazioaren egoitzatik, eta Moyua
plazan batuko da borrokan ari diren aniztasun funtzionalaren sektoreko beste enpresa batzuekin, hala
nola Gorabide eta Gaude, Aldundiaren Jauregiraino.

Amaitzeko, gizarte osoa gonbidatu nahi dugu gure borroka babestera, eta, era berean, gure erabakia helarazi
nahi dugu, gure enpleguak eta lan-baldintzak bermatuak izan daitezen lortu arte, behar den guztia
borrokatzen jarraitzeko.

Gaur beste langile bat hil da lan istripu batean Donostian

Gaur lan-istripu hilgarri baten berri izan du LABek. Altueratik erorita hil da 32 urteko behargina. Iaz 11 izan ziren arrazoi berdinagatik zendutakoak.

Azken honekin, gutxienez sei langile hil dira dagoeneko lan-istripuz 2023an, urtea hasi zenetik hilabete baino igaro ez denean.

LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die langilearen senideei, hurbilekoei eta lankideei nahiz Euskal Herriko langilego guztiari.

LAB sindikatuak jakin ahal izan duenez, hildako langilea zuntz-optikaren instalatzailea zen eta Errenteriako Fycotel S. Koop enpresarentzat lan egiten zuen, Cotronic enpresako azpikontrata dena eta hau ere Telefonicako azpikontrata dena.

Oso lan baldintzak kaxkarrak dituzte, oso soldata baxuekin eta askotan autonomo faltsuak izaten dira, beraz, prebentzio eta segurtasunezko neurriak ez dira betetzen.

Gaurko heriotza azpikontratazio masiboko politika kriminal baten ondorioa da, Telefonica bezalako enpresek etekin izugarriak metatzen dituzte, langileen erabateko prekarietatearen kontura.

Hori guztia dela eta, LABek ikerketa serioa exijitzen du, eta arduradunek egindakoa ordain dezaten.

Atzo ere beste lan istripu bat izan genuen Lizarran. Kasu honetan, langilea larri eraman zuten ospitalera. Eta aurreko ostegunean, hilaren 27an, beste langile bat hil zen, kasu honetan Bilboko udal langilea, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz.

Neurri sendorik ezean, enpresaburuen erabateko inpunitateak, ustiapen neoliberaleko politikarekin batera, heriotza eta miseria baino ezin ditu eragin. Berriz ere langile baten heriotza eraikuntzan.

Horregatik, langile garen aldetik, zero tolerantzia adierazi behar dugu lan-istripuekin, lanbide-gaixotasunekin eta lanarekin lotutako gaixotasunekin. Eredu-aldaketa bultzatu eta lagundu behar dugu, aldaketa politiko, ekonomiko eta soziala, zeinaren bidez bizitza duinerako eta osasunerako dugun eskubidea errealitatea izango den, eta ez utopia.

Aldaketa ez digute patronalak edo legeek oparituko, aldaketa gutako bakoitzarengan dago, gure konpromisoan dago, obra, lantegi, herri eta auzo bakoitzean.

Azkenik, dei egiten dugu hurrengo orduetan antolatu daitezken salatze elkarretaratzeetan parte hartzeko nahiz lantokietan eredu berri baten aldeko borrokan jarraitzeko, baldintza duinen eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko duen jendarte eta herri baten alde.

Zaldibarko hondamenditik hiru urte betetzen diren honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak erantzukizunak argitzea eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen ditu

Zaldibar Argituz plataformak otsailaren 5erako deituriko ekitaldian parte hartzera dei egiten du

Hiru urte bete dira Zaldibarko hondamendia gertatu zenetik. 2020Ko otsailaren 6an Verter Recycling-en zabortegia hondoratu eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltrán desagertu ziren zabor artean. Lehenik eta behin elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu familia eta ingurukoei, oraindik erantzukizun guztiek argitu gabe jarraitzen duten honetan.

Luizia eta hondamendia gertatu zenetik bertatik Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta berau osatzen dugun gehiengo sindikal eta eragile sozialok, Zaldibar Argitu plataformarekin elkarlanean, salatu izan dugu zabortegiaren kudeaketan agerikoa izan den kontrol falta, jarduera opako eta klientelarra, jasanezina eta arriskutsua. Baita, Verter Recycling enpresaren erantzukizun zuzena ingurumen hondamendian eta Joaquin eta Albertoren heriotzean.

Horrekin batera irmoki salatu dugu eta salatzen dugu Eusko Jaurlaritzaren eta Ingurumen Sailaren erantzukizun politikoa. Zaldibarreko zabortegia 2016tik arrisku larrian zegoen eta urte hauetan guztietan ez dira beharrezko neurketak eta kontrolak egin. Hondamendiaren ondoren ardura guztia Verter Recycling enpresaren gain uzteko saiakera etengabean aritu da Jaurlaritza, baina zabortegian detektaturiko irregulartasunei ezikusia egin zitzaien. Berriki jakin dugu Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari inputatu eta deklaratzera deitu dituztela zuhurtziagabekeriazko prebarikazioagatik. Eusko Jaurlaritza eta Ingurumen
Sailak opakotasunez, erantzukizun eta ardura politikoari muzin eginez, aritu dira denbora guzti honetan, gertaturikoa argitzeko ekarpen irmoa egin ordez.

Hiru urte luze joan dira baina berriro errepikatu ez dadin bermerik ez daukagu. Kudeaketa pribatuan eta kontrol publiko ezean oinarrituriko hondakin kudeaketa eredua negozio iturri bilakatu da enpresarientzat, langileon eta naturaren kontura. Langileon eta herritarron bizitza zein osasuna bermatzeko, edota hondakinen kudeaketa eredu iraunkor baterantz bidea egiteko neurriak ez dira hartu. Azpikontratazio politikak eta zaintza, kontrol eta babes neurri ezak langileon lan baldintzak prekarizatu eta bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen du, baita herritarren osasuna ere.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik Zaldibarren gertaturikoa argitu dadin eskatzen jarraitzen dugu, eta erantzukizun guztiak argitu daitezela. Horrekin batera, pertsonentzat eta naturarentzat bizigarria den eredu baten norabidean neurriak hartu eta Zaldibarren gertaturikoa errepikatu ez dadin bermeak eskatzen segiko dugu. Gertaturikoa ahanzturan geratu ez dadin, igandean, otsailak 5, 12:30etan Eitzagan Zaldibar Argitu plataformak deituriko ekitaldian parte hartzera dei egiten dugu.

Langileak Osasuna. Erantzukizunak.

Zaldibar Argitu!

Erretreten erreformaren aurkako bigarren greba eguna ere jarraipen zabala izaten ari da Ipar Euskal Herrian

Intersindikalarekin batera goizean Baionan egin dugu mobilizazio nagusiak jendetza bildu du. LABek, gainera, manifestazioaren baitan ekintza bat gauzatu du Société Générale banketxearen egoitza batean, sistema publiko duina aldarrikatzeko afitxak itsatsi dituelarik.

Hilaren 19an izan zen lehenengo protesta eguna, eta joan den astean, berriz, Baionako portua blokeatu genuen. Bada, sindikatuok erreforma atzera botatzeko eta erretreta duinaren aldeko borrokan jarraitzeko asmo irmoa dugu.

Hondarribiako Senra tabernan ere ostalaritzako esplotazioarekin amaitzeko exijitu dugu

Izen bereko Donostiako tabernen kasuaren berri izan bezain pronto mobilizatu zen bezala, Hondarribian ere beste horrenbeste egin dugu gaur. Izan ere, jabe berberak herri honetan duen lokalean ere sistematikoki esplotatu eta prekarizatu ditu langileak: “Haiengandik jaso dugu zuzenean informazioa, haien egoera salatzera ausartu direlako gaude gaur hemen”.

Donostiako langileen kasuan bezala, hemen ere lan-kontraturik eta atsedenik gabe egunean 12 eta 15 orduko lanaldia bete arazten zien enpresariak soldata miserable baten truke. Are gehiago, herrian taberna hau ezaguna da egoera zaurgarrietan aurkitzen diren pertsonak kontratatzearren (etorkinak, egoera administratibo irregularrean daudenak…).

Argi ikus daiteke honakoa ez dela kasu isolatua, modus operandi argia baitago, hau da, sistematikoki egoera zaurgarrian aurkitzen diren langileetaz probesteko jokabide maltzur bat. Bada, Estatu espainiarreko atzerritartasunari buruzko lege arrazistak ahalbidetzen du egoera hori. Lege horren arabera, milaka langile gutxienez hiru urtez egon behar dira ezkutuko
ekonomian, beren egoera administratiboa erregularizatu arte.

Aipatutako esplotazio-ereduari lotuta arrazakeria, klasismoa, xantaia eta askotariko gehiegikeriak daude, egoera bortitzak eta baztertzaileak. Eta horien atzean, berriz, langileon miseriaren kontura aberasten diren ugazabak, patronal espekulatzailea. Ostalaritzako ehuneko handi bat ezkutuko ekonomian murgildurik dago, hitzarmenik gabe. Sinatu zen azken lan- hitzarmena 2010. urtean indargabetu zen eta, saiakerak egin diren arren, geroztik ez da berritu. Horrek, sektorea are gehiago prekarizatzen du, arduradun nagusia Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea izanik.

Bada, mezu argia zuzendu nahi diegu gisa horretako ostalariei: “Jakin parean izango gaituzuela, gaurkoan egin dugun bezalaxe, eta eskura dauzkagun tresna guztiak baliatuko ditugula zuei aurre egiteko. Ez dugu esplotatzailerik nahi gure herrietan, ez zarete ongi etorriak izango”. Hala, boikoterako deia luzatzeaz gain, “baldintza duinetan lan egiteko eskubidea langile guztiontzat izan dadin” borroka egingo du LABek.

Nafarroako Gizarteratze eta Laneratze Enpresen lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioa sustatu dugu

Gure ekimenari esker, gizarteratze eta laneratze enpresetako langileen ordezkari sindikalak eta sektoreko enpresaburuen ordezkariak heldu den otsailaren 9an batzartuko dira negoziazioak hasteko, Nafarroan mota horretako enpresetan lan egiten duten 500 pertsona ingururen lan baldintza duinagoak ezarriko dituen hitzarmen sektorial probintziala lortzeko.

Gizarteratze eta laneratze enpresak (GLE) zaurgarritasun egoeran dauden edo gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzen dituzten enpresak dira, eta haien helburua da pertsona horiek enpleguaren bidez gizarteratzea. Hori lortzeko, hainbat jarduera profesional garatzen dituzte: lorezaintza, ostalaritza, eraikinen eta lokalen garbiketa, eraikuntza, garbiketa zerbitzuak, etab.

Nafarroan mota horretako 18 enpresa daude, eta 500 pertsona inguru enplegatzen dituzte, teknikarien eta gizarteratze prozesuan dauden langileen artean. Azken horiek gehienez ere hiru urte kontratatuak egon daitezke goian aipaturiko helburua lortzeko.

Enpresa horiek abenduaren 27ko 340/2019 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira, eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izaten dute teknikarien eta lan munduan sartzeko prozesuan dauden pertsonen soldatak eta Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko.

Sektorea ez dago sobera sindikalizatua, enpresen lan araudia ez dago behar bezala garatua, laneratze prozesuan dauden langileei lanbidearteko gutxieneko soldata aplikatzen zaie modu orokorrean, eta abar. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela lan prekaritate hori konponbidean jartzea, Nafarroako gizarteratze eta laneratze enpresen lehenengo hitzarmen kolektibo sektoriala negoziatuz.

Horretarako, negoziazio prozesu hori sustatu dugu, eta sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuei (CCOO eta UGT) eta Nafarroako EINA patronalari deitu die otsailaren 9an negoziazioei ekiteko. LABek %55eko ordezkaritza du sektorean, eta bai CCOOk zein UGTk, %22koa.

Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu sektore horretan duen erantzukizuna bere gain har dezan eta negoziazio horrekin inplikatzeko eta konprometitzeko, gure gizartea justuagoa izan dadin eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonek eskubide guztiak izan ditzaten.

Ostalaritza eta Kolektibitateetako patronalen aurrean hemen negoziatzeko eskubidea defendatu dugu gaurko epaiketan

Kolektibitateko langileei beraien eremuan negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzeak lan baldintzen estatalizazioa eta kaskartzea dakartza.

Kolektibitateetako langileek beren lan baldintzak hemen negoziatzeko eskubidea defendatzeko bide guztiak erabiliko zituela esan zuen LABek, eta gaur, urtarrilak 31, horixe bera defendatu du epaitegietan. Edonola ere, sindikatuak oso argi du eztabaida hau, juridikoa baino, politikoa ere badela. Azken lan erreformek negoziazio kolektiboa estatalizatzeko apustu argia egin dute. Neurri horrek patronala saritzen du eta sindikatuon ordezkaritza desitxuratzen du, eta hor dago egoera honen gakoa. Bertan negoziatzeko dugun eskubidea dago jokoan. Bada, langile hauei eskubide hori egikaritzea oztopatzen zaien egun bakoitzeko, beren lan baldintzetan atzera egiten ari dira, kolektiboa zatitzen ari da eta geroz eta langile gehiago daude lan egoera desberdinetan, horietako asko estatuko hitzarmenen menpe daudelarik. “Aldi berean, sektore honetako lan baldintzen estatalizazio eta prekarizazio prozesua azkartzen ari da”, ziurtatu du LABeko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk, elkarretaratzean parte hartu baitu. Horrez gain, patronalen jarrera “salagarria” dela uste du: “EAEn negoziazio esparru bat ireki nahi ez izateko arrazoi bakarra da estatalizazioaren eta lan baldintzen uniformizazioaren alde egitea, langileen kaltetan betiere”.

Estrategia estatalizatzaile horren atzean patronala eroso dago, baina baita CCOO eta UGT bezalako sindikatuak ere, koordinatzaile nagusiaren arabera: “Gure lurraldean negoziazio kolektiborako berezko esparrua defendatzeko Lanbidearteko Akordio sinatzen dute, baina aldi berean, Madrilen, eremu txikiagoetan negoziatzea zailtzeko klausulak sartzen dituzte estatuko hitzarmenetan”. Estrategia honen aurrean herri bezala erantzun behar dugula uste dugu, eta horrela adierazi diegu azken asteetan egon garen alderdi ezberdinei: salatu dezatela patronalaren jarrera ukatzaile hau, ditugun eskuduntzak muturrera eman ditzagula gure lan baldintzak guk geuk arautzeko, eta oztopoen aurrean, bila ditzagula bide berriak herri bezala hemengo negoziazio kolektiboa babesteko.

Hori da gaurko epaiketan dugun helburua: hemengo negoziazio kolektiborako eskubidea, injerentziarik gabekoa, aitortzea. Lan Harremanetarako Euskal Esparrua aitortzea. Azken finean, Lanbidearteko Akordioari balio juridikoa ematea, gure eremuko hitzarmen kolektiboak lehenetsiz. “Madrilen inposaketa horrek ez du errespetatzen emakume hauen negoziazio kolektiborako eskubidea, ezta sektorean dagoen ordezkaritza sindikala ere. LABeko kideok urraketa horri aurre egiten jarraituko dugu ekintza sindikalaren, mobilizazioen, salaketa juridikoen eta interpelazio politikoaren bidez”, azaldu du Aranburuk.

Bizkaiko eraikuntza sektorean KPIaren gainetik egongo den soldata igoera ezartzeko premia azpimarratu dugu

Gaur Bizkaiko Eraikuntzako negoziazio-mahaia bildu da, 2023 eta 2024 urteko soldata-igoerak negoziatzeko. Gogoratu behar da 2020. urtean CCOOk eta UGTk lau urteko indarraldia zuen hitzarmen bat adostu zutela patronalarekin, baina aurtengo eta hurrengo urteetako soldata-igoera “airean” utzi zuten, orain negoziatzeko. Bada, patronala esku hutsik etorri da bilerara, eta akordiorik lortu ez denez, aurrerago berriro biltzea aurreikusten dugu.

LABek jokabide hori kritikatu zuen. Gure ustez, negoziazio kolektiboa edukirik gabe uztea da, baita sektoreko langileen baldintzak hobetzen jarraitzeko aukera bat galtzea ere.

Gaurkoan, mahaira eraman dugu sektorean KPIaren gaineko soldata-igoerak egiteko beharra. Sektoreak irabazi handiak dituela ikusten dugu, eta aberastasuna langileen artean ere banatu behar dela. Gainera, bi urteetan KPIaren gainetiko igoerak lantokietan falta diren langileak erakartzeko aukera bat izan daitezke; izan ere, kontu hori, denborarekin, arazo handi bat izan daiteke sektorearentzat.

Gaurko bilera akordiorik gabe amaitu da. Patronalak ez du proposamenik ekarri eta aurrerago beste bilera bat deitzeko asmoa azaldu digu, bertan adostasun bat lortzeko.

Bizkaiko metalaren negoziazioan jaurlaritzak egindako proposamena langile batzarrera eramango dugu

Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak proposamen bat aurkeztu du Bizkaiko metalaren bitartekaritzan, eta sindikatuek batzarretara eramango dute. LABek, CCOOk eta UGTk adierazi dugu proposamenak ez dakarrela atzerapausorik, eta jasotzen dituen aurrerapenak sektoreko langileen borrokari eta 11 greba-egunei esker lortu direla.

Honako puntu hauek jasotzen ditu aipatutako proposamenak:

– Hitzarmenaren indarraldia: 2022-2025.
– %15eko igoera, KPIak berrikusteko klausula.
– Telefono-lineen eta zuntz-optikoaren instalazio eta mantentze-lanetako beharginen subrogazioa.
Baimenak eta lizentziak lanegunetan hastea, eta horiek baliatzeari dagokionez, jurisprudentziak ezarritakoari jarraitzea.
– 28.000 eurora arteko hobekuntza istripuagatiko ezintasun eta heriotza aseguruetan.
– Jazarpen-protokoloetan LGTBI+ pertsonak sartzea.
– Norberak hartzeko 8 ordu, horietatik 4 berreskuraezinak.

Proposamen honek ez dakar atzerapausorik Bizkaiko metaleko langileen eskubideetan, eta aurrerapenak sektorean egindako borrokari eta 11 greba-egunei esker lortu dira.

Proposamen hau sindikatu bakoitzeko batzarretara eramango da erabakia hartzeko.