2026-01-19
Blog Page 293

Langile guztioi pentsio publiko duina bermatzea da gure lehentasuna, eta borroka horretan buru-belarri jarraitzen dugu

LABek ez du babesten Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeek azken urteetan izan duten bilakaera; pentsio sistemaren osagarri izateko bokaziotik urrundu eta langileen arteko arrakalak eragin izana kritikatzen du.

Asufin elkarteak eta Geroako kaltetuak plataformak azken egunetan LAB sindikatuari eginiko interpelazioaren aurrean, LABek gai honekiko duen posizioa berretsi nahi du, gaurdaino hartu eta publiko egin dituen erabakiak gogoratuz:

LABek urte hasieran Borondatezko Gizarte Aurreikuspen Erakundeetako (BGAE) zuzendaritzako organoetan parte hartzea eten zuen, organo horiek izan duten garapenarekiko balorazio kritikoaren ondorioz, hain zuzen ere.

Pentsioen gaiari dagokionean sindikatu hau beti egon den tokian dago: LABek argi du pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko, pentsio sistema publikoa indartzearen aldeko apustua egin behar dela, langile guztioi pentsio publiko duina bermatzea da gure lehentasunetako bat, eta borroka horretan buru-belarri gabiltza gainerako eragile sozial eta pentsiodunen elkarteekin batera. Pentsio sistema publiko horrek bertakoa, unibertsala eta elkartasunezkoa izan behar du, eta, hain zuzen ere, egungo BGAE sistemak helburu horretatik urruntzen gaitu honako arrazoiengatik:

• Ez dira elkartasunezkoak, norberak berea aurrezten du, hasiera batean izan zitzaketen elkartasun keinu ahulak erabat deuseztatu dituzte.

• Ez dira unibertsalak. Langile kopuru handi bat BGAE-en estalduratik kanpo geratzen da, sektore prekario eta feminizatuenak batik bat. Gainera, sektore desberdinak barnebiltzen dituen GEROA BGAE-n, ekarpen desberdinak egiten dira sektore edo enpresaren arabera, kasu horietan ere sektore prekario eta feminizatuak izanik ekarpen txikiena egiten dutenak. Ondorioz, pentsiodunen arteko arrakalak handitzen dira eta langileen arteko zatiketa bultzatu.

• Behin erretiratu ondoren, BGAE-en erreskatea kapital moduan egitea ahalbidetzeaz gain, legeak hobari fiskalak eskaintzen ditu kasu horietarako. Pentsio sistemaren osagarri izateko jatorrizko helburutik urruntzen gaitu horrek. Gainera, GEROAren kasuan, 2015ean kapital moduan kobratzea erraztu zuten, horretarako behar zen kapitala nabarmen jaitsiz. LAB izan zen neurria babestu ez zuen partaide bakarra. Kapitalizazioaren inguruko erabakiek, besteak beste, langileen artean zatiketa ekarriko zutela aurreikusi zitekeen, eta hala gertatu da.

Arrazoi horien guztien ondorioz, gaur egun BGAE-ak, aurrezki produktu gisa ulertzen dira, BGAE-ek pentsio sistemari egin beharko liekeen ekarpena albo batera utzita. Ikuspegi hori indartzearen arrazoi nagusia BGAE-k azken urteetan izan duten bilakaera da, LABek babestu ez duen bilakaera, hain zuzen ere.

Ondorioz, batetik BGAE-k pentsio sistemaren osagarri izateko duten bokaziotik urruntzen joan dira; bestetik, langileen arteko talka sortu du, aurrezki produktu gisa ulertzeko bide eman delako. Sortu den egoeraren aurrean eztabaidaren beharra ere proposatu izan dugu LABetik.

LAB ez da izan, ezta izango ere, kritikatzen duen ereduaren erantzukide. Pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, gutxieneko pentsioen alde, pentsio arrakalen aurka, pentsio sistema propio eta publiko baten defentsan indarrak bilduz.

Azaroaren 19an, pobretze prozesuaren aurka mobilizatuko gara Eskubide Sozialen Kartako eragileak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren oharra, gaurko nazio batzarraren harira:

Gaur, urriak 12, Gasteizen bilduta, ikasturteko plangintzaz aritu dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragile eta sindikatuak. Erabaki nagusien artean, azaroaren 19rako borroken konfluentzia ardatz izango duen mobilizazio eguna antolatzea dago; pobrezia prozesuaren aurkako dinamikaren baitan egingo dena.

Iaz “indartzen eta saretzen” barne prozesua egin zuen Kartak, bertan parte hartzen duten hamarnaka eragile eta euskal gehiengo sindikalak barnebiltzen dituen aliantza eremua egungo testuingurura egokitu eta antolakuntza formetan urrats berriak emateko. Norabide horretan plangintzak egiteko modu parte hartzaile eta irekia egiteko prozedura zehaztu eta hiriburuetako espazioak indartzeko konpromisoak hartu ziren.

Hala, indarberrituta heldu dira ikasturte honetako Asanblada Nazional Irekira. Bizitzaren garestitzea, zerbitzu publiko eta eskubide sozialen murrizketa, energia eta krisi klimatikoa, guda inperialistak, zaintza sistema eta burujabetza gabezien ondorioak izan dira, besteak beste, mintzagai gaurkoan.

Eragile desberdinen ekarpenak aintzat hartuta, gazte, emakume, pertsona arrazializatuei eta oro har, herritarroi modu desberdinetan eragiten pobretze prozesuari aurre egin eta eraldaketa sozial erradikalaren aldeko aktibazioa oinarri, dinamika mobilizatzailea antolatuko du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urria eta azaroa bitartean. Datozen egunetan iragarriko dituzte xehetasunak.

Asanbladan izan dira besteak beste Ernai, Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Piztu Donostia!, Gora Deustu! eta Gaurgeroa eragileak, eta baita LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuak, Etxalde baserritarren mugimendua edo Gune Ekosozialista ere. Azken hauen eskutik jasotako proposamena ere landu da Asanblada honetan, trantsizio ekosozialari loturiko herri mugimenduen topaketen aukera aztertuz.

Nafarroako bulegoen eta langelen sektoreko langileek hitzarmen justu bat eskatzen jarraituko dute

Bulego eta langelen hitzarmenaren negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatuok (LAB, CCOO, UGT, ELA eta LANKIDE) sektoreko mobilizazioekin jarraitzea adostu dugu.

Ekainaren 22ko grebaren arrakastaren ondoren, Nafarroako bulegoen eta langelen hitzarmenak ez du aurrerapausorik eman. Hortaz, negoziazio mahaiko sindikatuok mobilizazioekin jarraitzea erabaki dugu.

Urriaren 6an, negoziazio-mahaia bildu zen, sektoreko ordezkariek egindako kontzentrazioan hitzarmen justua eskatu ondoren.

Sindikatu guztiek jarrera bera dugu, funtsezko lau punturekin: KPIren soldata-igoera, ezein osagarririk xurgatu ezin duen igoera, lanaldi-murrizketa eta hitzarmen hau aplikatzeko lehentasuna, Estatuko balizko hitzarmen baten aurrean. Patronalak ohartarazi du ezin duela onartu sindikatuok proposatutakoa, eta urriaren 24ko bilerara deitu du.

Patronalaren egoskorkeriak bi urte daramatza Nafarroako sektoreko 3.000 langileei hitzarmen duin bat kentzen. Hori dela eta, sektorean ordezkaritza duten bost sindikatuak mobilizazioekin jarraitzeko prest gaude, eta mobilizazio horiek areagotu egingo dira hitzarmena sinatzea lortzen ez den bitartean. Lehenengo mobilizazioak urriaren 17tik 21era izango dira, lantokietako ateetan.

Amazonen historian lehen lanuzteak deitu ditugu urriaren 17rako, Trapagarango lan zentroan

Trapagarango Amazon logistika-zentroak 109 langile ditu, eta LAB da bertako sindikatu nagusia. Merkataritza elektronikoko erraldoiaren logistika-zentroko langileek lan-baldintzak hobetzeko eskatzen dute, ezin dute bizi duten egoera gehiago jasan eta nazkatuta daude. Datorren astelehenean, urriaren 17an, Jeff Bezosen Amazon enpresako Trapagarango lan-zentroan 4 ordutako lanuztea deitu du LABek, 5:30etik 9:30era, zentroko lehen hitzarmenaren negoziazioa eskatzeko.

Langileek euren baldintzak hobetzea eskatzen dute, gutxienez, eurentzat oso garrantzitsuak diren hiru gaitan:

KPIari lotutako soldata-igoerak. Amazonek gutxieneko lan-baldintzekin jarraitzen du Bizkaiko garraio- hitzarmen kolektiboan, ia hobekuntzarik eskaini gabe salgaiak errepidez garraiatzeko pentsatuta dagoen hitzarmen batean, baina ez hainbeste zentro logistikoetan. Amazonek langileek zentro logistiko gisa duten errealitatera egokitu behar du, KPIari lotutako soldata-taulak dituzten benetako lanbide- kategoriak jasotzen dituen hitzarmen baten bidez.

Larunbatetan eta igandeetan lana mugatzea. Langileak nazkatuta daude, gero eta asteburu gehiagotan lan egiten dutelako, eta, gainera, inolako pizgarririk gabe. Asteburu eta jaiegunetako lanordu kopurua mugatu nahi dute, eta ordu horiek saritu daitezen.

Banatzaileen subrogazio-eskubidea. Amazonen paketeak banatzeko azpikontratatutako enpresetako langileek izugarrizko prekaritatea jasaten dute. Jarduera garatzeko ezinbesteko zerbitzua izanik, ezegonkortasuna, egutegi falta, soldata baxuak eta, hori gutxi balitz, aplikatzen zaien estatu mailako mezularitza-hitzarmenak ez du subrogazioa bermatzen. Ezinbestekoa da subrogazioa jasotzea, banatzaileen negoziazio-ahalmena handitzeko. Ezin dugu inor atzean utzi.

Amazonek hazkunde-aurreikuspen oso nabarmenak ditu etorkizun hurbilerako, eta azken urteotan ere oso emaitza onak izan ditu. Gogoratu behar da konpainiak, Espainiako Estatuan, 692.044.000 euro fakturatu zituela 2021ean; eta 2020an, pandemia bete-betean, 566.392.000 eurotako fakturazioa izan zuela. Bi zerga-ekitaldietan, 3.562.000 euroko irabazi garbiak aitortu zituen. Etekin horiek langileen lanaren emaitza dira, eta enpresak langileen artean banatu behar du aberastasuna.

Urriaren 18tik aurrera, greba mugagabea egingo dute Nafarroako kirol-kudeaketako langileek

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok mobilizazioekin jarraitzen dugu Nafarroako kirol-kudeaketako sektoreari dagokionez, abuztuan bi eguneko greba egin ondoren, Kirol kudeaketako enpresen hitzarmen sektorialaren negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin. 2020ko abenduaren 31n amaitu zen hitzarmena.

Hitzarmen honen menpe daude 2.000 bat pertsonaren lan-baldintzak, gehienak soldata eta baldintza eskasak dituzten emakume eta gazteak. Patronalarekin duela zenbait hilabetetik ari gara negoziatzen, eta proposamen bat dago mahai gainean, baina ez da nahikoa.

Proposamen honen aurrean, sektorean ordezkaritza duten lau sindikatuok konpromiso hauek hartu ditugu: KPIaren igoera gutxienez bermatuko duen hitzarmena defendatzea, eta horren hobekuntzak sartzea, hala nola, lanaldia murriztea, soldaten estaldura hobetzea, bajak eta enplegu erreala eta eraginkorra hobetzeko sistema, kontratazioa…

Gure ustez, KPIa eskatzea ez da gehiegizko erreklamazioa soldata txikiko sektore batean. Horri uko egiteak sektorean lan egiten duten pertsonen pobretzea ahalbidetuko luke.

LAB, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok dei egiten diegu sektorean lan egiten dutenei bidezko eta arrazoizko hitzarmen baten alde borroka dezaten. Puntu honetara iritsita, eta 20 hilabete baino gehiago igaro ondoren hitzarmenik gabe, sektorearen mobilizazioa ezinbestekoa da berriro ere. Oraingoan, urriaren 18tik aurrera greba mugagabea egitea erabaki dugu.

Azkenik, grebak instalazio gehienetan eragingo du: titulartasun publikoa dutenetan, kasu. Beraz, udalek badute erantzukizuna. Erakundeek zerbitzu publikoen esparruaren prekaritatea desagerrarazten saiatu beharko lukete, eta horretarako ezinbestekoa da esleipen-irizpideak eskaintzarik merkeenari lehentasuna ez ematea, hori, betiere, enpleguaren eta haren baldintzen kalterako izaten baita.

Babesa adierazi diegu Onkologikoko erabiltzaileek, langileek eta hainbat eragile sozialek egindako adierazpenei eta urriaren 15erako deituriko manifestazio deialdiari

LABek bere egiten ditu, urteak atzera eginagatik, gaurkotasun berebizikoa duten ondoko aldarrikapenak. Batetik, lehentasunezkoa dela Onkologia zentroa izaera monografikoa duen zentro gisa definitu eta zerbitzuak indartzea eta ondorioz, ardura duten horiek, Osasun Sailak eta Jaurlaritzak alegia, eginahalak egin ditzatela horrela izan dadin. Bestetik, Onkologikoa bere osotasunean Osakidetzan integra dezala eskatzen diogu Osasun Sailari eta Jaurlaritzari, bertako langileak kontuan hartuz eta integrazioa modu adostuan gauzatuz.

Honenbestez eta bukatzeko, LAB sindikatutik dei egiten diogu langileriari eta herritarrei oro har, urriaren 15ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan Bulebarrean hasi eta San Telmo Museoan amaituko den mobilizazioan parte har dezaten eta Onkologikoko langile eta erabiltzaileak sustengatu ditzaten.

170 lanpostu daude bete gabe Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntzan

Gerentziaren datuen arabera, gaur egun bete gabeko 170 lanpostu daude Oinarrizko Osasun Laguntzan; hau da, 170 langileren gabezia dago. Kategoria eta osasun-zentro guztietako profesionalak falta dira. Horrek azaltzen du Osasun Departamentuaren benetako interesa kalitatezko arreta sustatzeko.

LABek askotan salatu izan du Oinarrizko Osasun Laguntzak eta bertako langileek pairatzen duten utzikeria: administrarien egoera, mediku eta erizainen eskasia… Departamentuak osasun-zentroetako arreta kudeatzeko duen ezintasunaren ondorio zuzena.

Gerentziak emandako datuen arabera, gaur egun 171 profesional daude kontratatu gabe Oinarrizko Osasun Laguntzan, eta kopuru hori guztiz onartezina da. Hona hemen datuak xeheki emanak:

  • Osasun arloen arabera, Iruñerrian eta Nafarroa iparraldean 126 profesionaleko desfasea dago, Tutera osasun eskualdean 24 falta dira, eta Lizarrakoan 20 baino gehiago.
  • Kategorien arabera, 40 mediku, ia 30 erizain, beste 30 administrari, 10 pediatra eta burutzetako 20 postu inguru daude bete gabe.

Osasun-zentroen arabera xehe aztertuta, honakoa da irudia:

  • Iruñeko osasun eskualdean (hirburua baino askoz ere zabalera handiagoa duena), osasun etxe bakoitzean 2 edo 3 profesional falta dira batez beste. Azkoien eta Izaban bosna lanpostu daude bete gabe, eta Aranguren, Donibane eta alde zaharrean, launa.
  • Tuterako osasun eskualdean kontratazio falta hiriburukoa baino handiagoa da. Nabarmentzekoak dira Tutera ekialde eta mendebaldeko osasun etxeak, Corellakoa eta Buñuelekoa , horietako bakoitzean bete gabeko lau lanpostu baitaude.
  • Lizarrako eskualdean, berriz, Lodosa eta San Adrian nabarmentzen dira, 4 eta 5 profesional falta baitituzte hurrenez hurren.

Datu horiek eskuan, gogorarazi nahi dugu osasun-zentroetan ia ez dela ordezkapenik izaten, eta, beraz, zentro horietan lan egiten duten profesionalak behartuta daudela beren txandak zabaltzera edo beste lankide batzuen kupoak euren gain hartzera. Hori guztia nahikoa ez, egoera horrek desberdintasunak eragiten ditu produktibitateak kobratzeari dagokionez.

Aurreko horri profesional berrien gabezia (psikologoak, gizarte langileak, odontologoak, fisioterapeutak…), lan-baldintza kaskarrak eta antolaketa txarra gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da nola ari diren bertan behera uzten osasun-arretaren oinarrizko eta funtsezko zutabea den hau.

Horregatik, LAB sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du egoera horri aurre egitea eta Oinarrizko Osasun Laguntzako plantillak egoki eta berehala dimentsionatzea. Horretarako, berrantolaketa-erabaki serioak hartu behar dira, eta estaldura zaileko eremuetan hobekuntzak ezarri. Era berean, guk funtsezkotzat jotzen dugu zentralizazioaren eta despopulazioaren aurkako borroka, eta, horretarako ezinbestekoa da, neurri handi batean, landa-inguruneetako osasun-zentroak behar bezala dimentsionatzea, inguruetako biztanleei behar duten zerbitzua eskaintzeko gai izan daitezen.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu. 

Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.

Osasun arloko mahai sektorialaren bilera utzi dugu sindikatuok

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:

Osasun Arloko Mahai Sektorialaren bileren edukia ikusita, esan dezakegu Osakidetzak dinamika zaharrekin jarraitzen duela; urte honetan zehar hilabete luzez foro hori uztera eraman gaituzten formekin eta edukiekin. Gaur, arrazoi berberengatik altxatu gara berriro Mahaitik. 

Osakidetzak uko egin dio negoziatzeari, bai eta sindikatuek behin eta berriro proposatu dizkioten eta langileen lan-baldintzetan eragin zuzena duten gaiei buruz hitz egiteari ere. Aitzitik, proposatutako gaietako batzuk era formalean barne hartzen baditu ere, bileran uko egin dio gai horiei buruzko negoziazioa irekitzeari, eta aitzakiak jarri ditu, hala nola dagoeneko itxita dauden gaiak direla edo ez duela gai horiei buruz erabakitzeko gaitasunik. Hori gertatzen da %4ko soldata-parekatzearekin (CVTTHko langileek 6 greba-egun baino gehiago egin dituzte dagoeneko arrazoi horregatik) edo PAC izenekoen (Zumarraga, Deustu edo San Martini) ordutegiak berriro irekitzearekin eta berreskuratzearekin.

Hori gutxi balitz, eta landu beharreko gaiak Osakidetzak inposatzen dituen arren, ez dago horiei buruzko negoziaziorik. Gaiak mahaira ekartzera mugatzen da, bere legezko betebeharra era formalean betetzeko helburu bakarrarekin, baina praktikan ez da inolako negoziaziorik egiten, eta, beraz, azkenean ia hasierako terminoetan behin betikotzat jotzen den proposamen itxia planteatzen da. Horrekin, sindikatuekin negoziazio bat dagoela ere simulatu nahi da, baina ez da hala. Osakidetzak Mahaia erabiltzen du propaganda tresna gisa.

Hala gertatu zen hilaren 29ko bileran, sindikatu bakar baten abalik ere izan ez zuen egonkortzeko LEParen oinarriekin. Eta hala gertatzen ari da garapen profesionalaren eredu berriarekin. Eredu horrek oso murrizketa garrantzitsua dakar langileentzat, eta Osakidetzak uko egiten dio negoziatzeari eta aldatzeari, sindikatuek behin eta berriro eskatu arren. 

Horri guztiari etengabeko opakotasuna gehitzen zaio. Gogorarazi dezagun dagoeneko salatu genuela egonkortzeko LEPan eskaini beharreko plazak zehazterakoan erabateko gardentasun-falta dagoela. Bada, gaur egun, Eskaintza EHAOn argitaratu ondoren, oraindik ez dakigu zein plaza eskainiko diren prozesu horretan. Nahiz eta, 20/21 Legearen testuarekin bat etorriz, eskaini beharreko plazen azken kopurua zehazteko, plaza bakoitzaren banakako azterketa egin behar den. Salatu dugunez, opakotasunaz gain, plazen guztizko kopurua (3.700) ez da nahikoa Osakidetzak aldi baterako 24.000 langile baino gehiago dituela kontuan hartzen badugu. 

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok benetako negoziazioa eskatzen diogu Osakidetzari, plantillaren lan-baldintzak hobetzeko, eta negoziaziorik eta edukirik ez dagoen bitartean, ez garela berriro Mahai Sektorialera joango ohartarazi nahi diogu.