2026-10-17
HomeEkintza SindikalaGobernuak benetako negoziazioa ahalbidetzen ez badu, mobilizazioekin jarraituko dugu Nafarroako hezkuntza publikoan

Gobernuak benetako negoziazioa ahalbidetzen ez badu, mobilizazioekin jarraituko dugu Nafarroako hezkuntza publikoan

Hezkuntza Departamentuak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren, irakasleen % 50ek baino gehiagok egin zuten greba, eta sindikatuok ohartarazi dugu mobilizazioen dinamikarekin jarraituko dugula Nafarroako Gobernuak edukia duen negoziazio-prozesu bat hasten ez badu.

Apirilaren 3an aurrera eramandako greba egunaren erabateko arrakasta azpimarratu nahi dugu sindikatu deitzaileok. Lan uzteak, bere horretan, irakasleen %50 baino gehiagoren jarraipena izan zuen, nahiz eta Hezkuntza Departametuak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan. Goizerako deituta zeuden mobilizazio guztiek babesa jaso zuten: Tafallan, Tuteran, Donezteben, Altsasun, Lizarran eta Iruñeko Departamentuaren aurrean.

Azken honi hainbat zentrotatik iritsitako zutabe jendetsuak batu zitzaizkion, eta horietako bakoitzak deialdi honetako aldarrikapen bat zeraman bertara: ratioen jaitsiera, lan-gainkarga, eros ahalmenaren berreskuratzea eta lanpostuen egonkortzea.

Arratsaldean Iruñean deitutako manifestazioak, Nafarroako hiriburuko bi ikastetxe historiko batzen zituenak (Plaza de la Cruz BHI eta San Francisco IP), herritarren babes zabala izan zuen. Agerian geratu zen jendarteak Nafarroako Gobernuari eskatzen diona; Hezkuntza Publikoan neurri zehatzak hartzea eta irakasleentzako lan-hobekuntzak negozia ditzala, eskaintzen den zerbitzu publikoaren onurarako.

Zoritxarrez, grebaren ondorioz Chivite presidenteak egindako adierazpenak gorabehera, oraindik ez dugu hurrengo ikasturtearen hasieran indarrean jar litezkeen neurri zehatzak negoziatzeko ahaleginik ikusten. Exekutiboak benetako borondaterik balu, 2023-2024 ikasturterako plantilletan aldaketak egiteko garaiz egongo litzateke, oraindik ez baitira konfiguratu, eta prozesua
maiatzaren erdialdera arte luzatu ohi delako. Gainera, kasu askotan, 2024rako aurrekontuan jasotako gastuan, partida batzuetan ez da planifikatutakoa agortzen. Beraz, Gobernuak Hezkuntzan euro bakar bat gehiago ez inbertitzeko erabakiarekin tematuta jarraitu arren, hobekuntzak negoziatzeko gutxieneko interes politikoren bat erakusteko aukera izango luke agintaldia amaitu baino lehen, xahutu ez den partidetako diru hori erabiliz.

Beraz, indar sindikalek gure mobilizazio-dinamikarekin jarraituko dugu, irakasleen aldarrikapenak jendarteari helarazten jarraitzeko. 100 ikastetxe baino gehiagoren atxikimenduen eta administrazioko beste edozein sektoretan lortzen ez diren greben jarraipen portzentajeen zilegitasuna daukagu horretarako. Antza denez, hemen, Gobernuak eta Departamentuak berak ere ez diote ematen hezkuntza publikoari jendarteak ematen dion garrantzia. Kalitatezko Hezkuntza Publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu, gure baliabide guztiekin.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko...

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak...