Gaur LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuok trafikoa eten dugu 20 minutuz FVEM patronalaren egoitza aurrean dagoen biribilgunean. Ekintza honekin, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatu nahi izan dugu.
Joan den astean egindako azken bileran, patronalak negoziazioan aurrera egiteko aukera galdu zuen berriro, edukietan atzerapausuak mantentzen eta sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen ez duen soldata proposamena ekartzen. Beste bilera bat dago deituta asteazken honetarako, urriak 19, eta zentzu honetan FVEMi gogorarazi nahi diogu 3 greba egun berriren atarian gaudela, eta, mahai gainean eduki nahikorik ez dagoen bitartean, gaurkoaren antzeko ekintzak egiten eta lantoki guztietan grebak prestatzen jarraituko dugula.
Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean agerraldia egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragile eta sindikatuok Donostian. “Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean mobilizazioak iragarri ditugu; azaroaren 19rako hiriburuetan egingo ditugun manifestazioak, tartean.
Egun bizi dugun egoera jasanezina dela salatu dugu, eta inflazioak gora eginda egiturazkoak ziren arazoak azkartzen ari direla adierazi. Horrela, langileon eta herri sektoreon diru sarrerak eta beharrezkoak ditugun zerbitzu publikoen murrizketei eta oro har langile klasearen pobretze prozesuaren areagotzeari aurre egiteko deialdia luzatu dugu.
“Udazken gogorra iragartzen digute, datorrena fenomeno meteorologikoa balitz bezala, baina ez, eliteen diru-gosea eta hori bermatzeko politikak dira herritarron egoera gogortzea dakartenak”, baieztatu dugu euskaraz eta erdaraz irakurritako agirian.
Gauzak horrela, urria eta azaroa bitarte mobilizazio dinamika abiatuko dugu, “Burujabetza eta eraldaketa sozialaren bidean, elkar saretu, indarrak batu, gure eragina biderkatu eta langile jendearen mesedetara dauden politikak egiteko exigentziarekin”.
Sei dira aldarrikapen taulan bildu ditugun puntu nagusiak. Langileon lana duintzeko 1.400 eurotako gutxieneko soldata eta 1.260 gutxieneko pentsioa, biak KPI errealari lotuz. Energia eskubidea eta trantsizio eskubiderako sektorearen publifikazioa zein produktu guztien kontrola aldarrikatzen dugu, baita trantsizioa demokratikoki planifikatzeko bideorria ere. Zerbitzu publikoen defentsa, aberastasunaren bidezko banaketarako zerga erreforma eta oinarrizko eskubide eta beharrizanak ziurtatzeko hainbat proposamen ere jaso ditugu; baita elikadura, etxebizitza, pertsona guztien erregularizazioa edota garraio publikoaren aldekoak ere. Bakea eta burujabetzaren aldarriak dira azken puntuak jasotzen ditugunak.
Dinamika mobilizatzaileak azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburutan egingo ditugun manifestazioetan izango du puntu gorena. 12:00etan Artiumetik aterako da Gasteizen, eta 17:30ean izango dira Iruñea (Baluartetik), Donostia (Bulebarretik) eta Bilbokoa (Jesusen Bihotzetik). Mobilizazio horiek beste mugimendu eta borrokekin batera konfluentzia manifestazioak izatea nahi dugu.
Lehenago, zerbitzu publikoen defentsan propaganda banaketa egingo dugu ostegun honetan, eta, urriaren 26an, energiari buruzko hitzaldia Gasteizen. Elikadura burujabetza ardatz, bertako eta osasuntsuak diren produktuekin azoka gardenak antolatuko ditugu Bilbon eta Iruñean urriaren 27rako, eta, azaroaren 3an, Etxebizitza eskubidea eta turistifikazioaren aurkako ekimena egingo dugu Donostian. Mobilizazio bira deitu duguna azaroaren 10ean amaituko da Bilbon eta Iruñean, diru sarrera duinen aldeko mobilizazio banarekin.
“Lan eta bizitza duinak bermatu eta merkatuan esku hartzeko garaia da. Udazken honetan, herri honetan inor atzean ez gelditzeko borroka egiteko prest gaude eta langile eta herritar orori deialdi hauekin bat egitera dei egiten diogu” izan dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean hitza hartu duten Bilgune Feminista eta Duintasuna- Gaurgeroako taldeetako kideen azken hitzak.
LABek Oñatiko AUTLAN EMD enpresan abiatutako lan osasunaren aldeko borrokaren ondorioz, Eibarko epaitegiak ebatzi du enpresak prebentzio neurriak bete ez dituela. Hori da LABek urteetan salatu duena, eta urriaren 14ko epaiak arrazoia eman digu honekin. Bi langileri beraien kontratuen iraungitzea onartu zaie, eta kalte ordainak bere gain hartu beharko ditu enpresak.
Irailaren 27ko prentsa oharrean azaldu genuen bezala, badira urte asko bai sindikalki baita lan agintaritzako eragileen bitartez LAB AUTLAN EMDKO egoera salatzen ari dela. Hamaika izan dira lan ikuskaritzarekin, Osalanekin edo prebentzio zerbitzuekin izandako hartu emanak. 2017an arazoaren berri izan genuenetik gaur egun arte enpresaren eta bere prebentzio zerbitzuen utzikeria nabarmena izan da: 2018an lan ikuskaritzak enpresa berehalako neurriak betetzera behartu zuen, eta horren ondorioz, Norbere Babeserako Ekipamendu (NBE) batzuk ezarri zituzten. Dena dela, 2021ean NBEak oraindik ez ziren erabiltzen kutsatutako zonalde guztietan, enpresak esaten zuelako zonalde horiek ez zeudela kutsatuta laino azidoekin. 2022an, 5 langileri lan gaixotasuna aitortu zitzaien.
Orain, epaiarekin, frogatutzat eman da langileak azido sulfurikoaren kontaktua izan dutela, onartuta dagoen maila baino 38 aldiz gehiago lanpostu batzuen kasuan, eta enpresak ez zituela ez prebentzio neurriak bete ezta babes neurriak hartu arazoaren aurrean. Gainera, segurtasun eta osasun laboralaren inguruko erabakiak baliagarria den teknologia baliatuz hartu behar direla aipatzen du, irizpide ekonomikoak alde batera utziz.
LABen defendatzen dugun bezala, prebentzioa eskubide bat da. Edozein babes neurri betetzea enpresaren esku dagoela babesten du sententziak. AUTLAN EMDren kasuan gaixotu diren langileen lanpostuen egokitzapena edo enpresa uzteko pizgarriak exijitzen jarraituko dugu, baita lanean geratzen direnen langileen osasuna babestea ere.
Gehiengo sindikalarekin batera elkarretaratzea egin dugu gaur garraiolari baten lan-istripua salatzeko. Joan den astean, garraiolari bat hil zen arrazoi ez traumatikoengatik, Araian (Araba). “Lan-istripu gehiagorik ez, prekaritateak hil egiten du” leloarekin, kontzentrazioa egin dugu Gasteiz erdigunean, Posta kaleko 9. zenbakian, Arabako enpresen SEA elkartearen egoitzatik hurbil, garraiolariaren heriotza salatzeko. Aurten, gutxienez 62 dira Euskal Herrian hildako langileak, eta horietatik 9, garraiolariak.
Mobilizazioan gogor salatu dugu Administrazioa garraiolarien lan-istripuen estatistikak murrizten saiatzen dela, behin eta berriz, gertaerak heriotza natural edo errepideko ezbehar gisa hartuta. Horrelako ezbeharrak eta lan-istripu gehienak, zalantzarik gabe, lan-baldintza kaskarren ondorio dira.
Azken finean, gero eta estuagoa da garraiolariaren lana, bizimodua aurrera ateratzeko sektorean diren zailtasunen, azpikontratazioen, lan jardunaldi luze eta estuen edota enpresek eragindako presa eta presioen ondorio dira gertaera hauek. Estresak arazo kardiobaskularrak sortzen ditu eta, beraz, horrelako gaitzek garraiolariengan duen eragin handia, kontuan izan beharko litzateke osasun-politiketan eta laneko prebentzioan.
Zerbitzu publikoetako lan baldintza duinak euskal administrazioetan eta enpresa publikoetan negoziatzea aldarrikatzeko LABeko ordezkariak mobilizatzen hasi dira dagoeneko. Nafarroako Gobernuaren aurrean Iruñean, Gasteizko Udala dagoen plazan, Gipuzkoako Aldundiaren aurrean Donostian eta Eusko Jaurlaritzaren ateetan Bilbon, elkarretaratze banarekin mobilizazio dinamika abiatu dugu. Murrizketarik gabe, soldata eta enplegu duinak aldarrikatu, eta eremu guztietako euskal administrazioei inposiziorik gabeko negoziazio prozesuak has ditzaten exijitu diegu: «Enplegu publiko duina, eros-ahalmena bermatu, hemen erabaki» lemarekin.
1. Enplegu duina sortzeko eta egonkortzeko aukerak badaude administrazioetan
Egungo behin-behinekotasun eta erretiro tasak eta pribatizazio mailak altuak egonda, administrazioek enplegua suntsitzen jarraitzen dute. Ez du balio errua Madrilgo aurrekontuen birjartze tasen aginduei leporatzea. Izan ere egonkortasun prozesuekin behin-behinekotasun maila %8tik oso urrun geldituko da, eta Europaren agindua urratuko dute.
Aurre-erretiro sariak kenduz belaunaldi aldaketak eta enplegua sortzea ere eragozten dute.
Pribatizazioak eta azpikontratazioak mantenduz eta handituz prekaritatea da bultzatzen dutena. Gobernuek, aldundiek eta udalek zaintza lanpostuak publifikatzeko eta duintzeko aukera daukate, baina borondaterik ez. Borondaterik eduki ezkero 2010 baino lehenagoko egoerara itzultzeko aukera izango genuke, non enplegua eta lan baldintzak Euskal Herrian adosteko aukera izango genukeen berriro.
2. Soldata murrizketei aurre egiteko ere borondaterik ez dago
2010ean Madrilek inposatu zuen %5aren murrizketaren ondoren erosahalmena murrizten jarraitu dute administrazioek. Salbuespenak salbuespen, administrazioak gustora daude Madrilek agindutakoa betetzen, eta oso azkar eta tinko atera dira Iruñeko eta Gasteizko lehendakariak murrizketa hauek leialtasunez beteko dituztela baieztatzera. Borondaterik egonez gero formulak bila daitezke langileekiko duten zorra onartzeko eta kitatzen joateko, hainbat udaletan dagoeneko egin den bezala.
3. Bertan negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea oinarrizkoa da
Esan bezala, udal batzuk kenduta, euskal administrazioek ez daukate langile publikoen lan baldintzak negoziatzeko inolako gogorik, eta erabakiak Madrilen hartzearekin eta inposatzearekin eroso daude. LABen iritziz arduragabekeria hori letala da. Negoziazio kolektiboa langileon oinarrizko eskubide bat da, eta halako ukazioak onartzea, zorioneko autogobernuak urratzeaz gain Euskal Herriko zerbitzu publikoak bere errealitatea egokitzeko aukerari ere muzin egiten dio.
LABeko zerbitzu publikoetako delegatuok mobilizatzen hasi gara dagoeneko, eta administrazioen borondatea aldarazteko ezinbestekoa den langileen borrokak sustatzen jarraituko dugu datozen asteetan. Era berean, alderdiak ere interpelatzen ditugu Madrilen duten ordezkaritza Euskal Herrian bertan negoziatzeko dugun eskubidea defendatzeko erabili dezaten. Horretarako, oso garrantzitsua izango da langile publiko guztiak aktibatzea.
Donostiako Amarako eta Bilboko Zazpikaleetako geltokietan elkarretaratzeak egin ditugu gaur, euskal hiztunok Euskotrenen bizi dugun subordinazio egoera salatu eta egunerokotasunean pairatzen ditugun hizkuntz eskubideen urraketak ezagutzera emateaz gain, egoera hau irauli eta euskararen aldeko neurriak aplikatzen hasteko deia helarazi diogu zuzendaritzari.
Azken urte hauetan Euskotreneko zuzendaritza euskararen erabileraren aldeko erabakiak alde batera uzteagatik nabarmendu dela esan dezakegu. Nola liteke bestela, egun indarrean dagoen 2015-2017 Euskara Planak jasotzen dituen neurriei inolako segimendurik ez egitea edota 2019ko ekainean diseinatzeari ekin genion 2020-2023 Euskara Plana izan behar zuena bahitua izatea?
Egoera hau iraultzeko neurriak hartu beharrean, euskararen presentzia murriztu eta euskal hiztunon eskubideak urratzen dituen bidea abandonatzeko intentziorik ez duela erakutsi digu beste behin ere Euskotreneko zuzendaritzak. Horren adibide garbia da Euskotreneko langileen behin-behinekotasuna leuntzea helburu duen egin diren barne-deialdietako froga psiko-teknikoetan gertatutakoa. Azterketa hauetan parte hartzeko izen-ematea eta azterketako galdera zein erantzunak ere gazteleraz egitera behartuak izateaz gain, hautagaion etorkizuna baldintzatuko duen froga kanporatzaile hauetako ia galderen erdiak idiomatikoak izan dira, gaztelaniazko hitzekin zerikusia duten esanahiekin eta hauen ortografiarekin zerikusia dutenak.
Ezagutza, erabilera eta transmisioa dira edozein hizkuntzaren biziraupenerako giltzarriak eta Euskotreneko komunitate honetan, hainbat izaten ari dira gure hizkuntz subordinatua, minorizatua izaten jarraitzeko gure agintariek hartzen dituzten era honetako erabakiak. Erabaki garrantzitsu gehienak erdara giroan hartzen diren enpresa honetan, euskarazko hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeaz gain, laneko hartuemanak euskaraz eta berme guztiekin sortzeko unea iritsi dela deritzogu! Ezagutza gabe ezin da erabili, baina erabilpenik gabe ezagutza ere galdu egiten da. Hori dela eta, gure hizkuntza erdigunera ekarri eta biziberritzeko lanari behingoz ekiteko ordua iritsi da!
Gaur goizean “Euskal Eskola Publikoaren alde. Hezkuntza Lege honi ez” lelopean Harro plataformak deitutako manifestazioarekin bat egiten du LABek. Hezkuntzako eta hezkuntzaz gaindiko langileei bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez ditu aintzat hartzen eskola publikoaren beharrak. Hamarkadetan zehar utzikeria handiz jokatu du Eusko Jaurlaritzak, eta bada garaia eskola publikoari zor zaiona emateko, bada garaia eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko.
Ekintza sindikalari esker, batetik, eskola publikoetan irakasle gehiago kontratatzea lortu genuen pasa den ikasturtean eta bestetik, arriskuan egon den Haurreskolak Partzuergoko langile guztiak mantentzea lortu dugu. Orain premiazkoa da eskola publikoetako azpiegituretan eta bestelako baliabideetan inbertsio handi bat egitea, langileen egonkortze prozesua bururaino eramatea eta Haurreskolak Partzuergoan 0-3 eskaintza publiko, doakoa eta unibertsala bermatzea, berau hedatuz. Horrekin batera, ikastetxeei euren hezkuntza egitasmoa aurrera ateratzeko baliabide eta eskumen gehiago eman behar dira.
Ildo honetan, urtea amaitu aurretik eskola publikoaren garapenerako plan estrategikoa garatzea exijitzen du LABek, eta datorren urterako aurrekontu proiektuan bertan inbertsio handiagoa jasotzea.
Itundutako eremuari dagokionez, itundutako ikastetxe guztien finantziazioa handitzen ari da, zernahi dela ikastetxe bakoitzaren egitasmoa. Lege zirriborroan ez dira itunpeko ikastetxeek bete beharreko baldintzak (doakotasuna, euskalduntzea, inklusioa, hezkidetza eta laikotasuna) eta horiek betearazteko kontrol- mekanismoak zehazten, ez eta betebeharrak betetzen ez dituztenei zein neurri ezarriko zaizkien.
Euskal Hezkuntza Zerbitzua sortzea -bertako parte diren ikastetxeei eskubide berdinak emanez eta betebehar berberak eskatuz-, eta ikastetxeei eskumen gehiago ematea, urrats bat izan liteke Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren norabidean, hau da, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizaturako bidean, baldin eta trantsizio gisa ulertzen bada, eta ez amaierako eskenatoki gisa. Aldiz, legearen zirriborroa aztertuta, argi ikusten dugu EAJk ez duela inolako asmorik horrelako trantsizio bat ahalbidetzeko, hots, hezkuntza sistema duala betikotu nahian dabilela, zerbitzu publikoen gainean duen ikuspegi neoliberalean oinarrituta. Ildo horretan, Hezkuntza Akordioan azaltzen ez zen “Publiko” abizena jarri dio Hezkuntza Zerbitzu horri.
LABen iritziz, eredu berri baterako trantsizioa egiteko tresna izan beharko luke Hezkuntza Legeak: hezkuntza eskumen mugatuetatik, hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik, euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze sistemara; bi saretan oinarritutako hezkuntza eredu dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berri batera.
Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege zirriborroak ez du halakorik aurreikusten. Arrazoi honengatik, LABek eskola publikoaren alde mobilizaziorako deia egiten die hezkuntza nahiz hezkuntzaz gaindiko langileei, besteak beste azaroaren 5eko manifestazioan parte hartuz.
LAB, CCOO eta UGT sindikatuok ez nahikotzat jo dugu FVEM patronalak aurkeztutako proposamen berria, gaur egindako Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailean. Hortaz, urriaren 27 eta 28rako eta azaroaren 2rako deitutako grebak berretsi ditugu, hitzarmen duin baten defentsan, eta sektoreko langileen aktibazioarekin jarraituko dugu.
Soldata-igoeretarako planteatutako formulari dagokionez, langileen erosteko ahalmena bermatu gabe jarraitzen du patronalak bere proposamen berriarekin, eta alderdi atzerakoiei eusten die, hala nola, malgutasun-orduak handitzeari, gutxieneko bermea murrizteari edo aldi baterako ezintasun-osagarria baldintzatzeari.
Sindikatuok plataforman mugimendu bat egiteko prestutasuna erakutsi dugu, baldin eta patronlak alderdi atzerakoiak kentzen baditu eta pertsonen erosteko ahalmena bermatuko duen proposamen bat egiten badu.
Gaur, 160 delegatu sindikal batu dira Bilbon, LABek, ELAk eta Euskalgintzaren Kontseiluak eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko antolatuko duten dinamikaren aurkezpenean. Bertan, hiru eragileok adierazi dugu langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea. Horretarako, sindikatuok batera joko dugu enpresaz enpresa Euskaraldiarekin bat egin eta Arigune gisa parte har dezaten bultzatzeko, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu ditzaten ere.
2020ko azaroan, LAB eta ELA sindikatuok eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko beste dinamika bat aurkeztu genuen, 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz.
Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeak, ordea, egiturazko neurriak hartzea eskatzen du, bai administrazioaren aldetik, bai eta enpresen aldetik ere. Bide horretan, 2021ean zehar, hiru eragileok bilerak izan genituen Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara-plana negoziatu behar izatea lanbidearteko akordioan jasotzea. Confebask eta CEN patronalekin biltzeko saiaketa ere egin genuen, baina lantokietan euskara-planak adosteari uko egin zioten. Akordiorik lortu ez bazen ere, ekintza-sindikalaren bidez bide horretan jauzi bat bultzatzeko ekimen berri bat antolatzen aritu gara hiru eragileak azken hilabeteetan.
Ostegun honetan, LABek eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetako delegatuak bildu ditugu Bilbon, Kontseiluarekin batera, “Euskaraz lan egitea, eskubide kontua” lelopean lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkezteko.
Ekimen hau abian jartzearen bi arrazoi nagusiak azaldu ditugu hiru eragileok. Alde batetik, langileen ikuspegitik, lan eta bizitza duinaren eta dagozkien eskubideen aldeko borrokan oinarritzen delako ekintza sindikala. Eta hiruok borroka horretan ulertzen dugu hizkuntza-eskubideen aldeko borroka ere. Hain zuzen ere, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubideen aldeko borroka gisa. Finean, langileek ere hizkuntza-eskubideak dituztelako.
Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa delako. Bai langile gisa, baina bai eta produktu eta zerbitzuen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere. Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur-gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Ondorioz, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.
Arrazoi horiek medio, kanpaina aurtengo azaroaren 18tik abenduaren 2ra hamabost egunez luzatuko den Euskaraldiaren testuinguruan garatzea erabaki dugu LABek, ELAk eta Kontseiluak. Euskararen aldeko herri-gogo eta herri-bultzada sendoa agertuko diren garaian, hain zuzen ere.
Izan ere, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea izanik, Ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da. Ondorioz, testuinguru aproposa eskaintzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko beharra eta hartu beharreko konpromisoak mahai gaineratzeko. Horregatik, LABek eta ELAk 50 langiletik gorako enpresetan ditugun delegatuen bidez, langileen artean konpromiso-proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiegu, euren inplikazioa eskatuz. Halaber, sindikatuok konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dugu.
Horri begira, dinamika hau bultzatzen dugun hiru eragileon artean ondorengo konpromisoak proposatuko dira: enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara-planak abiatzea, edota aldeen artean adostu litezkeen bestelako neurriak.
Azkenik, dinamika amaitutzat emateko, lankidetzan jardundako hiru eragileon arteko balorazio bateratuta aurkeztuko da.