LABek bere egiten ditu, urteak atzera eginagatik, gaurkotasun berebizikoa duten ondoko aldarrikapenak. Batetik, lehentasunezkoa dela Onkologia zentroa izaera monografikoa duen zentro gisa definitu eta zerbitzuak indartzea eta ondorioz, ardura duten horiek, Osasun Sailak eta Jaurlaritzak alegia, eginahalak egin ditzatela horrela izan dadin. Bestetik, Onkologikoa bere osotasunean Osakidetzan integra dezala eskatzen diogu Osasun Sailari eta Jaurlaritzari, bertako langileak kontuan hartuz eta integrazioa modu adostuan gauzatuz.
Honenbestez eta bukatzeko, LAB sindikatutik dei egiten diogu langileriari eta herritarrei oro har, urriaren 15ean, larunbata, eguerdiko 12:00etan Bulebarrean hasi eta San Telmo Museoan amaituko den mobilizazioan parte har dezaten eta Onkologikoko langile eta erabiltzaileak sustengatu ditzaten.
Gerentziaren datuen arabera, gaur egun bete gabeko 170 lanpostu daude Oinarrizko Osasun Laguntzan; hau da, 170 langileren gabezia dago. Kategoria eta osasun-zentro guztietako profesionalak falta dira. Horrek azaltzen du Osasun Departamentuaren benetako interesa kalitatezko arreta sustatzeko.
LABek askotan salatu izan du Oinarrizko Osasun Laguntzak eta bertako langileek pairatzen duten utzikeria: administrarien egoera, mediku eta erizainen eskasia… Departamentuak osasun-zentroetako arreta kudeatzeko duen ezintasunaren ondorio zuzena.
Gerentziak emandako datuen arabera, gaur egun 171 profesional daude kontratatu gabe Oinarrizko Osasun Laguntzan, eta kopuru hori guztiz onartezina da. Hona hemen datuak xeheki emanak:
Osasun arloen arabera, Iruñerrian eta Nafarroa iparraldean 126 profesionaleko desfasea dago, Tutera osasun eskualdean 24 falta dira, eta Lizarrakoan 20 baino gehiago.
Kategorien arabera, 40 mediku, ia 30 erizain, beste 30 administrari, 10 pediatra eta burutzetako 20 postu inguru daude bete gabe.
Osasun-zentroen arabera xehe aztertuta, honakoa da irudia:
Iruñeko osasun eskualdean (hirburua baino askoz ere zabalera handiagoa duena), osasun etxe bakoitzean 2 edo 3 profesional falta dira batez beste. Azkoien eta Izaban bosna lanpostu daude bete gabe, eta Aranguren, Donibane eta alde zaharrean, launa.
Tuterako osasun eskualdean kontratazio falta hiriburukoa baino handiagoa da. Nabarmentzekoak dira Tutera ekialde eta mendebaldeko osasun etxeak, Corellakoa eta Buñuelekoa , horietako bakoitzean bete gabeko lau lanpostu baitaude.
Lizarrako eskualdean, berriz, Lodosa eta San Adrian nabarmentzen dira, 4 eta 5 profesional falta baitituzte hurrenez hurren.
Datu horiek eskuan, gogorarazi nahi dugu osasun-zentroetan ia ez dela ordezkapenik izaten, eta, beraz, zentro horietan lan egiten duten profesionalak behartuta daudela beren txandak zabaltzera edo beste lankide batzuen kupoak euren gain hartzera. Hori guztia nahikoa ez, egoera horrek desberdintasunak eragiten ditu produktibitateak kobratzeari dagokionez.
Aurreko horri profesional berrien gabezia (psikologoak, gizarte langileak, odontologoak, fisioterapeutak…), lan-baldintza kaskarrak eta antolaketa txarra gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da nola ari diren bertan behera uzten osasun-arretaren oinarrizko eta funtsezko zutabea den hau.
Horregatik, LAB sindikatuak ezinbestekotzat jotzen du egoera horri aurre egitea eta Oinarrizko Osasun Laguntzako plantillak egoki eta berehala dimentsionatzea. Horretarako, berrantolaketa-erabaki serioak hartu behar dira, eta estaldura zaileko eremuetan hobekuntzak ezarri. Era berean, guk funtsezkotzat jotzen dugu zentralizazioaren eta despopulazioaren aurkako borroka, eta, horretarako ezinbestekoa da, neurri handi batean, landa-inguruneetako osasun-zentroak behar bezala dimentsionatzea, inguruetako biztanleei behar duten zerbitzua eskaintzeko gai izan daitezen.
LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren” ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu.
Espainiak Amerikako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuon oharra:
Osasun Arloko Mahai Sektorialaren bileren edukia ikusita, esan dezakegu Osakidetzak dinamika zaharrekin jarraitzen duela; urte honetan zehar hilabete luzez foro hori uztera eraman gaituzten formekin eta edukiekin. Gaur, arrazoi berberengatik altxatu gara berriro Mahaitik.
Osakidetzak uko egin dio negoziatzeari, bai eta sindikatuek behin eta berriro proposatu dizkioten eta langileen lan-baldintzetan eragin zuzena duten gaiei buruz hitz egiteari ere. Aitzitik, proposatutako gaietako batzuk era formalean barne hartzen baditu ere, bileran uko egin dio gai horiei buruzko negoziazioa irekitzeari, eta aitzakiak jarri ditu, hala nola dagoeneko itxita dauden gaiak direla edo ez duela gai horiei buruz erabakitzeko gaitasunik. Hori gertatzen da %4ko soldata-parekatzearekin (CVTTHko langileek 6 greba-egun baino gehiago egin dituzte dagoeneko arrazoi horregatik) edo PAC izenekoen (Zumarraga, Deustu edo San Martini) ordutegiak berriro irekitzearekin eta berreskuratzearekin.
Hori gutxi balitz, eta landu beharreko gaiak Osakidetzak inposatzen dituen arren, ez dago horiei buruzko negoziaziorik. Gaiak mahaira ekartzera mugatzen da, bere legezko betebeharra era formalean betetzeko helburu bakarrarekin, baina praktikan ez da inolako negoziaziorik egiten, eta, beraz, azkenean ia hasierako terminoetan behin betikotzat jotzen den proposamen itxia planteatzen da. Horrekin, sindikatuekin negoziazio bat dagoela ere simulatu nahi da, baina ez da hala. Osakidetzak Mahaia erabiltzen du propaganda tresna gisa.
Hala gertatu zen hilaren 29ko bileran, sindikatu bakar baten abalik ere izan ez zuen egonkortzeko LEParen oinarriekin. Eta hala gertatzen ari da garapen profesionalaren eredu berriarekin. Eredu horrek oso murrizketa garrantzitsua dakar langileentzat, eta Osakidetzak uko egiten dio negoziatzeari eta aldatzeari, sindikatuek behin eta berriro eskatu arren.
Horri guztiari etengabeko opakotasuna gehitzen zaio. Gogorarazi dezagun dagoeneko salatu genuela egonkortzeko LEPan eskaini beharreko plazak zehazterakoan erabateko gardentasun-falta dagoela. Bada, gaur egun, Eskaintza EHAOn argitaratu ondoren, oraindik ez dakigu zein plaza eskainiko diren prozesu horretan. Nahiz eta, 20/21 Legearen testuarekin bat etorriz, eskaini beharreko plazen azken kopurua zehazteko, plaza bakoitzaren banakako azterketa egin behar den. Salatu dugunez, opakotasunaz gain, plazen guztizko kopurua (3.700) ez da nahikoa Osakidetzak aldi baterako 24.000 langile baino gehiago dituela kontuan hartzen badugu.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok benetako negoziazioa eskatzen diogu Osakidetzari, plantillaren lan-baldintzak hobetzeko, eta negoziaziorik eta edukirik ez dagoen bitartean, ez garela berriro Mahai Sektorialera joango ohartarazi nahi diogu.
Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntza arloko hainbat eragilek eta zenbait sindikatuk, LABek barne, agerraldia egin dugu EAEko Hezkuntza Legeari egindako osoko ekarpena aurkezteko; euskararen inguruanjaso beharreko artikuluen proposamen integrala, hain zuzen ere.
Irailean, Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-lege aurreproiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen, eta datozen egunetan bukatuko da ekarpenak egiteko epea, behin betiko aurreproiektua Legebiltzarrera bidali aurretik. Honen harira etorri da gaurko agerraldia.
Ikasle guztiek euskara ezagutzeko eskubidea dutela nabarmendu dugu, eta aipatutako legeak eskubide hori bermatu behar duela. Orain arte, datu guztiek erakutsi duten bezala, euskarazko eredua izan da helburu hori lortzeko eredurik arrakastatsuena. Horregatik diogu, Legeak euskarazko eredu orokortu eta inklusibo berri bat jaso beharko lukeela, benetan nahi bada belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea, justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren bidean.
Sindikatuko ehundaka delegatuekin izan gara hilabete honetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, hauteskunde sindikalen epealdi trinkoan murgildu garen honetan, eta Ipar Euskal Herrian ekimen ibiltari bat gauzatu dugu, langileen kezkak bertatik bertara ezagutzeko. Bada, Iruñean antolatu dugu hiriburuetan egindako lau ekitaldietatik azkena, Labrit pilotalekuan, eta, bertan, borrokak merezi duela nabarmendu dugu berriro ere. Emaitzak begibistakoak dira. LABek 171 langile borroketan parte hartu du azken lanurtean eta uztailetik hona 8 herrialdeko hitzarmen desblokeatzea lortu du, azkena Arabako metalgintzakoa, borroka historiko baten emaitza historikoa.
Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak eta Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak hartu dute hitza Iruñean, besteak beste, eta LABek ordezkatzen duen euskal sindikalismo berria inoiz baino indartsuago dagoela adierazi dute. Hain zuzen ere, adierazi dute hauteskunde sindikalak bereziak direla, ahalduntze ariketa bat direlako. Eta ahalduntze prozesu txikien bidez garatu ohi da sindikalismoa. Horrelako urratsen bidez, langileok historiaren protagonista bilakatu gara; eskubideak eskuratuz, aldaketak eraginez.
Honela gauzak, LABek aldaketaren protagonista izatea eskaini nahi die euskal langileei, hauteskunde sindikalen zein eguneroko borrokaren bitartez. Hala, antolakuntza eta borroka kolektiborako deia egin dugu sindikatutik. Izan ere, zenbat eta sendoagoa izan LAB, orduan eta indartsuagoa izango baita euskal langile klasea. “Aldaketa sakonak bultzatzen dituen sindikatua gara”, berretsi dugu Labriteko ekitaldian.
LAB, ELA eta CCOO sindikatuok gaur 9:00etatik 13:30era deitu dugun lanuztea arrakastatsua izan da, eta plantillek berretsi egin dute borrokan jarraitzeko borondatea, KPIa eta urtean 1.592 orduko lanaldia bermatuko duen hitzarmen duinaren alde.
Lanuztearekin batera, TAO eta Garabietako langileek egindako batzarrean, greba formatuko mobilizazioekin jarraitzearen alde bozkatzea erabaki dute, negoziazio mahaia desblokeatzeko. Greba horiek urriaren 28tik 30era eta azaroaren 4tik 6ra hasiko dira.
Ez da ahaztu behar negoziazio mahaia hamar aldiz baino gehiagotan bildu dela urte eta erdiz, aurrerapenik lortu gabe. Era berean, tartean dauden erakundeen erantzuna isiltasuna izan da, eta gatazka langileen eta enplegatzaileen artekora mugatu nahi izan dute.
TAO zerbitzua diru iturri handia da Gipuzkoako Udalentzat, onuradun nagusia Donostiako Udala izanik, 8 milioi euro inguruko diru sarrerekin; 3 milioi Udalarentzat dira eta 5 miloi zerbitzua ematen duen enpresarentzat.
Horregatik guztiagatik, langileen ordezkariek berriro eskatu diete ugazabei eta gatazkan parte hartzen duten gainerako eragileei langileen eskaerak beteko dituen adostasunak lortzeko bideak irekitzea.
Beste langile bat hil da, Sarrigurenen oraingoan, bertako okidengi batean. Hilda aurkitu zuten atzo arratsaldean, eta urteko 61. lan heriotza da; Nafarroan gertatutako 17. lan istripu hilgarria. Gaur izan dugu honen berri eta gaur bertan egin dugu Gernikan elkarretaratze bat, euskal gehiengo sindikalak, aste honetan basogintza lanetan hildako langilea gogoan.
Prekaritateak hil egiten duela salatu dugu berriro, Egurmendi enpresaren egoitza aurrean kasu honetan, bertako langilea baitzen asteartean Aulestin zendutakoa.
Berlys okindegi batean
LAB sindikatuak gaur jakin duenez, atzo arratsaldean Sarrigurengo Berlys okindegi batean langile batek bizia galdu zuen. Azken horrekin 61 lirateke aurten Euskal Herrian lanean edo laneko bidean hildako langileak, horietako 17 Nafarroa Garaian. Lehenik eta behin sindikatu honek bere elkartasun osoa eta doluminak helarazi nahi dizkie hildakoaren senide, lankide eta gertukoei.
LABek bildu duen informazioaren arabera, ezbeharra 18:00ak aldera gertatu zen. Langileak “kamarista” lanak egiten zituen, Monbake taldearen Berlys enpresak Sarrigurenen duen okindegian. Sasoi honetan, okindegiak buru-belarri sartuta daude Eguberrietako kanpainan eta lan erritmo azkarrek zein lan karga handiek arrisku faktoreak areagotzen dituzte. Dena dela, istripuaren jatorria edozein izanik ere, patronalaren ardura da langile guztien osasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzea.
Lan osasunari eta lan istripuei dagokienez, azken urteetan LAB sindikatua bereziki salatzen ari da ez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta ez Lan Ikuskaritzak ez dituztela enpresak lan osasuneko eginkizunak betetzera behartzen. Patronala lasai dabil arauk bete gabe. Eta batzuen utzikeriaren eta bertze batzuen zitalkeriaren ondorio da langileek haien bizitzekin ordaintzen dutela hau guztia.
LAB sindikatuak bertze behin ere Nafarroako Gobernuari, NOPLOIri eta Lan Ikuskaritzari dei egiten die beharrezkoak diren bitarteko guztiak jar ditzaten enpresetan lan osasun neurriak betetzen direla bermatzeko.
Bizkaiko egoitzetako 5.000 langile baino gehiagoren egoerak okerrera baino ez du egin, Aldundiak inposatzen duen zerbitzuaren pribatizazioak plantillak itotzen ditu, lan-baldintzak prekarizatzen ditu eta egoiliarren zaintza alde batera uzten du.
Gaur, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako Diputatuari eta sektoreko enpresei nazkatuta gaudela esateko agerraldia egin dugu Bilbon; nazkatuta gaudela, adinekoen duintasunarekin negozioa egiteaz eta gure lan-baldintzekin negozioa egiteaz.
Egoitzen egoera itogarria da, eta egungo ratioak jasanezinak dira. Gure adinekoek logela partekatu behar dute intimitatea galduz, ez zaie eguneroko dutxa ziurtatzen, ez zaie gosaria edo afaria ordu onargarrietan ematen, pardel-aldaketetan edo postura-aldaketetan berandutzeak izaten dira… eta jarraitu ahal izango genuke. “Lehen pertsona zinen, orain 15 minutu zara” Bizkaiko bertsolari txapeldunak kantatu zuen moduan.
Inork ezin du zalantzan jarri zerbitzu publikoa ematen dugula, funtsezko langileak garela. Patronalak eta Aldundiak negoziatzeari uko egin diote eta sektoreko hitzarmenaren mahaia blokeatu dute. Hauek dira eskatzen ditugun eskubideetako batzuk:
Benetako urratsak soldatak Gizarte Urgazpenek Foru Erakundearekin parekatzeko. Gure lan bera egiten duen langile publiko batek baino % 50 inguru gutxiago kobratzen dugu. Horrez gain, azken bi urte hauetan erosahalmena galdu dugunez, hilean 300 euro inguru pobreagoak gara.
Gure lan-bizitzako azken urteei aurre egiteko neurriak 55 urtetik aurrera: murrizketa konpentsatuak, erretiroen alde egitea, ordaindutako baimenak, lanpostuaren egokitzapenak…
% 100eko baja-osagarria.
Bajak lehen egunetik ordezkatzea.
Lan-osasunari buruzko neurri errealak, arrisku psikosozialei buruzkoak, besteak beste.
Egoilarren eta langileen duintasuna bermatuko duten ratioak ezartzen dituzten neurriak.
Patronalaren eta Aldundiaren negoziazio-borondate ezaren aurrean, eta iazko mobilizazio eta greben ondoren, LABek borroka-ziklo berri bati ekingo dio. Ziklo berri hau abendura arte luzatuko da. Martxan jarriko ditugun beste ekimen batzuen artean, Bizkaiko egoitzen sektore osorako 7 greba erregistratu ditugu urriaren 26 eta 27rako, azaroaren 17 eta 18rako eta abenduaren 14, 15 eta 16rako.
Ziklo berri honen helburuak honako hauek dira:
Bizkaiko egoitzetako langileak aktibatzea, antolatzea eta honetan ekarpena egitea.
Bizkaiko Aldundiaren eta Patronalaren aurkako presioa eta salaketa areagotzea.
Eskaintzen dugun zerbitzua publifikatzeko beharra agenda sozialean jartzen laguntzea.
LABen ustez, borroka honetan aliantza sindikalak eta mugimendu sozialak ezinbestekoak dira.
Aliantza sindikalei dagokienez, sektore honetako gehiengo sindikalarekin ekintza-batasuna bilatzen jarraituko dugu, haien gehiengoa errespetatuz eta orain arte izan dugun zintzotasun berarekin. LABen ustez, egungo batasun sindikalik eza ez da desiragarria, baina guk ez diogu inolako biderik ixten sektoreko langileen kolektiboa indartsuago bilakatuko duen edozein agertokiri. Gehiengoa duen sindikatuari erantzukizuna eta ikuspegi zabala eskatzen dizkiogu, geure buruari eskatzen dizkiogun bezala.
Aliantza sozialei dagokienez, zaintza-zerbitzu publiko komunitarioaren ereduaren alde borrokatzen duten sektoreekin espazioak sortzen eta partekatzen saiatuko gara, gatazka honi agenda sozialean zentralitatea ematen laguntzeko eta gizarte osoari eragiten dion nahi batean gure ekarpena egiteko asmoarekin.
Gure eskubideen borrokaren aldeko gure determinazioa helarazi nahi diogu gizarteari, eta argi utzi nahi dugu Aldundiak eta Patronalak benetako negoziazioa ireki arte gure borrokak aurrera jarraituko duela eta areagotu egingo dugula.
Amaitzeko, besarkada bat bidali nahi diegu egoitzetako langile guztiei, borroka-eskaintza hori bere egin eta kalera indarrez ateratzeko. Ahal dugun egoitza guztietan batzarrak antolatuko ditugu, borroka-ziklo hau zuekin zuzenean partekatzeko.