2026-01-11
Blog Page 287

Jarraipen handia izan du Bizkaiko metalgintzako grebak, hitzarmen duin baten defentsan

Goizean goizetik ibili dira piketeak hainbat enpresatan; Durangaldean sektorea itxita eta beste eskualdeetan grebaren jarraipena handia izan da; eta, eguerdian, Iurretako kaleak bete dituzte langileek. Ertzaintzak erakutsitako ohiko jarrera oldarkorra tartean, hauxe izan da Bizkaiko metalgintzan egunotarako deitutako lehen greba egunaren argazkia, hitzarmen duin baten defentsan.

FVEM patronalaren arduragabekeriak mobilizazioa beste biderik ez du utzi, eta, hori dela eta, urriaren 27 eta 28 eta azaroaren 2rako grebak deitu ditugu sindikatuok sektorean.

Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay enpresetan produkzioa gelditu dugu, besteak beste, eta Ormazabal-en beste grebetan baino jarraipen handiagoa izan da.

Iurretako kultur etxetik abiatu dugu gaur manifestazioa; bihar, urriak 28, Barakaldoko Bide Onera plazatik irtengo da, eguerdian ere. Azaroaren 2an, berriz, Bilbon egingo dugu manifestazioan, Euskadi plazatik irtenda, 12:00etan.

Langabezia datuek berretsi dute genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak egiturazkoak direla

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestan kaleratu diren datuen arabera, 2022ko 3. hiruhilabetean Hego Euskal Herrian 115.000 langabe daude. Langabezia tasa, aldiz, %8,5koa da.

Nafarroan, jatorriaren araberako arrakala nabarmendu behar dugu. Izan ere, langabezian dauden langile migratuen artean, Europar Batasunetik kanpoko jatorria dutenen langabezia tasa %32,21koa da, Europar Batasuneko jatorria dutenak baino 25,71 puntu gehiago. Herrialde honetan, elikagaien industriari lotuta dagoen prekarizazioaren ondorio garbia, non Europatik kanpoko jatorria duten langileen esplotazioa behin baino gehiago salatu dugun.

Genero arrakala ere mantentzen da, estrukturala da. Zentzu honetan, emakumeen langabezia tasa (%8,9) gizonena (%8) baino altuagoa da. Aurreko hiruhilabetean baino behin behineko kontratu gutxiago egon arren, emakumeen artean sinatu diren kontratuen %25,7a behin behinekoa izan da, gizonezkoen artean, aldiz, %17a. Beraz, kontratuei dagokionean ere, gizon eta emakumeen arteko arrakala estrukturala da.

Gazteen artean langabeziak gora egin du eta aurreko hiruhilabetan baino 16 eta 24 urte bitarteko 3.700 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Joera hau EAE eta Nafarroa Garaian gertatzen bada ere, Nafarroan azpimarratzekoa da duela urte bete baino 16-24 urte arteko langabe gehiago daudela. Adinean beste aldean kokatzen diren langileen kasuan ere gauza bera gertatzen da eta 55 urte baino gehiago dituzten 3.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, aurreko hiruhilabetearekin alderatuz.

Langabezia datuek egungo ereduaren baitan genero, adina edo jatorriagatik sortzen diren arrakalak estrukturalak direla berretsi dituzte, lan bera egiteagatik langileon arteko ezberdintasunak areagotuz. Aniztasuna aitortuz, LAB sindikatuak langile klase osoarentzat eraginkorra izango den eskaintza du helburu eta praktikan gauzatzen ari gara.

Udazken gogorra aurreikusten den honetan, lan eta bizi baldintza duinen aldeko borroka sindikala lan zentro zein kalean hauspotzen ari gara. Lan zentroetan lan baldintzak hobetuko dituzten hitzarmen duinen aldeko borroka ziklo berriak piztu ditugu (helduen egoitzak, Bizkaiko metalgintza edota Osakidetzan). Bestetik, bizitzaren garestitzeari aurre egin, zerbitzu zein eskubide sozialen murrizketa salatu eta eredu burujabea aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu azaroaren 19an.

Lan eta bizi baldintza duinen konkistan aurrera jarraitzen dugu, egoera sozioekonomiko ezegonkor honek ez baitu aterabiderik izango langile klasea pobretu zein prekarizatuz, multinazional handiak zein IBEX35-eko enpresak aberasten jarraitzen duten bitartean. Langile guztiontzat onugarria, sozialki bidezkoa, ekologikoki iraunkorra eta demokratikoa izango den eredua lortzeko, lana, zaintza eta aberastasunaren birbanaketa lehentasun politiko, ekonomiko eta soziala da.

Elikadura osasuntsua eta prezioen kontrolaren alde egin dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok

Eskubide Sozialen Kartak Azoka Gardenak antolatu ditu Bilbo eta Iruñean, bertoko elikagaiak eta tokiko kontsumoa bultzatzeko asmoz. Bertan azaldu dutenez, egoera “jasanezina” da. “Infazioak gora egin du eta egiturazko arazoak gero eta gehiago dira; langileon diru sarrerak eta zerbitzu publikoak, ordea, murrizten ari dira. Elikadura eskubidea ere kolokan dago”, salatu dute. Gaineratu dutenez, erosahalmena murriztu denez, kontsumitzaileak kalitate baxuagoko produktuak -jaki prozesatuak, kasu- kontsumitzen hasi dira, horrek osasunean ondorio kaltegarriak dituen arren. “Sabela betetzea eta osasuntsu elikatzea ez dira gauza bera. Bertoko elikagaiak bihurtu ditzagun elikadura osasuntsu baten berme”, azpimarratu dute.

Zentzu horretan, gaurkoan 10 euroko oinarrizko saskia osatu dute sasoiko barazkiekin (%35), esnekiekin (%25), ogiarekin (%20) eta arrautzekin (%20). Saski honekin, egun baterako bi pertsonentzat oinarrizko elikagaiak bermatzen saiatu dira; aldi berean, tokiko ekoizpenari lehentasuna eman diote.

“Kalitatezko elikagaiak osasuntsuak direla bermatzeko modurik onena baserritarrekin zuzeneko harremana izatea eta tokiko komertzioetan kontsumitzea da. Era berean, prezio egokiena bermatuko dute. Ez da pobreziari aurre egiteko tresna bat, baizik eta kapitalaren interesei alternatiba egoki eta osasuntsu bat garatzeko modua”, azaldu dute.

Baserritarren kolektiboak eta langile kolektiboak elkarren eskutik abiatu behar dutela nabarmendu dute.

“Baserritarrak eta langile klasea txalupa berean gaude arraunean; pobreziari STOP, elikatu baserritik”, nabarmendu dute.

‘Jaiegunetan denok jai’ aldarrikapena eraman dugu Nafarroako Merkataritza Kontseilura

Gaur, urriak 26, Nafarroako Merkataritzako Kontseilua bildu da eta datorren urteko 10 jaiegun irekitzeko egutegia aurkeztu eta onartu du: urtarrilaren 8a, apirilaren 6a, uztailaren 2a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a,  azaroaren 1a eta tokiko jaieguna dira irekitzeko hautatu diren jaiegunak. Horien artean, zazpi jaiegun eta hiru igande daude; orain arte bi igande ziren muga eta gaurko honetan murrizteko bidea hautatu beharrean, zabaldu egin dute.

Nafarroako Merkataritzako Kontseilua Nafarroako Gobernuak, udalek, patronalak eta sindikatuek osatua dago, besteak beste, eta urtero egiten duen bezala merkataritza sektoreko langileen gainetik hartu dute erabakia, sektorera prekarizazio handiagoa ekarriko duen erabakia.

LABek urtero salatzen duen moduan, jaiegunetan irekitzea ez da beharrezkoa, nahiko egun baitago erosketak egiteko eta horrelako erabakiak ekartzen dutena da lan baldintzak okertzea, neurrigabeko kontsumoa areagotzea eta langileen kontziliazioari oztopoak jartzea.

Gainera, ezin da aipatu gabe utzi merkataritzako lan hitzarmen asko erorita daudela eta, ondorioz, sektore hauetako langileak orain dela 12-14 urteko soldata berdin-berdinak jasotzen ari direla. Onartezina da. Hitzarmen hauek ez negoziatzeko jartzen den aitzakia da patronala ez dela existitzen, baina irekiko diren jaiegunak adosteko bai, horretarako bai existitzen da.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Nafarroako Gobernuaren jarrera, merkataritzako langileen baldintzak ez ikusteko itsuarena egiten baitu baina, aldi berean, 10 jaiegunetan irekitzeko arauak sinatzeko zalantzak jartzen ez dituelako. Bide batez, langile orori dei egiten diegu mobilizazioetan parte har dezaten, bai jaiegunetan denden irekiera salatzeko, bai hitzarmenaren aldeko borrokan.

Ez dugu berriro Osakidetzako mahai sektorialera joko benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean

Osakidetzako sindikatuok iragarri dugu ez garela bihar, urriak 27, egingo den mahai sektorialera joango, Euskal Osasun Zerbitzuaren jarrera inposatzailea eta negoziatzeko jarrera falta ikusita. Benetako negoziaziorik ez dagoen bitartean, ez dugu berriro mahai sektorialera joko. Hala adierazi dugu, irmotasunez, mahai horretako kide garen LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok.

Bestalde, sindikatuok negoziatzeko borondatea berretsi nahi dugu, eta, horregatik, iragarri dugu Euskal Osasun Zerbitzuari dei egingo diogula Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko: “Negoziazio-foroa aldatu nahi dugu, egungo blokeoa gainditu eta Euskal Osasun Publikoaren lan-harremanetan aro berri bat has dezakegun ikusteko”, adierazi dugu.

Sindikatuok kritikatu dugu Osakidetza Mahaira gaiak ekartzera mugatzen dela, espedientea betetzeko helburu bakarrarekin: “Azken mahai sektorialetik altxatu ginen edukirik ezagatik. Orain, gai-zerrendarekin deitzen gaituzte berriro, baina ez du planteatzen proposatutako gaien benetako negoziaziorik, eta ez ditu barne hartzen sindikatuek eskatutako gaiak”.

Mahai Sektorialean jorratu beharreko gaien artean egonkortzeko LEP berria dago, eta horren negoziazioa opakutasunez beteta egon da. “Sindikatuok komunikabideen bidez jakin dugu zenbat plaza dauden, eta prozesuari buruzko informazioa behin eta berriz eskatu dugu. Hala ere, oraindik ez dugu erantzunik jaso”, salatu dugu.

Aztertu beharreko beste gaietako bat profesionalen garapen profesionalerako eredu berria da. Sindikatuok salatu dugunez, Osakidetzak uko egiten dio egungoa hobetuko duen sistema berri bat negoziatzeari, eta plantillarentzat murrizketa berri bat ekarriko duen zirriborro bat proposatu du.

“Negoziatzeko borondatea berretsi nahi dugu. Baina, horretarako, beharrezkoa da Mahai Sektorialari edukiak ematea, negoziazioan joko-arauak errespetatzea eta Osakidetzak bere jarrera inposatzaile eta antidemokratikoa alde batera uztea”, erantsi dugu.

Nafarroan, Araban eta Bizkaian greban gauden egunean jakinarazi dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan borroka ziklo berri bati ekingo diogula

Egun esanguratsua dugu Hego Euskal Herriko helduen egoitzetako langileentzat, borrokan dagoen sektorearentzat. Nafarroan, Araban eta Bizkaiko gure kideak greban daude gaurko egunean. Aldarrikapen eta behar ezberdinak defendatzen, baina guztiak kalean eta greban.

Jakin badakigu herrialde bakoitzean lan baldintzak zein egoerak ezberdinak direla, baina prekaritatea eta lan eskubide urraketak egunerokoan pairatzen dituzte sektore honetako langileek. Hego Euskal Herriko instituzioek zaintza sistemaren pribatizazioa bultzatzen dute etengabe, eta zaintzaren negozioak eta enpresen irabazi grinak gure nagusiak zaurgarritasun egoeran uzten dituzte.

Egoerak errudun zuzenak ditu: patronalak eta instituzioak dira egoera hauek sustatzen eta iraunarazten dituztenak. LABek argi du, zaintza sistema publikoa eta komunitarioa izan arte egoiliarren eta langileen duintasuna eta bizi eta lan baldintzak ez dira bermatuak egongo. Funtsezko langileak dira, eta eurena den aitortza borrokatzen ari dira.

Esan bezala, LABeko gure kideak greban daude gaurkoan. Bizkaian zazpi greba egun deitu dituzte hemendik eta abendura arte, eta sektorean borroka indartzeko eta areagotzeko apustua egin dute.

Araban, greban daude herrialdeko hitzarmena lortzeko, egun estatala aplikatzen zaielako. Arabako adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek urtean 1.792 ordu egiten dute lan, urtean 365 egunetan, 997.16 euroko hileko nomina baten truke.

Nafarroan ere greban daude herrialdeko hitzarmena lortzeko.

Bada, Gipuzkoan, borroka ziklo berri bati ekingo diogu. Hala, honen berri emateko, agerraldia egin dugu Donostian, Gipuzkoa plazan, Aldundiaren egoitza aurrean. Azken hilabeteetan egindako bilerak, asanbladak, mobilizazioak, grebak, errepide mozketak, okupazioak, gaur gauden tokira ekarri gaituzte. Ilusioz bide berriari ekingo diogu eta egindakoaz oso harro gaude.

Egoera okertu egin da Gipuzkoan

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak urteak daramatzate hitzarmen baten alde grebak egiten, negoziazio kolektiboaren baitan borrokan, bi helburu argirekin: batetik, lan baldintza duinak lortzea gipuzkoarroi eskaintzen diguten zerbitzua kalitatezkoa eta goxoa izan dadin, eta, bestetik, sektore feminizatu eta prekarizatu honi gizartean behar duen lekua eta aintzatespena ematea. Izan ere, zerbitzu publiko bat eskaintzen ari dira eta funtsezko langileak dira.

Langile hauek Gipuzkoako helduen zaintza kalitatezkoa eta duina izateko borrokan ari dira, gipuzkoar guztion eskubideen alde, eta merezi dute aitortza eta lan baldintza duinak bermatuta izatea.

Borroka luze honen bidean, langileon negoziazio kolektiborako gaitasuna nabarmen murriztu zuen, grebarako eskubidea urratuz, %100 zerbitzu minimoen inposatzeak. Eta orain, %8ko ordezkaritza duen UGTk hitzarmena gutxiengoan sinatzeak egoera hori areagotu du, negoziazio kolektiboa izan beharko lukeena guztiz desitxuratuz.

Itxurazkotik gutxi izan du, halaber, ELAren jarrerak. Gehiengoan egonik ere, ez da gai izan langileei behar zuten erantzuna emateko, hitzarmen duin baten aldeko palanka izateko. Bere estrategiak porrot egin du, langileei irtenbideak emateko ageriko zailtasuna izan du, langileen interesak defendatu eta bermatzetik urrun geratu da.

Gutxiengoan sinatutako hitzarmenak langileon baldintzak asko arrakalatu ditu. Horregatik, bilera eskaera egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako Sailari, hitzarmena sinatu ez duten patronalen menpe dauden egoitzetan langileen baldintzak eta merezitako soldata igoerak nola kudeatuko diren galdetzeko. Horrez gain, Aldundiak sektorea bizitzen ari den pribatizazio eta prekaritatearen aurrean zein plan duen jakiteko.

Honen guztiaren aurrean, LAB sindikatuak adierazi nahi du patronalak eta Aldundiak erantzukizun zuzena dutela langileen prekarizazioan, hauek zerbitzu publikoen pribatizazioaren mesedetan, lotsarik gabe ari direlako langileen lan baldintzak okertzen eta langileen eskubideak urratzen. Oraingoan ere, UGT izan dute ezinbesteko aliatu sektore honetako langileenganako enegarren traizioa burutzeko.

Sinatu duten akordioa ez da langileek behar dutena, ezta Gipuzkoak behar duena ere. Eta, norbaitek uste bazuen honekin zerbait konponduko zela eta hemen amaituko zela gatazka, oso oker dago. Hitzarmen honek ez du lasaitasuna ekarriko, langileen eskubideak errespetatzen ez dituen heinean.

UGTri, patronalei eta instituzioei hurrengo mezua helarazi nahi diegu:

Gure indarrak eta baliabideak langileen eskubideak zentroz zentro eta herriz herri defendatuz eta borrokatuz jarriko ditugu; eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak bilatzen duen pribatizazioaren aurka tinko borrokatuko dugu. Kaleetan egon gara eta bertatik ez gaituzte mugituko. LABek zentroz zentro arduraz eta konpromisoz gure lan sindikala egingo dugu, eta instituzioak interpelatzen eta seinalatzen jarraituko dugu.

Ziklo berri honetan aliantzak eraikitzea ezinbestekoa dela uste dugu, mugimendu sozialekin eta mugimendu feministarekin gure borroka eta ildoak partekatuko ditugu. Egungo zaintza ereduaren aldaketaren alde borrokatzen duten sektoreekin espazioak landu eta partekatuko ditugu, gatazka honi zentralitate soziala ematen laguntzeko, eta, jendarte osoari eragiten dioten heinean, zaintza eta emakumeen borroka erdigunean jarri nahi ditugu. Zentzu honetan, deialdia egiten dugu, herri bakoitzean kokatzen diren zentroetako langile, egoiliar, senide eta gizarte mugimenduak batu eta antolatu gaitezen, zaintza lanak erdigunean jarriz, gure eskubideen alde eta zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurka.

Besarkada bat bidali nahi diegu egoitzetako langile guztiei, eta deialdia egin borroka-eskaintza hau bere egin eta kalera indarrez ateratzeko. Ahal dugun lantoki guztietan batzarrak antolatuko ditugu, borroka-ziklo hau zuekin zuzenean partekatzeko. Kaleetan zein lan zentrotan elkar ikusiko dugu.

LABek borrokari eutsiko dio Hego Euskal Herri osoan, sektore honen langileen funtsezko funtzioa behingoz duindu eta aitortu arte, kurtso berri honetan sektoreko langileak aktibatu, antolatu eta borrokatzeko markoak eta tresnak eskainiz. Erantzukizuna duten instituzio eta patronalei ozen eta garbi esan nahi dizuegu; aurrean izango gaituzuela eta, langileon prekaritatean sostengatzen den zuen zaintza eredua lehertu arte, borrokan jarraituko dugula.

Amaitzeko, jakinarazi nahi dugu LABeko bi kide azaroaren 9an deklaratzera deituak izan direla. Deklarazioa helduen egoitzetako greba egun batean egindako errepide mozketarekin loturik dago. Gure kideei elkartasuna adierazi eta ekintza sindikalaren aurkako errepresioa salatu nahi dugu.

“Gure sindikalismo borrokalaria eta ezberdina ez da delitua”

Agoizko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak, 2022ko abuztuaren 5eko auto baten bidez, 2021ean atxilotu zituzten LABeko sei sindikalistaren kontrako jarduerak artxibatzea agindu du. Hala, instrukzio-epaileak ez du delitu zantzurik ikusten emakume langileentzako lan-baldintza duinak eskatzen zituen eta patronalak Nafarroako garbiketa-hitzarmenaren negoziazioan ezarritako blokeoa salatzen zuen ekintza sindikaletan.

LABek ordezkatzen duen sindikalismo borrokalari, eraginkor, feminista eta ezberdinaren aurkako polizia-operazioa

Duela urtebete baino gehiago, 2021eko apirilaren 20an, Espainiako Polizia Nazionala Nafarroako jarduera sindikalaren egunerokotasunean sartu zen, garbiketako langileak eta LABeko sindikalistak atxilotuta. Gaur, emaitza ikusita, ikuskizun polizial hura eta bere dimentsioa ez zen kasualitatea izan. Espainiar poliziak CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteko eta ISN enpresako salaketak koordinatu zituen. Ondoren, lankidetza eta aliantza ariketa argi batean, bi ekintza independenteren salaketak batu zituen, iritzi publikoaren aurrean LAB sindikatuaren eredu sindikal borrokalaria, eraginkorra, feminista eta ezberdina zalantzan jarriko zuen polizia-operazioa ahalbidetzeko. Izan ere, eredu aktibo horrek gero eta babes handiagoa du Nafarroan, batez ere sektore feminizatuetan.

Kolpe judiziala: ez da behar bezala justifikatu kausa eratzea, polizia-operazioa eta atxiloketak eragin zituzten ustezko delituak egon izana

Agoizko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1. Epaitegiaren artxibatze-autoak agerian uzten du ez dagoela deliturik ekintza sindikaletan, horrekin batera enpresaburuen salaketen eta poliziaren jardunaren asmo txarra. Izan ere, instruktoreak uste du Espainiako Polizia Nazionalaren zabaltze-eginbideek ez dutela ezer berririk gehitzen, eta balorazio berak egiten jarraitzen du bide-segurtasunaren aurkako ustezko deliturik ezari dagokionez. Derrigortze- eta mehatxu-delituei dagokienez, nabarmentzen da ez dagoela kaltetuaren salaketarik. Hala, gogorarazten du kamioiaren gidariak, lekukoen deklarazioan, ukatu egin zuela halako gertakaririk izan zenik. Ondorioz, ezin da delitu-zantzurik hauteman, eta ezin da ulertu lan-aldarrikapenaren iragarkia halako derrigortzetzat har daitekeenik. Azkenik, kalte-delituari dagokionez, instruktoreak berriro azpimarratzen du kamioiaren gidariak adierazi zuela ibilgailuari ez zitzaiola kalterik eragin, eta enpresak alegatutako kalteak amaitu gabeak eta mugagabeak direla. Ikertuak kamioi gainera igo ziren, kaltetzeko batere asmorik gabe.

Aurrera egin eta borroka-ziklo berrian protagonista izan.

Borroka ez da bide erraza, baina bide bakarra da. Ekintza sindikal feministaren bidez, langileok historiako protagonista bihurtu gara, eskubideak eskuratu ditugu, aldaketak eragin ditugu eta garaipenak lortu ditugu. Une egokia da aurrerapauso bat emateko eta sindikalismo ezberdin eta berrian parte hartzeko Nafarroan.

Bizkaiko metalgintzako langileak kalera aterako dira, urriaren 27 eta 28an eta azaroaren 2an, hitzarmen berri bat lortzeko

LAB, CCOO eta UGT sindikatuon oharra, gaurko mahai negoziatzailearen harira:

Bizkaiko metalaren hitzarmena negoziatzeko mahaiaren azken bilera modurik txarrenean amaitu da. Aurreko bileran FVEMi proposamen bat eskatu zitzaion pertsonen erosteko ahalmena bermatzeko eta alderdi atzerakoiak kentzeko, baina FVEMek aurrekoa zehazten duen proposamen bat ekarri du mahaira, gehiengo sindikalaren helburuetara hurbiltzen ez dena.

Soldatei dagokienez, pertsonen erosteko ahalmena bermatu gabe jarraitzen duen soldata proposamena eskaintzen du. Horren truke, gutxieneko bermea murrizteko, malgutasuna handitzeko eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak zalantzan jartzeko asmoarekin jarraitzen du.

Negoziazioa desblokeatzeko asmoz, gehiengo sindikalak proposamen berri bat erregistratu du, baina FVEMek atzera bota du, beste kontsideraziorik gabe.

Horrela, metalaren grebak egingo dira, eta mobilizazioan berriro konkistatuko dugu Bizkaiko metalaren hitzarmena. Egunsentia baino lehenagotik egongo gara enpresen atean, eta eguerdian kaleak beteko ditugu: 27an Durangokoak, 28an Barakaldokoak eta azaroaren 2an Bilbokoak

Erregimenaren sindikatuek, berriro ere, hitzarmen txar bat adostu dute Nafarroako metalgintzarako

Gaurko bileran UGT, CCOO eta patronalak azken honen neurrirako hitzarmen bat adostu dute.

Ostzegun honetan, LABek Nafarroako sektoreko delegatuen batzarra egingo du, eta, honen ondoren balorazio sakonago bat egingo badugu ere, garrantzitsua iruditu zaigu, gaurkoan, urgentziazko balorazio bat egitea.

Azpimarratu behar dugun lehendabiziko puntua soldatarena da. UGTek eta CCOOk modu triunfalista batean zabaldu badute ere, esan beharra dugu ez dela inondik inora nahikoa sinatutako soldata igoera. Alde batetik, ez duelako eros ahalmena bermatzen, eta, bestetik, ez delako hau hobetzeko inongo borrokarako asmorik adierazi, eta ziur gaude hitzarmena sinatu duen gehiengo sindikal horrek mahaiko beste sindikatuekin batera mobilizatzeko prest egon izan baziren azkeneko akordio hau hagitzez hobea izanen zela.

Eta, tamalez, azpimarratu behar dugun bestze puntua atzera pausuena da. Malgutasuna handitzeaz gain, hau erabiltzeko prozedurak modu nabarmenean erraztu dira, langileak babesgabetasun egoera batean utziz.

Hitzarmen honetan garbi gelditu da zein den borrokari uko egitearen emaitza. LAB beti atzera pausurik gabeko eta eros ahalmena bermatzen duten hitzarmenak sinatzeko eta borrokatzeko prest aurkituko dute.