2026-11-06
HomeEkintza SindikalaIgor Arroyo: "Esparru guztiak lehiatuko ditugu"

Igor Arroyo: “Esparru guztiak lehiatuko ditugu”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorrak lantokietan, kalean eta erakundeetan borrokatzearen aldeko deia egin du Maiatzaren Lehenean

Gaur, LAB, Euskal Herriko sindikatu nazionala, Euskal Herri osoan mobilizatu da. Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak egin du eguneko diskurtsoa, Bilbon egindako manifestazioaren ostean. Bizkaiko hiriburuan ez ezik, Baionan, Gasteizen, Donostian, Iruñeak, Maulen, Eibarren eta Tuteran ere atera da kalera sindikatua. Aipagarria da Lapurdiko hiriburuaren kasua; izan ere, intersindikalean bizi duen bazterketa egoerari aurre eginez, manifestazio bateratuan bere tokia aldarrikatuz hasi du mobilizazioa LABek, ondoren bere ekitaldi propioa egin duelarik amaieran. Euskal Herritik kanpo ere, LABen ordezkaritza bat parte hartzen ari da, urtero legez, Kubako CTC sindikatuak antolatutako ekitaldietan.

Presoak gogoan izanez hasi du hitzartzea Arroyok: “Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea lortu du herri honek. Eta hurrengo erronkari helduko diogu orain: Euskal preso guztiak etxera!”

Munduko Federazio Sindikaleko kideei ere egin die keinu koordinatzaile nagusiak, independentismoa eta internazionalismoa elkar lotuta ulertzen baititu LABek: “Mundu berri bat nahi dugu, non herri guztiak libre eta pareko izango diren; Mundu berri bat non pertsona guztiak libre eta pareko izango diren”.

“Horregatik, gaur, munduko txoko desberdinetatik Euskal Herrira datozen langile horiek antolatu eta defendatzeko gure erronka berresten dugu. Gure konpromiso antirrazista berresten dugu”, adierazi du Igor Arroyok.

LABen bozeramaleak nabarmendu du langile klasea lan- eta bizi-baldintzetan murrizketa berriak jasaten ari dela. Krisia, pandemia edota gerra aitzakiatzat hartu eta langile klasearen kaltetan “kapitalaren diru-gosea” asetzeko murrizketak lirateke horiek guztiak, adierazi duenez.

Hala ere, Euskal Herriko langileek aurrerapausoa eman dutela nabarmendu du Arroyok. Izan ere, sindikatuak duela urtebete esan zuen borroka-fase berri bat ireki behar zela. “Eta gaur, esan dezakegu borroka-fase hori ireki dela”, baieztatu du. Datuek ere hala berresten dute, estatu espainiarrean egin diren greben erdia baino gehiago Hego Euskal Herrian egin baitira. Horien atzean dauden pertsonak, ahalduntze-prozesuak, antolaketa eta ekintza sindikala goratu ditu koordinatzaile orokorrak: “LABeko jendeak badaki aldaketak ez direla Elkarrizketa Sozialerako Mahai batetik etorriko, borrokatik baizik. Aldaketak ez direla Madrildik etorriko, Euskal Herritik baizik. Euskal Herrian eta sektore bakoitzean dauden gehiengo sindikalak errespetatu behar direla”.

Euskal sindikalismo berria

“Esan genuen sindikalismoa birpentsatu beharra zegoela, sektore prekarizatuengana gerturatu behar zela. Eta horretan ari gara”, azaldu du Arroyok. Sindikalismo sozialaren bidea ere urratzen dihardu LABek, eta, horrekin lotuta, mugimendu feministak deitutako Greba Orokor Feministarekin bat egin du.

Lan baldintzak hobetzeaz harago, eredua bera lehiatu nahi du LABek, Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak Euskal Herrian gauzatzeko asmoz. Euskal Errepublika eraiki nahi duen esparru sindikal, sozial eta politikoa artikulatzeko helburua lortzeko lanean jarraituko du, beraz.

“Langile klasea herri honetako gehiengo soziala gara. Baina politika publikoak ez dira errealitate hori kontuan hartuta egiten”, gogorarazi du Igor Arroyok. Patronalaren lobbyek politika ekonomikoak etengabe baldintzatzen dituzten honetan, langile klasearen boterea baliatzeko premia nabarmendu du: “Areagotu dezagun banaketa hirukoitzaren aldeko presioa: enpleguaren, zaintzaren eta aberastasunaren banaketa”.

Langile borroka espazio guztietara

Hala, agenda politikoaren erdigunean jarri beharreko hainbat gai zerrendatu ditu, hala nola astean 30 orduko lanaldia, 1.400 euroko gutxieneko soldata nahiz 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zaintza-, osasun-, hezkuntza- eta etxebizitza- sistema publikoak eta “kapitalak zergak behingoz ordaintzea” ahalbidetuko duen erreforma fiskala.

Bide horretan, esparru guztiak lehiatzearen garrantzia aipatu du: “Borroka dezagun lantokietan. Borroka dezagun kalean, eta borroka dezagun erakundeetan ere”.

“Beste mundu bat egin nahi dugu, beste mundu bat egiten ari gara”, aipatu du amaitzeko, aurtengo deialdiaren leloari erreferentzia eginez, eta ekintza bakoitzak balioa duela nabarmendu nahi izan du, guztion ekarpena baita garrantzitsua.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.

Enplegu-Erregulazio Espedientea erretiratzeko eta Mallabiko lantegia ixteari alternatibak bilatzeko exijitu diogu Enerpac enpresari, lehengo Larzep

Enpresak 43 langile kaleratzeko asmoari eusten dio, baina ziurtatu du hirugarren baten proposamen serio bat baloratzeko prest egongo litzatekeela ziurtatu du. LABek Enplegu-Erregulazio Espedientea (EEE)...