2026-01-10
Blog Page 285

Bizkaiko merkataritzako langileek greba egin dute, hitzarmen duin baten defentsan

Hilabete honetarako deitutako bi greba egunetatik lehena egin dugu gaur Bizkaiko merkataritzan; hain zuzen ere, larrua eta oinetakoen merkataritza, ehun-merkataritza eta merkataritza orokorreko sektoreetan, langileek ez baitituzte hitzarmenak berritu 2007, 2014 eta 2018tik, hurrenez hurren. 

LAB eta ELA sindikatuok deituta, piketeak egin ditugu goizean, eta, eguerdian, manifestazioa egin dugu Bilbon. “Badakigu merkataritza txikiak zailtasunak dituela, baina ez gaude prest bere irabazi-marjina gure kontura handitzeko. Merkataritza txikiko langileek kate handien eskubide berberak izan behar dituzte, eta sektoreko hitzarmena da hori bermatzeko tresna”, adierazi dute langileek.

Gaurkoan, %75%-%80ko jarraipena izan du grebak, eta, LABeko kide Irati Sienrak jakinarazi duenez, “langileak oso nekatuta eta haserre daude”. Izan ere, “merkataritza oso sektore prekarizatua da, soldata baxuekin eta lanaldi partzialekin”. Sienrak aldarrikatu bezala, “bada garaia hitzarmenak sinatzeko; egoera hau ez dugu nahi gehiago luzatu”·

Hurrengo greba eguna azaroaren 25ean izango da, hilabeteko bigarrena eta azken hilabeteetan egindako zortzigarrena.

Lanpostua defendatzea ez da delitua; mobilizaziorako deia egiten dugu muntaia polizialen aurrean elkartasuna aktibatuz

Azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langilea epaituko dute. 15 hilabeteko kartzela zigor eskariari egin beharko dio aurre, muntaia polizial baten ondorioz. LABek dei egiten du, langile honi babesa erakusteko asmoz, Salatutako langileen plataformak antolatu duen kontzentrazioan parte hartzera. Gasteizen egingo da mobilizazioa, datorren astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegian, 10:30ean, epaiketaren aurretik.

Hau guztia, Tubacexeko langileek greban zehar eta grebaren ostean jasan behar izan dituzten isun, mehatxu eta neurriz kanpoko inputazioei batzen zaio. Izan ere, zigor eta inputazio bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, guztion borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzen bezala ulertzen ditugu.

Tubacexeko gatazkan langileak jasotzen ari diren jarduera guztien zenbatekoa publiko egin eta salatu nahi dugu. Izan ere, asko izan dira jaso dituzten eta jasotzen jarraitzen duten ondorio ekonomiko eta judizialak:

  • 25 langilek baino gehiagok jaso dituzte isunak eta inputazioak.
  • 25.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte isunetan.
  • 7 pertsona auzipetu dituzte eta espetxe-eskaerak jaso dituzte.
  • Isunak 600 eta 3.000 euro artekoak dira.

Aintzane Mendia, inputatutako beste langile batzuei elkartasuna adierazten egon zen egunean atxilotu zuten, Amurrioko Epaitegian. Berari egozten dizkioten gertakariak beste muntaia judizial bat dira, Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko. Gainera, jasan behar izan zuen atxiloketa neurrigabe eta justifikaziorik gabekoan, lesioak eragin zizkioten modu bortitzean eraman zutelako.

Argi utzi nahi dugu aipatutako guztia kriminalizazio-estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek aurrera eramaten dutena, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea erabili zutenak zapaltzeko.

Jasaten ari garen jazarpen guztiekin errepresioaren mezua bidali nahi badute ere, guk oso argi daukagu: langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, gure lanpostuen eta lan-eskubideen alde borrokatzea EZ DA DELITUA. Errepresio guztiaren aurrean: BATASUNA ETA ELKARTASUNA.

Tubacexeko grebarekin langileok egiaztatu ahal izan genuen bezala, bidegabekerien aurrean langileen borroka da bide bakarra.

Horregatik guztiagatik, irmoki eskatzen dugu gure lankidearen absoluzioa aurre egin beharko dion prozesu judizial osoan. Era berean, langileon aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak ere bertan behera uztea eskatzen dugu. Orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu.

EAEko Hezkuntza Saileko Heziketa Bereziko kontsolidazio deialdiak negoziatzeko eskatu dugu Bilboko Lurralde Ordezkaritzaren aurrean

EAEko Hezkuntza Sailari Heziketa Bereziko langileak egonkortzeko kontsolidazio-deialdiak negoziatzeko eskatu diogu Bilboko Lurralde ordezkaritzaren aurrean. Izan ere, deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar dituen arren, administrazioak oraindik ez du negoziazio-mahairik deitu.

2022/23 ikasturtea hasi denetik bi hilabete oso pasatu dira eta penagarria izan da orain arte Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa eta langileokin izandako jokabidea. LABek behin eta berriz eskatu dio langileon eskariak entzun eta egoera bideratzeko bilerak egitea, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Orain, salbuespeneko kontsolidazio lan eskaintza publikoen deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar direnean, ez dugu deialdien zirriborrorik ezta berau negoziatzeko bileraren hitzordurik ere. Heziketa Bereziari dagokionez, Hezkuntza laguntza espezialisten, Fisioterapeuten, Okupazio terapeuten, Zeinu-hizkuntza interpreteen, Transkriptoreen eta Gizarte langileen deialdiak negoziatu behar dira.

Hezkuntza Saila, LEParen eskaintza negoziatzerakoan erakutsi zuen negoziatzeko borondate eskasa erakusten ari da oraingoan ere. Bere aldetik, LAB, kolektibo hauetan lan esperientzia erabakitzailea izateko eta kolektibo bakoitzaren ezaugarriei egokitutako deialdia edukitzeko borrokatuko da. Hezkuntza Sailari argi adierazi nahi diogu langileok gai honetan ere zer esana badugula.

Heziketa Berezian egindako azkenengo Lan Eskaintza Publikoak aspaldi izan dira: Hezkuntza laguntza espezialistena 2008an egin zen, Fisioterapeuta eta Okupazio terapeutena, 2002an, eta Transkriptoreena, 1989an. Zeinu hizkuntza interprete eta Gizarte langileenak, aldiz, ez dira inoiz egin.

Administrazioak urte luze hauetan kontratazioan egin duen iruzurra epaitegietara eraman du LABek. Alde batetik, obra eta zerbitzuengatik egiten zituzten kontratazioak behin eta berriz errepikatzen zirela salatu dugu, eta epaitegiek langile horiei mugagabe ez-finko izaera aitortu diete. Bestalde, azkenengo LEPa gainditu eta oraindik behin-behinekotasunean dauden langileen egoera salatu dugu, eta epaileek finko izendatu dituzte azken hauek.

Gauzak horrela, Bilboko Hezkuntza lurralde ordezkaritzan atzo egin genuen elkarretaratzean, berandu baino lehen deialdiak negoziatzea aldarrikatu dugu.

Ezker independentismotik krisi ekosozialari eman beharreko erantzunaz aritu gara EH Bildurekin

LAB sindikatuak eta EH Bilduk bilera egin dugu gaur Gasteizen, Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa aztertu eta eman beharreko erantzunaz aritzeko. Honako hauek osatu dute LABen ordezkaritza: Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra, Izaskun Garcia antolakuntza arduraduna, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduraduna eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramailea.

Bi aldeak bat etorri gara ezker independentismoak krisi ekosozialari aurre egiteko Euskal Herritik Euskal Herrirako iniziatibak hartzearen garrantzian, areago ikusita 78ko Erregimenak eta alderdi politiko sistemikoek ez dutela eredu sozioekonomikoa aldatu eta ez dutela langileen aldeko politika publikoak sustatzeko ez gaitasunik, ezta borondaterik ere.

LABen iritziz, borroka sindikal eta sozialak ezinbestekoak dira langileen aldeko lorpen zehatzak eskuratzeko, eta Euskal Herrian sakoneko eredu aldaketa baterako baldintzak sortzeko ere bai. Era berean, aldaketa politikoak beharrezkoak dira euskal langileen egoerari egiturazko erantzunak emateko, bi zentzutan: batetik, egungo eskumenak baliatuta bestelako politika publikoak indarrean jarriz; eta bestetik, afera sozioekonomikoen inguruan erabakiak hartzeko euskal instituzio eta eragileen ahalmena handituz.

Ildo honetan, TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTARAKO eta ONDASUNAREN BANAKETArako LABen proposamena aurkeztu diete sindikatuko arduradunek EH Bilduko ordezkariei. Lau atal ditu proposamenak:

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital Errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzearekin bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatzen dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa” da puntu honetan goiburu nagusia.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmentzen dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

LABen proposamenaz ez ezik, EH Bilduk aurkeztu duen Ongizate Itunerako Proposamenaren inguruan ere aritu gara eta sindikatuaren iritzia helarazi diegu. EHBilduk eta LABek defendatzen ditugun neurrien artean, ondasunaren banaketaren beharraz, krisi ekologikoari eman beharreko erantzunaz, zerbitzu publiko sendoen beharraz edo zaintzaren garrantziaz aritu gara. Laburbilduz, eragile bakoitzak bere aldarrikapen propioak dituen arren, bat etorri gara krisi testuinguru honetan errotiko aldaketak behar direla esaterakoan, eta adostasunak agerikoak izan dira, aktibazioa sozialaren garrantzia eta ezinbestekotasuna nabarmentzerakoan ere.

Eragile bakoitzaren ikuspegi eta ildo propioa aintzat hartuta, eta zenbait gaietan jarrera desberdinak izanda ere, bat gatoz, beraz, —eta horrela baieztatu ahal izan dugun bileran— Euskal Herriko esparru sindikalaren, sozialaren eta politikoaren artean sinergiak elikatzea, ortzimuga komun bat irudikatzea eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista baterako ibilbide partekatua sustatzea beharrezkoa dela diogunean.

Etxebizitza eskubidearen alde eta turistifikazioaren aurka ari gara Donostian, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileak mobilizatzen ari gara, bizitzaren garestitzearen aurka, “Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean. Dinamika mobilizatzaile horren baitan, urrian egindako hitzaldi eta azoka gardenen ostean, etxebizitza eskubidearen aldeko mahai ingurua egin dugu gaur Donostian, eta, arratsaldean, Gipuzkoako hiriburuan ere, protesta egingo dugu 18:30ean, udaletxe aurrean. Etxebizitza eskubidearen alde eta turistifikazioaren aurkako ekimena izango da.

Kartaren dinamika mobilizatzaile honek azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditugun manifestazioetan izango du puntu gorena.

Igor Arroyo: “Lan erreforma ez omen da hain historikoa arazoek mahai gainean jarraitzen dutenean”

Igor Arroyo koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dute Radio Euskadin, “Boulevard saioan”, aktualitateko gaiak ardatz. Langabeziaren datuak iritsi dira gaur, eta, horri buruz galdetuta, datuak datu, oso egoera larrian gaudela nabarmendu du. Inposatutako lanaldi partzialak, soldata arrakala, kontratazio mugagabe eskasa eta lan baldintzen prekarizazioa nagusi direla salatu du. “Lan erreforma ez omen da hain historikoa arazoek mahai gainean jarraitzen dutenean”, adierazi du.

Igor Arroyoren hitzetan, “politika orokorreko eztabaidan, Urkulluk zioen ekaitza datorrela, baina hau ez da fenomeno meteorologiko bat, erabaki politikoen ondoria baizik”.

Bizkaiko metalgintzako lan gatazkari buruz galdetuta, azpimarratu du langileen aldarriak oso oinarrizkoak direla; eros-ahalmena bermatzea, besteak beste. “Ez dugu soldata galera gehiago onartuko”, esan du. Beste aldarri batzuk ere defendatzen ditugula jakinarazi du: azpikontratatutako langileen enplegua bermatzea eta emakumeekiko soldata arrakalarekin amaitzea, besteak beste. Egunotako hiru greba egun arrakastatsuen ondoren, pilota FVEM patronalaren teilatuan dagoela aipatu du: “Bere jarrera aldatu ezean, mobilizazio fase berri bati helduko diogu”.

Langabezia ezin da modu isolatuan aztertu: bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da

Hego Euskal Herriko langabezia datuak aztertzen baditugu, langabezia %0,1 igo da aurreko hilabetearekiko, aldiz, %5 jaitsi da pasa den urtearekiko. Jaitsiera Araba Eta Gipuzkoan izan duen bitartean, Nafarroa eta Bizkaian zertxobait igo da.

Nafarroari dagokionean, gazteen langabeziaren gorakadan jarri behar dugu arreta; izan ere, pasa den hilabetearekiko %4,8 igo baita 25 urtetik beherakoen langabezia.

Sexuen arabera, urte arteko datuei erreparatuz, gizonezkoen langabezia %7,3 jaitsi da, emakumezkoen artean %3,3a besterik jaitsi ez den bitartean. Pasa den hilabetearekin alderatuz, ordea, gizonezkoen langabezia igo egin da, emakumeena jaitsi den bitartean. Ez gaude joera baten aurrean, baizik eta lan-merkatu ezegonkor baten aurrean, non gazteak edo emakumeak eskulan merkea diren kapitalarentzat, sektore prekario edota aldi baterako enpleguak betetzen.

Enplegua modu nabarmenean ez da suntsitzen ari. Hala ere, enpleguaren kalitatean eta egungo krisi ekosoziala insituzioetatik abordatzen ari diren modu ez-nahikoan jarri behar dugu arreta.

Batetik, enpleguaren kalitatea lehen mailako kezka iturri da sindikatu honentzat. Eskuartean ditugun datuekin lan eta bizi baldintzen prekarizazioa eredu honen konstante bat dela berresten dugu: emakumeon soldata arrakala egiturazkoa dela, jornada partzialak handitzen ari direla, kontratu mugagabeek ez-nahikoak izaten jarraitzen dutela edota gazteek etorkizuneko bizi proiektu bat eraikitzeko baldintza materialak eskuratzeko ezintasuna dutela. Lan erreformak langileon lan baldintzak hobetuko zituela saldu zen Madriletik, baina argi dago erreformak ez dituela helburuak bete eta patronalaren aurrean mobilizatzera behartuak gaudela.

Era berean, egungo testuinguru sozioekonomiko ezegonkorrean langabezia datua ezin da modu isolatuan aztertu ezta interpretatu ere. Izan ere, egoera prekarioan bizi diren langileak gero eta gehiago dira. LABek datozen egunetan aurkeztuko duen azterketaren arabera, inaktiboak diren langileak, langabezian daudenak edota 1.400 euro baino gutxiagoko diru sarrerak jasotzen dituztenak kontutan hartuz.

Bestetik, kronifikatzen ari den prekaritate eta pobrezia egoerari aterabide justua emateko, ezinbestekoa da instituzioetatik ere egoera abordatzea. Politika publiko ausartak behar ditugu erabaki politikoen ondorioz sortu den krisi ekosozialari aurre egiteko. Eremu politikoan ere gehiengo berriak eraiki behar dira egoera eraldatuko bada.

Emergentzia sozialeko egoera honetan, langileok ezin gara zain egon eta mobilizazio sindikal zein soziala ezinbestekoak dira. Zentzu horretan, LAB sindikatua borroka ziklo berria artikulatzen ari da, langile guztiekin eta langile guztientzat.

Kalitatezko hezkuntza-sistema bermatuko bada Nafarroan, ezinbestekoa da ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra

Sistema publikoa eraisteko ahalegina, tamalez, egiazkoa da, eta, Foru Administrazioaren gainerako arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntzan ere zerbitzu publikoen kalitatea kaltetuko duten murrizketen garaia datorrela ikusten dugu. Baina, aldi berean, jaiotza-tasaren beherakadak aukera paregabea eskaintzen digu hezkuntza-kalitatean eragin zuzena izango lukeen ratioen jaitsiera aplikatzeko. Hezkuntza sektoreak ere, zerbitzu publiko orok bezala, kalitatea eskaini behar duela aldarrikatzen du LABek, eta hori ikasle guztien beharrak erdigunean jarriz lortuko da.

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitaterako Itunak, egun, honelako ratioak (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) ezarriak ditu: 25 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzan, 30 Bigarren Hezkuntzan eta 33 Batxilergoan. Jaiotza-tasaren beherakadak ez dakarkio aurreikuspen onik ikastetxe askori: talde gutxiago, ikasgelen itxiera eta irakasleen galera. Horregatik, kalitatea eta lanpostuak mantenduko badira, ratioak benetan eta modu eraginkorrean jaitsi behar dira.

Era berean, ratioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango luke ikasleen aniztasunari eskaintzen zaion arretan. Kontseilariari askotan entzun izan diogun kontzeptua da hori, harrotasunez beterik botatzen duena, baina egiazki, beharrezko diren baliabideak jartzen ez diren bitartean, praktikara eraman ezin dena. Premia bereziak dituzten ikasleek hainbat espezialistaren (PTak, orientatzaileak…) laguntza erreal eta inklusiboa behar dute; arreta ia guztia halako gainzama duten hezkuntza-laguntzako espezialisten bizkar utziz gero, ezin da aurrera egin, eta hori da gaur egun gertatzen dena. Iritsi da ordua Departamentuak hainbatetan errepikatu dituen edukirik gabeko hitz hutsak alde batera utzi eta behingoz ikasleen aniztasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Gaur egun irakasleek pairatzen duten zama burokratikoa ere ezin dugu ahaztu, ikasleei behar bezalako zerbitzua emateko enegarren traba baita. Egun, baina bereziki LOMCE indarrean sartu eta ikastetxeetan lehenbailehen aplikatzeko agindua jaso genuenetik, irakasleek gero eta denbora gehiago eskaintzen diegu lan burokratikoei (nahiz eta askotan espedientea betetzeko baino ez izan), eta gutxiago irakasle-lanean aritzeari. Ratioen jaitsierak, beraz, ikasleentzako zuzeneko arreta hobetzea ekarriko luke, nahiz eta egungo karga burokratiko handiegia, kasu askotan zalantzagarria dena, mantendu.

Azkenik, LABek salatu nahi du irakaskuntzako eskola-orduak Rajoyren gobernuaren murrizketek ezarri zituztenak direla oraindik ere. Duela 2 ikasturte, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egoera hori aldatu zuela saldu zigun, baina egiazki irakasleok bi eskola-ordu gehiagorekin jarraitzen dugu (23+2 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 18+2 Bigarren Hezkuntzan). LABek exijitzen du lanaldiko orduen leheneratzea benetakoa eta eraginkorra izan dadila, tranparik eta amarrurik gabe.

Horregatik guztiagatik, eta jaiotza-tasaren etengabeko beherakada kontuan hartuta, LABek ratioen benetako jaitsiera aldarrikatzen du, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuta (irakasleenak nahiz ez-irakasleenak), aniztasunari benetako arreta eman ahal izateko eta irakasleek beren gain hartu behar dituzten zuzeneko irakaskuntza-lanak eta burokrazia-lanak bateragarriak izan daitezen. Azken batean, ratioen jaitsiera eraginkorra erreibindikatzen dugu, ikasle guztien premiak hezkuntza-sistemaren erdigunean jarriko dituen kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa bermatzeko.

Etxeko langileen lan-baldintzak arautu eta hobetzearen alde lan egiten jarraituko dugu

Joan den asteartean CONFEBASKen aurka etxeko langileen lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren inguruan egindako epaiketaren ondoren, gaur izan dugu epaiaren berri. Auzitegiak ebatzi du, LABek eskatzen duen bezala, etxeko langileen kolektiboak eta sindikatu honek negoziazio kolektiborako eskubidea badutela. Aitzitik, bere ustez, eremu berezia denez, araudia egokitu behar da negoziazio-prozesuan legitimatuta dauden alderdiak zehazteko, eta, beraz, erantzukizuna botere legegileari dagokio.

LABen arlo juridikotik, epai hori aztertu eta harekin bat ez gatozenez, kasazioan Auzitegi Gorena eta dagokion gainerako instantzia judizialetara joko dugula aurreratu dezakegu; izan ere, uste dugu egungo legeria arrunta nahikoa dela etxeko langileen eremua arautzeko, eta legeak ez egokitzeak ezin du eragotzi negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideari bide ematea, nazioarteko legeriak babesten duen bezala.

LABek sektore honetako lan-baldintzak arautzearen eta hobetzearen alde egiten jarraitzen du, eta Euskal Herriko milaka etxeko langileri borrokan laguntzen jarraituko dugu. Sektore honetarako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko bide berriak aztertu eta baloratuko ditugu.

Era berean, ekintza sindikala bultzatzen eta agenda partekatzen jarraituko dugu, sektoreko elkarteekin, herri mugimenduekin, mugimendu feministarekin eta sindikatuekin.

Espainiako gobernua interpelatzen dugu, Errege Dekretuaren arautzean aldaketak eginez etxeko langileen lan- baldintzak honetzeko bere borondatea erakutsi baitzuen. Sektorearekiko erakutsi zuten borondate eta kezka bera beste lurralde batzuetan sektore honek zabaldutako borroken aldeko jarrera izatera eraman beharko litzateke. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu langile kolektibo honekin inplikatu eta benetako konpromisoak har ditzala, kanpo injerentziarik gabe, etxeko langileen lan eskubideak hemen bertan erabaki eta arautzeko, besteak beste.