2026-10-29
HomeEkintza SindikalaOsakidetzak bizkarra ematen dio benetako negoziazioari mahai sektorialeko sindikatuekin

Osakidetzak bizkarra ematen dio benetako negoziazioari mahai sektorialeko sindikatuekin

LABek, SATSEk, ELAk, SMEk, CCOOk eta UGTk gaurko deitutako bilerara ez joatea erabaki dute, Osakidetzak plantillak jasaten dituen arazo larrien konponbidean aurrera egiteko borondaterik ez duela ikusita.

Larunbat honetan EAEko hiru hiriburuetan egindako manifestazio jendetsuek argi eta garbi islatu zuten langileek eta herritarrek gure osasun publikoaren desegitearen aurka egindako aldarria. Hala ere, Osakidetzak itsu eta gor jarraitzea erabaki du, eta egindako eskaerei jaramonik ez egitea. Hala, Mahai Sektorialeko beste bilera bat deitu du gaurko. Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatu guztiak urrian mahaitik altxatzera eraman zituzten arrazoietatik ez da aldentzen deialdia.

Osakidetzako Zuzendaritzak eta Sailburuak ondo baino hobeto dakite zergatik ez diren joan Mahai Sektorialeko bileretara: benetako negoziaziorik ez dagoelako eta existitzen ez den negoziazioa antzeztu nahi dutelako. Ildo beretik, Mahaian berriz ere sindikatuak egoteko bete behar diren baldintzak ezagutzen dituzte ere.

Hala ere, eta hilabete askotan egin duen bezala, Osakidetzak errealitateari bizkarra ematen jarraitzen du, eta gaurko beste bilera baterako deialdia egin du. Bilera horren edukia, berriz ere, ez da sindikatuen eskaeren araberakoa.

Sindikatuek, behin eta berriz, bi gai zehatz planteatu dituzte:

  • Alde batetik, mahaitik Lanbide Garapeneko eredu berriaren azken zirriborroa kentzea, aldebakarreko murrizketa onartezina delakoan. Horrekin batera, negoziazio zintzo, egiazko eta edukidun bat ireki behar da.
  • Mahai gainean proposamen bat jartzea, gatazkan dauden langileen aldarrikapenak beteko dituena, %4ko ordainketari dagokionez. Gogora dezagun Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek 14 greba egun baino gehiago egin dituztela aldarrikapen honengatik.

Bilerako gai-zerrendan ez dago bi gai horietako bat ere. Planteamendu ulertezin baten aurrean gaude Osakidetzaren partetik, kontuan hartzen baditugu Sailburuak larunbat honetan bertan egindako adierazpenak. Sagarduik adierazi zuen Osakidetzaren arazoa ez dela dirua. Hala ere, ez ditu jorratu nahi soldata-edukia duten bi gai hauek. Profesionalek Osakidetza saihestea eragiten duten lan-baldintza txarrak arazo larri bat dira.

Aldi berean, eta hauteskunde sindikalei dagokienez, Osakidetzak uko egin dio bilera egin aurretik sindikatuei hauteskunde-eremuen proposamena emateari, berariaz eskatu arren. Dokumentua mahai sektorialean bertan aurkeztu nahi izateak beste asmo bat adierazten du, gai honen negoziazioaz haratago doana; are gehiago, kontuan hartzen badugu dokumentu hori dela aldez aurretik bidali ez den bakarra. Gai-zerrendako gainerako gaiei buruzko dokumentu guztiak erantsi dira, hau izan ezik.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuentzat, une honetan ez dira ematen Mahai Sektorialeko bilerara joateko beharrezko baldintzak, Osakidetzak bizkarra ematen baitio benetako negoziazioari, akordioak lortzeko inolako borondaterik erakutsi gabe.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....

Gipuzkoako esku-hartze sozialean negoziazioari bide eman behar zaiola aldarrikatzeko atera gara kalera

Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileek beren aldarrikapenak barnebilduko dituen hitzarmena aldarrikatzeko manifestazioa egin dute Donostian. 10 hilabete pasa dira negoziatzen hasi zirenetik, eta Hedatzen patronalak negoziazioa blokeaturik dauka.

Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek atea itxi dio plataforma bateratuari, eta eskubide murrizketei eusten die

Patronalak sindikatuek planteatutako hobekuntza guztiak baztertu ditu, eta otsaileko proposamenean jasotako atzerapausoek bere horretan segitzen dute. LABen ustez, plataforma bateratua aurkezteko eskakizuna negoziazioa blokeatzen jarraitzeko aitzakia izan da.