2026-01-05
Blog Page 281

Proposatu dugu Bizkaiko egoitzetarako gutxieneko langile-ratioa lau egoiliarreko zaintzaile bat izatea

Egoitzen egoera jasanezina da langileen baldintzei eta zerbitzuaren kalitateari dagokienez. LABek egoera horren erantzule egiten ditu adinekoen zaintzaren eredu merkantilista inposatzen dutenak: Bizkaiko Aldundia eta sektoreko enpresak. Gaur, greba eguna egin du LABek Bizkaiko egoitzetan, eta baita kontzentrazioa ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Egungo gehiegizko ratioak salatu ditu, zaintzaile batek 15 egoiliar artatu behar baititu, eta ratioen inguruko bere proposamena aurkeztu du. Bihar ere greba eguna egingo du LABek eta 11:00etan mobilizatuko dira Bilboko IMQ Igurco Zorrozgoiti egoitzaren aurrean.

Egoitzen pribatizazioaren ondorioetako bat langileek egunero jasan behar izaten dituzten ratio ankerrak dira: pertsona bat 10 minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea, gauean 30 edo 35 egoiliarren ardurapean egotea, langile bakar bat 15 pertsona oinarrizko jardueretan zaintzen saiatzea. Egiten ez diren edo berandu egiten diren pardel-aldaketez ari gara, lesioak eta zauriak saihesteko jarrera-aldaketez, gizatasunaz ari dira langileak, euren lana ondo egiteko aukera ematea eskatzen dute. Administrazio Publikoak gaur egun ezartzen dituen eta enpresek poltsikoak betetzeko erabiltzen dituzten ratioek oso larriki hondatzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna. Bizkaiko egoitzen eguneroko egoera oso gogorra da.

LABen ustez, egoera horren erantzuleak administrazio publikoak dira, bai Eusko Jaurlaritza bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta erantzukizuna beren gain hartzea eta egoera horri irtenbidea ematea eskatzen dugu.

Egungo ratioen aurrean, LABek gutxieneko ratioen proposamena argitaratu du, egoitzen egoera gizatiartu dadin. Besteak beste, neurri hauek proposatzen ditugu:

–  Gaueko ratioa 2 gerokultore/zaintzaile izatea 15 egoiliarreko.

–  Eguneko ratioa gerokultore/zaintzaile 1ekoa izatea 4 egoiliarreko.

–  Erizaintza-zerbitzua 24 orduz egotea, eta gutxienez erizain bat 16 egoiliarreko.

Neurri horiek hartzeko, Aldundiaren eta enpresen borondatea baino ez da behar. Adibidez, 4 egoiliar bakoitzeko zaintzaile batek 3.300 lanpostu berri sortuko lituzke, eta Aldundiak 24 euro inbertituko lituzke eguneko egoiliar bakoitzeko. Egoitzetako langileok grebak egiten ari gara gure baldintzak hobetzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta ratio duinak gure borrokaren zati handi bat dira. LABek Foru Aldundia eta sektoreko patronalak interpelatzen jarraituko du. Argi dago ratioaek hobera egin behar duela, eta horregatik aurkezten dugu gaur proposamen hau. Gizarte osoa animatzen dugu gure borroka babestera eta mobilizazioetan laguntzera.

Hona hemen ratioen gure proposamen osoa:

Datozen egunetan, bilera bat eskatuko dio LABek Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuari, proposamen hori emateko. Izan ere, LABek uste du proposamen baliodun bakarra dela langileen nahiz erabiltzaileen eta haien familien duintasuna bermatzeko.

Aktiboki parte hartuko dugu Euskaraldian eta berresten dugu urtean zehar ere lan mundua euskalduntzeko konpromisoa

LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua, Euskaraldia dela eta:

Urteak dira LAB eta ELA sindikatuek Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera abiatu zutela lankidetza ildo iraunkorra. Azken hileotan administrazioa euskalduntzeko proposamena aurkeztu dute, administrazioaren jarduera eta barne funtzionamendua albait arinen euskalduntzeko. Eta Nafarroan, ofzialtasunaren aldarria erdigunean kokatzeko politkoki eragiteko bideak zabaltzen ari dira.

Orain dela bi urte, eragileok eskatu zuten 50 langiletk gorako enpresetan, lanbidearteko akordioaren bidez, euskara planak bultzatzeko neurria; alegia, enpresak edo langileek eskatuta euskara plana gai ordenean jartzeko konpromisoa protokolarizatzea.

Izan ere, norbanakoak euskalduntzea bezain garrantzitsua da espazioak euskalduntzea. Bide motza luke norbanakoak euskalduntzeak, horren ondoren, norbanako horiek euskara erabiltzeko espazio erosoak izango ez badituzte.

Euskararen erabilera erosorako eremua izan beharko du lantokiak eta, norabide horretan, bultzatuko dute Ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea. Ondorioz, LABek eta ELAk 50 langiletk gorako enpresetan dituzten delegatuen bidez, langileen artean konpromiso proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiete, euren inplikazioa eskatzeko. Halaber, konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dute bi sindikatuek.

Euskaraldiaren ondoren, ezinbestekoa da euskaldunok euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzeko urratsak egitea. 150 enpresa baino gehiago identfkatu, eta ordezkari sindikalon bidez dinamikak sortuko dituzte lantoki horietan, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeari begirako neurriak har ditzaten: euskara planak abian jarriz, Bai Euskarari Ziurtagiaria hartuz, euskara batzordeak sortuz, zein diagnostkoak eginez. Gainera, horretarako, Euskaraldiaren testuingurua baliatuko dute, bai eta bertan sortuko diren Ariguneak ere.

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, eta LAB eta ELA sindikatuek parte hartuko dute ekimenean. Eguneroko harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatu nahi dute. Horregatk, Euskaraldiak dirauen bitartean, ahozko kanpo- komunikazio konfederala euskara hutsean egingo dute, eta abian dituzten borroka sindikalak proiektatzerakoan, borroka horien protagonista diren delegatu eta langileekin lanketa egingo dute Euskaraldiari atxiki eta aktboki ahobizi eta belarriprest izan daitezen.

Denborak arrazoia eman digu: ArcelorMittaleko euskal marko propioa behar dugu

Hilabeteak igaro ahala, gero eta garbiago gelditzen ari da urteetan aldarrikatu dugun Euskal Herriko marko propioa dela langileontzako baldintza duinak adosteko aukera bakarra.

LABen urteak daramatzagu euskal marko propio baten aldeko borrokan, hemen lan egin eta hemen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen. Horretarako ezinbestekoa zaigu bertara begiratu eta tokian toki borrokatzea.

Aski ongi dakigu marko estatalak zein paper jokatzen duen, Asturiaseko interesei erantzutea bakarrik, Euskal Herriko lantegien arazoei inongo erantzunik eman gabe eta azken urteetan, ezta hori ere. Azken adibideak dira aplikatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientea eta, enegarren aldiz, akordio markoaren blokeo egoera, zeinaren ondorioz plantetako hitzarmenak negoziatzea erabat oztopatzen den.

Honen guztiaren aurrean, eta bizi dugun inflazio eta ezegonkortasun egoera dela eta, enpresak irabazi historikoak dituen bitartean, aipatutako aldarrikapenak inoiz baino garrantzia eta zentzu gehiago hartzen du, ez dugulako ezer berririk esaten Euskal Herrian lan baldintza duinak borrokatzeko gaitasun gehiago dugula esaten badugu, eta hori ArcelorMittalek aski ongi daki. Horregatik, UGT eta CCOOren konplizitatearekin, akordio markoaren aitzakia erabiliz, Euskal Herriko lan zentro desberdinetan irekita dauden negoziaketak blokeatzen ari da.

Horren harira, mezu bat garbi utzi nahi diogu ArcelorMittali, blokeatze hori amaitu da, Euskal Herriko markoa ez badute onartu nahi, lan zentroz lan zentro ofentsibara igaroko gara. Langileok ezin dugulako gehiago zain egon; hemen lan egin, hemen erabaki.

Beste hamar egunez luzatuko dute greba Gipuzkoako TAO zerbitzuko eta garabietako langileek

Beste hamar egunez luzatuko dute greba Gipuzkoako TAO zerbitzuko eta garabietako langileek, azaroaren 17 eta 27 bitartean. KPIari lotutako soldata igoerak bermatzea eta urtean 1.592 lanordu izatea dira aldarrikapen nagusiak.

N-121-A errepideko lanekin jarraitu du enpresak Donezteben, metro gutxira hildako langilearen hilotza zegoen bitartean

Azaroaren 16 honetan beste lan istripu hilgarri bat jasan dugu Euskal Herrian, aurten kapitalismoak hildako 67. langilean hain zuzen, 19.a Nafarroan. Donezteben, N-121-A errepidean, Nafarroako Gobernuaren promoziopean egiten ari diren obretan hil da langilea, zapalgailu batek harrapatuta, asfaltatze lanak egiten ari zen bitartean. 

Lehenik eta behin gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu senide, lagun eta lankideei. Kapitalismoak eragindako beste laneko heriotz bat, beste famili bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jeiki eta ez etxera itzuli.

Lan osasun ikuspegitik ulertezina da gaur egun edozein obratan eta gehiago promozio publikoko obra batean horrelako istripuak ematea. Obretako arriskuek koordinatzaile eta errekurtso prebentiboaren figura arautua exigitzen dituzte. Honela, inongo momentutan ezin zaio langile bati rodilora edo edozein gailu mugikorrera hurbiltzen utzi, horretarako daude figura hauek eta finkatutako lan osasuneko protokoloak. Araudiak argi dio patronalak guztiaren gainetik bermatu behar duela lan osasun sistema integralaren funtzionamendua eta bermeak eskeini. Zer esanik ez promotorea Nafarroako Gobernua bera denean. Bistan da, neurriak ez direla hartu.

LAB sindikatuko kideak obrara bertaratuta konprobatu ahal izan dugu, langilearen hilotza lurrean zelarik enpresak ez duela obra gelditu nahi izan eta 100 metrotara makinek lanean jarraitzen zutela, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

Chiviteren gobernuaren promozioko obra honetan espero dugu oraingoan azalpen luze eta zabalak eskeiniko dituela. Era berean akatsak azpimarratu eta ardurak argituko dituela. Behingoz, patronalari lan osasuneko betebeharrak betearaziko dizkiola alegia.

Bide batez, LAB sindikatutik datozen mobilizazioetan parte hartzera dei eginten zaituztegu.

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Jaurlaritzaren aurrean, Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna adierazteko

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratzea egin dugu gaur Donostiako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean. Hona hemen ohar bateratua:

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, beraien eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dute adostua. Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da.

Sindikatuek, Hezkuntza sistemako langile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte, balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.

Horrela, bereziki datorren Azaroak 30erako eta Abenduak 14rako deitutako greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete, adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak gera daitezen. Era berean, ikastetxeetan mobilizazioekin bat egin dezaten, Azaroaren 18an sarrera eta irteeratan konzentrazioak egin eta argazkiak ateratzera gonbidatzen dituzte.

Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula partekatzen dute.

Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.

Legean jaso beharreko aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.

4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.

6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

Hego Euskal Herriko bi langiletik batek ez dauka diru-sarrera nahikorik

Ondasuna banatzeko lantokietan nahiz kalean borrokatzearen beharra nabarmendu du LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok, eta azaroaren 19rako Eskubide Sozialen Kartak deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok eta Ipar Hegoa Fundazioko Edurne Larrañagak prentsaurrekoa eskaini dute gaur Donostian, euskal langileen lan eta bizi baldintzen argazkia jasotzen duen “Ikusmiran” azterketa aurkezteko. 

Langileen egoeraren inguruko hainbat datu

Hego Euskal Herriko langileen prekarietate tasa orokorraren berri eman du Larrañagak: 25 eta 64 urte arteko herritarren %53,52a egoera prekarioan bizi da, lan duinik gabe eta diru sarrera ez-nahikoekin. 

Multzo honetan, egoera ez-aktiboan daudenak, langabezian dauden langileak eta 1.400 euro baino soldata txikiagoa dutenak bildu ditugu. 812.068 herritar dira osotara, atzean egon daitezkeen familia edo etxebizitza unitateetako kideak kontutan hartu gabe. Era berean, azpimarratu behar dugu 812.068 herritar horietatik 198.000 direla etxeko lanetan jarduten dutenak (beraz, gehienak emakumeak).

Zoritxarrez, zifra hau urtez urte handitzen ari da, 2021ean baino 48.668 herritar gehiago baitaude egoera prekarioan. 1.400 euro azpiko soldata jasotzen duten langileen multzoa da gehien handitu dena (45.600 gehiago). 

Prekaritatearen argazki honi pentsiodunen egoera gehitu behar zaie. Izan ere, Hego Euskal Herriko pentsiodunen %34,2ak 1.000 eurotik beheragoko pentsioa jasotzen baitu. 

Egiturazko argazki honekiko kezka biderkatu egiten da, ordea, nagusitzen diren edo iadanik nagusitu diren joerak aztertuz. Generoaren araberako soldata arrakala da horietako bat. Bi datu adierazgarri:

  • Emakumeen batezbesteko soldata, batezbesteko soldata baino 3.171 euro baxuagoa izan zen 2020ean.
  • 1.000 eurotik beherako pentsioa jasotzen duten 3tik 2 (%66,7a) emakumezkoak dira .

Amaitzeko, historikotzat saldu zen lan erreformaren ondotik, enpleguaren egoera ez dela hobetzen ari berresten dute datuek: 

  • Kontratu finkoen artean, orain arte ez bezalako etete kopurua ematen ari da: proba aldia ez gainditzeagatik, bajen tasa hirukoiztu egin da.
  • Hego Euskal Herriko behin behinekotasun tasa Europar Batasuneko handienetakoa da,  %24,5ekoa, EBko batez bestekoaren (%14,5)  gainetik.

Igor Arroyo: lantokietan eta kalean ondasunaren bidezko banaketaren alde borrokatu beharra dago

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren esanetan, lan eta bizi prekaritatea hedatzen ari da eta euskal instituzioak beste alde batera begiratzen ari dira: “Urkullu eta Chivitek diote ziurgabetasun handiko garaiak datozela. Baina izan baditugu hainbat ziurtasun. Lehenik eta behin, enpresen irabaziak erdigunean jarri dituen eredu neoliberala bidegabea ez ezik gero eta bideraezinagoa dela. Bigarrenik, baliabideak mugatuak izanik, datozen urteotako eztabaida nagusia hauxe da: baliabide horiek nola banatuko diren, nola egingo dugun trantsizio ekosozial justu bat”.

Arroyoren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren politika publikoek orain arteko ildoari jarraitzen diote: “Europako herrialde desberdinetan ekonomian gaineko esku hartze publikoa areagotzeaz eta enpresariak gehiago zergapetzeaz mintzo diren bitartean, Euskal Herrian ez da horrelakorik planteatzen”.

Bi arrazoi daude horren atzean: lehenengoa, Hego Euskal Herrian dagoen autogobernuaren garapen desorekatua: enpresarien mesederako politikak egiteko eraginkorra, baina langileen aldeko neurriak hartzeko erabat mugatua. Ildo honetan, Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa aldarrikatzen ditu LABek. Bigarren arrazoia, autogobernu mugatu hau kudeatzen duten alderdi politikoen borondate falta: Patronalak zehazten die agenda. 

Testuinguru honetan, borroka sindikal eta sozialak areagotzeko beharra nabarmendu du Arroyok. Lantokiei dagokionez, Patronalaren itxikeriaren aurrean, langileek greba eta mobilizazio ugari egiten ari dira, bai historikoki sindikalizatutako eremuetan baina baita sektore berrietan ere. Ildo honetan, sektore feminizatuetan hitzarmenak berritzeko, etxeko langileen lehen hitzarmena sortzeko edota Amazoneko langileen lan baldintzak arautzeko LABeko militantzia egiten ari den lana azpimarratu du: “Borroka hauek guztiak ondasuna banatzeko borrokak dira, langile orori bizi baldintza duinak bermatzeko borrokak”.

Arlo sozialari dagokionez, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko mobilizazioen beharra plazaratu du Arroyok. Ildo honetan, azaroaren 19an Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Eskubide Sozialen Kartak  â€śPobretzeari STOP! ¡Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. 

LABen proposamena: TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTA eta ONDASUNAREN BANAKETA

Krisi ekosozialari erantzuteko, LABek lau atal nagusi dituen proposamena aurkeztu die hala Hego Euskal Herriko bi Gobernuei nola Kontseilu Ekonomiko eta Sozialei.

Lehenik eta behin, enplegu, zaintza lanak eta aberastasunaren bidezko banaketa, hala enplegu politikaren bidez (besteak beste, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarri, erosmen ahalmena bermatu, arrakala ororekin amaitu eta 30 orduko lanaldia ezarriz) nola zerga politikaren bidez (Kapital errenten eta Elkarteen gaineko zergak indartuz).

Bigarrenik, herritar orori zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurriak, hala nola, osasuna, zaintza, garraioa, etxebizitza, pentsioa edota energia. Eremu hauetan esku hartze publiko sendoa eskatu dugu, oligopolioen mesederako pribatizazio politika ororekin amaituz.

Hirugarrenik, Patronalari negozioa egiten ahalbidetuko dion “kapitalismo berdea”ren iruzurraren ordez, langileon parte hartzeaz bideratutako trantsizio ekosozialista abian jartzea eskatu dugu. “Gehien kontsumitzen dutenek gehiago murriztu beharko dute euren kontsumoa”.

Azkenik, euskal instituzioek dituzten eskumenak erabiltzearekin batera, estatu tresnak eskuratzeko premia nabarmendu dugu, hala nola, Euskal Gizarte Segurantza edota Euskal Lan Kodea.

FVEMek berriro alferrik galdu du metalaren negoziazioan aurrera egiteko aukera

LAB, CCOO eta UGT sindikatuon oharra, gaurko mahai negoziatzailearen harira:

Gaur Bizkaiko metalgintzako negoziazio-mahaiaren 17. bilera egin da, azaroaren 28tik abenduaren 2ra arteko greba-deialdiaren osteko lehenengoa hain zuzen ere. Aurreko bileran gehiengo sindikalak planteatutako gaiak aztertzeko prest dagoela adierazi arren, FVEM esku hutsik etorri da gaur. Jarrera immobilistari eutsiz, FVEMek CCOO-LAB-UGTri akordio batera iristeko ezer ez egitea egotzi die.

Urriaren 27an eta 28an eta azaroaren 2an grebara atera ziren sektoreko milaka langileren babesa sentitzeak dakarren erantzukizunarekin, gehiengo sindikalak bi mugimendu egin ditu FVEMen erreakzioa eragiteko helburuarekin. Hala eta guztiz ere, patronala mahaitik altxatu da, sektoreko 55.000 langileei eskaintzeko ezer berririk gabe.

Gehiengo sindikaleko indarrok gure jarrerarekin aurrera jarraitzen dugu, argi utziz, ez dela normaltasunik egongo hitzarmenik ez dagoen bitartean. Beraz, negoziazioari muzin egin gabe, greba-egunak garatzen jarraituko dugu.

Hurrengo bilera azaroaren 21ean izango da. FVEMek hitzarmen bat nahi badu, bilera horretan frogatu beharko du, akordio batera hurbilduko gaituzten proposamen eta eduki ausartak mahai gainean jarriz.

Arabako ardogintzan mobilizazioa beharrezkoa izango da eduki duinak lortu nahi baditugu

Hilabeteak aurrera doaz, bilerak bezala, eta akordiotik oso urrun jarraitzen dugu Arabako ardogintzan. Gaur egin den hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bileran, soldata igoerei dagokionez aldaketatxo batzuk eman dira, baina oraindik ez da langileon eros ahalmena bermatzen. Adibide gisa, 2022rako %4,5eko igoera proposatu da, 2021eko KPI %6,5ean itxi zenean, 2023rako %3koa, 2022ko KPI %7,3an dagoenean. Gainera ez dago, beste hitzarmen sektorialetan ez bezala, KPI berrikuspenik iraunaldiaren bukaeran.

Gainontzeko edukien inguruan galdetuta, ez dago erantzunik. Hau da:

– Jardunaldiari dagokionez, hamarkada luze bat baino gehiago pasa bada ere, ez dago jaisteko proposamenik.

-Lan istripu edo lan gaixotasunei dagokienez, osagarriak berdin jarraitzen dute. Gogoratu behar dugu,240 egunera daudela osagarriak araututa, eta honek esan nahi du istripu larri bat izan ondoren (8 hilabete bajan ematen badira istripu baten ostean, larria behar du izan), langileak gainera bere eros ahalmena txikitua ikusiko lukeela. OSALANen datuak aztertuta, azken 2 urteak kontuan hartzen baditugu soilik 2 istripu izan dira larriak, eta honek ez luke eragozpena izan behar hitzarmenaren akordioa erdiesteko.

-Kontratazioari dagokionean, patronalak 6 hilabetetik urtebetera luzatu nahi ditu kontratu tenporalak, eta ez ditu aldizkako finkoak arautu nahi.

Honen aurrean, LABetik argi dugu mobilizazioan koska bat igotzeko garaia dela. Horrela, azaroaren 17an, osteguna, Batzar Nagusietara joko dugu sektoreko langileon egoera batzarkideei azaltzera, eta beren konpromiso publikoa adieraz dezaten eskatuko diegu. Bestalde, abenduaren 1eko mobilizazioaz gain, beste mobilizazio batzuk adosten ari ditugu CCOO eta UGTrekin osatzen dugun Intersindikalean. Besteak beste, abenduaren 3an, Gasteizen ospatzen den Ardoaraba kontestuan sektorearen aldarria bertara eramatea ere. Baina uste dugu ere hauxe motz geratzen dela, tentsioa areagotu behar dela eta sektorean lan uzteak eta grebak deitzeko unea iritsi dela. Horregatik, gainontzeko sindikatuei hauek antolatzeko proposamena luzatuko diegu.

LABen aldetik edukiak defendatzen jarraituko dugu, baita sektorearen egoerara egokitzen diren mobilizazio eta borroka planteamenduak ere. Arabako Ardogintza Industriako langileek behar eta merezi duten hitzarmena lortzeko bidea aktibazioa dela ziur gaude. Upategiei eta SEAri dei egiten diegu edukiak mahai gainera ekar ditzaten, denbora galtzeari utziaz, oso argiak baitira akordioaren nondik norakoak.