2026-01-03
Blog Page 280

Gurean ere, hitzez ekiteko garaia!

Hemen da Euskaraldia eta LABek arduraz, gogoz eta emozioz ekin dio ariketari. Orain dela 20 baino gehiago LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren lan eta komunikazio hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina bagenuen, erabakiaren ostean EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Eta horretan sakontzen jarraitzen dugu.

Lan munduan, langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatze bidean urratsak eman izan ditugu ere. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak behar ditugu eta horregatik, ELA eta Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, lankidetza iraunkor bat abiatu genuen.

Sindikatu barruan ere lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta sindikatu barruko prozesuetan eta lan munduan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egingo dugu.  

Horregatik, LABek, aurreko edizioetan bezala, Euskaraldiarekin bat egiten du eta horretan eragile aktiboa izatea erabaki du. LAB sindikatuko kideok, urte osoan zehar bezala, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 15 egunez, euskara erein egingo dugu kalean zein lanean, langileok euskararen erabileran hazteko.

“Borroka ere bada ahalduntze kolektiborako eta askapenerako ezinbesteko prozesua emakumeontzat”

Emakume pentsiodunen nazio batzarrean izan gara Gasteizen, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatuta, eta, bertan, Idazkaritza Feministako kide Eli Etxeberriak hartu du hitza.

Sektore feminizatuetan prekaritatea nagusi dela nabarmendu du, eta egungo sistema heteropatriarkala salatu du. “Sistema kapitalistak emakumeok egiten ditugun zaintza lanak behar ditu bizirauteko eta etekinak ateratzeko. Eta sexuaren eta jatorriaren araberako banaketan oinarritutako lan-segregazioaren bidez egiten du”, azaldu du.

Borrokan dauden sektoreak eta euren aldarrikapenak zerrendatu ditu ondoren, eta emaitzak borrokarekin bakarrik lor daitezkeela azpimarratu du: “Baina emaitza bakarrik ez da inportanteena. Borroka ere bada ahalduntze kolektiborako eta askapenerako ezinbesteko prozesua emakumeontzat”.

Sindikatuok mendekuan eta gorrotoan oinarritutako espetxe politika salatu dugu Bilbon

Kartzela politika aldatu eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko helburuarekin 2018ko abenduan hasitako dinamikaren barruan, elkarretaratzea egin dugu LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok Bilbon, “Etxera bidea gertu” lemarekin.

Presoen auzian Fiskaltza eta Audientzia Nazionala jarritako oztopoak eta gauzatutako urraketak salatu ditugu: “Legeak ezarritako bideari oztopoak jartzeko jarrera hau iraganeko egoerara itzultzeko nahiarekin baino ezin dugu lotu, halakorik ezin baita bestelakoan ulertu. Izugarria da 2022. urtean oraindik mendekuan eta gorrotoan oinarritutako jarrerekin jarraitzea”.

Hala, urtarrilaren 7ko manifestaziorako deia egin dugu bertan. “Guk argi dugu, guk elkarbizitza eraiki nahi dugu, eta hori guztion artean egin behar dugu. Salbuespenezko espetxe politika behin betikoz amaitzea nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, hori delako erantzunik eraginkorrena. Horregatik, sindikatuok ere, bide hori eraikitzen laguntzen jarraitu nahi dugu, atzerapausoak onartu gabe. Bidea eraikitzen jarraitzeko, datorren urtarrilaren 7an ere Bilboko Autonomia kalea betetzera deitzen dugu”.

Hitzarmen duin baten defentsan mobilizatu dira Osakidetzak azpikontratatutako langileak

Osakidetzako zentroetan garbiketa zerbitzuko enpresa emakidadunetan aritzen diren langileek haien hitzarmenaren defentsan mobilizazio segida bati hasiera eman diote.

Ia lau urteko negoziazio prozesuaren eta 50 bilera ingururen ostean, begibistakoa da azken hamarkadetan zehar indarrean egon den homologazio printzipioa arriskuan dagoela. Hori dela eta, gaurko enpresa emakidadunekin deituta zegoen bilera berriarekin batera, garbiketa zerbitzuko langileek Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan mobilizatu dira, “Homologazioa ez ukitu!” lemapean, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok deituta.

Bizkaiko metalgintzan izandako errepresioa salatu dugu Gasteizen eta Bilbon

Bizkaiko metalgintzako langileak ordezkatuz, Gasteizko Legebiltzarrean egon gara, eta, bertan, ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilerak egin ditugu. Jaurlaritzak Ertzaintza patronalaren zerbitzurako segurtasun pribatu moduan erabiltzen duela salatu dugu eta metalgintzako greben bidez aberastasunaren bidezko banaketa eskatzen dugula adierazi diegu.

Bestalde, sindikatuok Bilbon mobilizatu gara, eta EAJ eta PSEren egoitzetan idatzi bana erregistratu ditugu, metalgintzako grebetan egon den errepresioa salatuz.

Iruñeko Sagrado Corazon erresidentziako langileek 21 kaleratzeak salatu dituzte

Langileek kontzentrazioa egin dute LAB eta ELA sindikatuon laguntzarekin, Summa Humanitate enpresaren jarrera salatuz. Izan ere, Summa Humanitate enpresak kaleratu nahi ditu, legezko gutxieneko kalte-ordainarekin.

Gaur goizean, Iruñeko Sagrado Corazón egoitzako langileek kontzentrazioa egin dute beren 21 langileen kaleratzea salatzeko, kaleratze kolektiboko EEE baten bidez.

Emakumezko langileek Summa Humanitate enpresaren jarrera kritikatu dute. Izan ere, gutxieneko legearekin indemnizatu nahi ditu enpresak, eta negoziazio-aldia amaitzeko astebete falta denean, txosten ekonomiko bat ere ez du aurkeztu egoera baloratzeko. Eta hori guztia, nahiz eta emakume horietako batzuk erretirotik hurbil egon eta eskatutako kotizazioa ere lortzen ez duten. Halaber, Jesusen Bihotzaren ahizpek ez dutela parte hartu kritikatu dute.

Azkenik, plantillak gogorarazi du Egoitzen Estatuko hitzarmena aplikatzen zitzaiela eta, beraz, Nafarroan egoitzei buruzko lehen hitzarmena lortzeko egiten ari diren mobilizazioen alde agertu da berriro.

Pentsio duinen alde azaroaren 19an mobilizatzeko eta pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko urratsak emateko deia egin dugu

Durangon elkartu da gaur LABeko Heldu eta Pentsiodunen Arloaren batzarra. 120 kidetik gora elkartu dira bertan, horietatik 35tik gora emakumeak. Batzarrean Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak, eta Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak hartu dute hitza, Lan Talde Nazionaleko Joxe Felix Aguilera eta Ane Mendibilekin batera.

Batzar hau estatuko pentsio sistemaren erreformaren azken zatiaren atarian burutu da, eta lehenik azken urteotan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako borroka eta bertaraturikoek berau hauspotzeko egindako lana txalotu dira. Pentsioen eros ahalmenaren galeraren aurrean zein pentsio sistema publikoaren pribatizaziorantz Madrildik eman daitezkeen urratsen aurrean mobilizazioaren garrantzia azpimarratu da, eta azaroaren 19an Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta hainbat sindikatu eta eragile sozialek deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu da.

Horrekin batera, pentsio sistema publiko eta propioaren norabidean urratsak ematearen beharra ere mahaigaineratu da. Batzarrean LABek pentsioen inguruan dituen proposamenak azpimarratu dira: Gizarte Segurantzako Legea, erretiroa 60 urtera aurreratzea, gutxieneko pentsioa 1.260 eurora eguneratzea eta hortik beherako pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea, zein gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio-arrakala ezabatzeko neurriak hartzea. Guztiak LABek aurkezturiko Programa Sozioekonomikoan jasotzen dira.

LAB Helduak eta Pentsiodunak Arloaren erronken baitan bi erronka espezifiko aipatu dira: Alde batetik, datozen hilabeteetan Pentsio Sistema Propioaren inguruan gogoeta espezifikoa egiteko erronkari heltzea, eta bestetik emakume pentsiodunen parte hartzea handitzera bidean, LAB Helduak eta Pentsiodunak arloaren baitako emakumeen sarea indartzea.

Arabako Batzar Nagusietara eraman dugu ardogintza sektorearen aldarria

Gaur, azaroak 17, Arabako Batzar Nagusietan LAB-en bi ordezkarik, CCOO eta UGT-rekin batera, osatzen dugun Intersindikalaren izenean Batzar Nagusietako Nekazaritza batzordean agerraldia burutu dugu. Bertan batzarkideei sektorearen arazoak azaldu dizkiegu, asko hitz egiten ari baikara azkenaldia ardoaren etiketa eta jatorriaz, baino ez delako ezer esaten ari hau dena posible egiten duten pertsonei buruz. Bi arrazoirengatik etorri gara Batzar Nagusietara: batetik, negoziazioetan parte hartzen duen pertsonen aldetik lehen eskuko informazioa emateko, eta, bestetik, negoziazioetan inplikatzeko eskatzeko.

Izan ere, negoziazioa ez da eman beharko lituzkeen fruituak ematen ari, modu artifizialean atzeratuz. SEAk eta ordezkatzen dituen upeltegiek badakite hitzarmen berriaren edukiak non dauden:

• Sektorean lan egiten duten pertsonen erosteko ahalmena bermatuko duten soldata-igoerak.
• Lanaldia jaistea. Hamarkada baino gehiago daramagu jardunaldi berdinarekin. Bada garaia.
• Bajen osagarriak hobetzea.
• Aldizkako kontratu finkoak dituzten pertsonen baldintzak arautzea.
• Berdintasun-planak, lan-osasuna, kontziliazioa, etab.

Ezin dugu onartu Arabako Errioxa parke tematiko batean bihurtzea, eskualdetik kanpoko jendea asteburua ardoen eta upategien artean igarotzeko, eta bertan bizi eta lan egiten dutenak, hori guztia posible egiten dutenak, prekarietatera kondenatuta egoteko. Horregatik, konpromiso argia eskatzen dizuegu, publikoki Arabako Ardoaren Sektoreko Hitzarmenean lan egiten duten pertsonei laguntzeko, lan-baldintza duinak lor ditzaten.

Honenbestez, datorren abenduaren 1ean Oion inguruan burutuko dugun hirugarren martxan parte hartzeko gonbita luzatzen diogu sektoreko langileei, ostalaritzari. Finean Arabar Errioxako biztanleri osoari. Aparte, hurrengo abenduaren 3an, berriro ere Gasteizera ekarriko dugu sektorearen aldarria, data horretan ospatzen den Ardoaraba ekitaldian berau aurrera ateratzen dugun langileok ikus gaitzaten.

Bizkaiko gasolindegietako langileek grebara joko dute abenduaren 1etik 5era

Bizkaiko gasolindegietako langileek grebara joko dute abenduaren 1etik 5era, eros-ahalmena bermatuko duen hitzarmen bat aldarrikatzeko.

Hiru urte daramate negoziatzen, eta, gaur egun, inoiz baino bloketuago daude negoziazioak. Patronalaren (ESTASERBI-CEBEK eta AEVECAR) hitzetan, eros-ahalmena aldarrikatzen jarraitzen badugu, ez dute inongo asmorik gurekin negoziatzeko.

Hiru urte daramate sektoreko langileek soldata igoerarik gabe eta hobekuntza sozialik gabe, eta, bitartean, enpresek geroz eta diru etekin gehiago atera dute. Gipuzkoan eta Estatu mailan eros-ahalmena bermatzen duten hitzarmenak sinatu dituzten arren, Bizkaian greba baino beste aukerarik ez dute utzi.