2026-01-03
Blog Page 278

Euskal Herrian 2022an hildako 68. langilea zendu da Berriobeitin, eta iazko marka berdindu da

Berriobeitiko (Nafarroa) Saint Gobain Abrasivos enpresan 56 urteko langile bat hil da gaur; bere lanpostura sartzera zihoala ondoezik sentitu eta bertan hil da. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta samina adierazi nahi die senide, lagun eta lankideei. Bertzetik, LABek salatu nahi du gaurko hildakoarekin dagoeneko 68 direla Euskal Herrian 2022an lanean edo laneko bidean hil diren langileak. Hartara, 2021eko marka berdindu da.

LAB sindikatuak behin eta berriz salatu du enpresa gehienetan ez dutela betetzen lan osasunerako araudia eta heriotz gehienak lan istripu traumatiko ekidingarriek sortuak direla. Eta gobernuek, Txibiterenak zein Urkullurenak, ez dituzte dagozkien tresnak erabiltzen patronalari araudia betearazteko.
Urtea bukatzeko hilabete falta delarik, argi dago iazko datu latzak gaindituko direla eta horrek hausnarketa sakona egitera garamatza halabeharrez. Sarraskiak bistan uzten du lan osasuna agenda politikoan kokatu behar dela eta egoerak erabaki politiko zintzoa behar duela behingoz norabidea aldatzen hasteko.

Bizkaiko langile klaseak kalean jarraitzen du metalaren hitzarmena berritzeko

Gaur, hilaren 29an, asteartea, zortzigarren greba eguna izan da Bizkaiko metalaren sektorean, aurreko zazpi egunetan bezain jarraipen sendoarekin. Informazio-piketeen ekintza Durangaldean zentratu da, goizeko lehen orduetatik eskualdeko industrialdeak zeharkatuz eta metaleko enpresa guztien ekoizpena kaltetua izan dela eta hauetako gehienek gelditu egin behar izan dutela egiaztatuz.

Goiz erdian, euria egin duen arren, mila lagun baina gehiagok Zornotzako kaleak aldarrikapenez bete dituzte.

Mobilizazioan jarraitzeko erabakia hartu genuenetik, gehiengo sindikalak patronalari eskatzen diogu gogoan har dezala Bizkaiko milaka grebalariak aste honetan zehar zabaltzen ari diren mezua. Aitzakiarik ez, sektoreak eskatzen eta behar duen horretan zentratzeko unea da.

Bihar borroka Hego Uribe Arratia eskualdera eramango dugu eta bertan Ormazabal bisitatuko dugu, Bizkaiko metalaren hitzarmena blokeatzen eta ukatzen duen patronalaren zuzendaritza batzordeko enpresetako bat.

Nafarroako Gobernuak presioei amore eman eta berriz ere Lan Epaitegitik kanpo utzi du LAB sindikatua

1996an, CEN patronalaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean sinatu zen “Nafarroako Lan Epaitegia” eratzeko akordioa; auzitegi horrek hasieratik baztertu du sistematikoki LAB sindikatua. Azken hilabeteetan demokratizatzeko eta berritzeko ireki den aukeraren aurrean, Gobernuak amore eman du CENeko enpresaburuen eta UGT eta CCOO sindikatuen presioen aurrean, ezer alda ez dadin.

Azken hilabeteeotan, Erregimenaren txiringitoa amaitzeko eta apartheid-a gainditzeko bere eskakizun historikoekin bat etorriz, LABek bilerak egin ditu CENekin, UGTrekin eta CCOOrekin, baita Nafarroako Gobernuarekin ere, hamarkadetan zehar jasandako bazterkeriarekin bukatzeko. Hala ere, batez ere CENekoen eta UGTkoen jarrerak zorrotzak izan dira: LABek Lan Epaitegian parte hartzea, bere printzipioei uko egin gabe, onartezina litzateke, bere garaipena eta Elkarrizketa Sozialaren porrota ekarriko lukeelako. Bestela esanda, LAB Lan Epaitegitik kanpo nahi dute eta ez dute onartuko parte hartzea eliteen printzipioak bere egiten ez baditu.

Eskuina Nafarroako erakunde nagusietatik bota zenetik, LAB sindikatuak berretsi eta eskaini die Nafarroako Gobernuei lan-harremanetan aro berri bat irekitzeko aukera.
Uxue Barkosen Gobernuaren garaian, Nafar Lansarerekin gertatu ez bezala, ez zen borondaterik egon finantzaketa publikoa duten gainerako organoak erabat demokratizatzeko. Gainera, Navarra Sumarekin eta PSNrekin batera, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik eliteen kontseilua, Elkarrizketa Soziala izenekoa, indargabetzea eragotzi zuten. Eta Maria Txibiteren egungo Gobernuan ere ez dago inolako borondaterik, iraganeko etapekin dituen loturengatik eta “CEN, CCOO eta UGT sindikatuak ez dira ukitzen” Erregimenaren esaldi horrengatik.

Gobernuraino eta Parlamenturaino iritsi diren presioak

Nafarroako lan harremanak demokratizatzeko bidean edozein aurrerapen eragozteko CEN eta UGTren presioak eta oztopoak maila gorenekoak izan dira; CCOOren inakzioa eta eskuinaren estaldura izan dute lagun, gainera. Parlamentuan sindikatuekin egindako bilkura batean, Bitartekaritzari buruzko Foru Legeari buruz, Navarra Sumaren ordezkaritzak LABi galdetu zion ea sindikatu honentzat beste epaitegi bat sortu behar ote zen, egungo txiringitoa ez ukitzeko. Eta Gobernuak ere bere burua behartuta ikusi du Lan Epaitegian ez sartzera Bitartekaritzari buruzko Foru Legearen proiektuan, nahiz eta Epaitegi horren finantzaketa bere kontura izan.

Langile klaseak eta, oro har, Nafarroako gizarteak ez dute ulertzen eragile horiek oraindik ere iraganeko tresnei eta, batez ere, konponbiderik ematen ez duen eta Nafarroako gehiengo sozialaren bizi- eta lan-baldintzak okertzen laguntzen duen dinamika antzuari eusten jarraitzea.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok manifestazioa deitu dugu Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxieraren aurka

Epaitegiak emandako azken Autoak argi eta garbi islatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak: negoziaziorik eza, helburu pribatizatzailea, aurrezteko irizpideak eta pazienteentzako zerbitzuaren kalitatearen murrizketa.

Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiaren itxiera, zalantzarik gabe, Osakidetzaren jarrera inposatzailearen adibide argia da. Guztien aurka hartutako erabakia da: langileen, sindikatuon eta herritarren aurka. Azken kate-maila justiziarena izan da: kautelaz bertan behera utzi du itxiera Osasun Sailaren jarrera gogor gaitzesten duen Auto batean. Osakidetzak dagoeneko iragarri du Auto horren aurkako helegitea aurkeztuko duela, guztien aurka hartutako erabakia betearazteko.

Testuinguru horretan, gaurkotasun osoa dute Sagardui Sailburuak pasa den ekainean bota zituen hitzek. Bertan, kultura-aldaketa sustatzeko beharra defendatu zuen. Hitz horien atzean dagoena da lan-baldintzen prekarizazioa eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretaren murrizketa. Egindako planteamenduak Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgia ixtea bezalako neurriak aurreikusten zituen. Sagarduik eufemismo bat erabili zuen eta ospitaleetako espezializazioaz hitz egin zuen.

Osasun Sailaren asmoa da EAEko ospitale bakar batean eskaintzea arreta, pazienteak modu sistematikoan joan behar izan daitezen ospitale horretara eta egungo arreta-eskaintza murriztu dadin, orain eskaintzen dituzten ospitaleetan zerbitzu horiek kenduta. Sailburuak aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak badakiela neurri horien aurka egingo dela, Basurtun gertatzen ari den bezala, baina edozein modutan eramango dituztela aurrera. Hona hemen horren adibidea.

Epaitegiaren Autoak itxieraren kautelazko etendura ezartzen du, eta garbi isladatzen ditu sindikatuok behin eta berriz salatu ditugun gaiak:

  • Negoziaziorik eza: ebazpen judizialak adierazten du Osakidetzak alde bakarreko erabakiak hartu dituela, erabaki arbitrarioak, bere borondatearen arabera. Hain zuzen ere, jarrera inposatzaile horrek eraman gaitu, behin baino gehiagotan, Osasuneko Mahai Sektorialetik altxatzera.
  • Pribatizazioa: Basurtuko bihotzeko kirurgiaren itxierak atea irekitzen dio osasungintza pribatuari. Gogora dezagun Araban eta Gipuzkoan zerbitzu hori osasun pribatuarekin azpikontratatzen dela. Orain, Bizkaian dauden bi zerbitzuetako bat itxiko da, eta horrek pribatizazio horretan beste urrats bat ematea dakar.
  • Aurrezteko irizpideak: Osakidetzak irizpide ekonomizistak eta aurreztekoak erabiltzen jarraitzen du osasun-zerbitzu publikoa antolatzeko orduan. Orain planteatzen den murrizketa, zalantzarik gabe, helburu horren ondorio da.
  • Zerbitzuaren kalitatea murriztea: murrizketa horrek zaildu egiten du herritarrek bihotzeko kirurgiako zerbitzua eskura izatea, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean.

Zerbitzu hori desegitea, zoritxarrez, ez da gertaera isolatua Osakidetzan. Aski ezagunak dira lan-gainkarga sistematikoaren arazoak; kolapso egoerak zerbitzu jakin batzuetan; behin-behinekotasun tasa altuak; plantilla exkaxa; eta abar. Arazo horiek bereziki larriak dira Lehen Arretan eta ospitaleko larrialdietan. Baina ez gaude fenomeno meteorologiko baten aurrean, baizik eta azken urteetan aplikatutako erabaki politikoen eta murrizketen ondorio zuzenaren aurrean.


Basurtuko Ospitaleko adibidearekin jarraituz, behin eta berriz salatu izan dugu bertako larrialdien ohiko kolapsoa, baina ez dugu ahaztu behar Osakidetzak Deustuko EAGaren ordutegia murriztea erabaki zuela, eta horrek eragin zuzena duela kolapso horretan. Egoera larriaren adibide bat baino ez da hau.


Aipatzekoa da, gainera, itxaron-zerrendak eta denborak gehiengo historikoetan daudela. Sailburuak, duela egun batzuk, egoera hori justifikatzeko pandemia erabili zuen berriro ere. Baina horren errudun bakarra Osakidetza eta bere politikak dira.


LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu ez dezala errekurritu bihotzeko kirurgiaren itxiera eteten duen Autoa, atzera egin dezala hartutako erabakian, eta negoziazioaren bidea berreskura dezala, gure osasun-sistema publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriei premiaz heltzeko.


Hori guztia aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dugu ostiral honetarako, abenduak 02, 17:30ean, Basurtuko ospitaletik abiatuta. Plantillari, herritarrei eta gizarte-eragileei bertan parte hartzeko deia egiten diegu, guztion osasun sistemaren defentsan.

Euskal hezkuntzan aro berri bat irekitzeko deia egin dugu

LABek eta EH Bilduk alde biko bilera egin dugu, Euskal Herrian Euskal Hezkuntza Sistemaren inguruan, eta zehatzago EAEn Hezkuntza Akordioaren harira. Eraldaketa sustatzeko unea bizi dugula eta, Ezker independentistak dituen erronken eta konpromisoen inguruko gogoetak partekatu ditugu bilkuran eta ostean, horien berri emateko agerraldi bateratua egin dugu erakunde bietako ordezkariok.


LABetik Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorra eta Irati Tobar, Irakaskuntzako arduraduna, izan dira bertan eta EH Bildutik Arnaldo Otegi Koordinatzaile Nagusia eta Pello Otxandiano Programa Zuzendaria.

Greba deitu dugu Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaskien sektorean abenduaren 1, 5 eta 7an, eros-ahalmena mantentzearen alde

LAB (% 66’67), ELA (%26’67) eta CCOO (%6’67) Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztuen hitzarmenean ordezkaritza dugun sindikatuok, heldu den abenduaren 1ean hasi eta abenduaren 5 eta 7an jarraipena izango duen hiru eguneko greba deialdia egin dugu.

2020an Gipuzkoako Handizkako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztuen hitzarmenaren iraunaldia amaitu zen. Covid-19aren izurriteak bete-betean harrapaturik, hitzarmen berriaren negoziazioa ez da 2022ko udaberrira arte hasi.

Zenbait bilera egin eta Mapesgik, patronalak, KPIa eskaini zuenean, hitzarmenaren negoziazioa bide onean zegoela uste genuen arren, udako etenaldiaren ostean egin genuen bileran, denon harridurarako, enpresek KPIa eskaintzeari utzi ziotela frogatu genuen. Gainez, eskaintzarik ez ziguten plazaratu. Jarrera hau onartezina da.

Azken urteetan ikusi dugu zenbat hazi den gure etxeetako argindarraren faktura. Ikusi dugu erregaiak zenbat garestitu diren eta zein garestia den gure lan-zentroetara iristea. Ikusi dugu zenbat garestitu den gure asteko erosketa-saskia. Aldiz, guk zeharo izoztuta dagoen 2020ko soldatarekin jarraitzen dugu. Arestian esan bezala, patronalak izan duen jarrera onartezina da, are gehiago kontuan hartuta aipatutako argindarraren, erregaien edo erosketa-saskien inflazioa KPIak markatzen duen inflazioa baina askozaz ere handiagoa dela.

Kontuak hala, eta ikusirik patronalak ez duela gure eros-ahalmena bermatzeko inolako asmorik, langileok, erabaki irmoa hartzeko unea dela sinetsita, mobilizatzeko garaia iritsi dela argi dugu.

Mapesgik bere jarrera aldatzen ez badu, negu gorria izango du aurretik.

LABek Bizkaiko gasolina-zerbitzuguneen hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu du #LortuDugu

Atzo, azaroaren 28an, Bizkaiko gasolina-zerbitzuguneen hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu zuen LABek, eta ondorioz, abenduaren 1etik 5era deituta zeuden grebak bertan behera geratzen dira. 

Aurreakordioa termino hauetan sinatu dugu: 

  • Indarraldia: 2020-2022 eta ultraktibitate mugagabea.
  • Igoerak: 2020rako, 2019ko KPI (%1,2); 2021erako, igoerarik gabe, 2020ko KPI negatiboa izan zelako
    (-%0,3); eta 2022rako, %6,1, 2021eko KPI eta 2020koaren arteko aldea.
  • Ordaindutako lizentzia berri bat sortzea, mendekotasuna duten adingabeei eta/edo adinekoei mediku-
    laguntza emateko.
  • Ekoizpenaren gora-beherengatik kontratatutako langileek kontratatuak izaten jarraitu ahal izango dute
    18 hilabetetan 12 hilabetez jarraian, 12 hilabetetan 6 hilabetez izan beharrean.
    Hiru urteko negoziazio gogorra eta luzea izan da. Hiru urte hauetan, pandemia dela eta, asko sufritu du funtsezko sektore honek. Langileak izan dira ondorioak ordaindu behar izan dituztenak, enpresa handiek irabaziak handitzen zituztelako beren bizitza pobretzen ari zen bitartean.
    Inguruabar horiek guztiak direla eta, azken proposamen hori aztertu dugu, erantzukizunetik abiatuta eta aurretik aipatutakoa kontuan hartuta. Gure ustez, ziklo hau ixteko eta 2023an negoziazio berri bati ekiteko aukera ematen diguten gutxieneko batzuk betetzen ditu, eta horrek indartsu hastea ekarriko digu, hala nola erosteko ahalmenari eustea eta hobekuntza sozialak, hasieratik negoziazio-mahaian adierazi ditugunak.
    Hiru urte hauetan, negoziazioaren zama etengabe LABen pausatzen zen bitartean, mahaian ordezkaritzaren % 9 soilik izan arren, argi geratu da zein garen benetako kontraboterea, langileen eskubideen defentsa soilik helburu duen ekintza sindikalaren ereduarekin. Maiatzean hitzarmena arriskuan zegoenean, gogor eta patronalaren xantaiari amore eman gabe eutsi genion. Ez dezagun ahaztu CCOO eta UGT prest zeudela eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatzeko, horrek dakarren guztiarekin (sektoreko langile guztiei ez aplikatzea eta legalki beharrik ez egotea). ELAk, bestalde, negoziazio-estrategia arduragabea eta korporatiboki interesatua erakutsi du; izan ere, euren ez aplikatzeko klausula defendatzen eta, maiatzean, LABek 2022a negoziazioan sartzeko egindako proposamena bere egiten baino ez da aritu. Hala eta guztiz ere, ez sinatzea erabaki du, euren intereseko klausula sartu ez delako. Erein ez dutena biltzen duen kontrabotere koldarra. Aldiz, LABek pultsuari eustea erabaki zuen, eta horri eta greben mehatxuari esker, puntu honetara iritsi gara. Negoziazio gogorra datorkigu berriz ere datorren urtean baina argi dago elkarrekin eta indarrez aurrera ekingo diogula.
    Zorionak Bizkaiko gasolineretako langileei borrokarako izan duzuen prestutasunagatik, hau izan delako patronala behartu duena azkenengo mugimendu hau egitera.
    Gora langileon borroka! 

Amazoneko langileek bat egin dute greba egunarekin

Langileen babesa erabatekoa izan da, urriaren 17ko lanuztean gertatu zen bezala, gaur langileen %100ek greba egin dute, aginte-lerroak bakarrik sartu dira lanean.

Logistika-zentroak oso eragin handia izan du, eta gaur 20.000 pakete baino gehiago banatu gabe geratu dira.

Amazoneko zuzendaritzak oraindik ez die erantzun langileei, eta ez da gai LABeko ordezkariekin lantokian biltzeko, lan-gatazka honi irtenbidea aurkitu ahal izateko.

%85eko jarraipena izan du Bizkaiko metalgintzako asteko lehen greba egunak

Metalgintzako langileak Ezkerraldean mobilizatu dira gaur eta elkartasuna erakutsi diete greba eguna izan duten Trapagarango Amazoneko langileei.

Hitzarmen berri bat lortzeko negoziazioek porrot egin ostean, jarraian egingo dituzten bost greba egunen lehena da gaurkoa. Patronalak hitzarmena hobetzeko eskaintza duinik egiten ez badu, negoziazioek ez dute aurrera egingo.

Goizaldeko lehen orduan hasi dira piketeak martxan Trapagako Productos Tubularesen, eta ondoren, eskualdeko beste enpresa batzuetara gerturatu dira langileak. Datuen arabera, grebak %85ko jarraipena izan du goizeko txandan.

Gaur Cyber Monday egun delarik, greba duten Amazoneko langileei ere euren elkartasuna adierazi diete metalgintzako langileek. Lehen hauek, zentroko hitzarmen propioa eskatu nahi dute greba egun honekin.

Bizkaiko metalak manifestazioa 11:00etan hasi du Portugaleteko Metro geltokitik abiatuta.

Hurrengo mobilizazioak; bihar Durangaldean, asteazkenean Hego Uribe-Arratian, ostegunean Eskumaldean, eta ostiralean Bilbon izango dira.