Gaur, apirilak 3, bosgarren aldiz bildu da Gipuzkoako Metaleko Hitzarmeneko negoziazio mahaia. Sindikatuok mobilizazio bateratua egin dugu bilera aurretik eta, ondoren, bileran ADEGIk nahikoak ez diren proposamenak jarri ditu mahai gainean.
Aipatu diren eduki berrien artean soldata igoerak, lan–istripu eta gaixotasun profesionalentzako osagarriak edota lizentziak egon dira, hurrengo zehaztasunekin:
LABen iritziz, proposamenak eduki berriak mahai gainean jartzen dituen arren, sektoreko langileen beharrei erantzunik eman gabe jarraitzen du: soldata igoerak ez du KPIa bermatzen tauletan zein errealeatan, ulertezina da In Itinere kasuak osagarrietatik kanpo uztea eta lizentziak legeari egokitzea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gainera, lanaldi murrizketa, malgutasuna edo beste zenbait eduki aipatu gabe ere mantentzen dira. Gure apustua, beste behin, batasun sindikalaren bidea indartzen jarraitzea da eta mobilizazioei esker hitzarmen duin bat lortzeko borrokatu.
Metaleko negoziazio mahaiaren hurrengo bilera apirilaren 19an izango da.
Ehunka irakasle atera gara kalera LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok egindako deialdiari babesa ematera eta Hezkuntza Departamentuari benetako negoziazioa eskatzera. Arratsaldean berriz ere mobilizatuko gara, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan.
Duela ia hilabete, martxoaren 6an, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak deitu genituen beste greba egun batera, Hezkuntza Departamentuak ez baitzuen inolako erreakziorik izan gure kolektiboak otsailaren 15eko greban planteatutako aldarrikapenen aurrean. Pentsatu genuen Departamentuak azkenean erantzunen zuela eta bilera batera deituko gintuela, benetako negoziazio bati ekiteko, greba saihestearren.
Beste deialdi bat egin ondoren, martxoaren 17ko bilera batera deitu gintuzten. Bilkura hartan ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari, hezkuntza inbertsioa handitzea ekarriko zuen alderdirik. Itxikeria horrek alde handia dauka administrazioko beste sektore batzuetan erakutsitako jarrerarekin; izan ere, sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dira mobilizatu ondoren, eta 2023ko Aurrekontuen Legea ez aldatuagatik.
Bestalde, martxoaren 27an, Hezkuntza Publikoko hezkuntza itunaren jarraipen batzordea batzartu zen, eta bertan ez daude sindikatu deitzaile guztiak. Bilera horretan, ezin ulertuzko moduan errepikatu zen negoziatzeko prestasunik eza eta, gainera, Departamentuak baliatu zuen manipulatzeko eta hedabideetan negoziatzeko jarrera erakusteko.
Gure aldarrikapenak honako hauek dira: ● Ratioen jaitsiera lineala hezkuntza etapa guztietan. ● Erosteko ahalmena berreskuratzea: – KPIarekiko soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20). – Administrazio-mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia Planaren arabera. ● Egiazkoko behin-behinekotasuna % 8ra murriztea. ● Lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko. Aurreko horrek beste baliabide mota batzuk gehitzea eskatzen du: osasungintzakoak, sozialak, administratiboak eta abar.
Hilabete honetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindako 120 asanblada baino gehiagotan egiaztatu eta eztabaidatu ditugu aldarrikapen horiek, eta 100 klaustrok egin dute bat horiekin. Sektorea mobilizatuta dago, etapa guztietan, eredu guztietan eta Nafarroa osoan. Asko gara, borrokan gaude eta entzun egin behar gaituzte kalitatezko hezkuntza publikorantz abiatzeko.
Oraindik garaiz gabiltza benetako negoziazioari ekiteko, baldin eta borondate politikoa badago, eta proposatutako hobekuntzak datorren ikasturtean islatzen hasteko. Aurrekontu partidak ez dira mugiezinak, handitu egin daitezke eta, gainera, baliabideak partida batetik bestera alda daitezke. Ikastetxeetako plantillak ez dira oraindik osatu eta hobetu egin daitezke. Horregatik guztiagatik, ezin diogu mobilizatzeari eta presioa egiteari utzi;Parlamentua desegiteak eta Gobernua jardunean egoteak ez du eragozten neurri horiek ezartzen hastea.
Era berean, garrantzitsua da presioa egiten jarraitzea, talde politiko guztiek gure eskaerak jaso ditzaten, gobernu berriaren akordio programatikoan ager daitezen eta, hori 2024ko Aurrekontuen Legean jaso dadin. Hezkuntza Departamentua benetan negoziatzen hasi arte jarraituko dugu, eta ez gara geldituko kalitatezko hezkuntza publikoa erdietsi arte.
Gaur arratsaldean aukera berri bat dugu, 18.00etan Iruñeako Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan. Irakasleok zein hezkuntza komunitate osoa eta gizarte osoa animatzen dugu parte hartzera, hezkuntza publikoa denon kontua baita.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoan delegatu kopuru handiena lortu duen sindikatua izan gara, 108 ordezkarirekin.
Martxoaren 31ko behin-betiko datuek berretsi egin dute LABen garaipena EHUn eta EAEko Hezkuntza Publiko ez-unibertsitarioan, Haurreskolak barne. Hortaz, LAB bozkatzera hurbildu zareten guztioi, zorionak eta eskerrik asko LABen lan ildoa babesteagatik! Hezkuntza publikoan delegatu kopuru altuena lortu dugu eta lehen indarra gara.
Datuak aztertuta, hurrengo emaitzak atera ditugu:
Haurreskolak Partzuergoan lehen indarra izateari eutsi diogu eta gehiengoa izaten jarraitzen dugu, 25 ordezkari sindikalekin eta % 53,19ko ordezkaritzarekin.
Heziketa Berezian lehen indarra izaten segitzen dugu, 20 ordezkari eta % 36,36ko ordezkaritzarekin.
Sukalde eta Garbiketan, Araban 2 ordezkariak mantendu ditugu, Gipuzkoan ordezkari bat gehiago lortu eta 5era iritsi eta Bizkaiko bozkak kontatzeke daude, hauteskunde mahaiak posta bidezko gutunekin egondako irregularitateen aurrean bozka guztiak kustodiapean geratzea eskatu baitu .
Irakasleetan ordezkari kopuruan gora egitea lortu dugu, 33 ordezkari izango ditugu eta % 28,20ko ordezkaritza. Aipatzekoa da lehen sindikatuarekiko aldea murriztea lortu dugula eta sindikatu berri bat sartu dela aurten jokoan.
EHUn lehen indarrari eutsi diogu, 23 ordezkari sindikal eta % 25eko ordezkaritzarekin.
Kolektibo bakoitzean atera ditugun emaitza zehatzak hurrengoak dira:
Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz izatea lortzeko Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean borrokan eta lanean jarraituko dugu. Zurekin bagara!
Albaceten (Espainia) izandako istripuan zendu zen garraiolaria. Lan baldintza duinen eta prebentzio neurrien garrantzia hil ala bizikoa dela ikusarazi nahi izan dute gaurko ekimenarekin.
Gaur, martxoak 31, Garraio duin ezak hiltzen gaitu lelopean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak mobilizatu dira Arcelor Mittal Olaberria lantokiaren aurrean, enpresa horren materiala garraiatzen ari zela astelehenean Albaceten (Espainia) hildako garraiolaria oroitzeko eta sektoreko lan-baldintza txarrak salatzeko.
Garraioaren sektorean dagoen heriotza-tasa handia ez da kasualitatea, LAB sindikatuak gogorarazi duenez: “Iaz, 10 garraiolari hil ziren lanean Euskal Herrian, eta bat hil zen ia hilero. Gehienak bihotzeko arazoengatik. Salagarria da bihotzeko arazoek eta gaitz kardiobaskularrek garraiolarien lan-osasunean duten eragin handia”.
Hori dela eta, LABek behin eta berriz salatu du halakoak ez direla heriotza naturalak. Gainera, erakundeak lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatzen direla azaldu dute, heriotza naturalak edo trafiko-istripuak balira bezala tratatzen dituztelarik.
“Heriotza horiek lan-baldintza txarren ondorio dira. Enpresen presioek eta presek eragindako tentsioa eta estresa, lanaldi luzeak eta lan-erritmo altuak, kargen gehiegizko pisua, zerbitzuagatik ordaintzen ari diren prezio merkea, atseden hartzeko zailtasunak, dieta osasungarria eramateko zailtasunak dira sektoreko langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzen duten arrazoietako batzuk”, zehaztu du LABek.
Horren guztiaren ondorioz, garraiolarien bizitza “gero eta zailagoa” da, sindikatuak azaldu duenez, eta horretan erantzukizuna dute bai enpresek, baita administrazioek ere: “Praktika txar horiek kontrolatzeko eta saihesteko neurriak hartu beharrean, beste alde batera begiratzen dute, garraio merkea nahi baitute”.
Sektoreko lan-baldintzak hobetu behar direla eta baliabide teknikoen hobekuntzan inbertitu behar dela nabarmendu dute gaurkoan. “Lan Ikuskaritza indartu behar da, lan-baldintza txarrak saihesteko, eta arauak betetzen ez dituzten enpresak zigortu behar dira. Errepideetan ere hobekuntzak egin behar dira, bereziki istripu-tasa handiak dituzten puntu beltzetan”, gaineratu dute.
Garraiolariek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat, eta, beraz, lan-baldintza duinak behar eta merezi dituzte.
DHL enpresan hitzarmen berria sinatu gabe dagoen honetan, kalera irtetea erabaki genuen. Duela lau aste ekin genien mobilizazioei eta, gaur gaurkoz, bide beretik jarraitzen dugu: bi kontzentrazio eta kotxe-karabana bat gauzatu ditugu dagoeneko eta, gaur, martxoaren 31ean, beste kontzentrazio bat deitu dugu: 13:00tatik 13:30etara bitartean, lan-zentroaren parean aurkituko gaituzte, gure lan-baldintza duinen alde egiten.
Gerora, aste santuko oporraldian ere, ez gara geldirik egongo: orain arte bezala, gure aldarrikapenekin beteriko pankartez kaleak josten jarraituko dugu eta, gainera, sare sozialen bidez gure egoera salatzeari ekingo diogu.
Borrokak merezi duela ikusi ahal izan dugu berriro. Izan ere, negoziaketa luzearen eta 4 greba egun egin ostean, lanaldia murriztu eta baldintza ekonomikoak hobetuko dituen akordioa lortu du enpresa-batzordeak Andoaingo TKE enpresan.
Enpresa-batzordearen oharra
TKEk, puntako teknologia eta lan kualifikatua aurrera ateratzen duen enpresatzat du bere burua. Lan baldintzek, ordea ez zuten horrekin bat egiten eta horrek eraman gaitu borrokara.
Tentsio handiko negoziaketen eta 4 greba egun luze egin ostean, langileak batzea eta antolatzea lortu dugu. Horregatik, borrokaren ondorioz erdietsi dugun akordioarekin pozik gaude:
Akordio honekin langileen baldintza ekonomikoak hobetzen dira eta urteko lan orduak murriztea lortu dugu aurrez galdutako hainbat eskubide berreskuratzearekin batera. Guzti honetaz gain, aldi baterako langileen kopurua jaisteko konpromezua, lan egutegia zein ordutegiak adosteko eta aurre erretiroari dagozkion akordio desberdinak aztertzeko bilera berri batean akordio hau borobiltzeko data zehaztu da.
Esan behar dugu lorpen hauek baino garrantzitsuagoa dela lantokian sortu den borrokarako grina eta batasuna. Badakigu bide luzea dugula aurretik baino akordio honekin lan baldintzak izugarri hobetu ditugu eta beraz pozik agertzen gara.
Lorpen hau ezinezkoa izango zen negoziaketa guztian lehen lerroan egon diren langileengatik izango ez balitz horregatik guztiagatik zuena da garaipena!
Langileen legez kanpoko lagapen egoera argitara eman dugu. Izan ere, pasa den martxoaren 27an jakin genuen Lan Ikuskaritzak Bacalao Giraldo enpresari errekerimendu bat egin ziola Datorrenan lan egiten duten pertsonak bereak bezala aitortzeko, hori guztia LABek ekainean erregistratu zuen eskarian oinarrituta. Beraz, orain arte Kontserbei, erdi-kontserbei eta arrain- eta itsaski-gaziei buruzko Estatuko hitzarmeneko lan-baldintzekin azpikontratatu gisa jarduten zuten langileak Bacalao Giraldoren plantillako kide izango dira, eta bertan indarrean dauden itun eta akordioak aplikatu beharko zaizkie, horrela, egun jasotzen dutena baino %40 gehiago kobratzera pasako dira.
Ikerketa luze baten ondoren, egiaztatu ahal izan da Bacalao Giraldo enpresan lan egiten duten pertsonekiko desberdintasun bakarra lan-baldintzak zirela, askoz okerragoak, eta, beraz, legez kanpoko lagapen kasu argi bat dela. Hori guztia dela eta, Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta enpresari eskatu dio pertsona horiek Bacalao Giraldoko langile izatera pasa daitezen. Enpresak batzordeari jakinarazi dio hori hurrengo egunetan egingo dela, Ikuskaritzak emandako epea amaitu arte itxaron gabe. Hori dela eta, Datorrenako langileek euren lan baldintzak Bacalao Giraldorekin parekatu ahal izango dituzte, eta horrek, beste hobekuntza askoren artean, ia Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) irabaztetik ia %40 gehiago kobratzera pasako dira.
LABetik zorionak eman nahi dizkiegu Datorrenako langileei, haien ausardia eta konpromisorik gabe ezinezkoa izango baitzen hori lortzea. Gure Sail Sindikalak eta talde juridikoak egindako lan eskerga ere azpimarratu nahi dugu. Beste behin ere, argi geratu da borroka, antolakuntza eta elkartasuna direla langileek euren helburuak lortzeko dituzten tresnarik indartsuenak. Eta Bacalao Giraldon frogatu den bezala, LAB sindikatuan langile klasearen interesak defendatzeko funtsezko erakundea gara.
Gorabideko lantokien arteko Enpresa Batzordea LABeko 15 ordezkarik, ELAko 5 ordezkarik eta ESKko 3 ordezkarik osatzen dute, eta 7 greba egun egin dituzte guztira orain arte. Azkenak, aste honetan, astelehenetik gaur arte.
Bada, egun horien ostean, hau da egin duten balorazioa: “Oso balorazio positiboa egiten dugu grebaren eraginari buruz, beste behin ere gehiengoa izan baita. Egin ditugun mobilizazioek ere erakusten dute Gorabideko langileak prest daudela gure eskubideen alde borrokatzeko”.
Aniztasun funtzionalaren sektoreko langile horien aldarrikapen nagusiak jarraian zerrendatuta datoz:
Erosteko ahalmena ziurtatuko duen soldata igoera, gutxienez KPIaren igoera aplikatuta.
%40ko behin-behinekotasuna murriztuko duten neurriak hartu.
Baldintza ezegonkorren aurrean kalitatezko lanaldia.
Kontziliazio neurriak langileentzat.
Enpresako Batzordeak Bizkaiko Foru Aldundia egiten du egoeraren erantzule, ematen duten zerbitzu publikoaren arduraduna baita: “Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea bere gain hartuko duen akordio bat bermatzeko konpromisoa hartzen duen mezu bat helarazi digun bitartean, Gorabideko gerentea den Txema Francok adierazi digu Aldundiak ez diela egin dutena baino eskaintza gehiago bermatzen. Norbait gezurretan ari da”.
Sergio Murillori ofizialki eskatu diote hiruko bilera bat, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak parte hartuko duten bilera bat. Bada, ez dute erantzunik jaso. Sergio Murillo zuzenean interpelatzen jarraituko dugula iragarri dute beharginek, “akordiora iristeko negoziatzeko borondaterik ezaren azken arduradun gisa”.
Egoera horren aurrean, enpresa-batzordeak Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren seriotasun falta salatu du beste behin, eta langileekin batzarra egingo duela iragarri du, mobilizazio gehiago iragartzeko eta apirilean eta maiatzean grebak areagotzeko.
Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa iragan urteko irailean egitekoa zen, baina bertan behera gelditu zenez, badirudi azkenean apirilaren 18an eginen dutela. Hori baino lehen, LAB sindikatua eta sektoreko langileak mobilizatuko dira hitzarmena bizi-bizirik dagoela eta ezin dela ukitu aldarrikatzeko. Larunbat eguerdian manifestazioa egonen da Iruñean eta epaiketa egunean lanuzteak eginen dituzte.
LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.
Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, AcciĂłn contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.
Ildo horretan, LABek deituta, larunbatean manifestazioa eginen dute Esku-hartze Sozialeko langileek, 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Eta epaiketaren egunean, apirilaren 18an, lanuzteak eginen dituzte, eta lau orduko elkarretaratzea Justizia Jauregiaren parean, 11:00etatik 15:00etara.