2026-01-02
Blog Page 273

Saharako UGT-Sario sindikatuarekin bildu da LAB

LAB sindikatuak bilera izan du gaur, nazioarteko harremanen baitan, Saharako UGT-Sario sindikatuarekin. Oraingoan bilkura Euskal Herrian izan da eta bertan parte hartu dute LABetik Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak, Koldo Saenz Nazioarteko Idazkariak eta idazkaritza bereko kide Txente Rekondok.

Sahararren aldetik Bachir Salam Idazkari Nagusia eta Mani Ahmed Yacub Nazioarteko harremanetarako idazkaria izan dira. Bileran hainbat gai izan dituzte hizpide: bi sindikatuen arteko harremanak; Saharako egoera orokorra eta gerra; Nazioarteko hainbat esparrutan sindikatu bien elkarlanerako aukerak elkarlanerako aukerak eta sorrera prozesuan den Sahararen aldako nazioarteko sare sindikala.

Euskal presoen etxeratze prozesuaren alde mobilizatu gara

Abenduaren 20an Donostian, 22an Gasteizen eta 23an Bilbo eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesuaren alde mobilizatuko gara.

34 urte luze dira urruntze politika indarrean jarri zutenetik. Asko dira politika honek eragindako sufrimenduak arlo ekonomikoan, psikologikoan, emozionalean eta fisikoan. Ezin dugu ahaztu 16 pertsonek bizitza bidean galdu dutela ere, eta orain, politika honen amaiera aro honetan, balioan jarri behar dugu egoera honen gainditzea.

Hau guztion lanari esker gainditu dugu. Kaleko lanari esker, instituzio eta talde politikoen elkarlanari esker, bizipen ezberdinak dituztenek egindako enpatia ariketei esker, eta baita, guk sindikalgintzatik emandako babesari esker ere. Sindikatuok elkarrekin aritu gara, bide horretan lagundu asmoz eta egoera aldatzeko nahiarekin, eta lortutakoa balioan jarrita egungo egoera, aurrerantzean ere horrela egiten jarraitu nahi dugu.

Gaur egun, presoak gertuago ditugu, 2. edo 3. graduan, eta pozteko arrazoia da, baina oraindik indarrean dauden salbuespenezko neurriak asko dira, etxera bueltatzeko bidean dituzten oztopoak ere handiak dira eta horregatik lanean jarraitu behar dugu. Indarrak batzen jarraituko dugu prozesu hori normaltasun osoz egin dadin. Espetxeetako zuzendarien txostenen gainetik, Madrilgo gorrotoa eta mendekua nagusitzen dira, eta horri aurre egiteko, elkarrekin mantendu behar dugu eta elkarrekin egin behar diegu aurre espetxeetako salbuespen guztiei.

Garbi izan behar dugu, gertu daudela baina oraindik asko daukagula egiteke eta lortzeke.

Beraz gaur, abenduaren 22 eta 23an, eta Urtarrilaren 7an, etxeratze prozesuaren alde

lanean jarraituko dugu. Guztion ekarpena beharrezkoa delako, guztion artean lortuko dugu.

Aurre-akordioa erdietsi dugu Gipuzkoako Arrain eta Itsaskien Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan #LortuDugu

Aurre-akordioa erdietsi dugu Gipuzkoako Arrain eta Itsaski Fresko eta Izoztutako Handizkarien hitzarmenaren negoziazioan. Aurre-akordioarekin bat egin du CCOO sindikatuak, beraz, langileen ordezkaritzaren %72a baino gehiagoren babesa du. ELA sindikatuak bat ez egitea erabaki du, baina ez du inolako beste proposamenik helarazi. Beraz, gaur, abenduaren 20ean, langileen gehiengo zabalenak sinatu duen aurre-akordioaren nondik norakoak hurrengoak dira: 

– Iraunaldia: 2021-2025.

– Eros-ahalmena bermatzea iraunaldiaren urte bakoitzean.

– Urteko lanaldia: 1.721 ordutik 1.715 ordura murriztea.

– Jai-egun plusa sortzea: Langileek ordu arruntaren balio bikoitza kobratuko dute.

– Errelebo kontratua: Baldintzak betetzen dituen langileak eskubidea izango du errelebo-kontratua lortzeko.

– Gidatzeko Gaitasun Agiria: Enpresek tituluaren gastuak bere gain hartuko ditu.

– Aparteko orduen artikuluaren berridazketa.

Aurre-akordioa langileek berretsi beharko dute hurrengo egunetan. 

Era berean, abenduaren 1ean greba egin zuten langile guztien lana nabarmendu, eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Aurreakordio hori grebalariek erakutsitako duintasunaren emaitza da. Beste behin, akordio onak borrokan lortzen direla erakutsi dute. Zorionak grebalariei!

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazio-dinamika hasi dugu Osakidetzan, negoziazioa eskatzeko eta gure osasun publikoa babesteko

Osakidetza demokratizatzeko, Mahai Sektorialaren blokeoa gainditu behar da, eta plantillako ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatu behar da.

Asko hitz egin da egunotan elkarrizketarik ezaz eta Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera inposatzaileaz. Zoritxarrez, Osasunaren Mahai Sektorialeko kide diren LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuontzat egoera hori ez da berria. Denbora asko daramagu salatzen Mahaia foro huts bihurtu dela, informatiboa, bertan ez dela benetako negoziaziorik egiten, eta Osakidetzak nahi duenari eta nahi duenean bakarrik heltzen diola. Egoera horrek, hobera egin beharrean, okerrera egin du, eta horrek erabateko blokeora eraman gaitu. Eta hori, bai profesionalentzat, bai herritarrentzat, gure osasun publikoaren narriadura oso nabaria den une honetan. Eusko Jaurlaritzaren propagandak ezin du herritarrek zuzenean pairatzen duten errealitatea ezkutatu.

Gogoratu behar da urte hasieran sindikatuok Mahai Sektorialetik altxatu ginela. Uda ostean, gauza bera egin dugu berriro. Aldi berean, eta egoera desblokeatzeko asmoz, bi aldiz deitu diogu Osakidetzako Zuzendaritzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egitera, eta Osakidetza ez da bilera bakarrera ere joan. Azken kapitulua abenduaren 7an izan zen. Egun horretan, Osasun Saileko buruzagitzarekin bildu ginen, sailburua buru zela, eta, beste behin ere, Sailaren elkarrizketarako borondate eza eta inposaketaren aldeko apustu sendoa egiaztatu ahal izan genuen.

Errealitate bakarra da Osakidetzak bere ibilbide-orriarekin jarraitzen duela, langileen aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe, eta, gainera, existitzen ez den negoziazioaren itxura egiteko erabili nahi duela mahai sektoriala. Uda aurretik bultzatutako mobilizazioei ere ez die jaramonik egin: manifestazio jendetsuak, langileek zein herritarrek era masiboan bultzatutakoak, eta lau greba egun. Mobilizazio horiek Osakidetzaren egiturazko arazo larrien, langileen eta herritarren gogaitasunaren eta premiazko konponbideen beharraren isla argia izan dira.

Argi dago Osakidetzaren gobernantza-ereduari eta barne-demokrazia sustatzeko premia larriari buruzko hausnarketa egin behar dela. Bertikaltasuna eta inposaketa Osakidetzako Zuzendaritzatik hasten dira, baina Euskal Osasun Zerbitzuaren barne-egitura osora hedatzen dira. Mahai Sektorialeko sindikatuok azpimarratu dugunez, Osakidetzaren demokratizazioak Mahai Sektorialaren blokeoa gainditzea eta plantillako legezko ordezkariekin edukiak izango dituen benetako negoziazioa bultzatzea eskatzen du, eta hori guztia, denbora luzez sindikatuok salatzen ari garen gure osasun publikoa hondoratzearen aurrean benetako eta berehalako konponbideak abian jartzeko helburuarekin.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak zioen 100 profesional baino gehiagori irekitako prozesu parte-hartzailea bultzatuko dela Osakidetzan. Gogorarazi behar dugu Osakidetzak 37.000 langile baino gehiago dituela; beraz, benetako parte-hartzea sustatu nahi duen edozein prozesuk, kategoria guztiak, lurralde guztiak eta estamentu guztiak ordezkatuko dituen askoz ere kopuru handiagoa behar du.

Bitartean, lan-prekarietateak gure osasun publikoaren arazo handienetakoa izaten jarraitzen du: %50etik gorako behin-behinekotasun-tasa, hamarkada batean erosteko halmenaren %20tik gorako galera, lan-gainkarga sistematikoa, langileen eskasia, etab. Aldi berean, Deustuko, Zumarragako eta San Martingo PACetan, Santiago Ospitaleko larrialdietan eta Basurtuko bihotzeko kirurgia ixteko proiektuan aplikatutako murrizketek indarrean jarraitzen dute. Eta murrizketa berriak planteatzen ari dira Lehen Mailako Arretan Gabonetan, baita lan-baldintzetan ere, Garapen Profesionalean aplikatu nahi den murrizketa erradikal eta justifikaziorik gabea, besteak beste. Osakidetzako kategoria guztietan eta hiru lurraldeetan ematen diren arazoen aurrean gaude.

Errealitate gordin hori ikusita, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok ezinbestekotzat jotzen dugu langileak eta herritarrak elkartuko dituen mobilizazio-dinamikari ekitea. Lehenbiziko urrats gisa, elkarretaratzeak deitu dituzgu Osakidetzako lantoki guztietan abenduaren 22rako, ostegunerako, 11:00etan ospitale guztietan eta 13:00etan Lehen Mailako Arretako zentro guztietan. Gabonak igarota, mobilizazioekin jarraituko dugu, langileek eta herritarrek kaleak osasun publikoaren alde bete ditzaten.

Gotzone Sagardui sailburuak uztailean “kultura berria” aipatuz esandako hitzek, ematen ari diren neurriak eta murrizketak aurreratu zituzten. Bere sailak bazekien erabakien aurkako jarrera egongo zela, baina edozelan ere hartu hartuko zirela ziurtatu zuen. Premiazkoa da Osasun Sailak Osakidetza desegiten eta langileen lan-baldintzak prekarizatzen jarraitzea eragoztea.

Bizkaiko bulego eta langeletako langileak kalera aterako dira abenduaren 22an hitzarmenaren alde

Bizkaiko bulego eta langeletako 30.000 langileek 10 urte daramate hitzarmenik gabe. Gaur, propaganda banatzen aritu dira Bilboko metroko geltokietan eta prentsaurrekoa egin dute Unamuno plazan, hitzarmena lortzeko kalera aterako direla iragartzeko, patronalak ez dielako inolako irterbiderik ematen. Horrela, abenduaren 22an, 19:00etan, manifestazioa egingo dute Bilboko Plaza Eliptikotik abiatuta, LAB, ELA, CCOO, UGT eta CGT sindikatuek deituta.

Sindikatuon arabera, patronalak presioa sentitu behar du, interpelatua sentitu behar da eta sektoreko langile guztien artean lortu behar dute hitzarmen berria. Ezin dituzte soldatak beste minutu batez ere izoztuta eduki. Azken urteotan, KPIaren igoeren ondorioz, Bulego eta Langeletako sektoreko eros-ahalmenaren galera gero eta handiagoa da, eta langileek ez dute onartuko. Hori dela eta, datorren abenduaren 22ko manifestazioan parte hartzera dei egiten diete langileei.

Bada garaia langileak entzun ditzaten. Bada garaia Bizkaiko bigarren sektore handienari bere eskubideak aitortzeko. Bada garaia Bizkaiko Bulego eta Langelen sektorea osatzen duten 30.000 langileek eurena denaren alde borroka egin dezaten. Bada garaia patronalak euren hitzarmena bahitzeari utz diezaion.

EAEko Hezkuntza Sailak eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzurako diru-partida dekretu baten bidez murriztu nahi duela salatu dugu

Joan den azaroan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prozedura bat hasi zuen unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari buruzko dekretu-proiektu bat egiteko, eskola-garraiorako eskubidea eta jangelan kuota murriztua lortzeko eskubidea bereizteko. Dokumentu horretan, Jokin Bildarratzek dio erabaki horrekin egungo aurrekontuarekiko aurrezpen handia ekarriko duela. Erabaki honen aurka gaude, eta mobilizazioa egin dugu gaur, abenduaren 19an, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean (Kale Nagusia, 85), 10:30ean.


Hezkuntza Sailak honela arrazoitu du erabaki erabaki hori: azken urteotan ikusi duela familia askok eskola- garraiorako eskubidea eskatzen dutela, jangelako kuota murriztura iristeko helburu bakarrarekin, garraioa erabili gabe, eta horrek garraio-bolumen handia eragiten duela, eta praktikan, familiek ez dutela erabiltzen.
Egungo 69/2015 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, eskola-garraioa duten ikasleek kuota murriztua izateko eskubidea dute jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Aginduan aipatzen diren jangeletan; izan ere, jangela-zerbitzua duten ikastetxeetan, joan-etorriko ibilbide bakarra egiten dute eskola- egun bakoitzeko.
Honek eragin negatiboa du familietan ez ezik, eskola-garraioko zerbitzurako azpikontratatutako langileengan eta jolastokiko zaintzaileengan, erabaki horrekin lanpostuak desagertu eta lan-baldintzak okertuko baitira. Beste leku batean (jantokiak, garbiketa…) lan egitera behartuta dauden emakumeak* soldata duin samarra izaten saiatzeko; izan ere, zerbitzu honetako lanaldiak partzialak dira, egunean ordubete eta hamabost minutuko batez besteko kontratuekin.
Gainera, 2021ean eta 2022an 69/2015 Dekretua aldatzeko proposamenetan, LAB sindikatuak proposatu zion Hezkuntza Sailari patioko zaintzaileetan ratioak ezartzeko beharra; izan ere, gaur egun, ikastetxeetan ikasle guztientzako zaintzaile bakarra dago. Bada, Hezkuntza Sailak, jangeletan bezala, uko egiten dio langileen ordezkariek egiten duten edozein proposameni.
Hala, LAB sindikatuak zerbitzuaren emakidadun diren enpresekin zerbitzu horren egungo egoera salatu nahi du; izan ere, 2014/2015 ikasturtean Araban eta Gipuzkoan esleitu ziren azken lizitazioetatik 2016/2017 lizitaziora arte, 2018ko ekainera arte luzatuta, eta Bizkaian, 2017/2018 ikasturtean 2019/2020 ikasturtera arte, 2021eko abuztuan amaitu zen luzapenarekin, Hezkuntza Sailak enpresei eman die eskola-garraioko laguntzaile eta jolastokiko zaintzaile zerbitzua, zuzeneko kontratuen bidez (Araban 2018-2019 ikasturtetik aurrera eta Bizkaian 2021-2022 ikasturtetik aurrera). Bizkaiko zerbitzuaren enpresa esleipendunak (Asturservicios La Productore, SAL) uko egin dio kontratuarekin jarraitzeari, eta Hezkuntza Sailak CIDI SAri (Centro Internacional de Idiomas, S.A.) eman dio, zuzeneko kontratuaren modalitatean, zeina baita Araba eta Gipuzkoako lurraldeak kudeatzen dituen enpresak, 2022ko abenduaren 1etik aurrera Bizkaiko zerbitzua ere kudea dezan.
Hori esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exigitzen dio alde bakarreko bidea uzteko eta langileen ordezkariekin negoziatzeko, eskola-garraioan ratioak ezartzeko, jangeletako ratioa aldatzeko eta EAEko eskola publikoetako eskola-garraioaren zerbitzuaren egungo egoera erregularizatzeko.

Orkoiengo kiroldegiko langileak borrokan, Udalak bere hitza bete dezan

Orkoiengo kiroldegiko langileen % 100ek bat egin zuten pasa den ostiraleko greba egunarekin, Udalari bere hitza bete dezala eta duela bi hilabete sinatu zuen akordioa aplika dezala eskatzeko.

Joan den urriaren 13an, Iturgaingo Administrazio Kontseiluak, kiroldegia kudeatzen duen Orkoiengo Udaleko enpresa publikoak, akordio bat sinatu zuen LABeko ordezkari sindikalarekin, hurrengo hiru urteetarako soldata igoerak eta beste lan hobekuntza batzuk jasotzen zituena. Akordio horri esker, Orkoiengo kiroldegia zabalik egon da Kirol Kudeaketa sektoreko lankideek daramatzaten 61 greba egunetan.

Orkoiengo kiroldegiko langileak (Kirol Kudeaketako hitzarmena aplikatzen zaie) prest zeuden beren lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko, baina Kirol Kudeaketako greba hasi baino bi egun lehenago lorturiko akordioaren ondorioz, greba sektorialetik kanpo gelditu ziren, Iturgaineko Administrazio Kontseiluarekin akordio bat lortu baitzen.

Harridura, eta batez ere haserrea, bi hilabete geroago etorri da, Udalak jakinarazi baitu Kontseiluak ez duela berresten sinaturik zegoen akordioa, eta ez duela aplikatuko. Horren ondorioz, kiroldegiko langile guztiek greba egin zuten ostiralean, eta udaletxearen atera joan ziren, hain zuzen ere, Administrazio Kontseiluaren bilera bat egiten ari baitziren han, konponbidea eskatzeko.

Martxa egin dute Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino Osakidetzako garbiketa azpikontratetako bigarren greba egunean

Hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoeraren aurrean, homologazio printzipioaren aldeko hiru greba egunetako bigarrena egin dute gaur Osakidetza garbiketa azpikontratetako langileek. Atzo EAEko hiru herrialdeetan egindako mobilizazioen ondoren, gaurkoan bakarra egin dute, Bizkaian, martxa bat Barakaldoko Gurutzetako ospitaletik Basurtokoraino, Bilbon.

Bihar egingo dute hirugarren greba eguna eta Donostia ospitalean (10:30), Gasteizko Olagibel kaleko osasun etxean (10:30) eta Bilbon mobilizatuko dira. 11:00etan abiatuko dira Basurtoko ospitaletik Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino (Kale Nagusia, 85) eta ekitaldia egingo dute bertan, 11:30ean.

Kolektibo honetako langileek 5 urte inguru daramatzate hitzarmenik gabe, eta enpresekin 50 bilera inguru egin dituzte arren, ez da aurrera pausorik eta negoziazioaren blokeo egoera nabaria da.

Langile hauen lan-baldintzak Osakidetzako langileei homologatzea jasotzen du euren hitzarmenak. Horixe izan da, hain zuzen ere, bere garaian inplikatutako hiru aldeek (enpresak, langileak eta Osakidetza) onartu zuten joku-araua, eta horren arabera jardun dute urteetan.

Orain, bai enpresak, bai bezeroa (Osakidetza) homologazio-printzipioa urratzen ari dira; are gehiago, sektorean gehiengoa duen Garbialdi enpresak jakinarazi die Osakidetzako zuzendaritzak ez duela bere gain hartuko egokitu beharreko gaietako bat, garapen profesionalaren osagarria, alegia.

Ez gara homologaziotik haratago doazen gaiak aldarrikatzen ari. Besterik gabe, Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea aldarrikatzen ari gara, homologazio-printzipioan oinarrituta: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea, lanpostu hutsak betetzeko sistema bidezkoagoa, errelebo-kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea, Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak, etab.

Enpresa esleipendunak jarrera erosoan kokatu dira, eta erantzukizuna Osakidetzako Zuzendaritzari zuzendu diote. Modu horretan, ez dute sindikatuekin ezer adostu nahi, Osakidetzako Zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada.

Zentzu horretan, ordezkaritza sindikal bezala askotan zuzendu gara Osakidetzako zuzendaritzara egoera desblokeatzen saiatzeko. Bi urte daramatzagu Osakidetzaren atea jotzen, baina salatu behar dugu erakunde publiko honek ez digula ezta erantzun.

Egoera horrek alarma guztiak eta langileen animoak piztu besterik ez du egin. Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko langileak ez dira besoak gurutzatuta geratu eta grebara atera dira gaur, hitzarmenak jasotzen duen homologazioa irmoki defendatukoz. Erakutsi dute ez daudela prest bere garaian lortutakoa orain galtzeko eta horrela, erantzun zabala izan du gaurko grebak, eta bihar eta ostiralerako deitutako deialdiek ere erantzun zabala izango dutela espero dute.

Bizkaiko egoitzetako gatazkan Foru Aldundiak duen jarrera salatu dugu itxialdiaren bigarren egunean

Atzo hasi zuen LABek Bizkaiko egoitzetako langileen itxialdia Bilboko Atxuri auzoko Enkarnazioaren elizan. Ekimen honekin batera, hiru egunetako greba deitu du LABek Bizkaiko egoitzetan, abenduaren 14, 15 eta 16rako. Gaur, Batzar Nagusien egoitzaren aurrean mobilizatu dira grebalariak eta zuzenean interpelatu dute Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua, Aldundiak egoitzetako gatazkan duen erantzukizuna nabarmenduz, “Greban gaude, Murillo non zaude?” oihu artean.

Atzo goizean itxialdia hasi zutenetik, hainbat ekimen egin dituzte Bizkaiko egoitzetako langileek. Atzo bertan, manifestazioa egin zuten Atxuritik Erriberako egoitzara. Eta arratsaldean, egoitzetako gatazkaren inguruko hitzaldia eman zuten Ainhoa Etxaide eta Arantza Zulueta LABeko Idazkaritza feministako kideek. Egoitzetako gatazka gai laboral batetik harago doala nabarmendu zuten, zaintzaren afera erdigunean kokatzen duelako, eta honen izaera soziala eta inplikazio politikoak nabarmendu zituzten. Egun pribatizatuta dauden zaintza lanak publikoak izan beharko luketeela adierazi zuten.

Enkarnazioaren elizan lehen gaua igaro ondoren, gaur goizean ere euren aldarrikapenak zabaltzen ari dira grebalariak Bilboko kaleetatik zehar, “Funtsezkoak gara” lelodun kamiseta moreak soinean. Horrela, pankarta erraldoi bat zabaldu dute Alde Zaharreko Unamuno plazan eta ondoren, Batzar Nagusietako egoitzaren aurrean mobilizatu dira.

Gaur arratsaldean, 18:00etan, grebalarien elkargunea egingo dute Enkarnazioaren elizan. Hemen, grebalariek lan-baldintza eta zaintza duinen alde egiten ari diren borrokan izandako bizipenak partekatzeko aukera izango dute. 19:30ean, poteo musikatua egingo dute Atxuri eta Alde Zaharretik. Bigarren gaua elizan igaro ondoren, bihar goizean amaituko dute itxialdia, hiru egunetako ekimena biribilduz.