2024-04-19
HomeEkintza SindikalaNafarroako zahar egoitzen negoziazio mahairako deia egin dugu, lehenbiziko hitzarmen sektorialaren aldeko...

Nafarroako zahar egoitzen negoziazio mahairako deia egin dugu, lehenbiziko hitzarmen sektorialaren aldeko borrokari bertze bulkada bat emateko asmoz

Maiatzaren amaieran, hiru batzar egin genituen Iruñean, Tafallan eta Donezteben zahar egoitzetako bere delegatuekin, eta haiekin burutu zuen Nafarroako lehen hitzarmen sektorialaren aldeko borrokaren inguruko hausnarketa prozesua. Prozesu horren ondorioz, erabaki dugu hitzarmenaren negoziazioei bertze bulkada bat ematea, urtarriletik geldirik baitaude, eta negoziazio mahaia ekainaren 9rako aldebakarrez deitzea; hala, bertan inplikaturiko eragile guztiei parte hartzeko deia egin diegu.

Betiere Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmena helburu, 2021. urtearen hasieran negoziazio mahaiaren irekitzea sustatuz egin genuen bezalaxe, eta azken bi urteetan hitzarmen kolektiboa gure lurraldera ekartzeko beharra gizarteratuz egin dugun bezalaxe, oraingoan beharrezkoa ikusi dugu borrokari bertze bulkada bat ematea, batez ere batzuen blokeoa eta bertzeen jarduerarik eza ikusita.

Guk, bertze hiru sindikatuekin batera —edo hobeki erranik, haien aitzinean, haietatik tira eginez—, bi urte baino gehiago daramatzagu grebak eta mobilizazioak antolatzen, eta zentroz zentro lanean ari gara sektoreko langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen kolektibo propio baten aldeko borrokaren beharra zabaltzen.

Bada, azken greba eta mobilizazio egunen ondoren, gogoeta prozesu bat egin dugu bere delegatuekin eta afiliatuekin, eta guztien artean erabaki da, blokeo-egoera ikusita, benetako negoziazioaren alde egin nahi dela, edukiekin, eta halaxe jakinarazi zitzaien aurreko bilera intersindikalean ELAri eta UGTri —CCOO duela zenbait hilabete kendu zen borrokatik—.

Patronalak aurtengo urtarrilean egin zuen bere proposamena. Proposamena ez da nahikoa, eta hori sinatzetik urruti ikusten dugu gure burua. Baina argi dago sektoreko langileen greba eta borroka ugarien bidez lortu dela patronalari proposamen bat ateratzea eta, gure ustez, proposamen horrek lehen oinarriak paratzen ditu gainontzeko edukiak negoziatu ahal izateko.

Uste dugu ekintzarako unea dela. Borrokak ekartzen du beti lan baldintzen hobetzea, eta horretan jarraitzen dugu, baina horrek negoziatzeko gaitasuna ere izatea eskatzen du. ELAri eta UGTri proposatu genien negoziazio mahaia berriz deitzea, guztiak batera eser gintezen patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren aitzinean. Baina bi sindikatu horiek ezezkoa eman zutenez, erabaki dugu mahaia aldebakartasunez deitzea, ekainaren 9rako.

Borroka baztertu gabe, kaleak utzi gabe, uste dugu benetako negoziazioa suspertzeko eta edukiez hitz egiteko unea dela. Argi dugu posible dela Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmen kolektiboa lortzea, baina horretarako beharrezkoa da hurbilketa bat egitea eta edukiez hitz egiten hastea.

Negoziazio horretan, guretzat lehentasunezkoak eta nahitaezkoak dira soldatak hobetzea (KPIaren bermearekin), lanaldia murriztea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak, errelebo kontratuen beharra, eta lana eta familia bateratzeko neurriak, hain beharrezkoak baitira zaintza lanen sektore feminizatu honetan. Era berean, mahai gainean jarriko dugu malgutasuna mugatzea, eta sektoreko langile guztiek beren urteko lan egutegia izatea, atsedenaldiak errespetatuta eta alde bakarreko ordutegi aldaketarik gabe; horrela bermatuko baita sektoreko langileen bizi kalitatea hobetzea.

Laburbilduz, LABek bertze agertoki bat ireki du gaur Nafarroako zahar egoitzen sektorean, eta bertze sindikatuei dei egin die erantzukizunez joka dezaten eta sektoreko langileen lanbaldintzak benetan hobetzeko konpromisoa har dezaten.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.