2025-12-17
Blog Page 26

Uda garaian egiturazkoa den prekaritatea agerian gelditu da, eta langabeziak gora egin du

Ezegonkortasunaren erakusle argia da garai mugatu baterako sortu eta ondoren suntsitzen den enplegua prekarioaren gorakada, behin-behineko kontratuei lotua eta nagusiki zerbitzu sektorean sortzen dena. Gazteengan eta emakumeengan du inpakturik handiena.

Hego Euskal Herrian 137.559 langabetu zenbatu dira abuztuan, eta uztailarekin alderatuz langabezia %3,02 igo da. Pasa den urteko abuztuarekin konparazioan, ordea, langabezia jaitsi egin da. Herrialdeen artean aldea dago: Gipuzkoan (%5,85), Bizkaian (%3,43) eta Araban (%2,91) langabezia igo egin da, eta Nafarroan jaitsi (%0,53) egin da.

Azken urtearekin alderatuta, sektore guztietan jaitsi da langabezia, industria sektorean izan ezik, sektore horretan 133 langile gehiago baitaude lan bila. Datuak aurreko hilabetekoekin alderatuz gero, esan dezakegu industria sektoreak bizi duen egoera kezkagarriaren zantzuak azaleratzen ari direla. Izan ere, sektore guztietan langabezia igo arren, industria sektorean langabetu kopuruak igoera nabarmena izan du, 458 langabetu gehiagorekin azken hilabetean. Kopuruei erreparatuta, ordea, zerbitzuen sektorean jazo da igoerarik handiena, 3.965 langabetu baitaude izena emanda, uda garaiko kontratuak bukatuta.

Azken urtean, aurreko enplegurik gabe zeuden 450 langilek lana aurkitu dute; horietatik gehienak, 25 urtetik beherakoak eta emakumeak. Kasu honetan, 25 urtetik gorako emakumeen %78k aurkitu dute lana, aurrez enplegurik izan gabe. Dena den, langabetuen gehiengoa (%59,27) emakumeak izaten jarraitzen dute.

Migratuen artean, langabeziak behera egin du azken urtean zein hilabetean, nahiz eta oraindik orain migratu langabetuen artean %31,27 aurrez enplegurik izan gabekoa den.

Abuztuan sinatu diren kontratuen artean, gehiengoa behin-behinekoak (%79,62) eta zerbitzuen sektorekoan (%76,65) izan dira.

Afiliazioak ere behera egin du aurreko hilabetearekiko, baina pasa den urtean baino afiliatu gehiago daude erregimen orokorrean Hego Euskal Herrian abuztuko azken egunean; zehazki, 1.063.516. Afiliazioaren gehiengo nabarmena zerbitzuen sektorekoa da, %73,69 hain zuzen ere, eta azken urtean sortuko afiliazioaren %84,83 ere zerbitzuak sektoreari dagokio. Beraz, lan baldintza prekarioak eta ezegonkorrak nagusitzen diren sektorea sendotzen ari da Hego Euskal Herrian.

Arrakala lan-baldintzetan

Kontratu mota aztertzen badugu, lan baldintzetan ere sexu-genero arrakala egiturazkoa dela ondoriozta daiteke. Izan ere, lau emakumetik batek (%25,5k) jardunaldi partzialeko kontratua du, eta gizonen artean proportzioa 10etik batekoa da (%11,4a). Aldiz, jardunaldi osoko lan kontratuei dagokienean, kontrako joera nagusitzen da (emakumeen artean %58,7k dute jardunaldi osoa, eta gizonen artean %79,1ek).

Sortzen den enpleguaren ezaugarri nagusienak prekaritatea eta ezegonkortasuna dira, eta joera hori uda garaian areagotu egin ohi da. Ezegonkortasunaren erakusle argia da esku artean ditugun datuek adierazten duten enplegu suntsiketa, garai mugatu baterako sortu eta suntsitzen den enplegua. Enplegu horrek baldintza prekarioak ditu, eta inpaktu zuzena du gazteengan zein emakumeengan.

Era berean, zerbitzu sektorearen nagusitasunak eragin zuzena du lan harremanen zein enpleguaren kalitatean, lan baldintzak zuzendu ezinik, prekaritatea egiturazkoa bilakatu baita sektore horretan. Beraz, ikasturte berri honen atarian, LAB sindikatuak lan baldintza duinen aldeko eta eredu sozioekonomiko berri baten aldekoa borrokaren garrantzia azpimarratu nahi du.

Inboluzioaren aurrean, langileen aldeko politiken premia nabarmendu du LABek: politika birbanatzaileak, feministak eta antirrazistak

Prekaritatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria politika izango ditu lehentasun nagusi sindikatuak, eta agente aktibo izango da burujabetza maila handiagoak eskuratzeko.

Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkien politika publikoak eta sindikalismo borrokalaria, feminista eta antirrazista. Horixe da oldarraldi erreakzionarioari eta joera inboluzionistei muga jartzeko modurik onena, LABen arabera. Prentsa agerraldia egin du gaur sindikatuak, testuingurua aztertu eta aurtengo ikasturtean izango dituen lehentasun nagusiak azaltzeko.

Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak erreparatu dio egungo testuinguru politiko eta ekonomikoari. “Ziurgabetasuna”. Horixe da instituzioek, eragile politikoek eta patronalek etengabe errepikatzen duten hitza, baina, azaldu duenez, ziurgabetasunaren aitzakipean patronalari gero eta diru publiko gehiago ematen zaio, bueltan ezer eskatu gabe edo inolako baldintzarik ezarri gabe.: “Ez da politika birbanatzailerik bultzatzen, ez dago zerga politika progresiborik eta ezta soldatak duintzeko politikarik ere. Aldi berean, zerbitzu publikoak ahultzen ari dira. Ziurgabetasun aldi orok, beraz, langileen bizi baldintzen prekarizazioan urrats bat gehiago esan nahi du”.

Gerra komertzialaren ondorioak ere hizpide izan ditu, eta Europako Batasunak AEBekin sinatutako akordioa gogor kritikatu du. “Langile klasea izango da akordio horren eragin kaltegarriak pairatuko dituena. Europak alfonbra gorria jarri die Trumpen burutazio neoliberalei, AEBekiko dependentzian sakonduz. Europako Batasuneko gastu militarrak gora egiten jarraituko du, eta AEBetako armagintza industria indartuko da, Israel Palestinan egiten ari den genozidioan sakonduz. Gainera, akordio horrek atzeratu egingo du beharrezkoa den trantsizio energetikoa, eta eragin zuzena izango du larrialdi klimatikoan”.

Bestalde, eta aurrekoari lotuta, olatu erreakzionarioak gero eta eremu gehiago bustitzen dituela ohartarazi du Perezek, eta adibidetzat jarri ditu indarkeria matxista, feminismoaren kontrako mezu misoginoak eta jarrera xenofoboak. “Migratzaileen inguruko pertzepzio soziala aldatzen eta arrazismoa zabaltzen ari da”.

Horrekin batera, “intentsitatez igotzen” ari da euskararen kontrako oldarraldi politiko, sozial eta judiziala, Perezen arabera, administrazio publikoan euskara eskakizunak apaltzeko eta euskararen erabilera mugatzeko epaitegiek emandako epaiei lotuta.

Horren guztiaren aurrean, sindikalismo borrokalari, feminista eta antirrazista ezinbestekoa dela nabarmendu du, eta LABek eredu sindikal horren garrantzia berresten duela azpimarratu.

Langileak erdigunean

Testuinguruaz ohartaraziz hasi du bere hitzartzea Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak ere: Kapitalaren aldeko politikak muturrera eramaten ari dira, langileen bizi baldintzen kaltetan, gerrak eraginez eta larrialdi klimatikoa eta zaintza krisia areagotuz”. Sistema kapitalista, gainera, geroz eta autoritarioagoa dela azaldu du, eta faxismoaren mamua indarrez esnatu dela.

Diskurtsoak ez dira nahikoa, ordea, faxismoari, antifeminismoari, arrazismoari eta elkarbizitza erasotzen duten gorroto jarrerei aurre egiteko, Aranburuk gogoratu duenez: “Langile guztiei bizi baldintza duinak ziurtatuko dizkieten politika publikoak behar dira. Langileen aldeko politikak egin behar dira: politika birbanatzaileak eta zerbitzu publiko sendoak, politika feministak eta politika antirrazistak”.

Egungo eskumen markoaren barruan bestelako politika publiko batzuk egin daitezkeela adierazi du Aranburuk, baina, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren eta diputazioen politiken norabidea erabat aldatu behar dela. Edonola ere, gogorarazi du Euskal Herria estatu-tresnarik gabeko nazioa dela, “gai soziolaboraletan eta sozioekonomikoetan erabakitzeko gaitasun osoa ez duena”.

Horregatik, koordinatzaile nagusiak berretsi du estatus politiko berriak behar direla, nazio bat garela aitortuko dutenak, eta hemen lan baldintzak erabakitzeko dauden mugak gaindituko dituzten esparru juridiko eta politikoak behar direla, esparru sozioekonomiko propioa ziurtatuko dutenak.

Ikasturte berriari dagokionez, sindikatuarentzat honako lan ildo hauek izango dira lehentasunezkoak, zehaztu duenez:

1. Prekarietaren kontrako eta langileen arteko arrakalak murrizteko borroka. Prekarietatearen kontrako borrokan, sexu, genero, orientazio, arraza edo hizkuntzagatiko diskriminazio ororen aurka egingo du LABek. Lan lerro nagusia soldatak duintzeko borroka izango da, beste neurri batzuen artean hau ere diskriminazioei aurre egiteko bidea baita:

  • KPIaren gainetik egongo diren soldaten alde egingo du LABek. Azken urteetan sortzen den aberastasuna gero eta okerrago banatzen da, eta, desoreka horiek arintzeko, erosahalmena bermatuko duten soldata igoerak behar dira.
  • Lanbidearteko Gutxieneko Soldata: patronalak atea itxi zion akordio bat negoziatzeari baina denbora laburrean 138.000 sinadura baina gehiago bildu dira Hego Euskal Herrian. Ez patronalak, ez alderdiek, ez Jaurlaritzak ezin dio entzungor egin aldarrikapen honi. Gutxieneko soldata baten alde lanean jarraituko du LABek, bai negoziazio kolektiboan eta baita gehiengo sindikalarekin iniziatibak eginez ere.
  • Gutxieneko soldata duin bat izatea aldarrikapen estrategikoa da, milaka langileren bizi baldintzak duinagoak izan daitezen. LABek ez du ontzat ematen sistema kapitalistak egiten duen langileen arteko banaketa, eta gutxieneko soldata igotzeak langileen arteko arrakalei aurre egiten lagunduko luke.
  • Soldata duinekin batera, pentsio duinak aldarrikatzen ditu LABek. LGSren aldeko HELa ez da tramitazioan dagoen bakarra. LABek gogora ekarri eta balioan jarri nahi du pentsiodunek egindako lan eskerga eta gutxieneko pentsioaren aldeko HELaren eskaera.

2. Zerbitzu publikoen defentsa:

  • Osasungintza: Osasun Itunean ez da osasun sistema publikoa indartzeko helbururik izan. Eztabaida nagusia Osakidetzak eman beharreko zerbitzuak bitarteko publikoekin edo pribatuekin emango diren izan da, eta pribatizazio prozesuari eutsi nahi izan zaio. LAB eta bertan ziren sindikatu guztiak, beste eragile batzuekin batera, Osasun Itunetik kanpo geratu dira.

    LABek ez du ontzat emango osasun sistema publikoa eraisterik eta pribatiazio prozesuen kontra egiten, kontzertazioa salatzen eta Osakidetzako Mahai Sektorialean Osasun Mahaian kontuan hartu ez diren hainbat neurriren alde borrokaten jarraituko du. Aldi berean, beste sindikatu eta eragileekin eman beharreko erantzun soziala aztertuko du.
  • Hezkuntza: aurreko urtean itxitako akordioetan, LABentzat garrantzitsua izan zen lan zamak arintzea eta soldatak hobetzea, baita hezkuntza publikoa hobetzeko baliabide gehigarriak lortzea ere. Akordioa sinatu orduko, Hezkuntza Sailearen aldetik adosturiko baliabide gehigarri guztiak ez betetzeko nahia sumatu zuen LABek eta lanuzte batekin erantzun. Sindikatuak gertutik egingo dio jarraipena akordioen inplementazioari, eta, ez betetzeak baleude, ekintza sindikala eta mobilizazioak aktibatuko ditu. Eremu azpikontratatuan ere hobekuntzen alde borrokatzen jarraituko du sindikatuak.
  • Zaintza Sistema Publikoa: zaintza beharrak handitzen ari dira eta ez zaio erantzun egokirik ematen. Zaintza beharrei erantzun behar die sistema publikoak. Egun pribatizatuak daude zaintza lanak, eta zaintzako emakume langileek lan publikoa egiten dute egoera erabat prekarioan, negozioa egiten duten enpresa pribatuetan. Zaintza sistema publiko bat eratu behar da, eta, bide horretan, lan baldintzen ekiparazioak bultzatuko ditu LABek, eta hitzarmenak berritzeko eta ratioak murirzteko borroka egingo du, baita publifikazio prozesuak bultzatu ere.
  • Euskara: herritarrek eskubidea dute euskaraz bizi eta lan egiteko eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko, eta baita langile publikoek ere euskaraz lan egiteko. Administrazioaren euskalduntzeak euskararen ezagutzaren hedapenean eta normalizazioan ekarpena egiten du. Egungo oldarraldi politiko, juridiko eta sozialaren aurrean, lege berriak eta berme juridikoak behar dituela esan izan du LABek, eta horrek erantzun soziala ere eskatzen duela. Zentzu horretan, udazkenean mobilizazioak bultzatuko ditu sindikatuak.

3. Industria defendatu eta trantsizio ekosoziala bultzatu: Jaurlaritzak aurkeztu berri duen industria planak ez dio helburu horri erantzuten, eta ez du ziurtatzen trantsizio ekosozialean urratsik egingo denik; esaterako, ez dago deskarbonizazio prozesuari heltzeko erabaki argirik, ezta enplegu industriala babesteko edo enplegu hori duina izateko inolako bermerik ere.

Diru publiko asko jarriko da enpresen eskura, baina ez dago esku-hartze publiko aktiborik birmoldaketa industrialari termino ekosozialetan ekiteko. Diru publiko horrek poltsiko pribatuetan amaitzen du, eta, bere horretan, ez du bermatzen ez berritasun teknologikori, ez enpresen errotzerik edo jarraikortasunik, ezta enplegu duinik ere. LABek enplegurako eskubidea defendatzen du, eta negoziazio kolektiboan trantsizio ekosozialerako klausulak txertatuko ditu.

Amaitzeko, Aranburuk adierazi du LABek eraldaketa sozialaren alde borroka egingo duela, bai, baina, era berean, aldaketa politikoak ere sustatuko dituela: “LAB eragile aktiboa izango da estatus berri bati buruzko eztabaidan. Estatus berri horrek barne hartu behar duelako soldatak, pentsioak, lan baldintzak eta zerbitzu publikoak hemen bertan erabakitzeko aukera. Lan Harremanenetako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko bermeak izan behar ditu, esparru sozioekonomiko propioa”.

LABek Kubarako osasun materiala biltzeko kanpaina bat hasi du

LABek Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! elkartasun kanpainari hasiera eman dio, Kubako herriaren kontrako erasoak salatzeko eta osasun publikorako duen eskubidea aldarrikatzeko, Kubarekiko elkartasun eta Kubako emigratuen elkarteen eskaerekin bat eginez. Euskal Herriko osasun sektoreko langileek bultzatutako kanpaina izango da, elkartasun internazionalistaz abiatutakoa, eta LABeko afiliazioak eta komunitate osoak babestua.

Kubak osasun sistema eredugarrienetako bat lortu du, Ameriketako Estatu Batuek inposatutako blokeo ekonomikoari, komertzialari eta finantzarioari sei hamarkadaz baino gehiagoz aurren egin behar izan dion arren. Blokeo hori gerra ekonomikoko ekintzatzat jo daiteke, eta ondorio suntsitzaileak izan ditu Kubako langileriarentzat, sendagaiak, osasun tresnak eta funtsezko teknologiak eskuratzeko aukera mugatu baitu. Gaur egun, adibidez, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien %30 baino ez dute.

Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kubari hornidurak ukatzera behartzen dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBren errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek Kuba “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zigorrak dakartza, eta horrek eragotzi egiten dio Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun arloko materiala erosteko.

Kubaren aurkako blokeoa askotan gaitzetsi du nazioarteko komunitateak. 2023an, Nazioarteko Justizia Auzitegiak delitutzat jo zituen zigorrak, genozidioa ekar dezakeen gizateriaren aurkako krimentzat, eta berehala amaitzeko eskatu zuen. Era berean, NBEren Batzar Nagusiak blokeoa amaitzeko eskatzen duen ebazpen baten alde bozkatu du behin eta berriz, hainbat urtez, 180 herrialde baino gehiagoren babesarekin eta AEBen eta haren aliatu den Israelgo estatu sionistaren kontrako botoarekin.

Horregatik guztiagatik, irailaren 1etik urriaren 15era (urriaren 31ra arte luzatu da epea), LABek osasun materiala jasoko du bere egoitzetan eta ordezkaritza sindikala duen osasun zentroetan. Taupada markagailuak erosteko ekarpen ekonomikoak ere bideratuko ditu. Jasotako material guztia Kubara bidaliko da Euskadi-Cuba, Sierra Maestra Euskadi eta Desembarco del Granma-ko lankideen bitartekaritzari esker.

Nola egin daiteke ekarpena?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. LABen Hego Euskal Herriko hainbat egoitzatan egin ahalko da ekarpenaegoitzetan egin ahalko da ekarpena:

Araba: Gasteiz eta Laudio.
Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun zentroetan, berriz, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada markagailuak”).

Kubako osasun sistemak, Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde askotara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hari babesa erakusteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta abiatutako elkartasun kanpainan parte hartzeko deia egiten du.

38 urteko garraiolari bat hil da Erriberrin

LABek jakin ahal izan duenez, Iruñeko garraiolari bat hil da gaur goizaldean Erriberrin, lanerako zerabilen kamioia bidetik atera eta irauli ostean.

Lehenik eta behin, LABek samina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie senide, lankide eta gertukoei.

Larritzekoa da garraio sektorearen prekarizazio maila, zeina handitzen ari den etengabe. Horren erakusle dira aurtengo datuak: urtea hasi denetik gutxienez 15 garraiolari hil dira. Denera, 47. langile hil dira Euskal Herrian lanean. Iaz, urte osoan 14 garraiolari izan ziren, eta, beraz, joera kezkagarri bat adierazten dute datuek. LABek hainbatetan aldarrikatu izan du administrazioak sektorearen prekarizazio joera bortitz horri mugak jarri behar dizkiola.

Errepidean izaten diren lan istripuen atzean, sarritan, lan karga handiak, erritmoak eta, finean, bizitza osasuntsua izateko zailtasunak daude, eta, horiek guztiak faktore arriskutsu bihurtzen dira; hain zuzen ere, ez da kasualitatea gaurko istripua ordu txikietan gertatu izana, 04:00etan gertatu baita.

Aspalditik daramagu neurri zehatzak aldarrikatzen sektore honetarako; besteren artean, honako hauek: atseden eta zerbitzu eremu duinak udalerri guztietan garraiolariek garraio eta lan osasunako araudia bete ahal izateko eta atsedenaldi egokiak egin ditzaten; murrizketak edo/eta doako bidesariak autobideetan; garraio sektorean izaten diren iruzurren (azpikontratazioa, kooperatiba faltsuak…) kontrola eta ikuskaritza administrazioaren aldetik, araudiaren betetzea bermatzeko; eta erretiro adin aurreratua, duina eta bidezkoa.

Martxoan hamarkadetako lan istripu larriena izan zen Nafarroako errepideetan. Lan istripu hilgarri horretan 4 langile garraiolarik galdu zuten bizia. Orduan, Nafarroako Gobernuari aipatutako neurriak aurkeztu zizkion LABek, urgentziaz bete ditzan. Aldiz, Nafarroako Gobernuak ez du ezer egin, UGT, CCOO eta CENeko enpresariek kontrolatzen duten elkarrizketa sozialari men egin nahian. Ondorioz, gaurko lan istripu hilgarriarekin, dagoeneko 17 langile hil dira lanean Nafarroan, prekarietatearen eta utzikeriaren ondorioz.

Ostiralean, hilak 27, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek lan heriotza hau salatzeko mobilizazioa egingo dute Iruñean; 10:30ean, Sarasate pasealekuan.


Enviserreko langileek bost hilabete egin dituzte greban, lan baldintza duinen alde

Gasteizko parkeen, lorategien eta eraztun berdearen mantentze-zerbitzuko langileek, Enviser enpresak azpikontratatutakoek, bost hilabete egin dituzte greban. Gasteizko Udalak azpikontratatutako langileek bizi duina bermatuko dien hitzarmen propioaren aldeko mobilizazioak hasi zituzten duela sei hilabete, eta salatu zuten lorezaintzako estatu hitzarmena aplikatzen dietela, eduki eskasak dituena eta hemengo beharrak kontuan hartzen ez dituena. Euren lan baldintzak negoziatzeko gaitasuna izatea aldarrikatzen zuten, baina enpresa batzordeak egindako eskaerei itxikeriaz erantzun zieten enpresak eta Gasteizko Udalak. Horren aurrean, grebara jo zuten langileek, eta hamaika mobilizazio egin dituzte ordutik. Udalak eta Enviserrek, baina, langileen eskariei muzin egin die etengabe, eta, gatazka konpondu beharrean, bere baldintzak langileei ezartzen ahalegindu da.

Jarrera arduragabe horren aurrean, langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraitzeko borondatea dutela argi erakutsi dute. Udala bere ardura saihesten saiatu da, baina udala bera da azpikontratazen duen enpresaren erantzule, eta, horregatik, enpresa batzordeak neurriak berehala hartzeko aldarrikatu izan dio behin eta berriz. Etsigarria da erantzuna, ordea. Izan ere, mahai gainean jarritako proposamenak ez dira, inondik inora, onargarriak.

Langileek bizi maila duina bermatuko dien hitzarmena lortu arte borrokan jarraitzeko determinazioa dute, eta, horren erakusle, pankarta handi bat eskegi dute gaur goizean, greban bost hilabete egin dituzten egunean.

Gaztetxo Eskolak langile guztiei kalte ordaina ordaindu beharko die eta lanera itzuli nahi duten langileak hartu beharko ditu

Busturiako BBK Klimak udako denboraldiko udalekuetarako kontratatu duen Gaztetxo Eskola enpresan izandako iruzurren eta kaleratzeen aurrean, langileak borrokan hasi ziren ekain erdialdean, eta ordutik hona hamaika mobilizazio, pankarta, bilera eta prentsa deialdi egin dituzte; baita hiru eguneko kanpaldi bat ere.

Hasieratik esan zuen LABek Gaztetxo Eskolak BBK Kliman egindakoa irregulartasunez beteta zegoen iruzur bat zela: langileen kontrako mehatxuak, subrogazio prozesu irregularrak, asmatutako langileen kontrako txostenak, kaleratze gutunak… Dena, gainera, modu arrotzean eta oldarkorrean egin zuten, helburu argi batekin: kaleratutako langileak beldurtzea eta isilaraztea.

Langileek, ordea, beldurtu ordez, antolatzea eta borrokatzea erabaki zuten. Gertatutakoa salatu eta ekintza sindikala eta juridikoa aktibatu zituzten. Orain, borrokak arrazoia eman die langileei eta LABi: Gaztetxo Eskolak BBK Kliman lan egin behar zuten langile guztiei urte osoko kalte ordainak ordaindu beharko dizkie, eta lanera bueltatu nahi duten langileak berronartu beharko ditu. Beste behin, borrokak merezi duela argi geratu da.

Gaztetxo Eskola EAJri lotutako enpresa da, eta borroka honek berriro ere agerian utzi du EAJren klientelismoa: EAJren gertuko enpresa batek (Bizkaiko Foru Aldundiak diru publikoz hornitutakoa) lan zentro baten kudeaketa bereganatu, lan eskubideak zein hitzarmen kolektiboa errespetatu ez eta autoritarismoz gazte langileen kontra egin.

Zoritxarrez, egoera hau ez da salbuespena: udalekuetan ohikoa bilakatzen ari da administrazio publikoaren diru laguntzak jasotzen dituzten enpresek lan eskubideak urratzea, lan hitzarmenak bete gabe eta esplotazioa normalizatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak ezikusiarena egiten duen bitartean.

Horregatik, BBK Klimako langileek egin bezala, LABek dei egiten die prekarizazioa jasaten duten gazte langileei euren lan eskubideen alde antolatzeko eta borrokatzeko, euren egoera errotik aldatzeko.

Bukatzeko, LABek eskerrak eman nahi dizkie Busturialdeko herri mugimenduko kide, eragile eta norbanakoei, eskainitako laguntzagatik eta babesagatik.

LABek CTBren 6. biltzarrean hartu du parte, Brasilen

Abuztuaren 7tik 9ra bitartean, LAB sindikatuak CTB (Trabalhadores e Trabalhadoras do Brasil) zentral sindikalaren 6. kongresuan parte hartu zuen. Sindikatu hau MSF Munduko Sindikatuen Federazioan afiliatuta dago, eta LABentzat burkidea izan da urte hauetan guztietan izandako borroka askotan. Kongresua Salvador de Bahia hirian izan zen, eta 800 ordezkarik baino gehiagok eta mundu osoko 20 erakunde sindikalek parte hartu zuten. LABen izenean, Maddi Isasi Idazkaritza Feministako arduraduna eta Amanda Verrone Nazioarteko Harremanetarako Idazkaritzako kidea izan ziren bertan.

Kongresuaren leloak honako hau aldarrikatzen zuen: “Brasil eraldatzeko batasuna eta borroka: demokrazia, subiranotasuna eta lan duina”. Male talde afrobrasilarraren jarduera kultural batekin hasi zen, herri beltz eta indigenaren borrokek CTBk eraikitako sindikalismoari egindako ekarpen guztiari lekua eta balioa emanez. Halaber, Donald Trumpen gobernuaren esku-sartzearen aurkako erresistentzia, 6×1 lanaldiaren amaiera eta soldata baxuenen tasazioaren murrizketa aldarrikapen nagusiak izan ziren kongresuko egunetan.

Kongresuan zuzendaritza nazionaleko postuen parekidetasun kualifikatuari buruz, sindikatutik herrialdean politika desarrollista berri bat bultzatzeko moduari buruz eta munduko ordena multilateral berriari buruz luze eztabaidatu zen, besteak beste. Horrez gain, erabaki garrantzitsuak hartu ziren: gutxi gorabehera, 10 idazkaritza berri sortuko ditu CTBk ekintza sindikala lurralde osoan hedatzeko, CTBk Venezuela BRICSen sartzeari babesa eman dio eta 15 milioi langile baino gehiago biltzen dituen CONTAG sindikatuko landa-langileekiko elkartasuna ere aho batez onartu ditu.

Kongresuaren hasieran nazioarteko konferentzia bat izan zen, eta bertan LAB gonbidatu zuten inaugurazio-mahaian parte hartzera, mutilpolaritate geopolitikoaren erronkei buruz aritzeko. Gogoeta egin zuten munduko gobernantzaren egungo egiturari buruz, zeina eragile globalen arteko ekomendekotasunak eta egungo trantsizio geopolitikoak markatuta baitagoen, tentsioa eta gatazka ezaugarri dituen eta mendebaldeko botere inperialistaren gainbeheraren eta agortzearen adierazle den. Bigarren mahaian, digitalizazioak lan munduan dituen ondorioez eta klase eta kontraboterezko sindikalismoak nazioartean lan eskubideen defentsa nola antolatu behar duen ere izan zuten mintzagai.

Era berean, BRICSen itsasoko langileen foroaren sorrera bileran parte hartzera gonbidatu zuten LAB. Aurrerantzean, CTBko nazioarteko harremanen arduradun berria izango da foroaren buru. Foroan gogoeta garrantzitsuak partekatu zituzten LABeko kideek Brasilgo Lan eta Enplegu Ministerioko eta Portu eta Aireportuetako ordezkariekin, honako gai hauei buruz: sektorean emakumeak bultzatzea, sartzea eta babestea; portuen eta estibatzaileen arteko harremana; eta BRICS osatzen duten herrialdeetako praktika sindikal eta legegile egokiak (batez ere, trantsizio ekosozialaren eremuan).s

Euskal Herritik, LAB sindikatuak CTBko militantzia osoa zoriondu nahi du kongresu arrakastatsu honengatik eta zuzendaritza berritzeagatik, ziur baitago ekarpen handia egiten jarraituko duela mundu osoko langileen borroketan. Aniztasuna errespetatuz eta bultzatuz, batasunean aurrera egiteko gai den klase sindikatu bat eraikitzeko erreferentzia globala da CTB.

Gora borroka internazionalista! CTB a luta é pra valer!

Gutxieneko Soldata Propioaren aldeko lege ekimenak 138.495 sinadura jaso ditu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek gutxieneko soldataren aldeko herri-ekimen legegilerako sinadurak erregistratu dituzte gaur Legebiltzarrean. Hiru hilabete eskasetan 138.495 sinadura jaso dituzte, erabateko arrakasta izan dena, eta gaur bertan erregistratu dute Legebiltzarrean, irailean eztabaida abiaraz dadin.

Sinadura bilketa uztailaren 30ean amaitutzat eman zuten, aurreikusitakoa baino hiru hilabete arinago. Helburua bete izanik, lege-proposamenaren izapideak azkartzea lortu dute.

LAB sindikatuak adierazi du, izugarria izan dela euskal langileriak emandako erantzuna. «Hilabete gutxitan sinadura kopuru oso altua lortu dugu. Gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzeko helburua duen herri ekimen legegile honen bidez, Euskal Herriko langile askoren lan eta bizi baldintzak hobetzeko aukera ireki dugu; pobrezia murriztu, soldata arrakalak txikitu eta prekarietateari aurre egiteko proposamena da hau. Gainera, herri honen burujabetzan aurrera egiteko tresna izan daiteke».

Sindikatuok eta langileriak gure ardura bete dugu, eta orain Eusko Legebiltzarrari dagokio berea betetzea. Gutxieneko sinadurak jaso direla egiaztatu ondoren ohiko lege proposamenak bezala tramitatuko da, eta hortik aurrera alderdi politikoen esku egongo da herri ekimen legegile hau aurrera eramatea edo ez. Zentzu horretan, legebiltzarreko alderdi politiko guztiak interpelatzen ditugu, herri ekimen legegile honek bere bidea bururaino egin dezan eta behar duen babesa jaso dezan.

Guk lanean jarraituko dugu: patronala lanbidearteko akordiorako negoziazioetara esertzera behartzeko borrokan, eta gutxieneko soldata ezartzeko beharrezko eskumenak eskuratzeko lanean. Ziur gaude, modu batean edo bestean, lortuko dugula.

Sinadura bilketak erakutsi du Hego Euskal Herriko langileek apustu egiten dutela gutxieneko soldata propio baten alde. ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek argi erakutsi zuten bilketa martxan jartzean: kohesio sozialerako eta pobreziari aurre egiteko tresna den gutxieneko soldataren gainean arautzeko eskubidea ezinbestekoa da. Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoa Espainiakoarengandik oso bestelakoa da, eta Espainiako gutxieneko soldatak ez du balio Euskal Herriko langileak pobreziatik ateratzeko, lanaldi osoko lanak izanda ere. Langileek mezu hori ulertu dute, eta jasotako sinadurak atxikipen horren seinale dira.

Eusko Legebiltzarrean erregistroa egin ondoren, sindikatuek alderdi politiko guztiei eskatu diete gutxieneko soldataren lege-proposamena ahal bezain pronto izapidetu dezatela, eta aldeko botoen bidez Espainiako Kongresuari adieraz diezaiotela euskal gizarteak 138.495 sinadurekin erakutsi duena: gutxieneko soldata propioa izateko borondate irmoa dagoela.

Halaber, langileen sinadurek erakutsi dute CONFEBASK ez dela gai enpresetako langileen nahiak asetzeko, eta gizartean euren pribilejioen defentsa egiten duten enpresariak bakarrik ordezkatzen dituela. Bere eredu ekonomikoa langileen esplotazioan oinarritzen dela azpimarratu dute sindikatuek, eta uste dute 138.495 sinadura horiek balio behar luketela CONFEBASKek jarrera demokratikoagoa izan dezan eta negoziazioari bide eman diezaion.

Sinadurak Eusko Legebiltzarrean erregistratu ondoren, mobilizazio fase bati amaiera eman diote sindikatuek, baina iragarri dute udazkenean fase berri bati ekingo diotela. Helburua izango da langileen indar erakustaldi berrien bidez sinadurek erakutsitako atxikipena instituzio guztietan errespetatua izan dadin.

BetiONeko langileek 24 orduko greba dute gaur, kaleratze arbitrarioak eta babes falta salatzeko

Gaur, abuztuaren 18an, BetiON zerbitzu publikoan 24 orduko greba hasi dute langileek. Greba Batzordeak deitu du lanuztea, euskal herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea eta langileen eskubideak arriskuan jartzen dituzten gertakari oso larriak salatzeko.

LABetik argi dugu: egoera honen erantzukizuna Ilunion enpresarena eta Eusko Jaurlaritzarena da. 2023ko abuztuaren 1etik Ilunionek kudeatzen du BetiON telelaguntza-zerbitzu publikoa, eta ordutik hona hainbat urraketa larri gertatu dira. Joan den uztailaren 16an, enpresak langile bat kaleratu zuen, bere eginkizunak Madrildik egingo zirela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak, egoeraz guztiz jakitun, beste aldera begiratu du.

LABen ustez, kaleratze hori arbitrarioa da eta lan-baldintza duinak defendatzen dituzten langileen aurkako errepresio logikari erantzuten dio. Horrez gain, azken hilabeteetan hainbat zehapen jarri zaizkie langileei, eta hori larderia-kanpainatzat hartu behar da.

Are larriagoa da erabiltzaile baten erasoa jasan zuen langilearen kasua. Bere funtzioak betetzen ari zela gertatu zen erasoa, baina enpresak ez zuen inolako babes-protokolo eraginkorrik aktibatu, eta ez zion laguntza psikologikorik edo juridikorik eskaini. Mutuak lau egun behar izan zituen erasoa onartzeko. Jarrera hori guztiz onartezina da zerbitzu publiko batean, eta agerian uzten du enpresaren kudeaketa langileen eta erabiltzaileen ongizatearen gainetik interes ekonomikoak lehenesten dituela.

BetiON zerbitzu publikoa funtsezkoa da: baliabide publikoekin finantzatzen da eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak artatzera bideratua dago. Zerbitzu horrek ezin du prekarietatean, beldurrean eta babesgabetasunean oinarrituta funtzionatu.

LABek berariaz exijitzen du:

  • Kaleratutako langilea berehala berriz hartzea.
  • Zehapen-araubidearen ordezko formulak ezartzea.
  • Erasoen aurrean jarduteko protokolo erreal eta eraginkorrak martxan jartzea, telelaguntza-zerbitzuko langileei babes osoa bermatuz.
  • Erakunde publikoen inplikazio premiazkoa, zerbitzu publiko horretan lan-baldintza duinak bermatzeko.

LABetik argi esaten dugu: zaintza ezin da eraiki langileak prekarizatuz, beldurtuz eta babesik gabe utziz. Zaintza bermatzeko, lehenik eta behin, zaintzen dutenak zaindu behar dira. Ez dugu onartuko ez gure eskubideen urraketa, ezta zerbitzu publiko batean abusu egoerak normalizatzea ere.