2026-10-31
HomeEkintza SindikalaEuskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei...

Euskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei egiten du

Euskara larrialdi linguistikoan dagoela gero eta nabarmenagoa da. Gero eta ikerketa gehiagok agerian uzten dute euskarak ez duela etorkizuna ziurtatuta. Hau da, aldaketa sakonik egon ezean, euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea ez dugula ziurtaturik, ez gaur egun eta ezta etorkizunean ere. Euskararen transmisioa ez dago bermatuta, eremuz eremu euskara erabili ahal izatea ez dago normalizatuta, eta eremu sozioekonomikoan edo lan munduan euskararen hedapena bereziki urria da. Hori gutxi ez, eta, azken garaian, euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bereziki erasokorra indartzen ari da, hurrengo urteetan areagotzeko zantzu guztiak dituen oldarraldia.

Agertoki kezkagarri horren aurrean, XX. mendearen erdialdetik aurrera egindakoaren antzera, euskararen aldeko pizkunde berri bat sustatzeko premia dago, eta, euskalgintzarekin batera, LABek ere hori sustatzera dei egiten ditu euskal herritarrak; bereziki, euskal langileria. Herriz herri eta lantokiz lantoki euskara normalizatzeko ekimenak biderkatu behar ditugu; gure hizkuntza-eskubideen defentsa irmoa egin behar dugu, eta, finean, euskaraz lan eta bizitzeko konpromisoari tinko eutsi behar diogu.

Pizkunde hori euskaltzaleon aktibazioarekin eta mobilizazioarekin sustatzeko hainbat ekimen jorratuko dira datozen hilabeteetan. Horien artean kokatzen da datorren abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldia. Hau euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldia egiteko ekitaldia izango da; euskaldunei aktibatzeko deia egin eta hizkuntza politiketan jauzi sendo bat aldarrikatzeko ekitaldia. Ondorioz, LABek euskaltzaleei dei egiten die abenduaren 27an Miribilla lepo betetzera eta hurrengo hilabeteetan euskararen aldeko borrokari bultzada berri bat ematera. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....