2026-05-18
HomeEkintza SindikalaLABek deituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan mobilizazioak egin dituzte irakasleek

LABek deituta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan mobilizazioak egin dituzte irakasleek

Hezkuntza Sailak %80 ordezkatzen duten sindikatuekin maiatzaren 9an sinatutako akordioan jasotzen diren hainbat puntu ez direla betetzen ari salatu dute dozenaka ikastetxetako ehunka irakaslek.

LABek, gehiengo zabala osatzen duten STEILAS, Interinok taldea eta CCOO sindikatuekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen akordio arautzailea (lan-hitzarmena) erdiestea lortu zuen maiatzaren 9an, urtarriletik apirilera bitartean burututako hamaika mobilizazio eta bederatzi greba-egunen ondoren. LABek adierazi duenez, sinatutako akordioaren bitartez hezkuntza publikoan urrats sendoak eman dira irakasleen hezkuntza-kalitatean; izan ere, irakasleen lan-baldintzak nabarmen hobetu dira, eta ikasturte honetan zein datozen bi ikasturteetan zehar baliabide eta figura berriez hornituko dira ikastetxeak.

Hala ere, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakiengatik, akordioan jasotako guztia ez dela aplikatu salatu du sindikatuak. Besteak beste, lan-jarduna aurreratu ahal izateko gazteberritze-neurriak ez ditu bere horretan aplikatu; ondorioz, hainbat irakaslek ezin izan dute erretiroa aurreratu.

Bestalde, etapa guztietako irakasleen eskola-orduak murriztea lortu bazen ere, hainbat ikastetxetan ez da neurri hori bete. Haur eta Lehen Hezkuntzan, irakastorduak 23tik 22ra jaistea adostu zen akordioaren bidez; hala ere, ikastetxe askotan 22 ordutik gora izaten jarraitzen dute. Era berean, Bigarren Hezkuntzan, HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barruan jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleei laguntzeko zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da HEDATZE. Horrez gain, ordu-murrizketek sortu beharreko lanpostuak sortzeko irizpideak aldebakarrez ezarri ditu Sailak, ikastetxeek zein sindikatuek nahikotzat jotzen ez dituztenak.

Lanbide Heziketari dagokionez, Ikasturte Hasierako Ebazpenean jasotako antolaketa-arautegia aplikatzen ari da ikastetxeetan, oraindik argitaratu ez den arren. Gainera, akordioan alde sozialarekin negoziatu eta adostuko dela jasotzen bada ere, administrazioak ez die erantzunik eman irailean LABek egindako ekarpenei.

Azkenik, sindikatuak 2025eko ekainetik langileek jaso beharreko soldataren %2a berrezartzea eskatu du. LABek adierazi duenez, 15 urteren ondoren soldata bertan negoziatzea eta adostea lortu arren, Hezkuntza Sailak, beste behin ere, aldebakarrez hartutako erabaki baten bidez, azaroko soldatan igoera kobratzeari utzi diote irakasleek.

Arestian aipatutako edukiak aldarrikatzeko, besteak beste, ondorengo ikastetxeetan burutu dituzte elkarretaratzeak irakasleek:

Araban: Eraiken LHII, IRALE eta Mariturri HLHI (Gasteiz), Laudio BHI (Laudio), Samaniego IPI, Lantziego Ikastola HLHI (Lantziego) eta Ikasbidea Ikastola IPI (Durana).

Bizkaian: Gernika BHI (Gernika), Barrutialde BHI (Barrutia), Zornotza LHII eta Urritxe BHI (Zornotza), Kueto HLHI eta Saturnino de la Peña (Sestao), Barrutia HLHI (Arratzu), Kantauri BHI (Santurtzi) eta Minas BHI (Barakaldo).

Gipuzkoan: Amara Berri HLHI, Ibai Ikastola HLHI, Zubiri-Manteo BHI, Altza BHI eta IRALE (Donostia), Egape HLHI (Urnieta), Luzaro HLHI (Deba), Mogel Ikastola (Eibar), Toki Alai HLHI, Pio Baroja BHI eta Txingudi Ikastola HLHI (Irun), Cristobal Gamon HLHI eta Koldo Mitxelena BHI (Orereta), Ezkio-Itsaso HLHI (Ezkio-Itsaso), Zumaiako Herri Eskola (Zumaia), Lezo BHI (Lezo), Goizeko Izarra Ikastola (Mutriku) eta Soraluze BHI (Soraluze).

LABek adierazi du mahai negoziatzaileak edukiz bete daitezen lanean jarraituko duela, baita hitzarmenean adostutakoa osotasunean bete dadin mobilizazioak deitzen jarraituko duela ere, gaurkoan egin bezala. Zentzu horretan, LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin batera egingo du bidea, eta ikastetxeetan asanbladak egiten jarraituko du. Era berean, LABek gainontzeko sindikatuei elkarlanean aritzeko deia egiten die, eta jarrera irmoa har dezatela eskatzen die. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioa Nafarroako ikuskizunetako teknikarien hitzamenaren alde

Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek ordubeteko lanuztea egin dute gaur, eta Iruñeko Udaletxeko plazan mobilizatu dira 13:15ean, 2023ko maiatzetik geldirik dagoen sektoreko hitzarmen propio...

Tubos Reunidoseko plantilla beste borroka fase batean sartu da, konkurtso prozesua ireki ondoren

Gehiengo sindikalak greba mugagabea bertan behera uzteko, eta enpresan irekitako konkurtso prozesuaren barruan, borroka fase berri bat hasteko erabakia, langileen batzarrera eramatea erabaki du.

M17; LGTBIQ+fobiaren aurka, ikasgela aske eta askatzaileen alde!

Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik mezu eta jarrera erreakzionarioak etengabe hedatzen ari diren garaiotan, adierazpen trans baztertzaileak geroz eta espazio gehiago hartzen ari dira gizartean, eta inpaktu zuzena izaten ari dira hezkuntza komunitatean ere. LAB eta STEILAS sindikatuok eta eskola inguruneetan hezkidetza, sexu-hezkuntza eta pedagogia feministak lantzen ditugun eragileok, hezkuntza komunitateko ikasle antolakunde eta beste eragile batzuekin batera, gaiarekiko gure posizioa azaltzeaz gain, azken hilabeteetan hezkuntza eremuan emandako hainbat eraso transfobo salatu nahi ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuari ikasgelak ere espazio aske eta seguruak izateko ardura har ditzaten eskatu nahi diegu, eta horretarako bitartekoak jar ditzaten.