2026-07-11
Blog Page 247

[IRITZIA] Esku-hartze soziala… zer da hori?

Iritzi artikulua osatu dute Esku-hartze sozialeko langileak eta LAB sindikatuko kideak diren Begoña Mendigurenek, Carlos Hernándezek eta Izaskun Arotzenak. Jarraian irakur daiteke:

Integratzaileek, gizarte-langileek, psikologoek eta gainerako profesionalek ibilbide luzeko Gizarte Zerbitzuen sare bat osatzen dugu. Ia ez gaitu inork ezagutzen, baina leku guztietan gaude: etxebizitzetan, itxarongeletan, supermerkatuetan, farmazietan, ospitaleetan, dendetan, tabernetan, kaleetan… Aurrez aurre, telefonoz, online. Imajina daitezkeen leku guztietan gaude, era guztietako zereginak egiten, pertsonen beharrei erantzuteko. Gure lana pertsonei laguntzea da, gizartean beren lekua har dezaten laguntzea. Horregatik ez gara ezagunak, ez garelako protagonistak, haiei laguntzen diegunak baizik. Bizitza duin bat eta bizitza hobea izateko guztiok dugun eskubidea defendatzen dugu.

Azken aldian, gizarteak hainbat krisi ekonomiko eta sanitario bizi izan ditu, baita balio-krisiak ere. Horrek ondorioak izan ditu gure sektorean, batez ere artatzen dugun pertsonei eragin dielarik, baina lan egiteko baldintzak ere okertu dira. Arlo soziala ez da inoiz lehentasunezkoa programa politikoetan, ezta premiazkoena ere agenda instituzionaletan. Pandemiaz geroztik, egoera horrek, beti nahiko prekarioa izan denak, okerrera egin du, langileon zaurgarritasuna areagotuz. Prekaritate horrek profesionalak ere kolpatu ditu.

Gure lanak interes publikoa du, eskubideei erantzuten baitie; horregatik, administrazio publikoek sektoreko arduradunak beste erantzukizun dute bizi dugun egoerarekiko. Are gehiago, gure lanaren finantzaketa eta baldintzak bermatzearen ardura ere badute. Hala ere, gero eta diru-laguntza gutxiago dugu, neurrigabeko eskakizunak, baldintza onartezinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioak, alegia gure lana okertzen duten egoera ugari. Asko dira egoera honen arrazoiak, baina bereziki kezkagarria iruditzen zaigu arduradun publikoentzako gure sektoreak garrantzia galdu izana. Gure lanaren ondorioz bermatzen ditugun eskubideek lehentasunik ez badute, gure lana debaluatzeaz gain, artatzen ditugun pertsonen babesgabetasuna areagotzen dute.

Gure munduan lehentasunak azkar eta etengabe aldatzen dira, eta, horren ondorioz, administrazioek sare sozialetan edo komunikabideetan sortutako sute artifizialei erantzuten diete, benetako beharrei erantzun gabe. Ez digute sektoreko profesionalei galdetzen ezta entzuten ere, geu izan arren gizarte-agendaren lehentasunak ezarri beharko genituzkeenak, gure egunerokotasunean aurre egin behar diegun arazoen ezagutzatik abiatuta. Irizpiderik izan ez eta moda mediatikoak jarraitzearen ondorioz, administrazio publikoek funtsik gabeko eskaerak egiten dituzte presaz. Are, batzuetan eskaera kontraesankorrak dira, “sutea itzaltzea” beste helbururik ez dutelako. Hala, benetako premiei erantzuteko plangintza eta metodologia egokirik ere ez dute jarraitzen. Horrek eragotzi egiten digu profesionalok nahi eta behar dugun eta gure erabiltzaileek merezi duten arretaren kalitatea eta jardunbide egokiak garatzea.

Eta nola erantzun diote gizarte-erakundeek eta elkarteek administrazioaren noraez horri? Bada, pixkanaka-pixkanaka, elkarteek izaera propioa galdu dute eta enpresa izatera igaro dira, eta administrazioaren moduak eta formak eskuratu dituzte, duela gutxi kritikatu eta borrokatzen zituzten forma berberak, hain zuzen ere. Prozesu hori burokratizazio gisa defini dezakegu, nahiz eta profesionalizazio gisa “saldu” nahi izan duten. Xedea ez da izan lan eta arreta baldintzen hobekuntza (profesionalok borrokatzen dugun profesionalizazioa), baizik eta aitzakia bat gure lurraldean esku-hartze sozialeko sarea eraiki zuten erakundeak hierarkizatzeko eta pribatizatzeko.

Sektoreko 30 elkarte baino gehiago daude Bizkaian, eta ia ez dute elkar ezagutzen. Erakunde publikoen babespean daude; udalak eta Bizkaiko Foru Aldundia, eta haiek dira modu pribatizatu eta delegatuan elkarteek ematen dituzten zerbitzuen arduradunak. Bananduta mantentzen dituzte elkarteak eta baliabide eskas batzuengatik lehiatzera behartzen dituzte. Elkarrengandik aparte mantentzen gaituzte eta eskasegiak diren baliabideengatik lehiatzera garamatzate. Sektorean ezarri duten finantzaketa sistemaren ondorioz administrazioaren interesen mende dagoen patronal horrekin banan-banan negoziatu beharra daukagu. Hala, profesionalizaziorako eta zerbitzuak bermatzeko erreminta baino, xantaia hutsa da finantzaketa-modu hori.

Gure lan-baldintzek okerrera egin dutela nabaria da: lan gehiago, diru gutxiago, eskubideen galera eta murrizketa, gure enpleguen prekarizazioa, etengabeko errespetu faltak, duintasunaren aurkako erasoak, erosteko ahalmenaren galera, bizi-kalitatea okertzea, egonkortasunik eza, etab.

Horren aurrean frustratuta eta haserre sentitzen gara. Non geratzen dira gure lanaren, esku-hartze sozialaren, filosofia eta etika? Non daude gure erakundeen eta administrazio publikoen balioak? Non gelditu dira erabiltzaileen zein gure lanaren duintasuna? Zalantza horiek haserretu egiten gaituzte, definizioz humanoa eta humanitarioa den gure lanean gizatasuna galdu dela adierazten dute.

Horregatik, 2023an, gure lanbidearen hobekuntza aldarrikatzeko eta laguntzen ditugun pertsonen alde, erdigunean jartzea tokatu zaigu. Bizitza-proiektu duinak izatea ahalbidetuko diguten lan-baldintzak lortu, burn out-a ez pairatzeko borrokatu, ratioak bete, eskubide eta soldata duinak defendatu, ordezkapenak bermatu eta abar luzearen alde borrokatu behar dugu.

Feminizatutako eta benefizentziari lotutako lanbide baten herentzia daukagu, horregatik espero da beti hor egotea, edozertarako prest, bestela, nork emango ditu zaintza horiek?

Baina benetan gu hor egotea nahi bada, gure eskaerei erantzun behar zaie. Tratatzen ditugun pertsonei eskaini nahi diegun duintasun eta profesionaltasun berarekin tratatzea eskatzen dugulako. Gure lanaren beharra ulertzea nahi dugu, izan ere, laneko duintasunaren eta justiziaren eskaera horiek egiten baditugu, artatzen ditugun pertsonek merezi duten duintasuna eta justizia soziala aldarrikatzeko da. Azken finean, haiexek dira gure lan-baldintzak hobetuz gero onurarik handiena izango dutenak.

Pertsonak zainduz eta eskubideak bermatuz egiten dugu lan. Horregatik, gure eskubideak aldarrikatzea eta geure burua zaintzea ere gure lanaren parte da.

Bizkaian gertatutako bi lan-istripu oso larrik agerian utzi dute patronalak sistematikoki urratzen duela Prebentzio Legea

Beste bi lan-istripu salatu ditugu. Horien ondorioz hiru zauritu izan dira, horietako bi larri. Bi lan-istripuak egun berean gertatu ziren, urriaren 9an, astelehenean, elkarrengandik kilometro gutxira, lehena Getxon eta bigarrena Erandion.

Bi langile zauritu dira Getxon, lanerako zerabilten igogailua erorita
Bizkaiko Suhiltzaileek sare sozialetan azaldu zuten bezala, lanerako zerabilten igogailua erorita zauritutako bi langile erreskatatu behar izan zituzten. Igogailua Urkiola kaleko etxebizitza partikular batean zegoen. Horren ondorioz, langile batek zauri larriak izan zituen beso batean, eta bestea suhiltzaileek atera behar izan zuten, igogailuaren kabinaren azpian harrapatuta geratu baitzen.

Larri zauritutako langilea Erandion, lau metroko altueratik erorita
Langile bat lau metroko altueratik erori zen, plaka zeharrargi bat zapalduta, Erandioko Erribera kaleko industria nabe batean amiantoa kentzeko lanak egiten ari zela. Zauritutako langileak 32 urte ditu eta Reformas Maver enpresan egiten du lan.

Bi lan-istripuen ondorioz, langileek osasun-arreta behar izan zuten, eta ospitalera eraman zituzten.

Berriz ere bi lan-istripu altueratik erorita. Urtero, hainbat langile hiltzen dira horrelako istripuen ondorioz, eta, horregatik, LABek galdetu du ea noiz indartuko den horrelako lanen gaineko kontrola. Argi dagoena da lan-baldintzek eta prebentzio- eta segurtasun-neurrien faltak edo akatsak eragiten dituztela erorikoak.

Gainera, Erandioko istripuak plus bat dakar berekin; izan ere, nabe baten desamiantatze lanetan izan da. Halako lanek segurtasun-protokolo zorrotzagoak izan behar dituzte, eta plan espezifiko bat, lanok egiteko modua, horien kontrola eta jarraipena jasoko dituena. Baina hau ez da gertatzen. Desamiantatze lanetan gertatzen ari dena, duela gutxi gertaturiko kasu batzuetan bezala, lan-erritmo altuak lehenesten direla da, ahalik eta lasterren egiteko eta jarduera ahalik eta gutxien geldiarazteko.

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa adierazi nahi die zauritutako langileei, haien senideei, lankideei eta lagunei.

Era berean, salatu du lan-istripu horiek ez direla kasu isolatuak, baizik eta langileen eguneroko ogia. Lan-erritmo altuak, lehenbailehen amaitzeko presioak… azken batean, patronalaren lehentasuna da onura ekonomikoak azkar lortzea, langileen segurtasunaren eta osasunaren gainetik, prebentzio-legea sistematikoki urratzen delarik. Bada, kontrolatu eta zigortzen ez dituzten erakundeen konplizitateak eta utzikeriak ahalbidetzen du hori.

Prebentzio neurri egokiak eskatu ditugu Gipuzkoako Telefonica-Cotronic-en

Irailaren 11n eta 15ean, Orendainen eta Gabirian hurrenez hurren, postea hautsi izanaren ondorioz bi istripu larri gertatu ziren. Zauritutako langileak Inversiones Concetel Cotronicen azpikontratakoa eta Cotronic Telefonicaren kontratakoak dira. Gertatutakoa gaitzetsi eta lan-osasunaren arloari lehentasuna ematea eskatu du Telefonicako LABen sail sindikalak.

LABeko sail sindikaletik, ezer baino lehen, elkartasuna adierazi nahi diete biktima izan diren langileei, beraien lankideei eta senideei.

Kontrata brean eta aste berean errepikatu diren gertakizunek adierazten dute egiturazko arazoak daudela enpresen aldetik arriskuen prebentzioaren kudeaketari dagokionez, lan-tresnen erabilera okerra tarteko (igogailuen plataformak eta soportezko hankak dituzten eskailerak). Horrez gain, Telefonicaren aldetik Gipuzkoan Cotronicek egiten dituzten lanen behatze falta agerian uzten du.

Horregatik, salaketa bat izapidetu dugu Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Lan sailaren ikuskaritzan ikertu dadin, eta bilatu eta zuzendu daitezen istripuak eragiten dituzten balizko jardunbide okerrak Telefonica eta Cotronicen arteko harreman espresarialean.

Ez dugu ahantzi behar urte honetan eta kontrata berdinean beste istripu baten ondorioz langile bat hil egin zela Donostian. Altuerako lanetan, eta bereziki posteetan, neurri prebentiboen aplikazio zorrotza eskatzen dugu parteak egitea, lan tresna egokien erabilera(igogailu-plataforma eta soportezko hankak dituzten eskailerak) eta errekurtso prebentiboaren erabilera.

Betekizun horien kudeaketa eraginkorra egitea eskatzen diegu Telefonicako arduradunei. Gipuzkoan posteen ikuskapenerako eta zuntzezko posteak ordezkatzeko inbertsioak areagotzea eskatzen dugu.

Egiturazko lanetan, hau da, sarearen mantentze-lanetan eta matxuren konponketan dabiltzan kontratetako langileak Telefonicako plantillan sartzea eskatzen dugu, beraien baldintzak zalantzarik gabe hobetuko liratekeelako arrisku laboralen kudeaketari dagokionez zein enpleguaren duintzeari eta segurtasunari begira.

Beste behin ere, prekaritatea salatzen dugu. Istripuen zergatien funtsezko aldagaia da. Eta beste behin aldarrikatzen dugu lan-harremanetak laboraletako eta babes sozialarako euskal esparrua gure bizitzak eta lan baldintzak eraginkortasunez hobetzeko.

Gorabidek eta Bizkaiko Foru Aldundiak langileekin uztailaren 3an sinatutako hitzarmen kolektiboa urratu dute

Gorabideko gerenteak, Txema Francok, Gorabideko Zentroarteko Batzordeari jakinarazi dio ez duela beteko uda baino lehen batzorde honekin sinatutako akordioa bere osotasunean.

Gorabideko zuzendaritzaren eta langileen arteko aurre-akordio horrek ekarri zuen hitzarmen kolektiboaren alde langileek abiatutako mobilizazio zikloaren amaiera, zeinaren baitan 26 greba jardunaldi egin baitziren.

Gorabidek konpromisoa hartu zuen 2023ko igoerak sortutako atzerapenak 2023ko abenduaren 31a baino lehen ordaintzeko, baina Txema Francok konpromiso hori apurtu eta 36 hilabetetan zehar modu atzeratuan ordainketa inposatu nahi du.

Gorabidek urraketa hori zuritu nahi du, argudiatuz Bizkaiko Foru Aldundiak haiekin zituen konpromisoak ez direla bete negoziatuta zituzten nondik norakoen arabera.

Urriaren 10ean, langileekin batzarrak egin ziren horren berri emateko eta egoera larri horren aurrean zer egin erabakitzeko.

Asanblada hauen ondoren, Zentroarteko Batzordeak ondokoa helarazi nahi du:

– Aurreakordioa ez betetzea oso larria iruditzen zaigu, joku-arau guztiak apurtzen baititu. Sortutako egoera jasanezina da, eta atoan ez konpontzekotan, langileriak bere eskubideak defendatuko ditu mobilizazio zein grebekin.

– Txema Francok, Gorabideko gerenteak, apurtu egin ditu gerentziaren eta langileen arteko harremanak eskatu ohi dituen oinarrizko konfidantzak.

– Gizarte-Ekintzako ahalduna den Amaia Antxustegirekin bilera egiteko eskatu egin dugu, baina Zentroarteko Batzordearekin bilera egiteari uko egin dio. Guk, gure aldetik, publikoki helarazten diogu Gizarte Ekintza ahaldunari gurekin bilera izateko gonbidapena eta egoera honi irtenbidea emateko aldarrikapena.

– Zaintzen ditugun pertsonen sendiei dei egiten diegu langileoi entzun diezaguten eta gertatutakoaren larritasunaz jabetu daitezen.

– Langileen asanbladan honako erabakiak hartu dira: Urriaren 24an asanblada egingo dugu eta bertan erabakiko dira akordio ez-betetze horrek eragindako egoerari aurre egiteko mobilizazio eta grebak. Urriaren 24ra arteko asanblada egin arte, arazoaren arduradun guztiei dei egingo diegu irtenbidea aurkitzeko.

Hori guztia dela eta, honako mobilizazio hauek deitu ditugu:

– Urriaren 17an: Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegietan, 9:15ean, pasa den maiatzean Marea Urdinaren konzentrazioan Itsas Museoan izandako liskarrengatik epaituko duten Gaudeko lankidearen alde.

– Urriaren 20an: BBK-Kunan -Urazurrutia 3an (Bilbon)-, 9:30etan.

– Urriaren 23an: Balmasedako San Seberino plazan 12:00etan.

Azkenik, helarazi nahi diogu bizkaitar gizarteari gure eskubideak eta duintasuna kalean defendatuko ditugula eta borroka honetan gurekin egotera gonbidatzen ditugu.

Aniztasun funtzionaleko langileen kontrako kriminalizazioa eteteko exijitu dugu

Maiatzaren 9an aniztasun funtzionaleko langileek, Marea Urdina izenekoa osatzen zutenek, Bilboko Itsas Museum aurrean mobilizazioa antolatu zuten borrokan ari ziren enpresetako hitzarmenen alde. Bada, grebalarietako bat, LABeko ordezkaria, epaitegian deklaratzera deitu dute urriaren 17an, eta sindikatuak elkarretaratzea antolatu du egun horretan, 09:15ean Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean, babesa adierazi eta borroka sindikala delitua ez dela ikusarazteko.

Itsas Museumean, egun horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako buru zen Sergio Murillok eta elkarte zein alderdi politikoek ekitaldi bat zeukaten antolatuta. Horren aurrean, besteak beste, Gorabide, Aspace, Gaude eta Madres Mercedariaseko 500 bat langile mobilizatu ziren.

Hasierako momentutik, poliziaren presentzia nabaria izan zen eta hainbat alditan, mobilizazioa hasi aurretik, elkarretaratzea prestatzen hari zirenengana zein elkarretaratzera batzen ari zirenengana mehatxuka hurbildu ziren, kide batzuk identifikatuz.

Tentsio puntu gorena, Sergio Murillo eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideak sartu zirenean izan zen Gogoratu beharra dago Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lukeen zerbitzua enpresa hauen gain utzi duela baina, aldiz, hitzarmenak sinatzerako orduan enpresa hauen gaineko kontrola duela, bera baita baiezkoa edo ezezkoa ematen diona enpresen hitzarmenei. Hala, momentu horretarako, sarrera eta zabalgune osoa poliziak hartua zuen, eta elkarretaratzean zeuden langileen kontra bortizki oldartu zen. Bada, LABeko bi kide zauritu zituzten eta ospitalera joan behar izan ziren buruan izandako lesioengatik. Horrez gain, hainbat pertsona identifikatu zituzten.

Orain, LABeko delegatua eta Gaude Elkarteko langilea den pertsona bat epaitegietara deklaratzera deitu dute urriaren 17ko goizeko 10:00etan, eta LABeko beste kideei santzio administratiboak heldu zaizkie, isunduen artean ospitalean bukatu zuen kide bat dagoelarik.

LAB sindikatuak argi dauka zein funtzio betetzen duen bakoitzak egungo sistema kapitalistan, eta argi dugu langileen kontrako zein borroka sindikalaren kontrako jazarpena nork agintzen duen eta nork exekutatzen duen.

Hala, elkartasun osoa adierazi die borrokan dauden eta jazartuak izaten ari direnei: anbulantzietako langileak, Mecaner eta Glavistakoak, zaintza sistema publiko komunitario baten alde borrokan ari diren sektoreei, ostalaritzako langileei zein EHU-koei.

Sindikatuak argi dauka, era berean, borrokatzeak merezi duela eta horri esker joan direla ixten sektore honetako hitzarmenak (bide batez, animoak helarazi dizkie ASPACEko kideei, borrokan jarraitzen baitute), eta borroka sindikala ez dela delitua. Izan ere, Marea Urdinak hasi duen bideak etorkizunean borrokatzeko tresna izaten jarraituko duela nabarmendu du LABek.

Mehatxu, jazarpen eta oztopo guztien gainetik zaintza sistema publiko komunitarioa marrazten eta irabazten jarraitzeko asmoa iragarri du LABek, eta, hain zuzen ere, helburu horrexekin beteko ditu kaleak azaroaren 30eko Greba Orokor Feministan.

Horregatik, urriaren 17an, 9:15etatik aurrera, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean, elkarretaratzea deitu dute, Borroka sindikala ez da delitua lelopean.

Mecanerreko langileek Bilboko kaleak hartu dituzte beren lanpostuen defentsan deitutako greba egunean

Gaur, urriak 11, Urdulizko Mecaner autogintza enpresako beharginek bigarren greba eguna izan dute, lantegiaren itxieraren aurka eta eskualdeko industria-ehunaren defentsan.

Goiz-goizetik, Mecaner-eko langileak lantegiaren atean batu dira, eta, hainbat orduz piketean aritu ondoren, aldarrikapenak Bilboko bihotzera eraman dituzte.

Goizeko 9:00etan manifestazioa abiatu da Eusko Jaurlaritzaren ateraino, Urdulizko lantegian Stellantis taldeak egin nahi duen deslokalizazioa, enpresaren itxiera eta zuzendaritzaren zekenkeria salatzeko.

Ondoren, Mecaner-eko enpresa-batzordea lan-sailarekin elkartu da.

Bilera horretan, Mecaner-eko langileen egoera eta Stellantisen asmoak azaldu ditu enpresa batzordeak.

Bileran hainbat gai azpimarratu nahi izan dira:

  • Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia itxi, helburu argi batekin: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztu.
  • Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra dela. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.
  • Mecaner ixteak dakartzan ondorio negatiboak, lanekoak zein sozialak; zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea…
  • Instituzioek zeregin aktiboa izan dezaten eta Mecaner-en jarraipena ahalbidetuko duen irtenbide bat bilatzen parte har dezaten.

Lan-sailarekin izandako bileraren ondoren, Mecaner-eko plantilla Autoglas-Glavistako enpresa-batzordeak Parter Capital abokatuaren bulegoaren atarian deitutako kontzentraziora hurbildu da, 240 langileei babesa eta elkartasuna erakusteko.

LABen argi daukagu, ez dugu onartuko inposatu nahi diguten etorkizun iluna. Eraso horien aurrean eta gure industriaren desegite progresiboaren aurrean, herri gisa borrokatzea eta erantzutea baino ez da geratzen.

Urriaren 12an ez dugu ezer ospatzeko

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, “Hispanitate Eguna” delakoaren ospakizuna inposatzen zaigun neurrian, egoitzak zabalik izango ditugu, eta ohiko ordutegi eta lan jarduerari eutsiko diegu. 

Espainiak Abya Yalako lurraldeak bortizkeriaz konkistatu eta kolonizatu izana eta bertan egindako gehiegikeriak gogoratu eta ospatzeko helburuz inposatua izan zaigun jai egunean, urriaren 12an, zer ospaturik ez dugu.

Bigarren greba eguna Bizkaiko ostalaritzan

Urriaren 4koaren ondoren, gaur egin da bigarren greba eguna Bizkaiko ostalaritzan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Sektoreko langileek patronalaren jarreraren aurrean egin dute deialdia eta greba honek, bete betean eragin die Bizkaiko hotelei eta kolektibitateei. Urriaren 12an egingo dute sektoreko hirugarren greba eguna.

Gaur, piketeak egin dituzte Gasca eta Basca enpresetako sukalde zentraletan goizeko lehen orduetan. Eta ondoren, Bilboko hainbat hotelen aurrean mobilizatu dira, Melia, Vinci, Domine, Hesperia, Albia eta Raddison. Eguerdian, kalejira egin dute Foru Aldundiaren egoitzatik Plaza Berrira.

Hotelen eta kolektibitateen sektoreko langileek soldatak izoztuta dituzte 2020tik. Negoziazio mahaian ez dago inolako mugimendurik eta datozen hilabeteetarako ez da bilerarik aurreikusten. Testuinguru honetan erabaki dute langileek grebara joatea.

Adierazi dute nazkatut daudela inflazioak, eta ondorioz prezioek, gora egiten duela ikusteaz eta eurek aldiz, duela hiru urteko soldata berdinekin jarraitzeaz. Gainera, hotelen okupazio-datuen lekuko dira egunero, eta Bizkaia gero eta erakargarriagoa da turistentzat.

Soldata prekarioak eta izoztuez gain, azpimarratu dute euren urteko lanaldia 1.750 ordukoa dela, Gipuzkoan 1.716 ordukoa denean aurten eta 1.709koa izango dela 2024an.

Masiboki egin dute bat grebarekin EHUko irakasle eta ikertzaileek

Oso jarraipen zabala izan du LAB, CCOO, STEILAS eta ELAk deitutako grebak campus guztietan. Zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu dira. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina aktibitate akademikoa oso eskasa izan da, EHUko zuzendaritzatik jarraipena gutxiesten saiatu arren.

EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademiko batera deitu zuen urriaren 11rako. Izan ere, EHUko langileek pairatzen dituzten arazo, prekarizazio eta lan-baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikaslerian ere, ordezko irakasleekin sortutako egoerak kasu. Hain zuzen, irakaskuntzaren kalitatea nabarmen kaltetuta geratzen da.

Irakasleen bajak eta baimenak 800 eurotan kontratatutako lanaldi partzialeko irakasleen bidez betetzea grebara deitzeko piztailea izan da, baina ez eragile bakarra. Azken urteetan, eremu askotan, EHUko irakasle-ikertzaileen baldintzen okertzea pairatu dute: lan-zama handitzea, aldi baterako irakasle-ikertzaileei ikerketa-seiurtekoak ukatzea, lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza-bosturtekoak ukatzea, plantillaren ezegonkortasun handia, ikertzaileen prekarizazioa, ikertzaile-ibilbidearen garapena oztopatzea, erretiroen akordioen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera, burokrazia handitzea…

Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunetik ezarri ditu, langileak ordezkatzen dituzten sindikatuokin negoziatzeari muzin eginez.

Horri gehitu behar zaizkio atzetik zetozen egoerak, non Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria baitaukan: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantendu, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitariokoenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.

Hori dela eta, campusak gelditzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzen aurrean kontzentratu gara.

EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko irakasle eta ikertzaileek argi utzi diote EHUko zuzendaritzari norabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela. Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghaiko ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu.

Era berean, langileek argi esan diote Eusko Jaurlaritzari unibertsitate publikoa ahultzen saiatzen bada aurrean izango dituela, eta EHUrako nahiko baliabide bideratu behar dituela, baita bere langileen soldatak duindu.

Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta non langileen lan baldintzak duinak diren. Eta horretarako, gaurko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileok datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitzen ditugu EHUko langile guztiak.