2025-12-31
Blog Page 246

Argitxu Dufau: “Borroka hontan Ipar Euskal Herrian LABen presentzia eta bere militanteen aktibismoa ezinbestekoa da”

Atzo izan zuten Ipar Euskal Herrian erretreten erreformaren aurkako 10. greba eguna eta asko zabaldu zen bideo bat, Baionan egindako manifestazio jendetsuaren hasieran grabatutakoa, Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramailea erakusten zuena, bazterketa sindikalari aurre egiten. Elkarrizketa egin diogu Dufauri erretreten erreformaren aurkako borrokaren inguruko gako nagusiak ezagutzeko.

Nolakoa da Frantses estatuko erretreta sistema?

II. Mundu Gerlaren ondotik, 1945an, Erresistenzioaren Kontseilu Nazionalak aseguratza soziala martxan jartzen du eta honekin batera, lehengo erretreta sistema Frantses Estatuan.

Banaketa sistema aukeratzen da: belaunaldien arteko elkartasunean oinarritzen den sistema da. Aktiboen kotizazioek pagatzen dute gaur erretretan diren pentsioak.

Ondotik, sistema hobetzera joan da, idealizatu gabe. Erregimen ezberdinak sortzen dira lanbideen errealitateak kondutan hartzeko, kutxa ezberdinak antolatzen dira, erretiroaren adina aitzinatzen da, pentsioak emendatzen etab…

1991an inflexio pundu batera iristen gira, 1993ko erreformak konfirmatzen duena. Hortik, ondoko erreforma guziak sistema ahultzeko izaera izanen dute (1993, 2003, 2010, 2014) : erretiro adinaren gibelaketa, kotizazio urte kopuruaren emendaketa, pentsioa kalkulatzeko neurri aldaketa…

Zein neurri hartu nahi ditu frantses gobernuak?
Macron berriz hautatua izan da 2022ko maiatzean. Hasieratik, erretreta erreforma bere mandatuaren erreforma nagusia izanen zela erran du. Oroitarazi behar da, azken hauteskunde hauetan, partehartze oso apala izan zela, boz kopuru oso apala ukan duela eta hoien artean “Rassemblement National” (eskuin muturra)-ari aurre egiteko.

Ondoko hauteskunde legislatiboek, majoritate oso apala ematen diete Macronen alderdiari.

Bere erreforma oso sinplea da: legezko erretiro adina 62 urtetik 64 urtera pusatu nahi dute. Horrek lan gehiago lan egitea kondenatzen gaitu, eta gainera 43 urteko kotizaziorekin batera, errealitatean gutariko askok 65, 66 edo 67 urte arte lan eginen dugu pentsio osoa kobratzeko.

Erreforma pasarazteko bi argumentu nagusiak saltzen dituzte: banaketa sistema kinka larrian dela eta gehiago zahartzen garela, beraz gehiago lan egin behar dugula.

Argumentu hauek deseraiki behar dira, gezurrak baitira. Sistema ez da lajeran. 2022an benefiziarioa zen. Bestalde, Erretra Orientazio Kontseiluak, argiki erran du, defizitarioa balitz ere ondoko urteetan, 2023tatik goiti berriz orekatuko dela. Gainera, sistema finantzatzeko manera asko daude: lan sariak emendatu eta mekanikoki kotazazioak, soldata arrakala gelditu, “super-irabaziak” taxatu, ihes fiskala borrokatu…

Oso argi dugu erreforma horrek Macronen helburu ideologikoei erantzuten duela: buxeta soziala murriztu, sistema publikoa ahaldu kapitalizazioaren mesedetan.

Borroka intentsoa eramaten ari zarete. Nola zaude?
Borroka oso intentsoa da. Irailetik beste sindikatuekin biltzea saiatu dugu aurrekusten zen borroka ziklo hau antizipatzeko. Ez da erresa izan, batzuekin harremanak sortu ditugu gaur mantentzen direnak.

Urtarrila erditsutik, 10 greba egunak izan dira, beste mobilizazio egunak larunbatetan batez ere eta ekintza osagarriak (blokaketak, elkarretaratzeak, trakta banaketak, zundaketak… Horrek lana eta antolaketa handi bat eskatzen du, sindikatuan, enpresa eta kolektibitateetan, auzoetan…

Giro hortan, nahiz eta nekagarria eta estresgarria den, ongi senditzen naiz, harro ere bai. Kapitalismoaren sarraskiaren aitzinean, langileok borrokatzeko prest eta gai gira. Bestalde, borroka hontan Ipar Euskal Herrian LABen presentzia eta bere militanteen aktibismoa ezinbestekoa da. Ikusten dut aukera Macronen gobernua gilbelka joateko, aspalditik mugimendu sozialak lortu ez duena eta gainera gure diskurtso eta aldarrikapen propioak plazaratzen ditugu, onartuak dira, entzungarriagoak.

Dekretuz onartu zuten, Asanblada Nazionalean bozkatu gabe. Nola ikusten duzu?
Argi da frantses estatuko instituzioak krisian direla, honekin batera demokrazioaren krisi bat. Artikulu antidemokratiko hori erabili aitzin, manifestazioak masiboak ziren, lasaiak eta determinatuak. 49.3 artikulua ren inposaketa eta zentsura mozioaen ez onarpenarekin (9 bozengatik), inflexio pundu batera iritsi gira. Haserrea handitu eta doinu aldaketa bat: manifa ez deklaratuak arratsalde bukaeretan, blokaketa gehiago, dinamika indartsugo bat.

Honen parean aldiz, bortizkeri polizialak, frantses estatu osoan baita Baionan ere. Fermuki salatzen ditugu. Gure sustengu osoa adierazi nahi diet bortizkeri honen biktimiei, batez ere begia galdu duen SUD Raileko trenbideetako langileari eta behatz bat galdu duen eskolako laguntzaileari.

Nolakoa izan da erantzuneko borroka? Intersindikaletik eraman dira aurrera borrokak? Nola mugitzen da LAB espazio horietan?
Frantses estatuko intersidikala, orain arte batua segitzen du. Hemen Ipar Euskal Herrian, intersindikal honen deklinazio bat dugu, baztertzen gaituena. Hala ere, holako mobilizazio ziklo batean, ez da LAB gabe egin. Sindikatu borrokalarietako bat gira, gure militanteak aktiboak eta antolatuak dira. Honi esker, lortzen dugu intersindikala eragiten.

Adibidez, beste bi sindikatuekin batera FSU eta Solidaires, Mobilizatuen eta Grebalarien Asanbladak bultzatzen ditugu.

LAB gisa, lortzen dugu ekintza xumeak antolatzen gure aldarrikapenak plazarazteko batez ere Euskal Herriko pentsio sistema propioa publikoa eta duina baten alde.

Borroka moldeak ere askotarikoak izan dira greba, manifestazioa, greba larunbatez, blokatzeak…
Greba, langileon dugun tresna hoberenetariko bat da. Aldiz, konziente gira esfurzu geroz ta handiagoa dela, batzutan ezinezkoa. Lan saria apalak, kontratu ttikiak, prekaritatea… Parametro hauek, sindikatuok kondutan harti behar ditugu borroka antolatzeko. Gainera 10 greba egunen ondotik. Greba ez baztertuz baina baldintzak sortuz (borroka kutxak…), beste molde osagarriak martxan jarri dira, funtzionatu dutena. Helburua argi da, mobilizatuak egotea eta ekonomia blokatzea. Kapitala hunkitu behar da, kapitalari min egin behar diogu.

Zeintzuk izan dira orain arte borroka zikloaren lorpenak?
Hainbeste jende karrikara atearaztea, hainbeste denboraz. Bestalde, hainbat aldiz sinestarazi nahi digute klase borrokarik ez dagoela gehiago, klase kontzientzerik. Aurkakoa frogatzen ari gira. Bai langile klasearen borroka eramaten ari gira.

Erreforma gelditzeko aukerarik ikusten al duzu?
Nahiz eta bozkatua izan den, erreformak bere ibilbide instituzionala ez du bukatu. Gainera, kentzeko aurkera dute oraindik. Horretarako karrikan tentsio mantendu behar dugu, amore emateko tenorea ez da.

Bilbon, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua egiten ari den itxialdi eta baraualdian egon zinen, mahai inguru batean parte hartuz. Manifestazioa egin zuten martxoaren 18an. Nola ikusten duzu Hego Euskal Herriko borroka?
Eredugarriak dira, eta keinu berezi bat egin nahi diet. Baiona eta Hendaiara etorri dira hainbat aldiz borroka sustengatzera. Azken finean, borroka berbera da: erretreta sistema publikoa eta duina denentzat. Parean dugun etsaia ere berdin: gobernamendu kapitalistak, sustsitzaileak.

Ulertu behar da ere, erretreta duinaren borroka denena dela ez ez soilik erretretadunena. Langileok, langile gazteok, gazteok, denok dugu zeregin borroka hontan.

Zeintzuk izango dira hemendik aurrerako urratsak?

Erritmo hontan, zaila da jakitea ondoko asteak nola izanen diren. Tentsio mantendu behar dugu, ekonomia blokatu behar dugu eta horretarako baldintzak sortu behar ditugu. Borroka ez da ziklo honekin bukatuko, Euskal Herria sozialista dugulako helburu.

Indar Ingeteam Machinen borrokan ari gara

Otsailaren hasieran ekin zioten langileek enpresa hitzarmen berriaren negoziaketari, eta 4 bileraren ostean, enpresak hasieratik erakutsi duen jarrera itxi eta atzerakoiari eusten dio. Atzo bezala, gaur goizean ere lanuztea eta mobilizazioa egin dituzte, eta beste horrenbeste egingo dute datozen egunetan ere, aste osoan zehar.

Tamalgarria eta arduragabea da enpresak negoziaketari aurre egiteko erakutsitako jarrera: soldatak eta plusak izoztea, urteko lanaldia igotzea eta bajen osagarrietan murrizketak onartu ezean ez duela hitzarmenaz hitz egingo defendatzen ari da. Hau guztia deslokalizazio eta enplegu suntsiketa prozesu betean. Lan baldintzen prekarizatze bat inposatu nahian dabil, eta ez dugu onartzen.

Egoera ikusirik, pauso bat aurrera eman eta mobilizazioekin hasi beste biderik ez dugu izan. Martxoaren 20an egindako langile batzarrean Indarreko langileok ia aho batez lanuzteekin hastea adostu genuen.

Ez dugu atzerapauso bakar bat onartuko eta ditugun aldarrikapenak argiak eta oinarrizkoak dira: KPIa bermatuko duten soldata igoerak, enplegu politikari dagokionez deslokalizazio eta enplegu suntsiketa prozesua gelditzeko neurri konkretuak, lizentzietan aurrerapausoak eta egutegietan gehienezko egun kopurua jartzea, besteak beste.

Egoera irauli eta hitzarmen duin baten alde, datozen egunetan lanuezteekin jarraituko dugu. Aste osoan zehar egunero ordubeteko lanuzteak egingo ditugu eta enpresaren aldetik jarrera aldaketarik ezean datozen asteetan mobilizazioak gogortuko ditugu.

Euskal Gizarte Segurantza sortzeko urratsak eskatu dizkiegu euskal alderdiei

Igor Arroyo: “Euskal langileon pentsioak eta prestazioak Madril eta Parisen erabakien menpe dauden bitartean, arriskupean egongo dira”.

Mugaren bi aldeetan pentsio sistemaren erreforma berriak egiten ari dira. Alde batetik, Espainiako Gobernuak, berriro ere, azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzen ez dituen eta pentsio duinak bermatzen ez dituen erreforma aurkeztu du.

Bestetik, Frantziako Gobernuak erretiro adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzeko erabakia inposatu du dekretu bidez. Espainiako Estatuan ez bezala, non UGTk eta CCOOk 67 urteko erretiroa ontzat eman zuten, Frantziako estatuan LAB eta gainontzeko sindikatuak neurri hori bertan behera uzteko borrokatzen ari gara; gaur bertan greba eta mobilizazio eguna da Ipar Euskal Herrian eta estatu osoan.

Testuinguru honetan, LABek ekimen sinboliko bat egin du Espainiako Gizarte Segurantzak Gasteizen duen egoitzan: plaka ofiziala ordezkatu egin du, “Euskal Gizarte Segurantza” plaka berria jarriz.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyoren arabera, positiboa da Espainiar estatuko azken erreformak indar handiagoa egitea Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak handitzen, gastuak murrizten baino, baina bi kritika egin dizkio: batetik, diru-sarreretan egondako aldaketak ez dira nahikoa euskal herritar orori gutxieneko pentsio duina bermatzeko, euskal pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen bezala; bestetik, gastuei dagokionez badago etorkizunean indarrean sartuko litzatekeen murrizketa berri bat: pentsioa kalkulatzeko tartea 25 urtetik 29 (-2) urtera zabaltzea. Kontuan hartu beharra dago, 1985era arte azken bi urteak hartzen zirela aintzat, eta orduz geroztik zabaltzen joan dela tarte hori erreformaz erreforma: 2tik 8ra, 8tik 15ra eta 15etik 25era.

Horrekin batera, Espainiako Gizarte Segurantzak gaixotasun arrunten kudeaketa mutualitate patronalen esku uzteko egindako proposamena deitoratu du Arroyok, “osasun sistemaren pribatizaziorako jauzi larria litzateke” eta. Joan den astean, LABek argitara atera zuen Gizarte Segurantzak autonomia erkidegoei igorritako dokumentua, eta orduan egindako eskaria berretsi du: “Urkulluri eta Chiviteri hauxe eskatzen diegu: esan dezatela argi eta garbi ez dutela horrelako hitzarmenik egingo”.

LABeko koordinatzailearen arabera, “unean uneko Espainiako eta Frantziako Gobernuaren eskuetan jarraituz gero, euskal langileon pentsioak eta prestazioak arriskuan daude. Azken hamarkadetan murrizketak egin dituzte bata bestearen atzetik, Europako Batzordearen tutelapean”. Ildo honetan, Madrilen eta Parisen ezin dena Euskal Herrian posible egitea aldarrikatu du: pentsio duin bat euskal herritar ororentzat, bai enplegua izan dutenentzat, baita aitortzarik gabeko zaintza lanetan aritu direnentzat ere.

Euskal Gizarte Segurantzaren norabidean bi urrats zehatz proposatzen ditugu. Batetik, EAEko estatutuan aurreikusten den Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratu beharra dago, azken helburua kudeaketa ez ezik arauketarako ahalmena ere eskuratzea dela argi utzita. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskal herritar ororen pentsioak 1.080 euroraino osagarritu behar dituzte, euskal pentsiodunen mugimenduak baraualdiaren eta hamaika ekimenen bidez aldarrikatu bezala.

Garbiñe Aranburu: “Arabako eta Bizkaiko metalgintzako hitzarmenak borroka handien emaitza dira”

LABeko koordinatzaile nagusiari elkarrizketa egin diote gaur goizean Bilboko Radio Popular Herri Irratian. Metalgintzaren sektorean gatazka luze baten ondoren lortutako lorpenez hitz egiteaz gain, besteak beste, erakundeen azpikontratazioari buruz aritu da. Hala, joera hori kritikatu egin du, lana prekarizatzen duelako eta batez ere emakumeei eragiten dielako. Adibide gisa aipatu ditu Osakidetzako garbiketa, adinekoen egoitzak edo GUFEren kasuak, eta zerbitzuen publifikazioa defendatu du beste behin ere.

Ildo horretan, azpimarratu du biztanleria aktiboari eragiten dioten osasun-zerbitzuak mutualitateetara bideratzeko proposamenak, LABek azaleratu duenak, aurrekaririk gabeko pribatizaziorako urratsa ekarriko lukeela.

Estatuko pentsioen erreformari buruz LABek egiten duen irakurketa ere aletu ahal izan du koordinatzaile nagusiak. Azkenik, Aranburuk euskal zaintza sistema komunitario baten beharra aldarrikatu du.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke osorik: https://radiopopular.com/podcast/lab-achaca-a-la-patronal-el-bloqueo-de-la-negociacion-colectiva/

Greba hasi dute GAES Amplifoneko langileek

Zerbitzu soziosanitarioak eskaintzen dituzten Gipuzkoako merkataritzako langileak dira GAES Amplifonekoak, eta lan hitzarmena 2008tik berriztu gabe dagoela salatu nahi dute. Hala, haien lan baldintzak eta soldatak eguneratu gabe daude orduz geroztik, eta azken urtean enpresari egoera hobetzeko hainbat proposamen egin dizkioten arren, behin eta berriz ezezkoa jaso dute. Bada, astebeteko greba hasi dute gaur, apirilaren 1era arte iraungo duena.

Eibar, Azpeitia, Ordizia, Irun, Orereta, Bergara, Hernani, Lasarte, Beasain edota Arrasateko dendak itxita egon dira goizean grebaren eraginez, eta lurralde mailako mobilizazioa egin dute goizean Donostian, Groseko GAES Amplifon dendatik abiatuta kalejira-piketea egin dutelarik. Ekintza hori grebaren egun guztietan errepikatuko dute. Enpresak 20 zentro eta 40 langile inguru ditu Gipuzkoan, eta gehien-gehienek bat egin dute deialdiarekin.

Orain arte, Gipuzkoako langileek aukeratutako ordezkaritza sindikala, LABena, probintzia-mailakoa zen, baina 2021ean, nazioarteko enpresa batek GAES erosi ondoren, negoziazio-esparrua Estatu mailara aldatu zen, eta bertako langileen aldarrikapenak gutxiengoa izatera pasatu ziren; izan ere, Estatuan, batzorde bat osatzen duten sindikatu nagusiak daude, eta langile guztiei eragiten dieten lan-arloko erabakiak hartzen dituzte. Sindikatuen arteko batzorde horretan ez dute oredezkaritzarik ez LABek, ez Gaes Amplifon Gipuzkoako langileek.

Azken egunotan hainbat bilera egin dituzte Enpresa Zuzendaritzarekin, beren lan baldintzek okerrera egitearen inguruan dituzten kezken berri emateko: “Gure eskaerak beti baztertu izan dira. Gure aldarrikapenei dagokienez, oso argiak dira: benetako negoziazioa nahi dugu Gipuzkoako langileentzat, gure egoera soziala eta laborala kontuan hartuko duena, gure lurralde-errealitatearekin bat etorriz”. Gipuzkoako metalaren merkataritzaren hitzarmen kolektiboa errespetatu eta aplika dadin eskatzen dute. Baina, era berean, soldaten berrikuspena eta eguneratzea ere bai, gaur egun pairatzen duten errealitate ekonomikoaren arabera (KPIaren gaineko soldata igoerak, alegia).


Horregatik guztiagatik, Amplifon Gipuzkoako langileek antolatu eta kalera ateratzea erabaki
dute, borroka sindikalaren bidez beren lan-eskubideak defendatzeko asmoz. Hala, martxoaren 27tik
apirilaren 1era arte astebeteko greba egingo dute.

DSBE jasotzen duten pertsonen etxez etxeko ikuskapenak salatzen ditugu, pobrezia estigmatizatzen eta kriminalizatzen dutenak

Berriki, EAEko erakunde eta plataforma sozialek salatu dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen aurkako polizia-abusua eta jazarpena. Honen erakusgarri dago poliziak jasotzaileak bizi diren auzoetara joatea, auzokideen artean ikertzeko zer ordutegi dituzten, non lan egiten duten edo seme-alabak zein eskolatara joaten diren, edota pertsonen etxeetara sartzea informazio hau lortzeko.

LAB sindikatutik Administrazio Publikoak eta bere ordezkariek egindako edozein motatako botere-abusuak arbuiatzen ditugu. Onartezina da sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek sortzen duen egiturazko pobretzearen aurrean Administrazio Publikoak lehentasuna ematea DSBEa jasotzen duten eta pobrezia egoeran dauden pertsonak kontrolatzeari, egoera hauen ondorioei eta, batez ere, sortzen dituzten kausei heldu beharrean. Izan ere, ez-nahikoak diren kopuruak, prestazio hau eskuratzeko oztopoak eta jasotzen duten pertsonen kontrol eta kriminalizazio neurriak gogortzea dira DSBEaren erreforma onartu berriaren oinarriak.

Bereziki larritzat jotzen dugu DSBEa jasotzen duten pertsonak kontrolatzeko etxebizitzetara sartzeak dakarren abusua eta eskubide-urraketa, are larriagoa “ikuskapen” horiek gorputz polizialek eginak izateagatik. Izan ere, etxeen ikuskapen hauek ez dira administrazio-ekintza hutsa, pertsonek beren intimitatea eta eguneroko bizitza garatzen duten tokian ematen baitira. DSBEari buruzko legearen eztabaida parlamentarioan zalantzaz salatu genuen jada Lanbideko langileek ikuskapen mota hori egiteko izan dezaketen prestakuntza.

Egun, ikusten dugu nola indar polizialak burutzen ari diren etxeko ikuskapenak kontrol mekanismo, estigma eta jazarpen iturri bihurtzen ari diren; ikuskapenak egiteko adostasun askea hertsatzen dute ikuskapen hauek, zeren eta hauek “oztopatzea” edota “laguntzeari uko egitea” arau-hauste larritzat jotzen da eta horrek prestazioa etetea ekar dezake.

Azken batean, salatzen ari diren botere-abusuak Eusko Jaurlaritzaren politiken isla dira. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak pobretzeari aurre egitea baino, ez-nahikoa den sistema bat eustea du helburu, non bazterkeria-egoeran dauden pertsonen herenak ez duen gizarte-babeseko sistemara sarbiderik, eta pobrezia egoeran dauden pertsonen iruditeria faltsua elikatzen du, mehatxu, kostu eta gastu defizitario gisa (iruzurra ez denean prestazioen % 0,5era ere iristen).

Horren aurrean, LABek polizia-abusu horiek berehala etetea eskatzen du, eta horien aurrean DSBE jasotzen duten pertsonentzako bermeak eta babesa ezartzea. Baita ere, berehala har daitezela bizi duinerako oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko neurriak aldarrikatzen dugu, besteak beste, DSBEren kopuruak handitzea edota pentsioak 1.080 eurotaraino osagarritzea.

Gainera, azpimarratu nahi dugu beharrezkoa dela Euskal Herrian nahi ditugun politika publiko eta sozialei buruzko eztabaida integrala, intersekzionala eta parte-hartzailea. LABen enpleguaren, zainketen eta aberastasunaren bidezko banaketaren aldeko apustua egiten dugu, bidegabea eta desorekatua den egungo eredu sozioekonomikoa eraldatzeko.

DSBE arautzen duen lege berriari buruzko gure azterketa osoa:

Telefonica arduradun, azpikontratazioak hil egiten du

LABek, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera, elkarretaratzea egin du Telefonicak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, enpresak bi hilabeteko epean bi lan-istripu oso larritan izan duen erantzukizuna salatzeko. Lehen lan-istripua urtarrilean gertatu zen, Donostian. Langile bat hil zen zuntz optikoa instalatzen ari zela etxebizitza batetik erorita.

Bigarren lan-istripua martxoaren 15ean gertatu zen Legution. Langilea larri zauritu zen telefono-linea bat konpontzen ari zela 10 metroko altueratik erorita.

Bi kasuetan, zauritutako langileak eta hildakoak azpikontratatutako enpresetan lan egiten zuten Telefonicako zerbitzuak emateko.

Telefonicak erabiltzen duen azpikontratazio masiboko politika kriminala salatu dugu, beste multinazional askok erabiltzen duten bezala. Azpikontratazio-politika kriminala da, langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituena, eta langile zaurgarri hauek lan-istripua izateko arrisku handiagoa izatea eragiten duena. Azpikontratazioa arrisku faktore bat da. Lan istripu gehiago daude prekarioak diren lanetan, azpikontratazioaren kasuan bezala.

Langile horiei eskaintzen zaizkie lanik arriskutsuenak eta laneko babes- eta segurtasun-maila txikiena dutenak.

Zehazki, telekomunikazioen sektorean prekarietatea erabatekoa da, soldata oso baxuekin. Azpikontratazio-kate luzeko enpresa guztiak diruaren zati batekin geratzen dira, eta langileak lan pilo bat egitera behartzen dituzte, biziraun ahal izateko.
Hori guztia Telefonicak urtez urte etekin izugarriak aitortzen dituen bitartean. Patronalaren zekenkeriak laneko heriotzak eragiten ditu.

LABek, halaber, enpresa eredu hori zalantzan jartzen ez duen eta azpikontratazioaren gehiegizko erabilera eta lan-baldintzak prekarizatzea ahalbidetzen duen Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea seinalatu nahi du.

Eta Osalani, Lan Ikuskaritzari eta Fiskaltzari ere eskatzen diegu beste alde batera begiratzeari utz diezaiotela, eta enpresa “boteretsuak” direnean ere inplika daitezela.

LABek gertatutakoa sakon ikertzeko eskatzen du eta behar diren erantzukizunak argitzea. Jakin ahal izan dugunez, Legutioko istripuaren kasuan, langilea egurrezko zutoin ustel bati lotuta zegoen, eta Telefonicaren erantzukizun zuzena da hura ondo mantentzea.

Azkenik, balioan jarri nahi dugu lan-istripuei erantzuteko protokoloak indarrean jarraitzen duela eta, egoera tamalgarri honen aurrean, sindikatuen arteko lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa dela. LABek uste du protokoloa indartzeko garaia dela, lan istripuen arazo latza lehen mailako arazo politiko eta soziala bilakatu arte.

Lan istripu gehiagorik ez!

Bilboko manifestazioan ozen entzunarazi dituzte aldarrikapenak Osakidetzako garbitzaileek

Apirilaren 2ra arte greban daude osasungintza sare publikoan garbiketa zerbitzua ematen duten enpresetako langileak, LAB-UGT-CCOO-ESK intersindikalak deituta.

Osakidetzako langileekiko homologazioa exigitzeko borroka daramate aurrera, eta goizean Bilboko kaleak bete dituzte Bizkaiatik bertatik zein Araba eta Gipuzkoatik etorritako beharginek. Hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa askatzeko eskatu dute beste behin ere.

DHL Parcel Gipuzkoan borrokan jarraitzen dugu

Langileen ordezkaritza eta enpresaren artean DHL PARCEL GIPUZKOAko hitzarmen kolektiboa berritzeko bilera ugari egin diren arren, akordiorik lortu gabe jarraitzen dugu.

Gure ustez, badaude hitzarmen bidez erregulatu beharreko eguneroko produkzioko kontu ugari eta, horiekin batera, langileen eros-ahalmena bermatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Azken hori marra gorritzat daukagu, eta enpresak KPI-a eskaintzeko borondaterik ez duela ikusita, kalera atera gara!

Asteetan zehar, lan-zentroaren ingurua pankartaz josi dugu eta enpresara sartzeko Donostiako Belartza poligonoaren sarreran bi kontzentrazio egin ditugu.

Enpresaren aldetik mugimendurik ez dagoela ikusita, borrokan jarraitzen dugu. Atzo, martxoak 23, kotxe-karabana antolatu genuen: Belartzatik DHL enpresak Mikeletegi pasealekuan dituen bulegoetaraino joan ginen, ibilgailuak kartelez bete eta gure aldarrikapenak zeintzuk diren adieraziz. Ondoren, pankarta bat eskegi genuen ofizinen parean, “DHL borrokan, hitzarmen duinaren alde” lelopean.

Langileok gogotsu gaude eta lan-baldintza duinen alde borrokan jarraituko dugu! Datorren ostiralerako, martxoak 31, Belartzako lan-zentro parean kontzentrazio bat deitu eguerdiko 13:00etatik 13:30etara eta, horrekin batera, datozen egunetan kaleetan gure presentzia indartzen segiko dugu.