2026-04-30
Blog Page 244

CEBEK esku hutsik bertaratu da Bizkaiko Grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio mahaira

Gaur, uztailak 4, Bizkaiko Grafikagintzako Hitzarmen Kolektiboaren negoziazio mahaiaren hirugarren bilera egin da. Aurrekoan adostu zen bezala, sindikatuok gure plataformak aurkeztu ditugu. LABena sektoreko langileekin egindako ariketaren emaitza da, inkesta baten bidez galdetu baitzaie zer eduki jaso beharko lituzkeen hitzarmen hau berritzeko proposamenak.

Sektoreak oso argi utzi du zeintzuk diren negoziazio-mahaian landu beharreko gai nagusiak, eta argi eta garbi adierazten du lehentasuna erosteko ahalmenari eustean eta berreskuratzean dagoela, baina oso presente daude ordaindutako baimenak eta lana eta familia bateragarri egitea, lanaldia, berdintasuna eta lan-osasuna.

Inkesta horietan, Bizkaiko grafikagintzako langileek adierazi dute garrantzitsua dela sektoreak hitzarmen kolektibo eguneratua izatea, orain arte arautu ez diren gaiak jorratuko dituena, hala nola telelana, subrogazioa eta ABLEen erabileraren murrizketa.

Patronalak berriz, ez du aurreko bileretan hartutako konpromisoa bete, eta ez du bere plataforma aurkeztu. Hala ere, edukiak estatalizatzeko asmoa agertu du, hala nola lanbide-kategoriak, eta, horrez gain, hainbat soldata-taula sortzea, sektorea zatitzeko. Negoziazioa luzea eta gogorra izango dela ohartarazi du.

CEBEKi eskatzen diogu alde batera utz dezala bere lan-baldintzak hobetzea premiazkoa duen sektore bat are gehiago prekarizatzeko asmoa, eta bere proposamenetan negoziatzeko borondatea isla dezala.

Uztailaren 27an egingo da hurrengo bilera.

Osakidetzak aurreakordioa mespretxatuz gero, mobilizazioekin jarraituko dute garbiketako langileek

Osakidetzako garbiketako langileek agerraldia egin dute gaur Gurutzetako ospitalean, aspalditik zabalik dagoen lan gatazkaren azken berriak ezagutarazteko. Izan ere, pasa den astelehenean, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Lan Sailburuordetzak bilera batera deitu zituen sindikatuak eta enpresak, eta aurreakordio proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Edukia aztertu eta eztabaidatu ondoren, bi aldeen gehiengoak ados jarri ziren, eta hala adierazi zuten akta bidez.

Handik astebetera, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak oraindik ez du aurreakordioari buruzko iritzirik eman, eta, hortaz, aurreakordioa, momentuz, “paper bustia” dela ohartarazi dute langileek. Osasun Sailak hitzarmen kolektiboari buruzko akordioa enpresei eta langileei zegokiela adierazi bazuen ere, behin gatazkaren amaiera hurbiltzen ari dela dirudienean, ez dirudi Osakidetza eta enpresak ados jartzen direnik langileei dagokiena ordaintzerako orduan, noiz eta negoziazio prozesua hasi zenetik bost urte igaro direnean eta langileak dagoeneko 90 egun baino gehiago irauten duen greba bat egitera behartu dituztenean.

Langileek Osakidetzari gogorarazi diote aurreakordio proposamen bat duela mahai gainean, eta, beraz, gatazka luze bati amaiera aemateko aukera. Arduraz jokatzeko eta proposamenean jasotakoari trabarik ez jartzeko eskatu diote. Hala ere, Osasun Sailak aukera “mespretxatzen” badu, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela ohartarazi dute. Kasu horretan, udan mobilizazioei eutsi eta greba egun gehiago iragarriko dituela jakinarazi du gehiengo sindikalak.

LABek grebarako eskubidearen urraketa salatzen du eta hiru gazte grebalarien absoluzioa eskatzen du

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du Fiskaltzak 18 urteko zigor eskaera gogorrak egin dituela beste hiru gazteren aurka, uztailaren 3an egingo den epaiketa batean. 2020ko greba orokorrarekin lotutako akusazioengatik egindako aepaiketak akordioekin ixteko erabilitako irizpidearen kontra egin du oraingoan Fiskaltzak. LAB sindikatuak uztailaren 3an eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen du; 11:00etan izanen da, Iruñeko Justizia Jauregiaren parean.

Fiskaltzak uko egin dio akusatutako gazteak espetxean sartzea eragotziko lukeen edozein akordioari. Eta Fiskaltzaren estrategia aldaketa hori eskuin politiko eta mediatikoarekin lotutako interes politikoen ondorio dela dirudi.

Berriro ere istorio bera errepikatzen da. Hala ere, honek aldatu egin behar du. Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzari eskatzen diegu neurriak hartzeko, estatu demokratikoetan gertatzen den bezala, Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak grebarako eskubidea errespeta dezaten. Onartezina da polizien esku-hartze bortitzek, patronalaren kontra-pikete gisa, mobilizazio baketsuak lehertzea, bidegabeki auzipetutako pertsonen bizitzak isunen eta epaiketen bidez baldintzatuz. Ez gara geldirik egongo errealitate horren aurrean. Isun eta epaiketa horiek behar diren lekuetan eta behar denean dakarten bidegabekeria salatuko dugu.

Nafarroako gazteen eskaerei eta beharrei erantzun gabe jarraitzen du gobernuak. Proposamenik eza eta ekimenen garapena eta etorkizun duina eragozten duten politikak pairatzen dituzte gazteek. Egoera horrek, hobetu beharrean, okerrera egin du: emantzipatzeko ezintasuna, langabezia eta lan-baldintza kaskarrak, azterketa-prozesuen pribatizazioa eta jarduera sozialaren kriminalizazioa jasaten dituzte, besteak beste.

Ondorioz, elkartasuna eta babesa adierazten diegu auzipetutako ikasle eta langile gazteei, baita “Grebalariekin bat” plataformari ere. Gainera, guztiak absolbitzea eskatzen dugu.

Egoitzetako patronalek gure hitzarmena blokeatu dute, Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza aitzakiatzat hartuta

Gaur arratsaldean berriro egiaztatu dugu Nafarroako egoitzetako patronalek lan-hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen dutela, oraingo honetan open House programaren inguruko ziurgabetasuna aitzakiatzat hartuta. Patronalak negoziaziorako proposamen berri bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, eta berriro ere eskuak hutsik etorri da.

Argudiatu dutenez, Nafarroako Gobernua nola osatuta geratuko den ziurtatuta izan gabe, ezin dute proposamenik ekarri. Honek harritu egin gaitu, duela hilabete interes handia agertu baitzuten hitzarmena desblokeatzeko. Beste behin, LARES eta ANEA patronalek, euren erosotasunetik, sektoreko 5.000 langile baino gehiagoren lan- eta bizi-baldintzen hobekuntza baldintzatzen dute. Aurreko mahaian, LABek konpromisoak eta borondateak eskatu zituen, eta patronalek jarrera immobilista izaten jarraitu dute.

Nafarroako Gobernuak bi urte izan ditu negoziazio hau errazteko, eta mugimendu bat egin arren, gutxiegi izan ddela uste dugu. Jaurlaritzak ezin du beste alde batera begiratu sektorearen prekarietatearen eta egoitzetako erabiltzaileak jasotzen ari diren zaintzaren aurrean. Nafarroako Gobernuari dei egiten diogu benetako urratsak eman ditzan eta eskualdaketa egoki bat berma dezan, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena posible izan dadin.

Patronalak konpromisoa hartu du Nafarroako Gobernu berria eratzen denean berriz ere negoziazio-mahaira deitzeko. Gure aldetik, konpromisoa hartzen dugu egoera desblokeatzeko borrokan jarraitzeko, inplikatutako alderdien pasibotasunaren aurrean, eta sektoreko langileak kolektiboki antolatzen jarraitzeko.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien hitzarmena sinatu dute 30 langile baino gutxiagoko lantokiak diskriminatuz

UGTk eta CCOO akordio batera heldu dira Okindegien hitzarmenerako, eta, horren arabera, 30 langile baino gutxiagoko enpresen soldata-igoera gainerako enpresen erdia izango da 2023an. Gainera, ez dute aitortzen igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztietarako.

UGT eta CCOO sindikatuek okindegien sektorean akordio bat sinatu dute, langileak lan egiten duten enpresaren tamainaren arabera diskriminatzen duena. Akordio horretan %3ko igoera jasotzen da 2023rako, baina PYMEetan %1,5ekoa izango da, 30 langile baino gutxiago izateko aitzakia bakarrarekin. Gure ustez, erabat onartezina da soldata-diskriminazio hori egitea.

Bestalde, ez dute jasotzen LAB sindikatuak denbora guztian mahai gainean jarri duen aldarrikapen nagusietako bat, hau da, igande eta jaiegunetako lana hitzarmeneko kategoria guztiei ordaintzea. Lortutako akordioak diskriminatzen jarraitzen du sektorearen zati bat, dendako saltzaileak nahiz banatzaileak bezala; izan ere, egun horietan lan egin behar izan arren, haiei ez zaie ordainduko elaborazio-kategoriek kobratzen duten fresko-plusa.

Azkenik, LAB sindikatutik arreta berezia jarri nahi diogu hurrengo hitzarmenak izango duen 5 urteko indarraldiari, luzeegia baita eta 2028ra arte lan-baldintzak hobetzea saihesten baitu. Izan ere, lanaldi-murrizketa lortu bada ere, 2025era arte ez da aplikatzen hasiko, eta 2027ra arte, murrizketa hori benetan lortu arte.

Beraz, LAB sindikatuarentzat akordio txarra da okindegien hitzarmenerako sinatutakoa. Azaldu dugun bezala, enpresa txikienetako langileak eta kategoria jakin batzuetakoak diskriminatzen dituen hitzarmena da, eta bost urte luzez ixten du atea egoera horri buelta eman diezaiogun.

LAB alarde parekide eta publikoaren alde

Alarde eguna da gaur Irunen. Hogeita zazpi urte pasa dira gudariz jantzitako emakume* batzuk Irungo alardeko zenbait konpainiaren filetan sartzen saiatu zirenetik. Helburua: emakume* irundar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok* ere jaietako protagonistak izatea.

Ekintza hark pauso bat gehiago ekarri zuen emakumeen* eskubideen aldeko borroka feministan. Emakumeen* partehartze librerik gabe jaiak ez dira ez parekideak ezta askeak ere. Kaleak emakumeenak* ere badira, jaietan eta egunerokoan libre izateko eta ibiltzeko emakumeen* eskubide osoa aldarrikatzen dugu.

Irunen 27 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezeztatze politikoa ezagutu ditugu,. Gatazka oraindik ez da gainditu. Baina urte horetan guztietan borrokan aritu diren emakumeei* esker aldaketarako aukerak sortu dira. Mugimendu feminista eraldaketaren ikur bilakatu da.

Gatazkari konponbidea emateko udalaren konpromiso eta borondate falta agerikoa da. LABetik eskaera zehatza egin nahi dugu: alarde parekide eta publikoa aldarrikatzen dugu.

Gora Alarde Parekidea!! Gora borroka feminista!!

Ikurrina atera eta herri bat garela erakutsiko dugu euskal errepideetan

Bihar, larunbata, Bilbotik abiatuko da gizonezkoen Frantziako Tourra, txirrindularitza probetan entzutetsuena, eta lehenengo hiru egunetan Euskal Herrian barrena izango dira etapak. Bada, Gure Esku Dagok eginiko deialdiari atxiki eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duenaren aldarria lau haizetara zabaltzeko baliatzera animatzen ditugu LABetik langile guztiak.

Euskal Herrian bizi, lan egin eta hemen erabakitzeko eskubidea defendatzen du LABek, eta oraingo hitzordu honetan ere halaxe erakutsiko diogu munduari. Erabakitzeko eskubidea, hain zuzen ere, behar-beharrezkoa dugu gure herriko egoera laborala zein soziala errotik aldatzeko eta langileok gure etorkizunaren jabe izateko.

EAEko interpretazio eszenikoko lehen hitzarmenaren behin betiko sinatuta, aurrerantzean indarrean izango da

Apirilean jakitera eman genuen bezala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Interpretazio Eszenikoaren sektorerako lehen hitzarmena sinatu dugu. Bada, orduan lortutakoa formalizatu egin da orain, eta 2025era arte egongo da indarrean lan-baldintzak arautu eta bermatzen dituen lehenengo testua.

Grebari ekin diogu Bizkaiko ostalaritzan

Galdutako eros-ahalmena berreskuratu eta sektoreko lan-baldintzak behingoz duintzeko bidean, negoziazioa ahalbidetu dezan exijitzen ari gara Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari Tourrak Bilbon izango duen hasieraren bezperatan. Goizean zehar elkarretaratzeak egin ditugu hiriko hainbat hoteletan, eta eguerdian aldarrikapen-kalejiran zeharkatu ditugu kaleak.

Joan den hilean egindako grebetan bezala, oraingoan ere negoziazioen desblokeoa eskatzen dugu Bizkaiko ostalaritzan. Langileen soldatak ez dira igo 2020. urtetik, eta, horrez gain, guztiontzako ezagunak dira arlo honetan beharginek pairatu behar dituzten gehiegikeriak: ordaindu gabeko aparteko orduak, ezarritako lan-baldintzen etengabeko urraketa…

Bada, beste behin ere gogorarazi dugu Tourra bezalako makro-ekitaldien hiri-eredu hori ez dela posible, are gutxiago langileon bizkar ezartzen bada zama.

Gainera, gogorarazi behar da hitzarmenak kolektibitateen sektoreari ere eragiten diola, hau da, eskola jangelei edota garraioari. Sektore prekarizatu horretan, langile gehienak emakumeak* dira, kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituzte, eta lan-karga handiak dituzte.

Bihar ere greba eguna izango da sektorean, eta herritar guztiei dei egiten diegu 17:30ean Ledesma kaletik abiatu eta Zazpi Kaleetaraino joango den kalejiran parte hartzera.