2025-12-31
Blog Page 244

Berretsi dugu lehen indarra garela EAEko hezkuntza publikoan #ZurekinBagara

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoan delegatu kopuru handiena lortu duen sindikatua izan gara, 108 ordezkarirekin.

Martxoaren 31ko behin-betiko datuek berretsi egin dute LABen garaipena EHUn eta EAEko Hezkuntza Publiko ez-unibertsitarioan, Haurreskolak barne. Hortaz, LAB bozkatzera hurbildu zareten guztioi, zorionak eta eskerrik asko LABen lan ildoa babesteagatik! Hezkuntza publikoan delegatu kopuru altuena lortu dugu eta lehen indarra gara.

Datuak aztertuta, hurrengo emaitzak atera ditugu:

  • Haurreskolak Partzuergoan lehen indarra izateari eutsi diogu eta gehiengoa izaten jarraitzen dugu, 25 ordezkari sindikalekin eta % 53,19ko ordezkaritzarekin.
  • Heziketa Berezian lehen indarra izaten segitzen dugu, 20 ordezkari eta % 36,36ko ordezkaritzarekin.
  • Sukalde eta Garbiketan, Araban 2 ordezkariak mantendu ditugu, Gipuzkoan ordezkari bat gehiago lortu eta 5era iritsi eta Bizkaiko bozkak kontatzeke daude, hauteskunde mahaiak  posta bidezko gutunekin egondako irregularitateen aurrean bozka guztiak kustodiapean geratzea eskatu baitu .
  • Irakasleetan ordezkari kopuruan gora egitea lortu dugu, 33 ordezkari izango ditugu eta % 28,20ko ordezkaritza. Aipatzekoa da lehen sindikatuarekiko aldea murriztea lortu dugula eta sindikatu berri bat sartu dela aurten jokoan.
  • EHUn lehen indarrari eutsi diogu, 23 ordezkari sindikal eta % 25eko ordezkaritzarekin.

Kolektibo bakoitzean atera ditugun emaitza zehatzak hurrengoak dira:

Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz izatea lortzeko Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean borrokan eta lanean jarraituko dugu. Zurekin bagara!

Garraioaren sektoreko baldintzak duintzeko premia nabarmendu dute sindikatuek, hildako azken lankidea gogoan

Albaceten (Espainia) izandako istripuan zendu zen garraiolaria. Lan baldintza duinen eta prebentzio neurrien garrantzia hil ala bizikoa dela ikusarazi nahi izan dute gaurko ekimenarekin.

Gaur, martxoak 31, Garraio duin ezak hiltzen gaitu lelopean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak mobilizatu dira Arcelor Mittal Olaberria lantokiaren aurrean, enpresa horren materiala garraiatzen ari zela astelehenean Albaceten (Espainia) hildako garraiolaria oroitzeko eta sektoreko lan-baldintza txarrak salatzeko.

Garraioaren sektorean dagoen heriotza-tasa handia ez da kasualitatea, LAB sindikatuak gogorarazi duenez: “Iaz, 10 garraiolari hil ziren lanean Euskal Herrian, eta bat hil zen ia hilero. Gehienak bihotzeko arazoengatik. Salagarria da bihotzeko arazoek eta gaitz kardiobaskularrek garraiolarien lan-osasunean duten eragin handia”.

Hori dela eta, LABek behin eta berriz salatu du halakoak ez direla heriotza naturalak. Gainera, erakundeak lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatzen direla azaldu dute, heriotza naturalak edo trafiko-istripuak balira bezala tratatzen dituztelarik.

“Heriotza horiek lan-baldintza txarren ondorio dira. Enpresen presioek eta presek eragindako tentsioa eta estresa, lanaldi luzeak eta lan-erritmo altuak, kargen gehiegizko pisua, zerbitzuagatik ordaintzen ari diren prezio merkea, atseden hartzeko zailtasunak, dieta osasungarria eramateko zailtasunak dira sektoreko langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzen duten arrazoietako batzuk”, zehaztu du LABek.

Horren guztiaren ondorioz, garraiolarien bizitza “gero eta zailagoa” da, sindikatuak azaldu duenez, eta horretan erantzukizuna dute bai enpresek, baita administrazioek ere: “Praktika txar horiek kontrolatzeko eta saihesteko neurriak hartu beharrean, beste alde batera begiratzen dute, garraio merkea nahi baitute”.

Sektoreko lan-baldintzak hobetu behar direla eta baliabide teknikoen hobekuntzan inbertitu behar dela nabarmendu dute gaurkoan. “Lan Ikuskaritza indartu behar da, lan-baldintza txarrak saihesteko, eta arauak betetzen ez dituzten enpresak zigortu behar dira. Errepideetan ere hobekuntzak egin behar dira, bereziki istripu-tasa handiak dituzten puntu beltzetan”, gaineratu dute.

Garraiolariek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat, eta, beraz, lan-baldintza duinak behar eta merezi dituzte.

Lau aste bete dira Gipuzkoako DHL enpresan mobilizazioak hasi genituenetik

DHL enpresan hitzarmen berria sinatu gabe dagoen honetan, kalera irtetea erabaki genuen. Duela lau aste ekin genien mobilizazioei eta, gaur gaurkoz, bide beretik jarraitzen dugu: bi kontzentrazio eta kotxe-karabana bat gauzatu ditugu dagoeneko eta, gaur, martxoaren 31ean, beste kontzentrazio bat deitu dugu: 13:00tatik 13:30etara bitartean, lan-zentroaren parean aurkituko gaituzte, gure lan-baldintza duinen alde egiten.

Gerora, aste santuko oporraldian ere, ez gara geldirik egongo: orain arte bezala, gure aldarrikapenekin beteriko pankartez kaleak josten jarraituko dugu eta, gainera, sare sozialen bidez gure egoera salatzeari ekingo diogu.

DHL-ko langileok borrokan jarraitzen dugu!

Andoaingo TKE enpresan lanaldia murriztu eta baldintza ekonomikoak hobetuko dituen akordioa #LortuDugu

Borrokak merezi duela ikusi ahal izan dugu berriro. Izan ere, negoziaketa luzearen eta 4 greba egun egin ostean, lanaldia murriztu eta baldintza ekonomikoak hobetuko dituen akordioa lortu du enpresa-batzordeak Andoaingo TKE enpresan.

Enpresa-batzordearen oharra

TKEk, puntako teknologia eta lan kualifikatua aurrera ateratzen duen enpresatzat du bere burua. Lan baldintzek, ordea ez zuten horrekin bat egiten eta horrek eraman gaitu borrokara.

Tentsio handiko negoziaketen eta 4 greba egun luze egin ostean, langileak batzea eta  antolatzea lortu dugu. Horregatik, borrokaren ondorioz erdietsi dugun akordioarekin pozik gaude:

Akordio honekin langileen baldintza ekonomikoak hobetzen dira eta urteko lan orduak murriztea lortu dugu aurrez galdutako hainbat eskubide berreskuratzearekin batera. Guzti honetaz gain, aldi baterako langileen kopurua jaisteko konpromezua, lan egutegia zein ordutegiak adosteko eta aurre erretiroari dagozkion akordio desberdinak aztertzeko bilera berri batean akordio hau borobiltzeko data zehaztu da.

Esan behar dugu lorpen hauek baino garrantzitsuagoa dela lantokian sortu den borrokarako grina eta batasuna. Badakigu bide luzea dugula aurretik baino akordio honekin lan baldintzak izugarri hobetu ditugu eta beraz pozik agertzen gara.

Lorpen hau ezinezkoa izango zen negoziaketa guztian lehen lerroan egon diren langileengatik izango ez balitz horregatik guztiagatik zuena da garaipena!

#LortuDugu Lan Ikuskaritzak Bacalao Giraldo enpresari eskatzea Datorrena azpikontrata berea dela aitor dezan

Langileen legez kanpoko lagapen egoera argitara eman dugu. Izan ere, pasa den martxoaren 27an jakin genuen Lan Ikuskaritzak Bacalao Giraldo enpresari errekerimendu bat egin ziola Datorrenan lan egiten duten pertsonak bereak bezala aitortzeko, hori guztia LABek ekainean erregistratu zuen eskarian oinarrituta. Beraz, orain arte Kontserbei, erdi-kontserbei eta arrain- eta itsaski-gaziei buruzko Estatuko hitzarmeneko lan-baldintzekin azpikontratatu gisa jarduten zuten langileak Bacalao Giraldoren plantillako kide izango dira, eta bertan indarrean dauden itun eta akordioak aplikatu beharko zaizkie, horrela, egun jasotzen dutena baino %40 gehiago kobratzera pasako dira.

Ikerketa luze baten ondoren, egiaztatu ahal izan da Bacalao Giraldo enpresan lan egiten duten pertsonekiko desberdintasun bakarra lan-baldintzak zirela, askoz okerragoak, eta, beraz, legez kanpoko lagapen kasu argi bat dela. Hori guztia dela eta, Lan Ikuskaritzak arrazoia eman digu, eta enpresari eskatu dio pertsona horiek Bacalao Giraldoko langile izatera pasa daitezen. Enpresak batzordeari jakinarazi dio hori hurrengo egunetan egingo dela, Ikuskaritzak emandako epea amaitu arte itxaron gabe. Hori dela eta, Datorrenako langileek euren lan baldintzak Bacalao Giraldorekin parekatu ahal izango dituzte, eta horrek, beste hobekuntza askoren artean, ia Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) irabaztetik ia %40 gehiago kobratzera pasako dira.

LABetik zorionak eman nahi dizkiegu Datorrenako langileei, haien ausardia eta konpromisorik gabe ezinezkoa izango baitzen hori lortzea. Gure Sail Sindikalak eta talde juridikoak egindako lan eskerga ere azpimarratu nahi dugu. Beste behin ere, argi geratu da borroka, antolakuntza eta elkartasuna direla langileek euren helburuak lortzeko dituzten tresnarik indartsuenak. Eta Bacalao Giraldon frogatu den bezala, LAB sindikatuan langile klasearen interesak defendatzeko funtsezko erakundea gara.

Gorabidek oso positibotzat jo ditu egindako 7 greba egunak, eta gehiago iragarri ditu, enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrizketarik ahalbidetzen ez dutelako

Gorabideko lantokien arteko Enpresa Batzordea LABeko 15 ordezkarik, ELAko 5 ordezkarik eta ESKko 3 ordezkarik osatzen dute, eta 7 greba egun egin dituzte guztira orain arte. Azkenak, aste honetan, astelehenetik gaur arte.

Bada, egun horien ostean, hau da egin duten balorazioa: “Oso balorazio positiboa egiten dugu grebaren eraginari buruz, beste behin ere gehiengoa izan baita. Egin ditugun mobilizazioek ere erakusten dute Gorabideko langileak prest daudela gure eskubideen alde borrokatzeko”.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko langile horien aldarrikapen nagusiak jarraian zerrendatuta datoz:

  • Erosteko ahalmena ziurtatuko duen soldata igoera, gutxienez KPIaren igoera aplikatuta.
  • %40ko behin-behinekotasuna murriztuko duten neurriak hartu.
  • Baldintza ezegonkorren aurrean kalitatezko lanaldia.
  • Kontziliazio neurriak langileentzat.

Enpresako Batzordeak Bizkaiko Foru Aldundia egiten du egoeraren erantzule, ematen duten zerbitzu publikoaren arduraduna baita: “Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak erosteko ahalmenaren galera berreskuratzea bere gain hartuko duen akordio bat bermatzeko konpromisoa hartzen duen mezu bat helarazi digun bitartean, Gorabideko gerentea den Txema Francok adierazi digu Aldundiak ez diela egin dutena baino eskaintza gehiago bermatzen. Norbait gezurretan ari da”.

Sergio Murillori ofizialki eskatu diote hiruko bilera bat, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak, enpresako zuzendaritzak eta enpresa-batzordeak parte hartuko duten bilera bat. Bada, ez dute erantzunik jaso. Sergio Murillo zuzenean interpelatzen jarraituko dugula iragarri dute beharginek, “akordiora iristeko negoziatzeko borondaterik ezaren azken arduradun gisa”.

Egoera horren aurrean, enpresa-batzordeak Gorabideko Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren seriotasun falta salatu du beste behin, eta langileekin batzarra egingo duela iragarri du, mobilizazio gehiago iragartzeko eta apirilean eta maiatzean grebak areagotzeko.

LAB eta Esku-hartze Sozialeko langileak berriz ere mobilizatuko dira, hitzarmena bizi-bizirik dagoela eta ezin dela ukitu aldarrikatzeko

Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa iragan urteko irailean egitekoa zen, baina bertan behera gelditu zenez, badirudi azkenean apirilaren 18an eginen dutela. Hori baino lehen, LAB sindikatua eta sektoreko langileak mobilizatuko dira hitzarmena bizi-bizirik dagoela eta ezin dela ukitu aldarrikatzeko. Larunbat eguerdian manifestazioa egonen da Iruñean eta epaiketa egunean lanuzteak eginen dituzte.

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, AcciĂłn contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa erabaki lotsagarri horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.

Ildo horretan, LABek deituta, larunbatean manifestazioa eginen dute Esku-hartze Sozialeko langileek, 12:00etan Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta. Eta epaiketaren egunean, apirilaren 18an, lanuzteak eginen dituzte, eta lau orduko elkarretaratzea Justizia Jauregiaren parean, 11:00etatik 15:00etara.

Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu gara etxeko langileen lan-baldintzen berdintasuna eskatzeko

Gaur, martxoak 30, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Biboko Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, etxeko langileek beren eginkizunak betetzen dituzten etxeetan ere esku har dezala eskatzeko.

Mariana Urcuyok adierazi duenez, “LABeko etxeko langileen atal sindikalean gure eskubideak lortzeko eta gure sektoreko lan-baldintzak parekatzeko borrokan jarraitzen dugu. Nahikoa da etxeko langileen aurkako hainbeste esplotazio eta bidegabekeriaren aurrean ezikusiarena egitea”.

Gaineratu duen moduan, “ez du ezertarako balio nazioarteko egun bat ospatzeak, baldin eta egunero, etxe bakoitzean, lan horietan aritzen garen pertsonen bizitzak urratzen badira”.

Sektore honetako lan-baldintzak arautuko dituen EAEko Hitzarmen Kolektibo baten negoziazioaren hasiera publiko egin eta urtebetera, salatu du “uko egiten diotela etxeko langileok eskubide osoko langiletzat aitortzeari, hori lortzeko bideak ixten dizkigutelako”.

“Nahikoa da bizitzak zaindu eta sostengatzen ditugunontzako gezur eta aitzakiez. Hitzarmenik ezak gehiegikeriak egiten dituzten enplegatzaileen eskuetan mantentzen gaitu, eta etxeetan ikuskapenik ez egiteak eta atzerritar lege bortitzek erakundeetan nagusi den arrazakeria baino ez dute agerian uzten” gaineratuz amaitu du bere hitzartea, eta lan-esplotazioaren aurka antolatzearen garrantzia nabarmendu du.

Mobilizazioa Iruñean

Bilbokoaz gain, Nafarroako hiriburuan ere mobilizazioa egingo dugu, kasu honetan Etxeko Langileen Taldea eta SOS Arrazakerirekin batera, 20:00etan, Udaletxeko plazan. Hitzarmena eta erregularizazioa eskatuko ditugu bertan.

Espainiako Kongresuak onartutako pentsio erreforma kritikatu eta Madrilen posible ez diren urratsak Euskal Herrian ematea aldarrikatu dugu

Espainiako Kongresuak pentsio erreforma berria onartu du gaur. LABen iritziz, positiboa da Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak handitzea eta zenbait pentsioetan hobekuntzak egitea. Hala ere, hiru dira pentsio erreforma honi egiten dizkion kritikak.

Lehenik eta behin, erreforma honek ez ditu azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzen. Ipar Euskal Herrian sindikatuok erretiro adina 64 urtera atzeratzearen kontra borrokatzen jarraitzen dugun bitartean, gogoratu beharra dago Hego Euskal Herrian 67 urteko erretiroa ezarri zuela Zapateroren Gobernuak, UGT eta CCOOen babesarekin.

Bigarrenik, erreforma honetan jasotzen diren aldaketak ez dira nahikoak LABek eta euskal pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko, 1.260 euroko gutxieneko pentsioaren norabidean.

Eta hirugarrenik, erreforma honen neurrien artean badago etorkizunean indarrean sartuko litzatekeen beste murrizketa bat: pentsioa kalkulatzeko tartea 25 urtetik 29 (-2) urtera zabaltzea. Kontutan hartu beharra dago, 1985era arte azken 2 urteak hartzen direla aintzat, eta ordutik zabaltzen joan dela tarte hori erreformaz erreforma: 2tik 8ra, 8tik 15ra eta 15etik 25era.

LABen iritziz bada garaia Euskal Herrian pentsioen inguruko gogoeta estrategikoa egiteko. Unean uneko Espainiako eta Frantziako Gobernuaren eskuetan jarraituz gero, euskal langileon pentsioak eta prestazioak arriskuan daude. Azken hamarkadetan murrizketak egin dituzte bata bestearen atzetik, Europako Batzordearen tutoretzapean.

Gauzak horrela, Madrilen eta Parisen ezin dena Euskal Herrian posible egitea aldarrikatzen du LABek: pentsio duin bat euskal herritar ororentzat, bai enplegua izan dutenentzat baita aitortzarik gabeko zaintza lanetan aritu diren emakumeentzat ere, arrakala ororekin amaituz.

Euskal Gizarte Segurantza eratzeko bidean, bi urrats zehatz proposatzen ditu LABek. Batetik, EAEko estatutuan aurreikusten den Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratu beharra dago, azken helburua kudeaketa ez ezik arauketarako ahalmena ere eskuratzea dela argi utzita. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskal herritar ororen pentsioak 1080 eurotaraino osagarritu behar dute, euskal pentsiodunen mugimenduak egindako ekimenetan aldarrikatu bezala.

LABen azterketa

Hemen duzue gaiaren inguruan egin dugun “Espainiako Estatuko pentsio erreformaren azterketa”.