2026-09-21
HomeEkintza SozialaEspainiako Kongresuak onartutako pentsio erreforma kritikatu eta Madrilen posible ez diren urratsak...

Espainiako Kongresuak onartutako pentsio erreforma kritikatu eta Madrilen posible ez diren urratsak Euskal Herrian ematea aldarrikatu dugu

Espainiako Kongresuak pentsio erreforma berria onartu du gaur. LABen iritziz, positiboa da Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak handitzea eta zenbait pentsioetan hobekuntzak egitea. Hala ere, hiru dira pentsio erreforma honi egiten dizkion kritikak.

Lehenik eta behin, erreforma honek ez ditu azken hamarkadetako murrizketak lehengoratzen. Ipar Euskal Herrian sindikatuok erretiro adina 64 urtera atzeratzearen kontra borrokatzen jarraitzen dugun bitartean, gogoratu beharra dago Hego Euskal Herrian 67 urteko erretiroa ezarri zuela Zapateroren Gobernuak, UGT eta CCOOen babesarekin.

Bigarrenik, erreforma honetan jasotzen diren aldaketak ez dira nahikoak LABek eta euskal pentsiodunen mugimenduak aldarrikatzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko, 1.260 euroko gutxieneko pentsioaren norabidean.

Eta hirugarrenik, erreforma honen neurrien artean badago etorkizunean indarrean sartuko litzatekeen beste murrizketa bat: pentsioa kalkulatzeko tartea 25 urtetik 29 (-2) urtera zabaltzea. Kontutan hartu beharra dago, 1985era arte azken 2 urteak hartzen direla aintzat, eta ordutik zabaltzen joan dela tarte hori erreformaz erreforma: 2tik 8ra, 8tik 15ra eta 15etik 25era.

LABen iritziz bada garaia Euskal Herrian pentsioen inguruko gogoeta estrategikoa egiteko. Unean uneko Espainiako eta Frantziako Gobernuaren eskuetan jarraituz gero, euskal langileon pentsioak eta prestazioak arriskuan daude. Azken hamarkadetan murrizketak egin dituzte bata bestearen atzetik, Europako Batzordearen tutoretzapean.

Gauzak horrela, Madrilen eta Parisen ezin dena Euskal Herrian posible egitea aldarrikatzen du LABek: pentsio duin bat euskal herritar ororentzat, bai enplegua izan dutenentzat baita aitortzarik gabeko zaintza lanetan aritu diren emakumeentzat ere, arrakala ororekin amaituz.

Euskal Gizarte Segurantza eratzeko bidean, bi urrats zehatz proposatzen ditu LABek. Batetik, EAEko estatutuan aurreikusten den Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuratu beharra dago, azken helburua kudeaketa ez ezik arauketarako ahalmena ere eskuratzea dela argi utzita. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskal herritar ororen pentsioak 1080 eurotaraino osagarritu behar dute, euskal pentsiodunen mugimenduak egindako ekimenetan aldarrikatu bezala.

LABen azterketa

Hemen duzue gaiaren inguruan egin dugun “Espainiako Estatuko pentsio erreformaren azterketa”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.