LAB eta ELA sindikatuok joan den ostiralean utzi genuen Akordio Markoaren negoziazio mahaiaren bilera
Arcelor Mittaleko zuzendaritzak urteak daramatza Euskal Herriko lantegietan enplegua suntsitzen, eta bitartean ez da inbertsiorik egiten, ezta gutxieneko seriotasuna duten plan industrialak diseinatzen ere.
Gainera, Estatuko esparruan egindako azken negoziazioetan, zuzendaritzak estatuko sindikatuekin bakarrik negoziatzen du. Enpresa Asturiasen ordezkaritza duten UGT, USO eta CCOOekin biltzen da, eta Asturiasko arazoak ditu soilik aztergai.
Azken bileretan, atsedenaldien artean igarotzen da denbora gehiena, eta Euskal Herriko gehiengo sindikala baztertu egiten dute Asturiasko ordezkariekin negoziatzeko. Joan den ostiralean, eta hainbat orduz zain egon ondoren, bi sindikatuetako ordezkariek negoziazioa uztea erabaki zuten, protesta seinale gisa.
Arcelor Mittaleko zuzendaritzari bere jarrera erabat aldatzeko exijitzen diogu. Gure herriko lantegien enplegua, inbertsioak eta etorkizuna bermatzeko ordua da, ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko.
Construcciones Resano e hijos S.L. enpresan lan egiten zuen 54 urteko langile bat hil da Andosillan, eraikuntza-lanetan ari zela altuera handi batetik erorita.
LABek jasotako lehen zantzuen arabera, badirudi ez zegoela lotuta erori zenean. Nolanahi ere, heriotza honek erakusten du segurtasun-neurriek huts egin dutela. Gogora ekarri nahi dugu enegarren langilea dela altueratik erorita hil zena, iaz 11 langile hil ziren arrazoi horrengatik, eta, aurten, heriotza honekin dagoeneko 3 langile hil dira.
Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu baten aurrean, berriro gerta ez dadin behar diren bitartekoak ez jartzea. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Lan Osasunaren Nafarroako Institutuak eta gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Langile baten heriotza merkea da.
Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatzen ditugu. Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, faltsu autonomikoak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Prekarietatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da.
Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago.
Gaur, eskaera formal bat erregistratu dugu sailburuari eskatzeko Mahai Sektorialeko hurrengo bilerara joan dadila eta erantzun diezaiola pasa den abenduaren 7an egindako bileran egin zizkioten planteamenduei, baita bi greba-egun deitzea eragin duten aldarrikapenei ere.
LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok behin eta berriz salatu dugu Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dagoela. Azpimarratu behar da, beste behin ere, Osakidetzak izapide huts bihurtu duela foro hori alde bakarreko erabakiak hartzeko: bilerak deitzen ditu, gaiak Mahai Sektorialetik pasatzeko lege-izapidea betetzeko helburu bakarrarekin, alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitu ahal izateko. Sindikatuek planteatutako gaiak tratatzeari eta negoziatzeari uko egiten dio sistematikoki.
Langileen ordezkaritza dugunok denbora asko daramagu Euskal Administrazio Publikoko erakunde handienean aitortzarik izan gabe, eta entzunaldia, informazioa eta negoziazio kolektiboa izateko dauzkagun eskubideak errespetatu gabe; eskubideak oinarrizko araudiak eta instantzia goreneko auzitegiek onartzen dituztenak.
Egoera honen aurrean, sindikatuek eskatuta, abenduaren 7an bilera bat izan genuen Osasun Sailarekin. Harrezkero, Osakidetzako Zuzendaritzak behin baino gehiagotan adierazi du orduan planteatutako hainbat gai sailburuaren esku daudela oraindik.
Bilera horretan, sindikatuok gure ezinegona adierazi genuen Osakidetza gurekin erlazionatzen ari den moduagatik, bere erabakien aldebakartasunagatik eta langileen lan-baldintzen murrizketagatik. Era berean, detektatuta ditugun arazoak eta gabeziak jakinarazi genizkion, planteatuta dauzkagun aldarrikapenak eta Mahai Sektorialeko bileretara ez joatea justifikatzen dutenak. Bilera horretan hitz eman zuen sailburuak aztertuko zituela eta erantzuna emango ziela.
Hilabete hauetan egoera ez da aldatu, eta, beraz, bi greba-egun deitu behar izan ditugu sindikatuok maiatzaren 18rako eta 19rako. Sailburuaren azken adierazpenetan negoziaziorako eta elkarrizketarako prest dagoela adierazi du. Erabakiak hartzeko boterea bere eskuetan dagoenez, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu dugu gaur, sailburuari hurrengo Mahai Sektorialera joan dadila eskatzeko, negoziazio kolektiboari berriro ekiteko, egoera bideratzeko eta irekitako gatazkari irtenbidea emateko.
Ezinbestekoa da sailburuaren parte-hartze horrek bilerari edukia emateko balio izatea. Alferrik izango litzateke bere parte hartzea, forma zaharrak alde batera uzten ez badira. Horregatik, sindikatuok eskatu dugu bilera horretan honako eduki hauek jorratzeko: %4ko osagarria parekatzea; Lanbide Garapena: 2022ko deialdia eta ebaluazio-eredu berria; greba-deialdia eragiten duten aldarrikapenak (besteak beste, hauteskunde esparru berriak).
Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.
Gaur, apirilak 3, bosgarren aldiz bildu da Gipuzkoako Metaleko Hitzarmeneko negoziazio mahaia. Sindikatuok mobilizazio bateratua egin dugu bilera aurretik eta, ondoren, bileran ADEGIk nahikoak ez diren proposamenak jarri ditu mahai gainean.
Aipatu diren eduki berrien artean soldata igoerak, lan–istripu eta gaixotasun profesionalentzako osagarriak edota lizentziak egon dira, hurrengo zehaztasunekin:
LABen iritziz, proposamenak eduki berriak mahai gainean jartzen dituen arren, sektoreko langileen beharrei erantzunik eman gabe jarraitzen du: soldata igoerak ez du KPIa bermatzen tauletan zein errealeatan, ulertezina da In Itinere kasuak osagarrietatik kanpo uztea eta lizentziak legeari egokitzea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gainera, lanaldi murrizketa, malgutasuna edo beste zenbait eduki aipatu gabe ere mantentzen dira. Gure apustua, beste behin, batasun sindikalaren bidea indartzen jarraitzea da eta mobilizazioei esker hitzarmen duin bat lortzeko borrokatu.
Metaleko negoziazio mahaiaren hurrengo bilera apirilaren 19an izango da.
Ehunka irakasle atera gara kalera LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok egindako deialdiari babesa ematera eta Hezkuntza Departamentuari benetako negoziazioa eskatzera. Arratsaldean berriz ere mobilizatuko gara, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan.
Duela ia hilabete, martxoaren 6an, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasle guztiak deitu genituen beste greba egun batera, Hezkuntza Departamentuak ez baitzuen inolako erreakziorik izan gure kolektiboak otsailaren 15eko greban planteatutako aldarrikapenen aurrean. Pentsatu genuen Departamentuak azkenean erantzunen zuela eta bilera batera deituko gintuela, benetako negoziazio bati ekiteko, greba saihestearren.
Beste deialdi bat egin ondoren, martxoaren 17ko bilera batera deitu gintuzten. Bilkura hartan ez zuten deus eskaini, eta uko egin zioten berriro negoziatzeari, hezkuntza inbertsioa handitzea ekarriko zuen alderdirik. Itxikeria horrek alde handia dauka administrazioko beste sektore batzuetan erakutsitako jarrerarekin; izan ere, sektore horietan lan eta soldata hobekuntzak lortu dira mobilizatu ondoren, eta 2023ko Aurrekontuen Legea ez aldatuagatik.
Bestalde, martxoaren 27an, Hezkuntza Publikoko hezkuntza itunaren jarraipen batzordea batzartu zen, eta bertan ez daude sindikatu deitzaile guztiak. Bilera horretan, ezin ulertuzko moduan errepikatu zen negoziatzeko prestasunik eza eta, gainera, Departamentuak baliatu zuen manipulatzeko eta hedabideetan negoziatzeko jarrera erakusteko.
Gure aldarrikapenak honako hauek dira: ● Ratioen jaitsiera lineala hezkuntza etapa guztietan. ● Erosteko ahalmena berreskuratzea: – KPIarekiko soldata igoera eta 2010az geroztik galdutako erosahalmena berreskuratzea (% 20). – Administrazio-mailak titulazioetara egokitzea, Bolonia Planaren arabera. ● Egiazkoko behin-behinekotasuna % 8ra murriztea. ● Lan gainzama murriztea, ikasleen hezkuntza premiei denbora gehiago emateko. Aurreko horrek beste baliabide mota batzuk gehitzea eskatzen du: osasungintzakoak, sozialak, administratiboak eta abar.
Hilabete honetan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan egindako 120 asanblada baino gehiagotan egiaztatu eta eztabaidatu ditugu aldarrikapen horiek, eta 100 klaustrok egin dute bat horiekin. Sektorea mobilizatuta dago, etapa guztietan, eredu guztietan eta Nafarroa osoan. Asko gara, borrokan gaude eta entzun egin behar gaituzte kalitatezko hezkuntza publikorantz abiatzeko.
Oraindik garaiz gabiltza benetako negoziazioari ekiteko, baldin eta borondate politikoa badago, eta proposatutako hobekuntzak datorren ikasturtean islatzen hasteko. Aurrekontu partidak ez dira mugiezinak, handitu egin daitezke eta, gainera, baliabideak partida batetik bestera alda daitezke. Ikastetxeetako plantillak ez dira oraindik osatu eta hobetu egin daitezke. Horregatik guztiagatik, ezin diogu mobilizatzeari eta presioa egiteari utzi;Parlamentua desegiteak eta Gobernua jardunean egoteak ez du eragozten neurri horiek ezartzen hastea.
Era berean, garrantzitsua da presioa egiten jarraitzea, talde politiko guztiek gure eskaerak jaso ditzaten, gobernu berriaren akordio programatikoan ager daitezen eta, hori 2024ko Aurrekontuen Legean jaso dadin. Hezkuntza Departamentua benetan negoziatzen hasi arte jarraituko dugu, eta ez gara geldituko kalitatezko hezkuntza publikoa erdietsi arte.
Gaur arratsaldean aukera berri bat dugu, 18.00etan Iruñeako Gurutze plazatik abiatuko den manifestazioan. Irakasleok zein hezkuntza komunitate osoa eta gizarte osoa animatzen dugu parte hartzera, hezkuntza publikoa denon kontua baita.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Publikoan delegatu kopuru handiena lortu duen sindikatua izan gara, 108 ordezkarirekin.
Martxoaren 31ko behin-betiko datuek berretsi egin dute LABen garaipena EHUn eta EAEko Hezkuntza Publiko ez-unibertsitarioan, Haurreskolak barne. Hortaz, LAB bozkatzera hurbildu zareten guztioi, zorionak eta eskerrik asko LABen lan ildoa babesteagatik! Hezkuntza publikoan delegatu kopuru altuena lortu dugu eta lehen indarra gara.
Datuak aztertuta, hurrengo emaitzak atera ditugu:
Haurreskolak Partzuergoan lehen indarra izateari eutsi diogu eta gehiengoa izaten jarraitzen dugu, 25 ordezkari sindikalekin eta % 53,19ko ordezkaritzarekin.
Heziketa Berezian lehen indarra izaten segitzen dugu, 20 ordezkari eta % 36,36ko ordezkaritzarekin.
Sukalde eta Garbiketan, Araban 2 ordezkariak mantendu ditugu, Gipuzkoan ordezkari bat gehiago lortu eta 5era iritsi eta Bizkaiko bozkak kontatzeke daude, hauteskunde mahaiak posta bidezko gutunekin egondako irregularitateen aurrean bozka guztiak kustodiapean geratzea eskatu baitu .
Irakasleetan ordezkari kopuruan gora egitea lortu dugu, 33 ordezkari izango ditugu eta % 28,20ko ordezkaritza. Aipatzekoa da lehen sindikatuarekiko aldea murriztea lortu dugula eta sindikatu berri bat sartu dela aurten jokoan.
EHUn lehen indarrari eutsi diogu, 23 ordezkari sindikal eta % 25eko ordezkaritzarekin.
Kolektibo bakoitzean atera ditugun emaitza zehatzak hurrengoak dira:
Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz izatea lortzeko Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean borrokan eta lanean jarraituko dugu. Zurekin bagara!
Albaceten (Espainia) izandako istripuan zendu zen garraiolaria. Lan baldintza duinen eta prebentzio neurrien garrantzia hil ala bizikoa dela ikusarazi nahi izan dute gaurko ekimenarekin.
Gaur, martxoak 31, Garraio duin ezak hiltzen gaitu lelopean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak mobilizatu dira Arcelor Mittal Olaberria lantokiaren aurrean, enpresa horren materiala garraiatzen ari zela astelehenean Albaceten (Espainia) hildako garraiolaria oroitzeko eta sektoreko lan-baldintza txarrak salatzeko.
Garraioaren sektorean dagoen heriotza-tasa handia ez da kasualitatea, LAB sindikatuak gogorarazi duenez: “Iaz, 10 garraiolari hil ziren lanean Euskal Herrian, eta bat hil zen ia hilero. Gehienak bihotzeko arazoengatik. Salagarria da bihotzeko arazoek eta gaitz kardiobaskularrek garraiolarien lan-osasunean duten eragin handia”.
Hori dela eta, LABek behin eta berriz salatu du halakoak ez direla heriotza naturalak. Gainera, erakundeak lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatzen direla azaldu dute, heriotza naturalak edo trafiko-istripuak balira bezala tratatzen dituztelarik.
“Heriotza horiek lan-baldintza txarren ondorio dira. Enpresen presioek eta presek eragindako tentsioa eta estresa, lanaldi luzeak eta lan-erritmo altuak, kargen gehiegizko pisua, zerbitzuagatik ordaintzen ari diren prezio merkea, atseden hartzeko zailtasunak, dieta osasungarria eramateko zailtasunak dira sektoreko langileen bizitza eta osasuna arriskuan jartzen duten arrazoietako batzuk”, zehaztu du LABek.
Horren guztiaren ondorioz, garraiolarien bizitza “gero eta zailagoa” da, sindikatuak azaldu duenez, eta horretan erantzukizuna dute bai enpresek, baita administrazioek ere: “Praktika txar horiek kontrolatzeko eta saihesteko neurriak hartu beharrean, beste alde batera begiratzen dute, garraio merkea nahi baitute”.
Sektoreko lan-baldintzak hobetu behar direla eta baliabide teknikoen hobekuntzan inbertitu behar dela nabarmendu dute gaurkoan. “Lan Ikuskaritza indartu behar da, lan-baldintza txarrak saihesteko, eta arauak betetzen ez dituzten enpresak zigortu behar dira. Errepideetan ere hobekuntzak egin behar dira, bereziki istripu-tasa handiak dituzten puntu beltzetan”, gaineratu dute.
Garraiolariek funtsezko lana egiten dute gizartearentzat, eta, beraz, lan-baldintza duinak behar eta merezi dituzte.
DHL enpresan hitzarmen berria sinatu gabe dagoen honetan, kalera irtetea erabaki genuen. Duela lau aste ekin genien mobilizazioei eta, gaur gaurkoz, bide beretik jarraitzen dugu: bi kontzentrazio eta kotxe-karabana bat gauzatu ditugu dagoeneko eta, gaur, martxoaren 31ean, beste kontzentrazio bat deitu dugu: 13:00tatik 13:30etara bitartean, lan-zentroaren parean aurkituko gaituzte, gure lan-baldintza duinen alde egiten.
Gerora, aste santuko oporraldian ere, ez gara geldirik egongo: orain arte bezala, gure aldarrikapenekin beteriko pankartez kaleak josten jarraituko dugu eta, gainera, sare sozialen bidez gure egoera salatzeari ekingo diogu.
Borrokak merezi duela ikusi ahal izan dugu berriro. Izan ere, negoziaketa luzearen eta 4 greba egun egin ostean, lanaldia murriztu eta baldintza ekonomikoak hobetuko dituen akordioa lortu du enpresa-batzordeak Andoaingo TKE enpresan.
Enpresa-batzordearen oharra
TKEk, puntako teknologia eta lan kualifikatua aurrera ateratzen duen enpresatzat du bere burua. Lan baldintzek, ordea ez zuten horrekin bat egiten eta horrek eraman gaitu borrokara.
Tentsio handiko negoziaketen eta 4 greba egun luze egin ostean, langileak batzea eta antolatzea lortu dugu. Horregatik, borrokaren ondorioz erdietsi dugun akordioarekin pozik gaude:
Akordio honekin langileen baldintza ekonomikoak hobetzen dira eta urteko lan orduak murriztea lortu dugu aurrez galdutako hainbat eskubide berreskuratzearekin batera. Guzti honetaz gain, aldi baterako langileen kopurua jaisteko konpromezua, lan egutegia zein ordutegiak adosteko eta aurre erretiroari dagozkion akordio desberdinak aztertzeko bilera berri batean akordio hau borobiltzeko data zehaztu da.
Esan behar dugu lorpen hauek baino garrantzitsuagoa dela lantokian sortu den borrokarako grina eta batasuna. Badakigu bide luzea dugula aurretik baino akordio honekin lan baldintzak izugarri hobetu ditugu eta beraz pozik agertzen gara.
Lorpen hau ezinezkoa izango zen negoziaketa guztian lehen lerroan egon diren langileengatik izango ez balitz horregatik guztiagatik zuena da garaipena!