2026-07-11
Blog Page 229

Indarrez abiatu da Greba Feminista Orokorra

Greba eguna goizetik hasi dugu Euskal Herriko hamaika txokotan. Gauerdian kazeroladak eta txapligoak entzun ditugu, goizaldean dultzaineroak ere ikusi ditugu kaleetan barrena. Ondotik, piketeetan elkartu gara. Greba feminista orokor honetan, lantokiak hustu eta kaleak hartzeko helburua dugu. Herri eta auzoetako Greba Komiteetatik antolatutako ehundaka mobilizazio hasi ditugu jada, errepideak hartuta, bideak itxita, gosariak prestatzen eta pikete informatiboekin.

Aldi berean, lanuzteetatik harago doan deialdia dela azpimarratu nahi dugu. Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki ezta sozialki ere. Grebak izango duen eraginari ikuspegi zabalagoarekin begiratuko diogu gaur, bizitza sostengatzeko lanetan ari diren guzti horietan arreta jarriz. Hemen paradoxa batekin aurkitzen gara, zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako, greba egin ezin duten emakume horiek ez direla greba egin dutenen datuetan kontabilizatuko.

Horregatik guztiagatik, eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta ekimen egingo ditugu herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekimenak egingo dira, zaintza langileen aldarrikapenak lehen lerrora ekarriz. Iruñan 12:30ean, Diputazioaren aurrean elkartuko gara, Donostian 12:30ean, udaletxetik mobilizazioa eta ekintza ezberdinak egingo ditugu, Gasteizen 13:00etan mobilizazioa egingo dugu Zumaquera Kaleko Lanbidetik hasita, eta Bilbon goizeko mobilizazio nagusiak, 12.00etan Udaletxearen aurrean eta ondoren 13:00etan Extranjeria aurrean egingo dira.

Egun osoko mobilizazioetara batzeko deia zabaltzen dugu, zaintza zerbitzuen pribatizazioa salatu, zaintza langileen egoera kolapsatuekiko ardura exijitu, sistema publikoaren alde egin eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko.

Sektore publikoan

Zerbitzu publikoetan, lehen ordu hauetan ditugun datuak kontutan hartuz, grebaren jarraipena esanguratsua izaten ari da.

Horren adibide:

Komunikabideei dagokionez, EITB taldean grebaren jarraipena zabala izaten ari da, eta honela irrati eta telebista publikoan gutxienezko zerbitzuak baino ez daude martxan; informatiboak bakarrik ari dira emititzen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik informatiboak eta grabatutako programazioa dago. Horretaz gain Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitzak greban daude.

Garraio publiko ez pribatizatuan ere, Eusko Tren eta Metron adibidez grebaren jarraipena, oso zabala izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik.

Hezkuntzan, lehen orduko datuak kontuan hartzen baditugu, hezkuntza publiko ez unibertsitarioan eta unibertsitarioan, greba egiteko eskubidea dutenen artean grebak jarraipen zabala izango duela dirudi. Hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan izango du lan uzteak eragina.

Sukalde eta garbiketan jarraipena oso zabala izango dela dirudi, eta sukalde asko itxita egongo dira . Haurreskoletan jarraipena ere zabala izango da.

Unibertsitatean ere grebak babes zabala izango du. Kanpusetan jarduera ia geratuta egongo da.

Itundutako ikastetxetan ere jarraipen zabal izango du, ikastola gehienek ateak itxiko dituztelarik , eta gainerako zentroetan jarraipena garrantzitsua izango da, lurralde eta eskualdeka desberdina izanik.

Udal esparruan ere, Grebaren jarraipena zabala izango dela dirudi, batik bat Gipuzkoan, non ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egin duten grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, baita azpikontratatutako langileak ere. Aurreko egunetan egindako bozketetan greabrekin bat egin baitute, besteak beste, Irura, Anoeta, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Arrasate, Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasaingo udaletako langileak.

Bizkaian eta Araban ere jarraipen zabala espero da.

Gizarte Ongizate zerbitzuetan eta osasungintzan, ezarritako zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan, zerbitzu minimoak %100ekoak direlarik. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo emergentzitako langileei ere 100 % zerbitzu minimoak ezarri zaizkie.

Osasungintzari dagokionez, lehen arretan grebak jarraipen zabalagoa izango du anbulategi batzuk itxita egongo direlarik.

Zahar egoitza eta eguneko zentroetan, zerbitzu minimoek guztiz baldintzatuko dute grebaren eragina . Gehiegizkoak izateaz gain, zahar egoitza gehienetan dauden egoilarrak dependentzia handiko graduak direnez greba egitea ia ezinezko egiten du, adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean bostek besterik ezingo dute greba egin. Hori horrela, greba egin zezaketen langileen artean grebak jarraipen zabala izan du.

Etxez etxeko laguntzan ere greba egiteko eskubidea dutenen artean, jarraipen zabal izango duela dirudi.

Grebak jarraipen handia izan du industrian, batez ere Gipuzkoan.

Herrialde horretan, langile askok greba egitea erabaki dute, batzarretan bozkatu ondoren. Erabat geldirik dago ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), CIE Automotive, GKN edo Bellota (hirurak Legazpikoak), Polmetasa (Arrasate), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), SNA Europe (Irun), Sammic (Azpeitia), Jose Maria Mendiola (Andoain), Kelsen (Zizurkil), IAT (Urnieta) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Jarraipena oso handia izaten ari da Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan.

Metroaren eta AHTren lanak ere geldirik daude Gipuzkoan. Errepideen mantentze-lanen plantilletan, gutxieneko zerbitzuen %100a ezartzeak grebaren jarraipen normalizatua eragozten du.

Bizkaian, grebak eragin berezia du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plásticos bezalako enpresek jarduera eten dute. Intzidentzia Bizkaia osoan ere nabaritu da, Kadaguako Lucart taldekoak bezalako enpresekin eta Cementos Lemonarekin


Araban ere greba egiten ari dira. Gasteizen, DHL eta Ferrovial bezalako enpresetan izandako eragina nabarmendu behar dugu, geldialdi handiak izanik industria-ingurune osoan. Aiaraldean, grebaren eragina berezia izaten ari da, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas edo Artiach bezalako enpresetan.


Nafarroan, industria-sektoreko grebaren jarraipena desberdina izan da, eta eragin handiagoa izan du Iruñeko industria-ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dira Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Iparraldean eta Sakanan jarraipena garrantzitsuagoa izan da, Magotteaux eta Torraspapel bezalako enpresak nabarmenduz.

Sektore pribatuan:

Zerbitzu pribatuen sektorean, greba feminista orokorrak jarraipen desberdina izan du, eta intzidentzia handiagoa izan du Gipuzkoan eta Bizkaian.

Grebaren eragina, batez ere, administrazioaren azpikontratetan nabaritzen ari da, hala nola,

kiroldegietan (Bilboko, Erandioko edo Barakaldoko kiroldegiak), eskola-jantokietan (Berangoko ikastetxea, Atxuriko ikastetxea, Ermuko Anaitasuna, Algortako Zabala ikastetxea, etab.), lorezaintzan (Basauriko lorezaintza), garbiketan (Basauriko udala, Sarrikokoa edo Bilboko Artxandarte ikastola) eta abar.

Nafarroan, grebak jarraipen handia izan du sektore feminizatuetan, hala nola garbiketan eta eskola-jantokietan. Bertan, Ausolagun enpresan izandako eragina nabarmendu dute. Ausolagun sektoreko enpresa handiena da Nafarroan.

Grebak jarraipena izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki, Tendamen eta H & M-ren jarraipena nabarmendu da. Elikagaien merkataritzaren arloan ere, Eroskin eragin nabarmena izan du grebak. Batez bestekotik gorako jarraipena duten beste sektore batzuk kirol- eta kultura-kudeaketakoak eta Iruñeko Udaleko berdeguneak mantentzeko azpikontratatutako enpresak dira.

Azalera handietako zentroetan jarraipena nabarmendu dezakegu (Alcampo eta abar). Gipuzkoan, halaber, grebaren jarraipena altua izaten ari da hotel esanguratsu batzuetan, azpikontratatutako garbikuntzan (Elgoibarreko Meka Lanbide eskolako garbitzaileak, Bergarako Ipintza BHI ikastetxekoak edota Azpeitiako IES Urola ikastetxekoak) edo lorezaintzan (ad: Hondarribikoa) eta polikiroldegietan (Hondarribiko Polikiroldegia ad. Itxita egongo da).

Langileon mobilizazioek negoziazio mahaia deitzera behartu dute CAF-eko Zuzendaritza

Fabrika-batzarrek ELAk eta CCOOk azken bi asteetarako programatutako mobilizazioak eteteko egindako proposamenari uko egin ondoren, gaur, azaroak 29, beste lanuzte egun arrakastatsu bat bizi izan dugu CAFen Beasain, Irunen eta Kastejongo lantegietan. Ondotik, zuzendaritzak negoziazio mahai baterako deia egin dio enpresarteko komiteari ostiralerako.

Azaro hasieran batzarrean adostutako mobilizazioen lehen faseari amaiera eman diogu horrela eta aldi berean, Enpresa Batzordeok mobilizazioen egutegi berri bat adostu dugu, LABen ekimenez aurkeztu zena (lehen indar sindikala Beasaingo eta Irungo batzordeetan). Egutegi horretan, hiru orduko lanuzte partzialak egingo dira abenduaren 11ko astean, egun osoko grebak abenduaren 18, 19 eta 20an eta greba mugagabea urtarrilaren 8tik aurrera. Greba horiek langileen batzarrean bozkatuko dira abenduaren 6an.

LABetik beste interpelazio bat egin diogu Zuzendaritzari, zeinak gaurko mobilizazioen ondoren negoziazio-mahaia deitu baitute abenduaren 1erako. Hala, esan nahi diogu negoziazioan aurrera egiteko eta ez dezala akordioa blokeatzen jarraitu, mobilizazioen eta greben agertoki berri batera eramango gaituena. Zentzu horretan, eskatzen ari garen edukien inguruan negoziatzeko borondatearekin esertzea eskatzen diogu.

Enplegua eta Euskal Herriko lantegien aldeko apustua, ezinbestekoa da LABentzat. CAFek bere eskaera-zorroan dituen 13.000.000.000.000. euro baino gehiago baliagarriak izan behar dira kalitatezko enplegua sortzeko eta langileen baldintzak hobetzeko. Aurre-erretiroak bermatzea, bizi dugun inflazio-garaietara egokitutako soldata-igoera bermatzea, bai eta kolektibo guztientzako urteko lanaldia parekatzeko eta Castejongo lantegiaren hitzarmenean txertatzea ere ezinbesteko gaietako batzuk izango dira akordioaren bidean.

Badator Greba Feminista Orokorra

Zaintza eskubide kolektiboaren alde Hego Euskal Herriko kaleak beteko ditugu bihar, azaroak 30.

Azken hilabeteotan hainbat batzar, asanblada eta ekimenetan murgilduta egon ostean, ordu batzuk baino ez dira falta Mugimendu Feministaren Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak deitutako Greba Feminista Orokorrerako. LAB sindikatuan lehenengo unetik bat egin genuen deialdiarekin, eta burubelarri jardun dugu biharko eguna prestatzen; izan ere, jakina da LABen helburu nagusietakoa dela Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzea, eta espero dugu 2023ko azaroaren 30ak mugarria ezartzea bide horretan jarraitzeko.

Izan ere, premiazkoa da zaintza lanak berrantolatu eta modu orekatuagoan banatzea, lanok eremu pribatutik atera eta merezi duten aitortza nahiz baldintza duinak lortzeko. Gaur egun zaintzara emandako enplegu eta lan guztiak prekarioak dira, eta kapitalak horiek baliatzen ditu aberastasuna metatzen jarraitzeko. Hain zuzen ere, zaintza eraldatu gabe, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erretorika hutsa da, LABen behin eta berriz gogorarazi dugunez. Horregatik guztiagatik, atera gaitezen guztiok kalera, greba egin ezin duten horiengatik atera ere.

Hego Euskal Herri osoan barrena hainbat eta hainbat hitzordu aurreikusi dira biharko, goizean goiz martxan jarriko diren piketeekin hasita. Ipar Euskal Herriaren kasuan, greba bere horretan deitu ez den arren, antolatutako dinamiketan parte hartzeko deia luzatu da.

Bada, jarraian zerrendatu ditugu eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioak, baita eskualdez eskualde arratsaldean izango diren hitzordu nagusiak ere:

GOIZEKO HIRIBURUETAKO MOBILIZAZIO NAGUSIAK

• Iruñean 12:30tan Diputazioaren aurrean elkartuko gara

• Donostian 12:30tan udaletxetik mobilizazioa eta ekintza desberdinak egingo ditugu.

• Gasteizen 13:00etan mobilizazioa egingo dugu Zumaquera Kaleko Lanbidetik hasita.

• Bilbon 12.00tan goizeko mobilizazio nagusia Udaletxearen aurrean egingo da.

ARRATSALDEKO MANIFESTAZIOAK ESKUALDEBURUETAN

ARABA

Gasteiz 18:00 San Anton Plazatik

– Agurain 18:30

– Laudio 18:00

BIZKAIA

Bilbo 17:30 Jesusen Bihotzatik

– Portugalete 18:00

– Ermua 18:00

– Berriz 18:00

– Markina-Xemein 18:00

– Durango 18:00

– Gernika 18:00

– Zornotza 18:00

GIPUZKOA

– Donostia 18:00 Antiguoko tuneletik

– Arrasate 18:00

– Hernani 18:00

– Zumaia 18:00

– Eibar 12:30

– Orereta 18:00

– Ordizi 18:30

– Urretxu Zumarraga 18:00

– Tolosa 18:00

– Irun 17:30

NAFARROA

– Iruñea 18:00 Antoniutitik

– Altsasu 18:00

– Elizondo 18:00

– Irunberri 18:00

– Lizarra 19:00

– Tafalla 19:30

– Tutera 18:00

909 boto eta 29 delegaturekin, LABek irabazi ditu Eusko Jaurlaritzako hauteskunde sindikalak

Milaka izan dira azaroaren 28an hauteskunde sindikaletan parte hartzeko aukera izan duten langileak. Horrela, argi jaso da zerbitzu publikoen ahultze sistematikoarekin amaitzeko unea heldu dela. Gipuzkoako 3 hautetsontzitako bozken zenbatzearen faltan, LAB sindikatua izan da ordezkaritza eta boto gehien jaso dituena.

Hauteskundeetako emaitzek 2. sindikatuarekiko (ELA) 245 botoko tartea utzi dute. Honek, orain arte bezala, bihartik aurrera ere EAEko Gobernuak ezarritako hitzarmenaren ukapena gainditzeko lanean jarraitzeko indarra ematen dio LAB sindikatuari.

Enplegua sortu eta egonkortzearen aldarriak langileen bultzada izan du. Bai urrian deituriko greban, bai bihar zaintza sistema publikoa defendatzen, bai abenduaren 19an zerbitzu publikoen aldeko greban eta baita gaur hauteskundeetan ere. Hemen lan egiten dugunok, hemen erabaki nahi dugu nola egiten dugun lan.

Aurrerantzean ere, erantzukizunez eta gardentasunez jarraituko dugu lanean. Egonkortze prozesuen amaieran bermeak ezarriz, feminismoa gure lan-baldintzetan ezartzeko eraginez, euskara lanerako tresna izan dadin jardunez eta Jaurlaritza langileon beharrei erantzungo dizkien baldintzak sortzera bultzatuz.

Azken hilabetean Palestinako Gazan eta Cisjordanian Israeldar gobernuak eragin duen sarraskia salatu dute Bizkaiko suhiltzaileek

Basauriko Suhiltzaile talde batek sortu duen dinamikari esker, eta honi jarraipena emonez, Palestinako herriari elkartasuna erakutsi diote. Horretarako, aste honetan Artaza, Urioste eta Iurretako parkeetan kontzentrazioak egin dituzte. Sirenekin minutu bateko dolua eta elkartasuna islatu dute suhiltzaileek.

Kontzentrazio hauen bitartez, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako zein Europar Batasuneko agintariek haien ardura politikoari helduz, Israelgo Gobernuari lege internazionalak betearaztea, eta sarraski zoro hau behingoz geldiaraztea da.

Iruñeko Udaleko Lan Kontratudunen Komiteak eskatu du Etxeko Laguntza Zerbitzua erabat munizipala izatea

Azaroaren 30ean, koordinadora feministak zaintza-eskubideen aldeko greba orokorrerako deia egin du. Grebaren aldarrikapen nagusiak hauexek dira: zaintza-sistema publiko komunitario bat lortzea eta zaintza-sektorearen lan baldintzak duintzea eta babestea, bizitzak erdigunean jarrita.

Iruñeko Udaleko Etxeko Laguntzako Taldeko familia-langileek bere egiten dituzte aldarrikapen horiek, zaintza-sistema publiko batekin bakarrik bermatuko baitira zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintza duinak.

Jakinarazi dutenez, Udalak Auzitegi Gorenean aurkeztu duen errekurtsoa onartu ez denez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia irmoa da eta, beraz, Udalak onartu behar izan du langileak beren lanpostuetara itzultzea.

Hala ere, Udalak, berriz ere, erabaki du epaia bere kasa betearaztea, eta, hala, interpretatu du ezen SAD Pamplona SL enpresa publikoak jarrai dezakeela Udalaren Etxeko Laguntzako Taldeari zerbitzua ematen eta ordezkapenetarako langile guztiak kontratatzen.

Udalaren erabaki horrek ondorio hauek ekarri ditu: kudeaketa bikoiztea eta kostuak handitzea (orain, irudi luke alderdi ekonomikoak ez duela garrantzirik, eta bi egitura paralelo mantentzen dira); emakumezko langileen kontratazioa prekarizatzea (astelehenetik ostiralera, lanaldi osokoak ez diren kontratuekin); eta zerbitzuaren kalitatea galtzea, ez dagoelako inolako harremanik langile finkoen eta behin-behinekoen artean eta ordezkapena errazago eginen lukeen informazio trukerik ez dagoelako, erabiltzailearen eta langilearen kalterako.

Lan kontratudunen komiteko kideak zain aude zer dioen Lan arloko 3. Epaitegiak, hau da, epaiaren “exekuzio” modu horrek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia urratzen duen ala ez. Baina erabakia edozein dela ere, borrokan jarraituko dute Etxeko Laguntza Zerbitzua %100ean munizipala izan dadin.

Artabiako Arneactive enpresako langileek lau orduko lanuztea eginen dute lan baldintzak hobetzearen alde

Artabiako (Nafarroa Garaia) Arneactive enpresako langileek bihar, asteazkena, azaroak 29, lau orduko lan-uztea eginen dute, 12:00etatik 16:00etara, KPIaren araberako soldata-igoerak eskatzeko, kategoria hobetzeko aukera errealak eskatzeko eta plantillaren iritzia kontuan har dezaten eskatzeko.

Arneactive enpresak hamarkadak daramatza mota guztietako oihalak prestatzen, tindatzen eta zentrifugatzen, eta azken urteotan hainbat enpresa egoera eta eskuetatik iragan da. 2020an, lantegia Arneplant-en jabetzakoa izatera pasatu zen, oinetakoetarako plantilletan aritzen diren Errioxako (Espainia) enpresa handienetako baten jabetzakoa. 2023an zehar, Artabiako plantillak enpresako zuzendaritzari proposatu izan dio lan, gizarte eta ekonomia baldintzak negoziatzeko beharra, baina enpresak horri uko egin dio etengabe.

Eguneroko bizitzaren kostua izugarri handituta, etorkizunari baikortasunez begiratzea galarazten duen testuinguru honetan, Arneactiveko langileei enpresari aurre egin eta beren lanarekin sortzen dituzten etekinen zati bat aldarrikatzea bertzerik ez zaie gelditu. Erran beharra dago enpresak Ehungintzako hitzarmena duela, oso hitzarmen baxua, 1.000 € inguruko soldatak dituena eta hobetzeko aukerarik ez duena. Hori dela eta, Arneactiven lan egiten duten gazte anitzek alde egiten du; hori oso kezkagarria da eta enpresak kontuan hartu beharko luke.

Arneactiveko langileen aldarrikapenak oinarrizkoak eta bidezkoak dira. Artabian hiru zutabetan oinarritutako lan baldintzak negoziatu nahi dituzte:

1. Egungo egoeraren araberako soldata igoerak, KPIarekin lotura dutenak.

2. Kategoria hobetzeko aukera erreala, aldebakarreko erabakietan oinarrituta ez dagoena.

3. Plantillaren iritzia kontuan hartzea, enpresa gehien eta hobekien ezagutzen duena baita.


Hori dela eta, bihar lehen pausoa emanen dute, lau orduko lanuztearekin. Aurrerago, agian, mobilizazioekin jarraituko dute, baldin eta enpresak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badu.

Greba Feminista Orokorraren atarian, Elizondoko nagusien egoitza publifikatzeko aldarria egi bihurtzea #LortuDugu, zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuaren eskuetatik kenduta

Langileak borrokaren konstantziaren eta irmotasunaren eredu izan dira. Izan ere, 2009an Elizondoko egoitzaren pribatizazioaren kontra mobilizatu ziren, eta, orduz geroztik, zaintza lanen pribatizazioak eragindako arazoei aurre egiteko borrokan aritu dira.

2009ko pribatizaziotik aurrera, IDEA enpresarekin etengabeko talkan egon dira langile hauek, interes pribatuen aurrean langileon eta egoiliarren interesak lehenetsiz eta modu kolektiboan, Baztaneko biztanle eta eragileekin batera, bestelako zaintza eredu baten beharra exijitu eta aldarrikatu dute eskualdean.

Langileen borrokari eta udal borondateari esker, abenduaren 1etik aurrera, Elizondoko zahar egoitzako langileak enpresa publiko bateko langileak izatera pasako dira, eta IDEA enpresa zerbitzutik kanpo geratuko da, azken honek prozesu honen aurka jo izan duen arren. Modu honetan, pribatizazioari ateak itxi eta publifikazioaren etapa berriari ekingo diote langileek.

Langile hauek erakutsi digute zaintza sistemaren eredu aldaketa premiazkoa dela eta instituzioek bultzatzen duten zerbitzuen pribatizazioari aurre egitea ezinbestekoa dela. Bestelako zaintza eredu baten alde borrokatzeko eta zaintza sistema publiko bat aldarrikatzeko beharrean gaude. Borroka hau Euskal Herriko zaintza sistemaren eredu aldaketaren adibide esanguratsua da. Hortaz, Baztanen haritik tiraka, egin dezagun posible publifikazioa Euskal Herri osoan.

Zaintza lanak negozio izan ez daitezen eta denon eskubide izan daitezen, duintasunez zaintzeko eta duintasunez zainduak izateko, Greba Feminista Orokorrera goaz.

Mobilizazioa egin dugu Nafarroako Gobernuaren aurrean, administrazioan emakumeok* diskriminaturik segitzen dugula salatzeko

Nafarroako Gobernuak egindako “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako l. Planean” jasotako datuek agerian uzten dute diskriminazioak bere horretan segitzen duela Nafarroako administrazio publikoetan. Mobilizazio feministak pil-pilean dauden honetan, une egokia da datu horiek aztertzeko eta emakumeok* pairatzen dugun diskriminazio egoera gogora ekartzeko.

Nafarroako administrazio publikoen errealitateari buruz egiten diren azterketa eta analisi guztietan agerian gelditzen da emakumeok jasaten dugun genero-arrakala. Ez da kontu berria, aspalditik dagoen errealitatea baizik. Benetako arazo bat da, muinean errotuta dago, eta egundaino ez zaio konponbiderik eman. 2023-2026 aldirako berdintasun plan horrek zenbait ekintza proposatzen ditu egoera hori zuzentzeko. Denborak esango digu eraginkorrak diren. Bien bitartean, Planean jasotako datu batzuk azalduko ditugu.

Soldata-arrakala

Gaur egun, soldata-arrakala % 6,65ekoa da. Hori kalkulatzeko, lanpostuen araberako urte osoko batez besteko soldatak hartu dira kontuan. Arrakala ia lanpostu guztietan ageri da, baina badira batzuk bereziki nabarmentzen direnak. Adibidez, osasun arloko asistentzia-burutzetan, gizonek 18.336 euro gehiago kobratzen dute emakumeek* baino (% 22,21 eko soldata-arrakala). Erakunde autonomoetako kudeatzaile lanpostuetan arrakala % 13,97koa da, eta erakunde autonomo horietako zuzendariordetzetan eta horiekin parekatutako lanpostuetan % 13,10ekoa. Nafarroako Gobernuak egindako txostenaren arabera, “Lanpostu gehienetan, gizonen batez besteko soldata emakumeena baino handiagoa da”.

Burutzak

Desberdintasunezko egoera hori oso nabarmena da burutzetan. Laburpen gisa, txostenak honako hau dio: “Emakumeen presentziak behera egiten du erabakimen-mailak gora egin ahaJa, eta maila altuenetan duten pisua plantillan dutena baino txikiagoa da.” Zuzendaritza nagusiak oso maskulinizatuak daude, argi eta garbi. Zerbitzuko zuzendaritzetan ere gizonak gehiago dira. “Burutzetan da u den emakumeen kopurua, kasu guztietan, plantillan duten pisutik beherakoa da”1

Harrigarriena Foruzaingoko eta Suhiltzaileen Zerbitzuko burutzetan gertatzen da. Izan ere, Foru Administrazioaren plantillan emakumeak %71,29 bagara ere, bi erakunde horietako burutzetan emakumeen* presentzia ia hutsaren hurrengoa da.

Ordezkaritza sindikala

Sindikatuok ez gara joera sexista horretatik libratzen. Langileria batzordeetan emakumeok* dugun presentzia plantillan dugun pisua baino txikiagoa da, eta liberazio-orduez ari bagara, gizonek emakumeok* baino %10 gehiago hartzen dituzte. Gogoratu beharra dago, berriz ere, gizonak plantillako langile guztien % 28,71 baino ez direla.

Kontratu mota eta kontziliazioa

Txostenean jasotako datuen arabera, emakumeek* behin-behineko kontratu gehiago sinatzen dituzte gizonezkoek baino. Eta hala ere, emakumeek* gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte zaintzarekin eta kontziliazioarekin lotutako baimenak.

Prestakuntza eta hobekuntza

Laneko prestakuntzaren eta hobekuntzaren arloan, emakumeok* aise irabazten dugu, nabarmen gainera. “Lanbide prestakuntza eta hobekuntza egoeran edo barne igoerako egoeran dauden emakumeen ehunekoa plantillan duten pisua baino 4 puntu handiagoa da”. Hala ere, zerbitzu berezietako egoerari erreparatuta, oso azpitik gaude (% 48,44). Gogoratu behar da zerbitzu berezietako egoera horretara igarotzen direla Administrazioan lan egitearekin bateraezina den kargu publiko bat betetzen ari diren langileak.

Ondorioak

Horiek guztiak ikusita, LABen ez dugu amore emango, eta emakumeok* administrazio publikoetan jasaten dugun bidegabekeria- eta diskriminazio egoera agerian uzten jarraituko dugu. Horrekin batera, bidegabekeria hori konpontzeko behar diren neurriak har daitezela eskatzen segituko dugu. Lldo horretan, LABek parte-hartze aktiboa izan zuen Berdintasun Plan hau garatzeko eratu zen Berdintasunerako Negoziazio Batzordean. Era berean, Funtzio Publikoari jakinarazi diogu Planean jaso ziren hainbat konturi lehenbailehen heldu beharra dagoela, diskriminazio arrasto guztiak Administraziotik baztertzeko.