2025-12-29
Blog Page 227

Ikuskizunetako eta ekitaldietako laguntza teknikoko Nafarroako lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu izana agurtu dugu

Bi urteko borrokaren ondoren, zeinean ikuskizunetako eta ekitaldietako laguntza teknikoko langileek bizi duten prekaritatea salatzen aritu baitira, Parlamentuko ponentzietan parte hartu baitute, mobilizatu baitira, Gayarre eta Baluarte itxi dituzten grebak egin baitituzte, atzo, maiatzaren 23an, azkenean, sektore horretako Nafarroako lehenbiziko hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu zen. Mahai horretan LAB sindikatuak ordezkaritza sindikalaren %100 dauka.

Ikuskizunetako eta ekitaldietako laguntza teknikoko ezaugarria da langileek ez dutela beren lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiborik, eta horrek lan errealitate gogorra pairatzera behartzen ditu, lizitazio-lehiaketekin larriagotu egiten dena. Hitzarmenik ez izateak esan nahi du, kasu gehienetan, lan egutegirik ez izatea, eta, beraz, nekez dakite astebete lehenago zein izanen den lan ordutegia. Goizez, arratsaldez, gauez edo hiru txanden zatiren batean lan egin dezakete egun berean, astegunetan, asteburuetan eta jaiegunetan, 14 ordura arteko lanaldiekin eta astean atseden egun zehatzik gabe.

Gainera, sektore horretako zati batek administrazio publikoak kontrataturiko enpresetan lan egiten du, beste enpresa batek lehiaketa irabazteko eta kontratua bitan zatitzeko arriskuarekin, bi enpresetako lana aldi berean bateragarri egitea eragotziz eta lanaldiaren zati bat baztertzera behartuz.

Sektore horretako langileen lan egoerak premiazko konponbide bat behar zuen, eta, azkenean, atzo, langileen antolaketari esker, aldarrikapen nagusietako bat lortu zen: Nafarroako ikuskizunetako eta ekitaldietako laguntza teknikorako lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzea.

Hemendik aurrera, lan egin beharko da sektore horretan ahalik eta egonkortasun handiena biltzeko eta sektore horretan hain zabalduta dagoen prekaritatea geldiarazteko.

Foru Hauteskundeetarako lau egun falta direnean Bizkaiko egoitzetan lortutako aurreakordioak EAJren politika neoliberalak indartu ditu

LABek nabarmendu du langileen konfrontazioak eta borrokak eragin duela soldaten eguneraketa lortzea, baina, aldi berean, uste du sinatutakoak ez duela hobekuntza sozialik jasotzen, zaintzaren sektore feminizatuan behar-beharrezkoak direnak.

Gehiengo sindikalak Bizkaiko Egoitzen Hitzarmenari buruzko aurreakordioa sinatu duenez, LABek honako hau adierazi nahi izan du:

Bizkaiko Egoitzen Hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, LAB mobilizatu egin da, grebak, itxialdiak, baraualdiak, kanpaldiak… egin ditu, ez bakarrik hitzarmen berritzea lortzeko, baizik eta zentroan egoitza publiko eta kalitatezko eredu berri baten beharra jartzeko eta ratioen aldaketan eragiteko.

Urrutirago joan gabe, duela hiru egun amaitu genuen LABek deitutako azken greba-zikloa. Bertan, sektoreko langileek kanpaldia egin dute Foru Aldundiaren aurrean, eta baraualdia egin dute. Horrek presio handia eragin die instituzioei euren zaintza-politikari dagokionez. Hauteskunde-kanpaina betean, LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiko plaza hartu du bere aldarrikapenak azalduz eta sektorearen prekarietatea salatuz. Azken greba zikloaren bultzadaren ondoren, sindikatua greba eta mobilizazio deialdien fase berri bat diseinatzen ari zen.

Hitzarmena berritzeko aurreakordioa albiste ona izango litzateke, sektorearen eskaera nagusiei aurre egingo balie. LABek egungo zaintza ereduan eragiteko beharra defendatzen jarraitzen du, eta zaintza sistema publiko komunitario bat defendatzen jarraituko du, sektoreko langileak sektore publikoko langile gisa onartzearen alde borrokatuz eta egoitzetako erabiltzaileen beharrak erdigunean jarriz. Gatazka honi bere osotasunean heldu behar diogu, eta behar diren urratsak eman behar ditugu errealitate bat izan arte.

Akordio honek soldatak eguneratzea dakar (oso beharrezkoa), sektoreko langileen borrokaren ondorio izan dena, eta LAB da borrokaren honen alde gehien egin duen sindikatua, aurrera eraman ditugun mobilizazioetan ondo islatzen den bezala. Gatazka hasi zenetik, sindikatuak konfrontazio-ekintzak bultzatu ditu. Eta gure borrokari eta gure ekintza sindikalari esker, posible izan da soldatak eguneratzea. Sektoreko langileek mobilizazioetan parte hartu ez balute, ez ginateke honaino iritsiko.

Baina harrigarria egiten zaigu sindikatu batzuek, toki- eta foru-hauteskundeen atarian, argazki hori EAJri eta BFAri ematea, aurrera pauso bat eman den gauza bakarra soldaten eguneratzea izan denean. Aurre-akordio honek ez du hobekuntza sozialik jasotzen, feminizatutako sektoreetan eta zaintza-sektoreetan ezinbestekoak direnean. Aurreakordio honek legitimatu egiten du EAJren zaintza-zerbitzu publikoak pribatizatzeko estrategia, eta atea ixten dio sektorean hain premiazkoa eta beharrezkoa den ratioaren eztabaidari.

EAJk eta BFAk egoitza-ereduari buruzko eztabaida faltsuan ixtea lortu dute. Sinadura honen bidez, egoitzen pribatizazioa bultzatzen jarraituko dute, eta egoitzetako zaintza-zerbitzua langileen eta egoiliarren kontura degradatzea baino lortzen ez duten ratioen eskasia ezkutatuko dute.

Merezi dute EAJk eta BFAk horrelako politikekin, sindikatuek argazki hori eman diezaiegun hauteskundeetarako lau egun falta direnean? LABen iritziz, ez. Ez dugu ulertzen aurreakordioa sinatu duten sindikatuak EAJri salda potoloa egitea. Sindikatu sinatzaileen jarrerak zilegitasuna eman eta euskal eskuinaren politikak indartu besterik ez du egiten.

LABek zaintza-eredu berri baten beharrari heltzen jarraituko du, duintasunez zainduak izateko eskubidearen pribatizazioa salatuz eta sektoreko langileak langile publiko gisa aitortzearen alde borrokatuz. Argi daukagu zaintzarik gabe ez dagoela bizitzerik eta, horregatik, LABek langileen antolakuntza bultzatzen jarraituko du eta sektorearen benetako beharrei erantzungo dieten borrokak piztuko ditu.

Gaurko aurreakordioaren ostean, sektoreko delegatuekin asanblada bat egingo du LABek.

Joan den astean Zaldibarren istripu ez traumatikoa pairatu zuen langilea hil egin da

Industrias Gonzalo Arizaga enpresan, 52 urteko J.R. langileak istripu ez traumatikoa izan zuen, eta erietxean egunak pasa ostean hil da, zauriei ezin eutsiz. Hain zuzen ere gaur, maiatzak 23, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Iruñean, azken egunotan Nafarroan bi langile hil direla eta. Dagoeneko 23 pertsona hil dira aurten lanean Euskal Herrian.

LAB sindikatuak elkartasuna eta samina adierazi nahi izan die senide, lagun eta lankideei.

Heriotza ez traumatikoak ugaritzen ari dira eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu hauetan duten eragina.

2022. urtean lan istripuz hildakoen %33a ez traumatikoa izan zen. Horrek arazo kardiobaskularrak barnebiltzen ditu.

Hainbat faktore daude istripu hauen atzean, baina arrisku psikosozialak eta estresa dira garrantzitsuenetako batzuk. Horiekiko eskumenak dituen Urkulluren gobernuak entzungorrarena egiten du. Ez Osalandik ez Lan Ikuskaritzatik ez dira neurri eraginkorrak hartzen langileriarengan gero eta intzidentzia handiagoa duen arrisku honi aurre egiteko.

Ordua da, behingoz, jaurlaritzak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko patronalari prebentzio neurriak betearazteko, baita gai honetan izidentzia nabarmena duten arazo psikosozialen aurrean ere.

Azken bi heriotzengatiko elkarretaratzea Nafarroan

Gaur bertan, LABek intersindikalarekin batera parte hartu du hasiera batean joan den astean Burlatan hil zen behargin baten heriotza salatzeko deitutako elkarretaratzean. Pieza astun batekin harrapatuta geratu eta larri zauritu ondoren hil zen langile hori. Bada, igandean bere lanpostura zihoala AN Avícola Mélida enpresako 28 urteko J.A.Z.H. langilea Arguedasen in itinere hil zela ere salatu behar izan dute. Azpimarratu duten bezala, kezkaz ikusten dute horrelako istripuak oso maiz gertatzen direla, eta horrek lan-baldintza txarrei eta lan-eremuko arrisku psikosozialen prebentzio faltari erantzuten diela.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote behingoz heldu diezaiola lan-osasuna bermatzeko neurriak beteareazteko duen erantzukizunari.

Esku-hartze sozialean segurtasunez lan egiteko eskubidea daukagu

LAB Sindikatutik esku hartze sozialean jarduten dugun langile zenbaiten testigantzetan akuilatuta, askotan jazartuak, irainduak, erasotuak eta orohar gogogabetuak sentitu ohi garela adierazi nahi dugu. Hau guztia azaltzeko baina, eraso baten berri eman nahi dugu lehendabizi; eraso hau ordea, urte luze hauetako enegarrena ere bada zoritxarrez.

Bi hezitzaile, emakumezkoak biak (esku hartze sozialeko sektorea, beste asko bezalaxe, feminizaturiko sektorea baita), portaera arazo larriak dituen nerabe baten interbentzioa egiten ari ziren bitartean gogor jipoituak eta lurrean arrastaka ibiliak izan ziren, lesio fisikoak jasateraino. Behin nerabea ospitalean zegoela, berriro oldartu zen. Hezitzaileak hala-nola eutsi zioten interbentzioari, baina egoera kudeaezina bihurtu zen; hau gutxi ez, eta egoeraren larritasuna eta konplexutasuna ulertu ez zuten inguruko erizain eta zeladoreen partetik irain eta gutxiespenak ere jaso zituzten langile hauek.

Ez dugu baina inolako uniformerik nahi, ezta aldagai askoren biktimak diren eta hartatzen eta hezten ditugun nerabe hauek kriminalizatu nahi ere. Ez gara gure harrera–pisuetako sarreretan segurtasun langile uniformadunak eskatzen ari. Aurrera eramaten ditugun interbentzio pedagogikoen kalitate falta salatu nahi dugu, beharrezko baliabideen faltaren ondorioz. Prebentziorako, esku hartzea planifikatzeko eta jarraipen egoki baterako bitarteko gehiago behar ditugu, hori da eskatu nahi duguna. Gizarte Zerbitzuetako ratioak hobetu ezean, gure lana behar bezala gauzatzea ezinezko bihurtzen da, eta ondoren iristen dira ezbeharrak.

Baja gehienen arrazoi nagusia bestalde, lanak eragindako estres egoerak izaten dira, beraz ez da hezten ditugun nerabeen garapen eta osasun mentala soilik arriskuan aurkitzen dena, egunez egun haur hauen integrazio eta garapen osoaren alde lanean buru belarri diharduten langileen osasun fisiko eta mentala ere bada, arriskuan aurkitzen dena.

Sinestezina iruditzen zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak hamaika eraikinen jabe izan arren, harrera-etxe espezializatu gehiago irekitzeari behin eta berriro uko egiteaz gain, behar horiek dituzten nerabeak pisu basikoetara deribatzen ibiltzea edota are larriagoa den moduan, plaza falta argudiatuz eta nerabeen lotura faltaren aitzakiapean kasu batzuk espainia aldeko (Kantabria,
Aragoi) harrera–etxeetara bidali izana; errekurtso berriak ireki beharrean, beste probientzetako zerbitzuetara deribatu dituelarik (urruntze honek dakartzan ondorio kaltegarri guztiekin), GFAren babespeko haur eta nerabeen zaintza zerbitzuaren kostuak murriztuz.

Hau nahikoa ez eta GFAren babespeko behar bereziak dituzten haur eta nerabeen zaintza espezializaturako diru laguntzen erabilpen okerra egiten ari dira harrera-pisuak kudeatzen dituzten hainbat enpresa; diru laguntza publiko hauekin, behar bereziak dituzten haurren zaintza esklusiborako erreferentziazko langileak kontratatu beharrean, langile hauek harrera-pisuko haur guztien hezitzaile moduan jardutera behartzen dituzte, ratioak betetzeko kostuak murriztuz eta haur hauek erabateko babesgabetasun egoeran utziz. LAB Sindikatu moduan, diru laguntza publiko hauen erabilpen okerra salatu dugun arren, GFAk ezikusiarena egin du.

Muturreko egoeratan aurkitzen diren pertsonentzako (izan haur edo nerabe, indarkeria matxistaren biktima, kalean bizi diren pertsona edota menpekotasunak dituzten zaharrentzako), zaintza eta esku hartze zerbitzuak hobetzeko interbentzio interdiziplinarra indartzea da GFAri eta bestelako Administrazio Publikoei eskatzen dieguna, ez baitugu ahaztu behar, azkenfinean diru publikoz finantzatutako Zerbitzu Publikoen ardura administrazio publikoarena dela.Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko IV. lan hitzarmena negoziatzen ari garen honetan, aukera paregabea dute pribatizatuak izan diren gizarte zerbitzuen kudeaketaz arduratzen diren enpresek, bai eta zerbitzu hauek finantzatzen dituzten Administrazio Publikoek haien erantzukizuna onartu eta lan baldintzak duintzeko, baita eskaintzen ditugun zerbitzuen kalitatearen mesedetan ere.

Horregatik, asteazken honetan, hitzordu garrantzitsu bat dugu kalitatezko zaintza eta gizarte zerbitzuen defentsan, bai eta hauek aurrera eramaten ditugun langileon lan baldintza duinen defentsan ere; LAB Sindikatutik 11:00etan GFAtik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, Udal-Foru Hauteskundeak pasa ostean egingo ditugun deialdietan parte hartzera gonbidatzearekin batera.

Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileok negozioazioaren blokeoa behingoz amaitzeko exijitu dugu

Aldundiko eta GUFEko (Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea) langileok gure hitzarmen-konbenioaren negoziazioa blokeatua dugu Gobernu Kontseiluak (Elixabete Etxanobe lan harremanen buru duenak, hain zuzen ere) soldata igoera negoziatzeko aukera ukatu egiten duelako.

Soldata igoeraren atala Estatuko Aurrekontuek ezarritakora mugatzen dute gure negoziazio esparruari bizkar emanez, eta KPIaren azpitiko igoerak izanik eros ahalmenaren galera eraginez. 2021etik, eta 2023 urtea aintzat hartu gabe, %5.3ko eros ahalmenaren galera pilatu dugu.

Soldata igoeraren negoziazioaren gainean ezarritako ukazioak lan hitzarmen-konbenioaren gainerako atalen negoziazioa galarazten du.

Hori dela-eta, langileok protesta ekimenak egiten hasiak gara. Apirilaren 25an mobilizazioa egin genuen Aldundiaren aurrean, eta gaur ere beste horrenbeste egin dugu, gure aldarrikapenak entzun ditzaten.

Garraio publikoan ez dugu onartuko eraso gehiago

Metro Bilbaoko enpresa batzordeak salatu nahi du larunbat gauean, maiatzak 20, 5 langileri eraso egin dietela Abandoko geltokian, euren lana egiten ari ziren bitartean. Gertakari horien ondorioz, bost pertsona horiek ospitalean artatu behar izan zituzten, zauri handiekin.

Gure gaitzespenik sakonena adierazi nahi diegu horrelako jarduerei. Nazkatuta gaude gure osasunean eragin handia duten eraso fisiko eta hitzezkoak etengabe jasateaz, eta ez errepikatzeko eskatzen dugu.

Inola ere ez dugu onartuko halako gertakariak zigorrik gabe geratzea, eta Metro Bilbaori exijitzen diogu bere plantillaren eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko neurri egokiak har ditzala, horrelako gertaerak saihesteko.

Greba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete eta lan-baldintzak duintzeko urratsak eman arte

Atzo, hilak 22, abiatu zuten greba mugagabea, hainbat astez lanuzte, greba eta protesta ekimenetan murgilduta egon ostean. Beren eskakizunak behingoz entzun ditzaten areagotu dute borroka, eta dagoeneko eraginak nabarmenak izaten ari dira epaitegietan.

Goizean goizetik piketeekin ekin diote egunari grebalariek, atzo egin zuten bezala. Gero, goiz erdian hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte, borroka ikusarazi eta bizi duten egoera plazaratzeko asmoz.

Borrokaren arrazoi nagusietakoa da bere garaian sindikatuekin batera sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea ez duela betetzen Eusko Jaurlaritzak; are, sistematikoki urratzen du. Justiziako funtzionarioen plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatu beharra jasotzen du akordio horrek. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizunari heltzeko exijitzen diote langileek, ez dadin ezkutatu Espainiako Justizia Ministerioaren atzean.

Hala, benetako negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatzen diote langileek Eusko Jaurlaritzari. Hau da, bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko beharginen baldintzen inguruan sinatuta dagoen akordioa eta negoziazio eremu propioa berma dezala, eskakizunei entzungor egiteari utzita.

Datozen mobilizazioak

Greba mugagabearen baitan, hainbat hitzordu antolatu dituzte aste honetarako. Honako hauek dira bihartik aurrera aurreikusita daudenak:

  • Asteazkena 24, 11:30tan hiriburu guztietako epaitegien aurrean kontzentrazioa.
  • Osteguna 25, Bilbon, 11:30tan EJko Gran via 85 kaletik Sabin etxera, manifestazioa
  • Ostirala 26, 11:30tan hiriburuetako epaitegien aurrean kontzentrazioa

Haien negozioak guretzat kolapsoa dakarrela eta, Munduko Bankuaren goi-bileraren aurrean trantsizio ekosozialista justua aldarrikatu dugu

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek kontzentrazioa egin dugu gaur, BECen aurrean, Munduko Bankuak gaur abiatzen duen INNOVATE4CLIMATE goi-bileraren irekiera dela eta. Elkarretaratze zaratatsu baten bitartez erakunde honek krisi klimatiko eta sozialaren gainean daukan erantzukizuna salatu eta gailur honen bitartez egin nahi duten aurpegi garbiketa salatu dugu.

BEC erakustazokaren aurrean elkarretaratzea egin dugu lehenik, eta ostean alboko errepidea moztu dugu, argi utzi nahian espolioaren eta larrialdi klimatikoaren aurreko aurpegi garbiketa ez dugula onartzen.

Munduko Bankuaren topaketa honek berdez estali nahi du erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena, bere sorreraz geroztik finantzatu izan baitu hainbat herrialderen espolioa.

Erakunde sinatzaileok ez dugu uste gailur honetan parte hartzen duten administrazio eta enpresek, CO2 emisioen erantzule nagusiak izanik, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. Argi eta garbi adierazi dute: Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero, hau da, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik.

Hori guztia gertatzen da prekarietatea eta pobretzea handitzen ari den une berean, etxebizitzarekin egiten den espekulazioak, pentsioen murrizketak, osasuna, hezkuntza edota zaintzetako zerbitzu publikoak pribatizatzen ari diren une berean. Bestalde, eten ez diren feminizidio eta indarkeria matxistak ere aipatu behar dira, baita mugetan gertatzen diren heriotzak eta militarizazioa ere, eta jazarpen arrazistak nahiz mundu osoko gerrak. Horiek guztiak gizarte gisa erantzun beharreko errealitateak dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak, kolektibo sozial eta sindikal askorekin batera, indarrak batzeko deia egin eta mezu nagusia irmo adierazi dugu: Munduko Bankua eta haren heriotza-politikak ez dira ongi etorriak; energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan.

Administrazio arduradunei eskatzen diegu eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela, behar den aldaketa egiteko haiek dauzkaten proposamenak; izan ere, trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz.

Horregatik guztiagatik, bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte-hartzeko deia luzatu dugu, 19:30ean Plaza Eliptikotik aterako dena.

Bestalde, gogorarazi behar da maitzaren 25ean Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitzaldia egongo dela 19:00etan BilboRock-en.

Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak; elkarrekin, jendarte eredu-aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz!

Tubos Reunidosen hitzarmen berria sinatzea #LortuDugu

Negoziazio prozesu luze eta korapilatsu baten ondoren, akordio batera iritsi eta langileek erreferendumean berretsi dute.

LABek lortutako akordioaren irakurketa positiboa egiten du. 6 urte baino gehiagoz egon gara hitzarmenik gabe, eta denbora horretan zehar enpresako zuzendaritzak uko egin izan dio edozein motatako negoziazioei ekiteari. Urte hauetan guztietan, Tubos Reunidoseko langileen lan-baldintzak hobetzea bermatzeko negoziazioa aldarrikatu dugu eta horretarako mobilizatu izan gara.

Bada, LABek urte hauetan egindako lan horrek fruituak eman ditu, eta lortutako akordioak hobekuntzak dakarzkie langile guztiei, bereziki kolektiborik prekarioenei.

Akordioaren puntu garrantzitsuenak:

  1. Indarraldi urte bakoitzerako soldata-igoerak honakoak dira:
    1. 2022: KPI
    2. 2023: KPI
    3. 2024: KPI
      1. 2025., 2026. eta 2027. urteetarako baldintzatzaileak
        1. KPI 0 eta 1,3 artekoa bada, KPI + % 0,6
        2. KPI 1.3 eta 2 artekoa bada; KPI + % 0,3
        3. KPIa 2 baino handiagoa bada; KPI
  2. Behin-behineko 22 pertsona kontratu finkoa izatera igaroko dira, eta hitzarmena amaitzean kontratu finkoak egiten jarraituko dutela bermatzen da
  3. Txanda-kontratuaren aplikazioa
  4. 4 orduko lanaldi-murrizketa gaueko txandan lan egiteagatik
  5. Lizentzien, eszedentzien, lan-egutegiaren eta abarren hobekuntzak
  6. Telelanaren erregulazioa

Pozik gaude lortutako akordioarekin; izan ere, enpresan hitzarmena berreskuratzeaz gain, hobekuntza garrantzitsuak dakartza kolektibo osoarentzat, hori izan baita sindikatuaren helburua une-oro, eta hala izaten jarraituko baitu etorkizunean ere: langile guztien enplegua eta lan-baldintzak defendatzea.