2026-10-26
HomeEkintza SindikalaGreba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete...

Greba mugagabean daude justiziako langileak, harik eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen arautzailea bete eta lan-baldintzak duintzeko urratsak eman arte

Atzo, hilak 22, abiatu zuten greba mugagabea, hainbat astez lanuzte, greba eta protesta ekimenetan murgilduta egon ostean. Beren eskakizunak behingoz entzun ditzaten areagotu dute borroka, eta dagoeneko eraginak nabarmenak izaten ari dira epaitegietan.

Goizean goizetik piketeekin ekin diote egunari grebalariek, atzo egin zuten bezala. Gero, goiz erdian hiriburuetan elkarretaratzeak egin dituzte, borroka ikusarazi eta bizi duten egoera plazaratzeko asmoz.

Borrokaren arrazoi nagusietakoa da bere garaian sindikatuekin batera sinatutako IV. Hitzarmen Arautzailea ez duela betetzen Eusko Jaurlaritzak; are, sistematikoki urratzen du. Justiziako funtzionarioen plantilla Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen soldata-baldintzekin parekatu beharra jasotzen du akordio horrek. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizunari heltzeko exijitzen diote langileek, ez dadin ezkutatu Espainiako Justizia Ministerioaren atzean.

Hala, benetako negoziazioa behingoz ahalbidetzeko eskatzen diote langileek Eusko Jaurlaritzari. Hau da, bete ditzala Euskal Autonomia Erkidegoko beharginen baldintzen inguruan sinatuta dagoen akordioa eta negoziazio eremu propioa berma dezala, eskakizunei entzungor egiteari utzita.

Datozen mobilizazioak

Greba mugagabearen baitan, hainbat hitzordu antolatu dituzte aste honetarako. Honako hauek dira bihartik aurrera aurreikusita daudenak:

  • Asteazkena 24, 11:30tan hiriburu guztietako epaitegien aurrean kontzentrazioa.
  • Osteguna 25, Bilbon, 11:30tan EJko Gran via 85 kaletik Sabin etxera, manifestazioa
  • Ostirala 26, 11:30tan hiriburuetako epaitegien aurrean kontzentrazioa

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek CAF gela bertan behera uzteko EHUren erabakia babesten du

Sindikatuak salatu egiten du Eusko Jaurlaritzako sailburuek, eta zehazki Perez-Iglesias sailburuak, eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak egin dituzten adierazpenak. Genozidioaren kontura negozioa egitea ez da defendagarria.

Olaberriako Arcelor Mittalen negoziazio esparru propioa errespetatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari

Joan den ostiralean, zuzendaritzak negoziazio mahaia hautsi eta hiru egun lehenago azken proposamen gisa landurikoa mahai gainetik kendu zuen. Erabili zuten aitzakia “Olaberriaz kanpoko mahaien presioak eta esku-sartzeak" izan ziren. Dirudienez, Asturiasko lantegiren batean, sindikatuek Olaberriako balizko akordioa erakutsi dute presio neurri gisa.

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.