2026-01-03
Blog Page 220

Argitxu Dufau: ā€œGaurko borroka ez da udan amaitukoā€

Indar metaketaren aldeko jarrera aldarrikapen propioekin uztartu du LABek erretretaren erreformaren kontrako mobilizazioetan, eta erretreta sistema propio eta publiko bat aldarrikatu du etengabe. Askotariko mobilizazioak sustatu ditu sindikatuak, eta lehen lerroan izan da guztietan, oztopoak oztopo. Erretreten erreformaren bilakaeraz harago, datozen hilabeteak ere beroak aurreikusten ditu Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak, Frantziako Gobernuak erreforma gehiagori bide emateko asmoa baitu. Hala ere, ofentsibara jotzeko beharra azpimarratu du.

Zer zapore utzi dizue erretreta erreformaren kontrako azken mobilizazio egunak?

Baionan 4.000 lagun bildu ziren; Frantziako Estatuan, 900.000. Zifren kontuetatik harago, 14. eguna eginda dugun honetan oraindik frogatzen ari gara mobilizatuak garela. Macronek berak erran du zonbait aldiz, frantsesez erraten den bezala, ā€œorria itzuli behar dugulaā€. Ez da hala izanen, erretreta erreformaren kontrako borroka segituko dugu, kendu arte. Eta, harago, justizia sozialaren alde mobilizatzen eta antolatzen segituko dugu. Hori izan da langileon erantzuna.

Zer espero daiteke orain mobilizazioen bilakaeraz?

Frantziako Estatuko intersindikala ondoko egunetan bilduko da. Hortik jakinen da zein izanen den hurrengo greba eguna. Ikasturte hasieran izanen dela pentsa dezakegu, astearteko manifestaldia hasi baino lehen Laurent BergĆ©-k, CFDT-ko idazkari nagusiak hala erran baitzuen, eta argi delako intersindikal horren helburu nagusia sindikatuen batasuna mantentzea dela, eta gure iduriko, ez dela estrategia irabazlea martxan jartzea (greba mugagabearen hipotesia, indar metaketaren aukera indar politiko eta beste eragile sozio-ekologikoekin…).

Greba interprofesionaletik at, langileok borroka osagarriak antolatu ditugu: blokaketak, kazeloradak, manifa salbaiak, argi indar mozketak… Tentsioa mantendu dugu eta gobernu frantziarraren probokazio guziei erantzun diegu.

Frantziako Gobernuak itxitzat eman nahi du erreformari buruzko eztabaida. Posible izango zaio azken hilabeteetan pilatutako haserreari izkin egitea, kontuan izanda, gainera, heldu den ikasturtean beste erreforma batzuk ere martxan jarri nahi dituela?

Urtarriletik goiti, azken 30 urteetako mobilizazio handienak iragan dira bai frantses estatuan baita Ipar Euskal Herrian ere. Eta hori zergatik? Gure erretretako bi urte hoberenak ebatsi nahi dizkigutelako, eztabaidarik eta bozketarik baimendu gabe, larri ez dagoen sistema bat «salbatzeko», karrika entzun gabe. Anartean, kapitala geroz ta potenteagoa da, bizirik dagoena suntsituz. Erretreta kontuaz haratago, egoera global hori jasanezina bilakatu da.

Erregimen geroz eta totalitarioagaren aitzinean langileok batu egin behar gira. Eta oraino gehiago Bornek, Frantziako lehen ministroak, argiki erran duenetik erreformak zalutuko dituela: lanari buruzko erreforma eta immigrazio legea, batez ere.

Ez bada uda denboran, ikasturte hasiera oso mobilizatzailea aurrekusten ahal da, amore ez dugulako emanen.

Nola bizi izan duzu orain arteko borroka Ipar Euskal Herrian?

Garai oso intentsoa izan da, tenpus ezberdinak gurutzatzen zirelako, antolaketa maila ezberdinak paraleloan eraikitzen zirelako (frantses estatukoa, departamendukoa, intersindikala, intersindikal ttikia, LABekoa…).

Bestalde, greba mugagabekoa ez baita antolatua izan, greba egun isolatuen artean tentsioa mantentzeko borroka molde osagarriak antolatu eta berrasmatu izan behar ditugu: blokaketak, asanbladak, okupazioak, manifa salbaiak…

Argiki, harreman berriak sortu ditugu beste sindikatu edo eragileekin; batez ere FSU, Solidaires eta Jaka Horiko lagunekin. Indar metaketa eta desbereizketaren apustua egin behar dugu estrategia irabazlea martxan jartzeko. Defentsibotik oldarraldira.

Blokatze ekintzetan nahiz manifestazioan lehen lerroan egon da LAB. Zer paper izan du sindikatuak mobilizazioen lanketan?

Nahiz eta Parisko intersindikalak mugimenduari erritmoa eman nahi zion, lekuan leku mobilizazio mota ezberdinak antolatu dira. Ipar Euskal Herriaren kasuan, hasieratik, LABek mobilizazioak eta ekintzak biderkatzearen aldeko apustua egin du; baita ere lan komunarena. Parean, intersindikalak gure proposamen guziei uko egin die, salbu FSU eta Solidairesko lagunek. Elkarrekin, LABek bultzaturik, blokaketa zonbait antolatu ditugu, mahai inguruak, manifak intersindikalaren egutegitik kanpo, asanblada idekiak…

Aldarrikapen propioz ere jantzi du borroka LABek. Pentsioen gainean Euskal Herrian bertan erabakitzearen aldeko aldarrikapena plazaratu du sindikatuak. Aldarrikapen horrek sostengua irabazi duela sumatu duzue?

Ariketa ez da beti erraza izan, baina honela laburbiltzen ahal genuke: komunean ditugun aldarrikapenen inguruan elkarrekin mobilizatu, paraleloan, bakoitzaren aldarripen propioei leku bat utziz. Gure kasuan, Euskal Herriko erretreta sistema propio, publiko eta duinaren aldarrikapena, batez ere. Aldarrikapen horren inguruan manifestaldi nazionala antolatu genuen otsailaren 8an Hendaian.

Aldarrikapen horrek eta erabakitzeko guneen berganatzearenak geroz eta sustengu gehiago jasotzen dute. Nola ez? Parisek eramaten duen politika kapitalista bortitzari aurre egiteko alternatiba konkretu eta eranginkorrarena hori baita.

Bazterketa sindikala ere pairatu du LABek. Burujabetzaren beharra aldarrikatu izana izan daiteke horren arrazoietako bat?

Noski. Gure bazterketaren arrazoiak ez baitira argiki erranak, jaso ditugun mehatxuak anti-abertzale eta jakobinoak ziren. Sexismoa eta gazteon kontrako pundu bat gehitu behar zaie ene kasuan.

Sindikatu frantses ezkertiar eta borrokalari batzuentzat mehatxu bat idurikatzen dugu, gure proposamen sindikala eta borroka moldeak sinesgarriak eta gauzagarriak baitira. Burujabetza eta herrien erabakitzeko eskubidea Europa kapitalistaren aurrean erantzun hoberenetarikoa da. Egiazko proposamena da tresna alternatiboak martxan jartzeko eta langileok boterea hartzeko, bertatik erronka globalei erantzuteko.

Oso jarrera gogorra izan dute zenbait sindikatutako kideek sindikatuaren aurka. Aldatu dute jarrera, bazterketaren irudiak zabaltzearen ondorioz?

Egia da, eta haien jarrera salatu dugu. Aldiz, publikoki sustengu oso gutti jaso dugu beste sindikatuengandik. Mehatxuak jaso ditugu, baita eraso fisikoak ere. Ez da berria; 2000ko Maiatzaren Lehenetik horrelako jarrera gogorrak jaso ditugu LABeko kideok. Aldiz, federazioetan, sektoreetan nahiz lantokietan, askotan, lan komuna posible da, eta azpimarratzekoa da. Intersindikalaren aldetik, nahiz eta irudiak zabaltzen diren sare sozialetan eta haien oinarriko militanteek holako jarrerak salatzen dituzten, ez dago aldaketarik. Gure parte hartzeak ez du kontsentsurik biltzen; beraz, karrikan haiekin bai, baina ez elkarrekin, eta manifaren azken puntan. Ezabatu nahi gaituzte borrokatik, ezinbesterako.

Asmo horrek ez du estaltzen, ordea, LAB egiten ari den lana.

Manifestazioetako blokeoak potenteak dira, ekintzetan parte hartzen dugu, lantokietara lan sindikala eramaten dugu. LAB geroz eta langile gehiagoren aterpe da Ipar Euskal Herrian. 23 urtez eramandako lanari esker, sindikatu borrokalaria, ezkertiarra eta feminista garela aitortzea ezinbestekoa da.

Borroka ziklo honi nola eman behar litzaioke jarraipena Euskal Herrian, erretreten erreformatik harago?

Nazio ikuspuntua garatu behar dugu. Gure Biltzar Nagusitik inoiz baino arreta handiagoa ari gira jartzen horretan,eta zoriontzekoa da. Euskal Herria dugu eraikitzen segitzeko eta lortzeko. Gure tresna propioak eta erangikorrak zabaldu behar ditugu, burujabetzaren aldeko bidean lagun berriak gureganatuz.

Zein izango dira borroka nagusiak irailean?

Gaurko borroka ez da udan bukatuko. Ekintzak, ttikiak izan arren, biderkatu behar dira. Gobernamenduko nahiz Rennaissance alderdi politikoaren kideak ez ditugu lasai utzi behar. Borroka sozialak eta ekologistak uztartuz, borrokak eta aldarrikapenak azkartu behar ditugu, parean jasotzen dugun eraso kapitalistaren aitzinean erantzuteko gai izateko.

Langileek Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenari buruzko epaiketa irabazi dute, eskubide osokoa baita #LortuDugu

Gaur jakin da Lan arloko 3. Epaitegiko epaileak aldeko epaia eman diela Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehenbiziko hitzarmena sinatu zuten eragileei, eta baliozkotzat jo du, eta OEIS patronalaren inpugnaziorako argudioak errefusatu ditu. Epaiak frogatutzat ematen du elkarte demandatzaileak subjektu negoziatzaile gisa parte har zezakeela nahi izan balu, baina ez zuela eskatu, nahiz eta negoziazio-mahaia eratu zela jakin. LAB sindikatuak, hitzarmen honen bultzatzaile nagusiak, sektoreko langileak zoriondu nahi ditu lorturiko hobekuntzak finkatzen dituen garaipen garrantzitsu honengatik.

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, OEIS [Esku-hartze Sozialeko Enpresen Espainiako Elkartea] patronalaren parte direnak, izan ziren Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuten enpresak; urte asko eta ahalegin handiak behar izan zituen hitzarmena. Zenbaitetan atzeratu ondoren, inpugnazio epaiketa azkenean apirilaren 18an egin zen, Iruñean. Eta gaur jakin da zein den epaia, maiatzaren 26koa, zeinak sendotzen baititu hitzarmen hartan lorturiko aurrerapenak.

Epaiak dioenez, ā€œelkarte demandatzaileak bai badu legitimazio prozesala Nafarroako Integrazio [sic] Sozialeko Hitzarmen Kolektiboa inpugnatzeko, eta gainera negoziatzeko legitimazioa duā€. baina ā€œaurrekoak ez du xedatzen negoziazio kolektiborako bere eskubidea urratu denikā€; izan ere, ā€œhitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaiaren berri izan zuen, eta, hala ere, ez zuen parte hartzeko eskatu edo hitzarmeneko mahaiko kide gisa onartzeko eskatuā€. Alegia, ez zuen negoziazioan parte hartu ez zuelako nahi izan, eta ez halakorik existitzen zela ez zekielako.

Sektoreko sindikatu nagusia eta hitzarmenaren bultzatzaile nagusia garen heinean, LABen uste dugu ez genukeela inoiz egoera honetara ailegatu behar, Esku-hartze Sozialeko langileek erdietsitako aurrerapenak arriskuan jarri baititu. Gaur justizia egin da eta pozten gara horregatik. Eta OEISi eskatzen diogu epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko, eta egoera hau alferrik, bidegabeki eta arrazoirik gabe luzatzeari uzteko.

Esku-hartze Sozialeko zentro eta zerbitzu publikoetan arreta ematen zaie adingabeei, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta abarrei. Edozein langilek lan baldintza duinak behar ditu, baina sektore honetakoek are gehiago, ahal bada. Alde horretatik, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantillek argi eta garbi hitz egin dute beti, bai baldintzak nabarmen hobetzen zituen hitzarmen hau lortzeko, baita hura defendatzeko ere. Beraz, gaur guztiei zorionak emateko eguna da.

Azkenik, erran beharrekoa da udazken honetan lehen hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi behar direla. Gure indar guztiak jarriko ditugu negoziazioan, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantilla guztiei are baldintza duinagoak bermatzeko.

LABen estrategia antirrazista abian da

Duela urtebeteko kongresuan Idazkaritza Antirrazista sortzea erabaki ostean, orain arteko bidea eta aurrera begira sindikatuan daukagun proiektua eta erronkak aurkeztu ditugu berriki.

Goiko bideoan azaldu ditu estrategiaren nondik-norako nagusiak Txefi Rocok, LAB sindikatuko idazkari antirrazistak.

Gasteizko Michelinen lan-hitzarmen duinaren alde borrokan dihardugu

Maiatzaren 17an egin ziren langileen asanbladetan langileriak eskatutakoari kasu egin zion LABeko sail sindikalak.

Egun horretan langileek lan baldintza duinen alde borrokatu behar genuela azalarazi zuten, eta LABeko sail sindikalak hori lortzeko bidea borrokarena dela oso argi dauka.

Asanbladetan langileek enpresari aurka egiteko unea zela uste zuten; enpresaren azken eskaintzari ezetz esan eta mobilizazioak antolatzekoa. Hori entzunda, sindikatu batzuek langileei hitza eman eta kontzentrazio bat eta lau greba egun deitu zituzten.

Langileen babesari esker, borroka egun hauek oso ongi atera dira eta enpresari negoziatzeko unea dela oso argi utzi diogu. Hala, erakutsi dugu mehatxuez baliatzea ez dela onargarria eta lan-baldintzak finkatzeko bertako langileen ahotsak ere kontuan hartu behar dituztela.

LABeko sail sindikalak Gasteizko lantegia zentroarteko hitzarmenetik kanpo egon behar dela aldarrikatzen jarraitzen du, hemengo lan baldintzak hemen negoziatzeko. Hortaz, aldarrikapenak oso argiak dira:

– KPI bermatuta

Team building delakorik ez

– Lanaldia murriztea

– Sarrera-soldatari ez

– Bulegoko langileen soldata-mailen erregularizazioa

Langileon mobilizazioak lan hitzarmenaren negoziazioa baldintzatzen ari dira eta enpresa berriro mahaian esertzera behartu dute. Hori dela eta, lan baldintza duinak lortu arte borrokan jarraitzeko asmo irmoa daukagu.

Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak berriz eskatu dio Gobernuari Nafarroako ikerketa biomediko publikoa erabat publikoa den entitate batek kudeatzen jarraitzea

Santos IndurƔin Osasun kontseilariaren adierazpenei dagokienez, Navarrabiomedeko Enpresa Batzordeak funtsezkotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak bere mezua ongi ulertzea. Azpimarratu behar da langileen aldarrikapena argia dela: osasun ikerketa orain arte bezala kudeatzen jarraitzea, hau da, Osasun Ikerketarako Institutua (Carlos III.a Osasun Institutuak egiaztagarria) Nafarroan kudeatzen duen entitatea izatea.

Hala, ez du zentzurik erabat publikoa ez den egitura berri bat sortzea, 1986az geroztik modu oso eraginkorrean Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioak kudeatzen duen lan bera egin dezan.

Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioa IdiSNAren erakunde kudeatzailea izan daiteke, eta horrek ez du inolako arazorik sortzen. Batzordeak ekainaren 8ko agerraldian azaldu zuenez —zeinetan 75 langile kontzentratu baitziren—, institutuen kreditazioan espezializatuta dauden bi aholkulariren txosten bana dago, eta hori horrela dela bermatzen dute.

Beraz, ulertezina da kontseilari andrea, Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioaren patronatuko lehendakaria ere badena eta txosten horiek badirela dakiena, ez ulertzea eta publikoki ez defendatzea Miguel Servet Fundazioa IdiSNAren erakunde kudeatzailea dela, izatea, hala, egiturak ez bikoizteko, lanpostuak ez galtzeko, fundazioa ez deskapitalizatzeko eta herritar guztientzako gastu publikoa ez areagotzeko.

Kontseilaria kontrakoa sinestarazten saiatu arren, IdiSNA fundazio pribatua da, eta halaxe dago islaturik bere estatutetan. Aukera galdua litzateke kontseilariak eta jarduneko Nafarroako Gobernuak akats handi hau ez zuzentzea eta Nafarroako iritzi publikoa engainatzen segitzea. Garaiz dabiltza, dena dela.

Nafarroako Enpresa Batzordeak eskatzen du, eta ezin da bertze modu batean izan, institutu bat, zeinetan Miguel Servet-Navarrabiomed Fundazioak jarraituko baitu kudeatzen IdiSNAren bidez eginen den ikerketa publikoa.

Bertzela erranda, honek guztiak ez du zerikusirik institutuan lankidetza pribatua izatearekin; eskatzen ari dena da institutu horren kudeaketa guztiz publikoa izatea Miguel Servert-Navarrabiomed Fundazioaren bidez.

Enplegu Zentro Berezietako langileentzako baldintza duinak bermatzeko inplika daitezela eskatu diegu instituzioei

Jose Sanchez (Gureak Industria) eta Mar BartolomƩ (Indesa) LABeko ordezkariek Gasteizko Legebiltzarrean azaldu dituzte beren aldarrikapenak, eta kanpoaldean elkarretaratzea egin dute langileek. Izan ere, gaur egun patronalaren etekin ekonomikoak lehenesten dira mota horretako lantegietan, miseriazko lan-baldintzak nagusitzen diren bitartean.

LAB sindikatua hainbatetan mobilizatu izan da Enplegu Zentro Berezietako langileen egoera salatu eta enplegua gainerako langileen baldintza berberetan lortu ahal izatea exijitzeko asmoz.

Administrazio publikoak aniztasun funtzionala duten pertsonen esplotazioa ahalbidetzen du, eta eskulan merkea izatera bultzatzen ditu pertsona horiek. Erritmo jasangaitzetan lan egiten duten bitartean, enpresek irabaziak lortzen dituzte. Hala, errealitatean ez da betetzen Enplegu Zentro Berezien ustezko funtzioa, hau da, aniztasun funtzionala duten pertsonek beren autonomia garatzeko gunea izatea enplegu arrunta lortzeko aukera izan bitartean.

Erakundeek ez dute inolako jarraipenik egiten, eta ez dituzte kontrolatzen lan-baldintzak. Hala, diru publikoz finantzatutako enpresa horiek miseriazko lan-baldintzetara kondenatzen dituzte langileak, gutxi batzuen negozioaren mesedetan. Izan ere, patronalen etekin ekonomikoei ematen zaie lehentasuna, eta ez dago, oro har, enplegu arrunterako benetako trantsiziorik.

Hori guztia dela eta, honako eskakizun hauek helarazi nahi izan dizkiegu erakunde eta alderdi politikoei:

  • Aniztasun funtzionala duten langileentzako lan-baldintza duinak bermatzeko neurri erreal eta eraginkorrak hartzea, indarrean dagoen legeria diskriminatzailea da eta.
  • Sektorerako hitzarmen kolektibo orokorra garatu eta lortzeko konpromisoa eta benetako inplikazioa.
  • Enplegu Zentro Berezien finantzaketa gehiago kontrolatzea.
  • Laneko arriskuen eta arrisku psikosozialen etengabeko ebaluazioa enpresa guztietan. Kolektibo zaurgarria izaki, ezinbestekoa da aniztasun funtzionala duten pertsonek jasaten dituzten arriskuak behar bezala ebaluatu eta horiei aurre egiteko neurri eraginkorrak ezartzea.
  • Aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatera benetan egokitutako prestakuntza. Hala, benetako garapena eta sustapena bermatuko duten prestakuntza-planak beharrezkoak dira.

Zuzendaritzak aldebakarrez erabakitako murrizketen gainetik, Euskadi Irratian informazioa euskaraz eta kalitatez emateko baliabideak exijitzen ditugu

Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak Euskadi Irratiaren udako programazioan murrizketak egiteko zuzendaritzaren erabakia eta erabilitako irizpideak gaitzesten ditu.

Zuzendaritzak aurrekaririk gabeko erabakiak hartu ditu, alde bakarrez. Besteak beste:
• Uztailaren 3tik irailaren 3ra, Euskadi Irratiak ez du gaueko albiste emankizunik eskainiko, 01:00-04:00 bitartean.
• Astegunetan, 14:00etako eta 19:00etako albistegien iraupena murriztuko da eta baita asteburuko albistegien iraupena ere.
• Eguerdiko kultura albistegiaren bigarren emisioa eskainiko da arratsaldez (berremisioa).

Zuzendaritzak plantillaren kontratazio-mugei eta erredakzioko barne-antolaketari egotzi die programazio-murrizketa.

Hori horrela, Langile Batzordeak eta Erredakzio Kontseiluak adierazi nahi dute:
• Gaueko albistegi laburrei dagokienez, nabarmendu nahi dugu Euskadi Irratiaren trinkotzean eta euskararen normalizazioan ezinbesteko urratsa izan zela, duela lau hamarkada, euskal gizarteari 24 orduko euskarazko informazio-zerbitzua eskaintzea.
• Irrati publiko, jeneralista eta euskaldun bakarra garen heinean, nahitaez behar dugu orduz orduko informazio-zerbitzua ━baita gauez ere━, eta zuzendaritzaren erabakiak helburu horretan atzera egitea dakar.
• Erredakzioaren barne-funtzionamenduan oinarrizko egitekoa dute albiste emankizun laburrek eta neurriak etena dakar informazioaren katean zein lan produkzioan, batez ere asteburuetan.
• Hartutako erabaki horiek beste urrats bat dira azken urteetan irratiak jasan duen murrizketen eta zeregin-aldaketen bidean. Eta deigarria da eskaintzaren prekarizazioak bat egitea inoiz lortutako audientzia-emaitzarik onenekin.
• 40 urteko eskarmentuak erakutsi digu behin galtzen duguna ez dela sekula berreskuratzen.

Ondorioz, Miramongo Euskadi Irratiko Langile Batzordeak eta Euskadi Irratiko Erredakzio Kontseiluak zuzendaritzari zein EITBren Administrazio Kontseiluari 24 orduko informazio-zerbitzuari eustea eskatzen dio, zein beste edozein programazio ez murrizteko behar den plantilla bermatzea. Oinarrizko zerbitzuari eutsi eta hura handitzea bateragarria da Euskadi Irratiak dituen eginkizun, erronka eta birmoldatze-premia berriekin.

Langileek mobilizazioa egin dute Portugaleteko Udalaren aurrean, bilera egitea eskatuz

Portugaleteko Udalaren aurrean kontzentrazioa egin dute gaur bertako langileek, Komitea eta Langileen Batzordeak deituta. Mobilizazio honekin, negoziazio mahaia deitzea, egonkortze prozesuen inguruko informazioa (ezarpena, epeak…), ordezkapenak betearaztea eta kategoria guztietako lan-poltsak sortzea eskatu diote Udalari.

Langileek salatzen dute Komitea eta Langileen Batzorde berriak osatu zirenetik Udalak ez dituela bilera bakar batere ere deitu. Euren ustez, kontraste teknikoko edo informazio bilerak izatea lagungarria izango zen jarrerak hurbildu eta bizi duten erabateko informazio gabezia gainditzeko.

Nabarmendu dute sail askotan langilerik ez egoteak eta hainbat arrazoirengatik ordezkapenak atzeratzeak zaurgarritasun bereziko egoerak sortzen dituela langileen artean, gainkarga eta eskubide-murrizketak eraginez. ā€œBeharrezkoa da existitzen ez diren lan-poltsa guztiak sortzea eta agortuta daudenak handitzea; horretarako, ordezkapen-zailtasun handiena dutenei lehentasuna eman behar zaieā€, gaineratu dute.

Ekainaren 14 eta 15ean, asteazken eta ostegunean, berriz mobilizatuko dira

Beste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean

Jakin dugu Arabako ospitale psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan birmoldaketak egingo direla eta horrek lanpostuak desagertzea ekarriko duela.

Otsailaren 7an jakitera eman zen ospital horretako 43 ohe desagertu zirela, hau da, edukieraren ia laurdena. Gainera, eremuetako bat, Errehabilitazio Intentsibokoa, desagertu egin da, eta langileek ere jasan dituzte murrizketak, erizaintzako laguntzaileen kategoria izan delarik kaltetuena.

Komunikabideetan arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe entzutea ohikoa den une honetan, eta duela bi hilabete zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela dakigun honetan, argi dago murrizketa-neurri horiek ezartzea pribatizazio-estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu. Horixe da osasun sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea.

Ekainaren 7an, Arabako osasun mentaleko sarearen zuzendaritzak jakinarazi zuen arlo bat birmoldatuko zela, kasu honetan gerontopsikiatriakoa, eta jarduera horren ondoren, erizaintza-laguntzako hiru tekniko desagertuko direla.

Bestalde, autokontzertazioari bide emango zaiola jakinarazi zuten. Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte.

Unitate horretako paziente batzuentzat dagoeneko hasiak dira egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak. Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko.

Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez. Hori dela eta, berriro ere animatu nahi ditugu pazienteak, senideak nahiz langileak mobilizazioekin jarraitzera, EAJk eta PSEk bultzatutako osasun-politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko.