2026-01-12
Blog Page 217

Egoitzei buruzko Jaurlaritzaren azken dekretuko neurriak urriegitzat jotzen dugunez, zaintza sistema publiko komunitariorako benetako urratsak eskatuko ditugu

Sindikatuko ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean egon dira dekretuari buruzko eztabaida bertatik bertara jarraitzen.

EAEko Jaurlaritzak berriki ateratako dekretuan gauerako ratio berri bat ezarri du, eta nahikoa izan gabe jarraitzen du. LABetik gaueko ratio zehatz eta espezifiko bat aurkeztu genuen, 15 egoiliarreko bi langile egon behar zirela aldarrikatzen zuena. Erizaina 24 orduz bermatua egon beharko zela ere jasotzen zuen, gaua barne.

Sektorean, enpresa gehienetan langile bakarra dago 30 egoiliar baino gehiago zaintzeko. Hori jasanezina eta onartezina da. Zaintza duin baterako sektorean langile gehiago behar dira, eta adinduen egoitzetako gaueko egoera kezkagarriaren aurrean instituzioek erantzukizun handia dute.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gobernuak ateratako dekretu berriaren aurrean honako hau adierazten dugu:

Salatzen dugu:

– Dekretuak ez dituela ez langileen ez egoiliarren lan eta bizi baldintzak erdigunean jartze, ezta beharrak ere

– Dekretu honek adinekoen egoitzetako pribatizazio eta zaintzarekiko negozioa sustatu eta indartzen du, eta horrek langileongan eta egoiliarrengan dituen ondorio larriak salatzen ditugu.

– Proposatzen den ratio aldaketak ez dio inolako hobekuntzarik ekartzen ez sektoreari, ez egoiliarrei.

– Dekretu hau langileen eta zaintza-sistema gizatiarrago baten alde inplikatuta eta interesatuta dauden kolektibo eta gizarte-eragileen bizkar egin da. Historikoki langileak zein eragile ezberdinek egindako aldarrikapenak ez da jaso.

– Pertsonen arreta zentralizatuan sakontzeko dekretua hobekuntza arkitektonikoei buruzkoa da, eta langileen lan-baldintzak bigarren mailan uzten ditu.

Exijitzen dugu:

– LABek ratio proposamen konkretu bat aurkeztu du, sektoreko langileen zein egoiliarren lan eta bizi baldintzak hobetuko lituzkeena. Gure proposamena mahai gainean jarri eta ratioa hobetzeko konpromisoa eta neurriak hartzea exijitzen dugu.

– Sindikatuak, eragile sozialak eta zaintza sistema gizatiarrago baten aldeko borrokan dauden eragileak kontuan izatea. Aldebakarrez egindako dekretuek, gu guztion parte-hartzerik gabe, ezingo dute hobekuntzarik ekarri sektorera, ezta bertan ematen den zerbitzura ere.

– Zaintza sektoreko langileek egiten duten lan publikoaren aitortza.

– Zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko konpromiso eta urrats errealak.

Honen aurrean, LAB sindikatuak zaintza sistema publiko komunitario eta duinago baten alde borrokan eta antolatzen ari diren eragile eta mugimendu ezberdinekin elkarlanean jarraituko du. Mugimendu feministak deitutako greba feminista orokorrean eta datozen urteetan garatu eta piztu beharreko borroketan burubelarri segiko du.

Nafarroako hezkuntzari buruzko negoziazioa ahalbidetzeko exijitu dugu

Hilabeteak daramatzagu mobilizatzen eta gure aldarrikapenak argi uzten, baina denbora horretan guztian etengabeko blokeo-
egoeran aurkitu gara. Administrazioko beste sektore batzuetan akordioak lortu diren arren, Hezkuntza Departamentuko buruak eta bere taldeak, ustezko baliabide ekonomikoen falta argudiatuta, elkarrizketa-ezintasuna adierazten dute. Egoera horrek ez du aukerarik eman gure ustez gutxienekoak diren aldarrikapenak negoziatzeko, bai hezkuntza kalitatea bai irakasleen lan-baldintzak hobetzeko.

Momentu honetan negoziazioetarako garaia iritsi da, Gobernua osatzekoa, datozen 4 urteetarako akordio programatiko berria
ezartzekoa. Horregatik, LAB, Steilas, CCOO eta ELA sindikatuek osatutako gehiengo sindikaletik, talde parlamentarioekin harremanetan jarri gara eta bilerak eskatu dizkiegu, Nafarroan hezkuntza eraldatzeko eta hobetzeko guztiok egin ditzakegun ekarpenak entzun eta proposatzeko helburuarekin.

Dagoeneko bilera horietako batzuk egin ditugu, eta beste batzuk lehenbailehen egitea espero dugu. Baina gaur eta hemen, negoziazio prozesu honetan parte hartzen ari diren alderdi politikoei eskatzen diegu, gure aldarrikapenak kontuan har ditzatela.

Horrela, hezkuntza-zerbitzu publikoa nabarmen hobetuko da. Beraz, ezinbestekotzat jotzen dugu Gobernu Akordio berrian konpromiso hauek sartzea: hezkuntza-etapa guztietan ratioa jaistea, erosahalmena berreskuratzea, behin-behinekotasuna %8 errealetik behera kokatzea eta gainkarga burokratikoa murriztea, besteak beste.

Bihur dezagun hasi berri den legegintzaldi hau gauzak ongi egiteko eta aurrera pausoak emateko unea. Hezkuntzari eta hezkuntzan inplikatutako alderdi guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko, borondate politikoa besterik ez da behar, Nafarroako Administrazioko beste sektore batzuetan, akordioak lortzeko arazorik izan ez dutela ikusi dugun moduan. Guk elkarrizketarako eta negoziaziorako prest gaudela adierazten dugu. Baina berresten dugu, Nafarroako Gobernuak hezkuntza kalitatearen hobekuntza eta irakasleen lan baldintzen hobekuntza mahai gainean jartzen ez dituen bitartean, hainbat mobilizaziorekin gure jarrerari tinko eusten jarraituko diogula.

Sestaoko kale-garbiketako beharginek grebara joko dute herriko jaietan

Enpresak erabateko ezezkoa eman dio negoziatzeari, eta langileek hainbat hilabetez udal gobernu interpelatu duten arren, erantzunik jaso ez dutenez borroka egunak deitu dituzte ekainaren 28an, 29an eta 30ean.

Herriko kaleen garbiketaz arduratzen den Sestaoko UTE Viariako langileek luzaroan helarazi dizkiete beren exijentziak Sestaoko Udalari eta gobernu taldeari, eta alkatearekin biltzen saiatu dira beren lan-baldintzei lotutako hainbat konturi irtenbidea eman nahian. Langileek jorratu nahi dituzten puntu nagusiak honako hauek dira:

  • Enpresak negoziatzeari ezezko borobila eman izana salatzea
  • KPIaren araberako eros-ahalmena berreskuratzea
  • Behar bezala funtzionatzen ez duten makinak erabiltzen dituztenez gero, segurtasunik eza eta osasun arloko lan-prekaritatea salatzea
  • Genero-berdintasuna aldageletan eta aldageletan egokitutako lekuetan
  • Herria hobeto garbitzeko baldintza teknikoek plegua betetzea
  • Erratza eskuz pasatu beharreko eremuak areagotzea, hirigunearen eta, bereziki, Sestaoko auzoen egoera hobetzeko

Gobernu taldeak eta alkatetzak ez die kasurik egiten eskakizun horiei, baldintzak hobetzeko eta herritarrentzako garbiketa zerbitzua hobetzea helburu badute ere. Hori dela eta, beharginek grebara joko dute enpresak ukatzen dien eta udaletxeari interesatzen ez zaiola dirudien negoziazioa ahalbidetzeko.

Negoziazio mahaia deituko dugu Gipuzkoako egurgintzan, behingoz hitzarmen duina lortzeko

Gipuzkoako egurgintza sektoreko langileek herrialdeko hitzarmena berritu gabe daukate 2003tik. Hori salatzeaz gain, hitzarmena eguneratzeko negoziazioak abiatzeko asmoa agertu dugu gaur, Donostian egindako agerraldian.

Ikasturte osoa eman du LABek egurgintzako langileekin eta ordezkariekin batera sektoreko langile eta enpresen beharrak ezagutzen, eta prozesu horrek ondorio argi bat izan duela azaldu du gaur: Gipuzkoako egurgintzak hitzarmena behar duela. Izan ere, sektorean gutxieneko lan baldintzak izatea eragozten du egoera horrek, eta, era berean, langileen lan baldintzetan desberdintasun oso handiak egotea ahalbidetzen.

Hori dela eta, hitzarmena negoziatzeko prozesua abiatuko du sindikatuak, dagokion erantzukizunari helduz –gehiengoa du sektorean—. 2009koa da azken negoziazio saioa, eta, orduan, ADEGI patronalak aldebakarrez bukatutzat eman zuen negoziazioa, eta langileak prekaritatera kondenatu. Negoziazioak berrartzeko asmoa agertu dugu, baina, betiere, marra gorriak ondo zehaztuta: soldatak KPIaren arabera eguneratzea, KPIa bermatuko duten soldata igoerak, lanaldi murrizketa, Aldi bateko ezintasunari lotutako osagarriak, baimenen eguneraketa…

LABen beti egin izan dugu apustu herrialdeko hitzarmenen alde, eta oraingoan ere hala egingo dugu. Datozen egunetan erregistratuko dugu negoziazio mahaia osatzeko deialdia.

[IRITZIA] Trantzisio energetikoa, sozio-sindikalismotik begiratua

Nafarroan LABeko Ekintza Sozialeko arduradun Jaime Iribarren Iriartek eta LABen Nafarroako bozeramale Imanol Karrera Turrillok ondorengo iritzi artikulua osatu dute krisi ekosozialari sozio-sindikalismotik eman beharreko erantzunari buruz:

Bizi dugun krisi ekosozialaren egoerari eta dagoeneko pairatzen ditugun ondorio sozial eta ekologikoei buruzko artikulu eta iritzi ugari daude. Lerro hauen bidez, LABek partekatu nahi du zergatik egiten dugun bat Bidezko eta Neurrizko Energia kanpainarekin eta zer proposamen egiten ditugun lehentasunez Nafarroako testuinguru politikoan.

Ziurtasun batekin hasiko gara. Egungo eredu ekonomikoa bidegabea eta gero eta jasangaitzagoa da. Etorkizuna ez da inpaktu ekologiko txikiagoa duten ekoizpen bitartekoak bereizi gabe bultzatuz alternatiba berdeagoak bilatzea; aitzitik, eredu sozioproduktibo berri bat diseinatu behar da, planetaren muga biofisikoei aurre egiteko, klase interesak eta bizitza zentroan kokatzeko eta, beraz, lan guztiak eta aberastasuna banatzean oinarrituta. Alegia, langile klasearentzako bizi baldintza duinak eta irizpide ekologikoetan oinarritutako eredu ekonomiko eta soziala; posible ez ezik, nahitaezkoa ere bada.

Hori esanda, bistakoa da gure gizartearen matrize sozio-produktiboa eraldatu behar dela, arazoari errotik ekinez eta ahalik eta prozesu ordenatuena eginez. Asko hitz egiten da trantsizio ekosozialaz, eta ados gaude. Baina trantsizio hori bidezkoa eta demokratikoa izan behar da. Kontua da jakitea norantz eramaten den trantsizio hori, nork gidatzen duen eta nori egiten dion mesede. Patronalak eta botere ekonomikoak argi dute hori guztia. Gure aldetik, langileok ibilbide-orri partekatu bat eraiki behar dugu erakundeak eta botere korporatiboa presionatzeko, baina agenda ere hartu behar dugu, estrategikoa eta funtsezkoa den borroka batean.

Hori dela eta, Nafarroan ere trantsizio ekosozial zuzen eta demokratikoari aurre eginen dion agenda partekatua eraikitzeko ekarpen bat egiteko, sindikatu honentzat lehentasunezkoak diren lan ardatz batzuk aipatu nahi genituzke.

Duela urtebete pasatxo, Nafarroako Parlamentuak Klima Aldaketaren eta Energia Trantsizioaren Legea onartu zuen. Lege horrek esku hartu beharreko esparruak identifikatzen dituen arren, oraindik ere tresna eskasa da egungo berehalako erronkei aurre egiteko. Ezinbestekoa da legeak bere egitea biztanle guztientzat energia kontsumo nahikoa eta irisgarria bermatu behar dela dioen printzipioa, eta ezinbestekoa da legeak oligarkia energetikoaren gehiegikeriei mugak jartzea. Era berean, hazkunde infinitua ezinezkoa dela onartzen duen oinarrizko premisatik abiatu behar du legeak. Ezin da egungo energia kopurua bakarrik energia berriztagarriekin sortu; beraz, beharrezkoa da egoera hori prestatzen joatea.

Ildo horretan, funtsezkoa iruditzen zaigu Nafarroako Gobernuak azterlan zehatz eta independente bat egiteko konpromisoa hartzea, lehentasunez aldatu behar diren ekoizpen sektoreak identifikatzeko, eta sektore horietako langileen bizitza bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko; prestakuntzatik hasi eta konpentsaziorako funts publiko bat sortu arte. Era berean, inoiz baino beharrezkoagoa da lanaldia 30 ordura murrizteari buruzko eztabaida, soldatarik galdu gabe, bai eta horiek bultzatzeko eta bermatzeko akordioak ere.

Garrantzitsua iruditzen zaigu langile klaseak trantsizio horretan duen zeregina nabarmendu eta aldarrikatzea. Funtsezkoa da eginkizun aktiboa izatea, bai eta gogoeta egiteko eta erabakiak hartzeko guneak izatea ere, enpresak eta sektoreak birmoldatzeari dagokionez. Trantsizio hori ezin da goitik egin, ezin da patronalaren eta kapital finantzarioaren esku utzi, horiek haien etekin lizunei bakarrik ematen baitiete lehentasuna.

Horri guztiari ekiteko, langileen bizitza zentroan kokatu ahal izateko, trantsizio justu baterako batzordeak sortzea proposatzen dugu. Kasuan kasuko sektoreko langileen parte-hartzea eta erabakitzeko gaitasuna duten batzordeak izanen lirateke, esparru horietan egin beharreko aldaketen buru izanen lirateke, eta mundu akademikoa, mugimendu ekologista, herritarrak, eremu publikora bilduko lituzketenak. Zehazki, lehentasunezkoa iruditzen zaigu batzorde horiek automobilgintzaren, jantoki publikoen eta industria hondakinen sektorean eratzea.

Halaber, ekintza saihestezinak dira Energia Agentzia Publiko bat sortzea; plan lotesle bat egitea energia berriztagarrien azpiegituren hedapenari buruz, irizpide ekologikoei eta ez soilik ekonomikoei erantzuteko; nekazaritza eredu intentsiboa eta makroetxaldeak geldiarazteko politika publikoak ezartzea, eta, hala, agroekologiaren eta eredu estentsiboaren alde egitea; edo Abiadura Handiko Tren amaigabea bezalako elefante zuriak gelditzea.

Lan ardatz horietarako guztietarako, LABek uste du une egokia dela aliantza soziosindikalak egiteko eta agenda sozial, sindikal eta politiko partekatuaren inguruan ahaleginak bateratzeko, Nafarroako langile klasearentzat bizi baldintza duinen alde borrokatzeko.

LABek oinarri ekosozialisten eta feministen gainean eraikitako sistema burujabearen alde egiten jarraituko du, sektore estrategikoen jabetzaren eta kontrol publiko eta sozialaren alde; hau da, egungo eta hurrengo belaunaldietako langile klaseari etorkizuna bermatuko dion sistema burujabe eta iraunkorraren alde.

Bizkaiko esku-hartze sozialean ekaineko azken bi greba egunak egiten ari dira, eta blokeoa ikusita, aurrerantzean ere borrokan jarraitzeko hautua egingo dute

Patronalak egindako azken proposamena ez dute begi onez ikusten beharginen ordezkariek. Besteak beste, indarraldi luzeegia hartuko luke bere baitan (2026ra artekoa), eta jasotzen dituen ordainsarien igoerak urriegiak izateaz gain, beste hainbat alorretan ere ez dira behar besteko hobekuntzak jasotzen.

Urte eta erdi darama sektoreak hitzarmena berritu gabe, eta, blokeo horren aurrean, esku-hartze sozialeko langileek premiazkotzat dute Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa, eta halaxe exijitzen ari dira azken asteotako grebetan, guztira bost egunez egin baitituzte lanuzteak. Gaur bertan, Foru Jauregia inguratu dute, mezu hori bertatik bertara helarazteko asmoz.

Izan ere, gogorarazi behar da zaintzaren sektoreko langileak direla esku-hartze sozialekoak, bereziki pandemian zehar funtsezkotzat jo zirenak, badirudien arren orain erakundeek ez dituztela aintzat hartzen.

Greba Feminista Orokorrera

Greba Feminista Orokorrak badu data: azaroaren 30ean izango da, ostegunez. Joan den martxoan Nazio Biltzarrak —Biltzar Nagusien artean LABen zuzendaritza organo gorena dena— onartu bezala, LABek parte hartuko du Greba Feminista Orokorrean.

Zaintzarena eskubide kolektiboa da, baina zaintza lanak pribatizatuta daude, negozio bihurtu dituzte. Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak, baina ez zaintza duinerako eskubidea bermatua. Eremu pribatuan eta familia nuklearretan sostengatu dira zaintza lanak, emakumeen* bizkar, beti. Halaber, zaintza lanetan diharduten langileek jasaten duten prekarietatea eta esplotazioaren aurrean —etxeko langileena da egoerarik muturrekoena—, lan horiek aitortu, demokratizatu eta duindu egin behar dira.

Egungo gure jendarteak duen arazorik larrienetarikoa da zaintza krisia, erantzunak eskatzen ditu. LABetik zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzen dugu eta zaintzaren errealitatea iraultzeko borrokan jarraitzen dugu, orain, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra ortzimugan hartuta.

DAI 96k bere langileen nominak ordain ditzan exijitzen dugu

Astearte honetan LABetik salatu dugunez, Servicios Integrales de Limpieza Grupo DAI 96 S.L. enpresako langileek bi hilabete daramatzate apirileko eta maiatzeko nominei dagokien soldata jaso gabe, eta egun gutxitan ekaineko nomina ere ordaindu gabe izango dute.

Enpresa hori Gipuzkoako UVESCO eta BM supermerkatuek kontratatzen dute, besteak beste, beren supermerkatuetan garbiketa zerbitzua emateko.

LABetik enpresarekin harremanetan jarri gara soldatak ez ordaintzearen arrazoiari buruzko azalpenak eskatzeko, eta enpresaren erantzuna izan da beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartzen ari direla lanpostuak mantentzeko eta nominak garaiz eta modu egokian ordainduko direla bermatzeko. Limpiezas DAI enpresari eta UVESCO eta BM supermerkatuen zuzendaritzei dei egin diegu soldatak ordaindu ez izanaren arazoari berehalako irtenbidea eman diezaieten.

Salbuespen neurriak behingoz bertan behera gera daitezen eskatzeko mobilizatu gara Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzeak egin ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan, Sare antolakundearekin batera. Etzidamu, hilak 23, LABek beste mobilizazio bat gauzatuko du Iruñean. Berandu baino lehen euskal preso guztiak etxera ekartzea lortuko dugu presio sozialari esker.

Sarek Izan Bidea dinamika abiatu zuenetik hamaika izan dira sindikalgintzatik aurrera eraman ditugun mobilizazioak. Dinamika hura lantegietaraino eraman genuen, eta gaur salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatu dugu.

LABeko koordinatzaile orokorrak, Garbiñe Aranburuk, Donostiako hitzorduan parte hartu du, eta bertan nabarmendu nahi izan du azkenaldian presoen eskubideen alorrean eman diren aurrerapausoak adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozialek nahiz mobilizazioen bidez eginiko presio sozialak ekarri dituztela. Horiei esker, presoen Euskal Herriratzea lortu da, baita lehen graduarekin amaitzea ere.

Oraindik, dena den, salbuespenezko neurriekin behingoz amaitu behar dela aldarrikatu dugu gaurko elkarretaratzeetan. “Ziur gaude bai presoak beraiek egiten ari diren bideari esker eta bai presio sozialari eta mobilizazioari esker berandu baino lehen guztiak etxera ekartzea lortuko dugula”, baieztatu du Garbiñe Aranburuk.