2025-12-28
Blog Page 21

Urriaren 15eko lanuzte orokorra: ordutegiak eta mobilizazioak

LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek iragan astean LanuzteOrokorrerako deialdia iragarri zuten urriaren 15erako Hego Euskal Herrian. Borroka, mobilizazio eta batzarren eguna izango da 15ekoa, langile klase osoaren parte hartze aktiboa bilatuko duena.

Helburu horrekin, langile guztiei begirako mobilizazio diseinu bat antolatzeko, lanuztearen deialdia egin zenetik hona hainbat aldaketa izan dira ordutegietan, eta honako hauek izango dira lanuztearen behin-betiko ordutegiak:

  • 11:00ak eta 14:00ak artean Hego Euskal Herriko langileek lan egiteari utziko diote, eta 11:00etan mobilizazioak egingo dituzte lantokietan. 12:30ean manifestazio handiak egingo dira Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.
  • Txandaka lan egiten dutenen kasuan, lanuzteak urriaren 15eko 03:00-06:00 eta 19:00-22:00 tarteetan izango dira.
  • Goizeko lanaldia 15:00etan amaitzen dutenek 11:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea,
    lau orduz; alegia, lanuztea ordubetez luzatuko dute.

    Urriaren 15erako, Gernika-Palestinak mobilizazioak deituak ditu iluntzean Hego Euskal Herriko herrietan, 19:30ean, eta lanuzte orokorraren deitzaile diren sindikatuek bat egingo dute mobilizazio horiekin eta Palestinarekin elkartasunez antola litezkeen gainerako mobilizazioekin. Iruñeko kasuan, iluntzeko mobilizazioa sindikatuek deitua izango da. Mobilizazio hori 19:00etan abiatuko da Gazteluko plazatik. Tuteran ere mobilizazioak izango dira sindikatuek deituta; 12:00etan eta 20:00etan Foruen plazatik.

    Urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak izango ditu:
  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin. 
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea. 
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak. 
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea. 
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu. 
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.

LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazioak hasi dituzte Nafarroan kolektibitateen hitzarmen bat negoziatzea eskatzeko

LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazio egutegi bat hasi dute patronalari eskatzeko kolektibitateen hitzarmen baten negoziazio mahaia eratzea Nafarroan, sektoreko langileen soldata eta lan baldintzak hobetzeko.

Irailaren 12an, hiru sindikatuetako ordezkariek bilera egin zuten Nafarroan hitzarmen sektorial bat lortzeko egin beharreko ekintzak eta harremanak aztertzeko. Astebete geroago, hiru erakundeek Estatuko kolektibitateen hitzarmenaren patronalari (Food Service España) eta Nafarroako Ostalaritzako patronalari eskatu zieten negoziazio-mahai bat eratzeko, aurreko ikasturtean enpresa-batzordeen bitartez egin zen eskaera bera.

LABek, UGTk eta ELAk gogorarazi dute Euskal Autonomia Erkidegoak, mobilizazioei esker, bere hitzarmen autonomikorako negoziazio mahaia eratzea lortu duela berriki, eta Ausolan patronala izan dela negoziazio hori irekitzeko elkarlanean aritu dena.

Sindikatuek adierazi dutenez, “orain hemen, Nafarroan, lortu behar dugu hau eta, horretarako, mobilizatu egin beharko gara”. “Borrokatzeak merezi du. Nafarroan sektorean buru diren patronalek hemen ere bide hori irekitzea lortu behar dugu, nahiz eta orain arte ikusi dugun ez dela lan erraza”, azpimarratu dute.

Hori dela eta, LAB, UGT eta ELA sindikatuek mobilizazio egutegi bat prestatu dute eta gaur hasiera eman diote Armark enpresaren mobilizazioarekin Zizurren. Mobilizazioak astero egingo dira erkidegoko hainbat lekutan, Nafarroan hitzarmen bat negoziatzea lortu arte.

Egutegia:

  • Urriak 7, 11:30. Zizurreko ikastetxeak (Kiroldea pasealekua, Zizur) – Aramark enpresa
  • Urriak 14, 11:30. Monjardin Lizeoa – Sagrado CorazĂłn (Monjardin biribilgunea, Iruñea) – Ausolan eta Irigoyen Comedor Saludable enpresak
  • Urriak 21, 14:30. Ospitaleak (Ate nagusia, Iruñea) – Eurest enpresa
  • Urriak 28, 11:00. Tutera (Meka – Residencia Misericordia, Tutera) – Aramark enpresa

6 hilabeteko greba gogoangarriaren ostean, ENVISEReko langileek akordio historikoa lortu dute, negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekarriz

Sei hilabete baino gehiagoko borroka gogor eta eskergaitzaren ondoren, langileon aldarrikapenak jasotzen dituen akordio baliotsua lortu dugu, greba mugagabeari amaiera emanez.

Aurreakordioa atzo sinatu zen LHKn eta gaur arratsalderako ESK eta LABek sindikatuok deitu dugun Langileen Batzar Orokorrean berretsi da. Berrespen honekin Greba Batzordeak berehala sinatuko du 6 hilabete baino gehiagoko greba mugagabeari bukaera emango dion akordioa.

LAB sindikatutik plantilak egindako lana balioan jarri eta zorionak eman nahi dizkiogu egindako lan bikainagatik. Grebalariek hilabete hauetan guztietan erakutsi duten antolatzeko gaitasuna eta erabakitasuna azpimarratu behar dira.

LAB sindikatuak, bere afiliazioarekin, lerro argia jarraitu du: plantilaren kohesioa eta batasuna bilatzea eta borroka mantendu eta indartu helburuak lortu arte. Horrekin erakutsi da berriro ere greba lantzen bada babes sozial izugarria lortzen dela, baldintza berriak sortzen direla eta emaitzak lortzen direla. Horregatik, gure afiliazioa bereziki zoriondu nahi dugu, garatu duten esfortzu pertsonal eta militantearengatik.

Akordioaren eduki baliotsuen gainetik, LAB sindikatutik uste dugu balentria horren titular nagusia dela ENVISEReko langileek negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea lortu dutela. Lan-baldintza duinak jasoko dituen Hitzarmen propio batez hornitzea lortu dugu. Euskal langileok erabakitzeko ahalmenik ez dugun Estatuko Hitzarmen baten uztarripean egoteak dakarren prekarietatearen gainetik, hemendik aurrera subiranotasun-ariketa bat eginez Gasteizko parke eta lorategietako kontserbazio-zerbitzuetako eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetako langileok gure lan-baldintzen etorkizunaren jabe izango gara.

Lortutako edukiei helduz, 5.000 euroko soldata-igoera linealak lortu ditugu Hitzarmenaren indarraldirako (2025-2028), hau da, % 25 inguruko igoera, 108 orduko murrizketa urteko lanaldian, txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala eskuratzea, lizentzia eta baimenak hobetzea eta ogitartekoaren denbora luzatzea.

Akordioa konpromiso kolektiboaren emaitza izan da. Argi eta garbi esan dezakegu: sakrifizio pertsonal handia ekarri duen arren, berriz ere erakutsi da borrokatzeak merezi duela.

LABek eta STEILASek egun osoko lanuztera deitu dute Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osoan urriaren 15erako

Urriaren 15erako Palestinarekin elkartasunez deitua dagoen lanuzte orokorra egun osokoa izango da Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osoan, LABen eta STEILASen ekimenez. Egun horretarako Hego Euskal Herrian lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten LAB, CCOO, UGT , ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek, eta, hezkuntzan dauden mobilizazio dinamikek duten arrakasta kontuan hartuta, lanuzte hori egun osokoa bihurtzea erabaki dute LABek eta STEILASek.

Haur eskoletatik unibertsitateraino heltzen den eta hezkuntzan aritzen diren kolektibo guztiak barnebiltzen dituen deialdi honek lanuzte orokorra indartuko duela uste dute sindikatuok. Lantokietan mobilizatzera, pikete informatiboak egitera eta 12:30ean Bilbo, Gasteiz, Donosti eta Iruñeko kaleak beteteko deia egin diete langileei.

Hasiera-hasieratik Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu du hezkuntza komunitateak, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu da. Gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo Estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu.

Aldarrikapenak:
  • Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriari.
  • Israel, AEBetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
  • Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonizazioa, eta horrek Palestinako langile klasearen lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.
  • Gazan genozidioaren berehalako amaiera ematea eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integrala aldarrikatzea, palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.
  • Hezkuntzako langileak garen heinean, hildako adin txikikoen basakeria salatzea.
  • Patronalari eta bai bertako nahiz nazioarteko instituzioei Israelgo Estatuarekin merkataritza-harreman oro bertan behera utz dezatela exijitzea. Ez da onargarria genozidio baten kontura negozioak egiten jarraitzea.
  • Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezaten eskatzea.

Genozioarekin negoziorik ez! Hezkuntzako langileok Palestinarekin!

LABen elkartasuna 36 lagunen migrazio ibilbidea segurtatzeagatik epaitu dituzten kideei

Gaur epaitu dituzte zenbait kide Baionan, iazko Korrikaren testuinguruan 36 migranteri Santiago zubitik muga pasatzen laguntzeagatik. Auzipetuen artean daude Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi LABeko kideak. Babes zabala jaso dute epaiketaren aurretik egin den elkarretaratzean, eta bertaratutakoen txalo artean sartu dira epaitegira.

Baionan egon da Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra, sindikatuko beste hainbat kiderekin batera, eta adierazi du “harro gaudela langile migratuei laguntza eman dieten militante hauetaz”. Gaineratu du “klase elkartasuna ez dela delitua, betebeharra baizik”. “Langile migratuak gure klase beraren kide dira, eta esplotazioa eta jazarpena dagoen toki guztietan hor egongo da sindikatua, langileei laguntza ematen. Leku batean bizi edo beste leku batean jaio izan arren, guretzat denak dira langileak eta denak defendatuko ditugu, epaiketa ororen gainetik”, adierazi du.

J’accuse kanpaina arrakastatsua

Iazko urriaren 2an Hendaiako polizia etxean deklaratzera deituak izan zirenetik, etengabea izan da auzipetuek hilabete guzti hauetan jasotako elkartasun oldea. Horren erakusgarri nagusia izan da J’accuse kanpaina, iazko azaroaren 20an Irungo Ficoban aurkeztu zena migratzeko eskubidearen alde eta indarrean dauden migrazio politikak salatzeko. Norbanakoen 5.000 autoinkulpazio baino gehiago eta 80 eragileren babesa lortu ostean, milaka pertsona mobilizatzea lortu zuen urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean.

Nafarroako Auzitegi Nagusiak Ribera Gourmeten kaleratze kolektiboa “zuzenbidearen araberakoa ez” dela adierazi du

Epaiak baietsi egiten du LAB sindikatuaren demanda, eta uste du enpresak ez duela egiaztatu egindako 10 kaleratzeen kausa.

Joan den martxoan, Tuterako eskualdean dagoen eta “La LĂ­nea Verde” taldekoa den Ribera Gourmet nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko enpresak enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztu zuen, plantilla osatzen zuten 50 langiletik 18 kaleratzeko. Enplegu-erregulazioko espedientea, ustez, enpresak Corellan finka bat alokatzeari uzteko bere kabuz hartutako erabakiak eragin zuen, finka hori errentagarria ez zela iritzita, “lur txarra” zelako. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko salaren epaiak orain ematen duen bezala, erabaki hori ez da kontratuak azkentzeko arrazoi justifikatua.

Gainera, Batzordeari (CCOO, ELA, LAB) ez zitzaion aldez aurretik horren berri eman, eta ez zen inolako alternatibarik bilatu ekoizpena eta enplegua mantentzeko. Hala aurpegiratu zion enpresari alderdi sozialak kontsulta-aldian (martxoaren 12tik apirilaren 15era bitartean). Negoziazio horretan, epaiak islatzen dituen kontraesan nabarmenak agerian geratu ziren, hala nola ABLEetako langileak erabiltzea eta aparteko orduak egitea, edo arrazoizko zalantzak izatea nekazaritzako eta abeltzaintzako enpresak taldeko gainerakoekin duen harremanari buruz, abandonatutako finkarena ordeztu beharko lukeen lehengaiaren jatorriari buruz edo haren prezioari buruz enpresa-egituraren barruko trukeetan.

Kontsulta-aldiaren azken zatian, azken bi bilerekin bat eginez, eta ugazabek kaleratze susmagarri batzuei eutsi nahi izan ziotenez, langileen batzarrak bi orduko lanuztea eta egun bateko greba egitea erabaki zuen, eta lanpostuen amortizazioak murrizteko, birkokatzeak ahalbideratzeko, kalte-ordainak handitzeko eta, batez ere, azkentze traumatikoak arindu edo ezabatuko zituzten irteeren borondatezkotasuna aldarrikatu zuen.

Arauzko izapidea akordiorik gabe amaitu ondoren, enpresak 10 kontratu azkendu zirela jakinarazi zuen, plantillaren % 20k, apirilaren 30ean. Enpresaren jardunaren aurrean, LAB izan zen ordezkaritza duen sindikatu bakarra demanda jarri zuena, bai eta joan den uztailaren 16an egindako epaiketan agertu zen bakarra ere, kaleratzeak deuseztatzeko eta, subsidiarioki, zuzenbidearekin bat ez zetozela deklaratzeko eskatuz.

Iraileko epaian, Auzitegiak prozesuaren deuseztasuna onartu ez bazuen ere, negoziazioan fede gaiztoa frogatu ezin izan zelako eta espedientea gauzatzean oinarrizko eskubideak urratu ez zirelakoan, kaleratzeak zuzenbidearekin bat ez zetozela deklaratu zuen, “enpresak ez duelako bete kargua uzteko erabakiaren oinarri diren kausak egiaztatzeko betebeharra”. Era berean, Corellako Alrosa izeneko finkaren errentagarritasun txikia berretsi gabetzat jotzen du, eta zehazten du enpresak hura alokatzeari uzteko “erabaki legitimoa” ez dela legez kaleratze kolektiboa justifikatzeko arrazoia.

Eragindako langileei dagokienez, azpimarratu behar da kaleratutako pertsona guztiak migratzaileak edota arrazializatuak direla, % 90 magrebtar jatorrikoak, eta horien artean enpresan lan egiten zuen jatorri horretako emakume bakarra. Deigarria da, halaber, traktore-gidarien kasua, kaleratutako guztiak aipatutako kolektiboarenak izanik, kategoria horretako plantillaren % 60 baino pixka bat gehiago izan arren.

Epaiaren irmotasunaren aurrean, LABek enpresari eskatzen dio, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazten duen bezala, epai hori onartu eta igaro dezala, eta, gainera, bere aukerako ahala eskuordetu diezaiela kalte-ordaina emateari edo eragindako pertsonei berriz onartzeari. Sindikatuak, halaber, “eragindako kaltea aitortzea eta Espainiako legeriak ezartzen duena baino neurri handiagoan konpontzea, Europako jarraibideek defendatzen duten bezala, eta bere jarreratik eta arauditik eratorritako erantzukizunak eta betebeharrak bere gain hartzea.” exijitzen dio enpresari.

“Inoiz baino indar handiagoz, LABek enpleguaren defentsaren eta tokiko nekazaritza-ekoizpenaren alde borrokatzen jarraituko du, ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz eta lan-baldintza duin eta bidezkoetan oinarrituta, pertsona guztiei eskubide guztiak aitortuz,” adierazi du sindikatuak. “Izan ere, ez du balio Nafarroako produktuaz harro egotea eta eskua jartzea… harria bota eta ezkutatu ondoren.”

LABek gogor salatu du Tuterako Udalak sindikatuaren historiari buruzko erakusketa itxi izana

LAB sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen izeneko erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai urriaren 1etik 9ra, biak barne, baina Alejandro Toquero UPNko alkateak erakusketa ixtea agindu zuen iragan larunbatean. LABek gogor salatu nahi du adierazpen askatasunaren aurkako eraso obsesibo hori eta Toquerori ohartarazi dio sindikatuak beharrezko bideak bilatuko dituela tuterarrek erakusketa hau ikusi ahal izan dezaten.

1974tik etorkizunera LAB zabaltzen izeneko erakusketa Nafarroako Parlamentuan egon zen ikusgai, aurtengo otsailean. Sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko hondarreko ekitaldia izan zen eta bere inaugurazioan Unai Hualde Parlamentuko lehendakariaz gain zenbait talde parlamentariotako kideak ere egon ziren. Erakusketa hark sindikatuaren historia orokorrari buruzko zertzelada batzuk ematen dituzten hamar panel handi jasotzen zituen, baita Maiatzaren Leheneko LABen kartel gehienak ere. Gainera, lau aldeko zutabe batzuetan, sindikatuaren Nafarroako istorio, datu eta irudi andana biltzen zituen.

Parlamentuko erakusketaren harira, UPNk eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak zarata handia sortu zuten; lehenbizikoari ez baitzitzaion gustatu presoen sakabanaketaren aurkako LABen 2018ko mobilizazio bat iragartzeko kartela; eta bigarrena mindu omen baitzen LABen kartel zahar batean garai bateko CENeko lehendakaria sudurra luzatuta ageri zelako. Dena dela, eskuindarren kasketa gorabehera, erakusketak bukaera arte jarraitu zuen Parlamentuan, batere arazorik gabe, eta ehunka herritarrek ikusi zuten.

Tuterako erakusketa

1985. urte aldera hasi zen LAB Nafarroako Erriberan bere lan sindikala hedatzen. Duela 40 urte. Eta, hori gogoratzeko eta nabarmentzeko, Parlamentuko erakusketa Tuterara eramatea erabaki zuen, La Rua gizarte etxera hain zuzen ere. Horretarako, Tuterako Udalari beharrezko baimen eskaera egin zion uda aurretik, eta baimena sinatuta jasota, erakusketa irailaren 30ean muntatu zuen eta urriaren 1ean inauguratu zuen. Tuteran, Parlamentuan erakutsitako panel guztiak zeuden, baita LABek Erriberan eginiko lana erakusten zuten dozenaka argazki biltzen zituen zutabe bat ere.

Lerrook idazteko unean, Tuterako Udalak oraindik ez dio LABi erakusketaren itxiera komunikatu. Beraz, Udalak argitaratu duen oharraren bidez jakin du sindikatuak zer dela-eta itxi duten. LABen ustez, fantasia hutsa da ohar hori. Horren erakusgarri nabarmenena da Udalak asmatzen duela LABen erakusketak Jon askatu! izena duela. Ez da hala, noski. Erakusketa osoan ikus daitezkeen hamarka kartelen erreprodukzio txikien artean bada bat Jon Idigoras LABeko idazkari nagusia izandakoaren askatzea eskatzen duena ‒azkenean absolbitu zuten kausa baten ingurukoa, portzierto‒; baina kartel txiki horrek ez dio erakusketari izena ematen.

Tuterako Udalak Toqueroren aginduz idatzitako oharrak bere izenburuan baieztatzen du LABen erakusketak “ETAko presoak goratzen dituela”. Testu barnean, baina, baldintza erabili eta adierazi dute “ETAko presoei buruzko panelek terrorismoa goratzea iradoki lezaketela”. Aitzitik, zentsura eta debekua baldintzarik gabe aplikatu ditu Toquerok, eta tartean inolako salaketarik egon gabe, zigorra ezarri dio LAB sindikatuari.

LABek ulertzen du Alejandro Toquerok sindikatu hau atsegin ez izatea. LABek ere Toqueroren politika ekonomikoak eta enplegu politikoak gustuko ez dituen eta salatzen dituen moduan. Era berean, LABek ulertzen du Toqueroren alderdiak begi txarrez ikustea sindikatu honek Erriberan gero eta handiagoa duen presentzia. Baina areriotasun horrek ez du justifikatzen adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau, balio demokratikoen guztiz kontrakoa baita.

Alejandro Toquero bezalakoen jauntxokeriek argi eta garbi erakusten duten zein garrantzitsua den UPNren eskuak Nafarroako erakundeetako lemetatik urruti egotea, batere aukerarik izan ez dezaten Nafarroako langileen bizitzen gaineko ezein erabaki hartzeko. LABek 50 urte baino gehiago daramatza halakoei aurre egiten, eta halaxe egiten jarraituko du, eta Toquerori ohartarazten dio beharrezkoak diren bideak bilatuko dituela tuterarrek beren hirian ikusi ahal izan dezaten hau guztia kontatzen duen erakusketa.

Hezkuntza Saila eskola segregazioa areagotzen duten neurriak bultzatzen ari da, segregazioaren kontrako mahaian bestelakoak esaten dituen arren

Jaurlaritzak gauza bat esan eta kontrakoa egiten du hezkuntza politikei dagokienean. Izan ere, irailaren 8an, lehendakariak berak segregazioaren kontrako mahaia aurkeztu zuen eta hezkuntza sistemak ekitatea eta inklusioa oinarri izan behar direla adierazi zuen, baina kontrako norabidean doazen politikak bultzatu ditu aste honetan matrikulazio biziaren banaketari lotuta, Gasteizen.

Aurreko urtean matrikulazio biziaren bitartez 8.000 ikasle eskolaratu ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetan, eta aurten, ikasturtea hasi berri dagoenean, epez kanpoko ikasleak iristen eta eskolaratzen hasi dira. Alta, Hezkuntza Sailak orain arteko praktika segregatzaileekin jarraitzeko hautua egin du, eta eskola planifikazioan inolako erabakirik hartu gabe zein matrikulan doiketarik egin gabe, ikasturte hasieratik 40 ikasletik gora matrikulatu ditu Gasteizko bi eskola publikotan. Ikasle horietako 13, gutxienez, Kristau Eskoletako ikastetxeetara bideratu dituzten arren, ezin izan dira bertan matrikulatu itunpeko ikastetxe horietan kuotak ordaintzea eskatu dietelako. Ondorioz, eskola publikoak hartu behar izan ditu, beste behin ere, era masiboan ikasle horiek, eta irakasleek zein hezitzaileek haien onena eman zein baliabide gehiago lortu arren, ikasleen hezkuntza prozesua kaltetu du. Bat-batean berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasle kopuruen pilaketa gertatu da.

Badirudi, beraz, Hezkuntza Sailak ez daukala hezkuntza politikak aldatzeko inolako borondaterik; egoeraren jakitun izateaz gain, egoeraren diagnostikoa egina baitu tokian toki. Alta, oraindik orain ez du neurri zuzentzailerik ezarri eta ez du inolako jarraipenik egin Kristau Eskola horiek legez debekaturik dituzten derrigorrezko kuota horiek ez inposatzeko eta kobratzeko.

Hortaz, LABek Hezkuntza Sailari exijitzen dio Gasteizko egoeraren aurrean urgentziazko esku-hartzea egin dezan, ikuskaritzaren bitartez Kristau Eskolako itunpeko ikastetxe horiei kuoten kobrantza kontrolatzeko eta debekatzeko, eskola planifikazioari lotuta gain-eskaintza mugatzeko eta Hezkuntza Konplexutasun Indize altukoak edo oso altukoak diren ikastetxeetan hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleen kontzentraziorik ez egiteko, ezta bultzatzeko ere.

Bide batez, D eredukoa den eskola publikoaren aldeko apustu garbia egin dezan eskatzen diogu, hezkuntza-politiken erdigunean berau jarriz eta babestuz. Eta LABek gizarte kohesioa hezkuntza-politiken printzipio gidari izan dadila aldarrikatzen du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrietan egon daitezkeen askotariko errealitateen aurrean, sare ezberdinei eragiten dien errealitatea pixkanaka eraldatzeko. 

MFSren 80. urteurreneko ekitaldietan parte hartuko du LAB sindikatuak Parisen

1945ean sortu zen Munduko Federazio Sindikala (MFS) eta hiri horretan egingo dira, hain zuzen ere, 80. urteurreneko ekitaldiak. LABeko ordezkaritzaren buru, Igor Arroyo koordinatzaile orokorra gerturatuko da Parisera. 

Orain 80 urte, Mundu Gerra basati baten eta faxismoa garaitu ondotik, aspaldiko egitasmoari heldu zioten, berriz ere, mundu osoko sindikatuek: herrialde guztietako langileak bilduko zituen nazioarteko erakundea sortzea. 

Zoritxarrez, Estatu Batuek gidatutako blokearen presioen ondorioz, MFS sortu eta gutxira “Mendebaldeko” sindikatu askok alde egin eta CIOSL sortu zuten (egun CSI); bertako kide dira UGT, CCOO eta ELA sindikatuak. Sobiet Batasunaren erorketarekin, berriz, beste hainbat sindikatuk utzi zuten, hala nola, Frantziako CGT. 

Alabaina, krisia gainditu eta suspertze fase bati ekin zion MFSk 2005etik aurrera. Europan bere presentzia mugatuagoa bada ere, mundu osoko 100 milioi langile baino gehiago ordezkatzen ditu egun. 

MFSren suspertze fasean bidaide izan da LAB sindikatua. 1990ean lehen aldiz Moskuko Kongresuan behatzaile gisa parte hartu eta 2000. urtean MFSrekin bat egitea erabaki zuen. 2005eko La Habanako Kongresuan bilakatu zen ofizialki MFSko kide, Euskal Herriko ordezkari gisa aitortuta. 

Ordutik LABek parte hartze aktiboa izan du MFSn, besteak beste, zuzendaritza gune nagusia den Kontseilu Presidentzialean, Metaleko Federazioaren sorreran edota Emakume Langileen Batzordean. Gainera, Espainiako Estatuan MFS egituratzeko ekarpena egin du, Herrien Koordinadora deritzona sortuz. Bertan biltzen dira CUT Galiza, Intersindical Catalana, IAC, Intersindical Canaria, Intersindical Valenciana, CSI Asturies, CUT Aragoi eta SAT Andaluzia. Osotara 120.000 afiliatu baino gehiagorekin, kontraboterezko erreferentzia nagusietakoa da estatu mailan. 

Bere sorreratik lau izan dira FSMren ikur nagusienak: esplotazioaren aurkako klase borroka; antifaxismoa; antiinperialismoa eta autodeterminazio eskubidearen defentsa. Lau balore horiek indar handia dute, hain zuzen ere, Euskal Herriko langileen artean. Eta ezinbestekoak dira mundu mailan hedatzen ari den olatu erreakzionarioari aurre egiteko.