2026-10-18
HomeEkintza SozialaEuskal Herria harrera herri izan dadin borrokan ari diren ekintzaile solidarioen lana...

Euskal Herria harrera herri izan dadin borrokan ari diren ekintzaile solidarioen lana goraipatzen du LAB sindikatuak

2024ko ekintzagatik auzipetutakoak absolbitu izanak LABek hasieratik defendatu duena berretsi baino ez du egiten: klase elkartasuna antolatzea ez dela delitua, eta, aitzitik, eginbeharra dela.

Bi urte pasatu dira 2024ko ekintza desobediente hartatik. Milaka lagun Korrikarekin euskararen alde Irun eta Hendaia arteko igarobidea egiten ari zirela baliatuta, ekintzaile talde batek migrazio prozesuan ziren 36 pertsonekin batera igaro zuen Santiagoko zubia.

Epaitua izan zen ekintza hura, eta gaur jakin da epaia: absolbitu egin dituzte epaituak izan ziren zazpi ekintzaileak. Epaiak LABek hasieratik defendatu duena berretsi du: klase elkartasuna antolatzea ez dela delitua, eta, kontrara, eginbeharra dela.

Epaitua izan den ekintza haren alde, milaka izan ziren autoinkulpatu ziren herritarrak, eta ehunka eragilek ere bat egin zuten salaketa kanpainarekin. LAB sindikatuak elkartasun uholdea txalotu nahi du, eta argi du elkartasun olde horren ondoriozkoa dela epai hau. Herri garaipena izan da, azken batean. Halaber, LABek bere komunitate osoaren babesa eta harrotasuna helarazi nahi dizkie epaituak izandako lagunei, eta, bereziki, ekintza honen harira auzipetutako LABeko kideei. Sindikatuko militanteak buru-belarri ari dira, beste hainbat borroketan bezala, honetan ere, eta hainbat kide izan dira ekintza horretan auzipetutakoak.

Epaiketa ez zen ospatu behar. Heriotza, arrazismoa eta eskubideen urraketa sistematikoa gauzatzen duten lege eta politikak, baita berauek sustatu eta sostengatzen duten agintariak eta gauzatzen dituzten poliziak ere, dira epaitu beharrekoak. Elkartasuna ez delako delitua. Migrazioa ez delako delitua.

Askotariko arrazoiek bultzatzen dituzte pertsonak migrazio prozesuei ekitera. Gehiegitan, arrazoi politiko, ekonomiko eta klimatikoak dira; gerratik, segurtasun ezetik, pobreziatik eta eskubideen urraketetatik ihes egiten dute munduan zehar miloika pertsonek. Bizi dugun sistema kapitalista eta kolonialistaren ondorioak modu zuzenean bizi dituzte.

Eta hala heltzen dira asko eta asko gure lurraldeetara. Batzuek bertatik igaro nahi dute soilik, eta besteek bertan bizi proiektu duina garatu. LABek patronalaren eta agintari politikoen ikuspegi utilitarista eta merkantilista salatu nahi du, pertsona migratuak eskulan merke bilakatzeko joera etengabea dutelako. LABek, ordea, argi du gurea harrera herria dela, pertsona guztiak eta eskubide guztiak defendatzen jarraituko duela eta migrazio prozesu aske eta seguruak defendatzen. Inori mugak ezartzekotan, kapitalari ezarri behar zaizkio, baita langileon aurkako diskriminazioan eta gorrotoan oinarritzen diren mezu eta praktika faxistei ere.

Epaiketa honekin ez da ezer hasten edo bukatzen. LABek dei egiten du ekintza soziosindikal antirrazista garatzen eta sakontzen jarraitzera, eta dei egiten die langileei, halaber, helburu horrekin antolatzen diren eragile eta kolektiboekin elkarlana estutzera eta bide horretan jarraitzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek...

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...