2025-12-28
Blog Page 208

Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak eta antzekoak bilakatu dira laneko heriotzen lehenbiziko eragileak

Atzo, abuztuaren 30an, Zarautzeko Elesa Transformadores SAU enpresan lanean ari zen A.J.L. 47 urteko langileak lan istripu ez traumatikoa pairatu zuen eta, denbora luzez suspertzen ahalegindu ziren arren, han bertan hil zen. Dagoeneko, 2023an Euskal Herrian gutxienez 33 langile hil dira euren lanpostuetan, 7 Araban, 5 Bizkaian, 10 Gipuzkoan, 6 Nafarroan, 2 Iparraldean eta 3 kanpoan. Lehenik eta behin, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi die senide, lagunei eta hurkoei.

Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak eta antzekoak bilakatu dira lanean gertatzen diren heriotzen lehenbiziko eragileak.

Gaitz kardiobaskularrak  ez dira kasualitatea, ez dira ausaren ondorio, patronalak esan ohi duen bezala. Langileon bizi eta lan baldintzek eragiten dituzte eta, nagusiki, sektore konkretuetan gertatu ohi dira, kasuan kasu, estresak, erritmo azkarrak, presioak, autoritarismoa, lan araudia, azpikontratazioa eta prekaritatea bezalako faktoreak ere tarteko.

LABen argi daukagu bizi eta lan baldintza duinak behar ditugula, lanetik etxera onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula.

Aurten jada 33 langile hil dituen lan istripuen lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Izan ere, lan harremanen eta jolas arauen aldaketa batetik etorriko baita irtenbidea.

LABek indarrez eta erabakitasunez borrokatu du egungo sistema eraldatzeko, mozkinak lehenesten dituen, bidegabea den eta bizigarria eta bideragarria ez den sistema kapitalista erauzteko, eta langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen jendarte justu, berdinzale eta bizigarri bat eraikitzeko.

[IRITZIA] Osakidetza, XIX mendea eta burokrazia zapaltzailea

Osakidetzako Jesus Oñate delegatuaren iritzi-artikulua duzue jarraian, Osakidetzako EPEetan nagusi den burokraziak aurtengo abuztuan sortutako arazoak azaleratzen dituena.

Hiztegiaren arabera, pertsona, nazioa, herria eta abar menderatzea, iraintzea, umiliatzea edo tiranizatzea da zapalkuntza. XIX. mendean, Karl Marxek, estatu ezberdinen funtzionamendua aztertu ondoren, ondorioztatu zuen burokrazia, publikoa administratzeko modu bat izateaz gain, langile klasearen zapalkuntzarako beste tresna bat dela kapitalistentzat.

Uda honetan argi eta garbi egiaztatu ahal izan dugu Osakidetzak, erakunde kapitalista den aldetik, eta bere zuzendaritza burgesak burokrazia erabili dutela langileak are gehiago zapaltzeko, langile horiek beren klase-izaeraz jabetu ala ez.

Osakidetzako zuzendaritzak urte asko daramatza bertako langileak zapaltzen, eskura dituen elementu guztiekin: behin-behinekotasuna, prekaritatea, lan-kargen igoera, soldata-osagarriak blokeatzen hamarkadetan zehar, kontratazioan egindako iruzurra normalizatzen, alde sozialarekin elkarrizketa eraikitzailea ukatzen, etab. Une honetan, Osakidetzako ia langile batek ere ez du zalantzarik erakundeko arduradunek egunez egun jasanarazten dioten tratu txar sistematikoaz, barne-prozesuren bat abian jartzen den bakoitzean areagotzen dena, hala nola hautaketa-, mugikortasun-, eta prestakuntza-prozesuetan. Guzti hauek atzerapen handiak pilatzen dituzte.

Baina oraingo honetan Osakidetzako arduradun teknokratek udan martxan jarri duten burokrazia zapaltzailean jarri nahi nuke arreta. Sortutako kaosa harago joan da, eta, beste behin ere langileak zigortzen dituen prozedura bat abiatzeaz gain, milaka pertsonari eragin die, oraindik Osakidetzako langileak izan ez arren, Marxek aipatzen zuen burokraziaren zapalkuntza jasan dutenak, bertan lan egiteko helburua lortuz gero etorriko zaienaren aurrerapen moduan.

Hamarkadak daramatza zuzendaritzak aplikazio informatikoen sorrera eta kudeaketa pribatizatzen. Azken urteotan, akats informatikoak izan dira etengabeko aitzakia osasun-mahai sektorialean prozesu guztietako ia atzerapen guztiak justifikatzeko.

Duela urte batzuk, izapideak identifikazio elektronikoarekin egin ahal izateko aukera ezarri zen, eta bazirudien prozedurak guztion onerako sinplifikatuz joango zirela, baina uda honetan, XX. mendean ainguratutako zuzendaritza ikusi dugu, etengabeko akatsak izan dituzten arren, XXI. mendekoak diren tresna informatikoekin.

Identifikazio elektronikoa nahikoa da errenta-aitorpena edo administrazioarekin beste edozein izapide garrantzitsu egiteko. Badirudi digitalizazioa baliagarria zela jendeak oraindik egoitza elektronikoak menperatzen ez zituenean, burokraziatik datorren alde zapaltzaile hori sendotzeko, baina Osakidetzak, izapide horietara ohitu ondoren, koska bat estutu du egoera.

Osakidetzako kudeatzaileei ez diete axola LEPean izena emateko elektronikoki identifikatu izana, identifikazio horren pean azterketa-eskubide gisa tasa batzuk ordaindu izana ere, NANa fotokopiatuta eramatea eskatzen dute abuztu betean langile faltagatik saturatuta dauden beren erregistroetara, baita prozesuaren oinarriek ere hala ezartzen ez duten kasuetan ere.

Jasanezina izan da sortu den eromena, itzelak nahasmena eta haserrea. Langile klasearen zapalkuntzak ondorio horiek izan ohi ditu, baina ez beti, baina oraingoan, hori guztia abuztuan egitea izan da, langile akitu batzuentzat, egoerak gainezka egitea eragin duena.

Gutxieneko ahaleginaren legeak menderatzen du gaindituta zuzendaritza baten zeregina, hautaketa- eta mugikortasun-prozesuen kudeaketa hobetuko duten neurriak hartzeko gaitasunik ez duena. Une bakoitzean irekitako prozesurako beharrezkoak diren titulazio edo dokumentuak bakarrik baliozkotzen dira, eta, beraz, egiaztatu gabe geratzen da oposiziogileek aurkeztutako dokumentazioaren % 80 baino gehiago. Hori dela eta, oposiziogileek behin eta berriz dokumentazio bera aurkeztu behar dute prozedura bakoitzean, ez baita baliozkotzen. Gogoratu behar da legea argia dela horri buruz, eta inork ez duela aurkeztu behar “administrazio publikoen esku dagoen dokumenturik; administrazio publikoek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte informazio hori biltzeko, betiere, datu pertsonalen kasuan, interesdunen adostasuna badago”.

Aipatzekoa da, batzuetan, badirudiela psikopatiaren bat dagoela izapide horien inguruan, dokumentazio hori jasotzeaz arduratzen diren lankideak gutxienekoetan eta inolako laguntza teknikorik gabe lanean ikusten ditugunean; izan ere, ehunka aldiz transkribatu behar izaten dituzte boligrafoz gauzak, zigilu-marka soil batekin bizkortu eta ilara amaigabeen presioa eta lankide horiek jasan behar duten estresa txikitzen lagunduko luketenak.

Azken batean, Osakidetza, EAEko enpresarik handiena, kapitalismoak berezko duen burokrazian itotzen da. Zapaltzailearen papera gustura hartzen duten pertsonek zuzentzen dute, batek daki langileak gaitzesten dituztelako edo psikopatia batengatik. Badakigu, dena dela, Osakidetzako langile-klasea Marxek XIX. mendean iragartzen zuen burokrazia zapaltzailea jasaten ari dela.

[IRITZIA] Busturialdean duin lan, aske bizi

Jarraian duzue Ion Basurko Bustialdea-Lea Artibai eskualdeko arduraduna, Sortu-ko Ibon Meñika eta Ernai-ko Irati Omagoieaskoak Urdabaiko Guggenheim proiektuaren inguruan idatzitako iritzi-artikulua.

Gure herriarentzat sintesi bikaina idatzia du Eñaut Elorrieta abeslari gernikarrak, «aspalditik gatoz, urrunera goaz» kantatuz. Eta egia da; bilakaera luzeko errealitatea gara, eta eskualde honek badu zer esan ibilbide horretan: Gernikako Arbolak itzala ematen jarraitzen du mendeetan zehar egin bezala, eta, orain 86 urte suntsitu nahi izan bazuten ere, bere lur gainean askatasuna eta bakea eraikitzen ari den herri bat dago, zutik.

Berehalakotasunean itota bizi ei garen jendartea da gurea. Dena eta momentuan gura dugunok; ikuspegia zabaldu eta zein lur eremutan bizi garen ohartu behar dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititua izan den jakintza eta aberastasuna esku artean baititugu. Zertarako eta noren mesedetan da gakoa.

Azken hilabete luzeetan Busturialdea notizia da noiznahi, 1984. urteaz geroztik biosfera erreserba den Urdaibain Guggenheim-a eraikitzeko asmoa azaldu dutelako Bizkaiko eta EAEko zenbait instituziok. 130 milioiko kostua izango ei du –lehen aurreikuspenetan– mega-proiektuak, eta, besteak beste, espainiar Gobernu zentralari 40 miloi aterata, antza, ordainduko da dena. Gainerakoa nondik aterako den, ez dakigu.

Ernai gazte antolakundeak ekainean egindako mobilizazioan azaldutakoak gure egin ditugu eta, Euskal Herriko beste toki batzuetan egindakoaren antzera, gure eskualdea turismo industriara soilik bideratu nahi izateak ezinegona sortzen digu.

Daukagun ondare natural eta historikoaren ustiapen ekonomikoa bultzatu nahi dute, gutxi batzuen interesei men egingo diena. Bigarren etxebizitzen zabalpen neurrigabea, alokairuen prezioen igoera, gentrifikazio arriskua, ur baliabidearen eskaria areagotzea, garraio publikoaren bidezko mugikortasun erronkak handitzea, ekosistema sentikorrenen gaineko arriskuak ugaritzea, kulturaren merkantilizazioa, lanpostuen prekarizazioa… Eta guztia, gainera, diru publikoz lagunduta.

Ba, ez.

Eztabaidari perspektibarekin heldu beharra dago eta, garai honetako erronka eta eraldaketa prozesuek erakusten digutenari gainbegirada bat emanez, egun ditugun egitekoak lehenetsi: krisi ekosozialak edota zaintzaren krisiak bestelako sistema produktibo eta erreproduktibo baten beharra eta urgentzia azaleratzen dute, eta egitasmo horietan murgiltzen ari diren mugimenduak –baita gure eskualdean ere– ehuntzen ari dira; trantsizio ekosozialerako proposamenak (bertoko basoen berreskurapena, energia komunitateak, iraunkortasun indizeak, desazkunderako pedagogia…) edota azaroaren 30eko greba feminista orokorra, horren lekuko.

Osasuna eta modu duinean bizi eta artatuak izateko eskubidea kolokan dagozen honetan, eskualdeko ospitalean gaixo kroniko eta aringarrientzat oheak egotea urgentziazko inbertsioa da; eta ospitalea oheekin plataformak zein pentsiodunen mugimenduek denbora daramate berau aldarrikatzen.

Erabaki politikoek urteetan bultzatutako industria huste prozesuaren aurrean, balio erantsiko industria iraunkorrean arreta jarri, kooperatibismoaren eraberritzean sakondu (bizitza prekarioa sortzen duen azpikontratazioen gehiegizko erabilerak bere sorrera filosofiatik urruntzen baititu), elikadura burujabetzan oinarrituriko lehen sektorerako apustu errealak egin, turismo jasangarrian ereduak izan, jasangarritasunaren hezkuntza-proiektuak (arautua eta komunitarioa) landu, euskara eta euskal kulturaren sistemarako arnasberritze estrategiak abiatu, inklusibitate politikak gauzatu…

Hor kokatu beharko genituzke politika publikoaren potentzialitatea eta inpultsu komunitarioaren indarra eta baliabideak.

Lan duina, bizitza askea, zaintza publiko-komunitarioa, euskal kulturaren prestigiatze lanak eta naturarekiko orekak erdigunean dituen eskualde eredu baten alde gaudenok gehiengoa gara Busturialdean.

Egiturazko arazo errealei heldu eta eskualdearen erronkei erantzungo dien plana eraikitzeko baliabideak badaude, eta ditugun jakintza eta tresna guztiak bere zerbitzura jartzea dagokigu. Borrokaren bidez eskubideak eskuratu eta gurea dena defendatzeko determinazioa ardatz izan behar dugu.

Gu horretan gaude; eta egongo gara. Elkarlanerako prest, ekintzailetza sustatzeko asmoz, gehiengo sozialen alde. Busturialdean lan eta bizitzeko aldarriaren genealogia jaso dugu, ikasi dugu, transmititu digute. Begirada altxatu eta gaurko eta biharko Busturialdea balore berdinzale, komunitario, herritar eta eraldatzaileen gainean eraikitzeko gogoz gaude.

Inondik inora ez dugu onartuko elite pribilegiatuen eskuetan egotea gure oraina eta etorkizuna.

Donostiako Udaleko zuzendariek euskaldunak eta funtzionariak izan behar dutela adierazi dugu

Salatu dugu Eneko Goiaren Udal Gobernuak izendatu nahi dituen bi zuzendari berriei ez dizkiela baldintza hauek betebehar gisa ezarri nahi, egin duen proposamena karrerako funtzionarioen eta euskaldunen aurkako ostiko berria iruditzen baitzaigu.

Joan den uztailaren 26ko data daraman Udal Batzari zuzendutako eskarian, hainbat Lege aipamenetan oinarrituz, zera aipatzen da:

“Salbuespen gisa, Udaleko osoko bilkurak, alkatetzak proposatuta, erabaki arrazoitu baten bidez eta garatu behar diren funtzioak kontuan hartuta, zehaztu ahal izango du zein jardun-arlo edo eremutan izenda daitezkeen enplegatu publiko ez diren pertsonak”.

“Udaleko zuzendaritza-organoetako lanpostuen egungo zerrendak Osasun eta Ingurumen zuzendari, eta Pertsonak Kudeatzeko zuzendari lanpostuak hartzen ditu, Donostiako Udaleko karrerako funtzionarioentzat gordeta”.

Baina… “Ekonomia, Tokiko Enplegu eta Ekologiarako zinegotzi ordezkariak, eta Pertsonen, Kudeaketa Ekonomikoaren eta Aurrekontuen zinegotzi ordezkariak, justifikazio txostenak egin dituzte, osasun eta ingurumeneko, eta pertsonen kudeaketako zuzendaritza organoetan funtzionario izateko betebeharretatik kanpo uzteko beharrari buruz, hurrenez hurren, aipatutako lanpostuetan bete beharreko eginkizun espezifikoen arabera”.

Nahikoa ez balitz, Udal Gobernuak ez du bermatzen “behatzez” izendatuko dituen zuzendari ez funtzionari hauen euskararen ezagutza ere, Donostiako Udal Lanpostuen Zerrendan Donostiako Udaleko Zuzendari Lanpostu guztiek gutxienez hirugarren hizkuntza eskakizuna gainditua izan behar dutela dioen arren. Izan ere gaur arteko Pertsonen Kudeaketarako zuzendariak baldintza hori betetzen zuen, ez aldiz, Osasun eta Ingurumen zuzendariak.

LABen iritziz karrerako funtzionarioen eta euskaldunen aurkako Eneko Goiaren ostiko berria da Udal Gobernuak eginiko proposamena. Batetik, Udal funtzionarien artean horrelako kargua eskuratzeko aukera murrizten delako, karrerarako aukera ukatuz. Eta, bestetik, azken hiru hamarkadetan Udal langileen euskalduntzearen esparruan eginiko ahaleginak zapuzten dituelako zuzendari ez euskaldun batek euskaldundu diren langile guztiak espainolez lan egitera derrigortzen baititu. Eta hori guztia, beren sokako jendea ardura postuetan sartzeko.

Igor Arroyo: “Borrokan jarraituko dugu erosahalmena berreskuratu eta lanaldia eta lan osasunean aurrera egiteko”

Radio Euskadiko “Boulevard” saioan izan da gaur goizean Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra. Iñaki Larrañagaren galderei erantzunez aktualitateko gaiak landu ditu.

Horrela, datorren udazkenean “greba eta mobilizazioak” nagusi izango direla aipatu du, pasa den ikasturtean izan diren bezala, “langileen eros ahalmena berreskuratu” eta lanaldia eta lan osasuna bezalako gaietan egoera hobetzeko.

Egunotan pil-pilean dagoen Rubialesen auziaren inguruan, adierazi du kasuak “islatzen duen egiturazko matxismoa dago oraindik lan merkatuan”.

Langileriaren aldeko neurriak eskatu dizkie administrazioei eta LABek Osakidetzaren egoera kaskarra, azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista, balizko erreforma fiskala edota ELArekiko harremanei buruz duen iritzia ere izan ditu hizpide.

Hemen duzue elkarrizketa entzungai.

Etxabarri-Ibiñako PEPSIco lan zentroan akordioa #LortuDugu

Oso positibotzat jo dugu akordioa, hiru greba egun aurrera eraman ostean plantillaren aldarrikapenak onartu direlarik.

Astelehen honetan, 2023ko abuztuaren 7an, Etxabarri Ibiñako botilaratze-plantako langileek aldeko botoa eman dute enpresako zuzendaritzaren eta LAB, CCOO, USO, ELA, UGT eta Independientek osatzen duten Komitearen artean lortutako akordioaren alde, langileei batzarrean kontsulta egin ondoren goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.

Hiru eguneko greba masiboaren ondoren, beste hiru egun deituta eta lantokiko ekoizpena geldiarazita, alderdi soziala akordiora heldu da enpresako zuzendaritzarekin, eta eduki hauek ditu:

  • KPIaren soldataren igoera 2021 eta 2022 urteetarako.
  • 2023ko urteko lanaldia 8 ordu murriztea.
  • Berdintasun-plana eta hitzarmena negoziatzen hasteko ituna.
  • Malgutasun hiru larunbatetan igotzea, onura ekonomikoekin horiek egin ondoren eta gainera jai-egun gehiagoz gozatzea.

Azpimarratzekoa da LABek prozesu osoan izan duen konpromisoa. Estatu mailako eta lantoki mailako Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) negoziazioan zein negoziazio honetan, LABek beti proposamenak egin eta neurriak hartu dituela erakutsi du, langileen lan baldintzak hobetzeko, aurrera eramandako mobilizazioak dinamizatuz.

PEPSIco-ko langileak ere zoriondu nahi ditugu, beren borrokari eta grebak izan duen arrakastari esker, langileen baldintzak nabarmen hobetzea lortu baitute. 2021etik izoztuta zeramaten soldatek erosteko ahalmena bermatuta izango dute, urteko lanaldia murrizteaz gain, eta blokeo-egoeran zegoen hitzarmen-negoziazioari indarra eman zaio.

Azkenik, gogorarazi behar dugu, beste behin ere, langile klasearentzako hobekuntza hauek langileen borrokari esker lortu direla. Borrokak merezi du!

Politika eta jarduera arrazistarik ez Gasteizko kale-saltzaileekin

Arabako hiriburuko jaien testuinguruan, Udaltzaingoak kalerik kaleko salmentan aritzen diren pertsonak jazartzen dituenaren berri izan dugu, eta gogorarazi dugu kale-salmenta ez dela delitua.

Aginduak argia dirudi: identifikatu, isuna jarri (120 €-ko isunak jartzen ari direla egiaztatu ahal izan du LABek) eta salgai dauden produktuak konfiskatu (kapelak, betaurrekoak…). Hori da udaltzainak egun hauetan egiten ari direna. Jokabide hauen oinarriak Jaietako bandoan eta Udal Araudian daude, biak ala biak muturrera eramanez eta pertsona hauek jazarriz.

LABen ulertzen dugu arauon eta udaltzaingoaren arduraduna Maider Etxebarria Gasteizko Alkatea dela; beraz, dei egiten diogu jokabide hauekin amaitzeko eta pertsona hauek beraien jarduera askatasunez eta presiorik gabe aurrera atera ahal izatea berma dezala.

Kalez kaleko salmentan lan egiten duten pertsonak langileak dira, hau da, haien ogibidea da eta lasaitasunez aurrera atera behar dute. Horietako asko egoera administratibo irregularrean daudenez, Atzerritartasun Legearen mehatxupean, udaltzaingoa zigorgabetasunez jokatzen ari da, ezin baitute haien aurkako jarduerak salatzeko eskubidea baliatu. Eredu kapitalista eta arrazista honek sistematikoki urratzen du pertsonek lan duina izateko duten eskubidea, eta, hori gutxi balitz, horiek jazartzen ditu. Hori guztia dela-eta, langile hauen jazarpenarekin bukatzea aldarrikatzen dugu eta eskatzen dugu administrazioek eta toki-erakundeek eskubideak eta lan eta bizi baldintza duinak berma ditzatela.

[IRITZIA] Murrizketak eta itxierak: Osakidetzaren udako eskaintza

Jarraian duzue Osakidetzako Lehen Mailako Arretan udan gertatutakoaren inguruko irakurketa, LABeko delegatu diren Latxe Uranga, Irati Bernaola eta Edurne Aguirrek idatzitako iritzi-artikuluaren eskutik.

Horixe da Osakidetzak uztailean, abuztuan eta irailean EAEko biztanleei eskaintzen diguna: osasun-zentro batzuetako ateak ixtea eta beste askoren ordutegia murriztea. Era berean, erabat itxiko ez diren osasun-zentroetako plantilla murriztuko da, eta zenbait lekutan, erizainek bakarrik artatuko dituzte pazienteak; beraz, ez da diagnostiko medikorik egingo.

LABen argi daukagu osasunaren negozioan milaka milioi mugitzen direla. Bengoak eta konpainiak legez onartu zutenetik, urtetik urtera gero eta ahalegin handiagoa egiten da diru publikoa esku pribatuetan gera dadin. Azkenaldian, murrizketen ondorioz osasun-zerbitzuaren kalitateak behera egin duen heinean, itxarote-zerrendak eta -denborak handitu diren heinean, pazienteek aseguru pribatuetara ihes egitea eragin du. Osasunaren merkantilizazio hori da osasun-sistema publikoaren gainbeheraren arrazoia. Horrek lan-baldintzak prekarizatzea eta osasun-sistema desegitea eragiten du, eta hori Lehen Mailako Arretan (LMA) bizitzen ari gara.

Osasunari dagokion aurrekontua banatzerakoan, datuak ezkutatzen badituzte ere, argi ikusten da Osasun Sailak komunitatearen osasuna sustatzeari eta gaixotasuna prebenitzeari ematen dion garrantzirik eza. Sailaren kudeaketan nagusi den merkataritza eta negozio-ikuskera horren ondorioz, ospitaleek inbertsioaren zatirik handiena xurgatzen dute, osasun-sistema publiko ospitalzentrista eta abegitsu bat sortzen dute, enpresa parasitarioak ugaltzen dituena. Horri esker, lehen mailako arretarako aurrekontua OMEk gomendatzen duen %25etik urrun geratzen da. Ezin dugu ahaztu LMA oinarrizko tresna dela osasunari eusteko, eta biztanleria osasun-sistemarekin lotzen den lehen katebegia dela.

LMAk aurrekontu kaskarra izateak ondorio argiak ditu, bai herritarren osasunean, bai langileen lan-baldintzetan. Lana nahiko prekarizatu da azken urteetan, eta uda eta opor garaietan areagotu egiten da. Adibidez, ordezkatzen ez bada, lana daudenen artean banatu behar da, eta horrek gainkarga handia dakar, frustrazioa eta nekea eraginez, baldintza horietan zaila baita kalitatezko gutxieneko zerbitzu bat ematea. Eta zer esan profesionalen ihesari buruz; gaur egun lehen mailako arretako lana ez da profesionalki erakargarria, eta behin-behinekotasun handia dago. Kalitatearen jaitsierak, gainera, areagotu egiten ditu hitzezko erasoak, baita eraso fisikoak ere.

Gizartearen osasunari dagokionez, argi dago LMA suntsitzea kaltegarria dela gure osasunerako. Nola eskainiko diegu erabiltzaileei kalitatezko denbora agendak goraino badaude? Nola detektatu eta tratatuko ditugu gaixotasunak garaiz itxaron-zerrendak handitzen badira? Murrizketa hauek irisgarritasuna oztopatzen dute, nola ez, kolektibo ahulenei eragiten diete gehienbat (mugikortasun urritukoen edo nagusien kaltetan), eta paziente kroniko eta konplexuen jarraitutasuna zailtzen dute, osasunari kalte larriak eragiten baitizkiote: adibidez, ospitaleratzea. Eta zein da Osakidetzako zuzendaritzak eskaintzen duen irtenbidea? Langileek berezkoak ez diren eginkizunak betetzea, legearen aurka. Erizainek lan medikoa egin dezaten nahi dute, eta administrariak eta zeladoreak triajea.

Harrigarria da LMArekiko utzikeria eta mespretxua. Deustobarometroak erakusten duen bezala, biztanleriaren %81entzat egoera kezkagarria da, guretzako beste, baina utzikeria eta mespretxu horrek negozio-nitxoak irekitzen ditu beste batzuentzat. Batez ere, osasun pribaturako. EAJ osasun publikoa babesten dutenen interesak defendatzen ari da, LMAren bideraezintasunaren diskurtsoa modu gaiztoan zabaltzen duenean. Osasun-sistema publikoa eta haren egitura modu isil eta estalian aldatzea bilatzen ari dira, gaizki funtziona dezan eta pribatizazioari ateak ireki diezazkion, lankidetza publiko-pribatua bezalako kontzeptuekin.

Osakidetzako langileok prest gaude oztopo guztien gainetik herritarren osasuna zaintzeko eta pertsona guztientzako LMA publiko eta kalitatezkoa defendatzeko.

Argi dago egoera honek oso eragin negatiboak dituela Osakidetzako lan-baldintzetan (Osasun zentro eta EAGetako langileentzat, batez ere), baina erantzun herritarra izan behar duen erronka da. Erakunde publikoetatik eskaintzen den osasun-arretaren kalitatea da jokoan dagoena, eta alarma guztiak pizteko bezain egoera garrantzitsua da. Asistentziaren kalitatea jokoan jartzeaz gain, landa-eremuetan eta hiriguneetan ematen den arretaren artean gero eta arrakala handiagoa antzematen ari gara.

Esan dezakegu hiriguneetatik kanpo bizi diren pertsonen osasuna deslai uzten ari direla, osasun-zerbitzu dekadente eta eskasa sustatuz, baina tamaina ertain eta txikiko herrietan sortzen ari diren egoera guztiz arduragabea da.

EAJ, neoliberalismoaren defendatzaile sutsua den heinean, osasun publikoan negozioa ikusten dutenenekin bat egiten ari da. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da gure lantokietan konfrontazioa ematea, baina konfrontazio horren oinarrian herritar guztiei kalitatezko zerbitzua ematea egon behar da, alderik gabe, eta horretarako, inoiz baino beharrezkoagoa da arreta hori emateko baldintzak blindatzea. Defenda dezagun, beraz, osasun-zentroen %100eko irekiera, udan eta beti!

LMA ezin da hutsik geratu, ez funtzioetan, ez edukietan, ez profesionaletan. Defenda dezagun, beraz, osasun-zentroen %100eko irekitzea udan eta beti!

Grebara joko dugu beste behin ere PepsiCon

LAB, CCOO, USO, ELA, UGT eta Independenteen sindikatuek osatzen duten PepsiCo edarien konpainiako Etxabarri-Ibiñako botilaratze enpresako greba batzordeak hiru greba egun deitu ditu abuztuaren 4, 8 eta 10erako, enpresa proposamenik ez dagoelako. Bi greba egun egin ondoren, 2021erako eta 2022rako KPIaren aldarrikapenean jarraitzen dugu, soldatak izoztuta mantendu baitira, konpainiaren etekinak handitzen joan diren bitartean. Ez gaude prest erosteko ahalmenaren galera onartzeko, eta are gutxiago neurrigabeko malgutasunaren truke.

Txanda aldaketetan kontzentrazioak mantentzen ditugu greba egun guztietarako eta Korreosen (Postas kalea, 9, Gasteiz) kontzentrazio bat burutuko dugu abuztuaren 4an, 11:30etatik 12:00etara.