2026-07-07
Blog Page 207

Euskararen aurkako oldarraldiak ez du etenik

LAB eta ELA sindikatuok Euskal Herrian euskaraz bizi eta lan egiteko euskaldunon eskubidearen aurkako eraso berri bat salatu dugu. Izan ere, joan den astean jakin genuen administrarien 119 plaza egonkortzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) deitutako prozesua epaitegietara eraman dutela. Oraingoan ere lanpostu hauek duten beharreko baldintza den Hizkuntza Eskakizuna dago auzitan. Ez dakigu zein izan daitekeen ekintza horren atzean dagoen benetako intentzionalitatea baina ezin dugu onartu euskal herritarren eta euskal langileon hizkuntza eskubideak kolokan jartzea.

Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren lanabesa da, euskaraz biziko den Euskal Herriko administrazio publikoak euskaraz funtzionatu behar baitu, euskara ez dakiten herritarren hizkuntza hautua errespetatuz beti eta non nahi.

Urraketa hori salatzeko  GFAko Langile Batzordea osatzen dugun gehiengo sindikalak elkarretaratze batera deitu ditugu GFAko langile nahiz kargu politikoak eta baita euskal eragileak ere. Foru Aldundiak bat egin du deialdiarekin, erakutsiz, gipuzkoarron zerbitzura dagoen heinean, bere ardura eta betebeharra ere badela euskara sustatzea eta defendatzea.

Gauzak horrela, batetik euskaraz lan eta bizitzen jarraitzeko deia egiten dugu, mobilizazio dinamikari eutsiz. Bestetik, indar politikoei behar diren aldaketa legalak egin ditzatela eskatzen diegu, bizi dugun ameskaiztoak aurrera baitarrai.

Euskal Herrian euskaraz lan eta bizi nahi dugulako, euskaldunon hizkuntza eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu.

Mecaner-eko enpresa-batzordeak trantsizio ekosozialeko proposamenen aldeko apustua egiten du lantegiaren itxiera ekidin dezakeen tresna bezala

Mecaner-eko langileek, enpresa-batzordearen deialdiari jarraiki, agerraldia egin dute Urdulizen, EEEaren kontsulta-aldia hastear dagoenean eta itxieraren iragarpenetik ia 6 hilabete igaro ondoren, jakinarazteko azken hilabeteetan euren azaletan bizitzen ari direla enpresaren zekenkeria eta itxiera mehatxuaren ondorioak; globalizazio ekonomikoak eragindako arazoetako bat, deslokalizazioa, hain zuzen ere. ā€œEgoera behin eta berriz errepikatzen denean, zerbait huts egiten ari den edo ez dela ondo egitearen seinale diraā€, adierazi dute.

Euren esanetan premiazkoa da milioi askoko laguntza publikoak jasotzen dituzten multinazionalen jarduteko modua geldiaraztea ondoren, eskrupulorik eta errotzerik gabeko erabaki injustoak hartzen bait dituzte, Mecanerren bezala. Hori gertatzen denean, premiazkoa da mekanismoak aktibatzea, onura atera dioten diru publikoa itzuli beharra egon dadin, eta, era berean, jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen arabera industria-birmoldaketari ekin ahal izateko, lanpostuak mantentzen direla ziurtatuz.Premiazkoa da politika industrial justuagoak eta ekologikoki iraunkorragoak egitea, langieak kapitalaren gainetik jarriz. Ezin da onartu irabaziak dituzten enpresek horrelako erabakiak hartzea.

Plantilla irailaren hasieran esandakona berresten da; ez du onartzen Mecaner ixtea, eta are gutxiago taldeak erabaki hori justifikatzen saiatzeko argudiatzen dituen arrazoiak. Aitzitik, badakite Mecaner enpresa bideragarria dela eta etorkizuna duela, horrela erakusten baitute 2022an lortutako 600.000 eurotako irabaziek.

Horregatik, hilabete hauetan euren konpromisoa, borroka eta proposamenak (kaudimen teknikoa duen txostena eta trantsizio ekosozialeko proposamenak egitea, fabrikaren itxiera ekiditeko eta bere etorkizuna bermatzeko tresna lagungarri bezala) Mecanerren, industriaren eta eskualdearen orainaren eta etorkizunaren aldeko apustu argia dira.

Fase erabakigarri batean sartzera doazela adierazi dute eta denbora agortuz doala. ā€œEgoera honetan ez du balio pilota erantzukizunik gabe pasatzea, ehunka lanpostu eta eskualde baten etorkizuna jokoan dagoen bitarteanā€, adierazi dute. ā€œGobernuek erantzukizunak eta konpromisoak hartu behar dituzte, horregatik, lanpostuen defentsan eta enpleguaren defentsan lan egiteko es-katzen dieguā€.

Alarmak pizteko une da, ahaleginak areagotu, ekintzetara pasa eta herri gisa erantzuteko, Mecaner itxi ez dadin. Hori dela eta, herritarrei dei egiten diete enpresa-batzordeak datorren martxoaren 2an (larunbata) 17:00etan Urdulizko Udaletik abiatuta egingo duen manifestazioan parte har dezaten.

Enpresaren itxikeriaren aurrean, Natra OƱatiko langileek greba egun gehiago egingo dituzte, hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa apurtzeko

2024ko otsailaren 15ean burututako asanbladan, Natra OƱatiko langileek enpresa-batzordeak aurkeztutako mobilizazio proposamenarekin bat egin dute baiezko 223 boto, 4 ezezko, eta 3 zurirekin. Beraz, bozkatzaileen %97ko babesarekin, eta grebekin erantzungo diote enpresaren blokeoari.

Otsailaren 19tik 23ra, otsailaren 26tik martxoaren 1era eta martxoaren 4tik 8ra. 02:00etatik 06:00etara, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 9an eta 10ean. 02:00etatik 06:00etara, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 11tik 15era. 02:00etatik 06:00etara, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 16an eta 17an. 02:00etatik 06:00etara, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.

Martxoaren 18tik eta 22ra. 02:00etatik 06:00etara, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Martxoaren 23an eta 24an. 02:00etatik 06:00etara, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara.

Lanuzteekin batera, mobilizazio batzuk egingo dituzte, besteak beste, otsailaren 24rako (larunbata) manifestazio baterako deia, OƱatiko plazatik 12:00etan abiatuko dena.

LABek enpresaren portaera salatu nahi du. Lanaldia lau txandatan ezarri nahi diete langileei urte osoan. Eta Batzordeak langileen lan-osasuna hondatzen duen neurri hori sinatzeari uko egin dionez, enpresak ez du negoziatzen jarraitu nahi. Errelebo kontratua xantaia gisa erabili nahi dute eta ez dituzte lan erreformen aurkako blindajeak aplikatu nahi. Soldatak eta kategoriak eguneratzeko, aldizkako kontratu finkoak mugatzeko eta 4. txandako baldintzak duintzeko eskatzen dugu.

LABetik argi esan nahi dugu ez goazela onartzera hitzarmenean inongo atzerapausorik. Akordio bat nahi dugu, baina ez dugu onartuko gure lan-baldintzak okertuko dituen hitzarmenik.

EHUko zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren itxikeriaren aurrean, irakasle eta ikertzaileek greba egingo dute martxoaren 6an eta 12an

Ikasturte honetako lehen lauhilekoan EHUn greba egitera eta mobilizatzera bultzatu gintuzten arazo gehienek beren horretan diraute bigarren lauhilekoaren hasiera honetan. Aste hauetan zehar, negoziazio-mahaiaren bi bilera izan ditugu baina Errektoretza erabat itxita agertu da sindikatuek aurkeztutako proposamenen aurrean. Nabarmentzekoa da, bereziki, ordezko irakasleen lan-baldintzak hobetzeko proposamenen aurrean zuzendaritzak erakutsitako egoskorkeria. Eusko Jaurlaritzaren jarrera pasiboa ere onartezina izan da.

Lehen lauhileko mobilizazio eta grebetan sindikatuok salatu genuen unibertsitatean arazo estrukturalak ditugula eta EHUko langile kolektibo batzuen lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa dela, finantzaketa falta izanik erroko arazoa. Hartara, gure aldarrikapen nagusiak irakasle ordezkoen prekarizazioarekin amaitzea, langile guztion erosahalmenaren berreskuratzea, irakaskuntza eta lan zamaren jaitsiera, eta oro har Unibertsitatearen finantzaketa handitzea izan ziren. Honen aurrean, errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak eman dituzten pausoak oso eskasak izan dira. Ez dute hitz egin nahi 41/2008 Dekretua aldatzeaz, ordezko irakasle prekarioen miseriazko soldatak finkatzen dituena, edota haien soldatak EHUn bertan negoziatzeaz. Ez dute ezer jakin nahi EHUko langileon erosahalmenaren berreskurapenaz, edota irakasle-ikertzaileok 2006tik hona izoztuta ditugun osagarri gehigarrien eguneratzeaz (% 30etik gorako balioaren galera izan dugu). Ez dute ezer entzun nahi azken boladan langileen alde egon diren epaiak betetzeaz (ikertzaileak, seiurtekoak denontzat, bosturtekoak lanaldi partzialeko langileentzat…). Eta, erretiroen inguruko murrizketen aurrean garaipen judiziala egonda ere, Unibertsitateak bere horretan darrai.

Arazo estruktural eta prekarizatzaileen gorakadak ordezko irakasleen lan-baldintzen okertzea ekarri du. USLO indarrean sartu zenetik, hutsik dauden lanpostuen ordezkapen kasuetan izan ezik, ordezkoei ez zaie osoko jardunaldia aitortzen (nahiz eta ordezkatuak hala izan): ez klaseen prestakuntza, ez formazioa edota irakaskuntzari lotutako kudeaketa, eta miseriazko soldatetara kondenatu dituzte. Baldintza honetan dauden langileak guztiz egoera prekarioan daude, eta baldintza kaskar hauek izanagatik lanpostu asko ordezkatu gabe geratzen dira, sailetako beste irakasleei lan-zama handituz. Honek guztiak eragin zuzena dauka irakaskuntzaren kalitatean, ikerkuntzan eta unibertsitatearen kudeaketa egokian.

Urriaren 11an, urriaren 25ean eta abenduaren 19an argi esan genion EHU eta Eusko Jaurlaritzari unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen eta, ondorioz, unibertsitate beraren egoera jasangaitza dela eta bereziki premiazkoa dela aipatu ditugun gaiei eustea. Errektoretza-taldearen jarrera murriztailearen eta Eusko Jaurlaritzan jarrera immobilistaren aurrean, EHUko irakasle eta ikertzaileok mobilizatzen jarraitu beharko dugu lan-baldintza egokien defentsan. Horregatik, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok bi greba egun egitera deitzen dugu: martxoaren 6an, EHUko unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta, martxoaren 12an, sektore publikorako mobilizazio-dinamikarekin bat eginez, unibertsitateko komunitate osoko langileak.

Bi urteko haurren gelak Nafarroako ikastetxeetan: aukerarik txarrena haur eskolak doakoak izateko prozesuan aurrera egiteko

Nafarroa osoan kudeaketa komuna izateko ordua da, haur eskolek eta bertako langileek jasaten duten kaosa behingoz antolatzeko.

Duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 0-3 zikloa doakoa izango dela Nafarroa osoko sare publikoan. Orain jakin berri dugu, prentsaren bidez, Hezkuntza Departamentuak erabaki duela 2024-2025 ikasturtetik aurrera 2 urtekoen gelak sartzea ikastetxe publikoetan, sektoreko profesionalekin edo sindikatuekin kontsultatu edo kontrastatu gabe. Helburua, diotenez, Haur Hezkuntzako lehen zikloaren unibertsaltasunerantz aurrera egitea da.

Doakotasuna iragarri ondoren, argi genuen ez zela plaza publikorik egongo 0-3 urte bitarteko Nafarroako haur guztientzat. Eta, dirudienez, Gobernuak gai horri erantzuteko plantea ditzakeen aukeren artean, biderik ā€œerrazenaā€, azkarrena eta, jakina, merkeena aukeratu du: ikastetxe publikoetan bi urteko haurren gelak sortzea. Horrela, ez da beharrezkoa izango eskola berriak eraikitzea eskaintza handitzeko, espazio libreak erabiliko baitituzte 2 urteko haurrekin. Erabaki horrekin, eskoletako espazio libre horiek ratioaren jaitsiera lineala ezartzeko eta, horrela, ikasleen arreta hobetzeko aukera bikaina baztertu dute.

Eta LABen alarma guztiak piztu zaizkigu.

Alde batetik, uste dugu pedagogikoki zentzugabekeria bat dela zikloa zatitzea eta 2-3 urteko haurrak haur eskoletatik ateratzea, eskola horiek bereziki haientzat sortu eta diseinatuak baitaude. Gainera, haur txiki-txikientzat prestatuak edo pentsatuak ez dauden instalazioetan kokatzeak (oso bestelako beharrak dituzten ikasle helduagoentzat egokitutako patio izugarriekin, konparazio batera) ez du ezer onik ekarriko eta hezkuntza-kalitatea nabarmen okertuko du.

Bestalde, neurri hori landa-eremuetan aplikatzen hasteak haur eskola txikienak kondenatuko ditu, urte batzuk baitaramatzate ikusten nola murrizten zaizkien unitateak hainbat arrazoirengatik. Askok espero genuen, doakotasunari esker, hango matrikula kopurua berriro handituko zela. Baina Hezkuntzak orain iragarritako neurriarekin, landa-eskola horiek are kaltetuagoak izango dira.

Eta, azkenik, lan arloari dagokionez, ez dakigu nola kudeatuko diren langileak. 2 urtekoen gela horietako langileak ikastetxe publikoetako gainerako irakasleak bezala kontratatuko dira Hezkuntzako zerrendetatik? Haiek arduratuko al dira, halaber, ziklo honetako errutinen ardatz diren zainketez (jaten ematea, pixoihalak aldatzea, siestan laguntzea…)? Orduan, B mailako langileak izango dira, ala udalek edo udal-eskolen enpresa kudeatzaileek C mailako langile gisa kontratatutako langileak izaten jarraituko dute? Erabaki horrek arrakala bat sortuko du ikastetxe publikoetako 2 urteko haurren geletako langileen eta haur eskoletako langileen artean?

Gure ustez, garaia da Gobernuak zikloa duintzeko dituen konpromiso garrantzitsuei heltzeko, hala ziklo hori hezkuntza-ziklo gisa aitortuz –LOMLOEk eta 61/2020 Foru Dekretuak aldarrikatzen duten bezala–, nola baliabide materialen kudeaketari eta langileen kontratazioari dagokionez. Garaia da, beraz, Nafarroa osoko kudeaketa komunari aurre egiteko, haur eskolek eta bertako langileek lurralde osoan jasaten duten kaosa behingoz antolatzeko.

LABetik ausardia eta ikuspegi zabala eskatzen dugu erronka honi aurre egiteko. Inprobisatzeari eta berriak prentsa bidez zabaltzeari utz diezaiotela, eta benetako urratsak eman ditzatela Nafarroako hezkuntza-arretaren kalitatea hobetzeko eta sektoreko langile guztien lan-baldintzak duintzeko. Garaia da Nafarroa osoko haur eskola guztiek kudeaketa komuna izan dezaten. Publifikazioa lortzen ez den bitartean, LABek Nafarroako haur eskoletarako hitzarmen propio baten negoziazioa defendatzen jarraituko du.

Lantokietan ematen diren diskriminazio guztien aurka borrokatuko dugula adierazi eta sindikalismo antirrazista garatzeko konpromisoa berretsi dugu

LAB eta SOS Arrazakeriak mobilizazioa egin dugu IruƱean, Lan Ikuskaritzaren aurrean, lantokietako diskriminazioaren kontra. Bertan, Aljeriatik Nafarroara lanera etorritako emakume* langile baten kasua salatu dugu, lehenik Misericordia adinekoen egoitzan eta Morean ondoren, hiyab-a erabiltzeagatik presioak, mehatxuak eta kaleratzea jasan behar izan baitzituen. LAB sindikatuak irmoki errefusatzen ditu lan egiteko eskubidearen aurka hartutako jarrera eta erabaki hauek.

Diskriminazio eta zapalkuntza ugari elkar gurutzatzen dira gertakari hauetan. Ez da kasualitatea emakumea*, migratua, musulmana eta arrazializatua izanik laneko diskriminazioa bizi behar izatea. Zoritxarrez, ez baita salbuespena.

Gure jendarte antolaketan, prekarioenak eta baldintzarik okerrenetan dauden lanpostuak langile migrante emakumeei* eskaintzen zaizkie, bizirauteko adina ematen ez dutenak, etengabeko mehatxupean biziarazten dutenak.

Ez dagokio LABi hiyab eramatearen arrazoiak epaitzea ezta interpretatzea ere. Afera honetan oinarrizkoa den horretan jarri behar da begirada: lan egiteko eskubidea dute, eta hiyab-a ezin da izan diskriminaziorako, mehatxurako edo kaleratzeko arrazoi.

Horregatik, LABek adierazi nahi du lantokietan zein kalean jendarte eredu esplotatzaile hau sostengatzeko beharrezkoa den mota guztietako arrazakeria gainditzeko borroka egitea ezinbestekoa dela, eta sindikatu honek horretarako tresna izateko lanean jarraituko duela.

Era berean, LABek neurri eraginkorrak eskatzen ditu lantokietan horrelakorik gerta ez dadin, Lan Ikuskaritzatik hasi eta patronalak geldiarazteko neurri politikoetara, pertsona migratuen eta arrazonalizatuen bizitza prekarizatzen jarrai ez dezaten.

ADEGIren aurrean mobilizatu gara EAEko sektore kimikoan hitzarmen bat negoziatzeko duen borondate eza salatzeko

Gaur, ADEGI patronalaren aurrean mobilizatu gara, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kimika sektoreko 20.000 langileen lan baldintzak hemen negoziatzeko borondate eza salatzeko. Patronalek urtarrilaren 10erako sektoreko sindikatu nagusiek egin genuen bilera deialdira joateari uko egin ondoren etorri da mobilizazio hau. Bilera horren helburua kimikaren sektoreko lehen hitzarmen autonomikoaren negoziazio mahaia eratzea zen.

LABentzat, bertako hitzarmenak estatuko hitzarmenetatik blindatzea lehentasunezko borroka izan da beti. Alegia, negoziatzeko eskubidea hemen mantentzeak langileontzat lan baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Aldarrikapen horrekin bat datoz EAEko kimika sektoreko langileak, eta hala erakusten dute sektoreko erreferentziazko enpresetan jaso ditugun mozioek eta Gipuzkoako ordezkariekin batera gaur egindako mobilizazioak.

Ez da egindako mobilizazio bakarra, otsailaren 6an CEBEK eta CONFEBASK patronalen aurrean ere mobilizatu ginen. Eta hurrengo asteetan dinamika berdinarekin jarraituko dugu Arabako SEA patronalaren aurrean.

LABen prest gaude hitzarmen honen aldeko borroka azken muturreraino eramateko. Helburu hau aliantzen eta sektoreko langile guztien aktibazioaren bidez lortuko da. Ildo horretan, LABek, sektoreko gainerako gehiengo sindikalarekin batera, SEA patronalen aurrean mobilizatuko gara datozen asteetan.

TMB Arraiz planta berriro ere zatika erortzen ari dela salatzen dugu

Otsailaren 8an beste horma bat eta TMB Arraiz enpresaren fatxadaren zati bat erori egin ziren, eta fatxadaren beraren zatiak agertu ziren inguruan dagoen Zabalgarbi enpresan. TMB Arraiz Bizkaiko hondakinen tratamenduaren arduraduna da, eta Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Garbikerrena da.

2024ko otsailaren 8ko denboralaren ondorioz, latorrizko sabaiaren zati bat hegan atera zen, eta zementuzko barruko horma bat erori egin zen, aire zabaleko bigarren bioiragazki bat geratuz. Gailu horrek fluido-korronte batetik (airea edo ura) konposatu kutsatzaile ugari ezabatzen ditu prozesu biologiko baten bidez, eta hori da horiek kanpora ateratzea saihesten duena. LAB sindikatuak salatu duenez, enpresak ez zion gertakarien berri eman prebentzio-batzordeari, eta otsailaren 10era arte ez zuen prebentzio-batzordeak horren berri izan. Otsailaren 12an, astelehena, LAB sindikatuak Osalani eta lan-ikuskaritzari deitu zien bertara joan eta atestatua ireki zezaten. Salatu du inork ez diela ziurtatu ingurumen-segurtasuna arriskuan egongo ez denik, eta bi administrazioek eskuak garbitu zituztela eta ez zirela bertaratu.

Enpresa Batzordeak aspalditik adierazi zuen instalazioen egoera eta Laneko Arriskuen Prebentzioko hainbat bileratan horrelako zerbait gertatzeko arriskua, eta LABeko ordezkariek instalazioaren eta makineriaren mantentze prebentiboa eskatzen ibili ziren. Ildo horretan, joan den urriaren 18an, LAB sindikatuak, Enpresa Batzordearekin batera, bilera bat eskatu zion Bizkaiko Diputatu Nagusi Elixabete Etxanoberi, tratamendu-plantaren egoera negargarriaz hitz egiteko. Eskaera hori otsailaren 12an bertan egin zuen LAB sindikatuak, presaz, eta ez zuen erantzunik jaso. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du neurririk hartu azaroaren 8an 50x10m-ko zementuzko horma erori zenetik.

Langileen ordezkariek Aldundiari eskatzen diote, zerbitzu horren zuzeneko arduraduna den aldetik, premiazko bilera bat errazteko eta horrelakorik berriro gerta ez dadin behar diren neurriak hartzeko.

GarbiƱe Aranburu: ā€œPatronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta zigorgabe geratzen da, nahiz eta arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eraginā€

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur Bilbon, Jaurlaritzatik Confebasken egoitzaraino, ā€œPatronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzteā€ lemarekin. Bertan izan da GarbiƱe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra eta langileon lan osasuna okerrera doala adierazi du. Urte hasieratik Euskal Herrian hildako 14 langileak gogoan, adierazi du latza izaten ari dela urte hasiera eta ā€œhau ez da zerbait puntuala, buelta ematea lortzen ez den joera baten adierazle gordinena daā€.

Eredu produktiboaren aldaketa ere izan du hizpide. Horrela, gogoratu du zerbitzuetan geroz eta langile gehiagok lan egiten duela eta geroz eta langile gutxiagok istripu gehien pilatzen diren sektoreetan, baina istripu kopurua ez da murrizten.

Lan osasuna artatzerakoan, genero aldagaia kontuan hartzen ez dela nabarmendu du. Laneko gaixotasunak ezkutatzeko estrategia argia dagoela adierazi eta gogoratu du Munduko Osasun Erakundearen arabera minbizien %30 – %40 artean lanak eragindakoak direla. ā€œEnpleguaren prekarizazioak, lan erritmo altuek, genero arrakalek, soldata baxuek etab. eragin edo areagoturiko arrisku psikosozialak ez dira kontuan hartzenā€, gaineratu du Aranburuk.

Osasun galera hauek ekidin daitezkeela gauza frogatua da. Horretarako prekarietateari muga jarri eta formakuntza hobetu behar da. Baina lan osasunari dagokionez, arreta berezia jarri behar da prebentzio neurrietan.

Lan osasunean, ā€œbizitzako beste eremuetan pentsaezina den zerbaitā€ gertatzen del nabarmendu du, ā€œpatronalak prebentzio legedia ez du betetzen eta ez da ezer gertatzen, zigorgabe geratzen da nahiz arduragabekeria horrek langileen heriotza eta gaixotasunak eraginā€.

Egoera honen erantzuleengan ere jarri du fokoa LABeko ordezkariak, guzti hau instituzioen konplizitatearekin gertatzen baita. ā€œPatronalaren inpunitatea, Gobernuen eskutik dator. Patronalaren interesak ez kaltetzeko, instituzioak langileen aurkako indarkeria ontzat ematen ari dira, langileak lanean hiltzea eta gaixotzea ontzat ematen ari diraā€, adierazi du.

Patronalak etekinak lehenesten dituela ere nabarmendu du, langileen bizitzak eta osasunak bost axola diela gaineratuz. ā€œOdol isurketa honen aurrean, patronalak batere lotsagorritu gabe, absentismoaren gaia ateratzen du behin eta berriz. Langileen bajak sortzen diote kezka, ikuspegi guztiz produktibista berriro ere. Iritzi publikoarekin batera mutualitateak baliatzen dituzten, langileak osatu gabe lanera itzularaztekoā€, nabarmendu du.

Amaitzeko, gaur mobilizatu diren sindikatuek elkarlanean jarraituko dutela adierazi du:

  • Mobilizatuz, egoeraren salaketa egin eta arduradunak seinalatuz.
  • Prekarietatearen kontrako eta lan osasunaren aldeko borroka indartuz.
  • Osasunaren pribatizazioaren kontra eginez, osasun sistema publiko indartsua defendatuz eta mutualitateen kontrako jarrera indartuz.