LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra, Igor Arroyo, ETB1 telebista kateko Egun on saioan egon da gaur, eta Odei Esnaolak elkarrizketa egin dio. Gaurkotasunari lotutako gaiei heldu die Arroyok, EAEko zerbitzu publikoetan deitutako grebei, kasurako, baita hasi berri dugun ikasturteari begirako erronka eta asmoez ere.
Ildo horretan, nabarmendu du borroka sindikalak aktibatzen eta erosahalmena bermatzeko borroketan buru-belarri jarduteko asmoa, joan den ikasturtekoari jarraipena emanez. Bestalde, eta azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra ortzimugan, zaintzarako eskubide unibertsalerako bidean indar berezia jarriko du LABek.
Gure ustez, udan negoziatu eta osatu diren Nafarroa Garaiko akordio programatikoa eta gobernua anbizio txikikoak dira eta, horregatik, hasi berria den legegintzaldia ezberdina izan dadin, borroka sindikala eta soziala nahitaezkoa izanen da langileen lan eta bizi baldintzetan hobetzeko urratsak egin daitezen. Zahar egoitzetako Nafarroako lehen lan hitzarmena lortzea, Osasunbideko zein Miguel Servet-Navarrabiomedeko langileek lortu akordioak betetzea, eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea izanen dira LABen lehentasunak urte politiko honetan. Halaxe azaldu du Imanol Karrera bozeramaileak gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Bizitzaren garestitzea, enplegua, zerbitzu publikoen egoera eta etxebizitza dira Nafarroako herritarren kezka nagusiak eta, LABen iritziz, kezka eta behar horiei begirako irtenbideak ahalbidetu behar ditu aldaketa sozialak, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz. Ildo horretan, gehiengo sozialaren eskakizunak bermatzeko eta posible egiteko bidean, eredu sozioekonomikoaz erabakitzeko Nafarroak prozedura demokratiko bat eta tresna berriak behar dituela aldarrikatu du LABek.
Baina udako negoziazioetan eta gobernu osaketan alderdikeria nagusitu da, Nafarroa begirako egitasmo baten definizioaz baino karguen banaketaz aritu baitira. Horrek anbizio txikiko gobernua eta akordio programatikoa osatzea ekarri du; anbizio eskasa izan dute langileen bizi eta lan baldintzei eragiten dieten gaietan. Aurreko legealdiarekin alderatuta, kontinuismoa baino ez. Hots, akordioa politika ekonomiko eta sozialetan anbiziorik eta berritasunik gabea da.
Gobernu barneko arduren banaketari dagokionez, aldaketa esanguratsuak gertatu dira; lan harremanen eremuan PSNren kontrola zabaldu baita. Hala, ikuspegi sindikaletik oso deigarria da izandako mugimenduen atzean dagoen jokoa: Geroa Baik ehun produktiboa eta lan harremanak monopolizatu ez ditzan eta horren zati bat bere esku gera dadin, beharrezko organigrama bermatu baitu PSN-k. Eta hori ez da kasualitatea izan.
Banaketa berrian, UGT eta CCOO sindikatuen lehiatila bakarra PSNren ardurapean geldituko da; eta enpresarien lehiatila, aldiz, Geroa Bairenean. Bi alderdi horiek eredu ekonomiko berdina konpartitzen dute, noski, baina zenbait atal Geroa Bairen eskutik PSNren eskura pasatzeak UGT eta CCOO sindikatuen beharrak asetzeko neurri ekonomiko eta politika batzuen itzulera ekar dezake.
«Elkarrizketa sozialaren kultura babestea, lan-baldintzak hobetzeko». Akordio programatikoan jasotako esaldi horrek argi utzi duen moduan, Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua indartzeko asmoa dute, nahiz eta UGT eta CCOO sindikatuek aspaldi galdu zuten Nafarroako gehiengo sindikala. Horrek, aurretik dauden erronka eta materia zehatzen inguruan hitz egitea blokeatzen du. Badirudi Gobernuko hirugarren hankatxoaren parte den Podemos alderdia, tamalez, Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua inpugnatzetik onartzera pasa dela.
Gauzak horrela, legegintzaldi honetan borroka sindikala eta soziala beharrezkoa izanen da langileen aldeko neurriak lortze aldera, bereziki helburu hauetan:
Soldata eta pentsio duinak lortzea.
Zerga politika berria ezartzea.
Finantziazio publikoa jasotzen duten eremuetan Nafarroako hitzarmenak ezartzea.
Zaintza sistema publiko komunitarioa sortzea.
Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak ezartzea.
Etxebizitza eskubidea bermatzea.
Trantsizio energetikoa langileen parte-hartzearekin eta ekosozialismoaren bidetik egitea.
LABek PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiekin partekatu zituen helburu horiek, akordio programatikoan jaso zitezen. Hori bai, batere arrakastarik gabe. Beraz, langileon lehentasunak ez daude Gobernu honen lehentasun politikoen artean, ezta akordioaren beste eremuetan ere.
Azkenik, eredu sozioekonomikoaz nahiz bestelako gaien inguruan erabakitzeko ahalmen handiagoa aldarrikatu du LABek, bere ustez azken berrogei urteetan Foru Hobekuntzak utzi duen saldoa defizitarioa baita. Hala da demokratizazioari dagokionez, esaterako Euskararen Legea, baina baita bizi eta lan baldintzei dagokienez ere. Nafarroak tresna berriak behar ditu, herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatzeko eta ahalbidetzeko. Ezinbestekoa da, beraz, prozedura demokratikoa irekitzea, eztabaida prozesu zabal eta mugarik gabea irekitzea Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalari buruz, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin izan nahi ditugun harremanei buruz.
Autogintza industrian diharduen Urdulizko lantokiko beharginek berriki jaso dute enpresaren jakinarazpena. Etekinak puzteko nahia pertsonen bizitzaren gainetik jartzea leporatzen diote enpresari. Hala, zuzendaritzari atzera egiteko exijitu diote, eta alternatibez hitz egiteko beharginekin berehala bildu dadila. Instituzioen inplikazioa ere beharrezkotzat jo dute.
Jarraian, gaur (irailak 15) lantegiko enpresa batzordeak egindako agerraldian plazaratutako komunikatua:
S.O.S MECANER
Pasa den irailaren 1ean, enpresak langile guztiei EEE bat ezartzeko nahia jakinarazi zien, lantokia ixteko helburuarekin. Ondorioz, 148 pertsona lanik gabe utziko lituzke; horietatik 144 MECANEReko langile dira, eta beste lau, berriz, garbiketa azpikontratakoak.
Jakin badakigu erabaki hau ez dutela ez Urdulizen hartu, ezta Euskal Herrian ere. Erabaki hau MECANER barnekoa den STELLANTIS multinazionalean hartu da, zeina Peugeot, Citroen, Opel, Jeep eta beste hainbat marken egilea baita.
MECANER bideragarria eta lehiakorra ez dela izan da eman diguten azalpen bakarra. Hau da, ez dute nahi luketen beste diru irabazten. Beste behin ere zuhurkeri enpresariala da aurrean duguna. Etekinak pertsonen bizitzen aurretik ezartzen dituen enpresa baten jokabidea dugu hau, kontutan izan behar baitugu enpresak azken urteetan etekinak izan dituela. Gertaera hauek argi eta garbi erakusten dute haien helburu bakarra mozkin-marjina handitzea besterik ez dela, langileen eta eskualde osoaren gain erabaki honek izango dituen ondorio latzak kontutan izan gabe. Horrenbeste ez irabaztea aitzakia izan daiteke 148 familia kalean uzteko?
Zoritxarrez, MECANERen itxiera ez da kontu berria. Azken urte hauetan kostuak arintzeko produkzioa planetaren beste zonalde batzuetara bideratu dute, eta gure lurraldean enpresen itxiera etengabeari aurre egin beharrean gaude.
Gainera, gehienetan lekualdaketa hauek langileen esplotazioa dakarte. Erabaki eta jokabide hauek Euskal Herriko industriaren garrantzia gutxiesten dute, eta horren ondorioz zerbitzu eta turismo herri bihurtzen ari gara.
MECANEReko Enpresa Batzordetik gure ezadostasuna adierazi nahi dugu enpresak hartutako erabakiarekiko. Enpresa Batzordeak eta platilla bere osotasunean ez dugu bat egiten enpresak azaldutako arrazoiekin are gutxiago hartutako erabakiarekin. STELLANTISi bere erabakian atzera egiteko eskatzen diogu, eta Enpresa Batzordearekin premiazko bilera bat egin dezala, egoera honi alternatibak bilatzeko.
Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ardura hartzea eskatzen diegu eta Urdulizeko MECANERen jarraitutasuna eta 148 lanpostuak mantentzea bermatuko duen konponbidearen alde konprometitzeko deia egiten diegu. Euskal instituzioek ezin dute onartu lantegiak etengabe ixtea, ezta deslokalizazioa eta enpleguen suntsiketa ere.
Bitartean, MECANEReko langileok ez gara geldirik egongo. Guk badakigu gure enpresa bideragarria dela eta etorkizuna baduela. Horregatik antolatuko gara eta borroka egingo dugu. Gaur, gure enpresaren atarian, oso argi adierazi nahi diogu zuzendaritzari aurrean izango gaituztela eta azken momentura arte borrokatuko dugula gure lanpostuak denfendatzeko. MECANER ez da edozein enpresa; gurea enpresa historikoa da, herrialdean erreferentzia. Gure zainetan daramagu eta borroka egingo dugu defendatzeko.
Ildo beretik, gaurko ekitaldia aprobetxatu nahi dugu iragartzeko datorren irailaren 21ean, ostegunarekin, greba eguna egingo dugula ixteko erabakiaren aurrean gure desadostasuna adierazteko.
Era berean, Urdulizko eta inguruko bizilaguneei deia luzatzen diegu gurekin bat egiteko MECANERren eta gure industriaren defentsan, Urdulizen, urriaren 7an antolaturiko manifestaziora batzeko.
GURE INDUSTRIAREN DEFENTSAN ETA MECANERREN ETORKIZUNARENGATIK. URRIAREN 7AN DENOK URDULIZERA.
Irailaren 30an Su Txikien Itsasoa gizarte mugimenduen topaketa burutuko dugu Ozaetako GaraiON Sorgingunean. Erronka handiko garaiak bizi ditugu, bizitzak erasotzen dituen sistema bidegabe eta bideraezin honen aurrean alternatiba eraikitzea beharrezkoa dugu. Horri buruz aritzeko elkartuko gara: nola helduko diogu trantsizio ekosozialari?
Asko gara egun Euskal Herrian borrokan gabiltzanak, krisi ekologikoari, pobretzeari, eskubide sozialen galerari… aurre egiteko, eta feminismotik, ekologismotik, langileen eskubideak eta bizi baldintzak erdigunean jarriz, gerraren aurka eginez, bizitza bizigarrien alde eta abar luze bat. Su txiki horiek aldaketa sozialerako itsaso bihurtzea dugu xede, eta horretarako ditugun adostasunei eta zoru komunari buruz aritu eta elkarrekin egin nahi dugunaz eztabaidatzea beharrezkoa da.
Izan ere gizarte mugimendu ezberdinok lanean ari gara, eremuz eremu, baditugu proposamenak eta badugu zer esana. Ekimen honen helburua guztion arteko harremanak estutzea, sinergiak sortzea eta partekatzen ditugun zoru komun eta erronken inguruan aritzea da. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen zein herri mugimenduen arteko topaketa-jardunaldia izango da “Su Txikien Itsasoa”.
Egun osoko topaketa izango da irailaren 30ekoa, 10:00etan hasi eta arratsaldeko 18:00etan bukatuko dena. Trantsizio ekosozialerako edukiez eta aliantzen beharraz hausnartuz ekingo diogu egunari. Goizean, sustatu nahi dugun trantsiziorako funtsezkoak iruditzen zaizkigun ardatzei buruz eztabaidatuko dugu goizean, hala nola, planeta bizigarria guztiontzat, nola ekarri bizitzak erdigunera, lanen eta ondasunaren banaketa, burujabetzak, pertsona guztiak eskubide guztien jabe izatea, trantsizio demokratikoa eta sozialki justua edota gerrari ez-a. Ondoren arratsaldean elkarrekin egin ahal eta nahi dugunaz aritzeko. Eremu ezberdinetako borroken berri izateko tailerrak ere izango ditugu.
Ekimen honetan izena eman eta bertaratzera gonbidatu nahi ditugu eragile sozial, sindikal eta herri mugimendu ezberdinak eta hauen parte diren kideak. Eskubide Sozialen Kartako sare sozialetan zabaldutako linkaren bidez egin daiteke, eta bazkaltzeko zein garraio kolektiborako eskaintza egongo da. Berriro diogu, sinetsita gaude su txikien itsasoa piztu behar dugula, trantsizio ekosoziala elkarrekin pentsatu, eta horren eraikuntzan elkarrekin ekiteko. Irailaren 30ean ikusiko dugu elkar!
LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei soldata eta enplegua hemen adostu ahal izatea ahalbideratu dezatela eskatzen diegu.
Eusko Jaurlaritzari, aldundiei eta udalei, erosahalmena bermatzea eta behin behinekotasuna %8ra murriztu arte enplegua kontsolidatzea eskatzen diegu.
LAB, ELA, CCOO, Steilas, SATSE, eta ESK sindikatuok (ordezkaritza sindikalaren % 85tik gora) urriaren 25ean eta abenduaren 19an bi greba egun egitera deitu ditugu EAEko sektore publikoko langile guztiak.
Azken urteetan zerbitzu publikoen kalitatea okerrera egin dute nabarmen, eta lan-baldintzak okertu egin dira. Horrek zuzenean eragiten du herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatean, aurrekontu-esleipenarekin eta inbertsio politikekin zuzenean lotuta daudenak:
Hamarkada luze daramagu, eremu publikoko hitzarmen kolektiboak eta akordio arautzaileak berritu gabe. (Mahai Orokorra, Osakidetza, Hezkuntza, Administrazio Orokorra, udal eta foru administrazioan…)
Behin-behinekotasun-tasak onartezinak dira
Pribatizatzen jarraitzen da, eta dagoeneko 100.000 langile inguru azpikontratatuta dago.
Erosteko ahalmenaren galera metatua % 20koa izan da azken hamarkadan.
Murrizketak, plantilla urriak , plantillen osasun fisikoari eta emozionalari kalte egiten dioten antolaketa-neurriak eta -erabakiak, besteak beste;-lan-kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi-erreleboaren planifikaziorik eza, osasun-zainketen konplexutasunaren gorakada, egonkortasunik eza, kontziliazio-neurriei heltzeko zailtasunak, ikasleen eta artatu beharreko biztanleen gero eta aniztasun handiagoa, desberdintasun sozialak sortzen dituzten politikak-. Horrek guztiak ondorio larriak ditu zerbitzuaren kalitatean.
Zerbitzu Publikoak eta bertan lan egiten duten langileak benetan euskalduntzeko plangintzarik eta baliabiderik ez dago, zerbitzua euskaraz landu eta eskaini ahal izateko.
Lan-baldintzak okertzeak eragin handiagoa du emakumeengan. Aipatu behar da, gainera, eremu batzuk oso feminizatuta daudela. Behin-behinekotasun-tasa handiagoa da emakumeen artean, eta lanaldi partzialak orokorragoak dira emakumeak gehiengoa diren sektoreetan eta/edo kolektiboetan. Gainera, soldata arrakala %25 baino handiagoa da.
Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak. Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dute mozkin pribatuak gizentzeko: Gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte (2023an diru bilketa errekorra izan da) Horregatik, LABek, ELAk, CCOOk, Steilasek, SATSEk eta ESK-k, egoera hori lehengoratzeko, zerbitzu publikoen eta horiek ahalbidetzen dituzten pertsonen alde egiteko eta honako erabaki hauek hartzeko eskatu diegu erakundeei eta alderdi politikoei:
Aurrekontuetan:
Estatu aurrekontuetan: soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen mugarik gabe ezartzea. Oinarrizko legediaz mozorrotutako Soldata-mugarik eta birjarpen-tasarik gabe,hau da, oztopoak kentzea.
EAEko aurrekontuetan: zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea , lan-baldintzak hobetzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea. Negoziazio-mahaietan honako neurri hauek adostea:
Soldatetan: ◦ % 10eko soldata-igoera. Azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko. ◦ Aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea.
Enpleguan: ◦ Pribatizazio berririk ez. Eta jada pribatizatutakoa publifikatzeko plana adostu langileen subrogazioa bermatuz. ◦ Egiturazkoa den ezkutuko enplegua azaleratzea eta sortu beharreko lanpostuak adostea. ◦ behin-behinekotasun erreala %8tik behera kokatu, horretarako neurriak hartuz horrela ez den langile kolektiboetan eta horretarako beharrezkoak diren EPE egutegiak eta orain arte lanean aritu diren langileek lanpostuak kontsolidatzeko izan daitezela adostuz. ◦ Inposatutako jardunaldi partzialak ezinezkoa dela erabakitzea ◦ Plantillak gaztetzeko neurriak: erretiro-kontratua langile publiko guztientzat baldintza onenetan, Erretiro-primak eta lanaldi-murrizketak berreskuratzea.
Lan-osasuna: ◦ Lan-kargak murrizteko neurri zehatzak adostea. ◦ Formakuntza egokia eta egokitua bermatzea. ◦ Langileen ongizate fisikoa eta emozionala bermatzeko arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazioak egin urtebeteko epean, eta neurri zuzentzaileak adostu. ◦ Langile publikoen osasunaren kudeaketan publikotik indartu, mutuen papera gutxituz.
Euskara ◦ Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea. Horretarako: ◦ Lehen aldiz lanpostu publiko bat betetzeko euskararen ezagutza nahikoa ziurtatuko duten langileak hautatu. ◦ Lanean diharduten langileei euskalduntzeko baliabideak formakuntza eta baldintzak bermatzea.
Jardunaldiaren murrizketak 32 orduko lan astearen norabidean.
Berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero-arloko neurriak, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea. LAB, ELA, COOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuok langile publikoei urriaren 25ean eta abenduaren 19ko greba deialdiekin bat egiteko deia egiten diegu, baita deitutako mobilizazioetan eta aldez aurreko ekitaldietan parte hartzeko ere.
Zuzendaritzaren azken inposizioei planto egingo diete, eta irailaren 26an eta urriaren 19an ere grebara joko dute. Lan-baldintzak duintzeko benetako negoziazioa dute aldarri, enpresak aldebakarreko hainbat moldaketa egin baititu, beharginen kaltetan. Deialdiak jarraipen zabala izan du eta gaurkoan gutxieneko zerbitzuak baino ez daude martxan. Gasteizko parlamentuaren aurrean kontzentrazioa egin dute grebalariek.
13 urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Bitartean, gainera, langileek zereginak eguneratu eta egokitu behar izan dituzte, lan baldintza berri horiei buruz negoziatu ezinik. Horren aurrean, inposizioez nazkatuta daudela jakinarazi nahi dugut, eta aldarrikatzen dute negoziaziaketa markoa errespetatzeko eta lan baldintzak hobetzeko, egiten duten lana aitortzearekin batera.
Duela hiru hilabete, EiTB Media Irratiko Lan Batzordeak hautsitzat jo zituen hitzarmenaren gaineko negoziaketak. Zuzendaritzak, aldebakarrez, bere plataformako puntuetako bat inposatu du, eta berdin izan dio erabaki horrekin lan poltsaren kontratazio baldintzak bertan behera utzi izana. Hori gutxi izan ez, eta iragarri zuen Radio Euskadiko Boulevard saioa ETBren bigarren katetik emititzen hasiko zirela, nahiz eta hori egin ahal izateko langileon irudi eskubideak aitortu gabe egon. Horren kontrako jarrera irmoa erakutsi dute behin eta berriro langileek, eta zuzendaritza jakinaren gainean zegoen. Besteak beste, negoziaziorik ezean, Gaztea-ko lankideek uko egin zioten irudi bidezko irratiaren proiektuari.
Gertaera horiek eragin dute gainezkatzea, urte askotako lana pikutara bidaltzen duelako, hain zuzen, irrati publikoaren kalitatea bermatzeko egindako lan nekaezina. Kontuan izan behar da bai txanden aldaketa, bai zereginen areagotzea eta baita lan kargari dagozkionak, enpresaren beharren arabera moldatu direla, negoziaketarik gabe eta ordainetan ezer jaso gabe.
Gauzak hala, Euskal Irrati Publikoko Zentro Arteko Batzordeak hiru greba egun deitu ditu, lehena gaur, irailak 14, eta hurrengo biak irailaren 26rako eta urriaren 19rako. Bada, horretarako langileen gehiengoaren babesa jaso du Donostian, Bilbon eta Gasteizen egindako asanbladetan, zuzendaritzaren azken proposamena behar bestekoa ez zela erabaki ostean.
EITB taldeko kideen babesa
Komunikabide talde publikoa osatzen duten gainerako bi batzordeek irratietako lankideei babesa adierazi diete. Jarraian, enpresa batzordeek osatutako komunikatua:
“EITBko irratietako langileek irailaren 14an, 26an eta urriaren 19an greba egitea erabaki eta gero, ETBko zein EITBNETeko Langileon Batzordeek elkartasun osoa adierazi nahi diegu irratiko lankideei, eta euren aldarrikapenekin bat egiten dugula azpimarratu nahi dugu.
Irratiko Batzordeak salatu duen bezala, EITBko zuzendaritzak denbora luzea darama aldebakarreko erabakiak hartzen, lan hitzarmenak urratzen eta negoziaketa kolektiboari muzin egiten.
EITB 2030 estrategiaren baitan, goitik behera aldatzen ari dira langileon zereginak eta betebeharrak, gure eskubideei erreparatu gabe. Lan hitzarmenak errespetatzea eskatzen dugu, zereginen eta lan kargaren areagotzea aitortzea eta lan baldintzak eguneratzea.
Era berean, gogor salatu nahi dugu ez ETBn ezta eitb.eus-en ere irratiko lankideen greba deialdiaren berri eman ez izana. EITBko komunikabideok zerbitzu publikoa emateko betebeharra dugun aldetik, onartezina da taldeko irratiek greba egingo dutela eta zerbitzu minimoak emango dituztela ez jakinaraztea jendarteari.
Testuinguru honetan, zuzendaritzari jarrera aldatzeko eskatzen diogu, EITBn mahai gainean dauden gatazkak eta erronkak langileon iritzi eta eskubideak kontuan hartuta ados ditzagun”.
Nafarroako Esku-hartze Sozialeko bigarren hitzarmena negoziatzeko mahaia gaur zen irekitzekoa, baina, azkenean, behin-behinekoz egin behar izan da, OEIS patronal estatalak paraturiko traba tamalgarriengatik. Gaur goizean Iruñean egin den bilerara lau sindikatu nagusietako ordezkariak joan dira, bai eta sektorean dauden bi patronalak ere, ANEIS nafarra eta OEIS delakoa; azken horrek behartu du mahaiaren behin-behinekotasuna.
Hain zuzen ere, OEIS Esku-hartze Sozialeko Erakunde Estatala izan zen Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuena eta arriskuan jarri zituena LABeko jendea buru zela urte askoan eginiko borroken ondorioz lorturiko aurrerapen laboral handiak. OEISen barnean daude Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea. Zorionez, horiek guztiek epaiketa galdu zuten eta egungo hitzarmenak indarrean jarraituko du aurten eta heldu den urte osoan.
Gaur behin-behinean ireki den mahaiak aztertu beharko ditu 2025etik aitzinera indarrean egon behar liratekeen hobekuntzak. Sektorearen nolakotasuna ezagututa, bigarren hitzarmenaren negoziazioa lehenengoaren indarraldia bukatu baino lehen hastea erabaki zen, 2025eko urtarrilaren 1erako hitzarmena Aldizkari Ofizialean argitaraturik eta ondorio guztietarako martxan egon dadin.
Baina gaur gertaturikoa ikusita, argi dago OEIS patronala ez dagoela helburu horrekin sobera engaiatua: mahaia eratzera etorri da dagokion etxerako lana egin gabe; bere ordezkaritza egiaztatu gabe; ordezkaritza hori egiaztatzea eskatu ez zitzaiolako gezurra erranez —deialdian berariaz eskatzen zitzaien—; Nafarroan zenbat enpresa biltzen dituen jakin gabe; Nafarroan zenbat langile dituen kontrataturik jakin gabe; LABek emaniko datu ofizialak zalantzan jarriz eta, areago, ontzat ez emanez; eta mahaiaren behin-behineko irekitzea behartuz.
LABen ustez, Nafarroako Hitzarmenaren inguruan OEISek eragin duen guztiaren ondoren, jarrera horrekin gaurko bilerara etortzeak are penagarriagoa egiten du bere portaera. Baina sindikatu hau ez da bere bidetik desbideratuko; LABek borrokan jarraituko du sektoreko langile guztien lan-baldintzak berriz hobetzeko. Dena joan behar den bezala badoa, irailaren 27an negoziazio mahaia behin betiko irekiko da.
Langileen inplikazioa
Urte honetan, Nafarroako Esku-hartze Sozialak erronka handia izanen du, hurrengo urteetarako lan baldintzak negoziatu eta adostuko baitira, lehenbiziko hitzarmena oinarri harturik. Alde horretatik, LABek langileen parte-hartze handia nabarmendu nahi du, sindikatu honek proposamenak egiteko egin zuen deialdian 80tik goiti jaso baitziren. Horiekin, eta sindikatutik planteatutako bertze batzuekin, LAB hitzarmenaren proposamen berria egiten ari da, dauden beharretara gehiago eta hobeki hurbiltzeko.
Maiatzean eta ekainean 3 eguneko lanuzteak eta 17 eguneko grebak egin ondoren, Asunción klinikako (Inviza) langileek, enpresak negoziatzeko inolako borondaterik erakutsi gabe jarraitzen duela ikusita, 7 greba egun gehiago egingo dituzte irailean, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde. Gainera, bihar hasita, 24 orduko kanpaldia egingo dute.
Tolosako Invizako langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dute, beste eskualde batzuetan Osakidetzak ematen duena, baina lan-baldintzak oso urrun daude.
Langileek 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontuan hartuta, % 12,2ko erosteko ahalmena galdu dute.
Hitzarmen berriak, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratu, KPIari erreferentzia egingo dion soldata igoerak eta 35 orduko lan astea lortu nahi dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak LABeko eta ELAko enpresa-batzordeak ekainaren 29an egindako eskaerari ez dio erantzunik eman; izan ere, osasun-batzordean, negoziazioan duten blokeo-egoera azaltzeko eskatu zuten baita Eusko Jaurlaritzak prestatutako plan funtzionala salatzeko, ez baitu ospitale berrirako aldarrikatutako hiru eskaeretako bat bera ere betetzen:
Ospitale publikoa izatea, %100ean.
Hurbileko eskualdeko ospitale batek ematen dituen zerbitzu guztiak ematea.
Ospitale publiko bat, klinikan lan egiten duten langile guztiak hartuko dituena.
GREBA-EGUNAK HONAKO HAUEK IZANGO DIRA: Irailak 13,14,15,18,19,28 eta 29. Kontzentrazioak eta Auto Karabana ere egingo dira. 14 eta 15ean 24 orduko kanpaldia egingo da Klinikaren aurrean.
Ikasturte hasierako ekitaldiaren egunean elkarretaratzea egin dugu Arabako Letren Fakultatearen aurrean, 180 langile inguru bertaratu garelarik. Aldebakarrez erabakitako ordezko irakasleen politika berriak are murrizketa gehiago dakartzanez, aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmo irmoa agertu dugu.
2023/2024 ikasturtearen zabaltze ekitaldian, ohi bezala, agintariek unibertsitate publikoaren alde egindakoak azpimarratuko dituzte, dena ondo bidean dagoelakoan edo.
Baina ez da horrela, EHUko langile guztien lan-baldintzen prekarizazioa geroz eta larriagoa da; ezin ditugu ahaztu azken ikasturteetan eman diren murrizketa eta aldebakarreko erabakiak, erretiro akordioa bertan behera uztea edo kanpusen itxiera kasu. Unibertsitate publikoak duen finantziaketa falta da langileen eskubideen gainbeheraren arrazoi nagusia.
Azken ikasturteetan salatu ditugun aldebakarreko erabakiei, beste murrizketa bat gehitu behar zaio. Ikasturte bukaeratik EHUko zuzendaritzak ordezko kontratuen egoera larritzen ari da Irakasle-Ikertzaileen arloan. Izan ere, USLOren (Unibertsitate sistemaren Lege Organikoa) ezarpena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertzea ekarri du. Ordezkoen egoera jada gogorra bazen ere, orain gehiago okertu dute ordezko irakasle politika berriarekin.
Hartara, UPV/EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezko berriei askoz jota soldata osoaren % 34,29 ordainduko zaie (kasurik onenean, hau da, beraien irakaskuntza zama % 75ekoa denean) eta gizarte segurantzan proportzio berdinean kotizatuko dute, plaza hutsak betetzen dituzten irakasleak salbu. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584 € eta 11.360 € artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. UPV/EHUko zuzendaritza pasa den ikasturte bukaeran hasi da gurasotasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. Are gehiago, sailetatik jaso ditugun kexengatik, ordezkapen asko ari dira ukatzen behar argia dagoenean.
Jokabide hau guztiz onartezina da eta gure indar guztiarekin aurre egingo diogu. Areago, uste dugunean badirela irtenbideak berme juridikoarekin ordezkapenak osokoak izaten jarraitzeko borondate politiko eta negoziaziorako prestutasuna baino eskatzen ez dutenak.
Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile GUZTIEN lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lanpoltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Aldaketa honek haserre handia sortu du langileen artean, asteburuan argitaratutako 1.200 irakasle eta ikertzaile baino gehiagok sinatutako gutuna irakurtzea besterik ez dago.
Ordezkapen politika berriak ondorio larriak izango ditu:
Lanaldi partzialean jardungo duten irakasleen kopurua handituz, arduraldi osoko irakasle baten herena kobratuz, alegia, soldata 800 €tik beherakoa izango da,
Ordeztu eta estali gabeko kreditu kopuruak handituz, irakasle guztion irakaskuntza zama ere gogortuz,
Irakaskuntzaren antolaketa lana zailduz Sailei, irakaskuntzaren beraren kalitatearen kontura zenbait kasutan (handituko dira, besteak beste, ikasgai batean hainbat irakasle edukiko dituzten ikasgaiak, irakasleek denborarik gabe prestatu beharko dituzte irakasgaiak, eta gainera askotan, gaian adituak ere ez direnak izango).
Honen atzean EHUk egiten duen Ordezko irudiaren interpretazio hertsia eta mugatua dago, baina baita Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitate Publikoa finantzatzeko politika murritza ere, oso urruti dagoena Estatuko Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak berak agintzen duen ortzimugatik: BPGren %1a, 2030 urterako. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena % 0,4an dago.
Honen aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok ondorengoa exijitzen dugu:
Lanaldi osoko Irakasle eta Ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
Lanaldi partzialeko kontratu kopurua murriztea, lan-hitzarmenean eta lanpoltsen akordioan kontratu horiek metatzeko lanaldi osokoak sortzeko mekanismoak aplikatuz.
Lanaldi partzialeko kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.
Eusko Jaurlaritzari, zehazki, eskatzen diogu, eman diezaiola EHUri USLOk ezarritako ordezko irakasleen irudi berria aurreko baldintzen arabera interpretatzeko behar duen babes politiko-juridikoa. Baita, modu esanguratsuan gehitzeko ere EHUri bideratutako finantziazioa langile guztientzako lan baldintza duinak bermatu eta zerbitzu publiko egokia emateko modua izateko. UPV/EHUko zuzendaritzak ere finantzazio gehigarri horren alde publikoki irmoago lan egin beharko lukeela uste dugu.
Horregatik guztiagatik eta baita urtez urte jasan dugun eros ahalmenaren galera eta lan baldintzen okertzea salatzeko (erretiroen hitzarmena bertan behera uztea, zentroen itxierak, ….), ikusita UPV/EHUko zuzendaritzak duen jarrera itxia, LAB, STEILAS, CCOO eta ELA sindikatuok, adierazten dugu mobilizazio dinamika abiatuko dugula, zuzendaritzak negoziatzeko borondate eta planteamendu argirik agertu arte.