2026-01-01
Blog Page 202

Gasteizko kale garbiketan absentismoa pizgarriekin gutxitu nahiak langileen osasunaren eta lan-baldintzen merkantilizazioa baino ez dakar

Onartezin eta lotsagarritzat jotzen dugu lan-absentismoa tratatzeko foroaren esparruan sindikatuen ordezkariei helarazitako azken proposamena, pizgarri ekonomikoak ezartzean oinarritzen dena.

Plantillarentzako pizgarriok ausentzia eta absentismo-mailen batura (taldekoa zein banakakoa) ehuneko jakin batera iristen bada aplikatzeko proposamena egin du zerbitzuaren emakidaduna den enpresak, PREZERO-ONAINDIA ABEEk. Gogoratu behar da ausentismoak barne hartzen dituela hitzarmen kolektiboan langileek eskubide osoz aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak. Absentismoak, bestalde, aldi baterako ezintasuneko prozesu guztiak hartzen ditu bere baitan, gaixotasun arrunt baten ondoriozkoak edo lanpostuari berari lotutako arrazoiengatikoak.

Hala, proposatutako neurri horrek langileen lan-baldintzak eta osasuna merkantilizatzea dakar, eta plantillari egozten dio lan-absentismoko egungo ehunekoen errua. LABen ustez, benetan langile horien segurtasun eta osasun baldintzak hobetzea helburu duten prebentzio-politikak ezarri behar dira. Enpresa erakusten ari da ez diola inolako garrantzirik ematen Laneko Segurtasun eta Osasun Batzordearen lan-esparruari, eta ez die erantzunik ematen prebentzio-ordezkariek duela zenbait hilabetetik egiten dituzten ohiko bilera-deialdiei.

Enpresa-zuzendaritzak erakutsitako jarrerak erakusten duena zera da: Gasteizko Bide Garbiketa Publikoko Zerbitzuko plantillaren osasuna baino, aldi baterako ezintasun-prozesuetatik eta Hitzarmen Kolektiboan itundutako gizarte-estalduratik eratorritako kostua dela haien kezka nagusia. Azken horri dagokionez, zehaztu behar da Gasteizko Udalak kontratatutako zerbitzua izaki, Hitzarmen Kolektiboan jasotako estaldura guztien kostua beren gain hartzeko ardura dutela.

Absentismoaren aurka halako neurriak ezartzearen aurka dago LAB, pertsonen osasuna bezalako gai delikatu baten bueltan arinkeria sustatzen baitu. Horregatik, prebentzio-arloko benetako politikak aldarrikatzen jarraituko du, bai eta negoziazio eremuak ere, laneko segurtasunaren eta osasunaren funtsezko gaietan eztabaidatu eta aurrera egin ahal izateko..

Osasun publikoaren defentsan, Asuncion klinikako langileen lan-baldintzek eta etorkizunak erdigunean behar dutela aldarrikatu dute

Tolosako Asuncion Klinikako langileak, euren 23. greba egunean, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira Osasun Saila zuzentzen duenGotzone Sagarduiri euren aldarrikapenak helarazteko.

Tolosako Asuncion klinikak eskualdeko ospitale publiko funtzioa betetzen du, bertako 62.500 biztanleri zerbitzua emanez. Gipuzkoan dauden ESIetatik publikoa ez den ospitale bakarra da. Urte luzeetan zehar langileek zein herritarrek aurrera eramandako mobilizazioei esker, ospitale publiko baten proiektua aurrera doa.

LAB eta ELAk uste dute proiektu hau ez dela eskatzen dena izango, baldin eta gaur egun Asuncion klinikan dauden langileen lan baldintzak lehenesten ez badira. Ospitale berria %100 publikoa izatea, zerbitzu guztiak dituena eta gaur egun klinikak dituen langile guztiak bertan egongo direla bermatzea eskatzen dute.

Ospitale publikoa nolakoa izango denari buruzko eztabaida irekita dago, Plan funtzionalaren zirriborroa egina du Eusko Jaurlaritzak. Langileen aldarrikapenetatik oso urrun dago ordea, ez baitu bermatzen %100 publikoa izango denik, eta ez baititu aurreikusten inguruko beste eskualdeko ospitaleek dituzten zerbitzuak ematea ere.

Asuncioneko 328 langileekin zer gertatuko den ez du esaten. Azken hilabeteetan hiru eguneko lanuzteak eta 23 greba egin dituzte euren hitzarmenaren alde borrokan, baina enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik. Diru publikoz ematen den zerbitzu publiko bateko langile hauek gero eta pobreagoak dira. Erosahalmena berreskuratu eta lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen baldintzetara gerturatuko dituen KPItik gorako soldata igoerak eta 35 orduak eskatzen dituzte. Bitartean, klinika kudeatzen duen INVIZA enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken 4 urteetan, erregistroan dauden datuen arabera.

Zerbitzu publiko onak, duinak eta kalitatezkoak nahi badira, lan baldintza onak izango dituzten langileekin bakarrik eraiki ahalko dira; beraz, dagokion arduraz jokatu eta Asuncioneko langileen eskariak bete daitezen esku hartu dezala eskatzen diote LABek eta ELAk Jaurlaritzari.

Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak kalera itzuliko dira beraien lehen hitzarmen probintziala eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen, Aldundiaren aurrean, LAB eta ELA sindikatuon babesarekin. Bertan adierazi dute gero eta nazkatuago daudela lan-baldintza hain prekarioak jasateaz, multitarea egiteaz aspertuta, lankideen bajak ez ordezkatzeaz aspertuta, enpresek zaintzak negozio bihurtzen jarraitzeaz eta hilabete amaierara ez iristeaz nazkatuta, Aldundiaren geldikeriaz nazkatuta, enpresa horiei, langileen eta erabiltzaileen kontura, milioka irabaziak izateko aukera ematen baitie. Horrela, 8 greba egun deitu dituzte datozen hiru hilabeetarako: urriaren 3an eta 4an, azaroaren 8an, 9an eta 10ean eta abenduaren 12an, 13an eta 14an.

4 urte baino gehiago daramatzate borrokan eta 24 egun greban, lan-baldintza duinak bermatuko dizkien lehen hitzarmen probintzial bat eskatzen. Patronalak uko egiten dio baldintza horiek eskaintzeari, dirurik ez dagoela aitzakiatzat jarriz irabaziak biderkatzen dituzten bitartean, egoitza pribatuak etengabe irekitzen direnean eta, gainera, Aldundiak zaintzaren pribatizazioaren aldeko apustua egiten duenean, plaza publikoen kopurua kontzertazioaren bidez apainduz. Zaintzak kalitatezkoak, duinak, unibertsalak eta doakoak izan beharko luke herritar guztientzat.

Horregatik guztiagatik, eta patronalek martxoaren 15etik hitzarmen probintzialaren negoziazio mahaia blokeatu dutenez, LAB eta ELA sindikatuok grebak deitu ditugu urrian, azaroan eta abenduan. Urrian bi greba egun egingo dira, zehazki 3 eta 4, hau da, datorren astean. Azaroan 3 greba egun egingo dira, 8, 9 eta 10ean. Eta abenduan beste 3 greba egun egingo dira, 12, 13 eta 14an.

LABek eta ELAk sektoreko langileak baloratzeko premia aldarrikatzen dugu beste behin ere. Funtsezko sektorea, non emakume horiek adinekoen bizitzari eusten lan egiten duten. Behingoz zaintza-sektore horren lana egiteko baldintzak behar bezala arautzea eskatzen dugu, sektoreko langileen funtsezko funtzioa duintzeko.

Patronalari, AKRAri, GESCAri eta LARESi eskatu nahi diegu sektoreko langile guztientzako lan-baldintza duinak duen hitzarmen probintzizala negoziatzea eta haien etekinak hobeto banatzera. Arabako Foru Aldundiari eta Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuari eskatzen diegu egoitzetako langileen baldintzak hobetzeko bitartekaritzarik ez egiteaz arduratzeko, enpresen onurak langileen osasunaren aurretik jarriz, eta zainketen negozioa sustatzearen errudun, onurak baitira nagusi, eta ez zainketak.

Esan bezala, urriaren 3an eta 4an grebak deitu ditugu sektorean, gehiegizko gutxieneko zerbitzuek eta grebarik ez egiteko enpresaburuek emakume langileekiko egiten dituzten etengabeko urraketek ahalbidetzen duten neurrian.

Urriaren 3an manifestazioa egingo da 11:00etan Plaza Berritik abiatuta, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bulegoetatik igaroz, non idazki bat entregatuko da Diputazioaren bitartekaritza eskatzeko gatazka honetan, eta Probintzia Plazan amaituko da. Bertan, langileek ekitaldi bat egingo dute egungo arazoak agerian uzteko.

Urriaren 4an manifestazio bat egingo da 11:00etan, Babesgabeen Plazatik Probintzia Plazaraino, eta bertan, bukatzean, sektoreko langileek elkarretaratzea egingo dute, Aldundiari gatazkan duten erantzukizuna eskatzeko.

Arabako egoitzak borrokan, herrialdeko hitzarmen duina orain!

Berriz salatu dugu Estellerriko osasun arreta publikoa desegiten ari direla, ospitaleko gerentziaren eta Gobernuaren beraren utzikeriagatik

Garcia Orcoyen ospitaleko Ginekologia eta Obstretizia zerbitzua ixteak berriz ere agerian utzi du Lizarrako Osasun Barrutiaren kudeaketa oso txarra dela. LAB sindikatuak eskatu du estatistika hotzen aitzinetik herritarren arreta lehenestea, eta salatu du osasun arreta publikoa desegiten ari direla, lehenik eta behin, Osasunbideko gerentziak interesik ez duelako eta, bigarrenik, zenbait fakultatibok zentro pribatuetan egiten duten jarduera bikoitzaren ondorioz langile nahikorik ez dagoelako.

Duela lau hilabete, LABek Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko gerentea berehala kargutik kentzeko eskatu zuen, pribatizazio interesak sustatzen ari zelako eta Lizarrako Osasun Barrutiak behar bezala ez funtzionatzea zekarren lan giro deserosoa sortzen zuelako. Kudeatzaile horrek bere postua utzi du —ez dute bota—, baina barrutiaren kudeaketa penagarriak bere hartan segitzen du eta inoizko arreta faltarik handiena lortzen ari dira, prozesu asko Iruñera bideratzen ari baitira.

LABek ez du ulertzen zergatik Osasunbideko kudeatzaileek Lizarrako Osasun Barrutiaren osoko arreta desegiten ari diren, zenbait prozesu Iruñera eta bertze batzuk Tuterara eramanez. Agian arreta falta hori gertatzen da —orain Ginekologiarekin gertatu den bezala—, profesionalak NOU Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan batzen dituztelako, baina bertze zerbitzu batzuekin ere ari da gertatzen, hala nola Pediatria, Erradiologia eta Dermatologiarekin.

LAB sindikatuak arazo larria salatu behar izan zuen, Osasunbideko profesional nahikotxok beren jarduera publikoa jarduera pribatuarekin uztartzeak dakarren arazo larria salatu behar izan zuen LAB sindikatuak duela ez asko. Osasunbideak horietako batzuen egoera administratiboa ezkutatzeak arazoa larriagotzen zuen, gainera. Ustelkeriaren aurkako Bulegoak azken hori zuzentzeko eskatu zuen, baina oraindik ez dute egin.

Beharrezkoa da Lizarrako Osasun Barrutiaren aldeko apustu erreala egitea, gaur egun kudeatzaileek pertsonen aurretik jartzen dituzten zenbakietara murriztuta baitute —hori guztia “osasun zerbitzuak humanizatzearen garaian”, gainera—. Baina langileen lan baldintzek arretaren estaldurarik ezagatik erantzunik ez izatearen diskurtsoari jarraitzen diote: azpiegitura zaharkituak (Lizarrako osasun etxea, adibidez) edo jarduera arrunta galarazten duten eta profesionalak betiko Lizarratik kanpo joatera behartzen dituzten lanak. Zalantzarik gabe, halako neurriek eragin zuzena dute hiriguneak eta landa eremuak jendez hustean.

Interes pribatuek, eta gerentziak zein Osasun Departamentuak horiek errazteak, itxaron zerrenda onartezinak sortzen dituzte eta, horren ondorioz, arreta falta aurrez pentsatutako arduragabekeriatik oso hurbil dago. Eta ez ditzagun geure buruak engaina: diagnosi teknologian aurrezten dugunak —NOUko tumoreak detektatzeko ekipo berriaren kasuan bezala— bat etorri behar du geroko arreta publiko batekin.

LAB sindikatuak eskatu nahi dio Osasun kontseilariari enpresa pribatuetan dirua inbertitzeari uzteko eta profesional publiko batzuen jarduera pribatua errazteari uzteko, eta benetan osasun publikoaren alde egiteko. LABek oso argi du funtsezkoa dela Lizarrako Osasun Barrutia zaintzea, erabakitzeko ahalmena indartuz eta Nafarroako osasun laguntzaren funtsezko zati bat ez kentzeko behar den guztia inbertituz. Orain da osasun publikora iristeko baldintzak erraztuko dituzten erabakiak hartzeko unea, osasunarekin zerikusia duten profesional guztien antolamendua eta lan baldintzak hobetuz.

Enpresak berriro galdu du Olazabal y Huarteko gatazka konpontzeko aukera

Langileen funtsezko aldarrikapenak ez ditu aintzat hartu Gasteizko lantegiko zuzendaritzak, eta, ondorioz, greba mugagabeari eutsiko diote.

Langileak aurrera eramaten ari den borrokaren ondorioz, enpresak bilera bat proposatu zuen, atzo egin zena. Bilera horretan, enpresak aukera bat galdu du berriro uztailean, negoziazioaren blokeoagatik, hasi zen lan-gatazka konpontzeko. Proposamenak trukatu ondoren, enpresak bazter utzi ditu plantillarentzako funtsezkoak diren aldarrikapenak, erosteko ahalmena bermatzen ez duten eta KPIari erreferentzia egiten ez dioten igoerak planteatu baititu. Gainerako edukiei dagokienez, aurrerapenen bat edo beste ikusi ahal izan den arren, oraindik ez dira nahikoak.

Orain arteko greba-jardunaldien ondoren, langileek beren aldarrikapen nagusiei eusten diete, eta argi daukate plantillaren borrokak baino ez duela mugiaraziko enpresaren zuzendaritza. Horrek izan behar du bidea, ez baitaude eros-ahalmenaren galera onartzeko prest.

Horrenbestez, greba mugagabeari eutsiko diote, eta greba-egun guztietan kontzentrazioak egingo dituzte, orain arte bezala. Irailaren 28an, osteguna, 12:00etan elkartuko dira Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta ostiralean, hilak 29, Andre Maria Zurian izango dira goizeko 11:00etatik aurrera.

Gasteizko Legebiltzarrean adierazi dugu trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurreproiektua ez dela inondik inora ere nahikoa parean dugun erronkari aurre egiteko

Gaurko batzordean parte hartu du sindikatuko Ekintza Sozialeko arduradun Endika Perezek, eta datozen hamarkadetan trantsizio ekosozialista justua aurrera eraman ahal izateko benetan eraginkorrak izango diren politiken beharra azpimarratu du.

Jarraian irakur daiteke osorik LAB sindikatuak Gasteizko Legebiltzarreko batzordera eraman duen proposamena:

“LAB sindikatuaren ustez, Trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren aurreproiektu honek inolaz ere ez dio parez pare ditugun erronkei erantzuten.

LABen kezkaz bizi dugu egungo krisi ekologiko eta soziala. Dugun ardura eta erantzukizunetik diogu hau. Kontziente gara langileon ordezkari gisa egin beharreko trantsizio justu eta demokratikoan gure ekarpena beharrezkoa eta ezinbestekoa dela.

Baina gaur ez gaude horren inguruan hitz egiteko, nahiz eta gure hitzartzea ikuspegi honetan oinarrituta egingo dugun. Gaur, hurrengo hamarkadei begira jendarte gisa dugun desafio handienetako bati- edo handienari- aurre egiteko behar ditugun politika publikoen gidalerroak eztabaidatzera etorri gara.

Aitortzen dugu. Zoritxarrez ez genuen espero akademiaren mundutik, ekologismotik edo LAB bezala hamarnaka eragile sozial, politiko eta sindikalek eskatzen ditugun sakoneko aldaketak irakurtzea lege aurreproiektu honetan. Baina harrituta eta kezkaz jaso dugu aurreproiektu hau. Anbiziorik gabeko testua da, helburu mugatuegiak dituena, modu orokorrean egindako aipamenez gain planifikazio zehatzik gabekoa, aurrekontu eta neurri betearazlerik gabekoa. Testua dagoen moduan onartuko balitz, nekez beteko dira helburutzat hartzen dituen nazioarteko neutraltasun irizpideak. Eta noski, laburregi geratuko da behar dugun bidezko trantsizio ekologiko eta soziala gauzatzeko.

Ez gara gehiegi luzatuko diagnostikoan. 2019an Legebiltzar honek alde guztien babesarekin klima larrialdi egoera onartu zuen (bide batez, larrialdia aipatzen den une bakarra da testuan). Nazioarteko azterketa eta instituzio desberdinak argiak dira. Eztabaidagai dugun aurreproiektuan IPCCren 2018ko txostena aipatzen da. Ordukoan jasotako ondorioak baino askoz adierazgarriagoak eta larriagoak dira 2021ean argitaratu dena. Ez dakigu zergatik ez dagoen horren inguruko aipamenik. Agian da lege aurreproiektu honen gabezi eta ezintasunak azaleratzen dituelako.

Mamira joanda:

  • Gure ustez, ekonomiaren hazkunde infinituaren paradigma alboratu behar da. Oinarri material finitua duen Planetan bizi gara, dagoeneko segurtasun muga ugari gainditu dituena. Esplotazio eta ustiaketa basati honekin amaitu behar da eta Ipar globaleko herrialdeok ardura berezia dugu honetan. Beraz, LABen ustez, klima larrialdiari aurre egiteko politika publikoen xedea, bestelako eredu sozioekonomiko eta energetikorako trantsizioa gauzatzea izan beharko luke. Horrela jasotzen da adibidez Nafarroan onartu berri den klima legean. 2050erako CO² isurien neutraltasuna lortzea ez da nahikoa. IPCCren VI txostenaren arabera ekinbide zehatzak behar dira 2030ean 1,5ºC gainditu ez dezagun.
  • Trantsizioa beharrezkoa dela onartzearekin batera, justizia klimatiko eta sozialean oinarritu beharko genuke eztabaidagai dugun lege hau. Aurreproiektuaren helburuak, testuan literalki agertzen den bezala, nazioarteko irizpideak bete, digitalizazioa eta enpresen lehiakortasuna dira. Gure ustez, energia eskubide unibertsal gisa eta pobrezia energetikoari aurre egiteko moduez aritu behar da, ezein eraldaketan herritarron oinarrizko eskubide sozialak nola bermatuko diren arautuz. Bi erronka hauek ez dira lege-aurreproiektuan une bakarrean ere aipatzen.
  • Modu berean kontsumo energetikoaren murrizketaz aritu behar da ezinbestean. Energia aurreztu eta efizientzian urratsak ematea ez da nahikoa. Esan dugu eta ez gara batzorde honetan aipatu dugun bakarrak: ezin dira isuriak murriztu eta aldaketa klimatikoen inpaktuei aurre egiteko neurriak hartu kontsumo energetikoa murrizteko asmorik gabe. Hau nola egin, nondik hasi eta zein norabidetan gauzatu jaso beharko luke lege honek.

LEGEAREN FORMARI dagokionez, esan dugu ez duela jasotzen planifikazio ezta egutegi zehatzik. Gehiena etorkizuneko araudibideen esku uzten du. Perspektiba feminista urrunetik ere ez duen legea da eta genero berdintasun aipamen bakan batzuk soilik jasotzen ditu. Ez dago inolako neurririk, adibidez, generoen arabera bereizitako inbertsioari buruz, nekazaritza iraunkorra garatzeko, emakumeek lurra eskuratzeko eskubideak sustatzeko edo guraso bakarreko etxeetan pobrezia energetikoko egoerei arreta emateko. Hori gutxi balitz, zigor eta neurri betearazlerik gabeko legea da. Bestelako legeen joera zigorgilearen aurka, kasualitatez honetan ez da zehazten inolako atal zigorgilerik.Lege berriaren ikuskapen, jarraipen eta zehapen-araubidearen aplikazioa nola garatuko den ez jakiteak hutsuneak sortzen ditu, jardunbidearen kontrol soziala mugatzen du eta onartezina den segurtasun juridiko eza bultzatzen du.

Arrazoei helduta, patronalari mesede egiteko lege asmo baten aurrean gaudela uste du LABek. Batzordean egondako Petronorreko ordezkariak legearen norabidea txalotzea argigarria da horretan: enpresei etxerako lanik ez, zigorrik ez eta hori gutxi balitz Hidrogeno berdea, edo lehiakortasuna bermatzeko digitalizazioan sakontzeko diru publikoz hornitzeko asmoak dira ageri direnak. Zergaren atala irakurrita, lasai ibili daitezke gure herrialdeko kutsatzaile handienak diren Petronorreko zuzendari eta enparauak. Gobernu honen marka den kolaborazio publiko pribatuak ardazten du lege proposamen hau ere bai: diru publikoa eta etekin pribatua.

Honaino helduta, begirada aurreproiektu honek jasotzen duen gobernantza eta parte hartze ereduan pausatu nahiko genuke. Hau ere, gobernu honen marka propioa.

Legearen helburua, eredu produktiboa eraldatzea izan behar duela diogu. Eta horretarako bi gauza behar ditugu gutxienez: borondate politikoa eta langileon protagonismoa.

Poztekoa da mugimendu ekologistatik aldarrikatzen diren herritar asanbladen eratzea jasotzea, nahiz eta proposamena egin dutenek ere berau kamutsa eta zehaztasunik gabekoa dela salatu badute ere. Hari honetatik tiraka, gobernantza eredu parte hartzaile eta demokratiko batek, marko hauen eskumenak zein diren, zer gobernantza-tresnarekin, osaketa nola arautuko den eta are gehiago aholkularitza funtzioa baino, irizpide betearazleak izan beharko luketela ezarriko lukete.

Ba modu berean, ehun sozioproduktiboa eraldatu behar bada, derrigorrez langileon parte hartzearen bitartez egin beharko da. Deskarbonizazio ponentzian ere hala genion LABetik, eta Bidezko Trantsizio Batzordeak eratzeko eskakizuna egiten genuen. Berriz errepikatzen dugu eskakizun hau.

Gehien kutsatzen duten sektore produktiboetako langileen etorkizuna bermatu beharra dago. Eta horretarako, lehenik sektorean eman beharreko eraldaketaren diseinu eta planifikazioaren parte egin behar dira. Besteak beste, jakintza tekniko eta operatiboa duten langileak direlako. Eraldaketa prozesuan modu aktibo eta propositiboan parte hartzeko mekanismoak eraiki behar direlako politika publikoen bidez.

Bigarrenik, hainbat sektore murriztu edota desagertu behar badira, eta desagertu behar dira, bertako langileen prestakuntza eta formakuntzan inbertsio ekonomiko eta teknikoa egin behar da: bestelako sekoktoreetara jauzia egiteko bideak sortuz edota aurrejubilazioak, trantsizioaren inpaktuak leuntzeko laguntza zuzenak eta bizitza duina izateko bermeak ezinbestekoak dira. Ikuspegi ekologikotik ezarritako zerga sistematik finantzatutako funts publikoa sortzea kontenplatu beharko luke legeak, langileak babesteko helburuz.

Hirugarren elementua: murriztu behar diren sektoreak bezala, badira eraldaketa sakonak behar dituztenak eta hazi behar direnak. Azken hauek gainera, oro har zaintzari loturiko sektoreak dira, feminizatuak oro har, prekarizatuak eta karbono isurketa gutxikoak. Eskala anitzeko planifikazio hau garatzeko, proposaturiko Bidezko Trantsizio Batzordeek maila desberdinetan funtzionatu beharko lukete: administrazio, akademia, herritar antolatu eta langileon ordezkaritzak osaturiko espazioak izanik, eskualdeetako plangintzak eratzearekin batera, sektore zehatzeko erkidegoko planifikazioa ere gauzatu lezakete.

Horrela, uko egingo genioke batzordeetan dagoen ikuspegi tekno-optimista, agerian utziz mugikortasunari begirako erronketan lehen neurria ekonomiaren birlokalizazioari begirakoa izan behar dela. Elektrifikazioarekin batera, mugikortasun jasangarriak bere horretan dakarrela bidai laburreko sarea eratzea, bai pertsona zein batez ere merkantziei dagokionez.

Modu berean, bermatuko genuke, neurri guztien oinarrian langileon, hots herritarron gehiengoaren bizi baldintzak bermatzea dagoela. Horra politika publiko eraldatzaileak eta justizia sozial eta klimatikoaren ikuspegitik egiteko aukera.

Eta amaitzeko, langileon protagonismoa eta parte hartzea sustatzeko logika berean, trantsizioa gidatuko duen sektoreetan jabetza eta kontrol publiko eta soziala indartzeko neurriak garatu beharko lirateke. Ezer ez da aipatzen aurreproiektu lege honetan honi dagokionez.

ONDORIOAK: Emergentzia egoera baten aurrean egindako lege hau mugatua da oso. Arrazoia izan daiteke ez dela benetan egoera onartzen edota onartuta ere ez dagoela borondate politikorik hartu beharreko neurriak hartzeko. Bata zein bestea dira larriak eta kezkatzekoak LABen ustez.

Bestelako legea behar dugu. Bestelako politika publikoak behar ditugu. Herritarron eta pertsonen zaintza enpresen lehiakortasun eta ekonomikoen gainetik jarriko duena, ingurunearekiko errespetuan oinarritzen dena eta langile zein oro har akademia, mugimendu sozial eta herritarren parte hartze eta protagonismoa bermatuko duena. Klima lege bat egoera honetara ekarri gaitun sistemaren kapitalista bidegabe eta bideraezin honen oinarriak eraldatzeko bokazioa izango duena. Herritar guztioi oinarrizko beharrizanak asetzeko.

Helburuei dagokionez anbizioa eskatzen diogu legeari: eredu eraldaketari bide ematea.

Formari dagokionez, planifikazioa eta egutegi zehatza jaso dezan, aurrekontu partida zehatzak, atal betearazlea eta jarraipen mekanismoak ezarri ditzala.

Edukiari dagokionez, hazkunde infinituaren paradigma alboratu eta planeta eta herritarron bizitzak erdigunean jarriko dituen politika garatzeko eraikitako legea izan dadila eskatzen dugu: Kutsagarriak diren jardueren zergapetzea, ekonomia birtokiratzeko plan estrategikoa, energia murrizteko neurriak, Funts Klimatikoa, langileon bizi baldintzak babesteko eta sektore estrategikoen jabetza eta kontrol publiko eta soziala indartzeko neurriak.

Azkenik, proposamen zehatzei begira,langileon parte hartzea eta protagonismoa arautzeko tresneria ezarri dezala. Bidezko Trantsizio Batzordeak eratzea galdegiten dugu, bai sektore estrategikoetan nola eskualde mailan.

Orain artekoa eginez emaitza desberdinak lortzea inozoena egitea bada, ausardia eta errotik eraldaketa sustatzeko anbizioa eskatzen diogu lege honi. Bide horretan, LABek ere, duen erantzukizunetik bere ekarpena egiteko prest dago.

Hala moduz itxitako hitzarmen baten ondorioak pairatzen jarraitzen dute Bizkaiko eraikuntzako beharginek

Bere garaian CCOOk eta UGTk babestutako akordioak ez zituen zehazten aurten eta datorren urtean aplikatu beharreko soldata-igoerak, eta, beraz, une honetan horiek berriro negoziatzen ari da sektorea; gainera, patronalak igoera horien bidez hurrengo hitzarmena baldintzatu nahi du.

Gaur, 2023ko irailaren 26an, Lan Harremanen Kontseiluan, indarrean dagoen Bizkaiko 2021-2024ko Eraikuntzako Hitzarmen Kolektiboaren baldintza ekonomikoei heltzeko 4. negoziazio-bilera egin da.

Gogoratu behar da Bizkaiko eraikuntzan indarrean dagoen hitzarmena 2023–2024. urteetarako soldata-igoerak zehaztu gabe sinatu zela. LABek une horretan salatu zuen bezala, CCOOk eta UGTk akordio baten alde egin zuten. Akordio horretan, eraikuntzaren sektoreko lan baldintzak behar bezala ez arautzeaz gain, indarraldiaren erdirako soldatak ez ziren zehazten.

2023ko azken hiruhilekoan, eraikuntzaren sektoreko langileek soldata-igoerarik gabe jarraitzen dute. Hori guztia, inflazioaren ondorioak langileriaren bizi-baldintzak gogor kolpatzen ari diren une honetan, eta, gainera, eraikuntza sektoreko koiunturari buruzko txostenek isaltzen dutenean enpresen etekinak areagotu egin direla. Produkzio-kostuen igoerak bezeroen bizkar uzten ari diren bitartean, sektoreko langileen pobretzea inposatzen dute, soldaten eros-ahalmena bermatzen ez dutelako.

CCOO sindikatuak, berak sustatutako gaurko saioan, 2023–2025. urteetarako desblokeorako proposamen bat aurkeztu du. Hau da, CCOOk hitzarmen kolektiboaren indarralditik harago joatea proposatu du.

Patronalak CCOOk proposatutako eskema onartu du, eta hiru urterako soldata-igoeren kontraproposamen bat aurkeztu du. Kontraproposamen horretan 2025. urtea ere jasotzen da, eta 2024. eta 2025. urteetarako igoeretarako topeak ezartzen ditu, urte horietarako benetako KPIa gorabehera. Gainera, sektorerako pentsio plan pribatu bat ezartzeko apustuari eusten dio.

Gaizki hasten dena gaizki bukatzen da. Langileen erosteko ahalmena ez bermatzeaz gain, proposamen hori adosteak negoziazio kolektiboaren metodologia aldatzea ekarriko luke. 2025. urterako soldata-igoerari buruzko akordioak esan nahi du aldez aurretik adostu behar dela hurrengo hitzarmenaren funtsezko zati bat. Bada, horrek eragin negatiboa izango luke sektoreko negoziazio kolektiboan, zaildu egingo lukeelako langileei ezartzen zaizkien prekaritate-faktore guzti-guztiei heldu eta horiek ezabatzea.

Beste behin ere halamoduz itxi nahi da eztabaida, konpromisorik gabe eta Bizkaiko eraikuntzaren sektorearen prekaritateari konponbiderik eman gabe.

Euskal patronalek ez dute kimika sektorean bertako negoziazio esparrua irekitzeko asmorik erakutsi

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bilera egon da gaur Lan Harremanen Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten euskal patronal ezberdinekin. Sindikatuek kimika sektorerako euskal negoziazio esparru bat irekitzeko beharra azaldu dute, kolektiboki bertako errealitateari hobeto erantzuteko aukera emango lukeelako eta, gainera, Euskal Herriko ordezkaritza sindikalak sektore honetako langileentzako lan baldintza hobeak lortzea ahalbidetzen duelako.

Bileran parte hartu duten euskal patronalek (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK, SEA eta AVEQ KIMIKAk) ez diote baiezkorik eman eskaera horri. Argudio juridikoen aitzakipean, Araban Bizkaian eta Gipuzkoan negoziazio eremuak irekitzeko aukera itxi dute. Sindikatuek beste behin ere adierazi diete, aitzakiak alde batera utzita, borondate kontua dela eta eragile sozial diren heinean, kimika sektoreko langileen lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzeko beharra ikusiko balute, hau posible izango litzatekeela. Tamalez, euskal patronalek ez dute horretarako borondaterik erakutsi eta estatuko negoziazioaren esparruan eroso sentitzen direla erakutsi dute.

LABek beti defendatu izan du sektore guztietan, baita kimika arloan ere, euskal negoziazio esparrua edukitzeko beharra. Hala, zailtasunak izan arren, LAB prest dago hori lortzeko borroka muturrera eramateko. Gaurko bileran euskal patronalek emandako erantzunaren ostean, sindikatuok berriro elkartuko dira eman beharreko hurrengo urratsak aztertzeko.

Nafarroaren kasuan, LABek planteamendu bera defendatzen du, nahiz eta UGTk eta CCOOk ez duten EAEko jarrera berdina, gaia eztabaidatzeko deitutako intersindikaleko bileretan ere parte hartzeari uko egiten diotelarik. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, LABek bide hori jorratzen jarraitzeari uko egingo dionik, ezta Nafarroako sektoreko patronalak interpelatzeari utziko dionik ere.

Langileen ahotsa aintzat hartzea eta enpleguak bermatzeko 30 orduko lan astea ezartzea aldarrikatu dugu Nafarroako Industria Foroan

LABek parte hartu du gaur goizean Iruñean Nafarroako Gobernuak eraturiko Industria Foroaren bileran. Legegintzaldi honi begira nafar langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko, agenda soziolaborala martxan jarritako dinamikaren baitan, neurri zorrotz eta zehatzak aldarrikatzen ditugu, baita Industrian ere, eta gaurko bilerara sektoreari begirako gure lehentasunak eraman ditugu, hala nola Industriako langileen ahotsa entzutea eta lanaldi murrizketak ezartzea 30 orduko lan astea helburu.

Nafarroako herritarren kezka nagusietako bat da lana; eta milaka nafar langileri eta gizarte osoari eragiten dien Industriaren egoera horren baitan kokatzen da. Lan eta bizi baldintzak hobetzearen aldeko borrokan, aukera duen guztietan bide guztiak erabiltzen dituen sindikatua da LAB. Hori dela eta, Industria sektoreko langileen ahotsa eta gizarte osoan dauden beharrak aintzat hartzea defendatu du gaur LABek Industria Foroan. Betikoaren aurrean, eraldaketarako alternatiba presente egon da bileran.

Gizarte osoaren kezka eta beharrei begirako irtenbideak ahalbidetu behar ditu aldaketa sozialak, politika publikoetan aldaketa sakonak eginez eta erabaki propioak hartuz. Hala, Industria Foroaren gaurko bileran bereziki garrantzitsua izan da etorkizun horri eta behar horiei erantzunen dieten planteamendu eraldatzaile horiek mahai gainean jartzea. Bilera, baina, protokolozkoa izan da arras, eta Gobernuak bere burua laztantzeko erabili du batez ere; ikusteko dago zer ekarriko duten hurrengoek.

Duela gutxi legegintzaldi hau ezberdina izan dadin zorrotza eta zehatza izanen zela erran zuen publikoki LABek. Eta horrekin koherentea eta kontsekuentea izanen da. Gai honetan esku hartuko du, eta ekimen, erabaki eta politika berriak bultzatzera eta behartzera bideratuko du bere ekintza. Bere aldarrikapenak lantokietan, kalean zein instituzioetan defendatzen eta borrokatzen jarraituko du LABek, ez du inolako tarterik utziko.

Industriari dagokionez, hauexek dira LABek aldarrikatutako lehentasunak:

1. Digitalizazio prozesuan eta trantsizio ekologikoaren prozesuan enplegu suntsiketarik ez gertatzeko, eta banaketa hirukoitzean sakontzeko (zaintza, lana eta aberastasuna), lanaldia murriztea, 30 orduko lan astea helburu moduan finkatuz.

2. Trantsizio ekologikoak suposatuko duen erronkari aurre egiteko, langileez osatutako trantsizio batzordeak osatzea, ehun sozioproduktiboaren eraldaketarako ikerketa publikoa eta independentea izan dadin.

3. Transnazionalekiko menpekotasuna murrizteko eta gizarteari ez ebasteko, deslokalizazioaren kontrako legean sakontzea eta bere benetako aplikazioa bermatzea.

4. Lan baldintza duinak bermatzea, bertako hitzarmenak sustatuz, defendatuz eta edukiz betez.

5. Diskriminaziorik gabeko (generokoa, arrazakoa, ideologikoa edo afiliazio sindikalaren araberakoa) kontratazioa bermatzea.