2026-10-14
Blog Page 20

Greba deitu dugu uztailaren 15erako elikadura merkataritzaren sektorean, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa geldiarazteko

LAB eta ELA sindikatuok deituriko lanuztea patronalak bultzatutako negoziazio estatalaren aurkako erantzuna izango da, eta negoziazio mahaiko bilera erabakigarriaren egunean egingo da.

LABek eta ELAk greba deitu dugu Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako sektorean datorren uztailaren 15erako, sektoreko lan baldintzak estatu mailako negoziazioaren bidez arautzeko abian jarritako prozesuaren aurka.

Greba eguna patronalak deitutako negoziazio mahaiko bilera berri batekin bat etorriko da. Bi sindikatuon ustez, une erabakigarria da sektorearen etorkizunerako, eta horregatik deitu dugu mobilizaziora, negoziazio kolektibo propioaren defentsan eta lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Gaur egun, Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako langileen lan baldintzak lau lurraldeetako hitzarmen kolektiboen bidez arautzen dira. Hala ere, ASEDAS patronala, Mercadona, Lidl, Dia edo Uvesco Taldea bezalako enpresa handien bitartez, baldintza horiek estatu mailako enpresa hitzarmenen bidez arautzea bultzatzen ari da.

Gure ustez, negoziazio mahai horren irekierak lan harremanak estatalizatzeko beste saiakera bat dakar, lurraldeko hitzarmenak edukiz hustuz eta Euskal Herriko langileen eta ordezkaritza sindikalaren erabakitzeko gaitasuna ahulduz. Gainera, prozesu horrek gaur egun indarrean dauden hitzarmenek bermatzen dituzten lan eta soldata baldintzak okertzeko arriskua dakar.

Gogorarazi beharra dago Hego Euskal Herriko elikadura merkataritzako hitzarmenei esker soldatak eta lan eskubideak nabarmen hobetu direla urteotan, bertako negoziazio kolektiboari eta gehiengo sindikalari esker. Horregatik, onartezintzat jotzen dugu Euskal Herriko errealitate sindikal eta laboraletik kanpo diseinatutako negoziazio esparruak inposatzeko edozein saiakera.

EAJk euskararen gaian ez ditu etxeko lanak egin eta Udalhitzeko negoziazioa blokeatu du berriro ere %83tik gorako ordezkaritza sindikalaren iritziaren kontra

EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez du borondate politikorik Udalhitzeko lan-hitzarmen berria erdiesteko aurre-akordioa lortzeko. Horregatik, udako geldialdiaren ondoren, mobilizazio eta grebekin jarraituko dugula adierazten dugu LABetik.

Gaurko egunez bildu da berriro ere Udalhitzeko mahaia maiatzaren 26an EUDELeko lehendakaritza duen EAJk euskararen gaian beste proposamen bat aurkeztuko zutela adierazi eta gero. Gaurko mahaian egiaztatu da EAJk ez duela inongo borondate politikorik negoziazioak aurrera egin eta Udalhitz berrirako aurre-akordioa adosteko.

Izan ere, euskararen gaian EAJk maiatzaren 26an beste proposamen bat aurkeztuko zuela adierazi bazuen ere, ez du atzera bota langileen ordezkaritzaren %83ak baztertu duen eta PSErekin batera aurreko asteetan mahai gainean jarritako proposamena. LABek behin eta berriz adierazi die euskara gaztelaniaren pare jartzeko garaia dela eta sarbidean euskararen hizkuntza-eskakizuna ere derrigorra izan behar dela, tokiko hizkuntza-plangintzaren arabera lanpostu batzuk salbuetsiz eta hizkuntza eskakizuna eskuratzea kasu horietan geroratuz; horretarako, udalek langileak euskalduntzeko baliabide eta liberazioak eskaini behar dituzte. Hori da, hain zuzen ere, EH Bilduren proposamenak jasotzen zuena, baina gainerako alderdiek oraindik ontzat eman nahi ez dutena. Gainera, LABek adierazi die parlamentuan erabakitako lege moldaketa zein bere ondoriozkoa izango den dekretu berria eta Udalhitzeko lan-hitzarmenean adostu dezaketena uztargarria dela, lan-hitzarmenetan hizkuntza eskakizunei zein legea gainditzen duten beste gaien inguruko erabakiak adostu baitaitezke.

Aurreakordioak jasoko lituzkeen gainerako gaien inguruan, berriz, alderdiek ez dute inolako mugimendurik egin. Ondorioz, negoziazioaren blokeo berri honen aurrean LABetik adierazten dugu udako geldialdiaren ondoren mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraitzea beste aukerarik ez dugula.

LABen iritziz, aurreakordioa lortzeko, euskararen gaian proposamen berria egitearekin batera funtsezkoak diren eduki hauek adostu behar dira:

  • Indarraldia: urte bat jaitsi dute, 5 urteko indarraldia proposatuz. LABek adierazi die asko jota 4 urtekoa izan behar dela.
  • Publifikatuko diren zerbitzuetako langileen subrogazioa jasotzea.
  • Lanaldiaren jaitsiera handiagoa.
  • Enpleguari lotuta: langileen arteko mugikortasuna ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea eta hauek ordezkari sindikalekin adostea jaso behar da.
  • Gazteberritze planak eta aurrez erretiratzeko egun egon daitezkeen neurri guztiak jasotzea eta langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago ematea. Asko findu behar den atala da.

Soldatak berreskuratzeko, zorra onartzeko eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak proposatu dituzte, baina indarraldiaren bukaeran zein helmugara iritsi nahi den zehaztea eta adostea falta da. Gainera, soldata-igoerak egiteko tresnak langile guztiei aplikagarri izateko irizpideak zehaztu behar dira.

Primafriok jazarpen sindikalaren bidean eta negoziatzeari uko egiten jarraitzen du

Enpresak gatazkari amaiera emateko borondaterik ez duela ikusita, langileen eskubideak defendatzen dituztenen aurkako zigor eta kaleratzeek jarraitzen dutela eta edozein negoziazio prozesu blokeatuta dagoela kontuan hartuta, LABetik 2 orduko lanuztea deitu dugu uztailaren 16rako, 14:00etatik 16:00etara, jazarpenarekin amaitzea eta benetako negoziazio bati berehala ekitea exijitzen jarraitzeko.

Berretsi egiten gara: Tubacexek ez du ABEEa justifikatu, eta neurria inpugnatzeko epaitegietara joko dugu

Tubacexek Laudio eta Amurrioko lantegietarako planteatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta-aldia amaituta, LABen hasieratik defendatu dugun jarreran berresten gara: enpresak ez ditu behar bezala egiaztatu eta justifikatu neurri hau aplikatzeko alegatutako ekoizpen eta antolakuntza arrazoiak. Horregatik, prozesu osoan zehar ABEEa erretiratzeko eskatu izan dugu, eta eskari horri eusten diogu.

ABEE (Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente) bat aplikatzea ezinbesteko egingo lukeen ustekabeko egoera baten aurrean gaudela frogatzetik urrun, kontsulta-aldian enpresak aurkeztutako dokumentazioak eta emandako azalpenek agerian uzten dute enpresak lan-karga faltatzat aurkezten duen egoera zuzendaritzak berak hartutako antolakuntza-erabakien ondorio dela. Tubacexek ekoizpena eta lan-karga atzeratu eta taldeko enpresen artean banatzen ditu bere interes ekonomikoen arabera, eta, horrela, nahita sortutako egoerak erabiltzen ditu gero baliabide publikoekin finantzatutako enplegua eteteko neurriak justifikatzeko.

LABetik salatzen dugu ABEEak enpresen malgutasunerako tresna bihurtzen ari direla, enpresen irabaziak are gehiago handitzeko helburuarekin, eta ez benetan apartekoak diren eta aurreikusi ezin diren egoerei erantzuteko, horretarako sortu baitziren. Onartezina da enpresa batek bere ekoizpena barrutik berrantolatzea bere etekin ekonomikoak handitzeko eta, ondoren, estrategia horren kostuen zati bat langileen eta gizarte osoaren bizkar uztea diru publikoarekin finantzatutako mekanismoen bidez

Bereziki kezkagarria da administrazio publikoek horrelako jardunak behar bezala ez fiskalizatzea. Erakunde publikoek bermatu behar dute enplegua babestera bideratutako baliabide publikoak ez direla erabiltzen taldearen errentagarritasuna handitzea helburu duten aurrez planifikatutako enpresa-erabakiak finantzatzeko.

LABetik ondorengo galdera plazaratu nahi dugu: noiz arte onartuko dute erakundeek diru publikoarekin finantzatutako tresnak enpresen interes partikularren mesedetan erabiltzen jarraitzea? ABEEak enplegua ezohiko egoeren aurrean babesteko sortu ziren, ez ekoizpena barrutik berrantolatzeko edo enpresen irabaziak handitzeko, erabaki horien kostuen zati bat gizarte osoaren gain utzita. Enpresek beren irabaziak pribatizatzen jarraitzen duten bitartean, beren enpresa-erabakien kostuak sozializatu nahi dituzte, herritar guztien baliabide publikoak erabiliz.

LABen ustez, kontsulta-aldiak berretsi egin du justifikaziorik gabeko ABEE baten aurrean gaudela, benetako premia-egoeretarako soilik erabili beharko litzatekeen tresna baten erabilera abusiboan oinarrituta.

Horregatik guztiagatik, LABek ABEE hau bide judizialetik inpugnatuko du, epaitegiek balora dezaten enpresak alegatutako eta justifikatutako arrazoiek legezkotasun eta nahikotasun baldintzak betetzen dituzten ala ez. Aurrekoetan egin bezala, sindikatuak bere esku dituen tresna sindikal eta juridiko guztiak erabiliko ditu guztiz abusuzkoak eta justifikaziorik gabekoak iruditzen zaizkion enpresa-erabakiei aurre egiteko.

LABen defendatzen jarraituko dugu baliabide publikoak enplegua eta langileak babestera bideratu behar direla, eta ez enpresen irabaziak handitzera bideratutako estrategiak erraztera, lan-baldintzen eta gizarte osoaren diruaren kontura.

Asteasuko Siemens Gamesako langileak hitzarmen duinaren alde

Aurreko astean langile batzarra izan zen lantokian, eta bertan bildu ginen langileen gehiengoak nahiz aurrez errondetan bildu izan direnen gehiengoak mahai gainean dagoen hitzarmen proposamenak ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen helarazi digute.

Honekin batera, une egokia iristean Asteasu rako hitzarmen duin baten alde borroka egiteko prestutasuna ere erakutsi digute.

Bestetik, hitzarmen markoa Asteasuko langileenganako eraso bat dela ere adierazi digute langileek: hemen erabakitzeko eskubidea kentzeaz gain, gure lan baldintzak okertzeko tresna izango dela pentsatzen du gehiengoak.

Egoera honetan, enpresari arduraz jokatu eta norabidea alda dezala eskatzen diogu: hurrengo bi urtetarako hitzarmen duin bat mahai gainean jar dezala eta hitzarmen markoaren ideia burutik ken dezala.

Asteasuko langileok argi daukagu: etorkizunean ere Asteasun lan egin nahi dugu eta Asteasun erabaki nahi dugu!!

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Udazkenean lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzua indartzeko mobilizazio dinamika martxan jarri beharko da. Era berean, eskatzen dugu Euskadiko Sendagileen Sindikatua eta Osakidetzako zuzendaritzari ezkutuan aurrera eramaten ari diren negoziazioa mahai sektorialera eramateko, gainontzeko langileekiko errespetuagatik eta gardentasunagatik.

LABetik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari exijitzen diogu duela 18 urtetik zaharkituta dagoen Akordio Arautzailea egunera dezala, eta salatzen dugu Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektoriala negoziaziorako esparru gisa deslegitimatzen duela; izan ere, dauden gatazkak ez ditu bertan jorratzen, Madrilek ezarritako mugak gainditzeko gaitasuna izan arren.

Alberto Martinez sailburuaren taldeak mahai sektorialean ostrukarena egiteak zatiketa korporatiboa hauspotzen du —izan fakultatiboak, teknikariak, emaginak…—, langile klasea ahultzen du eta osasun sistema publikoaren arazoa egiturazkoa dela ezkutatzen du.

LABen bat egiten dugu Osakidetzako kategoria desberdinak egiten ari diren diagnostikoekin eta aldarrikapenekin, baina uste dugu sektoreak batuta gehiago irabaziko lukeela, eta, arazoa estrukturala izanik, sektoreko borrokak zerbitzua hobetuko lukeela. Izan ere, Osakidetzako langile guztien lan baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko lituzke horrek.

Eredua aldatzeko, langile guztien lan baldintzak hobetzeko, zerbitzu publikoaren narriadura lehengoratzeko eta pribatizatutako zerbitzuen publifikaziorako tresna direlako, LABen proposamenen artean daude honako hauek:

  • Urteko lanaldiaren jaitsiera. 30 lan orduko lan astea.
  • Guardiak eta formakuntza orduak urteko lanorduen barruan egotea.
  • Kategoriaren eta unitatearen araberako gainjartze-denborak, funtzioak eta ratioak egokitzea.
  • Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurri errealak izatea.
  • Aparteko orduen jarraipena eta konpentsazioa. Autokontzertazioarekin amaitzea, plantilla birdimentsionatuz, eta txandak egokitzea.
  • Erosahalmena berreskuratzea eta osagarriak berrikustea.
  • Langile eta erabiltzeen hizkuntza eskubideak bermatzeko, plantilla euskalduntzeko plana adostea.
  • Lan osasuna garatzea eta bermatzea. Arrisku psikosozialen gorakada kezkagarria da, aurrekaririk gabekoa, eta erantzun egokirik izaten ari ez dena.
  • Plantilla gazteberritzeko plana martxan jartzea, aldagai desberdinak kontuan hartuta langileak erretiro adina aurreratzeko edota lanaldia murrizteko aukerarekin.
  • Berdintasun plan erreal eta eraginkorra adostea.
  • Autokontzertazioarekin bukatzea eta bateraezintasunen gaineko kontrol zorrotza egitea.
  • Estrukturalak diren lanpostuak azaleratzea eta behin-behinekotasun tasa %5era jaistea.
  • Lanpostu funtzionalen dekretua adostea.

Arazoaren erroa egiturazkoa da; hau da, Osakidetzako zuzendaritzak garatzen duen lan eredua okerra da, eta irtenbidea eredu horren errotiko aldaketatik etorri behar da, langile kolektibo guztien arazoei aurre egiteko neurrien bidez. Soilik kategoria bakar bati ordainsariaren igoera edota bestelako hobekuntzak eskaintzeak eredu okerra betikotzea baino ez dakar, kategoria horietako langileen benetako arazoei ere ez zaielako erantzuten. Osakidetzako langile guztiek, medikuek barne, eguneratu gabeko soldatak, jardunaldi luzeak, planifikatu gabeko txandak eta giza baliabide falta dituzte, eta Osakidetzako zuzendaritzak horiei erantzun behar die.

Sindikatutik aspalditik salatzen ari gara, beste gai batzuen artean, Etengabeko Arretako Guneetako mediku falta, lehen mailako arretaren egoera kritikoa, emaginek emakumeen* bizi prozesuetan duten garrantzia ez dela aintzat hartzen eta zerbitzuaren planifikazio eza. Administrari laguntzaileek administrari funtzioak egiten dituzte, osasun mentalaren sarearen egoera jasanezina da, oporraldietan zerbitzuetan murrizketak egiten dira, eta beste abar luze bat.

Gauzak horrela, ikuskizun dago azkenengo mahai sektorialean proposatutako negoziazio egutegia bete eta edukiekin janzten den. Negoziazio kolektiboak emaitzarik ematen ez badu, mobilizazioetara jotzeko ordua izango da. Udazkenean langileen lan baldintzak hobetzeko eta zerbitzua indartzeko grebak barnebilduko dituen mobilizazio dinamika martxan jartzea beharrezkoa izango da. Guzti hau lortzeko lanean ari gara, mahai sektorialetan ekarpena eginez eta balizko mobilizazio dinamika hori ahalik eta zabalena izateko eta mobilizazio eredu eraginkorrena aurrera eramateko.

Azpimarratzen dugu Osakidetzako langileek, batuta, indar handiagoa dutela. Horretarako, langile kolektibo desberdinen hitza entzun beharra dago, gainontzeko sindikatu eta eragileekin elkarlana bultzatu eta borroka dinamika eraginkorrena adostu eta aurrera eraman, helburua Osakidetza indartzea izanda.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Euskal gizartearen ekonomia eta lan eredua egiturazko arazoak ditu oinarrian eta, konpondu ordez, okerrera egiten dute. Ekaineko datuek ez dute baikortasunerako arrazoirik ematen, arrakalak handitzen baitoaz:

  • Langabetuen %59,01 emakumeak* dira. Horrez gain, emakumeen* artean %57k jardunaldi osoa duen bitartean, gizonen kontratuei dagokienez %78 dira mota horretakoak. Gauza bera gertatzen da jardunaldi partzialei erreparatuz gero. Emakumezkoen* %25,3k jardunaldi partziala du, hau da, lautik batek. Gizonezkoen kasuan, aldiz, %11,8k, hau da, ia 10etik batek. Lan merkatuak emakumeak* zokoratzen dituenaren seinale argia da hau.
  • Ezin ditugu pertsona migratuak ahaztu. Langabeziak gora egin du egoera zaurgarrian dagoen kolektibo honetan. Izan ere, datuek adierazten dute ia sektore guztietan jaitsiera gertatu dela – langabeziari dagokionez–, baina migratuen artean langabeziak gora egin du. Horrez gain, egoera prekariotik ezin irten, eta horietatik %49,57 zerbitzu sektorean dabiltza lan bila (baldintza kaskarrenak eskaintzen dituen sektorean, hain zuzen ere). Aurreko enplegurik gabekoen artean, gehienak migratuak dira.
  • Adinak ere badu zerikusia zaurgarritasunari dagokionez; izan ere, langabeziak gogor kolpatzen ditu gazteak. Oraingo honetan, gazteen langabezia igo egin da azken hilabetetik hona, udako kontratazioa heldu baino lehen.

Ikasturte bukaerak sektore feminizatuetan dauka bere ondorioa, eta datu adierazgarriak uzten dizkigu:

– Azken hilabetean 580 emakume* gehiago dira langabezia zerrendetara batu direnak, gizonen artean 77 langabetu gutxiago direnean. Sektoreka, langabezia igo da zerbitzuetan, eta azken hilabetean 13.533 langile gutxiago daude afiliatuta sektore honetan, orain urtebete baino 19.406 afiliatu gehiago diren arren. Eta erregimen orokorrean afiliazioaren kontratu motei erreparatuz gero, 7.869 kontratu gutxiago daude, aldizkako finko gisa lan egiten duten pertsonei dagozkienak. Bada, langile horien %80 emakumeak* dira.

Ezohiko erregularizazioak bere ondorioak ditu, bai:

– Pertsona migratuen artean, berriz, 1.358 gehiago dira, aurreko urtearekin alderatuta, izena eman dutenak aurrez enplegurik izan gabe. Pertsona migratuen artean 9.786 langabetuak dira, hau da, langabetuen %35,07 osatzen dute, orain urtebete %31,91 zirenean. Ehuneko hauek aldatzen joango direla azaldu du LABek.

– Justizia ariketa bat da dagoeneko hemen denbora daramaten eta gure ekonomiaren oinarrizko sektoreak sostengatzen ari diren pertsonak eskubide-subjektu gisa aitortzea. Ezohiko erregularizazio prozesura batzeko eskaeraren izapidetzeko onarpena jasotzen duten pertsona migratu guztiek enplegu-eskatzaile aktibo gisa izena eman beharko lukete. Hori da dagozkien eta orain arte ukatuak izan dituzten hainbat eskubidetarako sarrera-atea; gainera, erregularizazio honekin eskuratuko duten aldi baterako baimena berritzeko ezinbesteko baldintza da.

Aurreko hilabetearekin alderatuta, afiliazioak behera egin du Hego Euskal Herriko erregimen orokorrean. 1.093.370 pertsona zeuden afiliatuta maiatzeko azken egunean, hau da, 12.059 afiliatu gutxiago.

Hala eta guztiz ere, sektoreka aztertuz gero langabeziak behera egiten duen arren, industriaren langabezia egoera ia bere horretan mantentzen da, 47 langabetu gutxiago baitaude. Industriaren egoera oso kezkagarritzat jotzen du LABek, afiliazioak behera egin baitu azken hilabetean. Eta industrian sortzen ari den enplegua prekarioagoa da suntsitzen ari den enpleguarekin alderatuta.

Bestalde, kontratu motei erreparatzen badiegu, aurreko urtean baino 10.026 kontratu gehiago sinatu dira ekainean zehar, guztira 113.821 direlarik. Baina bada kontu larri bat honen atzean; izan ere, horietatik %76,85 behin-behineko kontratuak izan dira, eta kontratu guztien %78,38 zerbitzuetan egin dira. Hau guztia ez da kasualitatea. Industriaren enplegu suntsiketak eta zerbitzuen sektorerako joerak bizitzaren prekarizazioa dakar. Izan ere, baldintza onak dituzten enpleguekin bukatu eta baldintza kaskarrak dituzten enpleguak sortzen ari dira.

LABi bereziki kezkagarria iruditzen zaio egoera hori egonkortzea. Sindikatuak urte erdi darama egiturazko arrakalak salatzen, baina horiek finkatzen doazela ikusten du. Patronalak ez ditu bere gain ardurak hartzen, eta sistema kapitalista indartzearen konplize nagusia da. Ez da kasualitatea egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak izatea prekarizazio mailarik altuena bizi dutenak.

Enplegu prekarioa gizartearen kezka nagusia da. Izan ere, enplegua eduki arren, langileek ez dute bizitza duina bermatzeko haina diru-sarrera. Horri aurre egiteko dago borroka sindikala, sistema eraldatu eta langile klasea erdigunean jartzeko.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: Aranoko Maderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko du LABek aurrerantzean, auzibide sozialarekin batera. Iragarpena egitearekin batera, lehen kasua aurkeztu dute gaur prentsaurrean Inko Iriarte Lan Osasuneko arduradunak eta Ainhize Muniozguren, Idazkaritza Juridikoko arduradunak.

“Oro har, lan munduan prebentzio eza eta lan istripuak direla eta gertatzen ari diren kasu larrien aurrean hartu dugu erabakia”, adierazi dute. Larritasun horren erakusle da bide penala urratu duen lehen salaketa:

Aranoko (Nafarroa) Maderas en General Justa S.L. enpresan egurra mozteko makina batekin, segurtasun babesik gabe, lanean ari zela istripu larria izan zuen langile batek. Ondorioz, ezker oineko behatz bat galdu zuen. Laguntza eskatu zien enpresako arduradunei, anbulantzia bati deitzeko, baina inork ez zuen artatu; hala, lankide batek eraman zuen larrialdietara, eta ebakuntza egin behar izan zioten. 2024ko gertakariak dira, LABek epaitegietara eraman, eta orain tramitera onartu dituztenak. Langile migratua da, lan baimenik gabe eta lan kontraturik gabe ari zen lanean.

Enpresako arduradunek makina erretiratu egin zuten lan istripuaren ondoren. Era berean, ospitalera bidean enpresako administrariaren deia jaso zuen langileak, eta agindua eman zion nagusiak: ez zezala esan lan istripua izan zenik. Gizarte segurantzan alta eman gabe zegoela jakinarazi zioten, eta isiltasunaren truke 500 euro eskaini zizkioten. Larrialdietan lan istripua izan zuela adierazi zuen langileak, eta horrela jasoa geratu zen mediku-txostenean.

Langilea inongo babesik gabe geratu zen: gizarte segurantzan alta eman gabe zegoenez, ezin zuen diru-saririk jaso; ez zuen ingurunean sostengu sozialik, eta urrun zuen familia. Jakinarazi zuen haren egoera berean bazirela langile gehiago lantegian.

LABek salaketa jarri ondoren, Nafarroako Lan Ikuskaritzak ikerketa abiatu zuen, eta emaitza langilearen aldekoa izan zen. “Gizarte segurantzan altan egoteko eskubidea aitortu eta berrezarri zioten, eta enpresa zigortu zuen, prebentzio araudia ez betetzeagatik”, adierazi du Iriartek. Enpresak ez zuen isunik jaso, ordea, makinak oinarrizko segurtasun araudia betetzen ez zuelako. Era berean, aintzat hartu gabe geratu zen enpresaren mafia-jokabidea: langilea kontraturik gabe eta zaurgarritasun egoeran izatea; zauritu zenean artatu ez izana; eroskeriaz jokatu izana etab.

Arduradunen jarrera aintzat hartuta —langilea hertsatzen saiatu izana, delituaren frogak desagerrarazten saiatu izana…— haien aurkako kereila aurkeztu zuen LABek (2025eko maiatzean), honako delituen erantzule direlakoan


1.) Langileen eskubideen aurkako delitua:

  • Langile migratuak izateagatik lan baimenik gabe.
  • Langileen segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitua.
  • – Laneko prebentzio araudia ez betetzeagatik. – Langileari laneko segurtasunerako eta higienerako beharrezko baliabideak ez emateagatik.
  • Gizarte segurantzari lotutako delituak: – Langileak gizarte segurantzan alta eman gabe izateagatik. – Langile migratuak lan baimenik gabe izateagatik.

2.) Lesio-delitua: langileak izan zituen lesio larriei dagokiena.

3.) Estalketa-delitua: istripua eragin zuen makina desagerrarazteagatik.

4.) Derrigortze-delitua: langileak gertatua salatzea eragotzi nahi izateagatik, eroskeria bidez.

Kereila tramitera onartua izan da, delitu-zantzuak ikusi ditu auzitegiak, eta ikerketa abiatu du, eta LABek proposatutako diligentziak ere onartu ditu.

Gaur-gaurkoz enpresako bi arduradun ikertzen ari dira, eta irailean izango da deklarazioa hartzea. Muniozgurenek azaldu duenez, argiak dira LABen helburuak: “Nahi dugu, batetik, gertaerak zein erantzukizun penalak argitzea, eta, bestetik, enpresariek inpunitatez jokatzeari uztea; dagozkien ardurak hartu behar dituzte, enpresaren irregulartasunekin bukatu, eta langileen osasuna zaintzeko zein prebentzioa bermatzeko dagozkien neurriak hartu behar dituzte”.

Salatzen dugu Hezkuntzak ez duela ezer egin Nekazaritza eta Basogintza IIn gertatutakoarekin

OANAk Nafarroako Gobernuari beharrezko neurriak har zitzan emandako epea bete da eta Carlos Gimenok zuzentzen duen Departamentuak gai honetan duen pasibotasuna salatzen dugu. Aldi berean, ikastetxeko langileak eta zuzendari berria zoriondu nahi ditugu, eta ikasturte berri ona opa diegu, xantaiarik gabekoa eta ikasleei ahalik eta prestakuntza onena eskaintzera bideratua.

Apirilaren 1ean, Nafarroako Praktika Onen eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak (OANA) 21/2026 Ebazpena argitaratu zuen, eta, hala, amaiera eman zion Nekazaritza eta Basogintzako Ikastetxe Integratuan funts publikoak bidegabe erabiltzeari buruzko prozedurari. Hamarkada bat iraun du praktika horrek, eta 40.000 euro kostatu zaizkio altxor publikoari. Gainera, hiru hilabeteko epea ezarri zuen Hezkuntza, Ekonomia eta Ogasun departamentuek beharrezko neurriak har zitzaten. Asteazken honetan bete da epea eta ez dakigu ezer dagoeneko hartuta beharko luketen neurriei buruz.

Publiko egin zenetik, Hezkuntza Departamentua txostena ezkutatzen eta hari izkin egiten saiatu da. Ohar bat argitaratzera mugatu zen, zuzendariaren izendapena zuzenbidearekin bat zetorrela baieztatzeko, baina ez zuen aipatu ere egiten funts publikoen erabilera desegokia. Zuzenbidearekin bat egingo luke agian, baina bera da funts publikoen erabilera okerraren erantzuleetako bat, eta gainera, baita txosten psikosozialean jasotako neurriak ez ezartzearen erruduna ere. Era berean, OANAri “ezikusiarena egiten” ere saiatu da Hezkuntza, ustez zuzenbidearekin bat ez datorren irakasle baten kontratazio bikoitzari dagokionez. Irregulartasun asko daude alderdi honetan eta galdera asko airean, baina LABek ikertzen jarraituko du.

Gure ikerketan, kanpo-informazio ugari jaso dugu, eta horrek berretsi egiten du Departamentuaren eta ikastetxeko zuzendaritza-taldearen arteko sintonia eta konplizitatea. Ikerketa hori Hezkuntzak egin beharko luke, baina ez dute egin eta ez dute egingo. Ondo legoke jakitea zergatik.

Departamentuaren plana pikutara botatzea lortu du klaustroak

Hiru hilabete hauetan Hezkuntzak zirkinik ere egin Nekazaritza eta Basozaintzako IIko langileak informatzeko. Joan den ekainaren 24an ezohiko klaustroa egin zuten ikastetxean. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko ordezkaritza batek parte hartu zuen bertan, ikastetxeko zuzendari berriaren izendapenari buruzko kontsulta egiteko. Baina ez zuten inolako azalpenik eskaini, ez iraganaz, ez etorkizunaz. Egungo zuzendariordea zuzendari izendatzea eta “kortijoari” jarraipena ematea zuen helburu. Zorionez, irakasleak tinko mantendu ziren eta azkenean irakasleetako bat izendatu zuten zuzendari.

Onartezina da OANAk erantzukizunak argitzeko emandako epea igarota dagoenean, Nekazaritza eta Basogintzako IIko irakasleei, hezkuntza-komunitateari eta Nafarroako herritar guztiei oraindik eman ez izana Departamentuak hartu behar zituen neurrien berri. Gainera, oso bitxia da ere Parlamentuko alderdiek Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari interpelaziorik egin ez izana.

Hala eta guztiz ere, LABetik gure poza adierazi nahi dugu, ikerketa hauei esker Nekazaritza eta Basogintzako IIan gertatutakoaren parte bat behintzat mahai gainean jartzea lortu dugulako, eta hemendik aurrera ikasleek “matrikula” kontzeptuan ikasturteko ia 300 euro ordaindu beharrik izango ez dutelako. Ikastetxeko irakasleengatik ere pozten gara, “kortijoaren” aldetik abusuak eta tratu txarrak jasaten urteak eman ondoren, irailean ikasturte berria hasiko baitute Hezkuntza Departamentuak nahi zuenaz bestelako Zuzendaritza batekin. Zorionak!

LABetik ikerketarekin jarraituko dugu gertatutako guztia argitzen saiatzeko. Hori Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak egin beharko luke, baina argi geratu da ez duela egingo. Ez dakiguna da ezintasunaren edo ezkutatu nahi dituzten arduren ondorio ote den hori. Guk behin eta berriz gogoraraziko diegu ez dela komeni informazioa ezkutatzea, gertakariak aldatzea edo OANAren aurrean gezurra esatea. Iruzurrari edo ustelkeriari buruzko ikerketa ofiziala oztopatzea delitu izan daiteke. Ez dakiguna da nor eta zergatik ari den horretan.

Hori dela eta, LABetik ikerketa serio eta arduratsua eskatzen jarraituko dugu, gertatutako guztia agerian utziko duena eta erantzukizunak argituko dituena.