2024-05-08
Blog Page 2

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

Bada, mehatxu eta jazarpen horiek ez dute lortu langileak gerarazterik, kontrakoa: are gehiago ahaldundu dira eta lan-baldintza duinen alde borrokatzen jarraitzeko prest daude.

Enpresak hobekuntza gutxi batzuk proposatu dituen arren, gaur egun Endaneako langileek dituzten beharrizanak asetzetik oso urrun dago oraindik ere proposamen hori. Bada, elkarretaratzeak egiten hilabete igaro ostean, nazkatuta, grebaren aldeko hautua egin dute langileek.

Bada, salatu beharrekoa da grebalarien lanpostu horiek ordezkoekin betetzen ari dela enpresa.

Guk borrokan jarraituko dugu lan eta bizitza duinen alde.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Irailean 40 kolektibo sozial baino gehiago bildu ginen Ozaetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak antolatutako “Su txikien itsasoa” izeneko topaketan. Bertan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan hainbat mugimendu eta kolektibo sozialek egunero garatzen dituzten borrokak batuko zituzten aldarrikapen komunen eraikuntzan aurrera egin genuen. Borroka horiek guztiak dira beharrezko aldaketa ekosozialaren oinarriak, eta beharrezkoa den alternatiba ekosozial hori elkarrekin bultzatu nahi dugu.

Eredu ekonomiko, politiko eta sozialaren aldaketa horretarako adostutako 7 ardatzak honako hauek dira: Pertsona guztientzat bizitzeko moduko planeta bat, pertsonak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko bat eta ez gutxi batzuen onurak lehenesten dituenak, lanaren birbanaketa eta aitortza (batez ere funtsezkoak, zaintza-lanak, etab.), subiranotasunen sustapena (elikadura, enegetika, telekomunikazioetakoak, etab.), pertsona guztientzako eskubideak (atzerritartasun legea indargabetzea), gerrari eta gastu militarraren igoerari uko egitea eta plangintza eta parte-hartze demokratikoa.

Ziur gaude norabide horretan ibiltzeko ezinbestekoa dela gizartea aktibatzea. Beraz, maiatzaren 11n, milaka pertsona aterako gara Bilboko eta Iruñeko kaleetara, bidezko alternatiba ekosozial baterantz jo behar dugula sinetsita, gaurko errealitateak ez baitie beste aukerarik ematen langile klaseari.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Bilerak bi zati izan ditu. Lehenengoan sindikalgintza soberanistaren eta herrialde guztietan bizi dugun egoera aztertu dugu eta bigarren zatian Frantziar Estatuari begirako proposamen zehatz eta espezifiko bat landu dugu.

Plataformak 2006ean hasi zuen bere ibilbidea eta ordutik hona hainbat kanpaina eta dinamika jarri ditu martxan. 2022-ko martxoan, Europako sindikalgintza soberanista Bilbon elkartu eta aurrera begira hausnarketa prozesu bat abian jarri zuen etorkizunean gure lana hobetu eta sindikalgintza soberanista saretzen eta indartzen jarraitzeko. Bilboko topaketek, Valentzian eta Belfasten izan zuten segida eta horrela Foro Sindikal Soberanista osatzen joan da. Gaur Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak, ibilbide berri bat hasten du plataformako sindikatuak Foro Sindikal Soberanistan integratuz. Sortu zenetik hemezortzi urte pasa direnean, plataformak aro berri bati irekiera eman dio.

Beste aldetik, gaurko bileran erabaki garrantzitsu bat hartu du. Frantziar estatuaren pean gauden sindikatuok, hauteskunde ezberdinetan lehiatuko den herrien intersindikal bat osatzeko erabakia hartu dugu. Prozesu honek bi helburu ditu; alde batetik gure lana hobeto koordinatu eta norabide berdinean jartzea, eta beste aldetik poliki-poliki Frantziar estatuan, estatu mailako sindikatuei alternatiba izango den espazio berri bat sortzea.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.

Komisariatik eta Iruñeko epaitegietatik igaro ondoren, aske utzi dute Reina. LABeko talde juridikoaren laguntza izan du, eta epaitegien aurrean babesa ematera bildutako militante talde batek txalo artean hartu du atera denean.

Sevillako epaitegi batean ustezko “kalumnia” batzuengatik jarritako salaketa batengatiko epaiketaren data jakinaraztea zen atxiloketaren helburua. Zehazki, 2015ean enpresa bati “esplotatzaile” deitzea leporatu diote, Reinak eta SAT sindikatuak aurrera eramandako jarduera sindikalaren testuinguruan.

LABetik gogor salatzen ditugu polizia-jarduera horren forma zein funtsa. Moduari dagokionez, onartezina da sindikalista bat atxilotzea haren aurka jarritako salaketa bat ikertzen ari epaitegitik ia 1.000 kilometrora, epaiketaren data jakinarazteko aitzakipean.

Funtsari dagokionez, salagarria da, era berean, sindikalista bat atxilotzea bere lana egiteagatik, hau da, lan-esplotazioa salatzea. Patronalak lan-legeria eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea zigorgabetasun osoz urratzen dituen bitartean, arau-urraketa horiek salatzen dituzten sindikalistak jazartzen dituzte poliziak eta epaitegiek.

Bada, hain zuzen ere, Oscar Reinak eta Andaluziako SATek etengabeko jazarpena jasaten dute beren lan sindikalagatik. Patronalaren lawfarea da hori, klase sindikalismoa desaktibatu nahi duen lawfare mota berezi bat. Esparru politikoa demokratizatzeko beharra berbagai den honetan, LABek lan-esparruaren demokratizazioa ere aldarrikatzen du, hau da, lan-eskubideekiko eta askatasun sindikalekiko errespetua.

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.

50. urteurrenaren karietara, mobilizazio nazional jendetsua egin dugu LAB sindikatuko militanteok Iruñean, Gazteluko Plazatik abiatuta. Ondoren, Anaitasunan, ekitaldi politikoa eta sindikatuaren 50. urteurrenari loturiko ospakizunak egin dira: bazkaria, kontzertuak… Nazioarteko gonbidatuak ere izan dira; besteak beste, Asturies, Aragón, Galiza, Andaluzía, Katalunia, País Valencià, Frantziar estatua, Bretainia, Korsika, Sardinia eta Aostatik etorriak. Eta ekitaldian hitza hartu dutenak: Pambis Kyritsis Mundu Federazio Sindikaleko burua, Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko Vu Manh Tiem eta Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salam. Azken honen hitzartzea izan da berezietan bereziena, eta Palestinarekiko elkartasunez mosaiko bat irudikatu dute Anaitasunan bildutakoek.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, hain zuzen ere, internazionalismoari keinu egin dio bere hitzartzearen hasieran. “Bizitza duinak eta bizigarriak” amesten dituzten herri guztiei elkartasuna adierazi die, inperialismoa eta kapitalismoa munduko langile guztien etsai diren eta esplotazioa, prekarizazioa edota gerra dakarten honetan.

Etxera etorrita, gurean langileak lanean gaixotzen eta hiltzen jarraitzen dutela gogoratu du, eta patronalaren inpunitateari aurre egiteko beharra azpimarratu. Anaitasunara hurbildu ezin izan direnekin ere gogoratu da, “presoak etxera” aldarrikatuz. Eta, nola ez, urtemuga borobila ere hartu du ahotan, orain arteko ibilbidea gogoratu eta aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsiz: “Energia gara. Indarra gara, eraldatzaileak gara, aldaketak eragiteko gaitasuna erakutsi dugu, eta gu geu aldatu gara: jaio, hazi eta zabaldu”. Aintzat hartzekoa da 50.000 afiliatuen langa igaro berri dugula LABen.

Bidean, baina, hainbat traba gainditu behar izan ditugu. Horren erakusle, Nafarroan apartheid sindikala pairatu eta gainditu izana, baita Ipar Euskal Herriko kasua ere: urteetan baztertua izan eta gogor borrokatu ostean, gaur intersindikalarekin batera pankartan egon da LABen ordezkaritza bat.

“Sustraiak sendo eta adarrak zabaltzen” ari da LAB, “borrokarako ilusioa, indarra eta determinazioa” dugun militanteon ahalegina oinarri: zerbitzu publikoen defentsan dihardutenenea, esplotazioari eta bazterketari aurre egiteko antolatu diren langile migratu eta arrazializatuena, pentsiodunena nahiz Ernairen eskutik gaur lehen lerroan egon diren gazteena.

Lantokietan, kalean zein instituzioetan borroka egitera deitu dute LABeko koordinatzaile orokorrek. Igor Arroyok esan du Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela idatzita, eremu sindikalean, sozialean zein instituzionalean ezker independentista hazten ari dela eta badagoela alternatiba: “Gogotik tira egiten ari gara bizitzaren alde, langile herriaren alde, birbanaketaren alde”. Hala, krisi ekosozialari aurre egiteko banaketa hirukoitzaren beharra nabarmendu du: enplegua, zaintza eta aberastasuna.

Horretarako lanean ari gara lantokietan (30 orduko lan astearen edota zaintza lanetarako baimenen alde), kalean (pentsiodunekin nahiz mugimendu feministarekin, etxebizitza-espekulazioari aurre eginez eta zerbitzu publikoak defendatuz) nahiz instituzioetan (politika publikoak langileen mesedetan jarri edota zaintza, osasun eta hezkuntza sistema publiko komunitarioak garatzeko). Badago alternatiba iruteko haria, eta burujabetzan aurrera egiteko unea da, “bizitza erdigunean izango duen eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizioa ahalbidetzeko”.

Horregatik, konpromiso horri heltzeko prest gaude LABen: “Jo eta ke arituko gara lanean esplotaziorik gabeko Euskal Herria, patriarkaturik gabeko Euskal Herria, pertsona askez eta anitzez osatutako nazio askea lortu arte!”, amaitu dute koordinatzaileek.

Bazterketa sindikala gaindituta, aberastasunaren banaketa aldarrikatu du LABek Baionan

Urte luzez pairatutako bazterketa sindikala gaindituta, intersindikalarekin batera pankartan izan da LAB gaur Baionan, Maiatzaren Lehenean.

Langile-klaseak sortutako aberastasuna birbanatzea premiazkoa da, eta horixe aldarrikatu dugu.Gerlak, prekaritatea eta bizitzaren beraren suntsipena besterik ez dakarren sistemaren aurrean, langileon bizitzak erdigunera ekarribehar direla ozen esan dugu. 

Parean daukagu egunetik egunera autoritarioagoa eta neoliberalagoa den Frantziako Estatua.Haren politikei aurre egiteko konpromisoa berretsi dugu gaur. Gure lansariak eta pentsioak defendatuko ditugu, egiturazko soladata arrakalarekin amai dadin exijituko dugu, zerbitzu publikoak indartu daitezen aldarrikatuko dugu… 

Horretarako, ordea, herri mailako tresnak behar ditugu; hala nola, Lan Kode eta Gizarte Segurantzako Kodea. Norabide horretan lanean segiko dugu: kolektibitateetan, enpresetan zein karrikan. Langileek euren erabaki ahalmenaz jabetu, eta hemen baldintza duinetan bizi eta lan egindezaten borroka jarraituko dugu. Hori da LABen konpromisoa.

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Lehenik eta behin gure elkartasuna adierazi nahi diegu hildakoaren senide, lankide, lagun eta gertukoei.

Lan-osasunaren eguneko biharamunean, pil-pilean jarraitzen dute lan istripuek; baso-lanetan, obretan altueretatik erorketak, arazo kardiobaskularren ondorioz hildako garraiolariak, makinen harrapaketak, in itinere izandako istripuetan eta abar. Behin eta berriro errepikatzen diren patroiak, eta odolste honen aurrean ez patronalak ez Eusko Jaurlaritzak ez dute inongo neurririk hartzen, ardura guztia eurena izanda ere.

Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, baso-enpresen bideragarritasuna mugatua da, foru-arauak ad hoc izan arren haientzat. Baso-istripuen atzean zuraren ustiapen intentsiboa ezkutatzen da, lan-harreman prekarizatuetan oinarritzen dena etekinak lortzeko, eta, horretarako, laneko segurtasun-baliabideetan aurrezten dute.

Sektore hau ezaguna da prebentzio-baliabiderik ez izateagatik, prestakuntza faltagatik, lan-tresna desegokiengatik, lan-erritmo oso altuko lanaldi luzeengatik, ahalegin fisikoengatik, baso-landaketetan malda handiak dituzten eremuengatik eta ekzetera luze bategatik.

Izan ere, ez da kasualitatea Bizkaiko zuraren hitzarmena 2003tik berritu gabe egotea. Sektore horretan hilkortasun-tasa hain da handia, ezinbestekoa dela pairatzen duten prekarietate bortitzarekin amaitzeko neurriak hartzea baita sektore horretan lan egiten duten pertsonen osasuna bermatuko duten prebentzio-neurri eguneratuak jasotzea ere.

Ez da lehen aldia Osalani eta Eusko Jaurlaritzari basogintza-sektorerako neurri bereziak eskatzen dizkiogula. Oraingoan berriro egiten dugu, baina erantzuna antzua dela ikusiko dugu.

Osalanek, lan-ikuskaritzak eta Eusko Jaurlaritzak dute egoera aldatzen hasteko giltza, eta behingoz jarduteko eskatzen diegu.

Jakina, faktore horiek jarduerak berak ezkutatzen dituen arriskuei gehitu behar zaizkio. Ezin dugu ahaztu hildako langileak 2 hilabete baino ez zeramatzala FORESTAL BEJARANO E HIJO, SL enpresarentzat lanean. Kezkagarria da lanean hasi diren 30 urtetik beherako langileen heriotza-tasa. Ezin dugu odoluste hau onartu. Ezin dugu lanean heriotza bakar bat bera ere onartu. Ezin dugu lanaldiaren ondoren gure etxeetara ez itzultzea onartu.

Horregatik guztiagatik, maiatzaren 2an, 11:00etan, Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren aurrean intersindikalak bultzatutako mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Ranzariko hitzarmena etenda zegoen 2010etik. Azken hauteskunde sindikaletan sartu zen lehen aldiz LAB sindikatua ordezkaritza sindikalarekin, eta lehen indarra izan zen espezialisten hauteslekuan, Ranzariko langileentzat hitzarmen duin bat lortzeko konpromisoarekin. Bada, bete dute asmoa, eta honako hobekuntza hauek sinatu dituzte:


– 2 urteko indarraldia duen hitzarmena: 2024 eta 2025 urteetakoa
– Probaldia murriztea
– % 75eko errendimendu txikiko kontratuak desagertzeko konpromisoa
– Norberaren eginkizunetarako lizentzia-egunak gehitzea: 1-3 egun
– Antzinatasunagatiko opor egun gehigarriak.
– Heriotzagatiko eta ezgaitasunagatiko aseguruen zenbatekoa handitzea.
– Hobekuntzak aldi baterako ezintasunagatiko prestazioetan. Lehen hilabetea: %75, eta ospitaleratze kasuetan: %100.
– Sekzio bakoitzean jantzi-mota eta -kopurua handitzea
– Kategorien izendapen berriak mailen arabera
– Lanpostuen balorazioa egiteko konpromisoa, maila bakoitzeko konpetentziak/gaitasunak/trebetasunak argitzeko eta objektibizatzeko.
– Ordainsariei dagokienez, 3. eta 4. mailetako batez besteko soldata-igoera % 20koa da.
– Plusen igoera
– 2025. urteko soldata-igoera: Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) ekitaldi horretarako ezarritako igoeren, EAEko KPIaren edo Ranzari Mankomunitaterako Aurrekontuen Legean islatutako igoeraren artean onuragarriena den ehunekoaren arabera egingo da.

Soldata-taulak LGStik bereizi dira, eta oinarrizko soldata ezin dela LGSa baino txikiagoa izan adostu da. Horrez gain, plus guztiak finkagarriak izango dira, eta ezin izango dira konpentsatu, ezta xurgatu ere.


LABek negoziazio-mahaian defendatu duenez, ez ditu Madrilgo erabaki politikoen esku utziko Ranzariko langileen soldatak; horregatik, sindikatuaren jarrera argia da (gainerako sindikatuena ez bezala) soldatak LGStik bereizteari dagokionez. “Hemen lan egiten dugu, hemen negoziatzen dugu, hemen borrokatzen gara eta hemen adosten dugu”.

Azkenik, LABek lantalde espezifiko bat sortu du Hego Euskal Herriko Enplegu Zentro Berezietan oinarritua.
Enplegu Zentro Bereziek merezi duten garrantzia eman eta enpresa arrunterako trantsizioa bultzatzea du helburu, legedia bete dadin, eta ezgaitasun bat izate hutsagatik langileek jasaten duten prekarietateari eta diskriminazioari aurre egitea.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.

ELA-LAB-CCOO-UGT sindikatuek 4 eguneko greba deialdia egin zuten Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean, apirilaren 29rako eta 30erako, eta maiatzaren 22rako eta 23rako. Greben arrazoia da sektoreko patronala, CEBEK, Hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari dela, murrizketa planteamenduekin eta sindikatuek Negoziazio Mahaian helarazitako edukiei jaramonik egin gabe. Sektoreko hitzarmena 2011tik dago amaituta. Sektoreko azken greba 2007an izan zen.

Grebaren bigarren eguna jarraipen garrantzitsua izaten ari da. Sektoreko enpresa erreferentzialak, hala nola Cartonajes Erabil, Cartisa, Biolid, Grafo, Arteos Digital, Dascor, Divipa eta Garcinuño, praktikan geldirik eta produkziorik gabe daude.

Mobilizazioak goizeko 5: 30ean hasi dira, 200 laguneko pikete batekin, Amorotoko Cartonajes Erabil enpresaren lantokien aurrean. Ondoren, goizean, piketeak Bilboko sektoreko enpresa ezberdinetan ibili dira. Amaitzeko, 11:30ean manifestazio handia egin da Bilboko kaleetan zehar, Bizkaia plazatik CEBEK patronalak Mazarredo zumarkalean duen egoitza berrira arte.

Grebaren bigarren egun honekin amaituko da arte grafikoen sektorerako deitutako greben lehen zikloa. Maiatzaren 22rako eta 23rako deitutako greba egun berriak aurrera eramango dira maiatzaren amaiera baino lehen sindikatuen aldarrikapenetarako behar bezalako akordiorik lortzen ez bada.

Grebaren bi egun hauetan, sektoreko langileek argi utzi dute patronalaren azken proposamena ez dutela onartzen, eta horregatik, ELA-LAB-CCOO-UGT sindikatuok CEBEK patronalari exijitzen diogu negoziazioa blokeatzeko jarrera utz dezala, eta mahai gainean jar ditzala baterako plataforma sindikalean jasotzen diren edukiak, sektoreko langileen baldintzetan hobetzeko eta aurrera egiteko eduki batzuk.