2026-04-28
Blog Page 199

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko langileak ekintzara pasako dira, baldin eta zentroko zuzendaritzak klinikan lan-baldintza prekarioak mantentzeko erabakiari eusten badio

Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoko langileek gogorarazi dute klinikan hitzarmen propioa dutela eta 2022ko abenduaren 31n amaitu zela haren indarraldia.

2023an Enpresa Batzordeak aurkeztutako bi puntu negoziatu behar ziren, soldatei eta lanaldiari dagozkienak, 2024ari hasiera emateko hitzarmen osoa eguneratuta. Hala, 2023. urterako % 3,5eko soldata-igoera eta urteko lanaldia 1.651 ordura jaistea proposatu zuen Batzordeak, ordu horiek gainditzen dituzten pertsonen lanaldia 1.710 ordukoa delako. Baina enpresako zuzendaritzak jakinarazi du ez dituela proposamen horiek onartzen.

Josefina Arregui klinikako langileak batzarrean bildu ondoren, egoeraren berri ematea erabaki dute, ados jarrita:

  • 2023an, 2022ko urte arteko KPIaren % 6,4ko igoerarekin abiatu ginen, eta erosteko ahalmen handia galdu genuen, iaz bezala, eta horrek are gehiago okertu ditu plantillaren lan-baldintza txarrak. Beraz, soldatak % 3,5 igotzeko gure eskakizuna ez da, inondik inora, gehiegizkoa.
  • Lanaldiari dagokionez, bi kolektibo daude klinikan: batzuk 1.651 ordutan eta beste batzuk 1.710 ordutan. Beraz, urtean lanaldia 1.651 ordura jaistea eskatzea oinarrizkoa eta beharrezkoa da hori gainditzen duten pertsona guztientzat. Egoeraren adibide argia da sektore publikoan mota horretako klinikek eta zentroek 1.592 ordu lan egiten dutela, guk egiten dugunaren oso azpitik.

Ondorioz, eta azaroaren 30ean egindako greba feminista orokorrarekin hasitako mugimenduarekin jarraituz, zainketen eskubideen alde, eta bereziki kontuan hartuta gure lan zentroa oso feminizatua dagoela eta zaintza-lanak etxetik kanpo zein etxean egiten dituzten langileez osatua dagoela, Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoko plantillak eskatzen du kontuan har daitezela gure eskaerak 2023ko hitzarmena sinatzeko soldatari eta lanaldiari dagokienez, eta 2024rako hitzarmen berrian lan egin dadila lan-baldintza duinen alde, gure eskubideen alde eta gure osasun fisiko eta mentalaren alde.

Gure eskakizunak betetzen ez badira, 2024ko urtarriletik aurrera hainbat mobilizaziori hasiera emango diegu. Herritarrek beti babestu gaituzte eta oso eskertuak gaude.

Nafarroako optiketako langileen mobilizazioei esker hitzarmena #LortuDugu, soldatak igo, beheragoko bi kategoriak ezabatu eta urteko orduak murrizten dituena

LAB sindikatuak, ELA eta UGTrekin batera, aurreakordio bat sinatu zuen duela egun batzuk Nafarroako optiken hitzarmenerako. Azkenean, bihar, abenduak 22, izenpetuko da hitzarmen hori, eta 2021etik 2025era egonen da indarrean. Akordio horrek beheko bi kategoriak kentzea lortzen du —eta, beraz, gutxieneko soldata 1.500 €-ra igotzen du—, eta lanaldia 12 ordu murrizten du urtean. Langileen mobilizazioa funtsezkoa izan da patronalak aldarrikapen gehienak onar zitzan.

Urtebete baino gehiago negoziatzen aritu ondoren eta sektoreko zenbait mobilizazio egin ondoren, LAB sindikatuak, ELA eta UGTrekin batera, akordioa lortu du Nafarroako optika patronalarekin, eta hitzarmen bat sinatu dugu, 2021etik 2025era arteko indarraldia izanen duena. Sektoreko langileen mobilizazioari esker, patronala bere hasierako jarreretatik mugitzea lortu dugu, eta langileen aldarrikapen gehienak onartzea. Horrela, hemendik aurrera, hitzarmenak 12 ordu gutxiago izanen ditu urtean, larunbatetan lan egiteagatiko plusa handitu eginen da eta soldatak nabarmen igoko dira.

Hitzarmeneko beheko bi kategoriak kentzeari eta adostutako soldata-igoerei esker, sektoreko gutxieneko soldata 21.330 €-koa izanen da. Horrela, gutxien kobratzen ari ziren langileak eta hemendik aurrerako langile berriak izanen dira onuradunak. Gainera, hitzarmenaren indarraldian, soldatak KPIa igotzen den modu berean igoko dira.

Beraz, Nafarroako optiketako langileek beste hitzarmen bat izanen dute, lan baldintza hobeekin, soldata igoerekin eta soldata apalenak zituzten kategoriak kenduz, kontratazio berrietarako sarrerako soldata orain arte jasotakoa baino askoz handiagoekin.

Alternatiba ekosozialaren aldeko apustua ardatz hartuta mobilizatu dira Mecanerreko langileak gaurko greba egunean

Bilbon egin dute manifestazioa goizean, eta enplegu suntsiketa ekiditeaz gain lantegian jarduera sozialki eta ekologikoki jasangarria ezartzeko beharrizana azpimarratu dute. Horretarako, bada, irabaziak lehenetsi eta langileak hutsaren hurrengotzat hartzen dituzten multinazionalen aurkako neurriak ezarri eta alternatiba jorratzeko inplikazioa eskatu diete instituzio publikoei.

EITBren egoitzan hasita, Bilboko erdigunetik egin dute manifestazioa Urdulizko Mecaner lantegiko beharginek, San Tomas egunean ere kalean ikus ditzaten eta beren egoera sozializatzeko asmoz. Izan ere, Mecanerren jabe den Stellantis multinazionalak Uribe Kostako lantegia ixteko erabakia jakinarazi zuen, deslokalizazioaren hautua egin baitu, kostuak murrizteko helburu soilarekin, irabazi handiak izaten jarraitzen baitu enpresak. Bada, autogintzako lantegi hori oso garrantzitsua da eskualdean, urte luzeko ibilbidea baitu eta 150 pertsona inguru baitabiltza bertan lanean; horrez gain, baina, eskualdeko beste enpresa txiki askorentzako lana ere bermatzen du.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek hasieratik azpimarratu dute gaur egun eskualdean dagoen ehun industrialari izugarrizko kaltea eragingo liokela Mecaner ixteak. Aldi berean, uste dute garaiotan bertako jarduna eraldatu eta alternatiba ekosozialista ezartzeko ordua dela. Horrenbestez, udalaren babesaz prozesu bat abiatu dute alternatiba horren nondik-norakoak zehazteko. Txostena osatu dute, baina nabarmendu dute behar-beharrezkoa dutela Eusko Jaurlaritzaren eta beste instituzio publikoen babesa beren asmoak aurrera eramateko. Bada, gaurko egunean manifestazioan zehar hainbat komunikabideren egoitzak zeharkatu dituztela aprobetxatuta, alternatiba ekosozialaren irizpideak biltzen dituen txostena banatu dute, argi erakusteko langileen borondatea irmoa dela eta proposatzen duten aukerak egingarriak direla.

SETEko langileek borrokan jarraitzen dute zor dietena behingoz ordain diezaien

Pasa den astean egin bezala gaur ere Hernaniko SETE enpresako langileok Abenduaren Greba eguna egin dugu Nominen ordainketa faltagatik. Horretaz gain, 2020-2022 urteetarako sinatutako enpresako hitzarmeneko igoera aplikatu nahi izan ez zutenez, salaketa jarri eta epaia irabazi ostean 2022ko eta 2023 igoerak zorpean ditugu eta hurrengo urteetarako hitzarmenaren negoziaketetan enpresak ez du aurrera pausurik ematen.

Hartzekodunen konkurtso bat pasa ostean, SETE saldu egin zen, baina jabe berriek nominak egunean jarri gabe jarraitzen dute. Hilabetero hilabetero ordainketak atzeratzen dira eta egoera hau urteetan luzatu da. Hori guztia dela eta, langileon bizi baldintzak erabat kaskartu dira eta askotan hileko nomina kobratu gabe lanera joaten gara dirua noiz jasoko dugun jakin gabe.

Egoera hau jasan ezina bihurtu da langileontzat eta gure familientzat eta honek greba deialdi hauek egitera eraman gaitu. ASKI DA esateko garaia da! Langileok ez dugu onartuko gure diruarekin jolasten jarraitzerik. Enpresak zor dizkigun nominak egunean jarri arte, astero Greba egingo dugu borroka eta elkartasuna baita langileok dugun aukera bakarra.

Argi-ilunak bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen dekretuan

Bertako hitzarmenen lehentasuna ezartzen duen duen errege dekretua publikatu berri da. LABek argi ilunak ikusten dizkio jasotako edukiari. Izan ere, Autonomia Erkidegoetako hitzarmenei lehentasuna ezartzen zaie Estatukoen aurretik, baina baldintza batekin: langileentzat Estatuko hitzarmenak baino onuragarriagoak izatea. Azken zehaztapen horrek bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren menpe jarraitzea ahalbidetuko du. Edonola ere, testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskainiko. Hori ez da automatikoa izango ordea, eta LABek bertako negoziazio kolektiboa berreskuratu eta indartzeko lanean jarraituko du.

Urratsa da bertako hitzarmenei lehentasuna ezartzea. LABek behin baino gehiagotan aldarrikatu du euskal langileok gure lan baldintzak bertan erabaki ahal izateko eskubidea. Estatuko negoziazio kolektiboaren tutoretzarik gabe lan harremanak bertan erabaki eta garatzea ezinbestekoa dugu langileon lan eta bizi baldintzak hobetu nahi baditugu lan harremanetarako eta babes sozialerako marko propioa eraikitze bidean. Bide horretan gaur publikaturiko dekretua aurrerapausoa bada ere, bertako negoziazio kolektiboa Estatukoaren mende jarraitzea ahalbidetuko du, izan ere, kasu batzuetan Estatuko hitzarmena aplikatzea ahalbidetzen du arauak, langileentzat Estatukoa “onuragarriagoa” dela ulertzen denean hain zuzen ere. Euskal Herriari dagokionez bertako hitzarmenetako lan baldintzak oro har hobeak diren arren, “onuragarriagoa” zer den eta zer ez den eztabaida juridiko zabala izan daiteke, patronalak hain gustuko duen judizializazioari eta segurtasun juridiko ezari atea irekiz. Eta gainera, eta gure ustez garrantzitsuena dena, oraindik ere bertako negoziazio kolektiboak azken urteotan jasan duen Estatukoarekiko menpekotasunarekin jarraituko du neurri batean.

2012ko lan erreformak ondorio ezin kaltegarriagoak ekarri zituen Euskal Herriko langileriarentzat. Langileen aurkako hainbat neurri onartu ziren, besteak beste ordu arte ezagutzen genuen negoziazio kolektiboko egitura hankaz gora jarri eta beste neurri batzuen artean Estatuko hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna ezarri zien gainerakoen (autonomiko, herrialdeko…) gainetik, Estatuko hitzarmenean hala jasoz gero. Eta hamaika hitzarmenek jaso zuten gure negoziazio kolektiboa kaltetzen zuen debekua, bertako negoziazio kolektiboari betoa ezarriz zuzenean.

Ondorio kaltegarri horiei aurre egiteko asmoz, estatalizazioari galga jartzeko balio izan digun akordiora iritsi ginen 2016an EAE-n (EAEko negoziazio kolektiboa babesteko Akordio Interprofesionala, ELA, LAB, CCOO, UGT eta Confebask-en artekoa). Akordio interprofesionalak bertako hitzarmenak babestu baditu, akordio hura gabe ez ziren posible izango gaur egun indarrean ditugun hitzarmen guztiak, ez ziren posible izango borrokaren ondorioz lortu ditugun garaipenak ere. Baina dagoeneko estatalizatzen hasia zen lan harremanen esparrua gurean ere, eta akordioaren ondoren ere ez dira falta izan hitzarmenen aplikatzeko lehentasunaren inguruko gatazkak. Patronala zirrikitu legal guztietaz baliatu da bere onura bilatzeko eta langileen kalterako izan diren sententziak bilatuz lan harremanen estatalizazioan urratsak eman dira. Hori guztiaren ondorioz, hitzarmen estatala duten gero eta langile gehiago ditugu, geure lan baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik kanpo hartuz eta lan eta bizi baldintzen prekarizazioa azkartuz.

Testuinguru berriak bertako negoziazio kolektiboa babestu eta dagoeneko estatalizatu diren eremuetan hitzarmen propioak berreskuratzeko aukera eskaintzen du. Hori ez da automatikoa izango ordea. Erabakiorra izango da langileen antolakuntza eta determinazioa bertako hitzarmenen defentsan. LABek lan harremanetarako euskal esparruaren defentsan jarraituko du lanean, bertako negoziazio kolektiboa lehenetsiz, estatalizaturiko ahalik eta eremu gehienetan bertako mahaiak ireki eta langileei euren lan eta bizi baldintzak hobetzeko marko eta bideak eskainiz. Egin dezagun Euskal Herrian Madrilen posible ez dena.

Frantses estatuko immigrazio legearen onarpenaren ondoren, lanean jarraituko dugu harrera eta lan baldintza duinen bermatzeko

Atzo, immigrazio lege arrazista eta xenofoboa onartu zuten Parisen. Sindikatu abertzale, ezkertiar eta antiarrazista gisa, testu honen edukia salatzen dugu, Estatu frantseseko migrazio-politika bortitza eta inhumanoa larriagotu egingo baitu. Azpimarratu nahi dugu Vincent Bru diputatuak alde bozkatu duela Florence Lasserre abstenitu dela. Lotsagarriak zirezte! Bestalde, Frédérique Espagnac senatariak eta Iñaki Etchaniz diputatuak testuaren aurka bozkatu zuten. Haien erabakia goresten dugu.

Onartutako legea eskuin-muturraren garaipen ideologikotzat jo dezakegu, hortaz, irmoki erantzun beharko diogu. Gure aldetik, Euskal Herrian lanean segituko dugu guztiontzako harrera eta lan baldintza duinak bermatzeko. Ez gaituzte geldituko. Eguneroko lanean segituko dugu. Honekin lotuta, abenduaren 15ean mobilizazioa egin genuen Izpegiko lepoan, beste eragile batzurekin batera, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatzeko eta atzo onartutako legea baztertzen dugula adierazteko.

Testuinguru honetan, Eñaut Aramendi Ekintza Sozialeko kideari “paperik gabeko permanentzia bateratuaren” inguruan elkarrizketa egin diogu.

Zergatik da garrantzisua paperik gabeko langileen gaia LAB sindikatuarentzat?

Beste edonor bezalako langileak direlako. Bizitzeko, denok jateko, edateko eta lo egiteko beharra dugu. Bizi garen sistema kapitalistak ordaintzera behartzen gaitu hil ala biziko behar horiek asetzeko. Pertsona bati lan egitea debekatzea, elikatzea eta lo egitea debekatzea da. Ondorioz, hiltzera kondenatzea da. Egoera irregularrean edo paperik gabe dauden pertsonak “zaurgarriagoak” dira, eta, horregatik, askotan diskriminatu, ustiatu egiten dira.

«Paperik gabekoendako permanentzia bateratua» zer da?

Hilabetean behin, beren lan-baldintzei buruzko zalantzak dituzten paperik gabeko pertsonak errezebitzen ditugu. Gure helburu nagusia da giza ustiapenaren biktimak ez direla, haien eskubideak eta lan-baldintzak bermatuak direla segurtatzea da. Izan ere, lan-baimenik ez duen pertsona batek dena onar dezake, baita baldintza jansagaitzak ere. Hala bada, enpresako beste edozein langilerentzat  bezala, beren eskubideak errespetarazi nahi ditugu. Bigarren helburua da prefekturarekin egiten dituzten urrats administratiboetan laguntzea, lanagatiko erregularizazio-eskaerak eraikitzen laguntzeko, baldintzak betetzen dituzten guztientzat.

 
Paperik gabeko pertsona bat nola jar daiteke zuekin harremanetan?

Nahiko erraza da, telefono-linea dedikatu bat eta helbide elektroniko bat ireki ditugu. Paperik gabeko edo egoera irregularrean dauden langileek hitzordua eska dezakete: 07 45 24 47 65 | emploietrangers@gmail.com

Hilabete bakoitzeko azken larunbatean Baionako Marcel Suarez plazako 22an (Errepublika plaza, 1. solairua) egongo gara.

 
Zergatik lan bateratua?

Elkarrekin urrunago joaten garelako. Permanentzia bateratuaren helburuak askotan banakako egoerari bati erantzuten dio, baina uste dugu denborarekin talde bat sortzen ahalko dugula langileekin.

Erakunde sindikal batzuen eta harrera-elkarte solidarioen (hala nola Cimade eta Etorkinekin Diakité) arteko zenbait hilabetetako lanaren ondorio da permanentzia bateratua. Lehenik eta behin, immigrazioari buruzko legea salatzeko bildu ginen, azkenean atzo bozkatu zutena. Denborarekin, gutako askok urrunago joatea erabaki dugu eta salaketa hutsetik ekintzara pasatzea. Permanentzia bateratuak talde lanaren sortzeko aukera ematen du, paperik gabe lan egiten, kotizatzen eta zergak ordaintzen dituzten baina gainerako langileak bezala beren eskubideak erabili ezin dituzten pertsonen alde.


Hiru permanetzia egin dituzue jada. Zein da lehen bilana?

Nahiko baikor gara. 4 eta 5 pertsona artean hurbildu dira permanentzia bakoitzera. Gehiengoarentzat erregularizazioa da kezka nagusia: horren lortzeko nola egin jakin nahi dute, beren lan-baldintzak baitezpada zalantzan jarri gabe. Egoera batzuk erregularizagarriak ziren eta, beraz, kudeaketetan laguntzen ditugu. Gaineratikoarentzat, oraindik goizegi da balantzea egiteko, baina argi dago ahalik eta langile gehien mobilizatu beharko dugula langile horien eskubideak bermatzeko.

Eskubide urraketak amaitzeko eta presoak etxeratzeko eskatu eta Bilboko manifestaziorako dei egin dugu sindikatuok

LAB, ELA, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU eta EHNE sindikatuok mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean Sareren Konponbiderako giltzak ekimenaren baitan. Presoen etxeratzea eskatu eta, nola ez, urtarrilaren 13an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diegu langileei.

Oraindik ere salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzea exijitu dugu sindikatuok beste behin ere, eta mezu hori lantegietara eramateko konpromisoa berretsi dugu.

Giltzaren irudia da Sareren azken ekimenaren sinboloa. Giltza horiek, alde batetik iraganeko sufrimenduak atzean uzteko balio behar izan du, eta bestetik, bidean aurrera urratsak egiteko ateak zabaltzeko. Bada, horretarako beharrezko dugu euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea.

Nafarroan LABeko bozeramale den Imanol Karrerak bere hitzartzean adierazi duen bezala, “urte hauetan lortutako aktibazioari eta akordioei esker urratsak egin ditugu, eta sindikatuok, langileen ordezkari gisa, ekarpena egin behar dugu konponbidearen bidean aurrera egiteko. Presoen etxerako bidea zabalduko duen giltza izan nahi dugu”.

Greba egun arrakastatsua Sestaoko Vicinayn enpresak ezarri nahi duen aldi baterako enplegu-erregulazio espedientearen aurka

2024ko otsailetik aurrerako ABEEa izango litzateke, ekoizpen arrazoiengatikoa, eta jardueran %40-%60 bitarteko murrizketa ekarriko lukeena. Azken lau urtetan hirugarrenez ezarri nahi du enpresak halako neurri bat, eta beharginek uste dute adarjotzea dela. Hala, ia plantilla osoak bat egin du gaurko deialdiarekin.

Gaurkoan ekoizpenaren %100 geldirik egon da kateak ekoizten dituen Sestaoko lantegian, mobilizazioaren eraginez. Oso arrakastatsua izan da lehenengo greba eguna, eta aurrerantzean ere mobilizazioekin jarraitzeko asmoa daukagu; izan ere, azkenaldian ia sistematikoki aplikatzen ditu ABEEak enpresak, eta horretarako funtsik ez dagoela argi ikusten du plantillak. Gainera, proposatzen duten hobekuntza ekonomikoa oso eskasa da.

Abenduaren 21eko greba-eguna bertan behera utziko dugu Bizkaiko esku-hartze sozialean, eta abenduaren 28ko grebari eutsi diogu

Gizardartzek aurkeztutako proposamenaren ondoren, eta bere oinarriei kontsulta egin ondoren, abendurako deitutako bi greba-egunetako bat bertan behera uztea erabaki dugu LABetik. Gizardatzen eta Geroan enpresaren proposamena oraindik ez da nahikoa, baina, bi urteko negoziazioaren ondoren, uste dugu proposamen horrek langileen aldarrikapenak bere gain hartuko dituen benetako negoziazioa ireki dezakeela. Negoziazioari aukera hori errazte aldera, abenduaren 21eko greba-eguna atzeratuko dugu.

LABetik aukera hori baliatzeko eta sektorearen beharrei erantzuteko eskatu diegu esku-hartze sozialeko patronalei eta erakunde publikoei. Hala ez bada, abenduaren 28an grebara joko dugu eta grebak areagotuko ditugu 2024ko urtarrilean.