2024-04-30
HomeEkintza SozialaFrantses estatuko immigrazio legearen onarpenaren ondoren, lanean jarraituko dugu harrera eta lan...

Frantses estatuko immigrazio legearen onarpenaren ondoren, lanean jarraituko dugu harrera eta lan baldintza duinen bermatzeko

Atzo, immigrazio lege arrazista eta xenofoboa onartu zuten Parisen. Sindikatu abertzale, ezkertiar eta antiarrazista gisa, testu honen edukia salatzen dugu, Estatu frantseseko migrazio-politika bortitza eta inhumanoa larriagotu egingo baitu. Azpimarratu nahi dugu Vincent Bru diputatuak alde bozkatu duela Florence Lasserre abstenitu dela. Lotsagarriak zirezte! Bestalde, Frédérique Espagnac senatariak eta Iñaki Etchaniz diputatuak testuaren aurka bozkatu zuten. Haien erabakia goresten dugu.

Onartutako legea eskuin-muturraren garaipen ideologikotzat jo dezakegu, hortaz, irmoki erantzun beharko diogu. Gure aldetik, Euskal Herrian lanean segituko dugu guztiontzako harrera eta lan baldintza duinak bermatzeko. Ez gaituzte geldituko. Eguneroko lanean segituko dugu. Honekin lotuta, abenduaren 15ean mobilizazioa egin genuen Izpegiko lepoan, beste eragile batzurekin batera, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatzeko eta atzo onartutako legea baztertzen dugula adierazteko.

Testuinguru honetan, Eñaut Aramendi Ekintza Sozialeko kideari “paperik gabeko permanentzia bateratuaren” inguruan elkarrizketa egin diogu.

Zergatik da garrantzisua paperik gabeko langileen gaia LAB sindikatuarentzat?

Beste edonor bezalako langileak direlako. Bizitzeko, denok jateko, edateko eta lo egiteko beharra dugu. Bizi garen sistema kapitalistak ordaintzera behartzen gaitu hil ala biziko behar horiek asetzeko. Pertsona bati lan egitea debekatzea, elikatzea eta lo egitea debekatzea da. Ondorioz, hiltzera kondenatzea da. Egoera irregularrean edo paperik gabe dauden pertsonak “zaurgarriagoak” dira, eta, horregatik, askotan diskriminatu, ustiatu egiten dira.

«Paperik gabekoendako permanentzia bateratua» zer da?

Hilabetean behin, beren lan-baldintzei buruzko zalantzak dituzten paperik gabeko pertsonak errezebitzen ditugu. Gure helburu nagusia da giza ustiapenaren biktimak ez direla, haien eskubideak eta lan-baldintzak bermatuak direla segurtatzea da. Izan ere, lan-baimenik ez duen pertsona batek dena onar dezake, baita baldintza jansagaitzak ere. Hala bada, enpresako beste edozein langilerentzat  bezala, beren eskubideak errespetarazi nahi ditugu. Bigarren helburua da prefekturarekin egiten dituzten urrats administratiboetan laguntzea, lanagatiko erregularizazio-eskaerak eraikitzen laguntzeko, baldintzak betetzen dituzten guztientzat.

 
Paperik gabeko pertsona bat nola jar daiteke zuekin harremanetan?

Nahiko erraza da, telefono-linea dedikatu bat eta helbide elektroniko bat ireki ditugu. Paperik gabeko edo egoera irregularrean dauden langileek hitzordua eska dezakete: 07 45 24 47 65 | emploietrangers@gmail.com

Hilabete bakoitzeko azken larunbatean Baionako Marcel Suarez plazako 22an (Errepublika plaza, 1. solairua) egongo gara.

 
Zergatik lan bateratua?

Elkarrekin urrunago joaten garelako. Permanentzia bateratuaren helburuak askotan banakako egoerari bati erantzuten dio, baina uste dugu denborarekin talde bat sortzen ahalko dugula langileekin.

Erakunde sindikal batzuen eta harrera-elkarte solidarioen (hala nola Cimade eta Etorkinekin Diakité) arteko zenbait hilabetetako lanaren ondorio da permanentzia bateratua. Lehenik eta behin, immigrazioari buruzko legea salatzeko bildu ginen, azkenean atzo bozkatu zutena. Denborarekin, gutako askok urrunago joatea erabaki dugu eta salaketa hutsetik ekintzara pasatzea. Permanentzia bateratuak talde lanaren sortzeko aukera ematen du, paperik gabe lan egiten, kotizatzen eta zergak ordaintzen dituzten baina gainerako langileak bezala beren eskubideak erabili ezin dituzten pertsonen alde.


Hiru permanetzia egin dituzue jada. Zein da lehen bilana?

Nahiko baikor gara. 4 eta 5 pertsona artean hurbildu dira permanentzia bakoitzera. Gehiengoarentzat erregularizazioa da kezka nagusia: horren lortzeko nola egin jakin nahi dute, beren lan-baldintzak baitezpada zalantzan jarri gabe. Egoera batzuk erregularizagarriak ziren eta, beraz, kudeaketetan laguntzen ditugu. Gaineratikoarentzat, oraindik goizegi da balantzea egiteko, baina argi dago ahalik eta langile gehien mobilizatu beharko dugula langile horien eskubideak bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.