2026-01-01
Blog Page 199

Bizkaiko grafikagintzako enpresek, CEBEKen bitartez, pobrezia eta prekaritatea baino ez diete eskaintzen sektoreko langileei

Aste honetan, sindikatuok eta patronalak Bizkaiko grafikagintzako hitzarmenaren negoziazio kolektiboaren bosgarren bilera egin dugu. Bilera horretan, enpresetako ordezkariek proposamen bat aurkeztu dute, baina ez da nahikoa inondik inora ere.

CEBEKek aldaketa sinbolikoak ekarri ditu bere proposamenean. Soldata igoerari dagokionez, puntu bat gehitu du urte batean eta 0,5 beste batean, honela geratuko litzatekeelarik:

2023: %6-ko igoera 2011ko taulen gainean

2024: %3koa

2025: %2koa

2026: %1ekoa

Igoerak ez dira KPIarekin lotzen, ezta atzerapenak ere. Azken tauletatik, sektore honetan KPIak %20ko igoera izan du, eta, beraz, CEBEKek sektore horretako pertsonak pobretu nahi ditu.

Patronalak egin duen beste mugimendua lau orduko lanaldi-murrizketa izan da, honela banatuta: 2024rako bi ordu gutxiago eta 2025erako beste bi gutxiago.

Malgutasunari dagokionez, patronalak aurreko bilerako diskurtso bera errepikatu du, eta %13koa ezartzea proposatu du (221 ordu urtean). Lana eta familia uztartzea berez zaila bada lanaldi erregular batekin, are zailago bilakatzen da malgutasuna tartean badago. Gizartea zaintza eskubidea izatea eskatzen ari den honetan, patronalak lanaldien banaketaren neurrigabeko irregularizazioa eskatu du.

Gainerako gaietan, enpresen proposamenak berdin jarraitzen du: antzinatasunari topea jartzea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarria mugatzea, kategoriak egonkortzea, etab.

Proposamen horrek akordio batetik urrundu egiten gaitu, eta CEBEK, negoziazioan laguntzen ez duela jakinda, erantzukizuna sindikatuen bizkar utzi nahian dabil. Mahai hori blokeatzeko saiakeren aurrean, sindikatuen plataformetan dauden beste gai batzuei buruz hitz egitea proposatu dugu, jarrerak zertxobait hurbildu ahal izateko.

Argi dago sektorea antolatzen hasi behar dela eta aliantzak beharrezkoak izango direla Bizkaiko grafikagintza sektoreko beharginen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen Hitzarmen Kolektibo eguneratua erdiesteko.

Hurrengo bilera urriaren 27an izango da.

Arcelor, estatuko sindikatuen laguntzarekin, ABEEE interesatua erabiltzen hasi da berriro

Beste behin ere, Arcelor enpresak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek ABEEE bat adostu dute. Enpresak malgutasun erreminta gisa definitzen duen ar-ren, izatez egoera zailean dauden enpresa eta plantillei laguntzea izan beharko litzateke neurri horren xedea.

LABek argi dauka Arcelor ez dela definizio horretan sartzen, eta ABEEE delakoaren kapitulu berri honek -14 urte baitaramate luzapenekin eta ABEEE berriekin- taldearen interes partikularrei erantzuten dio, plantillaren kotizazi-oen kontura.

Akordio horrek haserre gehiago sortzen du Euskal Herriko lan zentro guztietan hitzarmenen negoziazioetan egoera zein den ikusten dugunean. Izan ere, sindikatu horiek eta enpresak ez dute arazorik, beste behin ere, plantillaren prekarizaziorako akordioak lortzeko, baina bai plantillaren baldintzak eguner-atzeko eta hobetzeko.

Ezin dugu ahaztu enpresa eta taldea irabazi handiagoak lortzen ari direla urtez urte, eta bitartean, plantillak murriztu besterik ez ditu egiten, inbertsiorik ez egitearen ondorioz lantegiak zatika erortzen diren bitartean, horrek dakarren arriskuarekin.

Euskal Herrian, berriz ere, euskal negoziazio markoen beharra jarri behar dugu mahai gainean. Alde batetik, gure lan-baldintzak arautzeko Estatuko akordio markoak baldintzatzen gaituelako eta horrek, UGTren eta CCOOren onespenarekin, blokeoa dakarrelako. Eta, era berean, aipatutako sindikatu horiek ordezkaritza nagusia duten plantetan tratua onberagoa delako. Horren adierazgarri da enpresak hasiera batean proposatu zuen ABEEE berri honen aplikazio portzentajeak jaitsi egin direla akordio honetan, Euskal Herriko plantetan izan ezik.

LABek nabarmendu du ezin dela kanpotik jardun eta bertako errealitateari erantzuten ez dioten gehiengo sindikalek eguneroko bizitza eta etorkizuna baldintzatu arte itxaroten egon. Era berean, uste dugu UGT eta CCOO sindikatuek, Euskal Herriko plantetan, aurpegia eman beharko luketela eta Arcelorreko zuzendaritzari plantillak saldu izanaren arrazoiak azaldu beharko lituzketela.

Sindikalismo antirrazista izan dugu hizpide LABen Topaketa Sindikaletan

200 sindikalista baino gehiago bildu garaOiartzunen, euskal sindikalismoaren berrikuntza prozesuari hauspoa emateko xedez antolatu ditugun Topaketa Sindikaletan.

LABen X. Biltzar Nagusian (2022, Baiona-Miarritze) hartutako erabaki nagusietako bat honako hau izan zen: LAB sindikatu antirrazista bilakatzea. Independentismoan eta feminismoan egin bezala, sindikalismo antirrazistaren garapenean aitzindari izan nahi dugu.

Biltzar Nagusiko erabaki horren ondotik etorri ziren euskal sindikatu batek egindako I. Barne Plan Antirrazistaren onarpena eta Idazkaritza Antirrazistaren sorrera (2023ko ekaina). Lau dira LABen plangintzaren ardatzak: kontzientzia sindikal antirrazista sortzea; antolaketa eta funtzionamendua berrikustea; langile migratu eta arrazializatuen errealitateari erantzungo dion ekintza sozio-sindikal antirrazista sustatzea; eta Euskal Herrian bizi diren pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzeko aldaketa politikoen alde egitea.

Ibilbide horretan sakondu asmo izan dute Topaketa Sindikalek. Goizean sindikalismo antirrazista izan dute hizpide honako lau hizlari hauek: LucĂ­a Mbomio (Madril) kazetari eta ekintzaile antirrazista; Marra Junior (Euskal Herria) Bilboko Mugimendu Panafrikarreko kidea; Pastora Filigrana (Andaluzia) abokatua eta sindikalista, eta Valery Alzaga (AEB) antolatzaile sindikala eta migranteen eskubideen aldeko ekintzailea.

Arratsaldean, berriz, hainbat gairi buruzko lau tailer egin dituzte: Krisi ekosozialari lantokietatik aurre egiteko gakoak; Greba Feminista Orokorra; Ekintza Sindikalerako borroka moldeak, eta borroka sindikalen komunikazio estrategia.

Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen

Topaketa Sindikalen bidez, sindikalismoa birpentsatzeko ariketa iraunkortzera goaz, unean une lan munduan nahiz jendartean dauden erronkei helduz. 

Izan ere, 2012ko Biltzar Nagusiaren ondotik, [Bir]Pentsatzen prozesuari ekin genion sindikatuan, eraldaketa sakonen aurrean eredu eta egitasmo sindikala berritzeko asmoz.

Lehen etapa batean, eredu sindikalaren berrikuntzari ekin genion, 2016ra bitartean hainbat barne saio eta hiru jardunaldi publiko antolatuz. Sindikalismoa sektore prekarioetara gerturatzea, sindikalismo feministan sakontzea eta lantokietan ez ezik eremu sozialean antolatzearen beharra izan ziren ateratako ondorio nagusiak.

Bigarren etapa batean, programa sozioekonomikoaren berrikuntzari ekin genion LABen (2019-2021), proposamen berritzaileak eginez: Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza, banaketa hirukoitzerako proposamena (enplegua, zaintza eta ondasunaren banaketa) eta bidezko trantsizio ekosozial baterako batzordeak, besteak beste.

ELA eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak alde batera utzi ditu Bizkaiko nagusien egoitzetako langileen aldarrikapen nagusiak

ELAk eta UGTk egoitzen patronalarekin hitzarmena sinatu dute gaur.

LABen pozik gaude adostutako soldata-igoerarekin, eta sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditugu borrokan erakutsitako tinkotasun eta indarragatik, sindikatuko langileek 2022an eta 2023an lan-baldintza duinen alde egin dituzten 17 greba-egunak gogoratuz. Argi daukagu, greba, mobilizazio eta sindikatuek deitutako ekintza horiek gabe igoera hori ezinezkoa izango zela.

Negoziazioaren hasieratik, egoitzetako langileen lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea izan da LAB sindikatuak kaleak hartu dituen aldarrikapen nagusietako bat, eta salatu behar dugu soldaten igoera hori, ekonomikoki, parekatzetik urrun dagoela.

LAB sindikatutik argi daukagu edukiak ez direla nahikoak eta ez dietela erantzuten bai enpresetan bai kaleetan planteatzen ari garen aldarrikapenei. LABek azken urteetan sektore honetan izan duen borrokaren ondoren, eta gure etorkizuna zaintza-sistema publiko komunitarioa dela argi edukita, adostutako edukien aurrean kritiko agertzen gara. Sektorearen errealitateak orain arteko egoera berean jarraituko du:

– Gerokultore bateko batez besteko 25 egoiliar artatzen jarraituko dute beharginek.

– Arreta defizitarioa ematen jarraituko dute, ratioak ez baitira hobetzen.

– Ez dira inoiz jasotzen senideen elkarteen eta pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak, egoiliarrei zaintza duina bermatzea eskatzen dutenak.

– Sektore honetan oso beharrezkoak diren aurre-erretiroei buruz ez da hitz egiten.

– Ez da lan-osasuneko neurririk jasotzen

– Ez da ezer jasotzen sektore honetan hain funtsezkoak eta beharrezkoak diren Aldi Baterako Ezintasun osagarriei buruz.

Gure ustez, akordio honek ez ditu sektorearen beharrak bere osotasunean jorratzen. Gure ustez, akordio horrek ateak ixten dizkio LABek aldarrikatzen duen zaintza-sistema publikoaren eztabaidari. Une historiko garrantzitsu honetan, non Euskal Herriko mugimendu feministak Greba Orokor Feminista deitu duen azaroaren 30ean, zaintza-sistema publiko baten aldeko borroka erdigunean jarriz, uste dugu akordio honek ez diola mesederik egiten borroka honi.

LAB sindikatuak zaintza-sistema publiko komunitario bat lortzeko borrokan jarraituko du, eta ratio duin baten alde mobilizatzen jarraituko du, sektoreko langile guztien egoera hobetzeko. Zainketa-eredu berri baten alde eta egoitzen sektoreko langileak langile publiko gisa aitortzearen alde borrokatzen jarraituko dugu.

Michelin zentro arteko batzordeari buruzko erreferenduma baldintzatzen saiatzen ari dela salatu dugu

Ez da kasualitatea orain, erreferendumaren bezperatan, Gasteizko enpresak aurreko urteetan errepikatu izan den produkzio-jaitsiera haizatzea.

LABek salatu nahi dugu zentroarteko batzordean jarraitzea erabakitzeko erreferendumaren bezperan, enpresako zuzendaritza langileak beldurtzen saiatu dela. Produkzio-jaitsiera hori, urte amaieran, errepikatu egin da azken hiru urteetan. Beraz, eskaerak murriztu izanaren arrazoia “konfiantza galera” dela esan izanak enpresaren izaera antidemokratikoa argi islatzen du.

Nolanahi ere, eta hala balitz, Michelin zer enpresa mota den galde liteke, greba askatasunez eta demokratikoki gauzatzearen aurrean, eta erreferendum baten atarian, greba deialdi horrekin bat egin zuten langileak, hau da, gehienak, zigortzea erabakitzen baitu. Hori al da “pertsonak erdigunean” politika gauzatu nahi dutela adierazten dutenean esan nahi dutena?

Horregatik, urriaren 6an eta 9an egingo den erreferendumean parte hartzeko deia egin die LAB sindikatuak langileei. Izan ere, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da erakustea hemen lan egiten dutenen lan-baldintzak hemen negoziatu behar direla.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketan egiten dituen lardaskeriak salatu ditugu, bai eta nola tratatzen dituen bere irakasleak ere

Gogor salatu nahi ditugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketari buruzko Espainiako lege berria aplikatzean egiten dituen etengabeko lardaskeriak. Lege hori aplikatzeak akatsak eragiten ditu Nafarroan, baina Departamentua, horiek zuzendu beharrean, larriagotzen ari da: irakasleak gutxiesten ditu, haien artean desberdintasunak sortzen ditu eta pertsonak bere nahierara maneiatzen ditu. LABek Departamentuari eskatu dio LHko irakasleekin enpatia pixka bat izateko, eta norabidea berehala zuzentzeko.

LABek ohartarazi nahi duen lehenbiziko hutsunea joan den ikasturtean irakaskuntzan jarduteko beharrezkoa zen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa eskuratu arren lanik egitea ezin izan zuten pertsonei buruzkoa da. Ezta 2026ko urtarrilaren 19ra arte ere, Lanbide Heziketako lege berriak agintzen duen bezala. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aukera hori itxi baitzuen. 2022-2023 ikasturtearen amaieran, langilerik ez zegoelako, hainbat zerrenda ireki zituen, baina ez zien aukera hori zabaldu irakasle teknikoei zenbait espezialitatetan. Hori bai, behar izanez gero, zerrendak irekiko ditu eta pertsona horiek nahi bezala erabiliko ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatu zituen irakasle horiek eta, horretarako, informazioa eskatu zion Departamentuari, Lanbide Heziketako lege berriak irakasle teknikoei nola eragingo zien adieraz ziezaion. Bada, LABek badaki Hezkuntzak informazioa oker pasatu zuela. Horren ondorioz, kopuru esanguratsu bat ordaindu duten, beren denbora inbertitu duten eta beharrezko prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa lortu duten pertsona horiek ezin dute irakasle tekniko gisa lan egin. Nork ordainduko dizkie matrikula garestiak? Nork itzuliko die emandako denbora? LABi guztiz salagarria iruditzen zaio Hezkuntza Departamentuak NUP behar bezala ez informatzea eta NUPek, gaizki informatua egoteagatik, ikastaro hori lan egin ezin duten pertsonei ematea.

Bestetik, dirudienez, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa edukitzea ez da beti Hezkuntza Departamentuarentzat baldintza. Horrek, zerbitzu-beharrak aipatuz, prestakuntza hori ez duten irakasleak kontratatzen ditu, arbitrarioki eta nahi bezala, baina gero bere zerrendetatik ateratzen ditu. Zer joko da hau? Egun batean pertsona horiek lan egiteko balio dute eta hurrengoan ez? Egoera hori, adibidez, betetzeko zaila diren lanpostua esleitu zitzaien irakasleek bizi izan dute. Legez, irakasle horiek beren lanpostuan mantendu beharko lituzkete hiru ikasturtez, baina LABek ikusi du zerrendetatik kanpo uzten dituztela eta ezin dutela lanean jarraitu.

Gainera, Lanbide Heziketako Pedagogia Terapeutikoko irakasleei ematen zaien tratuaz hitz egin behar dugu. PT irakasleak hezkuntza berezian espezializatutako kidegoa dira, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta, orain, Lanbide Heziketan ere lanean ari dira, 3/2022 Lege Organikoaren eraginez. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzan lan egiten duten PTek osagarri bat jasotzen dute nominan. Baina Lanbide Heziketan lan bera egiten duten PT irakasleek ez dute osagarririk jasotzen. Diskriminazio argia.

Baina irakasleen arteko desberdintasun ekonomikoak ez dira hor amaitzen. Gaur egun, A mailara igarotzen diren Lanbide Heziketako funtzionarioak atzeraeraginez kobratzen ari dira igoera 2021. urtetik, eta hori ez da gertatzen behin-behineko langileekin. Era berean, sektore berezietan espezialista diren irakasleen kidego sortu berrian beste desberdintasun bat sortu da lan bera egiten duten lankideen artean, ez baitute soldata bera jasotzen. LABek Departamentuari diskriminazio hori zuzentzeko eskatzen dio. Eta ez da asko pentsatu behar. Galizia eta EAE bezalako erkidegoek dagoeneko egiten dute nominetan osagarri bat aplikatuz.

Glavista-Autoglass-eko langileek itxialdiari ekin diote enpresan

Langile talde batek gaur itxialdi bat abiatu du Laudion kokatuta dagoen enpresan bertan. Joan den ostiralean, konkurtso-administratzaileak Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu zuen, 240 langileren kaleratze kolektiboa eta enpresa behin betiko ixtea dakarren azken urrats gisa.

Glavistako langileek, egoera honen aurrean, kaleratu nahi dituen enpresan euren lanpostuak defendatuko dituzte. Itxialdi honen bidez, euren egoera publiko egin nahi dute, eta erakunde eskudun guztiei eskatu nahi diete, bereziki Eusko Jaurlaritzari, baliabide guztiak jar ditzatela hori geldiarazteko eta berehala konponbidea bilatzeko. Halaber, Guardian jo behar dugu zuzenean euren egoeraren erruduntzat.

Glavistako langileek euren lanpostuen jarraipena bermatzen duen irtenbide bat behar dute. Enpleguaren aldeko apustua egiten dute eta eskualdearen aldeko apustua egiten dute. Suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako.

Glavistako langileek euren lanpostuen jarraipena bermatzen duen irtenbide bat behar dute. Enpleguaren aldeko apustua egiten dute eta eskualdearen aldeko apustua egiten dute. Suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako.

Eskualdeko desindustrializazioa gelditu behar dela adierazi dute langileek. Itxialdiaz gain, egunero egingo dituzte kontzentrazioak, 12:00etatik 14:00etara, eta urriaren 6an, ostirala, eskualdeko manifestazioa egingo dute, Glavistako lanpostuen defentsan eta Aiaraldearen etorkizunaren alde.

Euskalduntzean hartutako konpromisoetan atzera ez egiteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek indarrean dauden hizkuntza ereduei eusteko zuzenketa proposamenak erregistratu zituzten, atzo, Eusko Legebiltzarrean. Zuzenketa horien edukia erabat arbuiatzen dugu LABen, izan ere, frogatua baino frogatuagoa baitago A eta B ereduek ez dutela indarrean dagoen euskararen legea betetzen, alegia, ez dute bi hizkuntza ofizialetako baten, euskararen, ezagutza bermatzen eta D ereduak ere ez du guztiz euskalduntzen.

Horregatik, bestelako hizkuntza politika bat beharrezkoa dugula adierazi dugu, euskararen murgiltze-sisteman oinarritua dena. Areago, LABek uste du hizkuntzaren gaian atzerapauso nabarmena egin dutela EAJ eta PSEek orain arte ezagutu ditugun lege-aurreproiektu eta -proiektuan jasota ez zeuden hizkuntza ereduak bertan txertatuz eta hezkuntza hirueledunari ateak ireki nahirik.

Forma aldetik, berriz, aipatutako zuzenketa ez dator bat Hezkuntza Sailak foro desberdinetan hartutako konpromisoekin eta, zehazki, LAB eta Interinok sindikatuekin hitzartutakoarekin.

Ekainaren 1ean erdietsitako akordio laboralak bi atal zituen: batetik, lan baldintzen inguruko konpromisoak, hala nola, langile publikoei dagokienez enpleguari eustea, egonkortasuna, esleipen irizpideak finkatzea eta langile guztiak euskalduntzea edota itunpeko langileen soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa. Lehen atal hau negoziazio mahai bakoitzean garatzeko egutegia martxan jarri da: gaur irakasleen mahai negoziatzailea egin da, bihar sukalde eta garbiketakoena eta etzi heziketa berezikoena. Abian da, bada, aipatutako konpromisoak zehaztu eta gauzatzeko prozedura.

Akordioaren atal politikoari dagokionez, berriz, honako hau jasotzen zen hizkuntzari dagokionean: “Legeak finkatzen du ikasleek irteera profilean lortu beharreko euskara-maila (B2) eta ezartzen du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua landu behar duela helburu hori erdiesteko eta zehazten ditu hizkuntza-proiektuaren irizpideak eta osagaiak. Hezkuntza sailak euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-proiektuak garatzeko planifikazioa egingo du”.

Eta jarraian, helburu hori erdiesteko baliabideak zehazten dira: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua izateko baliabide-pertsonal eta material nahikoak; hezitzaile orok hizkuntza-gaitasun nahikoa, goi-mailakoa, bere disziplinan jariotasunez eta aberastasunez aritzeko bestekoa dela bermatzeko dagozkion etengabeko prestakuntza-lerroak; eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak, ikastetxeetan “euskara harrera-hizkuntza” izatea izanik helburu.

EAJ eta PSEk euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduei eusteko xedez egindako zuzenketak ez datoz bat aipatutako irizpideekin. Gauzak horrela, hartutako konpromisoei eustea eta euskalduntze prozesuari galga jarri nahi dioten sektore politiko (PSE, PP-Vox) eta sindikalei (UGT, CCOO) men ez egitea eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari.

Hezkuntzak euskara gehiago behar du! Horixe da Kontseiluaren ekimenez abian den eta LABek babesten duen sinadura bilketak aldarrikatzen duena. Horixe da EAEko gehiengo sozial, sindikal eta politikoak galdegiten duena. Eta helburu hori lortzearren eragiten jarraituko dugu LABetik eskura ditugun bitarteko guztien bidez.

Nafarroako suhiltzaileen azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuko dugu

Heldu den urriaren 6an eginen dute Nafarroako suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa. Gaztelaniaz. Eta, suhiltzaile izateko oposizioaren aurtengo azterketan egin bezala, ortzirale honetan ere LABeko suhiltzaileen sail sindikalak elkarretaratze baten bidez eskatuko du nahi duen orori azterketa euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera ematea ‒Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den modu berean, hain zuzen ere‒. Elkarretaratzea Cordovillan izanen da, 10:30ean, suhiltzaile parkearen ondoan.

Suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa euskaraz egin ahal izateko nahikoa da testeko galderak eta erantzunak itzultzea. Administrazioak berak erraz egin lezake hori Euskarabidearen bidez, horretarako borondaterik balego, noski. Baina, zoritxarrez, berriro ikusi dugu ez dagoela halakorik.

Hizkuntza koofizialen sustapenaz, Espainiako Kongresuan horien erabileraz eta abarrez hainbeste hitz egiten ari den garai hauetan, Nafarroako Gobernuak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeari uko egiten diola salatu nahi du LABek, azterketa euskaraz egiteko aukera galarazten baitu. Gainera, bada beste puntu bat ere eskubide-urraketa honi gehitu beharrekoa: lekualdatze-lehiaketetan, Nafarroako parke gehienetara mugitzeko ez da euskara baloratzen, eta bai, aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa. Bidegabekeria latza da, diskriminazioa erabatekoa.