2024-04-28
HomeEkintza SozialaNafarroako Gobernuak uko egin dio zerga bidez ia 2.000 milioi euro gehiago...

Nafarroako Gobernuak uko egin dio zerga bidez ia 2.000 milioi euro gehiago biltzeari, zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko eta langileen bizi baldintzak hobetzeko erabil zitezkeenak

Abenduaren 21ean, Nafarroako Parlamentuak zenbait zerga aldatzeko eta beste zerga neurri batzuk hartzeko Foru Legea onartuko du. Hala ere, neurri horiek eta Nafarroan azken bi legegintzaldietan izandako aldaketak ez dira nahikoa izan; salbuespen mugatuak salbu, politika fiskalak ez du funtsezko aldaketarik izan eta bere horretan jarraitzen du. Hala, enegarrenez itxi zaio atea gehiengo sozialaren kezka eta beharrekin bat eginen lukeen zerga politika berri bat anbizioz garatzeari. LABek azken hamarkadetan Nafarroan, Euskal Herrian, garatutako politika fiskalari buruzko azterketa aurkeztu du, eta nabarmendu du behar baino diru gutxiago biltzen dela: horrek hipotekatu eta mugatu egiten gaitu.

PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek osatutako Nafarroako Gobernuak, eta bereziki Ekonomia eta Ogasun kontseilari Jose Luis Arastik, aipatzen du «herritar guztiengana hurbildu eta inflazioaren ondorio kaltegarriak nabaritzen ari diren familiekin enpatizatzea». Aitzitik, ezin da justizia sozialaz hitz egin egungo zerga politikarekin.

Bere hitzen hipokresiaren adibiderik argiena PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren tarifaren deflaktazio linealari buruzko neurria da. Planteatzen den bezala, PPk aldarrikatutako eta Pedro Sanchezen espainiar Gobernuak arbuiatutako lehen neurri fiskala izan zen, errenta handiei mesede handiagoa egiten diela iritzita, ondorio kaltegarri horiek gutxien nabaritzen dituztenak. Onartezina da, bizitza garestitzen ari den salbuespenezko egoera honetan, ekarpenik handiena egiten dutenei, hau da, langileei kargak (fiskalak) arintzekotan, neurri horiek gehien eduki eta gutxien ordaintzen dutenen mesedetan izan daitezen baldintzatuta egotea, desberdintasun handiagoa sortuz. Bestela adierazita, gehien dutenengandik gehiago jasotzeari uko egiten zaio, patronalaren mesedetan diseinatutako zerga-politika da, langileriaren kaltetan.

Horrela, 9.000 euroko errentari 34 euro gutxiago dagokio, baina 120.000 euroko errentarentzat ia 1.000 euroko murrizketa dakar. Pentsatzekoa da errenta altuenekoei eragin diela gutxien bizitzaren garestitzeak, zuzendaritza-postuak dituztenek soldatak KPIren arabera eguneratuta baitituzte. Errenta txikienekin gertatzen denaren kontrakoa gertatzen zaie; izan ere, zuzendari horiek plantillen soldatak eguneratzea ukatzen dute eta langileak pobretu egiten dira.

Nafarroako presio fiskala Europako Batasunekoa baino 8,7 puntu txikiagoa da

LABek egindako azterketaren arabera, gaur egun Europako Batasuneko batez besteko presio fiskaletik 8,7 puntura dago Nafarroa; beraz, presio fiskala handitzea eta diru-bilketa handitzea aukera egingarria da, eta, gainera, zorpetze txikiagoa eta babes sozial handiagoa dakar. Izan ere, Nafarroa batez besteko horretan kokatuko balitz, 2.300 milioi euro gehiago bilduko lituzke, eta kopuru horri Espainiako Estatuari Hitzarmen Ekonomikoaren bidez emandakoa kenduta, 1.969 milioi euro geratuko litzateke. Alegia, Nafarroak dituen eskumenak baliatu behar dira presio fiskala handitzeko eta zerga sistema sakonki eraldatzeko.

Enpresen etekinak handitu eta lan-mundua prekarizatu den bitartean, Nafarroako langileok bost aldiz ekarpen handiagoa egiten diogu Foru Ogasunari enpresek baino, haiek baitira bilketaren azken postuetan daudenak. Horrela, enpresen mozkinetarako ordaindu beharreko karga tasak behera egin du etengabe (1996tik, karga-tasa orokorra %20 murriztu da). 2007tik aurrera, garatutako zerga politikari esker, Sozietateen gaineko Zergak pisua galdu du Nafarroako zerga sisteman. Gaur egun, oraindik ez da lortu Ogasunak 2007an sozietate-zergaren bidez lortutako diru-bilketa (500 milioitik gorakoa) berriz errepikatzea (gaur egun kopuru horretatik behera mantentzen da); BEZak eta PFEZak, berriz, goranzko garapena izan dute. Azken batean, egungo zerga egitura errenta handien mesedetan garatu da.

Bestalde, presio fiskal txikiak adierazten du zerga iruzurra handia dela edo Ogasunak zergak ordainarazteko zailtasunak dituela. Gobernatzen dutenek zerga iheserako zailtasunak dituzten zergak, lan-errentarenak eta kontsumoarenak, biltzeko ohitura dute. Kontrara, zerga amnistien bidez erakartzen dituzte aberatsak, ondorio larriak dituzten zigorrak ezarri ordez. Hala, funts eta inbertsio publikoetarako beharko lukeen diru-kopuru handi bat jaso gabe geratzen da, Nafarroako gizarte osoaren kalterako.

Hori aldatu egin behar da. LAB sindikatuak defendatzen du progresibitatearen eta berdintasunaren printzipioetan oinarritutako politika fiskalaren bidez, Nafarroan sortzen den aberastasunaren birbanaketa bidezkoa bermatu beharko litzatekeela, eta herritar guztiei oinarrizko eskubideak bermatu zerbitzu publikoen bidez (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, garraioa, pentsioak…). Baita egungo testuinguruak planteatzen dituen erronka handiei arrakastaz aurre egiteko ere (larrialdi ekologikoak eta krisi energetikoak eragindako eraldaketa sozioproduktibo garrantzitsuak), eta duela aste batzuk Nafarroan historiako lehen Greba Feminista Orokorraren bidez milaka pertsonak eskatu zuten bezala, zaintza sistema publiko eta komunitario bat eraikitzeko garaia iritsi delako.

LABek uste du behingoz heldu behar zaiola zerga politikari buruzko eztabaidari, beharrezko borondate politikoarekin, egungo zerga politikak kapitala gutxi batzuen eskuetan metatzen jarraitu nahi dutenen interesak sostengatzen dituelako. Hona hemen proposamen nagusiak:

1. PFEZeko kapitalaren errentei laneko errentei ematen zaien tratamendu bera ematea eta gehieneko tasa %60ra igotzea.

2. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kenkariak eta onura fiskalak ezabatzea eta %35eko tasa nominala ezartzea.

3. Kapitalaren errentei %1 eta %10 arteko errekargua.

Ostegunean Nafarroako Parlamentuan onartuko dutena, EH Bilduk Gobernuarekin adostutako zerga neurriak barne, oso urrun dago helburu hori lortzetik eta une honetan beharrezkoa den egiturazko edozein egiturazko aldaketatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.