2025-12-27
Blog Page 199

Michelin zentro arteko batzordeari buruzko erreferenduma baldintzatzen saiatzen ari dela salatu dugu

Ez da kasualitatea orain, erreferendumaren bezperatan, Gasteizko enpresak aurreko urteetan errepikatu izan den produkzio-jaitsiera haizatzea.

LABek salatu nahi dugu zentroarteko batzordean jarraitzea erabakitzeko erreferendumaren bezperan, enpresako zuzendaritza langileak beldurtzen saiatu dela. Produkzio-jaitsiera hori, urte amaieran, errepikatu egin da azken hiru urteetan. Beraz, eskaerak murriztu izanaren arrazoia “konfiantza galera” dela esan izanak enpresaren izaera antidemokratikoa argi islatzen du.

Nolanahi ere, eta hala balitz, Michelin zer enpresa mota den galde liteke, greba askatasunez eta demokratikoki gauzatzearen aurrean, eta erreferendum baten atarian, greba deialdi horrekin bat egin zuten langileak, hau da, gehienak, zigortzea erabakitzen baitu. Hori al da “pertsonak erdigunean” politika gauzatu nahi dutela adierazten dutenean esan nahi dutena?

Horregatik, urriaren 6an eta 9an egingo den erreferendumean parte hartzeko deia egin die LAB sindikatuak langileei. Izan ere, orain inoiz baino garrantzitsuagoa da erakustea hemen lan egiten dutenen lan-baldintzak hemen negoziatu behar direla.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Lanbide Heziketan egiten dituen lardaskeriak salatu ditugu, bai eta nola tratatzen dituen bere irakasleak ere

Gogor salatu nahi ditugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketari buruzko Espainiako lege berria aplikatzean egiten dituen etengabeko lardaskeriak. Lege hori aplikatzeak akatsak eragiten ditu Nafarroan, baina Departamentua, horiek zuzendu beharrean, larriagotzen ari da: irakasleak gutxiesten ditu, haien artean desberdintasunak sortzen ditu eta pertsonak bere nahierara maneiatzen ditu. LABek Departamentuari eskatu dio LHko irakasleekin enpatia pixka bat izateko, eta norabidea berehala zuzentzeko.

LABek ohartarazi nahi duen lehenbiziko hutsunea joan den ikasturtean irakaskuntzan jarduteko beharrezkoa zen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa eskuratu arren lanik egitea ezin izan zuten pertsonei buruzkoa da. Ezta 2026ko urtarrilaren 19ra arte ere, Lanbide Heziketako lege berriak agintzen duen bezala. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak aukera hori itxi baitzuen. 2022-2023 ikasturtearen amaieran, langilerik ez zegoelako, hainbat zerrenda ireki zituen, baina ez zien aukera hori zabaldu irakasle teknikoei zenbait espezialitatetan. Hori bai, behar izanez gero, zerrendak irekiko ditu eta pertsona horiek nahi bezala erabiliko ditu.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatu zituen irakasle horiek eta, horretarako, informazioa eskatu zion Departamentuari, Lanbide Heziketako lege berriak irakasle teknikoei nola eragingo zien adieraz ziezaion. Bada, LABek badaki Hezkuntzak informazioa oker pasatu zuela. Horren ondorioz, kopuru esanguratsu bat ordaindu duten, beren denbora inbertitu duten eta beharrezko prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa lortu duten pertsona horiek ezin dute irakasle tekniko gisa lan egin. Nork ordainduko dizkie matrikula garestiak? Nork itzuliko die emandako denbora? LABi guztiz salagarria iruditzen zaio Hezkuntza Departamentuak NUP behar bezala ez informatzea eta NUPek, gaizki informatua egoteagatik, ikastaro hori lan egin ezin duten pertsonei ematea.

Bestetik, dirudienez, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa edukitzea ez da beti Hezkuntza Departamentuarentzat baldintza. Horrek, zerbitzu-beharrak aipatuz, prestakuntza hori ez duten irakasleak kontratatzen ditu, arbitrarioki eta nahi bezala, baina gero bere zerrendetatik ateratzen ditu. Zer joko da hau? Egun batean pertsona horiek lan egiteko balio dute eta hurrengoan ez? Egoera hori, adibidez, betetzeko zaila diren lanpostua esleitu zitzaien irakasleek bizi izan dute. Legez, irakasle horiek beren lanpostuan mantendu beharko lituzkete hiru ikasturtez, baina LABek ikusi du zerrendetatik kanpo uzten dituztela eta ezin dutela lanean jarraitu.

Gainera, Lanbide Heziketako Pedagogia Terapeutikoko irakasleei ematen zaien tratuaz hitz egin behar dugu. PT irakasleak hezkuntza berezian espezializatutako kidegoa dira, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta, orain, Lanbide Heziketan ere lanean ari dira, 3/2022 Lege Organikoaren eraginez. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzan lan egiten duten PTek osagarri bat jasotzen dute nominan. Baina Lanbide Heziketan lan bera egiten duten PT irakasleek ez dute osagarririk jasotzen. Diskriminazio argia.

Baina irakasleen arteko desberdintasun ekonomikoak ez dira hor amaitzen. Gaur egun, A mailara igarotzen diren Lanbide Heziketako funtzionarioak atzeraeraginez kobratzen ari dira igoera 2021. urtetik, eta hori ez da gertatzen behin-behineko langileekin. Era berean, sektore berezietan espezialista diren irakasleen kidego sortu berrian beste desberdintasun bat sortu da lan bera egiten duten lankideen artean, ez baitute soldata bera jasotzen. LABek Departamentuari diskriminazio hori zuzentzeko eskatzen dio. Eta ez da asko pentsatu behar. Galizia eta EAE bezalako erkidegoek dagoeneko egiten dute nominetan osagarri bat aplikatuz.

Glavista-Autoglass-eko langileek itxialdiari ekin diote enpresan

Langile talde batek gaur itxialdi bat abiatu du Laudion kokatuta dagoen enpresan bertan. Joan den ostiralean, konkurtso-administratzaileak Enplegu-Erregulazioko Espedientea aurkeztu zuen, 240 langileren kaleratze kolektiboa eta enpresa behin betiko ixtea dakarren azken urrats gisa.

Glavistako langileek, egoera honen aurrean, kaleratu nahi dituen enpresan euren lanpostuak defendatuko dituzte. Itxialdi honen bidez, euren egoera publiko egin nahi dute, eta erakunde eskudun guztiei eskatu nahi diete, bereziki Eusko Jaurlaritzari, baliabide guztiak jar ditzatela hori geldiarazteko eta berehala konponbidea bilatzeko. Halaber, Guardian jo behar dugu zuzenean euren egoeraren erruduntzat.

Glavistako langileek euren lanpostuen jarraipena bermatzen duen irtenbide bat behar dute. Enpleguaren aldeko apustua egiten dute eta eskualdearen aldeko apustua egiten dute. Suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako.

Glavistako langileek euren lanpostuen jarraipena bermatzen duen irtenbide bat behar dute. Enpleguaren aldeko apustua egiten dute eta eskualdearen aldeko apustua egiten dute. Suntsitzen den enplegua berreskuratzen ez den enplegua delako.

Eskualdeko desindustrializazioa gelditu behar dela adierazi dute langileek. Itxialdiaz gain, egunero egingo dituzte kontzentrazioak, 12:00etatik 14:00etara, eta urriaren 6an, ostirala, eskualdeko manifestazioa egingo dute, Glavistako lanpostuen defentsan eta Aiaraldearen etorkizunaren alde.

Euskalduntzean hartutako konpromisoetan atzera ez egiteko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek indarrean dauden hizkuntza ereduei eusteko zuzenketa proposamenak erregistratu zituzten, atzo, Eusko Legebiltzarrean. Zuzenketa horien edukia erabat arbuiatzen dugu LABen, izan ere, frogatua baino frogatuagoa baitago A eta B ereduek ez dutela indarrean dagoen euskararen legea betetzen, alegia, ez dute bi hizkuntza ofizialetako baten, euskararen, ezagutza bermatzen eta D ereduak ere ez du guztiz euskalduntzen.

Horregatik, bestelako hizkuntza politika bat beharrezkoa dugula adierazi dugu, euskararen murgiltze-sisteman oinarritua dena. Areago, LABek uste du hizkuntzaren gaian atzerapauso nabarmena egin dutela EAJ eta PSEek orain arte ezagutu ditugun lege-aurreproiektu eta -proiektuan jasota ez zeuden hizkuntza ereduak bertan txertatuz eta hezkuntza hirueledunari ateak ireki nahirik.

Forma aldetik, berriz, aipatutako zuzenketa ez dator bat Hezkuntza Sailak foro desberdinetan hartutako konpromisoekin eta, zehazki, LAB eta Interinok sindikatuekin hitzartutakoarekin.

Ekainaren 1ean erdietsitako akordio laboralak bi atal zituen: batetik, lan baldintzen inguruko konpromisoak, hala nola, langile publikoei dagokienez enpleguari eustea, egonkortasuna, esleipen irizpideak finkatzea eta langile guztiak euskalduntzea edota itunpeko langileen soldaten parekatzea eta lan-baldintzen homologazioa. Lehen atal hau negoziazio mahai bakoitzean garatzeko egutegia martxan jarri da: gaur irakasleen mahai negoziatzailea egin da, bihar sukalde eta garbiketakoena eta etzi heziketa berezikoena. Abian da, bada, aipatutako konpromisoak zehaztu eta gauzatzeko prozedura.

Akordioaren atal politikoari dagokionez, berriz, honako hau jasotzen zen hizkuntzari dagokionean: “Legeak finkatzen du ikasleek irteera profilean lortu beharreko euskara-maila (B2) eta ezartzen du ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua landu behar duela helburu hori erdiesteko eta zehazten ditu hizkuntza-proiektuaren irizpideak eta osagaiak. Hezkuntza sailak euskalduntzea bermatzeko hizkuntza-proiektuak garatzeko planifikazioa egingo du”.

Eta jarraian, helburu hori erdiesteko baliabideak zehazten dira: ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua izateko baliabide-pertsonal eta material nahikoak; hezitzaile orok hizkuntza-gaitasun nahikoa, goi-mailakoa, bere disziplinan jariotasunez eta aberastasunez aritzeko bestekoa dela bermatzeko dagozkion etengabeko prestakuntza-lerroak; eta ikastetxeko hezkuntza-komunitatearen parte diren familiei begirako euskalduntze programak, ikastetxeetan “euskara harrera-hizkuntza” izatea izanik helburu.

EAJ eta PSEk euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduei eusteko xedez egindako zuzenketak ez datoz bat aipatutako irizpideekin. Gauzak horrela, hartutako konpromisoei eustea eta euskalduntze prozesuari galga jarri nahi dioten sektore politiko (PSE, PP-Vox) eta sindikalei (UGT, CCOO) men ez egitea eskatzen dio LABek Hezkuntza Sailari.

Hezkuntzak euskara gehiago behar du! Horixe da Kontseiluaren ekimenez abian den eta LABek babesten duen sinadura bilketak aldarrikatzen duena. Horixe da EAEko gehiengo sozial, sindikal eta politikoak galdegiten duena. Eta helburu hori lortzearren eragiten jarraituko dugu LABetik eskura ditugun bitarteko guztien bidez.

Nafarroako suhiltzaileen azterketak euskaraz egin ahal izatea aldarrikatuko dugu

Heldu den urriaren 6an eginen dute Nafarroako suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa. Gaztelaniaz. Eta, suhiltzaile izateko oposizioaren aurtengo azterketan egin bezala, ortzirale honetan ere LABeko suhiltzaileen sail sindikalak elkarretaratze baten bidez eskatuko du nahi duen orori azterketa euskaraz edo gaztelaniaz egiteko aukera ematea ‒Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den modu berean, hain zuzen ere‒. Elkarretaratzea Cordovillan izanen da, 10:30ean, suhiltzaile parkearen ondoan.

Suhiltzaile-kabo izateko azterketa teorikoa euskaraz egin ahal izateko nahikoa da testeko galderak eta erantzunak itzultzea. Administrazioak berak erraz egin lezake hori Euskarabidearen bidez, horretarako borondaterik balego, noski. Baina, zoritxarrez, berriro ikusi dugu ez dagoela halakorik.

Hizkuntza koofizialen sustapenaz, Espainiako Kongresuan horien erabileraz eta abarrez hainbeste hitz egiten ari den garai hauetan, Nafarroako Gobernuak euskaldunen hizkuntza-eskubideak errespetatzeari uko egiten diola salatu nahi du LABek, azterketa euskaraz egiteko aukera galarazten baitu. Gainera, bada beste puntu bat ere eskubide-urraketa honi gehitu beharrekoa: lekualdatze-lehiaketetan, Nafarroako parke gehienetara mugitzeko ez da euskara baloratzen, eta bai, aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa. Bidegabekeria latza da, diskriminazioa erabatekoa.

Guardiako alkateak herria erabili nahi du bere interes pertsonalen alde egitekoeta bere jardunbide txarrak ezkutatzeko, langile baten lintxamendua sustatuz

Guardiako alkate Raul García Ezquerrok (EAJ) harritu egin gaitu sare sozialetan eta prentsan Udalaren zigilua daraman “Informazio Ohar” batekin. Ohar hori ez dago sinatuta, eta informazio oker eta interesatuz beteta dago.

Alkateak, ohar horretan, dei egiten dio Guardiako herriari osoko bilkura batean parte har dezan. Bertan, Udaleko langile bati bere ordainsariei dagokienez arrazoia eman zion epai baten aurkako errekurtsoa jarri izana berretsi nahi du.

Langileari arrazoia ematen dion epaiak, LAB sindikatuan aspalditik salatzen ari garen gai bat azpimarratzen du: lanpostuen balorazioak eguneratu ez izana. Hori sistematikoki urratzen da udal askotan, Guardian, besteak beste, eta zuzenean eragiten du langileen ordainsarien eskubideetan.

Hori gutxi balitz, alkateak alde bakarretik jarri zion errekurtsoa epai horri, atzeko atetik, bere aholkulari pertsonalek abalatutako ihesbideekin, eta udalbatzara eraman gabe, legez derrigorrezkoa izan arren. Gainera, alde batera utzi ditu alde sindikaletik eta politikotik arazoa konpontzeko garaian eta moduan egin zitzaizkion errekerimenduak.

Oposizioko zinegotziak ere mehatxatu zituen, esanez beren ondare pertsonalarekin erantzungo zutela udalak errekurtsoa galtzen bazuen eta kostuak ezartzen bazitzaizkion.

Eta, azkenik, gertakaria salatu zuen langilea modu sistematikoan zokoratu eta deseroso sentiarazi dio.

Orain, alkateak Guardiako herria langilearen aurka erabili nahi du, gezurrak eta datu interesatuak zabalduz. Gezurrak, eta gezur gehiago, bere arduragabekeria nabarmena estaltzeko langile batenganako lintxamendu herrikoia bultzatuz, langile horrek egin duen gauza bakarra bere lan eskubideak defendatzea izan denean. 

LABek ez ditu onartuko ordezkari politiko baten horrelako jarrera arduragabeak, mafiosoak eta ez duinak. Eskura ditugun baliabide guztiekin jardungo dugu, egia argitara atera dadin eta norberari dagozkion erantzukizunak argitu daitezen.

Sindikalismo Feministaren aldeko Lehen Topaketa Internazionalistan adostutako manifestua aurkeztu dugu

Joan den ekainean Sindikalismo feminista baterantz“, lehen Topaketa Internazionalista burutu genuen Basoan (Artean, Arratian). LABek bultzatuta eta CUT Galiza, Intersindical Canaria, Intersindical Alternativa de Catalunya, La Intersindical eta Intersindical Valenciana sindikatuetako kideekin modu kolektiboan antolatu genuen bilera, eta Colectivo Unitario de Trabajadoras y Trabajadores (Aragoi), Corriente Sindical de Izquierda (Asturies) eta Sindicato Andaluz de Trabajadores/ek (Andaluzia) ere parte hartu zuten.

Eraikitzen ari garen sindikalismo feministari buruz gogoeta egiteko bildu ginen elkarrekin, bidean aurkitu ditugun zailtasunei eta aukerei buruz hausnartzeko eta definizio partekatu bat adosteko, ikuspegi bateratzaile gisa balioko diguna.

Sindikatu bakoitzean sortzen eta erabiltzen ari garen tresna feministak partekatzeko eta eztabaidatzeko aukera ere izan genuen, kapitalismo heteropatriarkalari ekintza soziosindikal feminista batetik aurre egiteko.

Aukera izan genuen nazioarteko esparruetan emakume* sindikalisten presentzia aktiboa hobetzeko proposamenak kontrastatzeko eta egiteko, nazioarteko harreman horiek eraldatzeko eta despatriarkalizatzeko. Bada garaia esparru internazionalista sindikala gure lurraldeetan lortzen ari garen aurrerapenen isla izan dadin!

Topaketa aberasgarri horren emaitza da gaur, 2023ko urriaren 4an, parte hartu genuen sindikatu guztiok aurkeztu dugun manifestu hau. Asmoen adierazpen bat da, hasteko proposamen zehatz batzuk, eta guztien artean partekatutako ibilbide-orri bat, sindikalismo feminista internazionalista baten bidez mundu mailako emakume* langileen askapenerako bidea egiteko.

Gora sindikalismo feminista internazionalista!

Gora emakume* langileon borroka!

Gora internazionalismoa!

Egoera zaurgarrian dauden kolektiboen bizkar egituratzen ari da langabezia, eta prekaritatea, aldiz, langile klase osoarengan

Langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian, iaz baino 6.837 langabe gutxiago daudelarik. Hala ere, horietako gehienak emakumeak* dira, eta nabarmentzekoa da gazteei erreparatuz gero, haien kasuan langabeen kopuruak gora egin duela, baita zerbitzu sektorean diharduten migratuenak ere.

Langabezia datuen azterketa bestelako adierazleekin alderatu beharra dago lan merkatuaren benetako argazkia osatzeko. Herritar gehiago lanean egon arren, hainbat kolektiboren baitan langabeziak gora egiten jarraitzen du, lan merkatuaren egoera hobetu ordez, langabeziaren zama egoera zaurgarriagoa duten langileen bizkar egituratuz. Langabeziak behera egin arren, aurreko enplegurik gabeko herritarren kopuruak 0,9 puntu gora egin du pasa den urtetik. Langabetuen gehiengoak, zehazki %58,85, emakumea* izaten jarraitzen du. Pasa den urtetik hona, 25 urtetik beherakoen langabeziak %4,68 egin du gora, bai eta zerbitzuen sektoreko migratuen langabezia kopuruak ere (%3,09 egin du gora). Pasa den urtean baino 13.653 kontratu gutxiago sinatu dira irailean eta horien artean, %72,61 behin-behinekoak izan dira (pasa den urtean baino 1,85 puntu gehiago).

Afiliazioa aztertuz gero, sortzen den enplegua gero eta prekarioagoa dela ondorioztatzen dugu, argi eta garbi. Afiliatu berrien artean, gizonen %79,4k lanaldi osoa duen bitartean, emakumeen* artean %59,2 dira lanaldi osoa dutenak. Lanaldi partzialean dauden afiliatu berrien egoera, aldiz, kontrakoa da. Modu honetan, gizonen %10,7k lanaldi partziala duen arren, emakumeen* artean %25,4koa da proportzioa. Lanaldi partzialean emakumeak* dira nagusi, lanaldi partziala duten afiliatu berrien artean emakumeak* %66,29 baitira.

Kontratu motak aztertzerakoan, aldizkako prekarioak nabarmendu ditu LABek, enplegu prekario zein ezegonkorra hauspotzen duen kontratu mota baita. Afiliatu berrien artean, irailean egin diren aldizkako finkoen artean %81,78 emakumea* izan da. Gogora ekarri behar da joan den maiatzetik abuztura, emakumeen* artean, batez beste aldizkako kontratu finkoen %66,13 eten zirela. Kontratu mota hau sektore feminizatuetan hedatzen ari da: jantokietako hezitzaileak, ikastetxeetako garbitzaileak….

Lan merkatuan prekaritatea egiturazkoa den bitartean, bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren zaintza lanak ez daude modu orekatuan banatuta eta emakumeengan* erortzen dira gehienbat. Gainera, inongo aitortza sozial, politiko edo ekonomikorik ez duten lanak dira horiek. Era berean, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Horregatik ere, lan eta bizi baldintzen azterketa egiterakoan ezin da langabezia datuen azterketa hutsera mugatu, eta ikusmira zabaldu beharra dago langile klasearen errealitatea ezagutzeko.

LAB sindikatua lan zentroetan, kalean eta eraginkorrak diren bitarteko guztiak baliatuz borrokatzen da langile klase osoaren lan eta bizi baldintzak duinak izan daitezen. Hori dela eta, azaroaren 30ean Greba Orokor Feminista egingo du, Zaintzarako Eskubide Kolektiboa aldarrikatu eta urgentziazko aldaketa batzuk exijitze aldera. Inoiz ez delako berandu, baina denboran gehiago atzeratu ezin daitekeelako. Zaintza eskubide kolektiboaren alde ari da sindikatua, eta horretan jarr

Epaitegiek LABi arrazoia eman ostean, hitzartutako soldata igoera osorik ordaindu beharko die patronalak Gipuzkoako papergintzako langileei #LortuDugu

Papergintzako Gipuzkoako Hitzarmenean 2021. urterako hitzartu zen soldata igoera aplikatzean, ADEGIk, KPIa negatiboa izan zenaren aitzakiapean, ez zuen %1,25ko soldata igoera ezarri nahi izan: KPIa -0,5koa izan zela argudiatuta, %0,75eko igoera aplikatu zuen. Bada, LABetik epaitegira jo genuen aldebakarreko erabaki horren aurka, eta guri eman digute arrazoia.

Patronalaren aldebakarreko erabaki honekin erabat aurka agertu ginen hasieratik, eta horregatik epaitegietara jo zuen. Sindikatuak aldeko hainbat sententzia jaso baditu ere, ADEGIk errekurritu egin ditu denak.

Egoera zentzugabe hau gehiegi luzatu bada ere, pozez eta harrotasunez adierazi dezakegu epaitegiek azkenean arrazoia eman digutela eta, oraingoan bai, patronalak bere aldebakarreko erabakia zuzendu beharko duela.

Orain soldata taula berriak osatzea dagokigu; beraz, informatzen jarraituko dugu.