2026-01-01
Blog Page 198

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbiketako akordioak ez du bermatzen erosahalmena

Gaur, urriaren 9an, ELA sindikatuak eta ASPEL patronalak sinatutako Gipuzkoako Eraikin eta Lokalen
Garbiketako Hitzarmenaren aurreakordioaren aurrean, LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

  1. ELAk patronalarekin erdietsi duen aurreakordioak ez du 2018az geroztik langileek galdu duten erosahalmena
    berreskuratzerik bermatzen. Izan ere, 2018tik 2023ra EAEko KPIa %13,7ra igo da, eta aurreakordioak %5,4ko
    igoera baino ez du bermatzen. Beraz, esan dezakegu aurreakordio honekin garbitzaileak 2018an baino %8,3
    txiroagoak direla.
  2. Aurreakordio honek ez ditu bermatzen LAB sindikatuak mahai gainean jarritako aldarrikapenak; batetik, 2023. urtean soldata 1.300 x 15 ordainsarikoa izatea; eta, bestetik, lanaldi partzialaren erauzketa.

EAEko anbulantzietako lehenengo greba egunean kalera atera gara lan-baldintzen negoziazioa ahalbidetu dadin exijitzera

Gaur egin bezala, bihar eta etzi (urriak 10 eta 11) ere grebara deituta daude langileak. Goizean goiz piketeekin abiatu da eguna, eta patronalari behingoz eseri eta alderdi sozialaren aldarrikapenei entzungor egiteari uzteko eskatu diogu.

Erreferentzia gisa, honako hauek dira LAB, ELA, LSB USO, UGT, CCOO eta ESK-k osatutako intersindikalak borrokatzen dituen eskakizun nagusiak: garraio sanitarioko langileen baldintzak Osakidetzako langileen baldintzekin parekatzea, plantillen erosteko ahalmenari eustea eta itundutakoa betetzeko bermea.

Hala ere, anbulantzien patronalak etengabe blokeatu du negoziazio autonomikoa, noiz eta enpresaren finantzaketa nabarmen igo denean. Alabaina, langileek erosahalmena galtzen eta beren lan-baldintzek hobekuntzarik ez dutela ikusten jarraitu behar dute.

Hori guztia ikusita, gaur egin bezala datozen bi egunetan ere aurrean izango gaituzte.

Salatu dugu Volkswagen beldurra eta ziurgabetasuna erabiltzen ari dela hitzarmen kolektiboaren negoziazioa baldintzatzeko

LAB sindikatuaren iritziz, Landabengo Volkswagenen lantegian 400 lanpostu gutxiago izatea ez da ustekabeko bat edo saihestezina zen zerbait. Aitzitik, albiste negatibo hori Volkswagen Nafarroako X. hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren testuinguruan sartu behar da, non enpresa beldurra eta ziurgabetasuna erabiltzen ari baita alderdi soziala beldurtzeko. Ez da LABen kasua izanen, lantegiak eta bere langileek etorkizun duina izateko nahitaezkoak diren aldarrikapenak bukaeraraino eramanen ditu eta.

LABen ustez, lanpostuen murrizketari aurre egin ahal izanen litzaioke enpresak benetako borondatea izan balu. Konbustio ibilgailuen ekoizpenaren jaitsiera eta auto elektrikoaren ekoizpen fasera igaro bitartean, lan kargaren murrizketa hori zuzenean bideratzeko aukera bat zegoen, eta hori zen bateria instalazioa Landabenen langile propioekin paratzea. Horretarako, Nafarroako Gobernuak diru publikoko 40 milioi euro jarri zituen, deustarako balio izan ez dutenak; izan ere, instalazioa kanpoan geldituko da, eta seguruenik langile prekarizatuagoekin. Landabenen baterien instalazioa Volkswagengo langileekin jarri izan balitz, enplegu hori finkatu egin zitekeen eta etorkizunean lanpostu gehiago sortzea ekar zezakeen.

Zuzeneko “irtenbide” horretatik harago, LABek urteak daramatza neurri zehatz batzuk proposatzen, enpresak erabat onar zitzakeenak; hala nola, asteko lanaldia 32 ordura murriztea eta erretirotik hurbil dagoen plantillari irteera erraztea, hau gaztetzeko asmoarekin. Neurri horiek, bederen, egoera hori arinduko zuten.

Proposamen horiek, eta bertze batzuk, egun negoziatzen ari den Volkswagen Nafarroako X. hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaira eraman ditu LABek. Negoziazio horretarako, enpresa beldurraren eta ziurgabetasunaren testuingurua eta kontakizuna sortzen ari da, langileen planteamenduak eta balizko mobilizazioak baldintzatzeko.

Bada, LABek argi eta garbi adierazi behar du ez dela kikilduko, eta azken ondorioetara eramanen dituela lantegian baldintza duinak dituen etorkizunerako ezinbertzekoak iruditzen zaizkion aldarrikapenak: aipatutako lanaldia astean 32 ordura murriztea eta plantillaren erretiro aurreratua erraztea; erosteko ahalmenari eustea; berdintasun-planean adostutako neurriak sartzea hauei hitzarmenmaila emateko; eta mutualitateak desagertzea, bajen kudeaketa Osasunbidearekin eginez. LABek ulertzen du borrokatzeko unea dela, eta ez beldurrez negoziatzekoa.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzeko urratsak eskatu dizkiogu EH Bilduri

Espainiako Gobernuko inbestidura eta legegintzaldiko negoziazioetan aintzat hartu beharreko Agenda Soziolaborala aurkeztu dio LABek EH Bilduri, euskal langileok hemen bertan inolako esku hartzerik gabe soldatak eta bizi baldintzak negoziatzeko eta erabaki ahal izateko dugun eskubidea bermatu dadin.

Jarraian ikus daiteke LABek bileran aurkeztutako txostena: LABen ekarpena aldaketa sozial eta politikoari

Gaur EH Bildurekin batzartu da LAB, eta datorren astean gauza bera egingo du EAJrekin. EH Bilduk eta LABek bertako negoziazio kolektiboa blindatu eta pentsio sistema propiorantz urratsak emateko elkarlanean aritzea adostu dute.

Hala, Hego Euskal Herrian nahiz Estatu mailan dagoen eskenatoki politikoa hizpide izan dute LABek eta EH Bilduk gaur Bilbon egin duten bileran. Imanol Karrera Nafarroako bozeramalea, Endika Perez Ekintza Sozialeko idazkaria eta Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra izan dira bilkuran; EH Bildutik, Idurre Bideguren senataria eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia.

LABen iritziz, independentismoak lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzeko estrategia eraginkorra behar du. Euskal Herritik Euskal Herrira sortu behar da lan harreman eta babes sozialeko eredu berri bat, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko diena. Eta ibilbide hori garatu ahal izateko, Estatuak jarritako mugak gainditzeko eragin beharra dago Madrilen. Ikuspegi horretatik, LABek bi lehentasun nagusi jarri ditu mahai gainean.

Lehena, Espainiako Langile Estatutua ordezkatuko lukeen Euskal Lan Kodea garatzea, lan harremanen estatalizazioarekin amaitu eta bertako negoziazio kolektiborako esparrua blindatzeko premiari erantzun ahal izateko. Horretarako, herrialde eta autonomia erkidego mailako hitzarmenen lehentasuna bermatu beharra dago Estatukoen gainetik, 2012an Zapateroren Gobernuak egindako lege aldaketa bertan behera utziz. EAE mailan eragile guztiok bat gatoz horretan, sindikatuek eta Patronalak sinatutako lanbide arteko akordioak erakusten duenez. Euskal Herrian negoziatu eta adosten dena errespetatzea da gakoa.

Estatutik ezartzen diren mugak gainditzeko Madrilen eragitearekin batera, Estatuan lortu ezin dena Euskal Herrian posible egin behar dela adierazi du LABek, eta gogoratu du langileen aldarrikapenei erantzun egokia emateko borondate politikoa besterik ez dela behar. Eta borondate hori bera eskatu du Funtzio Publikoko langileen egoera aldatzeko. 2008. urtearen ostean zerbitzu publikoen garapenari ezarritako mugak kentzeko beharra adierazi du LABek, eta horrekin batera, langile publikoen soldata edota erreposizio tasak Estatuko Aurrekontuen bidez arautuak ez izatea beharrezkotzat jo du. Bestela esanda, Funtzio Publikoa arautzeko eskumena EAEn izatea eskatzen du LABek, eta horrela helarazi dio EH Bilduri. EAEko Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude, zerbitzu publikoen gainbehera salatu eta langile publikoen soldata eta lan baldintzak hobetzeko.

Funtzio publikoko langileez gain, beste hainbat kolektiboren egoera ere hizpide izan dute: etxeko langileei nahiz banaketa lanetan rider gisa diharduten langileei negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu eta autonomia erkidego mailako hitzarmenak ahalbidetzeak duen garrantziari azpimarra egin dio sindikatuak.

Beste lehentasunari dagokionez, EAEko Estatutuan aurreikusita dagoen (eta Nafarroa Garairako ere aldarrikatzen duen) gizarte segurantzaren kudeaketaren transferentzia eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko duen sistema publiko osagarri bat sortzeko aukera aldarrikatu du LABek. Horren bidez, milaka pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeaz gain, etorkizuneko Euskal Gizarte Segurantza sortzeko oinarrizko kanpalekua ezar daiteke.

Proposamenok harrera ona izan dute EH Bilduren aldetik, eta aurrerantzean horien alde elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi dute bi aldeek.

Asteasuko Siemens Gamesako ABEEEaren aurka mobilizatu gara, Donostian egindako epaiketaren aurrean

Gaur egin da Asteasuko Siemens Gamesaren lantokian maiatzean aurkeztu zuten Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientearen (ABEEE) epaiketa Donostian, eta honen kontra mobilizatu da LAB.

Maiatzean, Siemens Gamesako Asteasuko plantako zuzendaritzak, ABEEE bat aplikatzeko prozedura hasi zuen produkzio eta antolaketa arazoak zituela argudiatuz.

Negoziaketa epean egindako hiru bileretan, enpresak ABEEEa beharrezkoa zela argudiatzeko saiakera ezberdinak egin zituen. Langileen ordezkariok, hala ere, argi eduki dugu hasieratik ez dela inoiz ABEEE hau erabiltzeko beharrik egon, enpresak bere neurrira hartutako erabaki interesatuen ondorio bat besterik ez dela izan argudiatutako lan karga jaitsiera, eta beraien erabakien ondorioak langileek ordaintzea nahi izan dutela hasieratik.

ABEEEaren negoziaketa epea akordiorik gabe amaitu zen, langileentzat onartezina delako enpresak hartutako erabakien ondorioak ordaindu beharra, eta inolako momentutan ez delako benetan arrazoitu zeintzuk ziren enpresaren ustez ABEEEa erabili behar izateko arrazoiak.

Horregatik, ABEEEa salatu genuen eta gaur egin da honen inguruko epaiketa. Argi daukagu hartutako neurria ez dela inoiz beharrezkoa izan. Eta epailearen aurrean hori arrazoituko dugu.

Ezin dugu ahaztu salmentan dagoen Asteasuko Siemens Gamesa lan zentroan langileek borrokaren bidez lortu zutela duela hilabete gutxi enpresaren salmentaren aurrean langileen eskubideak eta lanpostuak bermatzen dituen akordioa.

Zerbitzu publikoak indartzeko aldarria zabaldu eta sektorean deitutako grebetan parte hartzeko deia luzatzeko mobilizatu gara

Urriaren 25eko eta abenduaren 19ko sektore publiko osoko grebaren lanketa barnean elkarretaratzeak egin ditugu Eusko Jaurlaritzan, EUDEL eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean LAB, ELA, CCOO, Steilas, SATSE eta ESK sindikatuok.

Hiru elkarretaratze hauetan parte hartu dugunok salatu nahi izan dugu,zerbitzu publikoek nabarmen egin dutela okerrera eta lan baldintzak okertzen ari direla etengabe azken urteetan. Bada, horrek zuzeneko eragina dauka herritarroi eskaintzen zaigun zerbitzuaren kalitatean.

Pandemiak agerian utzi zituen narriadura horren ondorioak. Hiru urte geroago, egoera hori konpondu beharrean, zerbitzu publikoak indartu beharrean, EAEko erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta udalek, inoizko superabit handiena dute: 10.000 miloi euro bankuetan gordeta dituzten bitartean, gizarte-premiak larriagotu eta zerbitzu publikoak okertu egiten dira nahiz eta batzuk egonezin eta arazo hauek artifizialak direla esaten tematu behin eta berriro.

Argi azaleratu dugu egoera honen aurrean ezin dugula beste aldera begiratu, eta gure erakunde eta alderdi politikoei mezu garbia bidali nahi izan diegu: behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde erabakiak har ditzatela!

Eta zehazki zera eskatzen diegu:

  • Estatutik datozen mugak behingoz kentzea, soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzeko
  • Gure erakundeek zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, lan-baldintzak hobetzea ahalbidetuko duten aurrekontuak onartzea!!
  • % 10eko soldata-igoera egitea!! Azken bi urteetako erosteko ahalmenaren galera berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko. Honetaz gain, aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzea
  • Enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, behin-behinekotasun erreala % 8ra jaitsiz
  • Arlo publikoa indartzea, pribatizazio berririk ez egiteko konpromisoa hartzea eta publifikazio planak adostea
  • Lan kargak arintzea eta osasuna bermatzeko neurriak adostea
  • Administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea
  • Berdintasunerako benetako urratsak ekarriko dituzten genero-arloko neurriak, besteak beste, berdintasun-plan erreal eta eraginkorrak negoziatzea
  • Jardunaldiaren murrizketa adostea.

Datozen egunetan ere urriaren 25ean eta abenduaren 19an lantokiak hustu eta kaleak betetzeko helburuarekin lanean jarraituko dugu.

Mecanerren itxieraren aurka kalera atera gara asteburuan

Ehunka langile eta herritarrek bat egin dute Urdulizko lantegi historikoa herrian mantentzeko eta deslokalizazio asmoei ezetz esateko mobilizazioarekin. Eskualdeko industria-ehuna babesteko beharrizana azpimarratuta, enpresari ez ezik, instituzio publikoei ere esku hartzeko eskatu dio enpresa batzordeak.

Manifestazioaren amaieran, Mecanerreko beharginek eskerrak eman zizkieten manifestazioan parte hartu zutenei eta irailaren 1az geroztik babesa eta elkartasuna adierazi dieten guztiei.

Egun batetik bestera, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazio-prozesuaren erdian, Stellantiseko zuzendaritzak Mecaner ixteko erabakia hartu zuen, eta 148 pertsona utzi nahi ditu: 144 Mecanerekoak eta 4 garbiketako azpikontratakoak. Plan estrategiko baten barruko erabakia da, helburu argi batekin: mozkin- marjinak handitzea, deslokalizatuz eta kostuak murriztuz (normalean beste langile batzuen esplotazioaren bidez).

Beste behin ere, bideragarritasun- eta lehiakortasun-eza aitzakia hartu dute enpresak ixteko, enplegua suntsitzeko, pobretzeko eta prekariezatzeko.. Gogoan izan behar da Stellantisek 16.000 milioi euroko irabaziak izan zituela 2022an… Lotsagabea izan behar da gero, etekin horiekin lehiakortasunik ezaz hitz egiteko.

Zoritxarrez, Mecaner ixteko iragarkia ez da berria gurean. Azken urteotan, gure lurraldean industria-enpresak etengabe ixten ari dira. Denoi etortzen zaizkigu gogora zenbait enpresa, hala nola Dismodel eta Trokenor (duela urte batzuk), Matricerías Deusto, GTS, Cable eta Alanbreak, La Auxiliar Naval…

Itxierez gain, Uribe Kostan industriako eta kalitateko enplegua galtzen ari da etengabe, eta, ondorioz, industria-enplegua suntsitzen ari da. Horren adibide dira Alconzako kaleratzeak. Horien ondorioz, industriak gero eta pisu txikiagoa du Euskal Herrian, eta turismo- eta zerbitzu-herrialde bihurtzen ari gara.

Stellantisen zekenkeriak eta Mecaner ixteko erabakiak mugarri bat jarri dute. Ez dugu onartuko inposatu nahi diguten etorkizun beltza, inoiz ez da aukera bat izan guretzat. Eraso honen aurrean borroka besterik ez zaigu geratzen. Eskualdean eta Euskal Herrian behin eta berriz gertatzen ari den egoera baten aurka borrokatzea, bidegabea dela uste dugunaren aurka.

Mecaner erreferentziazko enpresa da eskualdean, eta herri horretako belaunaldiek bertan lan egin dute. “Fabrika historiko” bat, eskualde eta herri bateko paisaiaren eta historiaren parte dena.

Borroka hau ez da soilik Mecaner-eko langileen borroka; herri baten, eskualde baten eta langile-klasearen borroka da, industria-ehuna defendatzeko; izan ere, industria-ehun hori gero eta txikiagoa da herrialdean benetako industria- politika eraginkorrik ez dagoelako.

Herri baten borroka, konpromiso eta duintasuna eskualdeko industriaren, enpleguaren defentsan eta etorkizunaren alde. Horregatik, multinazionalari aurre egiteko ordua da, produkzioa hemen geratzen dela ziurtatzeko, lanpostuak mantendu daitezen.

Alarmak piztu eta herri gisa erantzuteko unea da. Langileak, eragile sozial eta politikoak, herritarrak…

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak zein Bizkaiko Foru Aldundiak beren gain hartu behar dute erantzukizuna, eta aktiboki parte hartu behar dute Mecanerren jarraipena ahalbidetuko duen konponbide baten bila. Eginkizun aktiboa izan behar dute, eskualdeko industria- eta ekoizpen-ehuna mantentzeko politika errealak eta eraginkorrak gauzatuz, enpresak etengabe itxi eta deslokalizatzea eta enplegua suntsitzea galaraziz.

Zuzendaritzari argi adierazi diogu aurrean izango gaituela eta gure lanpostuen defentsan amaierara arte borroka egingo dugula.

Erronka handia eta helburu argia ditugu aurrean: Stellantisen erabakia aldatzea eta Mecaner salbatzea, plantaren enplegua eta etorkizuna bermatuz.

Lanbideko langileek ezetz esan diote Jaurlaritzaren pribatizazio asmoari

Urriaren 3ko hauteskunde sindikaletan ehunka langilek eman zuten bozka. LAB izan zen ordezkaritza eta bozka gehien jaso zituen sindikatua, beraz argi geratu da langileen nahiak eta aldarrikapenak zerbitzu publikoen defentsan lerrokatu direla.

Horregatik dei egiten diegu gainontzeko sindikatu eta alderdi politikoei azaroan onartzekoa den Enplegu Legeari ezezkoa emateko. Izan ere, emendakinen ebazpenak ikusteke, EAJ eta PSEren gobernuak Lanbideren izaera aldatu nahi du, bere aktibitatea eta zerbitzua externalizatzeko eta bertako langileen baldintzak nahieran aldatu eta kaskartzeko.

Ez da berria Jaurlaritzaren pribatizaziorako joera. EAJ eta PSEren politika publikoek erakutsi dute nahiago dutela beraiek bermatu beharko luketen zerbitzu publikoen kudeaketa esku pribatuetan uztea.

Estrategia pribatizatzaile horren erakusle garbia da azaroan parlamentuan bozkatu nahi den Enpleguaren Legea. Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu nahi du Jaurlaritzako Gobernuak. Horretarako baina, alderdiek tartea izan dute urriaren 2a arte emendakinak aurkezteko. LABek, maiatzean Legebiltzarrean adierazi zuen bezala, dei egin die ustez herritarren zerbitzura dauden ordezkari horiei aurkakotasuna adierazteko.

Urriaren 3ko hauteskundeetan LABek bozka gehien jasotzearen ondorioz, langileen ahotsak ozenago gehitu dira pribatizazioaren aurkako aldarrikapenera.

Horregatik, LABek adierazten du bere esku dituen bitartekoekin aldarrikatu eta salatuko duela enplegu legearen asmo pribatizatzailea. Neurri berean, langile eta herritarrei dei egiten die antolatzera, eta datozen mobilizazioetan indarrak gehitzera.

Egungo zaintza eredua errotik eraldatu asmo duen Herri Akordioa aurkeztu dugu

Gaur goizean LABeko ordezkariok Hernanin izan gara, azaroaren 30erako deitutako Greba Feminista Orokorrerako Herri Akordioaren aurkezpenean. Gure sindikatuak zaintza sistema publiko komunitarioa aldarri izanik, ezinbesteko hitzordua da datorren hilabete bukaeran nahiz ordutik aurrera datorkiguna, eta herriz herri eta auzoz auzo burubelarri dihardugu prestaketa lanetan, mugimendu feministarekin eta grebara batutako gainerako eragileekin batera.

Euskal Herriko hainbat mugimendu, sektore eta eragile ezberdinetako hamarnaka kidek aurkezturiko Herri Akordioaren  bidez, zaintza sistema publiko-komunitario berri baten beharra plazaratu eta egungo zaintza erregimen sostengaitzaren irakurketa konpartitu bat egin nahi da.

Zaintza, bizimodu duina eraikitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait, zaintza bizitzako une eta eremu guztietan beharrezkoa da. Gure gorputzen, komunitateen eta lurraren iraunkortasunerako ezinbestekoa da; hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna iraunarazteko eta kudeatzeko beharrezkoa.

Euskal Herrian, egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daude. Azken 20 urteetan, euskal instituzioetatik sistematikoki pribatizatu dira ahal izan diren zaintza-zerbitzu guztiak, enpresa lagunen eskuetan jartzeko eta horietatik milioi askotako etekinak ateratzeko, zaintzaren kalitatearen eta langileen lan-baldintzen kontura.

Familia heteropatriarkala erdigunean jartzen duten politikak erabiltzen ari dira zerbitzu horiek ez garatzeko; berriro ere, zaintza lanak emakumeon gain daude, eta sarritan emakume migratu arrazializatuengan. Sistema kapitalista eta heteropatriarkala izateaz gain, arrazista baita. Arduradun horiek izen abizenak dituzte eta gure bizitzen gainetik kapitala jarri dute.

Guk zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu.

Zaintza lanen egungo antolamendu soziala eraldatu nahi dugu, eta horrek dakar bi planotan pentsatzea eta aldaketak eragitea:

· Alde batetik, premiei erantzutea, hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea.

· Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena.

Greba Feminista Orokorra Euskal Herriko Mugimendu Feministatik abiatu eta herri mugimendu, sektore eta eragile gehiagorekin elkarlanean josten ari garen prozesua da, horren isla da Herri Akordio hau. Grebara eramango ditugun epe luzeko zein epe motzeko aldarrikapenak bildu ditugu guztion artean. Mugimendu Feministal aldarrikatzen duen herri eredurantz urratsak emateko oinarri gisa ulertzen dugu Herri Akordioa, mugimendu sozial eta sindikalekin batera adostua.

Jarraian jaso dira, beraz, momentuz bildutako aldarrikapenak. Batetik, epe laburrera markatzen ditugun lehentasunak; eta bestetik, epe luzera markatzen ditugunak:

1. Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.

2. Zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea.

3. Zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea.

4. Etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzea eta garatzea.

5. Atzerritartasun legea bertan behera uztea, eta bitartean, zaintza langile guztiak erregularizatzea.

6. Erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea.

7. Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea.

8. Etxeko langileak lan-erregimen orokorrean sartzea: Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berrestea.

9. Etxeko langileei gutxieneko soldatatik gorako lansaria ezartzea.

10. Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea.

11. Zaintzaileei laguntzeko sareak sortzea.

12. Zaintzeko denborak bermatzea: lanaldia murriztu soldata txikitu gabe.

13. Gizonak interpelatzea, ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten.

14. Zaintzeko baimenak zabaltzea eta handitzea: loturagramak.

15. Zaintza lanak transbersalki lantzea: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan, besteak beste.

16. Denontzako pentsio duinak ezartzea: 1080 eurokoak gutxienez.

17. Agroekologia babestea eta sustatzea.

18. Etxebizitza eskubidea bermatzea: merkatuan esku hartzea.

Epe luzera markatzen ditugun lehentasunak:

19. Zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea: aldaketa kultural handi bat eskatzen du eta transbertsalki momentu oro landu behar da (zaintzaren kulturaren kontzeptua jorratu eta zaintzen politizazioa zein kontzientzia bultzatu, familia heteronuklearra suntsitu, gizonei ardura exijitu, hezkidetza sustatu eta zaintzan oinarritutako eredu pedagogikoa garatu).

20. Lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea.

21. Herri antolaketa feminista bat garatzea: espazioen diseinua, denboraren erabilera eta hirigintza -etxebizitza komunitarioak- eraldatu, elikadura burujabetza bultzatu, eta horren bidez hirien eta landa eremuaren arteko harremanak eraldatu.

22. Arrazakeriaren eta biolentzia instituzionalaren aurka borrokatzea.

23. Herri boterea eta gobernantza eredu berriak eraikitzea.

Horiek dira orain arte jasotako eta adostutako aldarrikapenak. Bide honetan, funtsezkoa izango da pedagogia feministetatik, gure subjektibotasunean aldaketa sakonak sustatzea.  Zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar dira, eta lanaren banaketa sexual eta arrazista desegin. Zaintza, premia eta eskubide kolektibo gisa hartuta, bizitza osoan zehar.

Horregatik, erantzukizuna eta konpromisoa exijitzen diegu dagokien arduradun politikoei. Egoera hau sostengaitza da eta horren arduradunek izen abizenak dituzte. Azaroaren 30ean greba egingo dugu Euskal Herrian, herriz herri eta asanbladaz asanblada ari gara antolatzen, zaintza sistema publikoa definitzen eta gure bizitzak politizatzen. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesua da hau eta horri ekingo diogu. Zaintza eskubide kolektiboaren alde! Azaroaren 30ean GREBA FEMINISTA OROKORRA!