2026-01-01
Blog Page 194

Palestinar herriaren suntsiketa eta okupazioa gelditzeko exijitu dugu sindikatuok

LAB sindikatuak, CCOO Euskadi, CCOO Nafarroa, LKN-CGT, EHNE, ESK, Etxalde, HIRU, eta Steilasekin batera, elkarretaratze bana egin du Iruñean eta Bilbon, palestinar herriari babesa adierazi eta Israelgo Estatuari suntsiketa amaitzeko eskatzeko.

Hala, Israeli bere hondamendi politika eta Palestinarren lurren okupazioari behingoagatik bukaera ematea exijitu diogu, egunotan osatu eta publiko egindako manifestuan jaso genuen bezala. Baldintza honetatik abiatuta, nazioarteko komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negoziazio bati bide ematea eskatzen dugu, Nazio Batuen ebazpenen errespetuan oinarrituko dena, eskualdean bakea eta egonkortasuna bermatuko duen irtenbide integral bat bermatuko duena eta Palestinar estatu baten zilegitasuna aitortuko duena, zeinak palestinarren bizitza duin baterako eskubidea bermatuko duen.

Bilboko hitzorduan Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hartu du hitza LABen izenean, eta azaldu du gaur Iruñean zein Bilbon batutako eragileek palestinar sindikatuak sustatzen ari diren eskaerarekin bat egiten dutela. Izan ere, Israelek aktibatutako gerra-espirala eteteko nazioarteko elkartasunak duen garrantziaz mintzo dira.

“Azpimarratu behar dugu langile klaseari Israelek egingiko erasoak ez direla Gazako zerrendara mugatzen. Zisjordanian edota Israelgo Estatuaren baitan ere palestinar komunitatea eraso bortitzak pairatzen ari da, eta haien lanpostuetara doazen langile palestinarrak gupidagabe erailtzen dituzte”, adierazi du Aranburuk, gaurkoa Zisjordanian Greba Orokor eguna dela gogora ekartzeaz bat. Dena den, gaineratu du elkartasuna baino gehiago behar duela Palestinak, hau da, konponbidea behar duela: “Palestinar herriaren genozidioa gelditu beharra dago, eta bahitutako pertsonak askatu. Hemen gauden sindikatuok Israeli exijitzen diogu esterminio-estrategiarekin eta palestinar lurraldearen okupazioarekin behingoz amaitzeko”.

Gauzak horrela, elkarrizketa eta negoziazio prozesua aktibatzea premiazkoa dela uste dugu sindikatuok, betiere nazioarteko komunitatearen babespean eta Nazio Batuen ebazpenekiko errespetuan oinarrituta. “Gatazkarako konponbide integrala lortzeko beharrezkoa da Palestinak estatu propioa sortzeko duen eskubidea eta zilegitasuna onartzea; hau da, bizitza duina bermatu ahal izango duen estatu bat”, zehaztu du LABeko koordinatzaile orokorrak.

Hori guztia aintzat hartuta, gaurko elkarretaratzeekin bat egin dugun sindikatuok langileak deitu ditugu Gernika-Palestina herri ekimenak deituta Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera.

Mecaner-eko enpresa-batzordeak konpromisoak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari enpresaren enplegua eta jarduerari eusteko

Gaur, laugarren greba eguna egiten ari dira Mecaner-eko langileak, multinazionalak Urdulizgo lantegia itxi eta 148 langile kaleratzeko dituen asmoen aurrean. Gainera, enpresa-batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria eta Trantsizio Energetikoko zuzendariarekin eta SPRIko Industria Garapeneko arduradunarekin batzartu da.

Bilera horretan, Mecaner-eko langileen egoera eta Stellantisen asmoak azaldu ditu enpresa batzordeak. Bertan, hainbat gai azpimarratu nahi izan ditu:

  • Enpresaren erabakia plan estrategiko baten barruan dago, deslokalizazio-prozesu bat egin eta Urdulizko lantegia itxi, helburu argi batekin: irabazi-marjinak handitu eta kostuak murriztu.
  • Mecaner enpresa bideragarria eta lehiakorra dela. Azken urtean, 606.000 euro irabazi ditu Mecanerrek, eta 16.000 milioi baino gehiago Stellantis taldeak.
  • Mecaner ixteak dakartzan ondorio negatiboak, lanekoak zein sozialak; zuzeneko eta zeharkako enplegua suntsitzea…
  • Stellantis taldeak EEE bat egin eta Urdulizko instalazioetatik alde egin nahi du. Hori dela eta, gobernuek ziurtatu behar dute jaso dituen diru laguntza publikoak itzuliko dituela. Gainera, jasangarritasun ekologiko eta sozialeko irizpideen araberako industria-birmoldaketari ekin behar diote, lanpostuak mantenduz.
  • Horregatik, Mecaner-eko enpresa-batzordeak eskaera zehatz bat egin du:
  • Instituzioek zeregin aktiboa izan dezaten eta Mecaner-en jarraipena ahalbidetuko duen irtenbide bat bilatzen parte har dezaten.
  • Enpresaren utzikeria eta zitalkeria ikusita, Mecanerreko langileek, kanpoko adituen laguntzarekin, txosten bat egin nahi dute, bideragarritasun-plan bat, lantegiaren ixteko aukeraren aurrean, alternatiba bat ekarriko duena, beti ere, ikuspegi ekosozialetik. Horregatik, txosten hori egiteko laguntza ekonomikoa eskatu diete, baita txosten horretan jasotako alternatibaren aurrean lankidetza eta babesa ere.

Langileek argi dute, ez dute onartuko inposatu nahi dieten etorkizun beltza. Gure industriaren desmantelamentu progresiboaren aurrean apurka, herri gisa borrokatzea eta erantzutea baino ez da geratzen.

Elizondoko zahar etxeko langileak publifikazioaren alde eta lanpostuak zein lan baldintza onak bermatzearen alde mobilizatuko dira

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea publifikatzeko Baztango Udalak eginiko urratsen aurka salaketa paratu du une honetan zerbitzu hori kudeatzen duen IDEA enpresak. Langileek kezkaz jaso dute albiste hori eta, LAB sindikatuarekin batera -bereak baitira Enpresa Batzordeko bederatzi delegatuak- elkarretaratzea deitu dute urriaren 20rako, Elizondon, zahar etxea publifikatzearen alde eta lanpostuak zein lan baldintza onak ziurtatzearen alde. Elkarretaratzea 18:00etan izanen da, herriko plazan.

Badira urte batzuk Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileek zahar etxearen publifikazioaren beharra mahai gainean jarri zutela eta Baztango Udalari bere nahia adierazi ziotela. Hori dela eta, Udalak zahar etxea publiko egiteko konpromisoa hartu zuen, eta horretarako sortu du Zaintza Lanak Baztan izeneko enpresa publikoa.

Zahar etxean egin beharreko obrak direla medio, eta IDEA enpresak prozesua aurrera eramateko paratzen zituen trabak ikusirik, Udalak enpresarekin kontratua eten eta azaroaren 1ean langileak enpresa publikoan subrogatzeko hautua egin zuen.

Hala ere, langileek harriduraz hartu dute enpresak urriaren 17an langile batzuei bidalitako mezua eta enpresak harturiko jarrera. Badirudi enpresak Udalak abiatutako kontratu etetea salatu duela, Udalak publifikazioaren bidean eman beharreko pausoak oztopatuz. Ondorioz, epailearen esku geldituko da azaroaren 1etik aurrera gertatuko dena, langileek IDEArekin jarraituko ote duten ala Zaintza Lanak Baztan enpresa publikoan sartuko ote diren.

Berria jaso ondotik, urriaren 18an, Elizondoko zahar etxeko langileek asanblada egin zuten, zahar etxean berean, eta ondorio hau atera zuten: “Berriz ere enpresa interesak lehenetsi dituzte egoiliar eta langile guztien gainetik”. Langileek pentsatzen dute zaintza lanen pribatizazioa bukatu behar dela, eta zahar etxea publifikatzearen alde egiten dute. “Langile publikoak garelako eta gure lanarekin etekinak atera nahi dituzten enpresak Elizondon ez ditugulako nahi, zahar etxeko langileak lanpostuak bermatu eta lan baldintza duinak bermatuko duen publifikazio prozesu baten aldekoak gara”.

Langileek hasieratik aldarrikatu dute publifikazioa, eta horretan segitzen dute. “IDEA Elizondotik kanpo nahi dugu eta, horregatik, prozesuan oztopoak jartzeari utzi behar dio”, erran dute. “Ez gaitzatela engaina, langileon ongizatearen gainetik beraien interes partikular eta ekonomikoak jarri dituzte bertze behin, eta horren adibide da azaroaren 1ean ematekoa den pausoa oztopatzeko egin duten salaketa”.

Zahar etxea lehenbailehen publifikatu behar dela uste dute langileek, eta haien lanpostuak zein lan baldintza duinak bermatzearen alde borrokatuko dira. Ildo horretan, elkarretaratzea eginen dute bihar, urriak 20, 18:00etan, Elizondoko plazan “zaintzak negozioa izaten jarraitu ez dezan, publifikazioaren alde, langile publikoak garelako eta zaintza sistema publiko komunitarioaren alde borrokatu behar dugulako”.

Dagoeneko lau dira 2023an Euskal Herrian altueratik erorita hil diren langileak

Joan zen astean Erandion lanean ari zela larriki zauritutako langilea hil egin da.

Reformas Maver enpresako 32 urteko langilea 4 metroko altueratik erori zen amianto egitura bat eraisten ari zela Erandion (Bizkaian). Hori dela eta, LABek samina eta elkartasuna adierazi die lankide, senide eta lagunei.

2023an dagoeneko 45 hildako eragin ditu kapitalismoak soilik lan istripuetan Euskal Herrian.

LABek jasotako lehen zantzuen arabera, badirudi erorketa gertatu zenean langileak ez zuela babeserako lotura sistemarik. Bereziki deigarria da amiantoa kentzeko prozedura baten baitan horrelako istripu bat izatea, prebentzio neurriak eta enpresariaren partetik ezarritako kontrola muturrekoa izan beharko litzatekeenean. Horrek erakusten du egun, prozesu arriskutsuenetan, araudirik zorrotzenak izanik ere, prebentzio araudia ez dela betetzen patronalak bitartekoak ipintzen ez dituelako. Langileek beren bizitzarekin ordaintzen dute hori.

LABek gogorarazi du oraingoa ez dela altueratik erorita hiltzen den lehen langilea: iaz 11 langile hil ziren arrazoi horrengatik, eta, aurten, hizpide dugun heriotzarekin dagoeneko 4 dira lan mota horretan zendutakoak.

Onartezina da horren maiz gertatzen den lan-istripu mota baten aurrean beharrezkoak diren bitartekoak ez jartzea. Agerikoa da Lan Ikuskaritzak, Osalanek eta Gobernuek ez dituztela jarduera horiek kontrolatu nahi. Horren atzean erabaki politiko bat dago.

Eraikuntzaren sektorean dauden lan baldintza txarrak salatu ditu LABek: lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik ez, prebentzio-baliabiderik ez… Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktorea da.

Argi dago konponbidea langileen presiotik eta mobilizaziotik etorriko dela, beren bizitza baita jokoan dagoena. Hala, datozen orduotan intersindikaletik deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatu du LABek.

Arrantzale baten heriotza ez traumatikoa atzo, Pasaiako itsas eremuan

Arrantzale bat arazo kardiobaskularren eraginez hil zen bere lanpostuan atzo, itsasoan lanean ziharduela. Azken urte hauetan nabarmen areagotzen ari den heriotza mota honek ere baditu laneko arriskuak eragile bezala. Geroz eta handiagoak diren lan kargak eta estresa faktore zuzenak dira, eta horien aurrean neurriak hartu behar dira lehenbailehen. Kontuan izan behar da iaz heriotzen %33 istripu kardiobaskularrek eraginak izan zirela, eta lan karga eta estres mailarik handiena duten lanpostuetan kopuruak nabarmen igotzen direla.

Hildako arrantzalearen ingurukoei samina eta elkartasuna adierazteaz gain, administrazioak arriskuak murrizteko neurri zehatzak hartu behar dituela azpimarratu du LABek.

Palestinarekin elkartasunez larunbatean Donostian deituriko mobilizazioa babesten dugu

Gazako eta, oro har, Palestinako egoera dramatikoa egunetik egunera okertzen ari da Israelgo armadaren erasoen ondorioz. Atzo Gazan misil batek ospitale bat suntsitu eta ehunkada hildako eragin izanak egoeraren krudeltasuna agerian uzten du. Egoeraren larritasunak iniziatiba hartzea eskatzen du, Palestinarekiko elkartasuna adieraztea eta Israelen gerra krimenak salatzea.

Ez ditugu berriz gatazkaren zifrak errepikatuko, 75 urtez luzatzen den Israelen okupazioaren eta apartheidaren dimentsioa ezagun baitugu denok. Nazio Batuen ebazpenek, giza eskubideen aldeko eragileek, sindikatu, alderdi politiko eta eragile sozialek Palestinan gertatzen zena aspalditik salatu izan dugu, eta orain, zoritxarrez, salatzen genuen biolentzia espirala Palestinarren kontrako garbiketa etniko bilakatu da.

Mundu guztia ari da jarraitzen Gazan gertatzen ari den sarraskia. 3.000 hildakotik gora eta 110.000 pertsona zaurituak. Baztanen tamainako lurralde batean bi milioitik gora pertsona urik, argindarrik, eta janaririk gabe, bonben azpian erabat harrapatuta mundu mailan dagoen zeru zabaleko kontzentrazio eremurik handienean.

Israelen bortizkeria ez da soilik Gazara mugatzen eta bai Zisjordanian, baita Israel barruan ere, palestinar komunitateen kontrako biolentzia etengabea da. Lanera Israelgo estatura joandako langile palestinarren erailketek, palestinar komunitateen desagerpen fisikoak eta kolono nahiz soldaduen aldetik palestinarren kontrako eraso armatuek ez dute etenik.

Azken asteotan esan dugu Palestinak elkartasuna eta konponbidea behar dituela. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. LABek bide diplomatikoak aktibatzea eskatzen du, Palestinaren okupazioa amaitzeko baldintzapean eta Nazioarteko Komunitatearen babesarekin elkarrizketa eta negoziazio bat egon dadin eta, Nazio Batuen ebazpenak aintzat hartuta, Palestina herri aske eta seguru bat izan dadin.

Aipaturiko guztiagatik, LABek, bere erantzukizunari jarraikiz eta Palestinarekiko elkartasunez, bihar eguerdiko 12:00etan Bilboko Eliptika plazan eta 12:30ean Iruñeko Udaletxe plazan sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. Aldi berean, LABek larunbat honetan Donostian Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin Elkartasuna lelopean deituta dagoen mobilizazioari bere atxikimendua eta babesa adierazten dio.

Noaingo Knauf enpresako langileek lanuzte partzialak eginen dituzte, lan baldintza duinen alde

Hiru urte iragan dira Noaingo (Nafarroa Garaia) Knauf lantegiko plantillak enpresa interpelatzea erabaki zuenetik, Kimikako hitzarmen estatalak ezartzen dizkien lan baldintzak hobetzeko hitzarmen bat adosteko. Hiru urte horietan enpresa luzamendutan aritu da, ez ditu gauzak behar bezala zehaztu eta, are gehiago, LABeko ordezkariarekiko errespetu faltak izan ditu. Hori dela eta, faktoria txiki horretako langileek erabaki dute planto egitea eta urriaren 18an, 19an eta 20an lanuzte partzialak egitea, baldintza duinak ezarriko dituen akordio baten alde.

LAB sindikatuaren iritziz, Espainiako Kimikako hitzarmena ez da nahikoa Nafarroako errealitaterako, eta horregatik hitzarmen propioa lortzearen alde dago. Baina ailegatu bitartean, Knaufen kasuan, LABek eta langileek beren lan baldintzak duinduko dituen akordioa lortu nahi dute enpresarekin. Oraingoz ez da posible izan, enpresak negoziazioa bere interesen arabera luzatu duelako eta ordezkari sindikal bakarrarekiko errespetu falta ere izan duelako.

Testuinguru horretan, Knaufeko langileek erran dute nahikoa dela eta planto egin dute: lanaldi partzialak eginen dituzte urriaren 18, 19 eta 20an, 12:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 15:00etara. Gaurko lanuztea arrakastatsutzat har daiteke, eta garrantzitsua da nabarmentzea bertze enpresa batzuetako langileek eman duten laguntza; bertzeak bertze, BSH enpresakoek, Knaufek ekoizpenaren %90 egiten baitu haiendako. BSHn, Enpresa Batzordeak Knaufen egiten ari den borrokarekiko elkartasun mozioa aurkeztuko du.

Hiru lanuzte egun hauek hasiera bat bertzerik ez dira. Knaufeko langileek argi dute zein den helburua, eta ez dute atzera eginen lortu arte: lan-baldintza duinak eta enpresaren aldetik harreman normalizatua eta errespetuzkoa. Hiru egun horietako lanuzteen ondoren, enpresak bere jarreran segitzen badu, mobilizazio gehiago egonen dira.

Euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidearen alde, azaroaren 4an kaleak hartzeko deia luzatu diegu langileei

Datorren hilabetearen hasieran Bilbon mobilizazio nazionala egingo da, azkenaldian euskararen aurka egondako eraso judizialei aurre egiteko asmoa duena. Ildo horretan, lan munduko eragileek eta sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute Kontseiluarekin batera gaur, atzo azken eraso judizialaren berri izan ostean, hain zuzen.

Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzko 179/2019 Dekretuaren aurkako ebazpena eman du. 2016ko Udal Legea garatzen zuen dekretu horrek, eta epaileek hainbat artikulu baliogabetu dituzte, osotasunean edo partzialki. Euskalgintzaren Kontseiluak bezala, LABek ere eraso oso larritzat jo du azken hau, eta azaroaren 4ko manifestazioan parte hartzeko beharra biderkatzen du.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak hartu du parte Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian sindikatuaren izenean. Hala, lehenengo eta behin, Kontseiluarekin landutako ildoaz jardun du, zeinak euskaraz bizi eta lan egiteko eskubidea bermatzea xede duen: “Kontseiluaren batera, gehiengo sindikalak, administrazioa euskalduntzeko plana eskatu genuen. Plan horren xedea, herritarrok zerbitzua euskaraz jasotzeko dugun eskubidea bermatzea da, baita langile publikoei euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea ere”.

Hala, euskararen aurkako oldarraldi judiziala langileok ere bete-betean nozitzen dugula nabarmendu du, eta bata bestearen atzetik datozen erabaki judizialek, hizkuntza eskakizunak ezartzearen aurka egiten dutenek, agerian uzten dutela erasoaldi orokorra dela, eta ez kasu isolatuak: “Atzo, epaitegietatik iritsitako enegarren epaiaren berri izan genuen. Irmoki salatzen dugu EAEko Justizia Auzitegiak euskaraz lan egiteko dugun eskubidea urratu izana”.

Azaroaren 4an, larunbata, 17:00etan Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurretik abiatuko da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioa, eta honakoa izango da lelo nagusia: Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako aste honetako bigarren greba egunak ere jarraipena zabala izan du

Patronal nagusiak elkarrizketaren alde egiten duela dioen arren, ez da sindikatuokin harremanetan jarri ere egin azken zortzi hilabetetan.

Gaurkoa, EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek lan hitzarmena berritzeko helburuarekin egiten duen hirugarren greba eguna da. Lehenengoa pasa den apirilaren 25ean egin zuten eta bigarrena atzo, urriaren 17an. Gaurko grebak ere oso jarraipen zabala izan du, atzokoaren oso antzekoa. Langileen ia %70 ingururen babesa izan du beraz. Milaka izan dira Gasteizen egin den manifestaziora gerturatu direnak.

Bihar ere greba egingo dute, eta manifestazioa Donostian, 11:00etan Aldapeta Maria ikastetxetik abiatuta. Gainera, abenduaren 11tik 15era bitarte beste bost eguneko greba deialdia dago erregistratua. Sektore honetan nagusi den Kristau Eskola patronalak elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egiten duela adierazi du atzo argitaratuta prentsa ohar baten bidez.

Azken negoziazio mahaia orain dela zortzi hilabete baino gehiago izan genuen ordea, eta apirilaren 25ean lehen greba eguna egin genuenetik urriko grebetara bost hilabete baino gehiago pasa dira. Eta denbora guzti honetan mahaian ordezkaritza duten Kristau Eskola eta AICE-IZEI patronalak ez dira sindikatuokin harremanetan jarri ere egin.

Ikasturtea hastearekin bat LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziaketa eskaera berri bat ere helarazi diegu; eta Eusko Jaurlaritzari ere bilera eskaera bat luzatu, negoziaketaren blokeo egoeraren berri emateko. Ez dugu ez bata ez bestearen erantzunik jaso gaur gaurkoz.

Sindikatuon helburua 2021etik iraungita dagoen hitzarmena lehenbailehen berritzea da. Ez genuke aurreko hitzarmena lortzeko beharrezkoak izan ziren 29 greba egun luze barnebildu zituen dinamika errepikatu nahi.

Aurreko hitzarmenaren aldeko prozesuan argi geratu zen edukiak daudenean adostasunak lortzen direla. Sindikatu eta patronal nagusi berdinen artean posible izan zen orduan.

Hau horrela, sindikatuok Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei negoziazio erreala ahalbidetuko duten edukiak mahai gainean jartzeko eskatzen diegu. Hitzarmena berritzea posible egingo duten proposamenak landu eta mahai gaineratzeko ere bai.

9.000 langile inguru dira grebara deituak. 200 ikastetxe baino gehiagotan 130.000 ikasle ingururi eskolak ematen dizkiotenak. Aldarrikapen nagusiak lan zamak arintzeko neurrietan, sektore feminizatu eta prekarizatuenentzat hobekuntzetan, KPIa bermatuko duten soldata igoeretan, lanpostuak mantentzeko neurrietan eta Lanbide Heziketako edukietan oinarritzen dira. Euskara eta berdintasun planak, eta lan osasuna eta bereziki arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere badaude gure aldarrikapenen artean.

Osasunbideko akordioa bete dadila exijitzen dugu

Urte hasieran izandako grebaren ondoren, Nafarroako Osasun Departamentuarekin akordio batera iritsi zen LAB sindikatua lanbide karreraren, esklusibotasunaren eta Lehen Arretaren arloetan zenbait hobekuntza aurrera eramateko. Laster Mahai Sektoriala deituko dutela aurreikusita, LABek exijitzen du bilera horretan berehala ekin diezaiotela akordioa betetzeari eta gai horiek garatzen aurrera egin dadila.

Besteak beste, Departamentuak konpromisoa hartu zuen lanbide karrera Osasunbideko langile guztiei zabaltzeko prozedura bat hasteko eta horretarako behar diren aurrekontu baliabideak eta arau esparrua onartzeko.

Esklusibotasunari dagokionez, akordioan adostutakoa betetzeko konpromiso argia eskatzen du LABek. Izan ere, sindikatu honek hainbatetan salatu izan du badirela pertsonak esklusibotasuna kobratu arren sektore pribatuan ere lan egiten dutenak, baina Departamentuak ez die oraindik salaketa horiei erantzun egokirik eman.

Azkenik, LABek eskatzen du Lehen Arretan eta Arreta Espezializatuan dagoen lan gainkargari heltzeko lantaldeei buruz hitz egitea mahaian.

LAB talde parlamentarioekin bilerak egiten ari da bere jarrera azaltzeko, osasun publikoa blindatzea beste helbururik ez duela, lan baldintza onekin Nafarroako herritar guztiei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko.