2026-01-01
Blog Page 192

31.000 pertsona baino gehiago EAEko sektore publikoko greba eguneko manifestazioetan

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok nabarmendu duen bezala, “langile publikoek eta herritar guztiek erantzun argia eta zabala eman diete egunotan grebarako arrazoirik ez zegoela esan dutenei; Urkulluk autopistan kontrako norabidean doan gidaria dirudi”. Hala, erakundeetako arduradunei eskatu die entzuteko eta negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, eta hemengo langileen lan-baldintzak hemen negoziatu eta erabakitzeko beharra azpimarratu du.

“Ongizate estatu delakoa hiru zutabetan oinarritu izan da: Gizarte Segurantza, Hezkuntza eta Osasungintza. Bada, argi ikusi dugu horiek nola ahuldu diren azken urteotan. Beraz, horiek indartu eta, gainera, laugarren hanka bat ezarri behar da, zaintza sistema publiko komunitarioa”, jarraitu du Arroyok Bilboko manifestazioaren bueltan prentsari egindako adierazpenetan. Hala, koordinatzaile orokorrak adierazi du Euskal Herrian badagoela horretarako nahikoa aberastasun, baina patronalari eta eliteei mesede egiten dien politika fiskala aldatu behar dela horretarako.

Goizean goizetik zutabeekin hasi da gaurko greba eguna hiriburuetan, eta eragina nabarmena izan da funtzio publikoan oro har, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera. Adibide gisa, Gipuzkoan 25 udaletan erabateko itxiera egon da, eta Txagorritxuko ospitalean bertan behera geratu dira ebakuntza guztiak, atzeratu ezinezkoak izan ezik. Hezkuntzan ere jarraipena oso zabala izan da, unibertsitatez kanpokoan %75 gainditu duelarik. Garraio publiko gehienen kasuan ere zerbitzu minimoak baino ez dira egon, eta komunikabide publikoetan albistegiak baino ez dira ematen ari.

Gaur milaka eta milaka langile publikok salatu dute zerbitzu publikoen gainbehera, lan-baldintzen okertzea eta horrek herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatean duen higadura. Hala, argi adierazi dugu ez gaudela arazo artifizialen aurrean, baizik eta plantillek eta herritarrek pairatzen duten zerbitzu publikoen gainbeheraren aurrean.

Eta instituzio eta alderdi politikoei eskaera zehatza luzatu diete, behingoz zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten pertsonen alde egin dezatela. Bide horretan, honako erabaki hauek exijitu ditugu:


– Estatutik datozen mugak eta betoak behingoz kentzea, soldata eta enplegu publikoaren beharrak hemen erabakitzea.
– Aurrekontu-partida nahikoak onartzea: Zerbitzu publikoak indartzeko, pribatizazioekin amaitzeko, enplegu publikoa sortu eta eta kontsolidatzeko, lan-baldintzak hobetzeko, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko, langileen lan-osasuna bermatzeko, administrazioaren euskalduntzean urratsak emateko eta genero-diskriminazioarekin amaitzeko benetako neurriak hartzeko.
– Hamarkada bai baino gehiagoan eguneratu eta adostu gabe dauden Lan Hitzarmenak negoziatu ditzatela. Horretarako lan zamak arintzeko neurriak, eros-ahalmena berreskuratzeko planteamenduak, Lan osasuna bermatzeko plangintza eta neurriak, erretiroa aurreratzeko, behin behinekotasun erreala %8ra jesiteko kontsolidazio prozesuak eta administrazioak esukalduntzeko planak zein berdintasun planak adostuz.

Bukatzeko sindikatu deitzaileak, zorionak eman nahi dizkiete greba eta mobilizazioetan partehartu duten guztioi, gaur guztiontzako eta kalitatezko zerbitzu publikoen alde egin duten ekitaldian parte hartzeagatik eta borroka horretan jarraituko dutela adierazi nahi dute.

Sektore publikoko greba erantzun oso zabala izaten ari da

Langile askok egin dute bat EAEko sektore publikoan gaur deitutako grebarekin, lehen orduko datuek baieztatu dutenez. Komunikabideetan eta garraio publikoan, esaterako, greba ia erabatekoa izaten ari da lehen orduetan; horren erakusle, irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri izana.

Hezkuntzan ere askok egin dute bat deialdiarekin, eremu ez unibertsitarioan zein unibertsitarioan. Grebarako eskubidea dueenen artean jarraipen handia izaten ari dela diote lehen zantzuek. Udal eta foru erakundeetan ere gaurko egunaren aurretik genituen datuak berresten ari dira, eta, beraz, jarraipen oso zabala izaten ari dela baieztatu daiteke.

Osakidetzan, aldiz, gutxieneko zerbitzuek erabat baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Izan ere, milaka langileri ukatu zaio greba egiteko eskubidea, eta eremu askotan gutxieneko zerbitzuak %100ekoak dira. Gaueko txandan, adibidez, ia langile bakar batek ere ez du greba egiteko aukerarik izan.

Administrazio orokorrean eta justizian jarraipena zabala izaten ari den arren, aldakorra da herrialdearen eta esparruaren arabera. Datuek erakusten dute Espainiako Estatuko administrazio esparruan jarraipena apalagoa izaten ari dela EAEkoan baino.

Grebalariak kalean daude goizean goizetik, eta zutabeak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, hirigune horietako sarrera-irteera nagusietan. 11:30ean, berriz, manifestazioak egingo dituzte; Bilbon, Eusko Jaurlaritzatik; Donostian, Bulebarretik; eta Gasteizen, Eusko Legebiltzarretik.

LABek berriz eskatu du Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioan hobekuntzak sartzea langileen lan baldintzetan

Gaur Sunsundeguira joan da, Altsasun autobusak egiten dituen enpresara, Volvoko lehendakariordea, bi enpresek maiatzean lortu zuten akordioaren barruan, modelo berrien fabrikazioaren berri emateko. Iragarkiak duen garrantziaren erakusgarri, Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta bi kontseilari ere joan dira Altsasura. LAB sindikatuak aukera hau baliatu nahi du berriz ere enpresa modernizatzeko plan bat eskatzeko, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituena.

LABek kezkaturik ikusten du Altsasuko lantegiaren egoera; izan ere, lan karga handitu arren, Sunsundeguik ez ditu oraindik bere antolakuntza arazoak konpondu, eta aparteko orduetara jotzen du produktua aurrera ateratzeko. Gainera, lan-karga handitzearekin batera, langile gehiago behar izan dira, eta horiei formakuntza eman behar zaie, bai bete beharreko eginkizunetan, bai laneko segurtasun eta osasun gaietan. Ildo horretan, sindikatu honek hilabeteak daramatza hainbat segurtasun eta osasun alderditarako irtenbideak eskatzen, oraindik konpondu ez direnak. Gogoratu behar da aurten bi lan istripu larri izan direla enpresan.

2022an Enpresa Batzordeak (LAB barne) eta Sunsundeguik akordioa lortu zuten, lantegiaren egonkortasuna eta produktibitatea bermatzeko. Baina, gaur egun, ez dira lortu akordio hartan adierazitako helburuak eta, beraz, plantilla ez da akordioan bildutako hobekuntza ekonomikoak jasotzen ari, hala nola produktibitate-plusa kobratzea. Enpresak langileei bakarrik egotzi die egoera horren errua, eta LABek zera erantzun nahi dio:

  • Lantegia produktiboagoa izatea eta ezarritako helburuak betetzea enpresaren ardura baino ez da eta, beraz, behar diren inbertsioak egin behar ditu dauden arazoak antolatu eta konpontzeko. LABendako beharrezkoa da plantaren modernizazioa eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituzten lan modu berriak. Inbertsioak, neurriak eta exekuzio egutegia bilduko dituen plana behar da.
  • 2009ko krisialditik, langileek bere gain hartu dutela lantegiaren bideragarritasunaren zama, oraindik ahaztu ez diren murrizketa eta kaleratzeen bidez. Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioa, Gobernuarekiko lankidetza barne, positiboa da Sunsundeguiren etorkizunerako, inguruko enplegurako eta Nafarroa osorako. Baina akordio horrek kontuan hartu behar du langileen lan eta ekonomia baldintzen hobekuntza, orain arte hitzartutakoaren gainetik. Izan ere, gogoratu behar da 2022ko akordioak larrialdi egoera bati erantzuten ziola, Volvoren akordioarekin eta lan kargaren handitzearekin hobetu beharko litzatekeena.

Greba eguna izango da biharkoa, hilak 25, EAEko sektore publikoan

150.000 langile daude deituta bihar, urriak 25, eta abenduaren 19an egingo diren greba egunetara. Goizean goizetik informazio-piketeen zutabeak abiatuko dira Bilbon, Gasteizen nahiz Donostian, eta 11:30ean manifestazio bana egingo da hiriburuetan.

LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuok egindako deialdiak helburu izango du, besteak beste, Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdiei eskatzea soldata eta enplegua hemen adostu daitezen ahalbidetzea. Bestalde, zerbitzu publikoek jasandako narriadura salatuko dugu, horrek langileongan zein herritarrongan izaten ari den eragina nabarmena baita.

Biharko egunerako deitutako mobilizazioei dagokienez, honako hauek izango dira ordutegiak lurralde bakoitzeko hiriburuetan:

7:30ean, zutabeak:
• Bilbon 3:
â—¦ Juan de Garai kaleko eskolan (Udaletxeraino)
â—¦ EITBren aurrean (Jaurlaritzaraino)
â—¦ La Salveko zubian (Aldundiraino)
• Donostian 2:
â—¦ Amarako sarreran, lehen zebrabidean, Maria Kristinaraino
â—¦ Loreako biribilgunean (Unibertsitatea – Ondarreta).
• Gasteizen 1:
â—¦ Lakuako sarreran Mercadonaren aurrean (Forondako atea), Jaurlaritza, Txagorritxu, Ajuria egoitzaraino

11:30ean, manifestazioak:

  • Bilbon: Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik (Kale Nagusia, 85)
  • Gasteizen: Eusko Legebiltzarretik
  • Donostian: Bulebarretik

Grebarako ezarri dituzten gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiagok egingo dute lan bihar zenbait sektoretan

Pandemiaren aitzakiarekin ezarritako gutxieneko zerbitzuen handitzea betikotzen du Aginduak. Zenbait eremutan, pandemia aurreko deialdietan baino gutxieneko handiagoak ezartzen dira. Lan Sailak gaztelaniaz igorri zuen agindua, eta 24 ordu beranduago jaso dute sindikatuek euskaraz.

Jaurlaritzako Lan Sailak atzo jakinarazi zuen LAB, ELA, CCOO, STEILAS, SATSE eta ESK sindikatuek urriaren 25ean eta abenduaren 19an deitutako sektore publiko osorako grebarako gutxieneko zerbitzuak. Bada, berriz ere gehiegizkoak izan dira: milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik uztzi ditu. Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den une honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan. Azpimarratu behar da, gainera, greba egun bakar bat izanik, guztiz funtsezkoa dena bakarrik bermatu beharko litzatekeela. Hala ere, beste behin ere, grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko.

Aginduaren edukia ikusita, argi dago Lan Sailak apustu egin duela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko. Pandemia aitzakia ezin hobea izan zen gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko, eta orain, normaltasun
egoerara itzuli arren, pandemiaren aurretik sektoreetan ezartzen zirenak baino gutxieneko handiagoak ezartzen jarraitzen dutela. Adibidez:

  • Osakidetzan: Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta orain, berriz, larunbat batekoak.
  • Hezkuntza: unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren; egungo Aginduan, berriz, irakasle bat egon behar da hezkuntza- tapa bakoitzeko, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio.

Hori gutxi balitz, Aginduaren aplikazio praktikoak ekarriko du, zenbait esparrutan, lanaldi arrunt batean daudenak baino langile gehiago izatea. Bereziki deigarria da Osakidetzako EAGen egoera: gutxieneko zerbitzuen %100 ezartzen da, egunerokoan hutsune asko ordezkatzen ez direnean eta askotan EAGak medikurik gabe zabalik daudenean. Gainera, %100eko gutxienekoak ezartzeak honakoa esan nahi du: egunerokoan zerbitzu horiek aurrera ateratzen dituen plantilla ezinbesteko gutxienekoa dela, hau da, urte osoan gutxieneko zerbitzuetan lan egiten dutela. Era berean, sindikatuek nabarmendu nahi dute oso adi egongo direlako gutxienekoen Aginduaren aplikazioari; zoritxarrez, gehiegikeriak ere oso ohikoak baitira. Adierazitako guztiaz gain, sindikatuek salatu dute Lan Sailak gaztelaniaz bidali duela aurrena Agindua, eta 24 ordu beranduago jaso dute euskaraz. Hizkuntza eskubideen urraketen beste adibide bat da. Grebaren aldarrikapenetako bat da sektore publikoa euskalduntzea, zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko. Gertaera horrek erakusten du errealitate horretatik urrun gaudela.

“Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA” argitaratu dugu

 â€śLangile migratu eta arrazializatuentzako GIDA” argitaratu du LABek, lan eskubideen inguruko kontuez gain, ekintza sindikal antirrazista baterako gakoak jasotzen dituena. Sindikatua langile GUZTION etxea izatea nahi dugu. Ildo horretan ari da lanean LAB, urrats zehatzak ematen, Idazkaritza Antirrazistaren sorrera bera, adibidez.

Prekarizazioaren, pobretzearen eta eskubideen murrizketaren aurrean, sindikalismo berri bat birsortzea da LABen apustua, Euskal Herrian langile subjektu askotariko eta dinamiko baten errealitateak aintzat hartuko dituena.

Euskal Herrian arrazakeria dago. Horixe da gure abiapuntua. Eta arlo guztietan nabari da, erakundeetan, kaleetan eta lan zentroetan. Gero eta nabariagoa da enpresariek egoera administratiboa, arraza, hizkuntza, erlijioa, sexua eta/edo klase soziala erabiltzen dituztela migratutako pertsonak esplotatzeko; hauetariko askok bizi duten egoera zaurgarria baliatuz.

Informazioa boterea da. Hortaz, langile moduan engainatu ez gaitzaten, garrantzitsua da eskubideak ditugula jakitea eta zeintzuk diren ezagutzea. Horregatik kaleratu du LABek “Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA”.

Argitalpen hau ekintza sindikal antirrazistarako tresna erabilgarria izatea nahi dugu, lan munduaren inguruko oinarrizko informazioarekin eta oharrekin, langile migratuen edo/eta arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzen laguntzeko helburuarekin.

GIDAn, lan elkarrizketaren inguruko gomendioak; kontratua, soldata, lan- eta atseden- denbora, Gizarte Segurantza eta lan osasunaren inguruko argibideak daude, lan harremana amaitu ondorenerako aholkuez gain; akordioak, kaleratzeak, eszedentziak, likidazioa, finikitoa eta erreklamaziorako epeen inguruko informazioa ere jasotzen baitu.

GIDA LABen Hego Euskal Herriko egoitzetan dago eskuragai, eta langile migratu eta arraziliazatuekin egindako prestakuntza saioetan erabiltzeaz gain, langile hauekin lanean ari diren eragileei ere helaraziko diegu.

Sektore publikoko grebetan, pribatizatutako zaintza sektoreko langileok langile publikoak garela aldarrikatuko dugu

EAEko sektore publikoko kideek greba egingo dute urriaren 25ean eta abenduaren 19an. Horren aurrean, pribatizatutako zaintza sektoreetatik gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu. Izan ere, guk greba horietan subjektu aktibo izan beharko genuke, lan publikoa egiten dugula zalantzarik ez dugulako, baina instituzioek langile publiko bezala ukatzen gaituzte, enpresa pribatuek, oinarrizko zerbitzua horiei esker, etekin ekonomikoz poltsikoak puzten dituzten bitartean.

Sektore publikoko bi greba egun hauek zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko greba feminista orokor baten atarian izango dira, eta, testuinguru horretan, LAB sindikatuak berriro ere pribatizazioarekin bukatzea ezinbestekoa dela adierazten du. Bada garaia beharrezkoak diren neurri zein erabaki politikoak hartzeko, enpresa pribatuen negozioarekin amaitzeko eta enpresa horiek gure gorputz, bizitza eta zaintzen arduratik kanpo gera daitezen. Horretarako, zerbitzu publikoak indartu behar dira. Zerbitzu publikoan oinarrituko den zaintza sare integrala behar dugu; zaintza lanak eremu publikotik bermatuak izan behar dute eta instituzioen kudeaketa zuzenean oinarrituak. Pribatizatutako zerbitzuak publifikatzea eta pribatizazio berriei ateak ixtea exijitzen dugu.

EAJk gu bigarren mailako langiletzat hartzen eman ditu urteak, gure lan baldintzak prekarizatuz, gure lan kargak handituz, gure osasuna kaltetzea erabakiz eta langileon biziraupena eta zerbitzuaren kalitatea aberats gutxi batzuen eskutan utziz. EAJren erabaki politiko horiek langile borrokan subjektu aktibo bilakatu gaitu, eta, gaur, pribatizatutako zaintza zerbitzuetako langileok zaintza zerbitzu sozialean erakundeen kudeaketa zuzena eskatzen dugu, argi dugulako hori ez egitea hautu politiko bat dela. EAJren esku dago enpresen esku hartzea zaintza zerbitzuetatik kanpo uztea. Ozen diogu zaintza lanak ezin direla pribatizatu eta publifikazioaren aldeko borroka gauzatuko dugula, zerbitzuen degradazioari eta okertzeari aurre egiteko.

Publifikazioa defendatzeak eta aldarrikatzeak pribatizatutako zaintza langileak publikoak garela aitortzea dakar ezinbestean. Zerbitzu publiko bateko langileak gara. Zaintza zerbitzu publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu eta horrek beharrezkoa duen lan baldintzen duintzea eta hobetzea exijitzen dugu.

Gaur, LAB sindikatuan antolatuta gauden pribatizatutako zaintza sektoreetako langileok, sektore publikoko kideei elkartasun osoa helarazteaz gain, hiriburuetako kaleak beraiekin batera betetzera goazela adierazi nahi dugu. Zerbitzu publikoak indartu eta defendatu behar ditugulako. Denok elkarrekin, segi aurrera!

2023an dagoeneko 46 langile zendu dira lan istripuetan

Goizean 46 urteko U.A.A. langilea istripuz hil da Piergburg S.A enpresan Abadiñon. Electricidad Anboto enpresaren langilea izanik azpikontratatuta ziharduen aipaturiko enpresa nagusian.

LAB sindikatuak elkartasuna eta samina adierazi nahi izan die senide, lagun eta lankideei.

Enpresetan, neurri prebentiboen ez-betetze orokortua salatu du berriro ere sindikatuak, eta Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatu die behingoz patronalari araudia betearazteko.

Erandioko lan-heriotza salatu dugu

Azken heriotza honen albistea etorri da, hain zuzen ere, berriki gertatutako beste lan-heriotza bat salatzeko elkarretaratzea egin dugun egun berean. LAB-ESK-STEILAS-HIRU intersindikalak deituta, altuerako lanetan zebilen bitartean istripua izan eta egun batzuk geroago hil zen langilea gogoan izan dugu, eta halakorik ez errepikatzeko neurri zehatzak egon badaudela gogorarazi dugu. Beraz, horiek betetzea eta betearaztea dagokie patronalari eta erakundeei.

Soziokomunitario sektoreko delegatuen batzarrak egin ditugu gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra prestatzeko

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan elkartu dira gaur sektore soziokomunitarioko LABeko delegatuak. Une berezian gertatu da hau, Greba Feminista  Orokorra prestatzeko elkartu direlako. LABeko komunitatea ilusio eta arduraz ari da prestatzen greba egun hau. Greba egun hau bereziagoa da sektore honetako langileentzat, hauek baitira zaintzaren pribatizazioaren subjektu nagusiak, eta greba honen aldarrikapenek guztiz zeharkatzen baitituzte hauen lan eta bizi-baldintzak. Urtez urte borrokatu dituzten aldarrikapenak mahai gainean egongo dira azaroaren 30ean.

Donostiako Udaleko suhiltzaileen zerbitzua baliabide egokiz hornitzea premiazkoa da

Langileen batzordeak agerraldia egin du azkenaldian bizi duten egoeraren berri eman eta berehalako konponbideak eskatzeko. Antolamenduaren aldetik kaosa bizi dutela adierazi dute, prebentzio lan ona aurrera eramatea ezinezko delarik eta murrizketa operatibo larria bizi dutelarik. Inbertsioa handitzea behar-beharrezkotzat dute, bai giza-baliabideei dagokienez, baita baliabide materialei dagokienez ere.

Langileek adierazi dutenez, gaur egun Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua “norabiderik gabekoa” da, lanaldi bakoitza amaitu eta aurreko eguneko arazo edo matxurak konpontzera mugatzen dena. Hala, epe labur, ertain eta luzerako helburuak eta horiek erdiesteko beharrezko materialak antolatuko dituen plan baten beharra larria da. Baina, langileek zehaztu duten moduan, “ezinezkoa da hori egitea kargu gorenek hilabeteak daramatzatenean hutsik”.

Prebentzioaren arloari, esaterako, nabarmen eragiten dio egoera horrek. aliabide faltak eragotzi egiten du halako eginkizunak behar bezala eta herritarren zoritxarrak saihesteko moduan egitea. Pertsona bakar batek ezin ditu Prebentzioaren eta Dibulgazioaren arloari esleitutako funtzio guztiak bete. Espedienteak gainbegiratzeko lana, esaterako, modu prekarioan egiten da, bakoitzak eskatzen duen denbora hartu ahal izan gabe eta oporraldietan herritarrei zuzenean eragiten dieten etenaldi eta atzerapenak izanez. Gainera, baimendutako jardueren babes-neurrien aldizkako ikuskapenak bazter uzten dira.

Dibulgazioari dagokionez, ikastetxeak parkera bisita gutxi batzuk egiten dituzte, baina hori baino ez. Babes Zibilaren arloan, hiriko ekitaldi kopuru handiak ez du denborarik uzten Larrialdietarako Udal Plana eta beste jarduera-protokolo batzuk eguneratzeko edo berriak garatzeko.

Hori guztia aintzat hartuta, langileek nabarmendu duten bezala, gaur egun lanpostuak betetzen dituzten pertsonekiko mendekotasuna muturrekoa da. Izan ere, lanotarako prestakuntza eta esperientzia handia behar da, eta gaur egun ez dago trantsizio ordenatua bermatuko duen laguntza-langilerik.

Horrez gain, baina, murrizketa operatiboa nabarmena da langile hauen egunerokoan. Txanda bakoitzeko gutxienez 11 suhiltzaile egotea ez da nahikoa. Izan ere, esaterako, esku-hartze larrietarako prozeduretan (industria sute bat, adibidez) 11 pertsona baino gehiagoko taldea behar da soilik esku-hartze horretarako.

Egun, baina, batzuetan, esku-hartzeetara prozedurak jasotzen dituenak baino suhiltzaile gutxiago ateratzen dira. Horrek, noski, arriskua dakar herritarren eta langileen segurtasunari dagokionez. Bestalde, txanda askotan komunikazio-operadore bakarra egoteak larrialdiei aurre egiteko azkartasunari eraginte dio. Hala, hainbat larrialdi aldi berean artatzen badira, ezin da horien jarraipen egokirik egin.

Donostiako suhiltzaileen parkean bizi duten beste arazo handi bat materialarena da, baliabide zaharkituak baitira nagusi: ibilgailuak, esaterako. Hala, teknologia ez dago gaur egungo beharrizanetara egokituta, eta konponketetarako denborak ere asko luzatzen dira. Azkenik, segurtasuna murrizten da langileentzat eta bideen gainerako erabiltzaileentzat. Adibide esanguratsu gisa, nabarmentzekoa da kamioietako batek segurtasun uhalik ere ez duela.

Salatutako arazo horiek guztiak are ulergaitzagoak dira kontuan hartuta, UNESPAk, aseguratzaileen elkarteak ia milioi bat euro ematen dizkiola udalari urtean, suhiltzaileen zerbitzua hobetzeko inbertsiorako. Aldiz, udalak ez du horretarako erabiltzen. 2023an, adibidez, jasotako diru horretatik 0 euro inbertitu ditu.

Eskakizun zehatzak

Goian aipatutako guztiak aintzat hartuta, Donostiako Udaleko suhiltzaileen zerbitzuko beharginek eskatu dute antolamendu-kasoa lehenbailehen konpontzea. Hau da, hutsik dauden lanpostuak berehala betetzea eta, horrez gain, diagnostiko sakon bat egitea, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren lehenengo Plan Estrategikoa idazteko, abian jartzeko eta ezartzeko erreferentzia izan dadin.

Bigarrenik, prebentzio arloko ezintasunak konpontzeko eskaria ere egin dute, zehaztuz Prebentzio eta Dibulgazio arloan gutxienez pertsona bat gehiago egon beharko litzatekeela, eta Babes Zibilekoan, berriz, gutxienez bi pertsona gehiago.

Murrizketa operatiboaren arazoari dagokionez, plantilla operatiboa birdimentsionatu beharko litzateke, herritarren eta langileen segurtasuna bermatuko duen gutxieneko ratio bat izateko. Hala, Gipuzkoako edo Bilboko gainerako lurraldeetako ratioak berdintzeko (1/12000 biztanle), gutxienez 22 suhiltzaile egon beharko lirateke txanda bakoitzean.

Operadoreen plantillari dagokionez ere taldea handitzeko beharra dago, txanda guztietan 2 komunikazio-operadore egon daitezen.

Azkenik, UNESPAtik datorren dirua oso-osorik zerbitzuaren aurrekontuko inbertsioen kapitulura bideratzea, funtsezkoa izatez gain, udalaren legezko betebeharra dela gogorarazi dute langileek, Auzitegi Gorenaren 3722/2020 epaiak ezarritako jurisprudentziari jarraikiz.