2026-10-04
HomeEkintza SindikalaOdol isuriak ez du etenik: 9 langile hilik 19 egunetan

Odol isuriak ez du etenik: 9 langile hilik 19 egunetan

Atzo eguerdian, Arabako Urizaharran dagoen Ofitas del Cerro de Santutis enpresan, istripu hilgarri berri bat eragin du kapitalismoak. Oraingoan 53 urteko langilea izan da hildakoa. Lehenik eta behin, LABetik gure samina eta lankide, senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi nahiko genituzke. Lanak eragindako heriotz bolada izugarria pairatzen ari gara; 2024 honen lehen 19 egunetan dagoeneko 9 dira hildako langileak:

– Garraiolari bat Santurtzin.
– Industriako langilea ateak jota Trapagaranen.
– Nafarroako Erriberan nekazaria trafiko istripuz.
– Arriben eraikuntzako langilea altueretatik erorita.
– Funesen in-itinere.
– Kadreitan garraiolaria istripuz.
– Oreretan eraikuntzako langilea altueretatik erorita
– Garraiolari gipuzkoarra Zaragozan istripuz (urtarrileko lehen astean, atzo jakin genuen).
– Urizaharran, harrobian, makinak harrapatuta

Zerrenda amaigabe honen atzean lan osasuneko araudiaren ez betetze larriak daude. Patronalak bere kabuz ez du araudia betetzen eta inpunitate osoz jarraitzen du zerrenda hau elikatzen, urtero, batez beste, istripuz soilik 60 hildako eraginez, laneko gaixotasunak zenbatu gabe.

Patronalaren inpunitatea ahalbidetzen duen erabaki politikoa dago. Etengabe salatzen dugun moduan, gobernuek lan osasunerako ipintzen dituzten neurriak borondatezkoak dira, ez derrigorrezkoak. Bizitzaren beste esparruetan jarrera koerzitibo zein punitiboa duten gobernuek ez dute gogortasunik erakusten enpresariak isuntzeko garaian. Iaz EAEn trafiko isunak 293.000 izan ziren. Enpresariei prebentzio araudia ez betetzeagatik 700 isun eskasera ez ziren iritsi. Kontuan izan behar dugu datu ofizialek, errepideko eta laneko heriotza kopuru berbera argitaratu zutela. Adibide honek erakusten du enpresariak ez zigortzeko erabakia harturik dagoela eta hau aldatu ezean inpunitatea betikotuko dela. Langileon bizitza merkea da kapitalismoarentzako.

Argi dago gaitz honen konponbidea langileok egiten dugun presio eta mobilizaziotik etorriko dela. Gure bizitza jokoan dago. Horregatik, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNEk osatzen dugun intersindikaletik datorren ostegunean, urtarrillaren 25ean, mobilizazioa egingo dugu Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan 12:30ean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...