2024-05-03
HomeEkintza SindikalaSalatu dugu Nafarroa liderra dela lan istripuetan, eta ohartarazi dugu horietako asko...

Salatu dugu Nafarroa liderra dela lan istripuetan, eta ohartarazi dugu horietako asko errepidean izaten direla

Nafarroa Garaian urtarrilaren 10etik 17ra istripuetan lau langile hil ziren, horietako hiru errepidean. LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu gaur Iruñean eta adierazi dugu datu horrek alarma guztiak piztu beharko lituzkeela, Nafarroan bereziki gertatzen den zerbaiten isla baita. Gobernuari eskatu diogu berehalako neurriak har ditzala gehiegizko desplazamenduak murrizteko.

Sindikatuok 2021ean salatu genuen Nafarroan joera ilun bat agertzen ari zela auto istripuz hiltzen ziren langile kopuruagatik. Urte hartan, lan istripuz hildakoen erdia errepidean hil zen; 20tik 10 hain zuzen ere. Heriotz haiek baldintza oso ezberdinetan eman ziren, eta gogoratzekoa da baten bat muturreko prekaritateak eraginda izan zela, hala nola, goizeko ordu txikietan baratzera lanera bizikletaz zihoan eta Zarrakaztelun hil zen langile migratuaren kasua.

Azken urteetan bereziki Nafarroako lan istripu tasak Espainiako Estatuko altuenetarikoak dira; horien artean, errepidean hiltzen diren langileena ere oso altua da. Horren atzean badaude faktore jakin batzuk:

  • Zerbitzuen zentralizazio nabarmena Iruñean, erabaki politiko jakin batzuengatik, herri eta ibarren despopulatzea ekarri duena.
  • Batez beste langile bakoitzak egin beharreko kilometro kopuru andana.
  • Funtzio Publikoan desplazamendua arrisku ez erabakigarri bezala jotzea.
  • Enpresek behar besteko aukerak ez eskaintzea etxetik lan egiteko.
  • Errepideko arriskuak laneko arriskutzat ez hartzea, nahiz eta hori lan osasuneko arauen aurka doan.
  • Prekaritatearen eraginez langileek ibilgailu eskasak edukitzea. Garraio publikoa ez nahikoa izatea, eta gainera langileen beharretara bideraturik ez egotea.

Faktore horien aurrean, enpresek mugikortasun planak egin beharko lituzkete, zeinetan arrisku zehatz horien arrisku ebaluazioa egiten baita langile bakoitzaren desplazamenduak aintzat hartuz eta neurriak proposatzen baitira. Berez, enpresak planaren garapenean langileen parte-hartzea bermatu behar du; delegatuen adostasuna derrigorrezkoa dela zioen 404/2010 errege dekretuak. Baina, sorpresa!, Marioano Rajoiren gobernuaren 231/2017 errege dekretua eguneratzeak delegatuen beto eskubidea kendu zuen. Beraz, enpresek mugikortasun planak egiten dituzte kontinentzia profesionalen kotizazioetan beherapenak izateko, baina planetan gomendatutako neurriak ezarri behar izan gabe.

Bistan da iruzurra dagoela mugikortasun planetako neurriak ez ezartzeko jokabidean, eta Nafarroako Gobernuak errealitate horri erantzun beharko lioke, odol isuria bukatu ahal izateko.

LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuon proposamenak:

  • Enpresetan etxetik lana egin ahal izan jardunaldiaren zati batean (egun pare bat astean).
  • Enplegu publikoan distantzia arrisku item-etan sartzea eta plazak horren arabera esleitzea.
  • Nafarroaren zentralizazio geografikoa apurtzea.
  • Mugikortasun planen neurriak arrisku ebaluazioan txertatu inplantazioa derrigorrezko bilakatuz.
  • Langileei laguntzak eman garraio publikoa erabil dezaten.
  • Garraio publikorik ez denean laguntzak ematea ibilgailuen mantentze lanetarako.
  • Garraio plublikoan hobekuntza nabarmenak egitea.
  • Errepide jakin batzuk nabarmen hobetzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.